Santiago Ramón y Cajal
Santiago Ramón y Cajal (Petilla, Nafarroa Garaia, 1852ko maiatzaren 1a - Madril, 1934ko urriaren 17a) nafar-aragoiar sendagile, ikerlari eta histologoa izan zen. 1906. urtean Medikuntzako Nobel saria jaso zuen.
Biografia aldatu
Petilla Aragoin jaio zen, aita herriko sendagilea zuela. Luna, Valpalmas eta Ayerben bizi izan ostean, eta 1869an sendia Zaragozara aldatu zen. Santiagok medikuntza ikasketak Zaragozako Unibertsitatean egin zituen; 1873an titulua lortu baino lehen, ile-apaintzaile eta zapatagin aritu zen[1]. 21 urte zituela, soldadutza egitera joan behar izan zuen. Armadako osasungintzako lehiaketa gainditu zuen, eta lehenik Katalunian aritu zen lanean. 1874an Kubara igorri zuten, tropa kolonialen sendagile. Bertan disenteria eta paludismoak jo zuten, eta Espainiara itzuli behar izan zuen[2].
1884-1887 bitartean Valentziako unibertsitateko anatomiako irakasle izan zen, eta histologia eta anatomia patologiako irakasle Bartzelonako (1887-1892) eta Madrilgo (1892-1922) unibertsitateetan. 1913. urte aldera laborategiko frogetan enbrioien eta animalia gazteen garuneko, bizkarrezur-muineko eta zentzu-guneetako nerbio ehunaren egitura fina aztertzeko Camillo Golgi, italiar medikuak, erabilitako zilar nitrato koloregaia (1903) hobetu zuen urre koloregaia asmatuz. Nerbio egitura aztertzeko erabiltzen den koloregai horrek begiaren sarearen egitura eta gai grisean nahiz bizkarrezur-muinean nerbio zelulek duten egitura eta lotura aztertzeko ez ezik, burmuinetako tumoreak diagnostikatzeko ere funtsezko balioa du.
1906. urtean Camillo Golgirekin batera Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saria jaso zuen, neurona edo nerbio zelula nerbio sistemaren egituraren oinarri gisa aztertu eta finkatu zuelako. Aurkikuntza horrek eragin handia izan zuen nerbio sisteman neuronek betetzen duten oinarrizko eginkizuna eta nerbio-kitzikaduren funtzionamendua aztertzeko.
Espainiako Real Academia de las Ciencias-eko kide izateaz gainera, Instituto Nacional de Higiene erakundeko zuzendari ere izan zen. 1920. urtean Espainiako Alfontso XIII.ak haren izena daraman institutua sortu zuen Madrilen; han eman zituen lanean Ramón y Cajalek hil bitarteko urteak. Aipaturiko Nobel sariaz gainera, Moskuko nazioarteko saria (1900) eta Helmholtz Domina (1905) jaso zituen.
Idazlanak aldatu
Hainbat lan zientifiko argitaratu zuen bizitzan zehar, baina baita bestelakoak ere, autobiografikoak eta abar:
- 1884: “Manual de Histología”.
- 1886: “Cuentos de vacaciones”.
- 1888: "Histología Normal y Patológica” (aldizkaria).
- 1889: “Manual de histología normal y técnica micrográfica”
- 1890: “Manual de Anatomía Patológica”.
- 1897: "Textura del sistema nervioso del hombre y los vertebrados" (faszikuluak).
- 1901: “Mi infancia y juventud”.
- 1902: "Trabajos del Laboratorio de Investigaciones Biológicas" (aldizkaria).
- 1904: "Textura del sistema nervioso del hombre y de los vertebrados" (lan nagusia).
- 1905: “Cuentos de vacaciones” eta ”Historia de mi labor científica”.
- 1912: “La fotografía de los colores”.
- 1915: “Contribución al conocimiento de los centros nerviosos de los insectos”.
- 1917: "Recuerdos de mi vida": “Mi infancia y juventud” (1. liburukia) eta “Historia de mi labor científica” (2. liburukia).
- 1918: “Manual Técnico de Anatomía Patológica”.
- 1923: “Recuerdos de mi vida”, 3. liburukia.
- 1933: "¿Neuronismo o reticularismo?".
- 1934: “El mundo visto a los ochenta años”.
Erreferentziak aldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/10/20 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Txomin Laxalt: Brèves de Pays basque, 2008. 40.or.
- ↑ Victoria HORRILLO, José María LÓPEZ PIÑERO: Ramón y Cajal, Santiago (1852-1934) Mcnbiografias.com
Ikus, gainera aldatu
Kanpo estekak aldatu
- (Gaztelaniaz) Argitaratutako lanak