Euskal Herriko alpinismoaren historia

Euskal Herriko alpinismoaren historia Himalaian euskal alpinistek egindako ibilbideak nagusiki markatzen du neurri handi batean, han daudelako munduko mendirik altuenak. Lehenengo igoerei dagokienez, 1980ko hamarkada izan zen garairik emankorrena, eta ondoren 1990eko hamarkada. Maiatza eta abuztua artean lortu zuten lehenengo tontor haiek 1988 arte, eta hortik aurrera irailean eta urrian ere erdietsi zuten gelditzen ziren mendiak.

Anboto mendia Aramaiotik
Euskal mendietan jarri zen lehen buzoia Anboton jarri zuten 1914an. Argazkia 2016koa da.

1997ko azaroaren 30 arte, Gipuzkoa zen zortzimilako nagusien igoera gehien lortu zuen lurraldea, 39rekin. Ondoren Nafarroa 29rekin, Araba 28rekin eta Bizkaia 14rekin zeuden. Bertzela, Zuberoako mendizale bat ordezko gailur batera iritsi zen 1995ean.

Hastapenetako mugarri historiko batzuk

aldatu

1914an Ehun Mendien lehiaketa

aldatu

XIX. mendean, nabarmentzekoak dira Anton Abadiak egindako espedizioak Etiopia aldean.

1914. urte inguruan antolatu zuten zenbait mendizalek lehenengo mendi-lehiaketa Euskal Herrian. Urte betean 15 mendi ezberdin igotzeko erronka jarri zioten euren buruei. Tontorretan ohiko diren postontzietako lehena ere orduan ipini zuten, Anboton, mendizaleen igoerak nolabait ofizialdu edo neurtzeko asmoz. Handik gutxira, Bilboko eta Eibarko mendizaleek bultzatuta, 100 mendien lehiaketa jaio zen.[1]

1924an Euskal Mendizaleen Federazioa (EMF)

aldatu

1924ko maiatzaren 18an Euskal Mendizale Federazioa (EMF) sortu zuten Elgetan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako mendi-elkarteek sustatuta, "Federación Vasco-Navarra de Alpinismo" izenarekin. Urte haietan 50 elkartetik gora sortu zituzten Euskal Herrian. 1967an lehenengo euskal espedizioa abiatu zen Andeetara. 1980ko hamarkadan, lurraldeka banatu zen elkartea.

Hastapen haietan Andrés Espinosa nabarmendu zen. Halaber, baziren beste hainbat emakume mendigoizale; Antonio Ferrer mendizaleak 1930ean Esperanza Alvarez, Agustina Saez eta Raimunda Royo aipatu zituen.[2][3] 1924an Bilboko Club Alpino sortu zuten hamabi bazkide sortzaileetako bat izan zen Raimunda Royo. Euskal Mendizaleen Federazioak 1914tik antolatzen duen Ehun mendien lehiaketa osatu zuen lehenengo andrazkoa izan zen Raimunda Royo, 1930ean.[4][5][6][7]

1974an "Tximist" espedizioa Himalaian

aldatu

1974ko Tximist Espedizioa izan zen lehenengo saiakera Himalaia konkistatzeko. Taldea 16 kidek osatu zuten: Felipe Uriarte, Alfonso Alonso, Juan Ignacio Lorente, Luis Maria Saenz de Olazagutia, Francisco Lusarreta, Angel Vallejo Rosen, Juan Carlos Fernández, Luis Ignacio Domingo Uriarte, Julio Villar, Angel Landa, Luis Abalde, Ricardo Gallardo, Juan Kortazar, Angel Lerma, Rodolfo Kirch eta Fernando Larrukertek. Tximist baterien enpresa gasteiztarra izan zen diru-laguntzailea, eta Juan Zelaia oñatiarra izan zen babesle nagusia.

Maiatzaren 12an Felipe Uriarte eta Angel Vallejo Rosen espediziokideak gailurra lortzetik 320 metrora baizik ez ziren gelditu.

 
1980ko Everesterako Euskal Espedizioaren logoa.

1976ko nafar espedizioa

aldatu

1976an Shakhaur mendia (7.116 m) Nafarroako espedizio batek lortu zuen igotzea, lehenengo zazpimilakoa izan zena euskal alpinismoaren historian. Tamalez, jaitsieran Leandro Arbeloa hil eta Gerardo Plaza zauritu zen. Gainontzeko taldekideak Gregorio Ariz, Iñaki Aldaia, Xabier Garaioa, Javier Pastor, Julian Lasterra, Abel Albira, Julián Ayúcar eta Trini Cornellana izan ziren. Espediziokide batzuk, poloniar alpinista batzuen laguntza handiarekin, lortu zuten Gerardo Plaza onik jaistea menditik.[8]

1979an lehenengoa

aldatu

5 urte geroago, Nafarroa Garaiko espedizio bat abiatu zen Iruñetik, Dhaulagirira (8.167 m) igotzeko asmoz. Gregorio Ariz izan zen espedizio-burua, 8 urte lehenago lehenengo saiakera egin zutelarik. "Mendi zuri"ko tontorrera heldu ziren Iñaki Aldaia, Xabier Garaioa, Gerardo Plaza, Jordi Pons kataluniarra eta Ang Rita xerpa 1979ko maiatzaren 12an, eta mugarri historiko handia ezarri zuten.

Beste taldekideak Mari Abrego, Patxi Egillor, Agustin Setuain, Trini Cornellana, Javier Garreta, Jose Ignacio Ariz, Angel Irigoien, Angel Martinez, Pilar Ganuza, Javier Sorozabal, Ramon Bramona, Joan Massons eta Jordi Colomer ziren; azken hirurak, kataluniarrak.

1980an Everest

aldatu
 
1980ko Euskal Espedizioko kideak.

1980ko Everest Euskal Espedizioa ere arrakastatsua izan zen, eta lehenengo aldiz munduko sabaian euskal herritar bat ipintzea lortu zuten 1980ko maiatzaren 14an, Martin Zabaleta hain zuzen ere, Pasang Temba xerparekin batera iritsi zena.

Espedizioan, 5 gipuzkoar (Juan Ramon Arrue, Ricardo Gallardo, Joxe Urbieta "Takolo", Felipe Uriarte eta Martin Zabaleta), 3 arabar (Juan Ignacio Lorente espedizio-burua eta medikua, Ángel Vallejo Rosen eta Luis María Saenz de Olazagoitia "Petxu"), bizkaitar 2 (Kike De Pablo eta Emilio Hernando) eta 2 nafar (Xabier Erro eta Xavier Garaioa) joan ziren.

Zortzimilakoen lehendabiziko igoeren kronologia

aldatu
 
Juanito Oyarzabal.
  1. 1979ko maiatzaren 12an: Dhaulagiri (8.167 m). Iñaki Aldaya, Xabier Garaioa eta Gerardo Plaza.
  2. 1980ko maiatzaren 14an: Everest (8.850 m). Martin Zabaleta.
  3. 1983ko abuztuaren 5ean: Nanga Parbat (8.126 m). Jose Luis Zuloaga "Zulu" eta Kike de Pablo.
  4. 1984ko maiatzaren 16an: Makalu (8.462 m). Mari Abrego eta Kike de Pablo.
  5. 1985eko maiatzaren 15ean: Cho Oyu (8.201 m). Juanjo Amezgarai, Juanito Oiarzabal, Iñaki Querejeta, Mikel Ruiz de Apodaka. Maiatzaren 17an Felipe Uriarte, Xabier Garaioa eta Atxo Apellaniz iritsi ziren.
  6. 1986ko ekainaren 23an: K2 (8.611 m). Mari Abrego eta Joseba Casimiro.
  7. 1987ko abuztuaren 16an: Gasherbrum II (8.035 m). Juanito Oiarzabal eta Atxo Apellaniz.
  8. 1988ko maiatzaren 5ean: Kangchenjunga (8.586 m). Martin Zabaleta.
  9. 1988ko urriaren 3an: Annapurna (8.091 m). Pablo Aldai eta Juanfer Azkona.
  10. 1994ko uztailaren 23an: Broad Peak (8.047 m). Patxi Ibarbia.
  11. 1995eko uztailaren 16an: Gasherbrum I (8.068 m). Txetxu Lete eta Jose Ramon Lasa "Koke".
  12. 1995eko irailaren 27an: Lhotse (8.545 m). Alberto eta Felix Iñurrategi.
  13. 1996ko urriaren 11an: Shisha Pangma (8.027 m). Alberto eta Felix Iñurrategi eta Josu Bereziartua
  14. 1997ko urriaren 8an: Manaslu (8.163 m). Juanito Oiarzabal, Iñaki Querejeta, Natxo Fernandez eta Jose Ramon Lasa "Koke".

