Ireki menu nagusia

Donostiako Informatika Fakultatea

Donostiako Informatika Fakultatea Euskal Herriko Unibertsitatearen Gipuzkoako campusean dago. 1976an sortu zen Espainiako lehen fakultateak sortu zirenean (Madrilekoa, Bartzelonakoa eta Donostiakoa).

TitulazioakAldatu

Ingeniaritzako Informatika Ingeniaritzako Gradua eskaintzen da euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez (bigarren mailako ikasgai guztietan), eta hiru espezialitaterekin: Konputagailuen Ingeniaritza, Konputazioa, eta Software Ingeniaritza.

2012tik master eta graduondoko hauek eskaini izan dira behin gutxienez:

  • Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua (euskaraz)
  • Erasmus Mundus - Language and Comunication Technology (ingelesez)
  • Computación de Altas Prestaciones (gaztelaniaz)
  • Ingeniería Computacional y Sistemas Inteligentes (gaztelaniaz)
  • Ingeniería de Sistemas Empotrados (gaztelaniaz)
  • Sistemas Informáticos Avanzados (gaztelaniaz)
  • Tecnología de Apoyo a la Autonomía Personal (gaztelaniaz)
  • Itzulpengintza eta Teknologia (euskaraz, on-line eskaintza)

Titulu horiez gain, azken hamarkadan bi doktorego-programa izan dira indarrean: Ingeniaritza Informatikoa, eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua.

Historia [1]Aldatu

Sorrera eta hasierako urteakAldatu

1969ko martxoaren 29an Madrilen egoitza duen Informatika Institutu bat sortzen da, Hezkuntza Eta Zientzia Ministerioaren menpe. Bi urte beranduago, 1971ko ekainaren 24eko aginduz, bost mailatan egituratutako ikasketa plan bat onartzen da institutu horren eraldaketa eta egiaztapena izango zena.[2]

 
Fakultatearen edifizioa 1984. urtera arte.

1971ko abuztuaren 9an Madrileko Informatika Institutuaren menpekoa den Informatika Zentro bat sortzen da Donostian, ikasketa-plan berdin-berdinarekin (Bost urtetan banatua: Aplikazio-Programatzailea,[3] Sistema-Programatzailea,[4] Aplikazio-Analista, Sistema-Analista[5] eta Sistema-Teknikaria[6]). Gaur egungo fakultatea denaren hasiera akademikoa da.[7]

1976ko martxoaren 4ko dekretutik Espainian sortzen dira lehen Informatika Fakultateak: Bartzelonakoa Universidad Politécnican, Madrilekoa Universidad Politécnican ere, eta Donostiakoa Valladolideko Unibertsitatearen menpekoa.[8]

Garai horietan hasi zen eratzen gero Euskal Herriko Unibertsitatea izango zena. Bide horretan Informatika Fakultatea Bilboko Unibertsitatean integratu zen 1977an, eta hori gero, 1980ko otsailaren 25ean, gaurko UPV/EHU bihurtu zen.

Fakultatea Donostiako Amara auzoan sortu zen, egun Hizkuntza Eskola Ofiziala dagoen edifizioan. 1984. urtean Ibaetako campusera mugitu zen.

Ikasketa-planen eboluzioaAldatu

Urteetan zehar hainbatetan berriztatu da Fakultateko ikasketa-plana. Hala, 1978/79 ikasturtean, hasierako informatika-ikasketak Lizentziatura bihurtu ziren (5 urte, 2 ziklotan antolatuta), eta geroxeago, 1982/83 ikasturtean, aldaketa batzuk egin ziren ikasketa-plan horretan. 1994/95 ikasturtean, Informatikako Lizentziatura Informatika Ingeniaritza bihurtu zen estatu osoan, eta ingeniaritza hori aldaketa batzuk jasan zituen 2001/02 ikasturtean. Bestalde, 2000/01 ikasturtean, hiru urteko Informatika Sistemen Ingeniaritza Teknikoa abiatu zen. Azkenik, Espainia osoan egin den ikasketa-planen erreforma orokorra dela eta (Bologna plana), aurreko ibilbidea bukatutzat eman zen 2010/11 ikasturtean; hortik aurrera, eskaintza Informatika Ingeniaritzako Graduan kontzentratu da: 240 kreditu eta hiru espezialitate, 4 urtetan banatuta.

GraduondokoakAldatu

Graduondoko prestakuntza ere eboluzionatu da, lehengo doktorego-ikastaroetatik gaurko Master ikastaroetara. Lehen esperientzia Máster en Ciencia y Tecnología de Computadores izan zen, 1991-93 urteetan eskaini baitzen. 2013/14 ikasturtean eskaintza zabalagoa da: Ingeniería de Sistemas Empotrados eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua (2007/08 ikasturtetik), Sistemas Informáticos Avanzados, Ingeniería Computacional y Sistemas Inteligentes, eta Tecnología de Apoyo a la Autonomía Personal (2009/10 ikasturtetik aurrera), eta Computación de Altas Prestaciones. Eta 2014/15 ikasturterako aurreikusita daude Informatika Ingeniaritzako Master profesionala, eta Language and Communication Technologies "Erasmus Mundus" Masterra.

 
Josep Miró Nicolau, fakultateko lehen dekanoa.
Taula historikoa: dekanoak, unibertsitateak, planakAldatu
 
Arantza Illarramendi dekanoa
Urtea Dekanoa Unibertsitatea Ikasketa-plana
1971 Josep Miró Nicolau Madrileko Informatika Institutua Informatika zentroko ikasketak
1976 Valladolideko Unibertsitatea
1977 Bilboko Unibertsitatea
1978 Luis Gurruchaga Informatika Lizentziatura
1980 UPV/EHU
1982 Egokitzapenak lizentziaturan
1983 Javier Torrealdea Folgado
1984 Josu Aranberri Miranda
1985 Javier Torrealdea Folgado
1992 Julio Abascal Gonzalez
1994 Informatika Ingeniaritza
1996 Iñaki Morlán Santa Catalina
2000 + Informatika Sistemen Ingeniaritza Teknikoa
2003 Julián Gutiérrez Serrano
2008 Clemente Rodríguez Lafuente
2008 Arantza Illarramendi Etxabe
2010 Informatika Ingeniaritzako Gradua (Bologna)
2011 Agustin Arruabarrena Frutos
2014 Kepa Sarasola Gabiola
2017 Alexander Mendiburu Alberro

IkerketaAldatu

Hainbat urteetako jardunak heldutasuna ekarri zuen ikerketa arloan. Horrela, Informatika Fakultatea sortu eta hamar urtera doktoreak bost baino ez baziren ere, 2012an 100 irakasletatik ia gehienak doktoreak ziren (%85 baino gehiago). Horren ondorioak dira 2006 urtetik urtero 15-20 doktorego-tesi berri defendatu izan direla, ikerketa taldeak eta spin-off enpresak sortu direla eta asmatutako produktu informatikoak erregistratu direla.

Hainbat ikerketa-talde sortu izan da urteetan zehar Informatika Fakultatearen inguruan:[9]

  • Datu-base interoperableak (Interoperable Database Group, BDI).[10] Arantza Illarramendi irakasleak sortutako talde honek datu-baseak, mugikorrak eta osasuna lantzen ditu: Web semantikoaren erabilera informazio-sistemen kudeaketan, Mugikorrentzako aplikazioak garatzea agenteen teknologia erabiliz, Osasun-ezaugarrien tele-transmisioa eta analisia mugikorren bidez. Osasun-erregistro informatikoen interoperabilitatea.
  • ERABAKI Taldea.[11]. Erabakiak osasungintzan. Juan Manuel Pikatza Atxa irakasleak 1994an sortutako diziplinarteko talde honek diagnostikoan eta tratamenduan osagileari erabakiak hartzeko laguntzen dioten sistemak ikertzen dituzte. (Gidetan Oinarritutako Erabakiak Hartzen Laguntzeko Sistemak, GOEHLS).
  • ONEKIN Taldea,[12] Web atarien ingeniaritza. XML aplikazioak, Datu-base aktiboak, ... Oscar Diaz irakaslea da taldeko koordinatzailea.
  • Sistema adimendunak taldea (Intelligent Systems Group, ISG).[13] Bioinformatika, Ikasketa automatikoa, Optimizazioa... Jose Antonio Lozano irakaslea da taldeko koordinatzailea.
  • Konputazio-Adimena. Manuel Graña Romay irakasleak sortu zuen Grupo de Inteligencia Computacional taldea.[14] Honelako aplikazioak lantzen dituzte: Gizaki eta makinen arteko elkarekintza-sistemak, robot mugikorren kontrola, medikuntzanko irudien analisia, ingurune-adimena darabilten lan-segurtasunerako sistemak, komunikazio pertsona gorrekin, psikologia esperimentala eta prozesuen gainbegiraketa. Tresna moduan Clustering-algoritmoak, kuantifikazio bektoriala, sare neuronalak, Markov-en eredu ezkutuak, irudi-prozesaketa edota konputagailu bidezko ikusmena erabiltzen dute.
  • Sailkatze automatikoa eta paralelismoa, ALDAPA taldea. [15] . Talde honek honelako aplikazioak lantzen ditu: Auto-aseguruen fraude detekzioa, Bezero-fidelazioa, Turismoa, Erregai-banaketaren problema, Karaktere-ezagutze automatikoa (OCR), ... Javier Mugerza irakaslea da koodinatzailea.
  • Logika eta arrazonamendua (Logic and Reasoning Group, LoRea).[16] Montse Hermo, Paqui Lucio eta Marisa Navarro irakasleek sortu zuten talde honek honako gaiak aztertzen ditu, besteak beste: Konputagailu-programen zehaztapena, eraldaketa eta egiaztapena. Programazio funtzionala. programazio logikoa. Grafoen transformazioa. Arrazonamendu automatikoa Ontologia handiekin.
  • Softwarearen ingeniaritza eta kudeaketa. Javier Dolado irakasleak sortu zuen Ingeniería y Gestión del Software Empírica talde hau, hainbat unibertsitate biltzen dituen REMIS sarearen barruan.[17]
  • Robotika eta Sistema Autonomoen taldea.[18] Basi Sierra eta Elena Lazkano irakasleak koordinatzen duten talde honek robot mugikorrak eta ikasketa automatikoa uztartuz lan egiten du. Beren robotak martxan erakusten dituzten hainbat bideo eskaintzen dituzte[19]
  • GALAN Taldea, Hezkuntza eta Teknologia.[20] Isabel Fernandez de Castro irakasleak sortu zuen talde honek Teknologian Oinarritutako Hezkuntzarako Tresnak garatzen dituzte, esterako, kontzeptu-mapen editoreak.
  • Web3D-ehu taldea.[21] Konputagailu-irudietan ikertzen dute: 3D bisualizazio elkarreragilea, Internet bidezko bisualizazio kooperatiboa, errealitate birtuala, CAD, ...
  • Integrazio Geometrikoa (Geometric Integration Research Group).[22] Ekuazio diferentzialen soluzioaren ezaugarri kualitatiboek (bereziki propietate geometrikoak) mententzen dituzten zenbakizko metodoen azterketa eta analisia lantzen dute talde honetan. Ander Murua eta Joseba Makazaga irakasleak Jaume I unibertsitatearekin eta Valentziako unibertsitate Politeknikoan ari dira lankidetzan. Aplikazio.inguruneak: planeta-sistemen mekanika, molekulen dinamika, kontrol teoria, partikulen azelerazioaren fisika eta abar.
  • Egokituz: Behar Berezietarako Pertsona-Konputagailu Elkarrekintza Laborategia.[23] Julio Abascal Gonzalez irakasleak sortu zuen 1985ean pertsona minusbaliatuen komunikazio-arazoei aurre egiteko informazioaren teknologia berrien aplikazioa lantzeko. Egokituz taldeak pertsonen arteko komunikazio zuzenari nahiz urruneko komunikazioari laguntzeko programak diseinatu ditu (telekomunikazio-sistemak erabilerraz eginez), baita ingurunea kontrolatzeko sistemak, sarrera/irteerako zenbait sistema simulatzeko eta ebaluatzeko softwareak, eta komunikazio-gailu eramangarriak ere, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak SPRI-aren IMI programaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sailak, IMSERSO-k eta CE-DGXIII-k finantzatu dituzte lan horiek.
  • Hizkuntzaren Prozesamendua, IXA taldea.[24] Hizkuntzaren prozesamenduan lan egiten du. Euskararen gaineko ikerketa aplikatua du xede nagusi, baina beste hizkuntza batzuetan ikertzen eta produktuak garatzen ere aritzen dira. Taldeak sortu dituen produktu ezagunenak hauek dira: Xuxen zuzentzaile ortografikoa, Matxin itzultzaile automatikoa Opentrad plataforman integratuta dagoena, Euskal WordNet sare lexikala eta ZT eta EPEC corpusak. Arantza Diaz de Ilarraza Sanchezek koordinatzen du taldea.

Hogei produktu baino gehiago erregistratu dituzte fakultateko ikerketa taldeek, besteak beste:

  • Xuxen euskararako zuzentzaile ortografikoa
  • Matxin kode irekiko itzultzaile automatikoa

Spin-off enpresakAldatu

Hainbat spin-off enpresa sortu izan dira informatika bukatu duten ikasleekin. Adibidez hauek:

  • Eleka Ingeniaritza Linguistikoa SL[25]
  • IKude Telemed SL[26]
  • Innovae Vision SL[27]
  • Nesplora [28] Neurozientzia
  • Magna SIS [29]
  • Wimbitek [30]

SailakAldatu

  • Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia (KAT)
  • Lengoaia eta Sistema Informatikoak (LSI)
  • Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala (KZAA)

Informatika euskalduntzenAldatu

Informatika fakultatea bere alorreko ikasketak euskaraz eskaintzen aitzindaria izan da, lan ugari egin dituzte hainbat irakaslek Fakultatean bertan eta Udako Euskal Unibertsitateko Informatika Sailean.[31] Fakultateko hasierako urratsak 1984/85 ikasturtean eman ziren, lehen aldiz eskaini baitziren urte horretan bi ikasgai euskaraz, lehen mailan. Eskaintza etengabe joan zen zabaltzen eta Lizentziaturaren azken urtean, 1992/93 ikasturtean, lehen zikloko hiru urteko ikasgai guztiak euskaraz eskaini ziren jadanik. Hori baino lehen, 1988/89 ikasturtetik aurrera hautazko bi ikasgai ere hasi ziren eskaintzen euskara zientifiko/teknikoa lantzeko: Euskara Tekniko I eta II.

1998/99 ikasturtean, ingeniarien lehen promozioak bukatu zuen urtean, derrigorrezko 244 kredituak (31 ikasgai eta KAP) eta hautazko 39 kreditu (6 ikasgai) eskaini ziren euskaraz. Ingeniaritza Teknikoan ere derrigorrezko kreditu guztiak eta hautazko hainbat kreditu eskaini ziren euskaraz hasieratik.

2013an Informatika Ingeniaritzako Graduan derrigorrezko ikasgai guztiak (Gradu Amaierako Proiektua barne) eta gutxienez Gradua osatzeko behar diren hautazko kredituak euskaraz eskaintzen dira. Fakultateko irakasleen % 60a baino gehiago euskalduna da, eta ikasleen erdiak euskaraz ikasten du. Zuzendaritza eta administrazioa ere bi hizkuntzetan aritzen da.

Graduaz gaindi, euskarak presentzia handia du ikerketa taldeetan ere. Zehazki, IXA taldeak hizkuntzen prozesamendu informatikoa ikertzen du, non euskara helburu nagusia den. Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterra (HAP), IXA taldearen eskutik, euskaraz eskaintzen da.[32]

ErreferentziakAldatu

  1. Historia laburra: fakultatea eta informatikako irakaskuntza Informatika fakultateko webgunean
  2. (Gaztelaniaz) BOE.es - Documento BOE-A-1969-435 . Noiz kontsultatua: 2017-03-29.
  3. (Gaztelaniaz) Orden sobre enseñanzas a impartir en el Centro de Informática de San Sebastián en el curso académico 1971-72. BOE.es - Documento BOE-A-1972-230 . Noiz kontsultatua: 2017-03-29.
  4. (Gaztelaniaz) Orden por la que se autoriza al Centro de Informática de San Sebastián para impartir las enseñanzas de Programador de sistemas en el curso 1972-73. BOE.es - Documento BOE-A-1972-43503 . Noiz kontsultatua: 2017-03-29.
  5. (Gaztelaniaz) Orden por la que se autoriza al Centro de Informática de San Sebastián para impartir en el curso académico 1974-75 las enseñanzas de «Analista de Sistemas» BOE.es - Documento BOE-A-1974-1589 . Noiz kontsultatua: 2017-03-29.
  6. (Gaztelaniaz) Orden por la que se autoriza al Centro de Informática de San Sebastián a impartir las enseñanzas de Técnico de Sistemas BOE.es - Documento BOE-A-1975-21263 . Noiz kontsultatua: 2017-03-29.
  7. (Gaztelaniaz) Decreto 3136/1970, de 12 de septiembre, por el que se autoriza la creación en San Sebastián de un Centro de Enseñanza de Informática dependiente del Instituto de Informática. BOE.es - Documento BOE-A-1970-10610 . Noiz kontsultatua: 2017-03-29.
  8. (Gaztelaniaz) Decreto 593/1976, de 4 de marzo, por el que se crean Facultades de Informática en Barcelona, Madrid y San Sebastián. BOE.es - Documento BOE-A-1976-6514 . Noiz kontsultatua: 2017-03-29.
  9. Donostiako Informatika Fakultateko ikerketa taldeak
  10. Interoperable Databases Group (BDI) ikerketa-taldearen webgunea
  11. ERABAKI ikerketa-taldearen webgunea
  12. ONEKIN ikerketa-taldearen webgunea
  13. Intelligent Systems Group (ISG) ikerketa-taldearen webgunea
  14. Konputazio-adimeneko ikerketa-taldearen webgunea
  15. ALDAPA ikerketa-taldearen webgunea
  16. LoRea ikerketa-taldearen webgunea
  17. REMIS sarearen webgunea
  18. Robotika eta Sistema Autonomoen ikerketa-taldearen webgunea
  19. Robot adimendun eta mugikorrak martxan (Robotika eta Sistema Autonomoen taldea)
  20. Galan ikerketa-taldearen webgunea
  21. Web3D-ehu ikerketa-taldearen webgunea
  22. Geometric Integration ikerketa-taldearen webgunea
  23. Egokituz Behar Berezietarako Pertsona-Konputagailu Elkarrekintza l̪Laborategia]
  24. Ixa ikerketa-taldearen webgunea
  25. Eleka spin-off enpresa
  26. IKude Telemed SL spin-off enpresa
  27. Innovae Vision SL spin-off enpresa
  28. Nesplora spin-off enpresa
  29. Magnasis spin-off enpresa
  30. Wimbitek spin-off enpresa, animalia basatiak monitorizatzeko tresnak sortzen dituena
  31. Informatika euskalduntzen Informatika fakultateko webgunean
  32. (Euskaraz) Eskaintzen ditugun masterrak eta itzulpengintzako graduondokoa – Hizkuntza-teknologiak Ixa Taldea . Noiz kontsultatua: 2019-03-09.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo loturakAldatu