Joaquín Gómez de Llarena

geologo espainiarra

Joaquin Gómez de Llarena y Pou (Valentzia, 1891ko abenduaren 3a[1] edo 12a[2] - Alpedrete, Madrid, 1979ko ekainaren 29a)[2] geologo espainiarra izan zen, ikerkuntzan eta irakaskuntzan nabarmendua, eta bere ibilbide profesional eta zientifikoaren zati handi bat Euskal Herrian egin zuena, besteak beste Aranzadi Zientzia Elkartearen sorreran parte hartuz.

Joaquín Gómez de Llarena

Bizitza
JaiotzaValentzia1891ko urriaren 3a
Herrialdea Espainia
HeriotzaAlpedrete1979ko ekainaren 29a (87 urte)
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakgeologoa
KidetzaZientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademia

Datu biografikoak aldatu

Valencian jaio arren, familia Teruelekoa zuen eta Joaquin haurra zela hara itzuli ziren. Hiru anaietatik gaztena izan zen.[3] Aita hil eta gero, Zaragozara aldatu ziren; batxilergoa han hasi zuen, eta Toledon amaitu.[1]

Bere familian zientzia eta liberalismo giroa zegoen, eta horixe barneratu zuen Joaquinek.[2]

Naturazalea, 1913an Espainiako Alpinismo Elkartearen "Peñalara" aldizkariaren sorreran parte hartu zuen.[3]

Hizkuntza asko zekizkien, besteak beste frantsesa, ingelera, alemaniera, italiera, portugesa eta nederlandera.[1]

Unibertsitatetik Bigarren Hezkuntzara aldatu

 
Navas de Estena naturgunea (Cabañerosko parke nazionala)

1914ean Madrilgo Unibertsitate Zentralean Natur Zientzia ikasketak burutu zituen;[2] urte horretan izango zuen lehen harremana Santiago Ramón y Cajalek zuzendutako Junta para Ampliación de Estudios (JAE) erakundearekin (Institución Libre de Enseñanza proiektu pedagogiko aurrerakoiak sustatutakoa): ikasketetan espongiarioen zoografia estudiatu eta gero, udan Santanderko Itsas Biologia Estazioan ikasten jarraitzeko laguntza bat eskatu zuen.[1] Urte berean Monakoko Printzipatuaren "Princesse Alice II"[4] yatea ezagutu zuen (ikerketa ozeanografikorako prestatua),[3] eta Navas de Estenako naturgunera eginiko lehen exkurtsio geologikoa antolatu zuen (gaurko Cabañerosko parke nazionalean).[5]

1916ean doktoregoa atera zuen; garai horretan bere interesa zoologia arlotik geologia eta geografia fisikoaren aldera igaro zen, geologoekin kolaboratzen hasita: Eduardo Fernández-Pachecoren laguntzaile izan zen eta Lucas Fernández Navarroren kolaboratzaile. Urte honetan bere lehen lan geologikoak argitaratu zituen Natur Zientzia Museo Nazionalarekin, Gaztela Berrian eginiko ikustaldiei buruz.[1]

1916an, baita ere, irakasle bezala estreinatu zen: mineralogia eta geologia kurtso praktikoak emanez, eta Zaragozako Unibertsitatean zientziak irakatsiz, irakasle laguntzaile bezala. Uda horretan Urbión mendilerroan ikustaldiak egin zituen Juan Carandell lagunarekin, Kuaternarioko glaziazioen aztarnei erreparatuz.

1918an Portugalen izan zen, JAEk lagunduta, hango Zerbitzu Geologikoaren datuak eta bilduma petrologiko eta paleontologikoak estudiatuz, bereziki Siluriar garaikoak. 1918-19 ikastaroan Zaragozako irakasle laguntzaile postura itzuli zen, baina handik gutxira etapa berri bat hasiko zuen Bigarren Hezkuntzako irakasle bezala. Hain zuzen ere, Las Palmas de Gran Canariako Natur Historia eta Fisiologia eta Higiene katedra irabazi zuen, bertako Instituto General y Técnico-an.[1]

Asturias eta langile mugimendua aldatu

 
Jovellanos Institutua (Gijón)

Garai honetan sismologian interesa erakutsi zuen, eta Las Palmasko institutuan Nekazaritza asignatura ere emateaz arduratu zen. Baina bertan ez zuen denbora asko egin, 1922a Gijonera aldaketa eskatu baitzuen; han katedra bat eskuratu zuen "Jovellanos" Institutuan. Asturiasen, irakaskuntza eta ikerketaz gain, dibulgazioa landuko zuen; urte hauetan kontzientzia politikoa ere sakondu zitzaion.[1]

Gijonera heldu eta gutxira, hiriko Langile Ateneoan txangoak eta argazkigintza lantzeko talde bat sortu zuen; segituan 80 lagunek eman zuten izena. 1925an, Ateneoan bertan dibulgazio hitzaldi sorta bat antolatu zuen, besteak beste geologiari buruz. 1930ean Oviedoko Herri Ateneoan emango zuen hitzaldia, oraingoan geografiari buruz (Espainiako paisaia eta harri motak).[1] Izan ere, Llarena natur paisaien argazkigintza asko landu zuen, bere jardun zientifikoarekin uztartuz; berak hartutako irudi batzuk erreferentziazkoak dira geologia arloan.[6]

1924tik 1928ra Institutuko zuzendaria izan zen; garai horretan Gerardo Diego irakaskidearen oso laguna egin zen.[1]

Geologian eta geografian buru belarri aritu arren, ez zuen izaki bizidunekiko interesik galdu: 1928an arrantzale batzuek harrapatutako txipiroi erraldoiaren berri izan zuen. Espainiako Natura Zientzien Museo Nazionalera eramateko lanak berak antolatu zituen.[1]

Eten gabeko ikerketa, diktaduran eta Errepublikan aldatu

Ohi bezala, aktibitate guzti hauek ikerkuntzarekin txandakatzen zituen. 1923an Alemanian egonaldia egin zuen sismologia geologikoa lantzeko (bere kontura, ezin izan baitzuen JAEren dirulaguntza baliatu: Primo de Riveraren diktadurak erakundearen funtzionamendua geldotu zuen); 1924an berriz, JAEren dirulaguntzarekin, Alemanian eta Suitzan egonaldiak egin zituen sismologia kontuak ikertzeko, baita ere. 1928-29 ikastaroan, JAEren laguntzari, Humboldt Institutuaren diru laguntza gehitu zitzaion, eta Alemanian beste egonaldi bat egin zuen Frankfurteko Unibertsitatean geologia eta geografia ikertzeko; Richter eta Behrmann irakasleekin, besteak beste. Gainera Europako eta Erresuma Batuko ipar-mendebaldean bidai luzea egin zuen, Norvegiako fiordoen, Eskoziako glen-en, eta Bretainiako kostaldearen morfologia aztertzen.[1]

1929an, Gijonen bueltan, Real Sociedad Geográfica erakundean sartu zen eta I Congreso Pedagógico Asturiano-an parte hartu zuen. Urte berean Primer Caballero de la Orden del Mérito Civil izendatu zuten. Primo de Riveraren diktadura erori ostean, Manuel Azañaren Acción Republicana alderdian izena eman zuen, Gijongo buru batzarreko lehendakaria bihurtuz. Espainako Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, kargu horren eraginez, hiriaren agindua hartu zuen komite iraultzailean parte hartu zuen; eta apirilaren 17an, Institutuko ikasleei egoera politiko berria azaldu zieten hiru irakasleetako bat izan zen.[1]

Madrildik Alemaniara aldatu

 
Llarena Aralarko errefujioan, leizeetara jeisteko teknikak praktikatzen.

1933an Madrilgo Natur Zientzien Museoaren Geografia Fisiko sailaren zuzendaritza postua hartu zuen; eta "Perez Galdós" Institutuan sartu zen Natur

Historia katedradun bezala. Urte horretan Geographische Gesellschaft für Erdkunde zu Berlin erakundearen kide bihurtu zen, eta JAEren diru laguntza eskatu zuen, bi hilez geomorfologia ikerketak egiteko Espainia ipar aldeko kostaldean, Bretainian, Ingalaterra hegoaldean eta HerbehereOrdurako bost urtetik gora zeramatzan marearteko zabalguneak aztertzen.[1] Garai honetan, baita ere, Toledoko mendiak estudiatu zituen; haien lehen azterketa geomorfologikoa berak egin zuen.[7]

1933 eta 1935 artean, Llarenak modu oso aktiboan parte hartu zuen Espainiar Jaurlaritzak bultzatutako kultura zabalkunde programan, bere ezagupen geologikoak hainbat lekutan dibulgatuz, hitzaldien eta irratiaren bidez. Horrekin batera, jardun politikoan aritu zen, lehenik Acción Republicanaren baitan, eta gero Ezker Errepublikanoaren kide bezala: alderdi honetako 22 ordezkari nazionaletako bat izan zen. Madrilgo Ateneoaren zuzendaritzan ere sartu zen.[1]

1936ko estatu kolpearen ostean, Fronte Popularrak Sociedad Geográfica Nacional erakundearen zuzendaritza kargutik kendu zuen, "monarkikoen eta faszisten kabi bat zelako"; Llarena haien ordez sartutako zuzendaritza batzordean sartu zen. Halere, handik gutxira Madrildik atera zen, gerra giroarekin atsekabetuta,[3] arreba eta iloba umezurtzak eramanez. 1936ko irailean Ignacio Bolívar Natur Zientzien Museo Nazionalaren zuzendariak erbesteratzeko baimena eman zion. Arreba eta ilobak Frantzian utzita,[8] bera Alemaniara joan zen, Hans Stille irakasle eta lagunarengana; lehenik hari laguntzen izan zen, unibertsitatean, eta gero gaztelerako irakasle bezala lan egin zuen Frankfurteko (1937-1940) eta Leipzigeko (1940-1942) unibertsitateetan.[1]

1940ean Magdalena Reimann-ekin ezkondu zen. Ogibidez medikua, jatorri alemaniar-espainiarrekoa zen[2] eta Llarenaren ikerketetan eta itzulpenetan laguntza handia emango zion hurrengo 39 urteetan.[1] Seme bat izan zuten, Joaquin izenekoa.[3]

15 urte Euskal Herrian aldatu

 
Manuel Laborde eta Joaquín Gómez de Llarena Basolon (Aralar).

Destinu berri bat aldatu

Gerra Zibila amaitu ostean, bere aurrekariak zutenek zaila zuten erbestetik bueltatu ahal izatea. Halere, 1942ean, autoritate berrien aldetik Gomez de Llarenak Espainiara itzultzeko baimena lortu zuen. Ez ordea bere lehengo postura: Donostiako "Peñaflorida" Institutuan Natur Zientzietako katedra seinalatu zioten. Inspektore lanak ere egingo zituen, 1961ean erretiroa hartu arte mantenduko zuen postua.[2]

Donostian bizi izandako 15 urteetan, Euskal Herriko eta Pirinioetako ezagupen geologikoari ekarpen asko egin zizkion. Gipuzkoako flysch kretazeo-nummulitikoari buruzko ikerketak egin zituen, bereziki Igeldo eta Deba-Zumaia marearteko zabalgunea aztertuz. Hauek aire libreko museoa zirela aldarrikatzen zuen; gaur egun Euskal Kostaldeko Geoparkea dena Llarenaren eskutik hasi zen nazioartean ezagutzen.[9] Pasaiako badiaren historia geologikoa ere aztertu zuen, baita Gipuzkoako kostaldeko fisiografia eta itsas-higadura ere.[1]

Garai honetan Espainiako Ozeanografia Institutuarekin ere elkarlanean aritu zen, Afrikako esplorazio ozeanografikoak eta sedimentu laginketak aztertuz.[1]

Irakaskuntzara eta zientziara emana aldatu

 
Llarenak prestatutako geologia saila, San Telmo museoan.

Bistan denez, frankismo betean, Joaquín Gómez de Llarenak gerra aurreko aktibismo politikoa bazter utzi behar izan zuen; aurrerantzean irakaskuntzan eta zientzian zentratu zen. Urte hauetan emaztearen laguntzaz eginiko atzerriko geologia liburuen itzulpenak nabarmendu daitezke, eta 1943an[10] Natur Zientzia museo bat sortzeko abiatu zituen lanak. Handik urte gutxira San Telmo Museoaren baitan Donostiako Natur Zientzien Udal Museoa izeneko saila sortuko zen, Llarenaren zuzendaritzapean.[1]

Donostiara heldu bezain laster, inguruko naturalistekin harremanetan jarri zen: 1944an Jesus Elosegik eta Pilar Sansineneak gidaturik, Francesc Español eta Ramón Margalef zientzialari kataluniarrekin batera Aralarren ikustaldia egiten aritu zen; urte berean, Maximo Ruiz de Gaona industen ari zen Txispiri kobazuloa (Gaztelu)[11] bisitatu zuen, Luis Antonio Larrauri eta Manuel Laborderekin batera.[10] Hain zuzen ere, aurrerantzean haitzuloak ikertzen dituzten espezialistekin (batez ere espeleologo, arkeologo eta paleontologoekin) harreman estua mantenduko zuen.

Aranzadi Zientzia Elkartean aldatu

 
Aralar 1945eko espedizioa: gorengo hiruretatik eskuinekoa da Llarena.

1945 urtea mugarria izan zen “Amigos de Aralar” taldekoen Igaratzako bordan astebeteko espedizio espeleologikoa antolatu zuten. Partehartzaileen artean: Joaquín Gómez de Llarena, Josep Maria Thomas, Francesc Español, Ramón Margalef, Joaquim Mateu, Manuel Laborde (espedizioaren babeslea), Máximo Ruiz de Gaona, Luis Peña Basurto, Reyes Korkostegi, Boni Otegi, Jesus Elosegi, Pilar Sansinenea eta Estefania Elizalde izan ziren. Katalanek animatuta (gehienak irakasleak eta Centre Excursionista de Catalunya-ko kideak), gipuzkoarrek Natur Zientzia zale guztiak biltzeko erakunde baten premia ikusi zuten;[10] horren ondorioz sortuko zuten Aranzadi Zientzia Elkartea, hasieran Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen babespean.[12] Gómez de Llarena izan zen Munibe aldizkaria martxan jarri zuena -VIII. Peñafloridako kondearen omenez izendatu zuten horrela-,[12] baita elkartearen Geologia Saila ere.[13]

Hamarkada honetan, Eugi eta Urepele artean aurkitzen den magnesita aztarnategi handia ere ikertzen hasi zen. Mea mota honen ustiapenaren inguruan interes ekonomiko handiak zeuden (Magnesitas Navarras), baina Llarenak bere azterketak beti eremu zientifikoan mantendu zituen, Asturreta izeneko aztarnategiari arreta berezia eskainiz.[3]

1948an Real Academia de Ciencias Exactas, Físicas y Naturales erakundean sartu zen.[2] 1950 eta 1951ean Donostian udako geologia ikastaroak antolatu zituen. Lan guzti hauek bere jardun profesionalarekin eta ikerketarekin uztartuz, nazioartean ospe handia lortu zuen: Marcel Denaeyer Bruselako Unibertsitateko katedradunak goretsi zuen, eta Frantzian Officier d'Academie ohorezko izendapena jaso zuen.

Madrilera itzultzea aldatu

 
Espeleologo gipuzkoarrak Basolon (Aralar), koba bat arakatzen. Ezkerrean, Joaquín Gómez de Llarena.

1957an Madrilera itzuli zen. Erretiroa 1961ean hartu zuen, "Cardenal Cisneros" Institutuaren katedradun eta Bigarren Hezkuntzako Inspektore gisa.

Urte berean Comendador de la Orden de Alfonso X El Sabio izendatu zuten.[1] 1962an Real Sociedad Española de Historia Natural erakundearen lehendakari izendatu zuten, eta Natur Zientzien Museoko ohorezko irakasle.[2] Baina erretiro ostean ikerketarekin jarraitu zuen: 1965ean eta 1966ean Juan March Fundazioaren diru laguntza bana eskuratu zituen ikasten jarraitzeko, Austrian eta Frantzian hurrenez hurren.[1] Ostean, Empresa Nacional de Óptica-rekin kolaborazio luzea abiatu zuen (1966-1974) enpresa honek Espainiako Bigarren Hezkuntza ikastetxeetan banatu zituen bilduma geologikoak prestatzen.[2] Hortaz gain, hil arte CSIC-en menpeko hainbat erakunderekin kolaboratu zuen, hala nola Geologia Ekonomiko Institutuarekin.[1] Gainera, argitalpenen zerrendan ikus daitekeenez, Euskal Herriko bere ikergai kutunen gaineko interesa bizitza osoan mantendu zuen, bereziki Nafarroako magnesita aztarnategiak eta kostaldeko marearteko zabalguneak.

Bere azken urteak Alpedreten eman zituen, bizimodu lasaia eramanez, ikasle ohiei harrera adeitsua eginez eta ingeles hizkuntzaren ezagupenean sakonduz. Hil ostean, bere liburutegi zientifiko osoa Madrilgo Complutense Unibertsitateari dohaintzan eman zion.[3]

Zenbait datu aipagarri aldatu

 
Llarena arrokak aztertzen Basolon (Aralar).

Nabarmentzeko moduko datua da, Llarenak eginiko ibilbide zientifikoa hain garrantzitsua izanik, bere ikerketa

gehienak medio apalekin gauzatu zituela ("mailua, lupa, azido klorhidrikoa, prismatikoak, argazki kamera, mikroskopio sinple bat", eta "oinez ibiltzeko zaletasuna"). Gainera, hasierako urteetako kolaborazioak kenduta, bere lan zientifikoaren zatirik handiena unibertsitateetatik kanpo burutu zuen. Bere ikasle izandakoek gogoratzen zutenez, irakasle saiatua zen eta naturarekiko maitasuna transmititzen zekien, gazteak ikasgelatik ateraz eta mendira eramanez.[3]

Ezagun da, bestalde, bere maila zientifikoak pisu handia eman ziola, bere pentsaeratik oso urrun zeuden pertsona eta erakundeen errespetua irabazteraino: liberal eta ezkertiar ezaguna izan arren, nazismoaren eta frankismoaren baitan jardutea egokitu zitzaion, arazo larririk gabe.

Omenaldiak aldatu

Paleontologoek hainbat espezie fosil izendatu zituzten Joaquín Gómez de Llarenaren omenez:[3]

  • Nuculites llarenai (Kegel, 1927)
  • Palaeodyction gomezi (Azpeitia, 1932)
  • Pseudotissotia llarenai (Karrenberg, 1935)
  • Eodiscus llarenai (E & R. Richter, 1941)
  • Trochus llarenai (Bataller, 1939)
  • Nummulites gomezi (Ruiz de Gaona, 1947)
  • Euphoberia llarenai (Meléndez, 1948)

1980ean, inaktibitate urte batzuen ostean, Aranzadi Zientzia Elkarteko kide gazte batzuek Geologia Saila berriz martxan jarri zuten, Gomez de Llarenaren lana kontuan hartuz, eta segida emanez.[14]

1998an Donostian ekitaldi akademikoa egin zen bere omenez.[15]

2003an Euskal Herriko lehen Ikasgune Geologikoa sortu zenean (Luberri, Oiartzun), Llarenari eskaini zitzaion.[2]

Argitalpenak aldatu

Lan originalak aldatu

Itzulpenak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v (Ingelesez) «Gómez de Llarena y Pou, Joaquín» ceies.cchs.csic.es (Noiz kontsultatua: 2022-04-30).
  2. a b c d e f g h i j «Joaquín Gómez de Llarena y Pou | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2022-04-30).
  3. a b c d e f g h i (Gaztelaniaz) Suárez Vega, Luis Carlos; Perejón, Antonio; Roquero de Laburu, Carlos; Suárez Vega, Luis Carlos; Perejón, Antonio; Roquero de Laburu, Carlos. (1980). «D. Joaquín Gómez de Llarena y Pou (1891-1979)» eprints.ucm.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  4. «Princesse Alice II» yachts.monacoeye.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  5. Lancha, Miguel A. de San José. (2014). «Geología y paisaje del Parque Nacional de Cabañeros: excursión al Boquerón del Estena (Navas de Estena, Ciudad Real)» De re metallica ( Madrid ): revista de la Sociedad Española para la Defensa del Patrimonio Geológico y Minero (23): 55–68. ISSN 1888-8615. (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  6. «Ladera del monte perdido Fotografiada por el geógrafo y geólogo español don... - Archivo ABC» abc 2020-02-27 (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  7. «P.N. de Cabañeros» www.igme.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  8. (Gaztelaniaz) Director, Cartas al. (2020-09-11). «Alfredo Van Den Brule. El Alcalde de Toledo que fue leal a Alfonso XIII. Por Miguel Espinosa García de Oteyza» elcorreodeespana.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).[Betiko hautsitako esteka]
  9. Igartua, Maialen. ««Edonork ulertzeko moduko liburuak egiten saiatu gara»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  10. a b c Angel., Goicoetxea Marcaida,. (1997). La Sociedad de Ciencias Aranzadi Zientzi Elkartea : medio siglo de trabajos, 1947-1997. Sociedad de Ciencias Aranzadi = Aranzadi Zientzi Elkartea PMC 492159382. (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  11. (Gaztelaniaz) La cueva sepulcral de Txispiri en Gaztelu - AKERBELTZ KIROLA & kULTURA. 2021-04-26 (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  12. a b (Gaztelaniaz) Aranzadi | Zientzia Elkartea · Society of Sciences · Sociedad de Ciencias · Societé de Sciences » 1949 – Volumen 1 fascículo 1. (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).[Betiko hautsitako esteka]
  13. (Gaztelaniaz) Aranzadi | Zientzia Elkartea · Society of Sciences · Sociedad de Ciencias · Societé de Sciences » Joaquín Gómez de Llarena. (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  14. JOSÉ ANGEL TORRES SAENZ. SOCIALIZACIÓN DEL CONOCIMIENTO. PROMOCIÓN, PUESTA EN VALOR Y RED DE MUSEOS. LA SOCIEDAD DE CIENCIAS ARANZADI. EUSKADIKO GEODIBERTSITATEARI BURUZKO I. JARDUNALDIAK. JORNADAS SOBRE GEODIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO. Bilbao, 12, 13 y 14 de Mayo de 2010
  15. (Gaztelaniaz) «Acto académico en honor de D. Joaquín Gómez de Llarena y Pou (1891-1979)» datos.bne.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).

Kanpo estekak aldatu