Rift Haran Handia edo Rift Harana[1] , plaka tektonikoen mugimendu eta banaketa motel eta konstantearen ondorioz, Afrika iparraldetik hegoaldera doan 4.830 kilometroko Rift kontinental izeneko haustura geologiko handia da, Somalia eta inguruko herrialdeak kontinente Afrikarretik banatuko dituena. Nahiz eta normalean haran honen izena Djibutitik Mozambikeraino doan alde afrikarra izendatzeko erabiltzen den, Itsaso Gorria eta Jordan ibaiaren harana ere Rift haranaren zati badira. Hori dela eta, Rift Haran Handia Asian eta Afrikan zehar hedatzen da.

Rift Haran Handia
Datu orokorrak
MotaGraben
Luzera4.830 km
Geografia
Map
Koordenatuak0°06′S 36°06′E / 0.1°S 36.1°E / -0.1; 36.1

Gaur egun bere hedapena nabaria denez, lurrikara iraunkorren eta laba isurien laguntzaz, handitzen doa, bai zabalean bai luzeran. Hedapen horren ondorioz, hemendik 10 milioi urtetara, Madagaskarren antzera, Afrikako kontinentetik banatuko da, kontinente berri bati hasiera emanez eta gaur egungo harana arro ozeaniko bihurtuz. Kontinente berriaren eraketan gertaturiko plaken mugimenduen ondorio gisa, plaka Afrikarra 2,15 cm mugitzen da iparralderantz eta 650.000 urte barru Espainiako hegoaldeari lotuko zaio, Mediterraneo itsasoa ozeano Atlantikotik banatuz.

Rift Haran Handian kokaturik dauden Kenyako laku sistema, 2011. urtetik aurrera gizon-emakume guztien ondare bezala kalifikatu zuen UNESCOk.

Rift Haran Handiaren Geologia

aldatu

Rift-aren sorrera eta eboluzioa

aldatu

Rift batek milioika urtetan zehar eraketa fase desberdinak jasan ditzake. Horrela, Rift Haran Handia Miozeno izeneko periodo historikoan zehar sortzen hasi zen, duela 22-25 milioi urte. Hasiera batean, Arabiar penintsula eta Afrika, bat ziren eta biak banatzearen ondorioz, Itsaso Gorria eta Adengo golkoa sortu ziren. Banaketaren ondorioz, Afarreko triangelua izeneko zonaldea sortu zen, zeinak hondo ozeanikoko ezaugarri geologikoak dituen eta gaur egun Rift Haranaren zati osatzen duena, Afrikar Riftaren iparraldean.

 
Afar Triangelua, Etiopian

Rift Haran Handiaren eraketa eta penintsula Arabikoaren banaketa erlazionaturik daude. Izan ere, Rift Haran Handiaren sorrera Jordan ibaian hasi zen aldaketa tektoniko baten ondorioz. Bertatik, Itsaso Gorrian zehar hedatu zen, Egipto eta Sudaneko kostaldeak plaka Arabiarretik bananduz. Horren ondorio gisa, Itsaso Gorriaren bi aldetara, Miozenoan zehar gertatutako bolkanismo basaltikoaren arrastoak daude, zeinek frogatzen duten Rift Haranaren eraketa Lur planetan izandako gorabehera tektoniko handienetarikoak izan dela.

Riftaren eraketaren inguruko teoriak

aldatu

Historian zehar, gertaera geologiko honen eboluzioaren inguruan azaldutako teoria kopurua handia da. 1972. urtean, banaketa honek plaka tektonikoen mugimenduarekin erlaziorik ez zuela adierazten zuen teoria argitaratu zen. Teoria honen arabera, Rift Harana lurrazalak zonaldean izandako dentsitateen arteko desberdintasunen ondorioz sortu zen.

Baina, mundu mailan onarturiko teoria berriena, 2009. urtean formulatu zen. Honek plaka tektonikoen arteko elkarrekintzari eta zonaldean dagoen magmatismoari atxikitzen dio Riftaren eraketa. Horretaz gain, litosferaren argaltzea zonaldeko aktibitate bolkanikoaren ondorioz geratzen dela dio, bertako prozesu magmatikoak sustatuz. Aurretik adierazitako prozesuek litosfera argaldu egiten dute, dortsal erdiozeaniko bat bezala jokatzea eraginez.

