Klaudio Harluxet

Klaudio Harluxet[1] (Duzunaritze, Nafarroa Beherea, 1939ko irailaren 11 - Baiona, Lapurdi, 1993ko abenduaren 16a) informatikaria, politikaria eta euskaltzalea izan zen, euskarazko informatikan aitzindaria. Parisen ingeniaritza ikasi zuen, eta irakasle izan zen Bordeleko Unibertsitatean (orduko Bordele II Unibertsitatean).

Klaudio Harluxet
Klaudio Harluxet 84UEU.jpg
Bizitza
JaiotzaDuzunaritze1939ko irailaren 11
Herrialdea Nafarroa Beherea, Euskal Herria
BizilekuaBaiona
HeriotzaBaiona1993ko abenduaren 16a (54 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
gaztelania
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakinformatikaria, katedraduna, enpresaburua eta politikaria
Lantokia(k)Baiona
Donostia eta Bordele
Enplegatzailea(k)Bordele II Unibertsitatea
UZEI
KidetzaEuskal Herriko Alderdi Sozialista
Euskal Batasuna
Udako Euskal Unibertsitatea
Seaska

Inguma: klaudio-harluxet-1939-1994

BizialdiaAldatu

Biarritzeko lizeoan ikasi ondoren, ingeniari informatikoaren ikasketak egin zituen Parisen. Frantziako hiriburuan lan egin zuen IBMrentzat, eta Montrealera (Kanada) joan zen 3 urtez gero.[2]

1972an, familiarekin batera, Baionara joan zen bizitzera, Lapurdin, eta Donostian lan egin zuen SETI S.A. sozietatean. Garai hartan eskolak ematen hasi zen Bordeleko Unibertsitatean. Baionan SEI enpresa kooperatiboa sortu zuen, informatikan eta robotikan lan egiteko. UZEI institutuan lan egin zuen Gipuzkoako hiriburuan, eta sistema informatiko bat jarri zuen abian hiztegiak hainbat hizkuntzatan argitaratu eta tratatzeko. Laburdina Herrikoa finantza-erakundearen sortzailea eta administratzailea zen, eta mundu abertzaleko kultura-jarduera askotan parte hartzen zuen, besteak beste, UEU, Eusko Ikaskuntza eta Pizkundea-rekin.[2]

Jeune Chambre Economique Bayonne-Pays Basque-ko zuzendaritzako kide hautatu zuten 1974an. Alderdi Sozialistako kide izan zen, baina utzi egin zuen gero, euskal gaiekin politika egokirik ez zuela aurpegiratuta.[2]

Baionako 1983ko udal-hauteskundeetan aurkeztu zen, Herritarki izeneko euskal mugimenduko militanteek ezkerreko zerrenda berri bat aurkeztu zuten Harluxet buru zela, ahalik eta zinegotzi abertzale gehien sartzeko, baina 95 boto baino ez zitzaien falta beharrezkoa zen %5a lortzeko. Euskal Batasuna (EB) sortzen parte hartu zuen 1986an.[2]

Baionako zinegotzi hautatu zuten 1989ko martxoaren 12ko udal hauteskundeetan, Bayonne Capitale / Baiona Hiriburu zerrenda abertzale-ekologistarekin. Hil ondoren, Piarres Xarritonek ordezkatu zuen.[2]

InformatikariaAldatu

Euskarazko informatikan aitzindaria izan zen. Berak idatzi zituen informatikari buruz euskaraz argitaratu ziren lehenengo artikuluak. 1975. urtean, Elhuyar aldizkarian argitaraturiko «Informatikaren hiztegi laburra» izeneko artikuluan,[3] 74 hitzeko bilduma proposatu zuen, informatikaren oinarrizko azalpenarekin batera. Lehenengo artikulu hartako azken esaldian argi geratu zen haren aitzindari papera:

« Xehekiago ikertzeko eta esplikatzeko zer den ordenadore bat, askoz gehiago hitz behar dira. Gure lana huntan bukatu edo bururatu baitzen, hitz hauek bakarrik ditugu eskaintzen irakurleari, bera deitzen dugularik gurekin lan hau osatzera. »

—Klaudio Harluxet[3]

Aldizkari berean bi urte geroago beste artikulu bat argitaratu zuen, René Harluxet lehengusuarekin. Han ekin zioten Claude E. Shannonen informazioaren teoriari (informatikaren oinarri den teoria), informatikarekiko euskararen balizko zailtasuna gezurtatuz. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean Harluxeten 14 ekarpen bildu dira, horietako 7 informatikari buruz.[4]. 1984an sarrera-hitzaldia eman zuen Udako Euskal Unibertsitatean, "Euskal Herri osorako Unibertsitatea noiz erdietsiko" tituluarekin. 2012ko Ibilaldian omenduetako bat izan zen Klaudio Harluxet "Teknologia eta euskara" arloan egindako ekarpenarengatik.[5]

 
Udako Euskal Unibertsitatean 1984ko sarrera-hitzaldia ematen. Eskuinekoa da Harluxet.

Hizkuntza teknologiako aitzindariaAldatu

Euskararen tratamendu automatikoan ere izan zen aitzindaria. 1980an UZEIk bere hiztegiak sortzeko tresna informatikoak sortzeko aukera aztertu nahi zuen, Joseba Intxausti zuzendariak garaiko bost informatikari aditu bildu zituen gaia aztertzeko, eta denak bat etorri ziren zegoen problemaren zailtasun handiaz. Batetik fitxa kopurua handia erabili beharko zen, eta bestetik fitxa posibleen egitura oso heterogeneoa eta tamaina desberdin askotakoa zen. Baldintza haietan adituek ondorioztatu zuten 1980ko konputagailuetan, arrazoizko baldintza ekonomikoetan, ezin izango zela inolako aplikazio egokirik lortu; problemaren datuak ez baitziren garai hartako informatika komertzialak tratatzen zituen datu erregularrak. Baina handik bi hilabetera Klaudio Harluxet soluzio batekin itzuli zen UZEIra. Bere asmakizunaren giltza sinplea zen oso: zuhaitza datu-egitura erabiltzea. Datu-egitura hori erabiliz Klaudiok FORTRAN programazio-lengoaiaz inplementatu zuen gero hainbat urtetan UZEIren hiztegiak arrakastaz kudeatu zituen RTerm aplikazio informatikoa. Klaudio bera izan zen aplikazioaren kudeatzailea Donostian hainbat urtetan.[6]

Iruñean UEUn 1989an Hizkuntz Industriak eta Informatika izenburuko hitzaldia aurkeztu zuen, eta 1990ean hizkuntzaren prozesamenduari buruz Donostian egin zen VI SEPLN kongresuko mahai inguruan ere gai horretaz hitz egin zuen. Urte hartan bertan Hizkia enpresa sortu zen Baionako SEI taldearen babesean, Ixa Taldearekin batera 1993an XUXEN zuzentzaile ortografikoa plazaratu zuena.

Gizarte-ekintzailea: kooperatibismoa, euskaltzale eta zinegotziaAldatu

Ipar Euskal Herrian kooperatibismoaren alde lan egin zuen, eta SEI enpresa-taldeko sortzaileetako bat izan zen.

Euskararen aldeko hainbat elkartetan (Seaska, Herrikoia, UEU...) aktiboki parte hartu zuen.

EHAS alderdi politikoko kide izan zen, eta geroago Euskal Batasunekoa. Baionako udalean abertzale guztien botoak bilduz hautetsi bilakatzea lortu zuen 1989an.[6]

ErrekonozimenduakAldatu

« Informatika eta euskara lotzen aitzindaria izan zen Klaudio Harluxet gogoan. Joserra Etxebarria maisu handiari »

Iñaki Alegria, Olatz Perez de Viñaspre eta Kepa Sarasola[11]


ErreferentziakAldatu

  1. Ofiziala frantsesezko idazkeran, Claude Harlouchet
  2. a b c d e «Harlouchet, Claude - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-18).
  3. a b Klaudio Harluxet: «Informatikaren hiztegi laburra», Elhuyar zientzia eta teknologia, 1975.
  4. Klaudio Harluxeten produkzioa Inguma datu-basearen arabera (7 produktu)
  5. Ibilaldietan omenduak. Ikastolen Elkarteak gizarteko hainbat esparrutan euskararen eta euskal kulturaren zabalkundean lanean ibili diren lagunei ondo merezitako gorazarrea egiteko
  6. a b "Klaudio Harluxet, informatikaria". K. Sarasola. Elhuyar aldizkaria 1994/04/01
  7. «Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2021-03-18).
  8. «Hiztegiak, banku terminologikoak eta entziklopediak» www.euskadi.eus 2017-02-08 (Noiz kontsultatua: 2021-03-18).
  9. Ikastolen Elkartea, Bizkaia. (2012-06-03). Euskara Teknologia Berrietan. Elkarrizketak 2012ko Ibilaldian omendukoekin.. Ikastolen Elkartea (Noiz kontsultatua: 2020-02-11).
  10. Ibilaldia 2012 omenaldia: Euskara teknologia berrietan sartzeko aintzindariak – Hizkuntza-teknologiak. (Noiz kontsultatua: 2020-02-11).
  11. «PYTHON programazio-lengoaia: oinarriak eta aplikazioak :: denda :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-08).

Kanpo estekakAldatu