1974ko Tximist Espedizioa

Tximist Espedizioa 1974. urtean Euskal Herrian Everest (8.840 m) mendia igotzeko asmoz Gasteizko Tximist, (gero Cegasa), enpresak finantzatu eta antolatutako mendi espedizio bat izan zen. Tximist enpresak espedizioa finantzatu izana Juan Zelaia oñatiar enpresaburuaren bultzadari esker lortu zen.

Maiatzaren 12an espediziokideak gailurra lortzetik 320 metrora baizik ez ziren gelditu. Gainera, himalaismoaren eta goi-mendien arloan ezinbesteko eskarmentua bereganatu zuten, eta halaxe lortu zuten gerora gailurreraino iristea, 1980an Everestera egindako euskal herritar espedizioan.

Historia aldatu

Lau urtez espedizioa antolatzen egon ondoren, 1974ko otsailaren 13an, Euskal Herriko Tximist Espedizioko kideek Madrilgo Barajas aireportuan hegazkina hartu zuten, eta Madril-Kopenhage-Delhi-Katmandu hegaldia egin. Espedizioaren aurrekontua garaiko 10 milioi pezeta inguru izan zen, eta ordu arte Everestera igotzen saiatu zen 23. nazioarteko espedizioa izan zen.

Espedizioa 16 kidek osatu zuten: Felipe Uriarte, Alfonso Alonso, Juan Ignacio Lorente, Luis Maria Saenz de Olazagutia, Francisco Lusarreta, Angel Vallejo Rosen, Juan Carlos Fernández, Luis Ignacio Domingo Uriarte, Julio Villar, Angel Landa, Luis Abalde, Ricardo Gallardo, Juan Kortazar, Angel Lerma, Rodolfo Kirch eta Fernando Larruquert.

Katmandutik Lukla herrirako bidaia hegazkin txikitxo batean burutu zuten. Herri honetan bertako garaierara egokitzeko asmoz lau egunez inguruko mendietara irteerak eginez igaro zituzten. Ondoren, Luklatik Phading herrira joan ziren. Hurrengo egunean Namche Bazar herrira mugitu ziren, xerpa gehienak bizi diren herria, 3.400 metroko garaieran eta malda malkartsu batean kokatua. Namchetik ateratzean Lohotsetik Nupsera doan mendilerroaren atzean lehenbiziko aldiz Everest mendia ikusteko abagunea izan zuten.

Namchetik Thiamgboche herrira lekualdatu ziren, Bertan, 15 egunez, taldekideak 5.300 metroko tontorretara igoz girotzen saiatu eta ondoren aurrera jarraitu zuten. Pherichera jaitsi, 4.240 metrora, eta beste girotze base batean aste batez egon ziren. Hurrengo etapak Everesterako ibilbidean dagoen Lobuche herrixkara eraman zituen, bertan 2 egun pasatuz. Herrixkak bi etxe bakarrik zituen, ostatu gisa erabiliak, hartan xerpak eta alpinistak biltzen dira.

Martxoaren 25ean, 400 garraiatzaile eta 100 jakekin batera, Kunbu glaziarrean dagoen kanpamendu nagusira iritsi ziren, 5.300 metrotara. Everesten magalean sei kanpaleku ezartzera iritsi ziren, honako garaietan mailakatuak: 6.100, 6.400, 6.984, 7.600, 7.890 eta 8.530 metro. Azkenekoa, maiatzaren 12an, Felipe Uriarte eta Angel Alexandre Rosenek gailurretik 320 metrora ipini zuten, 8.640 metroko garaieran. Bertan gaupasa egin zuten. Altuera horren ezaugarria da harkaitz handi bat, non bere babesean dendatxo bat ipini liteke. Han ipini zuten beraien denda.

Baina hurrengo egunean, maiatzaren 13an, gailurretik behera zetorren ekaitz izugarri batek pasabidea itxi zien. Goizaldeko hamaikak aldera VI. kanpalekua utzi beharrean egon ziren, gailurrera iristeko 4 orduko ibilbidea bakarrik gelditzen zitzaienean. Oxigeno eta lozakurik gabe V kanpalekura jaitsi ziren, bertan xerpen lehen laguntza eman zieten. Lozakurik gabe, gaua kanpadendako olanan bildurik igaro zuten, xerpak IV kanpalekura jaitsiak baitziren.


II kanpalekurako jaitsierak bi egun iraun eta izugarria izan zen, Uriartek eta Rosenek[1] beren ekipoak 8.640 metroko garaieran bigarren saialdi batean erabiltzeko asmoz laga baitzituzten, hain zuzen ere, handik bi egunetara burutuko zen bigarren saialdia. Everesteko gailurrera igotzen saiatu zen bigarren saialdia bi bikotek burutu zuten, alde batetik Gallardo eta Abaldek osatua, eta beste batetik Kirch eta Villarrek osatua. Bigarren saialdia maiatzaren 25a eta 26 artean burutu eta 8.000 metroko garaieran gelditu zen.

Ikus gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Rosenek lortu ez zuen helburua, Everest mendiko gailurreraino ailegatzea, semeak, Juan Vallejok, 27 urte geroago lortu zuen (ikus, esate baterako, (Gaztelaniaz) «Juan Vallejo, de bombero a un gran alpinista», Diario Vasco, 2012-01-10.)