Plaka Tektonikoen mugimendua

aldatu
 
Rift Haranean gertaturiko mugimendua

Orokorrean, Rift apurketak eta failak agertzen diren lurrazal zonaldeei deritze. Rift Haran Handia, Afrikar plakan ematen ari den aktibitate dibergentearen ondorioz sortzen ari da, dibergentzia horren ondorioz Afrikar plaka bi zati desberdinetan hausten ari delako. Banaketaren ondorioz plaka Afrikarretik abiatuta sortzen ari diren bi plaka berri hauek, mendebaldetik ekialdera hedatzen den plaka Somaliarra eta kontinenteko plaka Nubiarra dira. Aktibitate dibergente honek gaur egun jarraipena du eta urtean 6-7 mm bereizten dira riftaren bi hertzak. Banaketa honek denboran aurrera egin ahala, bi kostalde berriak orduan eta banatuago egongo dira eta lehen esan bezala, hemendik 10 milioi urtetara banaketa totala izango da, ozeanoa Riftean zehar hedatuz eta arro ozeaniko berri bati hasiera emanez.

 

Plaken arteko banaketa hau honetan datza (eskuineko irudia): Kasu honetan, sortu berri den plaka Somaliarra eta plaka Afrikarra banatzen ari dira etengabe. Bi plaka litosferikoen ertz dibergenteak motelki banatzen dira eta behealdean dauden puntu-beroak lurrazalerantz hurbiltzen dira.

Hasiera batean, Rifta litosferaren goialdean sortzen hasten den distentsio linealaren ondorioz sortzen hasten dira. Dibergentzia horren ondorioz, elkarrengandik banaturik dauden arroak sortzen dira, failen ondorioz eraturikoak. Rifta eboluzionatzen eta handitzen doan heinean, aurretik sorturiko failak elkartzen hasten dira, haran eta sakonune handiak eratuz.

Horrekin batera, lurrazala gero eta meheagoa egiten da eta lurrazalaren eta mantuaren arteko trantsizio zonaldea azaletik hurbilago gelditzen da. Azkenik, hondotik lurrazaleratzen den magmak azala apurtzen du, apurketa eta pitzadura kantitate handia sortuz eta bertatik magma kanporatuz.

Aktibitate geologikoa

aldatu

Ekialdeko Afrika ezegonkortasun handiko zonalde tektonikoan kokatzen da, hiru plaka tektonikoren elkarketa puntuan dago eta. Bertan, Arabiako eta Afrikako plaken eta Rift Haranaren eraketaren ondorioz sortzen ari den plaka Somaliarraren arteko elkarrekintza geratzen ari da. Honen ondorioz, Rift Haranaren inguruko zonaldean aktibitate bolkaniko eta sismiko handia dago Riftaren eraketaren ondorioz eta bi zonaldeen banaketarekin batera agertu izan diren puntu bero eta sumendien ondorioz.

Sismologia

aldatu

Rift harana handia sismikoki aktibo dagoen rift sistema handiena da munduan. Bertako lurrikara gehienak Afar Triangeluan suertatzen dira, handienak plaka arteko mugan gertatuz. Azken mendean erregistratutako lurrikara handiena 7 gradukoa izan zen Richteren eskalan. Aktibitate sismikoa Riftari paralelo ematen da eta sakonera txikietan, 12-15 km riftaren ardatzaren azpitik. Ondorioz, lurrazalean ikusten diren ondorioak oso nabariak dira. Baina ardatzetik urrunagoko puntuetan sakonera handiagoetan eman daiteke jarduera geologikoa (30 km).[2]

Bolkanismoa

aldatu
 
Kilimanjaro sumendia

Rift haranaren inguruan aktibo eta lotan dauden Afrikar sumendi nagusien gehiengoa dago, azken hauen artean, Kilimanjaro, kontinente Afrikarrean dagoen mendirik altuena, Kenya mendia, Longonot mendia, Menengai kraterra eta Karisimbi mendia aurki daitezke besteak beste. Sumendi hauetako gehienak haranaren eremutik kanpo egon arren riftak berak sortu zituen.

Bestalde, aktibo dauden sumendien artean Erta Ale, DallaFilla eta Ol Doynio Lengai ditugu. Lehenengoa Ezkutu formako sumendi basaltiko bat da, jarraituki aktibo dago, Afar eskualdean kokatua dago Etiopiako ipar-ekialdean. DallaFillak 2008an eztanda egin zuenean Etiopian inoiz antzemandako erupzio bolkaniko altuena izan zen. Ol Doynio Lengai gaur egun aktibo jarraitzen duen natrokarbonatitazko sumendi bakarra da munduan. Sumendi honek jariatzen duen magmak berezitasun bat dauka. Magma gehienak ez bezala honek ez du ia silizerik bere konposizioan, hau potasio eta sodioa duten Gregoryitan eta Nyerereitan dira aberatsak, mineral hauek karbonato eta nitratoen taldekoak dira[3]. Konposizio honek fluidotasun handia ematen dio, biskositate oso baxua izanik. Etiopian bakarrik 50 sumenditan detektatu da aktibitate bolkanikoa Holozenoaz geroztik.[2]

Rift haranaren Geografia eta Biodibertsitatea

aldatu

Rift Haranaren zati ezagunena Afrikakoa izan arren, Afrikan eta Asian zehar hedatu egiten da, ia 5.000 kilometrotan zehar. Zati nagusia eta ezagunena, Afrikan kokatzen da. Rift Haranak Kenya zentralean altuera handiena lortzen du, 1.800 metrotik gora dauden zonaldeak baitaude. Zonalde baxuena aldiz, Afarreko triangelua eta Itsaso Gorria dira, itsas-maila baino 396 metro hondorago dagoena. Riftaren luzera osoan zehar, aurretik adierazita dagoen bezala, sumendi aktiboz eta laku handiz beterik dago. Afrikan, rifta Kenyako meseta zentrala bitan banatzen du, lakuen laguntzaz.

 
Hemen ikus daiteke nola ekialdeko rift harana lehorragoa den eta laku gutxiago dituen mendebaldekoak baino

Asiako Rift Harana

aldatu

Rift Haran Handiaren iparraldeko muturra Itsaso Hilaren failaren erdiko sekzioraino iristen da. Faila horrek Bekaa harana sortzen du eta honek Libano eta Antilibano mendilerroak bereizten ditu. Bertan jaiotzen da Jordan ibaia eta hegoalderantz doa Hula ibaitik zehar, azkenik Galilea itsasoan isuririk ditu urak.

Hegoalderago Jordaniako Rift Haranean Itsaso Hila dago eta honek Israel eta Jordaniaren arteko muga sortzen du. Itsaso Hiletik hegoalderantz Arabah Uadiak betetzen du Rifta, ondoren Aqabako Itsas golkoak eta azkenik Itsaso Gorriak. Sinai penintsulako hegoaldeeneko puntuan Itsaso Hileko failak eta Itsas Gorriko riftak bat egiten dute. Itsas Gorriko riftak, izenak dioen moduan, itsas gorriaren luzeran hedatzen da eta honen hegoaldeeneko puntuan Afar elkarte hirukoitza ematen da, non Asiako Rift harana, Afrikako Ekialdeko Rift harana eta Aden dortsala elkartzen diren. Elkarketa gertatzen den zonalde horri Afar triangelua deitzen zaio.[4]

Afrikako Rift Harana

aldatu

Afrikan dagoen Rift Haranaren zonaldea Afrika erdialdean bitan banatzen da Ekialdetarra eta Mendebaldarra. Bi haran hauetako riftek berriz bat egiten dute Tanzaniar lurraldean.

Mendebaldeko Afrikar Rifta: Oihana

aldatu
 
Malawi lakua

Mendebaldeko Rift Haranari Rift Albertinoa ere deitzen zaio. Riftaren atal honek Afrikako Mendi handienetakoak ditu inguruan. Rift Haranean ere Afrikako mendirik altuena dago, Kilimanjaro sumendia eta zenbait laku ere, Turkana lakua (6.405 km2, Kenia), Tanganyika lakua (32.000 km2) edo Malawi lakua (30.000 km2) hain zuzen ere. Laku hauek munduko lakurik sakonenetakoak dira. Batzuetan Victoria lakua (, Rift sistemaren barruan ere kokatu izan dute, baina aipatutako bi haranen artean kokatuta dago. Laku guztien artean 800 arrain mota baino gehiago aurkitu dira. Rift Haran honen zati handi bat inguruetako parke nazionaletan dago banatua, haien artean: Virungako Parke Nazionala, Kongoko Errepublika Demokratikoko parke nazionala, Rwenzori parke nazionala eta Elizabeth erregina parke nazionala Ugandan. Haranaren mendilerro nagusiak Etiopiako mendigunea, Mitumba mendiak, Virunga mendiak eta Rwenzori mendilerroa dira.[4] Riftaren alde honetan klima askoz ere hezeagoa da eta bertako ekosistema oihana da non begetazioa oso ugaria den eta bertako animalia gehienak zuhaitzetan bizitzeko prestatuak dauden.

Ekialdeko Afrikar Rifta: Afrikar Sabana

aldatu

Rift Haran Handiak egindako Afrikar kontinentearen hausturak kontinentearen ekialdeko klima mendebaldekoa baino lehorragoa izatea eragin zuen. Gainera bertako lakuek itsasoarekin konexiorik ez izateak sakonera gutxi izatea eragiten du, eta horretaz gain uraren lurrunketaren ondorioz mineral kontzentrazio handia dute. Aurretik aipatutako lehortasunarengatik, Afrikako zati honetan sabana agertu zen belardi oso zabala, non klimak bi urtaro dituen; euritsua eta lehorra. Bertako arrasto geologikoek ziurtatzen dutenez, bertako primateak, oraindik zuhaitzen adarretan bizi zirenak, lurrera jaitsi behar izan zuten, gizakiaren lehen aitzindariak izanik.[4]

Rift Haranean gizakiaren eboluzioa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Giza eboluzioa»
 
Gizakiaren eboluzioa

Historian zehar buruturiko ikerketen ondorio gisa, Rif Haranak gizakiaren eboluzioan izan duen garrantzia nagusia da. Ikerketen ondorioz lorturiko emaitzen artean, Rift Haran Handiaren eraketaren ondorioz lehenengo bipedoak sortu zirela, frogapen garrantzitsuenetarikoa da. Rift Harana, Afrikan aurkitu daitezkeen plio-pleistozenoko aztarnategi oparoenetarikoa da. Izan ere, zonaldean gertaturiko aktibitate sismikoen ondorioz, fosilak lurrazalerantz igotzen dira, ikusgai izan arte.

Lehenengo hominido bipedoak, Sahelanthropus tchadensis, Ardipithecus eta Orrorin tugenensis espezieetakoak izan zirela uste da. Azken bi espezieen arrastoak, zeinak duela 6-4,5 milioi urte jaio ziren, ekialdeko Afrikan aurkitu ziren lehenbiziko aldiz. Hominido hauen arrasto eta fosilen eskasiaren ondorioz, ezin izan da frogatu guztiz bipedoak zirenik.

Ziurtasunez bipedoak izan ziren lehenengo hominidoak Australopithecus espezieko hominidoak izan ziren. Haien lehenengo arrastoak duela 4-2,5 milioi urtekoak dira eta Afrikan aurkitu ziren. Haien eskeletoak ia osorik aurkitu direnez, jakin badakigu Afrikako sabanan zehar hedatu zirela, eboluzionatuz eta horren ondorioz Australopithecus espeziearen barnean bost eboluzio desberdin izan ziren, baina desgertu aurretik lehenengo Homo-ak eratuz eboluzionatu ziren. Haien desagerpena sabanaren desertifikazioaren ondorioz gertatu zen.

Giza espeziearen eboluzioaren azken fasean hiru espezie desberdin egon ziren denbora luzez elkarrekin bizitzen. Hiru espezieak hauek izan ziren: Homo neanderthalensis, Denisovako hominidoa eta Homo sapiens.

Horien artean, Homo sapiens-a izan zen Etiopian (Afrika) bizi zen bakarra. Haren fosil zaharrenak duela 200.000 urtekoak dira eta esan bezala, Etiopian aurkitu ziren.

Sabanan bizi ziren hominidoak zuhaitzetatik lurrera jaitsi behar izan ziren janari bila eta bertako zonaldean zegoen belardi garaiari aurre egiteko eta haren gainetik ikusi ahal izateko, bi hanketan ibiltzen hasi behar izan zute8n. Beraz, esan daiteke Rift Haranaren ondorioz, giza eboluzioaren garairik oparoena gertatu zela.

HolozenoPleistozenoPliozenoMiozenoPaleolitikoHomo sapiensHomo helmeiHomo heidelbergensisneanderthalgo gizakiHomo rhodesiensisHomo soloensisHomo antecessorHomo erectusHomo floresiensisHomo georgicusHomo ergasterHomo habilisHomo rudolfensisAustralopithecus africanusAustralopithecus garhiKenyanthropus platyopsAustralopithecus robustusAustralopithecus bahrelghazaliArdipithecus ramidusArdipithecus kadabbaAustralopithecus boiseiAustralopithecus afarensisSahelanthropus tchadensisAustralopithecus aethiopicusAustralopithecus anamensisOrrorin tugenensis

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. (2012-03-30). 167. araua: Saharaz hegoaldeko Afrikako toponimia. .
  2. a b (Ingelesez) East African Rift. 2018-11-30 (Noiz kontsultatua: 2018-12-01).
  3. (Ingelesez) Natrocarbonatite. 2017-07-03 (Noiz kontsultatua: 2018-12-01).
  4. a b c (Ingelesez) Great Rift Valley. 2018-11-06 (Noiz kontsultatua: 2018-12-01).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu