Eneko Agirre
Eneko Agirre Bengoa (Eibar, 1968ko martxoren 16a) Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle osoa eta Ixa Taldeko kidea da. Informatika Fakultatean lan egiten du 1988etik, Lengoaia eta Sistema Informatikoak sailean, eta euskararen prozesamendu automatikoa lantzen duen HiTZ zentroko zuzendaria da 2019tik.[1] 2021ko Espainiako Informatika Saria eman zion arloko SCIE elkarteak (Sociedad Científica Informática de España).[2][3]
Ikasketak eta doktorego-tesia
aldatu1990an lortu zuen Informatikako lizentziatura EHUko Informatika Fakultatean. Hurrengo ikasturtean 'Ezagutzan oinarritutako sistemak' masterra (Master of Science KBS) egin zuen Edinburgheko Unibertsitatean.
1999an Informatikako doktore titulua lortu zuen EHUko Informatika Fakultatean. Tesian kontzeptuen arteko erlazioak automatikoki antzemateko metodo bat asmatu zuen, Arantza Diaz de Ilarraza eta Kepa Sarasolaren zuzendaritzapean, ontologiak erabiliaz dentsitate kontzeptualaren ideia asmatu zuen orduan problema horri ekin ahal izateko.[4] Ixa Taldeak hasita zituen euskararen lexikografia, morfologia eta sintaxia automatikoki aztertzeko lanak, eta hura izan zen lehenengo urratsa semantikari ekiteko, hitzen esanahiak automatikoki lantzeko. Hitzen esanahien arteko antzekotasunak automatikoki deskubritzeko lehen urratsak izan ziren haiek.
Gizakiok era naturalean erabakitzen dugu edozein bi gauza zein puntutaraino erlazionatuta dauden edo ez. Ahalmen horri erlazio-izaeraren neurri deitzen diogu, hau da, bi hitzen arteko erlazioak zer indar duen neurtzen duen ahalmena. Erlazio-izaeraren neurria formalizatu eta inplementatu ahal izateko, baliabide lexikal egituratuak behar dira. Tesi-lan hartan ekarpen nagusiak bi izan ziren: 1) ezagutzan oinarritutako hitz eta kontzeptuen arteko erlazio-izaera formalizatzea, eta 2) hiztegietatik erauzitako baliabide lexikal egituratuak aberastu eta sendotzeko metodoa definitzea.[4]
Geroago, urteetan, alor horretako nazioarteko ikerlarientzako erreferentzia izan da Agirreren lana. Gaur egunean hitzen esanahien alorra neurona-sareekin eta hitz-bektoreekin lantzen da, eta Agirre hainbat tesi eta proiektu zuzentzen ditu gai horiekin.
Irakaslea
aldatu1995ean hasi zen irakasle gisa, eta 2017an irakasle oso kategoria lortu zuen, irakasle kontratatuen artean gorengo maila adierazten duena. Baina bazebilen irakasten lehenagotik ere, 1988an, oraindik informatikako ikasle soila zela, C programazio-lengoaiaz eta UNIX sistema eragileaz ikastaro bat eman zuen Iñaki Alegriarekin Udako Euskal Unibertsitatean Iruñean.[5]
Euskara unibertsitatean sartzeko prozesuaren barruan hainbat irakasgai irakatsi ditu euskaraz. Irakatsi ohi dituen gaiak dira hauek: Lengoaia informatikoak, horien konpilazioa, hizkuntzaren prozesamendua, adimen artifiziala, testu-corpusak, eta lexikografia konputazionala.[6]
Kudeatzailea eta antolatzailea
aldatuIxa taldeko sorreran parte hartu zuen oraindik lizentziaturako ikaslea zela, Xuxen zuzentzaile ortografikoaren lehenengo prototipoak programatzen, bekadun, Montse Maritxalarrekin batera. Urteak pasata, UPV/EHUn Lengoaia eta Sistema Informatikoak Saileko zuzendaria izatera ailegatu zen (2017-2019).
HITZ ikerketa-zentroaren sortzaileetako bat izan zen eta bigarren zuzendaria bihurtu zen 2019an Arantza Diaz de Ilarraza utzi zuenean.[7]
Adituak eta doktoreak hezteko eragilea
aldatuBerak pertsonalki 12 doktorego-tesi zuzendu ditu. 150 artikulu argitaratu ditu informatikaren, adimen artifizialaren eta hizkuntzalaritza konputazionalaren arloetan.[8][9] Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako 35 lan baino gehiago agertzen dira.[10]
Unibertsitateko graduen mailatik harantzago, hizkuntza-teknologian profesional adituak eta doktoreak hezteko eragile nagusietako bat izan da bere tesia bukatu zuenetik, hasieran gai hori lantzen zuten doktorego-ikastaro espezifikoak ematen. Gero 2001 eta 2006 urteen artean UEU eta EHUren artean sortu zuten Hizkuntza eta Teknologia (HIZTEK) berezko tituluko irakaslea izan zen, baita 2006tik aurrera Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua master ofizialean ere. Euskaraz ematen da master-titulu hori hasieratik, eta ingelesez ere 2014tik, ordudanik koordinatu izan baita Europa mailako Language and Communication Technology Erasmus Mundus Masterrarekin. Nazioarteko kontsortzio zabal batean integratuta, kontsortzioan orokorrean ematen den ingelesaren ikuspuntu globalaz gain, baliabide gutxiko hizkuntza baten ikuspegia gehitzen diote EHUko partaideek.
Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua doktorego-programan guztira 55 tesi irakurri dira euskaraz lerro honetan 1988tik, eta azkenaldian 26 tesi aurkeztu dira 2012-2020 urteetan.
Ikertzailea
aldatuSemantika konputazional lexikalean oinarritzen da Agirreren ikerketa, hau da, adimen artifizialaren eta hizkuntza naturalaren prozesamenduaren arloetan (hizkuntzalaritza konputazionala ere deitzen zaio). Hitzen esanahia aztertzen du, hitzen irudikapenak, hitzen antzekotasunaren konputazioa eta haien desanbiguazioa barne (hitzen adiera-disanbiguazioa eta entitate izendunen desanbiguazioa). Bere ikerketa-lerroen barruan sartzen da teknika horiek beste alor hauetan aplikatzea ere: itzulpen automatikoan, informazioaren berreskurapenean (informazio-sistemak) eta medikuntzan (osasun-informatika). Eta noski, diziplina arteko arloa izanik, ikerketa garrantzitsua da hizkuntza-ikasketetarako lanetan ere.
Hizkuntzaren prozesamenduaren arloan aritzen den Ixa ikertalde finkatuko ikertzaile nagusia da. Hizkuntzaren Prozesamenduan binaka berrikusitako nazioarteko 150 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, batez ere arlo hauetan: Ezagutza Lexikala Eskuratzea, Hitzen adiera-desanbiguazioa eta Prozesamendu Semantikoa. Association for Computational Linguistics (ACL) elkartean LEXicon (SIGLEX) Interes Bereziko Taldeko idazkari eta lehendakaria izan da, nazioartean erreferente nagusia den Computational Linguistics elkarte horren Kontseilu Editorialeko kidea ere, eta gaur egun ACLko Transaction-en editorea da. Semantika Lexiko eta Konputazionalari buruzko Konferentzia Bateratuaren (LZM) sortzaileetako bat da; orain, laugarren edizioan.
Gutxienez, Europako 9 ikerketa-proiektutan izan da tokiko taldearen buru (LIHLITH, ESANAHIA, BIDEAK QTLEAP, KYOTO, NEWSREADER, LOCLOUD, OPENER eta MUSTER).[12] Baita estatu mailako beste batzuetan ere (KNOW, KNOW2, UnsupNMT, eta TADEEP). Hizkuntza naturalaren eta itzulpen automatikoaren teknologiak sustatzeko Espainiako plan nazionaleko “Adituen Batzordeko” kide izan zen 2016. urtean. (Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizarterako, SETSI)).
Sariak eta errekonozimenduak
aldatuHainbat sari lortu ditu Eneko Agirrek. koordinatzen duen HiTZ taldearekin eta Ixa Taldearekin. Sari aipagarrienak hauek dira:[13]
- 2021: ACL Fellow 2021. alor hauetan egindako ekarpenengatik: Hitzen adiera-desanbiguazioan, testuen arteko antzekotasun semantikoa, itzulpen automatiko gainbegiratu gabea, euskarazko baliabideak eta ACLri egindako zerbitzuak.[14] 2021ko sarituak hauek izan ziren: Joakim Nivre, Qun Liu, Luke Zettlemoyer, Anette Frank, Joyce Chai, Eneko Agirre, Chengqing Zong, eta Amanda Stent.
- 2021: Espainiako Informatika Saria, Aritmel Saria urteko informatikariarentzat. Epaimahaiak azaldu zuen hizkuntzaren prozesamenduaren esparruan egindako ekarpen bikainengatik eman ziotela; bereziki, testu-baliabide handien ustiapenean, eta itzulpen automatikoari aplikatutako neurona-konputazioan oinarritutako ikasketa automatiko ez-gainbegiratuan. Aipatu zuen, gainera, zientzia-argitalpenen kalitate bikainagatik ez ezik —bere argitalpen horietako batzuk erreferentetzat hartzen dira mundu mailan—, bere ikerketaren emaitza-transferentzia handiagatik, zientzia-lidergoagatik —Hitz ikerketa-zentro ospetsuaren zuzendaria da— eta nazioarteko ibilbide oso nabarmenagatik, bai prestakuntzan, bai lankidetzetan.[15][16]
- 2020: Hizkuntzaren prozesamendua lantzen duen COLING nazioarteko kongresuan Aparteko Artikuluaren Saria jaso zuen (Outstanding Paper Award).[17] Artikulua beste ikertzaile hauekin idatzi zuen: Jon Ander Campos, Kyunghyun Cho, Arantxa Otegi, Aitor Soroa, eta Gorka Azkune. Izenburua hau zen: Improving Conversational Question Answering Systems after Deployment using Feedback-Weighted Learning. (Elkarrizketa moduko galdera-sistemak hobetzea inplementazioaren ondoren, atzeraelikaduraz haztatutako ikaskuntza erabiliz).[18]
- 2019: COVID-19 Open Research Dataset Challenge. Estatu Batuetako gobernuak bultzatutako COVID-19 gaixotasunaren inguruan antolatutako adimen artifizialeko txapelketan saria.[19][20] Ixa Taldeko Arantxa Otegi eta Jon Ander Campos ikertzaileek eta Eneko Agirre eta Aitor Soroa irakasleek hartu zuten parte.
- 2017an, 2019an, eta 2020an, hiru aldiz jarraian Google-ren ikerketa-sari bat irabazi zuen. Google Faculty Research Award saria hirutan lortu duen ikertzaile bakanetakoa da bera. 2020ko proiektua batez ere ingelesezko elkarrizketetan zentratzen bada ere (sukaldaritzari eta elikadurari buruzko galderak), euskarazko elkarrizketekin ere lan egin dute. Horretarako 2019an Ixa taldeak euskarazko elkarrizketak biltzeko kanpaina bat jarri zuen martxan. Kanpainak oso harrera ona izan zuen, pertsona ospetsuei buruz euskarazko galdera-erantzunezko elkarrizketak jaso ziren, beti ere Wikipedian dagoen informazioan oinarrituta.[21][22][23][24]
- 2013: Abbadia saria jaso zuen Ixa Taldeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.[26][27]
- 2013: Donostiako udalaren eskutik Ixa taldearen aldeko adierazpen instituzionala.
- 2012: Ibilaldian omendua izan zen teknologia berrietan euskara sartzeko egindako lanengatik, beste hauekin batera: Lapurdiko Harluxetar lehengusu ingeniariak: Klaudio Harluxet eta René Harluxet; Aurki, Sustatu, Codesyntax: Luistxo Fernandez; UEUko Informatika saila: Olatz Arbelaitz; EHUko Donostiako Informatika Fakultatea (Ixa taldea eta Eneko Agirre tartean; EHUko Aholab Taldea: Inma Hernaez; puntueus: Iratxe Esnaola; kaixo.com: Aitor Lopez de Aberasturi; Erentzun ikastola: Fultxo Crespo; Hachtibista, sare sozialak: Gorka Julio; Euskal Jakintza: Maite Goñi.[28]
- 2009. Artikulu onenaren saria EAMT Konferentzia (Itzulpen Automatikoaren Europako Elkartea).[29]
- 2007. Artikulu onenaren saria hizkuntza-teknologiako tailer australasiakoan (Australasian Language Technology Workshop)
- 2002: Toribio Etxeberria saria. ELEKA INGENIARITZA LINGUISTIKOA, S.L. spin-off enpresa sortzeagatik
- 2001: Manuel Laborde Werlinden saria. ELEKA INGENIARITZA LINGUISTIKOA, S.L. spin-off enpresa sortzeagatik
- 1990. Informatikako graduko ikaslerik onena Gipuzkoan.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Muñagorri Garmendia, Lander. (2020-10-19). ««Ordenagailuekin elkarrizketan euskaraz aritzeko ahala badago»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-10-19).
- ↑ Espainiako Informatika-Ikerketa Sari bi Eneko Agirre eta Mikel Artetxerentzat – Hizkuntza-teknologiak, Ixa Taldearen bloga. (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) Sociedad Científica Informática de España (SCIE). (2021). Otorgados los Premios de Investigación SCIE-FBBVA 2021 – SCIE. (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).