Lehenengo emakumeak Himalaian

aldatu

Amaia Aranzabal gipuzkoarra eta Pilar Ganuza nafarra izan ziren lehendabiziko emakumeak inoiz zortzimilako bat zapaltzea lortu zutenak. 1992ko irailean izan zen hain zuzen ere mendi berean, Cho Oyun, bien artean egun gutxi batzuk igaro zirelarik. Yolanda Martin nafarra hirugarrena izan zen, tontor berera hurrengo urtean igo zelarik.

14 zortzimilakoak lortzen lehenengoak

aldatu
 
Edurne Pasaban 2010ean.

Juanito Oiarzabal arabarrak lortu zuen 14 zortzimilakoak burutzea 1999an, 1985ean lehenengoa igo zuelarik. Modu horretan, lehendabiziko euskal alpinista bilakatu zen balentria hori erdiesten.

Bere ondoren, Alberto Iñurrategi gipuzkoarra izan zen bigarrena marka hori lortzen 2002an, ibilbideari ekin ziolarik 1991an. Azkenik, Edurne Pasaban gipuzkoarra 2010ean lehenengo euskal emakume ez ezik mundu osoko lehendabizikoa izan zen ibilbide osoa lortu zuena, 2001ean hasi zelarik.

Hildako euskal alpinista batzuk

aldatu
 
Felix Iñurrategi 1995ean.

Erreferentziak

aldatu
  1. Sarasua, Asier. (2016-01-06). 100 mendien lehiaketa. eibar.org.
  2. Estornes, Blog De Cesar. (2014-07-16). «BLOG DE CESAR ESTORNES de HISTORIA Y DEPORTES: LAS PRIMERAS MONTAÑERAS DEL CLUB DEPORTIVO DE BILBAO» BLOG DE CESAR ESTORNES de HISTORIA Y DEPORTES (Noiz kontsultatua: 2021-01-09).
  3. Ortega, Hektor. «Bilbaopedia - Raimunda Royo» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2021-01-09).
  4. Iametza. «Raimunda Royo» www.bestekaleak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-09).
  5. Ortega, Hektor. «Bilbaopedia - Raimunda Royo» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2021-01-09).
  6. Estornes, Blog De Cesar. (2014-07-16). «BLOG DE CESAR ESTORNES de HISTORIA Y DEPORTES: LAS PRIMERAS MONTAÑERAS DEL CLUB DEPORTIVO DE BILBAO» BLOG DE CESAR ESTORNES de HISTORIA Y DEPORTES (Noiz kontsultatua: 2021-01-09).
  7. (Gaztelaniaz) ITURRIZA, Antxon. (2005-06-17). «Pioneras del montañismo vasco» www.euskonews.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-09).
  8. "Mendiak 1976" dokumentalaren webgunea.

Bibliografia

aldatu
  • "Euskal Herria munduaren goiko mugetan" (Antxon Iturriza, 1998. "Pyrenaica" & "Egunkaria").
  • "Mendiminez" (Ramon Olasagasti, 2007. "Elkar").

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu