Science

Zientziak Aurrera Egiteko Elkarte Amerikarraren aldizkari zientifikoa

Science (euskaraz: «Zientzia»), Science Magazine izenaz ere ezaguna,[1] American Association for the Advancement of Science (AAAS) [2] Zientziaren Aurrerapenerako Amerikar Elkartearen zientzia-aldizkaria da, parekoen ebaluazioa duena, eta munduko zientzia-aldizkarien artean onenetako bat. [3] Lehendabizi 1880an argitaratu zen, eta gaur egun astero kaleratzen da, ingelesez, 130.000 harpidedunentzat. Kontuan hartuta harpidetza instituzionalak eta online edizioa, kalkulatzen da 570.000 irakurle dituela.

Science
LaburduraScience
Motaaldizkari zientifiko, aldizkari akademiko, aldizkari eta aldizkako argitalpen
Fitxa teknikoa
Lehen zenbakia1880
Hizkuntzaingeles
Argitaratze lekuaNorthern America (en) Itzuli
ArgitaletxeaZientziak Aurrera Egiteko Elkarte Amerikarra
Gai nagusiazientzia
Historia
ErredaktoreakHolden Thorp (en) Itzuli, Jeremy M. Berg (en) Itzuli, Marcia McNutt (en) Itzuli, Bruce Alberts, Donald Kennedy, Floyd E. Bloom (en) Itzuli, Daniel E. Koshland, Jr. (en) Itzuli, Philip Abelson, Graham DuShane (en) Itzuli, Howard Meyerhoff (en) Itzuli, George Alfred Baitsell (en) Itzuli eta James McKeen Cattell (en) Itzuli
Identifikadoreak
ISSN0036-8075 eta 1095-9203

science.org
Facebook: ScienceMagazine Twitter: ScienceMagazine Mastodon: sciencemagazine@sciencemastodon.com Instagram: sciencemagazine Youtube: UCv0aU2eKry3kdSTnFa8QAWA Edit the value on Wikidata

Aldizkariaren helbururik behinena da argitaratzea ikerketa-lan original inportanteak eta zientzia-kritikak, baina argitaratzen ditu zientziarekin lotutako albisteak ere, baita iritziak politika zientifikoaz eta beste gai batzuez ere, zientziaren eta teknologiaren inplikazioez kezkatuta daudenen interesekoak. Zientzia-aldizkari gehienak ez bezala, zeinak zentratzen baitira eremu berezi batean, Science aldizkariak (Nature bere lehiakideak bezala) lantzen du zientzia-diziplina eremu zabala. Journal Citations Report txostenaren arabera, 2015ean Science aldizkariaren inpaktu-faktorea 34.661koa zen.

Zientziaren Aurrerapenerako Amerikar Elkartearen zientzia-aldizkaria den arren, Science aldizkarian argitaratzeko ez da beharrezkoa elkarteko kidea izatea. Onartzen dira mundu guztiko lanak. Hala ere, bertan argitaratzeko lehia izugarria da, hor argitaratzen diren artikuluak oso aipatuak direlako, eta horrek eragina izan lezakeelako egilearen aurrerapen profesionalean. Aldizkarian jasotako artikuluen %7 baino ez dira argitaratzen.

Science Washington D.C.n kokatzen da, AEBetan, baina bulegoak ditu Cambridge hirian ere, Ingalaterran.

Historia

aldatu

John Michels kazetariak sortu zuen Science aldizkaria 1880an, Thomas Edison asmatzailearen laguntzarekin hasieran eta Alexander Graham Bell-ena gero. Hala ere, harpidedun gutxi egin zituen, eta 1882ko martxoan itxi egin zuen. Urtebete geroago, Samuel H. Scudder entomologoak berpiztu zuen aldizkaria, eta nolabaiteko arrakasta izan zuen, AEBetako zenbait zientzia-elkarteren berri emanez, tartean AAASrena. Hala ere, 1894an diru-estutasun larriak zituenez, jabeak 500 dolarretan saldu zion James McKeen Cattell psikologoari.

1900ean Science bihurtu zen Zientziaren Aurrerapenerako Amerikar Elkartearen aldizkari. XX. mendearen hasieran artikulu esanguratsuak argitaratu zituen, hala nola, Thomas Hunt Morganek Ozpin-euliaren genetikaz idatzitakoa, Albert Einsteinek grabitazioaz bidalitakoa eta Edwin Hubblek galaxia kiribilaz egindakoa.

Cattelli 1994an hil ondoren, aldizkariak ez zuen izan editore sendorik, harik eta 1956an Graham DuShane bilakatu zen arte bertako editore. 1958an Science aldizkariak bere egin zuen The Scientific Monthly hilabetekaria, eta %60 handitu zuen aldizkariaren tirada, 38.000 aletik 61.000 alera. 1962tik 1984ra Philip Abelson fisikariak egin zituen editore lanak, eta nabarmen hobetu zuen parekoen ebaluazioa bertan artikuluak kaleratu aurretik. Aldi horretan hainbat artikulu argitaratu ziren Apollo programaz, eta baita HIESaren inguruan.

1985etik 1995era bitartean Daniel E. Koshland Jr. biokimikaria izan zen aldizkariko editorea. 1995etik 2000ra bitartean, berriz, Floyd E. Bloom neurozientzialaria. 2000.ean Donald Kennedy biologoa bihurtu zen Science aldizkariko editore, eta 2008an Bruce Alberts biokimikariak hartu zuen haren lekua. 2013an Marcia McNutt geofisikaria bilakatu zen editore buru, lehen emakumea ardura horretan. Haren agindupean sortu ziren Science Robotics eta Science Im[4] munology, baita Science Advances ere, sarbide libreko argitalpena. 2016an Jeremy M. Berg bilakatu zen editore-buru.

2001ean Nature eta Science aldizkariek aldi berean argitaratu zituzten giza-genomaren gaineko zirriborroak. Sciencek Celera Genomics artikulua atera zuen, eta Naturek, Giza-genoma proiektua. 2007an aldizkari biek jaso zuten Asturiasko Printzesa saria (garai hartan Asturiasko Printze saria izena zuena), “mende bat baino gehiagoan egin duten lanagatik, Gizateriaren zientzia-lorpenak bultzatzen eta jakinarazten, era horretan zientzia eta bizitza hurbilduz”. 2015ean Science aldizkarian argitaratutako artikuluen %60 nazioartean idatzitakoak ziren (1992an, %20 baino gutxiago).

Aldizkari sorta

aldatu

Zientzia-aldizkari hauek sartzen dira Science familian: Science Translational Medicine, Science Signaling eta Science Advances. 2015ean, Holt-ek iragarri zuen beste hedapen bat; urtebete geroago kaleratuko ziren Science Robotics eta Science Immunology.

Nola eskuratu

aldatu

Aldizkari osoa online jaso daiteke aldizkariaren webgunean, baina horretarako harpideduna izan behar da, AAAS elkarteko kidea edo harpidetuta dagoen erakunde bateko kidea. Aldizkariak prezio bereziak ditu ikasleentzat eta institutuetako irakasleentzat. Hala ere, 1997aren ondoren argitaratutako ikerketa-artikuluak doan aurki daitezke, argitaratu eta urtebetera, baina horretarako jasotzailea erregistratu egin behar da aldizkariaren webgunean. Osasun publikoaz diharduten artikulu esanguratsuak doan aurki daitezke, batzuetan argitaratu eta berehala. AAASeko kideek sarbidea dute 1997a baino lehenago argitaratutako artikuluetara, “Science Classic” atalean. Erakundak ere sar daitezke “Science Classic” ataleko artikuluetara, gehigarri bat ordainduta.

Science aldizkariaren webguneak badu atal bat doakoa, “ScienceNow”, azken orduko zientzia-albisteak irakurtzeko. [5] Baita “ScienceCareers”, zeinak eskaintzen baitie karrerako baliabideak zientzialariei eta ingeniariei.

Erreferentziak

aldatu
  1. «Science Magazine (@sciencemagazine) | Twitter» twitter.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).
  2. (Ingelesez) «News» AAAS - The World's Largest General Scientific Society (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).
  3. (Ingelesez) Lemonick, Michael D.. (2011-03-07). «Alien Life Discovered in a Meteorite! Or Maybe Not» Time ISSN 0040-781X. (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).
  4. (Ingelesez) «AAAS to Expand the Science Family of Journals by Launching Two New Journals: Science Robotics and Science Immunology» AAAS - The World's Largest General Scientific Society 2015-10-20 (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).
  5. (Ingelesez) «News» Science | AAAS 2014-10-30 (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).

Kanpo estekak

aldatu