- ↑ a b Agirre Bengoa, Eneko. (1999). Kontzeptuen arteko erlazio-izaeraren formalizazioa ontologiak erabiliaz: dentsitate kontzeptuala. UPV/EHU ISBN 978-84-8438-061-0. (Noiz kontsultatua: 2020-10-19).
- ↑ Agirre Bengoa, Eneko; Loinaz, Iñaki Alegria. (1988). C programazio-lengoaia eta UNIX sistema eragilea. (Noiz kontsultatua: 2020-10-19).
- ↑ «Eneko Agirre Bengoak emandako irakasgaiak :: Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-19).
- ↑ Unanue Irureta, Maialen. (2018-12-09). ««Itzultzaile automatiko batek ez du sekula pertsona batek bezala itzuliko»» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-12-10).
- ↑ «Eneko Agirre» scholar.google.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-19).
- ↑ «Scopus preview - Agirre, Eneko - Author details - Scopus» www.scopus.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-19).
- ↑ «Eneko Agirre Bengoa :: Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-19).
- ↑ «Felisa Verdejoren zuhaitz akademikoa. EHUko (Ixa taldea) eta UPCko hainbat irakasle azaltzen dira.» query.wikidata.org (Noiz kontsultatua: 2023-10-30).
- ↑ Agirre, Eneko. «Ixakidearen proiektuak | Ixa taldea» ixa.si.ehu.eus (UPV/EHU) (Noiz kontsultatua: 2021-11-17).
- ↑ «Sariak | Ixa taldea» ixa.si.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-29).
- ↑ «ACL Fellows - ACL Wiki» aclweb.org (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Fallados los Premios de Investigación Sociedad Científica Informática de España (SCIE) – Fundación BBVA» FBBVA 2021-05-21 (Noiz kontsultatua: 2021-05-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Eneko Agirre. PREMIO DE INVESTIGACIÓN SOCIEDAD CIENTÍFICA INFORMÁTICA DE ESPAÑA-FUNDACIÓN BBVA. Premios Nacionales de Informática. 2021» FBBVA (Noiz kontsultatua: 2021-11-19).
- ↑ (Ingelesez) «COLING’2020 outstanding papers announcement» COLING’2020 2020-11-29 (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
- ↑ Campos, Jon Ander; Cho, Kyunghyun; Otegi, Arantxa; Soroa, Aitor; Agirre, Eneko; Azkune, Gorka. (2020-12). «Improving Conversational Question Answering Systems after Deployment using Feedback-Weighted Learning» Proceedings of the 28th International Conference on Computational Linguistics (International Committee on Computational Linguistics): 2561–2571. (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
- ↑ Ixa ikerketa-taldeak Estatu Batuetako gobernuak bultzatutako COVID-19 gaixotasunaren inguruan antolatutako adimen artifizialeko txapelketan saria jaso du – Hizkuntza-teknologiak, Ixa Taldearen bloga. (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
- ↑ (Ingelesez) «COVID-19 Open Research Dataset Challenge (CORD-19)» kaggle.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
- ↑ «Elkarrizketak sortzen - Ixa taldea» www.ixa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
- ↑ Google-saria hirugarrenez irabazi du Eneko Agirre ixakideak – Hizkuntza-teknologiak, Ixa Taldearen bloga. (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
- ↑ Google-ren ikerketa-saria Eneko Agirreri hitzen esanahiak grafikoki erakusteagatik – Hizkuntza-teknologiak, Ixa Taldearen bloga. (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
- ↑ Google Research saria Eneko Agirre taldekideari – Hizkuntza-teknologiak, Ixa Taldearen bloga. (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
- ↑ Ixa Taldia, Abbadia Saria – Hizkuntza-teknologiak, Ixa Taldearen bloga. (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
- ↑ Ixa Taldea. (2013). Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako Anton Abadia Saria, Euskararen normalkuntza lanetan izandako eraginagatik.. .
- ↑ Ixa Taldea, Abbadia Saria – Hizkuntza-teknologiak, Ixa Taldearen bloga. (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
- ↑ Ibilaldia 2012 omenaldia: Euskara teknologia berrietan sartzeko aintzindariak – Hizkuntza-teknologiak. (Noiz kontsultatua: 2020-02-11).
- ↑ EAMTko artikulu onenarentzako Springer saria IXA taldeari! – Hizkuntza-teknologiak, Ixa Taldearen bloga. (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuGai honi buruzko informazio gehiago lor dezakezu Scholian |
- Webgune pertsonala
- HiTZ zentroa webgune ofiziala
- Ixa taldea.
- HAP: Hizkuntzaren azterketa eta analisia master ofiziala.
- UPV/EHUko Informatika Fakultatea