Felipe González

Felipe Gonzalez» orritik birbideratua)

Felipe González Márquez (Dos Hermanas, Sevilla, Espainia, 1942ko martxoaren 5a) politikaria eta enpresaburua da. Espainiarra jaiotzez, Espainiako lehendakari izan zen hamalau urtez (1982–1996); eta, 2014az geroztik, kolonbiar nazionalitatea ere badu. PSOEko idazkari nagusia izan zen 1974tik 1997ra eta alderdiaren aldaketa bultzatu zuen, ikuspegi marxista izatetik jarrera sozialdemokrata izatera igaro baitzen.

Felipe González

(1991)

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

2000ko martxoaren 29a - 2004ko apirilaren 2a
Barrutia: Seville (en) Itzuli
Hautetsia: 2000ko Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

1996ko martxoaren 26a - 2000ko apirilaren 5a
Barrutia: Madril
Hautetsia: 1996ko Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

1993ko ekainaren 24a - 1996ko urtarrilaren 9a
Barrutia: Madril
Hautetsia: 1993ko Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

1989ko azaroaren 16a - 1993ko apirilaren 13a
Barrutia: Madril
Hautetsia: 1989ko Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

1986ko uztailaren 7a - 1989ko irailaren 2a
Barrutia: Madril
Hautetsia: 1986ko Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Gobernuko presidente

1982ko abenduaren 2a - 1996ko maiatzaren 4a
Leopoldo Calvo-Sotelo - José María Aznar

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

1982ko azaroaren 5a - 1986ko apirilaren 23a
Barrutia: Madril
Hautetsia: 1982ko Espainiako hauteskunde orokorrak

3. PSOEko idazkari nagusi

1979ko irailaren 28a - 1997ko ekainaren 21a
Felipe González - Joaquín Almunia

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

1979ko martxoaren 20a - 1982ko azaroaren 18a
Barrutia: Madril
Hautetsia: 1979ko Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

1977ko uztailaren 2a - 1979ko urtarrilaren 2a
Barrutia: Madril
Hautetsia: 1977ko Espainiako hauteskunde orokorrak

3. PSOEko idazkari nagusi

1974ko urriaren 13a - 1979ko maiatzaren 20a
Rodolfo Llopis (en) Itzuli - Felipe González
Bizitza
JaiotzaSevilla1942ko martxoaren 5a (82 urte)
Herrialdea Kolonbia  (2014ko abenduaren 3a -
 Dominikar Errepublika  (2022ko otsailaren 2a -
 Espainia  (baliorik ez -
Familia
Ezkontidea(k)Carmen Romero López (mul) Itzuli  (1969ko uztailaren 17a -  2008)
Mar García (en) Itzuli  (2012 -
Hezkuntza
HeziketaSevillako Unibertsitatea 1965) lizentzia : zuzenbide
Instituto San Isidoro (en) Itzuli
Universities in Leuven (en) Itzuli
Hizkuntzakgaztelania
Irakaslea(k)Manuel Clavero Arévalo
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, labor law specialist (en) Itzuli, idazlea, enpresaburua, legelaria eta unibertsitateko irakaslea
Lantokia(k)Madril
Jasotako sariak
KidetzaFundación Alternativas (en) Itzuli
Ezkerraren Gazteak
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaerromatar katolikoa
Alderdi politikoa Espainiako Langile Alderdi Sozialista
IMDB: nm0328158 Edit the value on Wikidata

Monarkiaren lehendabiziko gobernuetan oposizioko buru izan zen, eta Espainiako gobernuburu hautatu zuten 1982an, bai eta 1986an, 1989an eta 1993an ere. Haren agintaldian, Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zen, eta Mendebaldeko Europako gainerako herrialdeen garapen-maila lortzeko bidean jarri zen. Presidente izan zen azken fasean, haren inguruan zenbait ustelkeria-eskandalu piztu ziren, eta GAL heriotza eskuadroiaren eskandaluak ere González zipriztindu zuen. 1996an, hauteskundeak galdu eta gero, politika aktiboa utzi zuen.

Gaur egun, bere agintaldian lortutako kontaktuei esker, enpresaburu aberatsa da.[1][2][3]

Biografia eta hasierako urteak

aldatu
 
Felipe González 1976an
 
Felipe González 1981ean

Felipe González Márquez Dos Hermanasen jaio zen, Sevillan (Espainia), 1942ko martxoaren 5ean. Aita Felipe González Helguera zuen, Rasines (Kantabria) herrian jaiotako abeltzain enpresaria eta, halaber, Izquierda Republicanako eta UGTkoa kidea; ama Juana Márquez Domínguez zuen. Familiak Sevillako Bellavista auzoan behi salmentarako negozioa zuenez, maila ekonomiko nahiko ona zeukan. Horri esker, Felipe Gonzálezek Klaretar Aiten eskolan batxilergoa egin zuen eta aurre-unibertsitatea San Isidoro institutuan, biak ere Sevillan. Geroago, zuzenbideko lizentziatura lortu zuen hiri hartako unibertsitatean.

Gaztaroan, Juventudes Universitarias de Acción Católica eta Juventudes Obreras Católicas alderdietako militante izan zen, biak demokristauen gertukoak, baina 1962an, Juventudes Socialistas alderdian sartu zen eta, bi urte geroago, PSOEn.

1965ean, zuzenbideko ikasketak amaitu zituen eta, 1966an, lan kontuetan espezializatutako abokatu lanak egiten hasi zen Sevillan. Denbora tarte horretan, 1965 eta 1969 artean, PSOEko Batzorde Probintzialeko kide izan zen Sevillan; 1969 eta 1970 artean, Batzorde Nagusiko kide izan zen eta, 1970az geroztik, Batzorde Betearazlean egon zen, klandestinitatean Isidoro ezizenaz. Francisco Francoren diktaduraren aurkako manifestazioetan parte hartzeagatik atxilotua izan zen 1971n.

Urte haietan, PSOEren berrikuntzarako mugimenduak hasi ziren, barrualde guztiak eta erbestean zegoen talde batek Rodolfo Llopis idazkari nagusiak erbestetik zuzentzen zuen zuzendaritza lekualdatu nahi zuenean, 1971n, UGTren Kongresuan eta 1972an PSOEren Kongresuan arrakasta izango zuen jarrera. 1972ko PSOEren Kongresuan, Llopisek bere kargugabetzeari uko egin zion, alderdia bi zatitan banatzea eraginez: Llopisen PSOE Historikoa eta PSOE Eraberritua: haren zuzendaritzaren kideetako bat González zen.

Suresnesen (Frantzia) egin zen 1974ko PSOE Eraberrituaren Kongresuan, idazkari nagusia aukeratu behar zuten eta euskal hiritar eta andaluziarren nukleoen arteko itun batek Felipe González hautatu zuen kargu horretarako.

1977ko hauteskunde demokratikoen ondoren, Gorteetako diputatu eta oposizioko alderdi nagusiaren buru izan zen; 1979an ere kargu berak izan zituen, 121 diputatu lortzean, eta gobernu alternatibo bilakatu. Adolfo Suárezen gobernuan zehar, Manuel Gutiérrez Mellado presidente orokor eta presidenteordeak Gonzálezi Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren inguruan ez eztabaidatzeko eskatu zion, bere belaunaldikoak desagertu arte.

Alderdiak postulatu marxista uzteko eta sozialdemokrazia erreformistarantz eboluzionatzeko Gonzálezen asmoak porrota ekarri zion 1979ko maiatzeko Kongresuan ezkerraldeko PSOEaren aurrean.

Gobernuko presidente (1982-1996)

aldatu

1982-1986

aldatu

1982ko urriaren 28ko hauteskunde orokorretan PSOE alderdiak bozen % 48,11 eta 202 diputatu lortu zituen, Espainiako demokrazian alderdi batek gehiengo osoa lehenengoz lortu eta ordu arte diputatu kopuruaren zifra altuena hartu zuen. Diputatuen Kongresuak Felipe González Espainiako Gobernuko presidente hautatu zuen eta gobernu bat hasi zuen Alfonso Guerra presidenteordearekin. Arrakasta horrek 1936ko hauteskunde orokorrak geroztik lehen aldiz ezkerreko alderdi batek gobernua eratu behar zuela esan nahi zuen. Gainera, historialari askoren ustez, Espainiako trantsizioari amaiera eman zion bigarren legislaturaren hasiera izan zen.

Felipe Gonzálezek zuzendutako gobernuek ez zuten sozialismoa ezartzeko inongo asmorik -nazionalizatutako gauza bakarra tentsio altuko sare elektrikoa izan zen- eta Indalecio Prietoren moderazioa zuen oinarri.

Programa anbiziotsua aurkeztu zuen PSOEk 1982ko kanpainan. Demokrazia kontsolidatu nahi zuen eta krisi ekonomikoari aurre egin —800.000 lanpostu berri agindu zituen—. Hezkuntza, osasun eta pentsioetan ere gizarte justuago eta berdinzale baten alde egingo zuela agindu zuen.

Hala ere, Calvo Sotelok utzi zion egoera ekonomiko eta politikoa ez zen erraza. Ekonomiak geldi zegoen artean ere, langabezia % 16koa zen eta inflazioa ez zen % 15etik jaisten. ETAren terrorismoak bere hartan segitzen zuen, kolpisten mehatxuak bezala. Irailaren 30ean, lau buruzagi hartu zituzten atxilo Madrilgo hainbat puntu estrategiko hartzekotan zeudenean eta gerra egoera deklaratu behar izan zuten. Iritzi publikoak ez zuen horren berri izan eta, 1984ko apirilean, bi koronel eta bi teniente koronel 12 urteko kartzela zigorra betetzera kondenatu eta armadatik bota egin zituzten.

Gainerako autonomia estatutu proiektuak ere onartu ziren eta, konpetentziak komunitate autonomoei transferitu zitzaizkienean, deszentralizazio handi bat gauzatu zen gastu publikoan. Hala ere, José Antonio Ardanzak, 1984az geroztik Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria zenak eta Jordi Pujolek, 1980tik Kataluniako Generalitateko presidentea zenak, autogobernu maila handiagoa eskatzen zuten, komunitate autonomoak berdintzeko saioei aurre eginez.

Rumasa

aldatu

1983ko otsailaren 23an, Espainiako Gobernu sozialistak Rumasa desjabetu zuen: Gizarte Segurantzari 11.977 milioi pezeta zor zizkion eta, horregatik, kontabilitate-liburuek ez zuten zuzentasunik erakusten, bankarrota garbia baitzen hura[4].

Ruiz-Mateos ez zen ados egon desjabetze horrekin eta demanda jarri zion gobernuari, kalte-ordaina eskatuz. Dibisa-ihesa, iruzurra eta bidegabeko eskuratzeak egotzi eta kartzelan sartu zuten[5].

1989ko maiatzean, Ruiz-Mateosek Miguel Boyerri sekulako ukabilkada eman zion (desjabetze garaian Ekonomia eta Ogasun ministro zen, hain zuzen), hitz hauexekin:

« Te pego, leche[6] »
Artikulu nagusia: «GAL»

Hasiera batean, gobernu sozialistek kartzelan zeuden etakideen birgizarteratzea bultzatu zuten, ETAren bortizkeria kondenatu eta handik aldentzen ziren kasuan; aldi berean, haien agintaldian zehar, ETAren aurkako gerra zikina emendatuz joan zen, GALen eskutik.

« Estatuaren segurtasun aparatuko kidez osatutako taldea zen eta, gero, frankismoarekin lotura izandako espainiar eta atzerritar mertzenarioak atxiki zitzaizkien. Barne Ministerioaren erreserbatutako fondoak erabiliz, justizia bere esku hartu zuten eta ETA-ren terrorismoari armaz erantzutea erabaki zuten.[7] »

GALen lehen ekintza 1981ean izan zen, Hendaian bi frantses hiritar bahitu zituenean.[erreferentzia behar] 1983an, hirixka berean, Segundo Marey bahitu eta torturatu zuten[8]; ETA-rekin elkarlanean zebilen beste hiritar batekin nahastu zuten eta, handik bederatzi egunera, aske utzi zuten. 1987 urtera arte, GALek 28 pertsona hil zituen.

José Amedo eta Michel Domínguez poliziak atxilo hartu zituztenean eta Segundo Mareyren bahiketarekin lotu zituztenean, Barne Ministerioaren fondo erreserbatuekin finantzatzen ari zirela atera zen argitara eta José Barrionuevo Barne ministroak dimititu behar izan zuen. José Luis Corcuerak haren postua hartu zuen. Segurtasun Legea atera zuten, atean emandako ostikoaren Legea ezizena zuena, poliziari etxeetan sartzeko aukera zabaltzen baitzien epailearen baimenaren beharrik gabe. Tribunal Konstituziogileak ezerezean utziko zuen gero lege hori.

OTAN-en segitu ala irteteko erreferenduma eta Europako Ekonomia Erkidegoan sartzeko aukera

aldatu
 

Hasiera-hasieratik, gobernu sozialistak Espainia Europan sartzeko aukeraren alde egin zuen.

1985ean, hamar kidez osatutako Europako Ekonomia Erkidegoan sartzeko negoziazioak aurreratuta zeuden eta, ekainaren 12an, atxikitze ituna sinatu zen Madrilen, 1986ko urtarrilaren 1ean, gauzatu zelarik.

OTAN-en arazoa ez zen hain erraz konpondu, ordea. Europako Ekonomia Erkidegoan sartu eta gero, Espainia OTAN barruan egon ala ez erabakiko zuen agindutako erreferenduma egiteko ordua iritsi zen. Baina, garai honetarako, Felipe González eta bere gobernua bertan jarraitzearen aldekoak ziren, beti ere 3 baldintza betetzen baziren:

  • Egitura militarrean ez sartzea.
  • Arma nuklearrak sartu edo gordetzeko debekua.
  • Estatubatuarrek Espainian zituzten base militarren gutxitzea.

Gonzálezek, lehenengo, bere alderdiko kideak konbentzitu behar izan zituen 1984ko abenduko XXX. kongresuan eta iritzi horrek emandako birak Fernando Morán Kanpo-Arazotako ministroaren dimisioa ekarri zuen, ez baitzegoen ados horrekin.

Felipe Gonzálezek bere dimisioa aurkeztuko zuela agindu zuen ezezkoa ateratzen bazen, baina, baiezkoa lortu zen. 1986ko martxoaren 12an egindako erreferendumean, 11,7 milioik eman zuen baietza (% 52k), 9 milioik (% 40k) ezetza eta 6,5 milioik zuriz bozkatu zuten. Ezezkoa izan zen garaile Katalunian, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Kanarietan.

Erreferendumaren emaitzak Felipe Gonzálezen lidergoa indartu zuen eta, urte horretan bertan egin ziren hurrengo hauteskundeetan ere, 18 diputatu gutxiago izan zituen arren, gehiengo absolutua lortu zuen. Krisi ekonomikoak atseden eman zuen eta, 1992a arte, behintzat, hazkunde fasean sartu zen Espainian: horrek guztiak emaitzetan eragina izan bide zuen.

1986-1989

aldatu

Felipe Gonzálezek hauteskundeetarako deia egin zuen 1989ko urrian eta berriro lortu zuen gehiengo absolutua, baina eserleku bakarrak eman zion garaipena: hiri handienetako nagusitasuna galdu zuen.

Hauteskuden haietan lehen aldiz aurkeztu zen PP alderdia, ideia liberal, kontserbadore eta demokristauak bildu nahian, Europako zentro-eskuinaren pare. Zerrenda buru, Antonio Hernández Mancha joan zenean alderdiaren agintea eskuratu zuen Manuel Fraga Galiziako Xuntara joan zen, baina José María Aznar proposatu zuen. PP berri horrek botoen % 25,6 lortu zituen eta 107 eserleku, PSOEren 176 eserlekuetatik urruti.

1989-1993

aldatu

Ustelkeria kasuak argitaratzen

aldatu

Juan Guerra kasua azaleratu zen 1989an, PSOE eta bere gobernua ilundu zuen lehen eskandalu handia. Felipe Gonzálezek Alfonso Guerra gobernuko presidenteorde izendatu zuenetik, honek bere familiarentzat zuzenean etekina ateratzeagatik salatua izan zen. Juan Guerra langabeziagatik 28.023 pezeta (150 euro inguru) kobratzen zituen langabetua zen eta, 1989. urte amaieran, PSOE alderdiak Andaluzian Gobernuko Ordezkaritzaren bulego ofizialean bere anaiaren laguntzaile gisa lan egiteko kontratatu zuen. Hala ere, bulegoa egokitzen ez zitzaizkion beste ekintza desberdin batzuetarako erabiltzen zen. Ondorioz, Juan Guerra eroskeriagatik, zerga-iruzurragatik, influentzia-trafikoagatik, prebarikazioagatik, funtsaren bidebako erabiltzeagatik eta jardunen usurpazioagatik salatua eta epaitua izan zen. Auzitegi Gorenak, Andaluzian Gobernuko Ordezkaritzaren bulegoaren erabileraren inguruan errugabetzat jo zuen.

Juan Guerraren kasua bere emazte ohi Ángeles López Rubiori esker ezagutu zen. Honek, bere senargaiaren eskutik jasotzen zituen astinaldiez nazkaturik, bere senarra arriskuan jartzen zuen dokumentazioa zabaldu zuen oposizioko liderra zen Manuel Fragaren eskuetara heldu zen arte. Juan Guerra 1995ean kondenatu zuten Juan José Arenasekin batera. 2001eko apirilean, Auzitegi Konstituzionalak epaiketa baieztatu zuen.

Juan Guerraren eskandaluak gobernuko presidenteordea zen Alfonso Guerraren dimisioa eragin zuen eta 1990ean ospatutako XXXII. kongresuan bistan geratu zen PSOE-ren barne-zatiketa areagotu zuen. Hartan, guerrismoa aurrez-aurre atera zitzaion Gonzálezen aldeko sektore berritzaileari eta barne borrokak zirauten, 1991n eskandalu berri bat agertu zenean El Mundo egunkarian: Filesa auzia.

Oraingo honetan alderdi osoa zipriztintzen zuen kasuan, hainbat enpresen (Filesa, Malesa eta Time-Export) sorkuntzan egondako ustelkeria azaleratu zen eta, honen helburua, 1989ko hauteskunde kanpainatan eragindako gastuei aurre egin nahian, PSOE alderdia legez kanpo finantzatzea zen. José María Sala i Griso senatari sozialista merkataritza-dokumentuetan egindako faltsukeriagatik eta legez kontrako elkarte bat sortzeagatik kondenatu zuten. Hala ere, Auzitegi Konstituzionalak merkataritza-dokumentuetan egondako faltsukeriaren inguruko zigorra ezeztatu egin zuen. Honez gain, Auzitegi Gorenak Carlos Navarro diputatu sozialista eta Luis Oliveró eta Alberto Flores Filesa enpresaren arduradunak kondenatu zituen. 2000ko abenduaren 1ean José María Aznarren gobernuak indultu partziala eman zien eta, ondorioz, beraien zigorrak erdira jaitsi ziren.

PSOEren hirugarren kasu bat Ibercorp kasua izan zen, 1992ko otsailean El Mundon agertu zena. Espainiako Bankuaren gobernadore zen Mariano Rubio salatu zuten eta kartzela zigorra ezarri zioten bere laguna zen Manuel de la Concharen Ibercorp finantza erakundean diru beltza zuen kontua izateagatik. Rubio izendatu zuen Carlos Solchaga Ekonomia eta Ogasuneko ministro ohiak diputatu izateari utzi beharrean izan zen.

Egoera honetan, ustelkeri eskandalu hauen artean, desenkantua nagusitu zen. PSOE guztiz sinesgarritasuna galduta geratu zen eta ez zuen PP-ri eragiten zion Naseiro kasua aurkeztu zuenean ezer lortu.

1992ko ekitaldi erraldoiak eta gizarte krisia

aldatu

Klima politiko latz honetan, 1992an, Bartzelonako Joko Olinpikoak burutu ziren, 171 herrialdeek parte hartu zutelarik. Espainiarrentzat urte ona izan zen, Seulen 4 besterik ez bazituzten lortu, 32 domina lortu zituzten oraingoan.

Urte berean, Erakusketa Unibertsala izan zen Sevillan eta, 112 herrialde eta 23 nazioarteko erakundek parte hartu zuten, 18.000.000 bisita lortuz.

OTAN-en geratzeko erreferenduma ere bete behar izan zen eta Zaragoza eta Torrejón de Ardozeko estatubatuarren baseak eraitsi zituzten, Rota eta Morón de la Frontera bakarrik geratu zirelarik. Era berean, gobernuak armadaren hiru unitate bidali zituen Golkoko lehen gerran (990-1991) AEB-eri laguntzeko.

1992ko ospakizun erraldoi haiek ekonomia atzerapena ezkutatzen lagundu zuten: langabeziak goia jo zuen, 3,5 milioi langabetu baitzeuden, populazio aktiboaren %24.

1992ko maiatzean, UGT eta Langile Komisioak sindikatuek lehen greba orokorra konbokatu zuten gobernuaren dekretazoak langabezia prestazioak moztu zituelako.

Baina, 1992an dena ez zen porrota izan. Terrorismoaren aurkako borrokan eta frantsesekin elkarlanean, ETAko 3 zuzendari nagusienetakoak atxilo hartu zituzten Bidarten.

Alderdia tira-biran zebilen oso eta guerristek beraiek ere gobernuaren greba legearen proiektua kritikatu zuten. Ika-mika haiek hauteskundeak aurrerarazi zituzten, 1993ko ekainerako ezarri zirelarik.

1993-1996

aldatu

Harrigarria bazen ere, PSOEk berriro irabazi zuen 1993ko ekaineko hauteskundeetan eta José María Aznarren PPk, bere burua seguru ikusten zuen arren, makurtu beharra izan zuen berriz ere (159-141), baina sozialistek agur esan behar izan zioten gehiengo absolutuari, 17 eserlekuren faltan. Akordioak egin beharrean izan zen kataluniar eta euskal nazionalistekin.

Krisi ekonomikoa izan zen gobernuaren arazo larriena. 1993 amaieran, Ekonomia eta Ogasun ministroa zen Pedro Solbesek neurri bereziak hartu zituen langabezia sustatzeko eta, denbora partzialeko kontratuak eta gazteentzako praktikaldietako kontratuak itzuli ziren. Sindikatuentzat zabor-kontratuak ziren haiek eta UGT eta Langile Komisioak sindikatuek 1994ko urtarrilaren 27rako greba orokorrera deitu zuten eta arrakasta handiz lortu ere.

Hau horrela, sozialistek bai lortu zuten beste indar politiko eta sindikatuekin akordioa, pentsioen gaian, 1995eko apirileko Toledoko Itunak sinatu zituztelarik.

Atzerriko politikari dagokionez, OTAN Jugoslaviako Gerran sartu zenean gertatu zen eta espainiar gobernuak parte zuzena izan zuen hartan. Artean, Kanpo Arazoetarako ministro Javier Solana OTANen idazkari orokor egin zuten.

Baina arazo larriena, berriz ere, eskandaluak izan ziren. 1993 bukaeran, Espainiako Bankuak Banco Español de Crédito interbenitu zuen eta Mario Conde lehendakariak postua utzi behar izan zuen. Handik urtebetera, iruzur salaketaz epaitu zuten eta kartzelan sartu. Javier de la Rosa ere atxilotu zuten, hari ere iruzurra leporatuta, Gran Tibidabo enpresa eta KIO talde inbertsore kuwaitarraren ordezkari zela. 1994ko urrian kartzelatu zuten eta hurrengo otsailean atera zen, 1.000 milioi pezetako fidantza ordaindu eta gero.

Lui Roldán Goardia Zibilaren zuzendari nagusiaren kasuak oihartzun itzela izan zuen. 1993ko azaroan argitu zuten eta haren kanporaketa eragin zuen. Luis Roldán 1986ko urriaren eta 1993ko abenduaren artean, Guardi Zibilaren zuzendaria izan zen. Bere kargua eraikuntza-lanen komisioetatik, eraikitzaileei eginiko iruzurretatik eta Barne Arazoetako Ministerioak gordetako funtsaren bidebako erabileratik legez kontra aberasteko erabili zuen. Horrez gain, Roldánek 1990az geroztik gordetako funtsetik eta Rafael Veraren bitartez, hilero 30.000 euroko gainsoldatak jaso zituen. Kopuru hori 60.000 eurora igo zen 1991tik kanporatua izan zen arte.

1998ko otsailean, Madrilgo Auzitegi Nazionalak Roldáni 28 urteko kartzela-zigorra ezarri zion, funts publikoaren bidebako erabiltzeagatik, sobornatzeagatik, iruzurkeriagatik eta zerga-iruzurragatik salatua izanik. Roldánek epaiketan zehar gordetako funtsetik 2.614.403 euro baino gehiago eta zergetatik 11 milioi euro legez kanpo jaso zituela aitortu zuen. 1999an, Auzitegi Gorenak zigorra 31 urtetara luzatu zion. Honez gain, 9.616.194 euroko isuna ezarri zion eta 3.479.259 euroko indemnizazioa ordaindu beharko lioke estatuari. Roldánekin batera, Blanca Rodríguez-Porto bere emaztea eta Jose Esparza bere izen-emaile ohia ere kondenatuak izan ziren. Bigarrenak Luis Roldán 9 milioi euro baino gehiago gordetzen lagundu zuen.

Eskandalu haien guztien aurrean, sozialistenganako konfiantza jaisten ari zen eta, bai PPko José María Aznarrek eta baita IUko Julio Anguitak ere, Gonzálezen dimisioa eskatu zuten.

1995eko martxoan, beste eskandalu handi bat atera zen argitara. Enrique Rodríguez Galindo hartu zuten atxilo, Lasa eta Zabalaren hilketan inplikatua zegoelako.

Sakontzeko, irakurri: «Lasa eta Zabalaren hilketa»

1983an ETAko ustezko kide Lasa eta Zabala bahitu, hil eta gorpuak karez ezkutatu zituzten hartan parte hartu zuen eta hilotzak handik urte pare batera aurkitu zituzten, Bussoten (Alicante). 2000ko apirilean egin zen epaiketa eta Rodríguez Galindo eta beste mando eta Intxaurrondoko goardia zibil batzuk epaitu zituzten hartan: 67 eta 71 urteko kartzela zigorrak egotzi zitzaizkien.

Handik gutxira, beste eskandalu batek egin zuen eztanda: CESIDen paperak. Zerbitzu Sekretuen bigarren buruzagi Juan Alberto Perot-ek politikari sozialista gehiago GALekin erlazionatzen zituzten hainbat dokumentu harrapatu zituen eta, El Paísen esanetan, bazirudien Mario Conderi eman zizkiola estatuko buruzagiei xantaia egin ahal izateko, bere burua eta Javier de la Rosarena libratzeko xedean[9]. Haietako batzuk telefono-entzute ilegalen transkripzioak ziren eta, horregatik, Narcís Serra presidenteordeak —Defentsa ministroa entzuteak burutu zirenean— dimisioa aurkeztu beharrean izan zen.

García Vargas Defentsa ministroak ere —artean lehendakari zen enpresa horretan— dimititu behar izan zuen, Renferen lurrak espekulazioz saltzeko ekintzetan inplikatuta zegoelako. 2001ean, Tribunal Gorenak Audientzia Nazionalaren sententzia berretsi zuen eta entzute ilegalen errua CESID-eko zazpi kideei egotzi zien, Emilio Alonso Manglano jenerala eta Perote koronela[10].

1995eko maiatzean, udal eta autonomia hauteskundeak izan ziren eta, une horretan, apirilaren 20an, salbu atera bazen ere, ETAk José María Aznarri egin zioten atentatua. Luis Roldán ere atxilo hartu zuten, erbestean iheslari zela. Hauteskunde haietan, PPk aurrea hartu zion PSOEri eta probintzia-hiriburu eta hiri handi gehienak PPren eskuetara joan ziren.

Eskandalu haien guztien ondorioz, CiUko lider eta Kataluniako Generalitaten lehendakari Jordi Pujolek gobernuari ez zioten handik aurrera lagundu eta hura gutxiengoan geratu zen Legebiltzarrean. Felipe González hauteskundeetara deitu beharrean izan zen, 1996ko martxoaren 3rako. PPk irabazi zituen, baina ez uste zuen gehiengoaz, 300.000 botoz, baizik (9,7 milioi-9,4 milioi), gehiengo absolututik urrun (156 eserleku, PSOEk baino 15 gehiago). Hala ere, PPk lortu zuen, azkenean, sozialistak eraistea.

Ez ziren hor isildu PSOEren trapu zikinak. Francisco Paesarena atera zen 1994an. Paesak kapitalak erakartzeko UniB Holding izeneko sozietatea zuen eta Brusela hartu zuen egoitza, italiar talde batekin fondoak ezkutatzen eta ihes eginarazten zuen bitartean. Fraude, faltsifikazio eta 2 milioi markoz jabetu zen salaketapean, 1976an, Interpolek Belgikan hartu zuen atxilo eta Suitzara estraditatu zuten; urtebete geroago, kartzelan egon behar izan zuen[11].

Atera zenean, arma trafikatzaile izan zen eta Genevan bizi zen jende handien babesean. Khomeiniren erregimenari gerra-materiala saltzen ahalegindu ziren eta ETA-ri 2 misil antiaereo saldu zizkion, baina lokalizazio-sentsoreak zituzten hauek eta poliziak zulo garrantzitsua aurkitzeko aukera izan zuen.

1994an argitara atera zena Roldánen kasuarekin inplikazioa izan zen. Paesak Goardia Zibilaren buru zena engainatu zuela uste da eta hark lapurtutako diru guztiarekin geratu zela. Gainera, poliziarekin kolaboratu zuen haren egonlekua aitortuz, hori bai, milioi libra esterlinaren truke (244 milioi pezeta)[11].

1989ko urtarrilean, Baltasar Garzónek Paesa prozesatu zuen GALekin kolaboratu zuelako, beste salaketa batzuen artean. Horrela esan zuen 2004an Juan Alberto Belloch Justizia eta Barne ministro ohiak:

« Paesaren inguruan ateratzen den argibide oro ile-hartze hutsa da[11] »

1998an agertu berri zen Paesa, denek Thailandian hiltzat emanda zutenean. Eskelak zabaldu ziren, heriotzaren zertifikazioa faltsifikatu eta familiari meza gregoriotarrak ospatzeko eskatu zitzaien. Berriro desagertu zen, ordea, eta 2002ko ekainean, fikziozko pasaportea eskuan eta ilobaren laguntzaz, Las Rozasen txaleta erosten zebilela. Berriro ez da haren berririk[12].

Bizitza pertsonala

aldatu
 
Felipe González, 2013an

2011ko abenduan, Felipe González eta Carmen Romero, 39 urtez elkarrekin egon ondoren, dibortziatu egin ziren. Bikoteak hiru seme-alaba izan zituen: María, David eta Pablo.

Presidente ohiak bazuen, jada, beste harreman bat, María del Mar García Vaquerorekin —20 urte gazteagoa—, eta harekin ezkondu zen 2012ko abuztuaren 2an. Pozueloko txaleta utzi eta bikotea Velázquez kalera aldatu zen, Salamanca auzoaren erdi-erdian. Extremaduran ere badu etxaldea eta maiz joaten dira Marbella, Dominikar Errepublika, Tanger edo Marokoko beste leku batzuetara. Bonsaiak zaintzeko afizioarekin eta baita harriak tailatzen ere segitzen du.

Eskandaluak ahaztu nahian, baina, 2016ko apirilean, egungo emaztearekin Panamako paperetan agertu zen, paradisu fiskaletan offshore sozietateak zituelako.

Obra argitaratuak

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu