Oskarbi
Oskarbi euskal musikagintzan diharduen Gipuzkoako talde bat da. Herri-kantutegia, "entsegu laborategi" bidezko kantu-sorkuntza eta musika polifonikoa oinarri hartuta, 1966tik aurrera bide berriak urratu zituen Oskarbik: jazza, gospela eta doinu berritzaileak euskal tradizioarekin uztartuz. Ez Dok Amairun parte hartu zuen taldeak 1967 eta 1971 bitartean. Luis Romero Eskamendi izan zen taldearen musika-zuzendaria 1968tik 1977ra arte, eta harreman estua izan zuten Jorge Oteiza eskultorearekin eta Bitoriano Gandiaga idazlearekin. Esperantzari leiho bat abesti ezagunaren egilea da taldea.[1][2][3]
Oskarbi | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Gipuzkoa |
Musika mota | herri kanta |
Urteak | 1966 - |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Herri Gogoa, Elkar |
Taldekideak | |
Iñaki Maritxalar (1966tik) Joxe Luix Treku (1966tik) Maite Aizkorreta Atxaga (1966-1975, 19tik) Carlos Ruiz (1976tik) Gontzal Iñarra (1976tik) Manex Iñigo Ibabe (2021etik) Maite Aldaregia (2021etik) Oihana Lekuona (2021etik) Itziar Alonso (2024tik) | |
Lehengo taldekideak | |
Pello Garbizu (1966-1970) Karmelo Arren (1966-1970) Mari Jose Fernandez (1966-1972, 1990-2000) Itziar Maritxalar (1966-1974) Sarita Oiarzabal (1966) Martin Tejeria (1966) Fernando Cobos (1966) Ascen Izeta (1966) Iñake Balda (1967) Luis Romero (1968-1977) Bakartxo Maritxalar (1972-1978, 2000-2021) Antton Valverde (1972-1975) Agustina Pontesta (1973-1976) Iñaki Zabaleta (1974-1981) Elixabete Urreta (1975-1983) Beronik Ondikola (1978-1983, 2000-2021) Talo (Juan Carlos Gil) 1979-1982) Olatz Fresnedo (1980-1982) Matilde Iñarra (1982) Maria Jose Bergara (2008-2013) Diego de Vera (2008-2014) Maialen Maritxalar (2008) Beñat Ruiz (2011tik) Joana Ortega (2013-2020) Xabi Ustarroz (2014-2019) Maite Irusta (2016-2018) Itziar Jauregi (2016-2019) Lara Mitxelena (2016-2019) Mailen Rezabal (2017) Maite Lopez de Arbina (2018-2022) Iñar Sastre (2019) Alaitz Guridi (2021-2022) Inma Aranburu (2022) Xabin Mujika (2022) | |
1966 eta 2017 urteen artean taldeak 11 album grabatu eta 580 kantaldi eman zituen, eta horietatik 411 kantaldi izan ziren lehen hamar urteetan (1966-1976).[2]
-
Iñarra eta Manex Iñigo
Estiloa
aldatuAhots harmoniak ziren Oskarbiren ardatza. Taldeak "euskal jazza" delako musika egiten zuen: jazzaren, gospelaren eta 60-70eko hamarkadetako joera berritzaileen arteko nahasketa berezia. Ez zituzten partiturak estu errespetatzen, eta ahotsak modu espontaneo batez integratzen saiatzen ziren. Herri kantutegia eta taldeak berak sortzen zituen abestiak ziren haien musikaren oinarri nagusia. Euskal tradizioari modernitatea erantsi nahi zion Oskarbik. Jose Luis Treku taldekideak agertu zuenez, "Azkueren eta Aita Donostiaren kantuak hartu eta geure erara ikasi eta moldatzen genituen, eta guk geuk ere jasotzen genituen hainbat herritan. Baina horietaz gain, guk ere abesti berriak egiten genituen poeten hitzekin".[4]
Orduko euskal kulturan gertatzen ari ziren aldaketa garrantzitsuetan partaide zen taldea; hala ere, kantuak ez ziren momentuko egoerari erantzuteko sortuak.
« | Guk ez dugu zirkunstantzia bati, edo momentu koiuntural bati bakarrik erantzungo dion abestirik egiten. Bat-bateko horiek, sarritan, bere eragina gogoan hartuz ere, berehala igarotzen dira, modatik pasatzen. Jakineko une bati ez ezik, gure herriaren norabideari erantzunaz jokatu nahi dugu. Abeslariaren eta herriaren artean etenik sortu gabe. | » |
.
Partaideak
aldatuHogeita sei bat lagun pasatu dira Oskarbitik. Taldearen azken osaera honako hau zen 2024an: Iñaki Maritxalar(gtarra eta ahotsa), Joxeluix Treku, Ohiana Lekuona, Maite Aizkorreta, Itziar Alonso, Carlos Ruiz (akordeoia eta ahotsa), Maite Aldaregia (biolina), Gontzal Iñarra (flauta) eta Manex Iñigo (pianoa). Horrez gain, Oskarbiren ibilbide luzean beste hainbat musikari pasatu ziren taldetik: Mari Jose Fernandez, Kepa Garbizu, Karmelo Arren, Elixabete Urreta, Antton Valverde...[2]
Honako grafikoan ikus daiteke kide bakoitza zein urtetan parte hartu duen eta noiz argitaratu diren diskoak (barra bertikal beltzak:1969, 1970, 1972, 1976, 1979, 2004, 2008, 2012, 2016 etq 2021)[2]
Abestien hitzak
aldatuHitzei dagokienez, Bitoriano Gandiaga, Joxan Artze eta Xabier Leteren olerki asko musikatu zituen taldeak. Horiez gain, Jorge Oteizak ere eragin handia izan zuen taldean; hark egin zituen Oskarbiren ikurra eta lehen disko txikiaren azala. Bordari eta Kamusarri-ren poemak ere musikatu dituzte, baita taldekide diren Pello Garbizu, Luis Romero eta Joxeluix Trekuren batzuk ere.
Historia
aldatuSorrera eta lehenengo diskoa (1966-1969)
aldatuOskarbi taldea 1966an sortu zen. Don Bosco haur abesbatza desegin zenean bertan ibilitako hainbat kidek talde berria egitea erabaki zuten. Karmelo Arrenek eta Joxeluix Trekuk euskal kultura eta euskal nortasunaren alde egiteko kantu sorta bat sortzea erabaki zuten, Iñaki Maritxalar ere zebilen abesbatzan. Horrela, Oskarbi taldea 1966ko azaroan hasi zen entsegatzen Pasai Antxon. Jende aurrean negu hartan bertan hasi ziren kantaldietan parte hartzen. Lehen erabakia euskara hutsean kantatzea izan zen. Lehenengo bi urtetan lau mutil eta hiru neska izan ziren, guztira zazpi ahots eta bi gitarra. Hau izan zen Oskarbi zazpikotea: Iñaki Maritxalar, Joxeluix Treku, Karmelo Arren, Pello Garbizu, Itziar Maritxalar, Marijose Fernandez eta Maite Aizkorreta.[2]
Berehala dezenteko sona lortu zuten. Hasiera hartan modako kantu ezagunenak euskarara itzulitako kantuak moldatu zituzten, baita Iñakik eta Pellok egindako Esnatu Euskaldunak sortu ere. Musika sorkuntza talde-lanekoa izan zen hasieratik. Hau izan da Oskarbiren berezitasunetako bat: talde-sorkuntza eta partitura gabeko inprobisazioa entseguetan.[2]
1968an izan zituzten Oskarbikoek Ez Dok Amairukoekin lehen harremanak eta kantaldiak. Berehala hasi ziren Ez Dok Amairuko kantaldi, entsegu eta bileretan parte hartzen. Lau urtetan Euskal Herri osoan aritu ziren kantaldiak ematen (1968-1972).[2]
1968an Oskarbiko gaztetxoek (17-18 urte zituzten) Luis Romero Don Bosco Eskolaniako zuzendari ohiari deitu zioten talde berriaren musika aholkulari izateko. Romeroren etorrerarekin kantuen ahotsak sakonago landu zituzten, eta euskal musikaren mundura murgildu zen Oskarbi. Horrela, aurrerantzean herri-musika eta sorkuntza izan dira taldearen oinarriak. 1968an, Eibarko San Joan jaietan Radio Juventud-ek antolatutako Primer Premio de Intérpretes de la Canción en Euskara-Gran Premio de Eibar lehiaketan euskal kantuaren lehen saria irabazi zuen taldeen atalean, Luis Romerok sortutako "Gazteak gera" doinuarekin. Urte hartan 40 kantaldietan parte hartu zuen Oskarbi Taldeak. [2]
1969an Oteiza ezagutu zuten Oskarbikoek Luis Romeroren bidez. Eragin handia izango zuen gero Orioko artistak taldean.[2]
1969an grabatu zuten beren lehen diskoa: Oskarbi. Urnietako Salesianoen aretotik pasa ziren Ez Dok Amairuko kantari gehienak beraien diskoak grabatzera. Oskarbiren lehen diskoaren azala Jorge Oteizak berak eta Nestor Basterretxeak diseinatu zuten. Lau herri kanta grabatu zituen taldeak, nahiz beraien lehen nahia Oskarbik egindako kantu berriak grabatzea izan. Orduko zentsurak ez zuen baimendu Gazteak Gera eta Esnatu Euskaldunak bezalako kantuen grabaketa. Aukeratutako lau herri kantak, molde gaztea eta berritzailea emanez grabatu zituzten. Bartzelonako talde tekniko baten laguntzaz, Herri Gogoa diskoetxe berriak eman zuen argitara.[6][7] Guztira 1969an 70 kantalditan parte hartu zuten, horietatik 25 Ez Dok Amairu taldekoekin.[2]
Bigarren diskoa: Abesti zaharrak eta berriak (1970-1971)
aldatuKarmelo Arrenek eta Pello Garbizuk taldea utzita, 1970ean Oskarbi boskote bihurtu zen, bost ahots eta bi gitarra: Iñaki Maritxalar, Joxeluix Treku, Itziar Maritxalar, Marijose Fernandez eta Maite Aizkorreta.[2]
Uztailaren hasieran Oskarbi boskotea Bartzelonara joan zen bigarren diskoa grabatzea. 13 abestik osatu zuen Romea teatroan hiru egunetan grabatu zuten LPa: Abesti zaharrak eta berriak (Herri Gogoa, 1970). Baliabideak hobeak izan ziren, Lluis Llach eta Joan Manuel Serraten estudioko musikariekin aritu ziren eta, abesti zaharrez gain, taldearen hiru abesti sartu zituzten: "Ni bizi naizen lurrean", "Txori txikiak" eta "Iru gabean".[2]
Bartzelonatik bueltan jarraitu zuen Oskarbik Ez Dok Amairuren Baga Biga Higa Sentikaria Don Bosco Eskolako areto handian entseatzen. Entsegu egun haietako batean atera zuen Zabalak Ez Dok Amairuren argazki ezaguna. Abuztuaren 22an aurkeztu zen lehen aldiz Baga Biga Sentikaria Portugaleten. Oskarbiren ekarpena nabarmena izan zen orduko hartan.[2]
Euskal kantagintza berrian Oskarbi izan zen lehenetakoa beraiek bakarrik kantaldi osoa ematen, Donostiako Trinitate Plazan izan zen hori iraileko Euskal Festen barruan.[2]
1971ko urtarrilean Joxeluix Treku soldaduzkara joan zen eta Oskarbi laukotea izan zen hilabete batzuetan. Handik urte batera Iñaki Maritxalar ere joan beharrean izan zen. Antton Valverde gehitu zen taldera eta Oskarbin jarraitu zuen 1974ko bukaera arte.[2]
Hirugarren diskoa: Eskutari (1972-1974)
aldatuBaga Bigaren ikuskizunaren une gorenean amaitu zen Ez Dok Amairu 1972an. Artista bakoitza bere bidea egiten jarraitu zuen, eta gero eta maizago egin zituen Oskarbik kantaldiak beraiek bakarrik.[2]
Marijosek taldea utzi zuen eta Bakartxo Maritxalar hasi zen taldean, Hauek ziren 1972ko taldekideak: Iñaki Maritxalar, Joxeluix Treku, Itziar Maritxalar, Maite Aizkorreta, Antton Valverde eta Bakartxo Maritxalar.[2]
1972an plazaratu zen Oskarbi Taldearen hirugarren diskoa: Eskutari. Grabazio hori eta hurrengo biak Groseko Miangolarraren estudio ezkutuan grabatu ziren. Iñaki Beobidek kudeatzen zuen Edigsa-Herri Gogoa zigilua. Teknologia berriak baliatu zituzten. Diskoan Luis Romerok sortutako lau kantu zeuden: "Androkanto", "Kezka", "Eskutari" eta "Bai, bai bainan gero ez". Gandiagaren poemekin egindako lehen kantuak ageri ziren Eskutari album hartan.[2]
Taldekide gora-beherak izanagatik Oskarbi Taldea heldutasunera iristen ari zen. 1973an 60 kantaldietan parte hartu zuen taldeak.
Segundo Galarzaren Orkestrarekin eta Oskarbik abestutako kantuekin diskoa plazaratu zuen Herri Gogoak: Akelarre Bi diskoa. Beste berrikuntza, Xabier Aranburu kazetariarekin batera hitzaldi-kantaldiak ematen hasi zen taldea. Bi urtean zehar dozena bat hitzaldi-kantaldi eman zituzten.
1974an abiada moteldu zuten hilabete batzuetan. Berriro jende aldaketak izan ziren taldean. Alde batetik Antton Valverdek taldea utzi zuen, Iñaki Zabaleta hasi, eta bestetik Itziar Maritxalarrek utzi zuen eta Agustina Pontesta sartu zen taldean. Handik gutxira Maite Aizkorretak taldea utzi zuen eta Elixabete Urreta hasi zen kantari. 1974ko azken lau hilabeteetan 25 kantaldi eman zituen Oskarbik.
« | ANDROKANTO
Entzun nahi duenentzat hamalau |
» |
Laugarren eta bosgarren diskoak: Olentzero eta Hitz urri batzuk (1975-1978)
aldatu1975ko urtarrilean Madrilgo Ateneoan hitzaldi-kantaldia eman zuten Oskarbi Taldeak eta Xabier Aranburuk. Oteiza ere bertan izan zen, berak esandakoa da: “Que jodidos sois. Me habéis hecho llorar” ("Alu horiek, negarra eragin didazue").
Hurrengo urte eta erdian hauek izan ziren Oskarbiko taldekideak: Iñaki Maritxalar, Joxeluix Treku, Bakartxo Maritxalar, Iñaki Zabaleta, Agustina Pontesta eta Elixabete Urreta.
1975ean bi disko grabatze lanetan aritu ziren Groseko estudiotan: Olentzero eta Hitz urri batzuk, biak Herri Gogoarekin. Lehena, gabon kantuz osatutako lana zen. Bigarrena, berriz, orduko egoera politikoaren ispilu garbia. Horretan dago Esperantzari leiho bat abestia, Bitoriano Gandiagak idatzitako hitzekin osatua eta taldearen ikur bihurtuko zena. Kantu horrekin bukatzen baitziren Oskarbiren emanaldiak.[2] Guztira diskoan zeuden hamaika kantuetatik lau ziren Gandiagaren poemak; behin Gandiagarekin egun pasa egin zuten Arantzazun. Lehen diskoa izan zen grabazioan Moog deritzan berrikuntza teknologikoa erabili zutela. Kantaldi ugari ematen jarraitu zuen taldeak grabazioekin batera. Ondoren Agustinak taldea utzi zuen.
1976ko martxoaren 27an 24 ordu euskaraz kantaldi erraldoia antolatu zen Donostiako Belodromoan. Hamaika mila entzuleen aurrean Oskarbi taldeak lau abesti eskaini zituen: Hitz urri batzuk, Xoxoak mokoa, Artazuriketa eta Esperantzari.
1976ko azken aldera bi musikari gazte hasi ziren Oskarbiren entseguetan: Carlos Ruiz akordeoiarekin eta Gontzal Iñarra flautarekin.
« | Esperantzari leiho bat
Esperantzari leiho bat Baina nekez ikusi dute Desilusio usai bat |
» |
1977ko hasieran hauek ziren taldekideak: Iñaki Maritxalar, Joxeluix Treku, Iñaki Zabaleta, Bakartxo Maritxalar, Elixabete Urreta, Carlos Ruiz eta Gontzal Iñarra. Handik gutxira Luis Romerok taldea utzi zuen, Ia hamar urtez musika-zuzendaria izandakoak taldea utzi zuen. Urte horretako 30 kantaldietatik hamar, Oskarbik bakarrik emandako errezitalak izan ziren.
Pasaiako zezen-plazan Pi de La Serra kantari katalanarekin kantaldia eman zuten. Geroago Durangoko Ezkurdian Gandiagaren hitz lanean kantaldia antolatu zuten.
1978an Bilboko La Casilla kiroldegian Joan Manuel Serratekin kantaldi bat egin zuten. Eta geroago Bakartxok taldea utzi zuen eta bere ordez Beronik Ondikola hasi zen Oskarbiko entseguetan.
Seigarren diskoa: Euskara eta txakolina (1979-1983)
aldatu1979ko lehen hilabeteetan grabatu zuten seigarren diskoa: Euskara eta txakolina. Luis Romeroren laguntza gabeko disko berria eta Herri Gogoaren ordez Elkar diskoetxearekin, Lapurdiko Milafrangan grabatutakoa. Txakolina eta Euskara diskoak Oskarbiren heldutasuna adierazten du batetik eta bestetik baita taldearen lehen ibilbidearen amaieraren hasiera.
Euskara eta Txakolina diskoaren garaian hauek ziren taldekideak: Iñaki Maritxalar, Joxeluix Treku, Iñaki Zabaleta, Elixabete Urreta, Beronik Ondikola, Carlos Ruiz eta Gontzal Iñarra. Bost ahots, bi gitarra, akordeoia eta flauta.
Garai hartan bost taldekide ezkondu ziren eta horrek motelaldia ekarri zion taldeari. Bestalde euskal kantu berriaren ziklo aldaketa nabarmena zen Euskal Herrian eta kantaldiak gutxitzen hasi ziren. Hala ere handia izan zen Oskarbiren sormena, eta sei kantu sortu zituzten urte pare batean.
1979-1983 tartean zenbait taldekide berri aritu ziren taldean epe ezberdinetan: Talo gitarra-jolea hiru bat urtez aritu zen, Olatz eta Marilderen ahotsak urte banatan.
1983an Bilboko Bidebarrieta Liburutegian eman zuen Oskarbi Taldeak bere lehen aroko azken kantaldia. 16 urte luzetan, geratu gabe aritu zen Oskarbi ehunka eszenatokitan euskal kantua zabaltzen. Aro horretan sei disko plazaratu zuten.
Atsedenaldia (1984-1990)
aldatuZazpi urtean ez zuten kantaldirik eman jende aurrean (1984-1990). Hala ere, barne-lotura eta harremanak mantendu zituzten. Iñakik eta Joxeluixek zubi lana egin zuten Oskarbiren kide ohiekin. Garai guztietako oskarbitarrekin afari-kantaldiak maiz egiten zituzten eta horrek bideratu zuen berriro grabaziotara eta oholtzetara bueltatzea.
Iñaki Maritxalar urte horietan beste talde batzuekin aritu zen gitarra-jole eta kantari: Pantxoa eta Peio, Martikorena eta Mochicas taldearekin. Joxeluix sindikatuen munduan ibili zen murgildurik urte horietan.
Berpiztea (1990-2003)
aldatu1990an berriro elkartu ziren kantatzeko eta hori izan zen Oskarbiren aro berriaren hasiera. Berriro murgildu ziren entseguetan, hasiera batean errutina eta helburu garbirik gabe. Konpromisozko kantaldi batzuk eskaini zituzten eta Iñaki gitarra- eta musika-ikasketetan sakontzen aritu zen.
1998ko hasieran Donibane Lohitzuneko Begiralea elkarteak gonbitea egin zion Oskarbiri Quebecera dantza taldearekin batera bidaia egitera. Horrela hasi ziren asteroko entseguak Donibanen. 1998ko udaran dantzaldiak eta kantaldiak ema zituen taldeak Quebecen: Montreal, Trois Pistoles, Drummondville eta Quebec Hiria. Hauek ziren Quebecen izandako oskarbitarrak: Iñaki Maritxalar, Joxeluix Treku, Maite Aizkorreta, Marijose Fernandez eta Carlos Ruiz
Urte haietan entseguak egiten jarraitu zuten. Aspaldiko lagunekin elkartu ziren urte haietan: Jorge Oteiza, Manolo Urbieta eta Julen Lekuona. Bitoriano Gandiaga poeta eta Oskarbitarren laguna hil zenean zenbait omenalditan aritu ziren kantari: Arantzazun, Ataunen, Gernikan… Jexux Artze Ez Dok Amairuko lagunaren omenaldian ere bai, Usurbilen.
2003ko apirilean Argentinan eta Uruguain izan ziren Begiraleak eta Oskarbi taldeak. Hiri hauetan eman zituzten kantaldiak: Montevideo, Salto, Concordia, Paraná eta Buenos Aires. Kide hauek joan ziren Argentina-Uruguaira: Iñaki Maritxalar, Joxeluix Treku, Bakartxo Maritxalar, Beronik Ondikola eta Carlos Ruiz. Argentinan zirela hil zen Oteiza eta uztailean Lekuona.
2003ko abenduan berriro sartu ziren grabazio-estudioan. Amasako grabazio gelan Oteiza Jorgeri liburu-diskoan parte hartu zuten. Eskutari eta Androkanto kantuak bigarren aldiz grabatu zituzten partaide hauekin: Iñaki Maritxalar, Joxeluix Treku, Maite Aizkorreta, Bakartxo Maritxalar, Beronik Ondikola, Carlos Ruiz, Gontzal Iñarra eta Marijose Vergara. Lehen aldiz pianoa gehitu zuten eta pianojolea Mari Jose Vergara zela.
Antologiako diskoa eta hainbat kontzertu (2004-2011)
aldatu2004ko martxoan Luis Romeroren omenaldiko kantaldian aritu ziren. Pasai Antxoko elizan garai askotako taldekideak izan ziren Luis maisuaren omenaldian.
Oskarbiren antologia bat argitaratu zuen Elkar diskoetxeak CD formatuan 2004an: Esperantzari leiho bat, bi diskoz eta 34 kantuz osatutako bilduma. Bertan, sekula grabatu gabeko sei kantu agertzen ziren: "Ez dakit zergatik", "Andre nobia", "Mutil txaleko gorria", "Lua lua", "Ez zaude bakarrik" eta "Elizara dihoa". 2004ko udaberri-udaran Ibaetako Elkar estudiotan grabatu zituzten
2005an Pasai Donibanen, Bilboko Euskaldunan, Pasai San Pedron eta Legazpin kantaldiak ematen jarraitu zuten. Abenduan Lurdes Iriondo hil zen Urnietan.
2006an kontzertuak antolatu zituzten Lezon eta Ugaon, besteak. Uztailean hil zen Luis Romero Eskamendi.
2007an Errenteriako Niessen aretoan Eguberri kontzertua eman zuten. Xabier Lete izan zen entzuleen artean, berak egindako hitzekin estreinatu zuten Gabon Hitzak. Kontzertuaren bukaeran laudorioak eta kritikak batera egin zituen Xabierrek oskarbitarren aurrean.
2008ko apirilean Oñatiko Santa Ana Antzokian mahaingurua antolatu zuten: Euskal kantagintzaren uherretatik, esperantzarik ote?. Benito Lertxundi, Joxeluix Treku eta Pako Aristi Ez Dok Amairuri buruz aritu ziren. Ondoren Oskarbi Taldeak kantaldia eman zuen.
Kantaldiak ere eman zituzten 2008an Miramar Jauregian eta Kursaaleko kuboan Oteizaren omenaldietan. Eta horrez gain, CD formatuan bederatzigarren albuma plazaratu zuten: Olentzero berria. Elkar etxearekin Donostiako Igaran bost kantu berri grabatu zituzten. Horiekin eta 1976ko binilotik masterizatutako beste 12 abestirekin osatu zen Olentzero bigarrena. Oiartzunen eman zuten aurkezpen kontzertua abenduaren 26an. Abenduko hilabete hartako hasieran hil egin zen Mikel Laboa.
2009an kontzertuak eman zituzten Aretxabaletan eta Trintxerpen. Iratzeder poeta hil ondoren bi kantaldi eman zituzten haren poesiarekin: Hendaiako Abadia jauregian eta Belokeko monasterioan. Horrez gain Ez Dok Amairu taldeari buruzko Zai Zoi Bele filma sortu zuten Euskal Telebistan.
2010ean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Oskarbi Taldea Gandiaga kantatuz kontzertua antolatu zuten, Gipuzkoako ikastoletako Kilometroak jaian Lezon ere, ibaita beste kontzertu batzuk ere Donostiako Loiola auzoan, Orion (Oteizaren jaioterrian: Oteizari omenaldia Oskarbiren kantuekin) eta Besaingo Usurben. Urte hartako abenduan hil zen Xabier Lete, eta Oskarbik parte hartu zuen hurrengo hilabetetan izan ziren omenaldi-kontzertu jendetsuetan: Oiartzungo Elorsoro kiroldegian (Oskarbi taldea kantari) eta Donostiako Kursaal auditorian.
2011. urtean, Leteren omenaldiez gain, abenduan eta Koldo Mitxelena Kulturunean Eguberri kontzertua eman zuen Oskarbik.
Aro berria Xirimiri diskoarekin: ahotsak eta musika laguntzak (2012-2015)
aldatu2012ko hilabete gehienetan disko berri baten grabazioan aritu ziren. Abuztuan amaitu zuten grabazioa Igarako Elkar estudioetan. Hamairu pieza zituen hamargarrena zen Xirimiri albumak. Disko berria aurkezteko kontzertuak egin ziren Donostiako Victoria Eugenian eta Beasaingo Usurben. Lan horrekin aro berri batera heldu zen Oskarbi Taldea: betiko ahotsez gain musika laguntzak integratu zituen (gitarra, akordeoia, flauta, perkusioa, pianoa eta biolina) eta melodia berriak. Hauek ziren orduko taldekideak: Iñaki Maritxalar, Joxeluix Treku, Maite Aizkorreta, Beronik Ondikola, Carlos Ruiz, Gontzal Iñarra, Diego de Vera, Marijose Vergara eta Maite irusta
2013ko hasieran Marijose Vergara pianojoleak taldea utzi zuen eta Joana Ortega pianojole berria hasi zen taldean. Xebi Ustarroz perkusiojolea ere hasi zen. Hondarribiko auditorian aurkeztu zuten Oskarbiren Xirimiri kontzertua.
2014an beste hiru kontzertu izan ziren: Bilboko Bidebarrietan, Iruñeko Erraldoien txokoan eta Oiartzungo udaletxeko aretoan.
2015ean ere beste hiru kontzertu: apirilean Idiazabalgo aretoan, Donostiako Plaza Berriantxistularien Kontzertu Nagusian artista gonbidatu gisa, eta Irungo Amaia auditorioan (Ez Dok Amairu gogoratuz, Oskarbi kantari).
50. urteurrena eta Mendira naiz diskoa (2016)
aldatu2016an Oskarbiren 50 urteurrena zela-eta medioetan aipamen esanguratsuak agertu ziren, baziren 50 urte Ez Dok Amairu sortu zela ere. Urtarrilean hamaikagarren diskoaren lehen grabazioekin hasi ziren, geroago, uztailean izan ziren azken grabazioak, eta horrela urteurreko udazkenean Mendira naiz izenburuko hamaikagarren diskoa plazaratu zuten Durangoko Azokan (Ahotsenean Oskarbi kantari). Album horretan lehen aldiz txertatu zuten biolina Oskarbi Taldean, Maite Irusta biolin-jolea taldean integratu zela. Diskoa atera baino lehen lau kontzertu eman eman zituzten udaberri eta udan (Bilboko Arriaga Antziokian, Errenteriako Niessenen, Irungo Amaian, eta Azkainen), eta hiru kontzertu udazkenean (Ondarroan, Urretxun eta Pasai San Pedron). Irailean Manolo Urbieta hil zen.
Behin Mendira naiz diskoa aurkeztuta, urteurrenaren ekitalde garrantzitsuena 2016ko abenduaren 18ko kontzertua izan zen Donostiako Victoria Eugenia Antzokian: "Oskarbi Taldea 50 urte kantari/Mendira naiz kontzertua". Honako hauek izan ziren parte hartzaileak:
Oskarbi Taldearen historia (1966-2017).[2] - Gitarra: Iñaki Maritxalar.
- Akordeoia: Carlos Ruiz.
- Flauta: Gontzal Iñarra.
- Pianoa eta Teklatua: Joana Ortega.
- Biolina: Maite Lopez de Arbina.
- Perkusioa: Sebastian Ustarroz.
- Txalapartariak: Lara Mitxelena eta Ixiar Jauregi.
- Dantzariak: Nestor Leunda eta Natalia Nieto.
- Oholtzan garai ezberdinetako beste oskarbitarrak ere egon ziren: Pello Garbizu, Karmelo Arren, Marijose Fernandez, Itziar Maritxalar, Antton Valverde, Agustina Pontesta eta Iñaki Zabaleta.
Musikariekin eta abesbatza batekin batera (2017-2020)
aldatu2017an bi mugarri izan ziren Oskarbi taldearen bidean. Batetik lehen aldiz aritu zirela abesbatza batekin batera; maiatzaren 26an izan zen, Landarbaso Abesbatza Errenteriako Musikasten (Musikastek omenaldia Oskarbi Taldeari). Eta bestetik, Joxeluix Treku taldekideak liburu bat plazaratu zuela taldearen 50 urteko historiaz (Doinu zaharren haritik euskal kantu berriaren bidean (Oskarbi taldea 1966-2017)); Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean izan zen aurkezpena. 400 orrialde eta argazki ugari dituen liburua (Oiartzunen eta ibaizabalen ere aurkeztu zuten geroago, 2018an). Horrez gain, 2017, urtean zehar zazpi kontzertu eman zituzten. Urtarrilean Tolosako Leidorren, otsailean Azpeitiako Soreasun, maiatzean Lezoko Gezalan eta aipatutako Musikastekoa, abuztuan Iruñeko Zitadelan (Maitetxuren ordez Maialen Rezabal biolinjolearekin) eta Barakaldoko antzokian, eta urteko azken kontzertua abenduan izan zen Ataungo auditorioan.
2018ko kontzertuak sei izan ziren: otsailean Zumaiako Aita Marin, martxoan Bilboko BBK aretoan, maiatzean Arrasaten berriro ere Landarbaso Abesbatzarekin, uztailean Donibane Lohitzunen, eta urrian Pasai Doibaneko auditorioan. Urte hartako udaberrian Maite Lopez de Arbina biolinjole berria sartu zen taldean Maite Irustak utzi zuenean; eta udazkenean hasi zen Iñar Sastre pianojolea Oskarbiko entseguetan.
2019an bost izan ziren kontzertuak: otsailean Idiazabalgo elizan Landarbaso Abesbatzarekin, maiatzean Nafarroan Altzuzako Oteiza museoan, uztailean Villabonako aretoan Eresargi Abesbatzarekin, eta urrian Arantzazuko Gandiaga aretoan eta urrian Lizarrako Gustavo de Maeztu Museoan.
2020. urte hasieran hasten dira hamabigarren diskoaren lehen grabazioak. Alaitz Guridi eta Oihana Lekuona hasten dira Oskarbirekin entsegatzen eta grabatzen. Kobit pandemia eta grabazioak ia batera hasi ziren baina. Kontzertu bakarra egin zuten urte berezi hartan: Beasaingo Loinatz aretoan Loinatz Abesbatzarekin.
Hamabigarren diskoa: Kantua zuei (2021)
aldatu2021ean, pandemia apur bat gaindituta, lau kontzertu eman ahal izan zuten: apirilean Astigarragako auditorioan Aiztondo Abesbatzarekin, uztailean Bilboko Euskaldunan, irailean Oñatiko San Migeletan, eta abenduan Bilboko Arriaga Antzokian. Bitartean, uztailean Loinatz Abesbatzarekin grabazioak egin eta udazkenean hamabigarren diskoa plazaratu zuten: Kantua Zuei.
Urtean zehar aldaketak izan ziren kideen artean. Manex Iñigo hasi zen piano-jole Joana Ortegak taldea utzita; Maite Aldaregia hasi zen biolin-jole Maite Lopez de Arbinak taldea utzita; eta Bakartxo Maritxalarrek ere utzi zuen taldea. Beraz, aldaketa horiek eginda, honako hauek izan ziren taldekideak 2021eko abenduko kontzertuan: Iñaki Maritxalar, Joxeluix Treku, Maite Aizkorreta, Carlos Ruiz, Gontzal Iñarra, Oihana Lekuona, Manex Iñigo eta Maite Aldaregia.
2022an, egoera normatizatuago batean, kontzertuak zazpi izatera heldu ziren: urtarrilean Usubilgo auditorian (Oskarbi Taldea Artze kantatzen), martxoan Irungo Amaia auditorioan Iga Abesbatzarekin eta Balmasedan, apirilean Lazkaoko auditorioan Areria Abesbatzarekin, maiatzean Oskarbi-Eguna Trebiñun, eta Lapurdiko Beskoitzen, ekainean Eibarko Coliseo Antzokian Sostoa Abesbatzarekin, eta uztailaren 31ean Oiartzungo elizan Loinatz Abesbatzarekin berriro.
2023an beste bost kontzertu antolatu zituzten: urtarrilean Donostiako San Telmo Museoan, apirilean Azkoitiko Baztartxo aretoan Iraurgi Abesbatzarekin, abenduan hiru aldiz Oiartzungo Landetxe auditorioan Antton Valverderen omenaldian, Getxoko Muxikabarri auditorioan Itxorta Abesbatzarekin, eta Oiartzungo Landetxe auditorioan: berriro Donostiako Orkestra Barrokoarekin. Urte bukaeran Itziar Alonso Maritxalar hasi zen kantari Oskarbi Taldean.
2024an, Itziar Alonso Maritxalarraren ahotsa gehituta, hauek ziren taldekideak: Iñaki Maritxalar, Joxeluix Treku, Maite Aizkorreta, Carlos Ruiz, Gontzal Iñarra, Oihana Lekuona, Manex Iñigo, Maite Aldaregia eta Itziar Alonso. Urte hartan apirilean Elizondoko elizan kontzertua eman zuten Elizondoko Abesbatzarekin. Ekainean ere batera Donostiako XXVII. Aita Donostia Aste Musikalean parte hartu zuten Aita Donostia Abesbatzarekin kantatuz.[8]
50 baino gehiago izan dira 2010az geroztik eman dituzten kantaldiak.[4]
Diskografia
aldatuHonako 12 album hauek argitaratu dituzte:[2][10]
- Oskarbi (1969, Herri Gogoa)
- Abesti zaharrak eta berriak (1970, Herri Gogoa)
- Eskutari (1972, Herri Gogoa)
- Olentzero (1976, Herri Gogoa)
- Hitz urri batzuk (1976, Herri Gogoa)
- Euskara eta txakolina (1979, Elkar)
- Esperantzari leiho bat: antologia 1966-2004 (2004, Elkar)[4]
- ... CD bikoitza izan zen zazpigarrena.
- Olentzero berria (2008, Elkar)[11]
- Xirimiri (2012, Elkar) Herri kantak eta kantu berriak tartekatuta agertzen dira, baina herri kanta gehienak ere inoiz grabatu gabeak dira. Kantu berrien artean, Jose Luis Treku, Xabier Lete eta Bitoriano Gandiagaren poemetan oinarritutakoak daude: Xirimiri, Gabon hitzak eta Kuku hurrenez hurren.[12]
- Mendira naiz (2016, Elkar)
- Kantua zuei (2021, Elkar)
Abestien sorrera, "entsegu laborategia"
aldatuTaldekideen artean sortzen dituzte kantak Oskarbikoek. Behin hitzak eta oinarrizko doinu bat sortuta daudela, entseguetan denen artean esperimentatzen dute abestia guztiz sortu arte. Denen artean esperimentu kolektiboa egiten dute, entsegua laborategi bihurtzen dute.[2]
Adibidez, honela sortu zuten Mendira naiz abestia denen artean: Mendirako afizioak eraginda, Joseluix Trekuk udazkeneko goiz batean maldan gora zihoala egindako gogoeta batean oinarritutako hitzak dira. Iñaki Maritxalarri pasa zizkion hitzok geroago. Iñakik doinuaren lehen ideia nagusia lortu zuenean kide guztien entsegura eraman zuen. Lehena hitzak sortzea, gero doinua eta hirugarren parada entsegua izaten da gehienetan Oskarbiren sorkuntzako tailerrean. Entsegua "laborategi" bihurtzen da horrelakoetan. Entseguan melodia aurkezten da eta hitzen kokapena probatzen dute. Gero bakarka edo koralean, zenbat ahots eta nork abestu, baita ze instrumentu sartu eta non, hori izan zen "Mendira naiz" kantuaren bidea.
Musika arloan denek dute hitza baina entseguko maisua Iñaki da, berak zuzentzen du ahotsen sorkuntza. Oskarbiko musikariek badute nortasuna eta beraiek ere ematen dute iritzia entsegu-mahaiaren gainean edo alboan. Eztabaida epel batzuen ondoren kantu berria orekatu eta finkatzen da. Hilabete batzuk geroago aldaketa gehiago izan daitezke beti. Hona "Mendira naiz" abestiaren sekuentzia: gitarra eta akordeoia lasaitasunez hasten dira, pianoa piskanaka burua azaltzen. "Orbel hori gorrien gainean..." unisono taldeko sei ahotsak. "Mendira naiz aldapean" denok ahotsetan. "Hosto lehorren hotsen laguntzaz..." eta "Bidean naiz murgilduta. Laino artean goraka..." eta "Iritsi naiz helmugara".
Flauta, gitarra, pianoa, eta akordeoiaren saioak arnas ematen dio gailurreko handitasunari. "Tontor gainean arnaska..." eta "Ase naiz tontorrean. Barneko atseden bakez..." eta "Mendira naiz, Bidean naiz, Iritsi naiz, Ase naiz, Ase naiz".
Pianoa eta flautaren gidaritzapean instrumentuen azken erakustaldiarekin, "Trailarara" eta "Ase naiz" kontrakantoan errepikatuz bukatzen dute mendiko zeremonia.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat «Oskarbi» artikulutik hartua da. Artikulu hark Gontzal Agote du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- Historia ataleko erreferentzia nagusia Oskarbiko kidea den Joxeluix Trekuren liburua izan da, egilearen baimenarekin. Doinu zaharren haritik euskal kantu berriaren bidean : (Oskarbi taldea 1966-2017) ISBN 978-84-697-3146-8
- ↑ a b Apaolaza Avila, Urko. (2020-11-08). «Iluntasunaren aurrean, kantuaren arnasa» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-04-23).
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w Treku, Joxelu. (2017). Doinu zaharren haritik euskal kantu berriaren bidean : (Oskarbi taldea 1966-2017) /. Ba Dok Oskarbi Musika Elkartea, ISBN 978-84-697-3146-8. (Noiz kontsultatua: 2024-07-08).
- ↑ «Oskarbi» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-09).
- ↑ a b c Berria. «Bere lanaren antologia plazaratu du Oskarbi taldeak» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
- ↑ «Oskarbi Ere Etengabeko Lanean 'Olentzero' Eta 'Hitz Urri Batzuk' Bi L.P. Berriak» Argia 1976-12-12 (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
- ↑ «Herri Gogoa» Badok (Badok) (Noiz kontsultatua: 2024-07-10).
- ↑ Zubizarreta, Patxi. (2023). Sakonean itsasoa ikusten da. Maingolarratarren uberan.. Txalaparta ISBN 978-84-19319-62-3..
- ↑ Aita Donostia Abesbatza. (2024-06-15). «XXVII. Aita Donostia Aste Musikala, 2024ko ekainaren 13, 14 y 15ean» www.aitadonostia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-26).
- ↑ Aita Donostia Abesbatza. (2024-06-15). «XXVII. Aita Donostia Aste Musikala, 2024ko ekainaren 13, 14 y 15ean» www.aitadonostia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-26).
- ↑ «Oskarbi» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-09).
- ↑ «Oskarbi» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-09).
- ↑ Zabala, Juan Luis. «Oskarbik kantu berriekin osatutako diskoa plazaratu du» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Oskarbi Badok.eus atarian
- Androkanto abestia entzun. 10. kantua Kantua Zuei albumean (badok.eus)
- Esperantzari Leiho bat abestia entzun. 13. kantua Kantua Zuei albumean (badok.eus)
- Marinela abestia entzun. 11. kantua Kantua Zuei albumean (badok.eus)
- Mendira naiz abestia entzun. 12. kantua Kantua Zuei albumean (badok.eus)
- Soin berriko koplak abestia entzun. 7. kantua Kantua Zuei albumean (badok.eus)
- Androkanto abestia entzun. Oskarbi: gaia, Youtube
- Esperantzari leiho bat abestia. Oskarbi: gaia, Youtube
- Marinela abestia entzun. Oskarbi: gaia, Youtube
- Mendira naiz abestia entzun. Oskarbi: gaia, Youtube
- Soin berriko koplak abestia entzun. Oskarbi: gaia, Youtube
- Orkarbi 2024ko Aita Donostia musika-astean. (Donostia, 2024-06-15)
- Euskal kantarien bizipenak-AHOTS HARIAK (2) (Kontzertua-Tolosa, 2024-11- 20) (25'00). Anbune. Youtube (2024-11-27)
- Euskal kantarien bizipenak-AHOTS HARIAK (1) (Kontzertua-Tolosa, 2024-11- 20) (31'20''). Anbune. Youtube (2024-11-27)