Ireki menu nagusia

Arantzazuko Apostoluen Frisoa

Oteizaren eskultura

Arantzazuko apostoluen frisoa[1] Arantzazuko santutegiaren fatxada nagusian dagoen Jorge Oteizaren eskultura da, izenak dioen bezala kareharrizko apostoluez osaturiko frisoa.

Arantzazuko Apostoluen Frisoa
Arantzazu Oteiza-11 050.jpg
Jatorria
Sortzailea Jorge Oteiza
Sorrera-urtea 1968
Ezaugarriak
Materiala(k) kareharria
Genero artistikoa arte publikoa
Deskribapena
Kokapena
Lekua Arantzazuko santutegia
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Gipuzkoa
Udalerria Oñati
Koordenatuak 42° 58′ 45″ N, 2° 23′ 56″ W / 42.979102°N,2.39886°W / 42.979102; -2.39886Koordenatuak: 42° 58′ 45″ N, 2° 23′ 56″ W / 42.979102°N,2.39886°W / 42.979102; -2.39886

Arantzazu XX. mendeko euskal artearen obra garrantzizkoa da, bere garaian gaur egun oso ezagunak diren artista batzuen (Saenz de Oiza, Laorga, Oteiza, Ibarrola…) bultzada izan zena eta Euskal kulturari artelan ikaragarria eman ziona. Arantzazuko Basilikaren barneko lanak; arkitektura, eskultura eta pintura lan ezberdinen bilduma ematen digu, baina oraingo honetan soilik eskulturaren arloan Jorge Oteiza eskultoreak eginiko Apostoluen frisoa aztertuko dugu.

Egileari buruzAldatu

Jorge Oteiza (Orio, 1908- Donostia, 2003), Euskal Herriarentzat garrantzizkoa den XX. mendeko artista dugu. Bere lana hogei urte zituela hasi zuen Donostia aldean eta abangoardia ezberdinak praktikatzen zituzten gazteen artean.

Esperimentazioa bilatuz, Ameriketara bidaiatuko du eta handik geroago bere obran garapen handia izango dituen kontzeptuak ikasiko ditu Arantzazun ikusiko den moduan. 1955ean “Nahi esperimentala” izenekoa sortu eta São Pauloko Bienaleko eskultura saria irabaziko du. 1959an bere lanaren azken unea iritsi zela pentsatuz eskultura utziko du, baina artearen arloan neo-plastizismoa eta sobietar konstruktibismoa errebindikatuko ditu, honek Euskal kulturan “Euskal eskulturaren eskola” izenekoaren baseak jarritu dituelarik, non Europako estetika geometrikoa ardatz izango den eta Eduardo Chillida bere artistarik garrantzizkoena garai batean, Oteizarekin ika-mika - laguntasun erlazio bat izango duena.

Oteiza abangoardia eta guda osteko garai artistikoaren arteko zubia dugu, emango zaizkion onura ofizialei buruzko kritikotasun eta urruntasun nahi bat plazaratuko duena beti bere posizio ideologiko-politiko berezia izanik. 1992an bere obra Euskal Herriari utzi zion eta 2003an hil ondoren Altzuzako herrian bere izena daraman museo-fundazioa ireki zen.

Oteiza eta Amerika (1934-1948)Aldatu

1934ean Oteiza, Nikolas Lekuona margolariarekin batera Ameriketara joateko asmoa izango du. Bidaia honen Oteizaren helburuak, bai Diego Rivera eta Mexikoko horma pintura, zein Amerikako kultura prehispanikoek eginiko eskultura megalitikoa ezagutzea izango dira.

Garai honetan bere bi garrantzizko idazlan sortuko ditu Carta a los Artistas de América (1944) eta La interpretación estética de la estatuaria megalítica americana (1952).

Arantzazuko proiektuaAldatu

1950garren hamarkadan sortzen hasia izango den multzo arkitektonikoa izango dugu, Pablo Lete frantziskotar probintzialak baseliza erreformatu eta erromes gune nagusi bilakatu nahiko baitu, horretarako eta lehen esan bezala, garaiko artista ezberdinez baliatuz.

Arkitekturarako Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorgarena aukeratuak izan ziren, baina eskulturarako gauzak ez ziren bat-batekoak izan, Oteiza bera zen Letek pentsaturiko artista, baina eskultore oriotarrak ez zuen bat-bateko izendapen bat nahi, baizik eta pentsatuta zuten beste zenbaitekin lehiaketa bat egin nahi zuen. Honen ondorioz, Oteiza eta Joaquin Lucariniren artean lehiaketa bat antolatu zen, Oteizak irabazi zuena.

Apostoluen frisoaren ezaugarri eta bilakaeraAldatu

 
Apostoluen frisoaren montaketa lanak, 1968ko azaroan
 
Basilikaren fatxada nagusia: Apostoluen frisoa eta Pietatea

Oteizaren lan honek bere lehen lanen eta Amerikako bidaian ikasitakoarekin erlazio zuzena du:

Oteizaren lehen lanak zizelkatutako bloke izugarriak dira, non argilunik ez hutsunerik ez diren nabari. Aldiz, Ameriketan bere eskulturarekiko errebelazioa izango zen momentua heldu zitzaiola esan behar da; 1944an Popayán hiritik gertu 3000 metrotako garaieran, Alto Magdalena izeneko lekuan zeuden Kolonaurreko agustindar kulturako 400 estatua ikusi baitzituen, han influentziarik gabeko arte bat ikusten zuen influentziarik gabeko kultura baten aztarna zirenak. Gainera, kultura prehispanikoek erlijioarekiko zuten erlazioa jakinda, eskultura haietan, Oteizak artearen sakralizazioa ikusten zuen, gizakiak Jainkoarenganako bere txikitasunean bere biziari estetikaren bidez garaturiko irtenbide erlijiosoa antzemanez.

Hau guztia ikusirik eta Henry Moore eskultorearen lanaz txundituta, Euskal Herrira bueltatzean bere ideia berriak Apostoluen frisoan garatuko ditu.

Konjunto eskultorikoa aztertzen badugu, santutegiaren bi dorreen arteko lotura bezala aurkitzen den elementua dugu. Bertan, lehengoko bloke izugarriaren aztarna batzuk bakarrik gelditzen dira, figura sendoak bai baina dinamismoz hornituak ikusten baititugu, Oteizak garatzen hasiko zen kontzepzio berria adieraziz: bloke zilindriko handi batetik materia kenduz berak hiperboloide bezala deitzen zuen forma ahaltsu baina irekia eratuz garatzen baitira apostoluak. Figura hauen sendotasunean, Oteizak zioen bezala, Arantzazuko alboetan dauden mendien isla izango genuke eta eskulturaren kasuan ere arte errusiarraren aztarnak ikus daitezke, bai gorputz bai aurpegiek potentzia kontenitu bat adierazten baitigute. Azkenik aipatzea sakralitatearen elementua ere badela, Oteizak zioenez, figurak fededunari bere izpiritua helarazten baitzion eta figurari falta zitzaion zatia fededunak beregan sentitzen zuen fedea zen.

Aipatzekoa da hamabi izan beharrean, hamalau apostolu direla, Oteizarentzat garrantzizkoena figurek irudikatzen dutena baita eta ez zenbat diren, horregatik hamalau figura zergatik jarri zituen galdetzean “Gehiago kabitzen ez zirelako” erantzuten zuen.

1952an Arantzazuko ametsa zapuztu zen Pablo Lete hil baitzen eta elizaren sektore atzerakoienek proiektuari traba izugarriak jarri zizkioten, ez baitzuten begi onez ikusten, 1954an obrak bertan behera utziz. Hala ere, euskal gizartean Arantzazuren ideia barneratua zegoenez, 1968an proiektua berriro ireki zen eta, kostata bazen ere, Oteizak berriro lanari ekingo zion. Oraingo honetan, frisoaren goialdean, forma hirukoitz bat duen Pietatearen figura jarriko du, askoren ustez urte horretan bertan ETAko kide eta Oteizarekin erlazioa zuen Txabi Etxebarrietari omenaldi gisa, seme hilaren oroimenaren ondorioz negarrez ari den ama edo herriaren ideia erabiliz.

ErreferentziakAldatu

  • LUJAMBIO NERE. Oteiza jenio hutsa. Donostia, Elkar,2008(Lehen idei bat izateko ona)
  • MONFORTE GARCIA, ISABEL. Arantzazu, arquitectura para una vanguardia, Diputación Foral de Guipúzcoa. Departamento de Urbanismo y Arquitectura, 1994( Aurrekoa baino osatuagoa eta irudi honekin)
  • GONZALEZ DE DURANA JAVIER. Arquitectura y Escultura de la Basílica de Aranzazu(1950-1955), Vitoria Gasteiz, 2003 ( Oso interesgarria eta artistaren ideiei buruzko idatziak ditu)

Kanpo loturakAldatu