Ireki menu nagusia
Euskal Herriko jaietan identitatea osagai nabarmena da. Irudian, Iruñeko Sanferminak jaien hasiera ospatzen, denak zapi gorriarekin.

Euskal Herriko jaiek, Euskal Herrian ospatzen diren jaiak izateaz gainera, ezaugarri bereziak dituzte. Euskal kultura modu nabarmen batez islatzean, beste herri batzuetako herrien aldean bereziki identitatea indartu egiten duten jaiak direla aipatu da antropologiatik. Horrela, azal daiteke gainera Euskal Herriko jaiek denboran nahiz espazioan zehar duten ugaritasuna eta trinkotasuna. Ildo horretatik, gogoratu behar da Voltairek XVIII. mendean euskaldunak definitzeko erabili zuen esaldia: "Pirinioetako bi aldeetara kantu eta dantza egiten duen herria".

XXI. mendean Euskal Herriko jaiek aldaketa garrantzitsuak izan dituzte aurreko mendeetan ospatzen ziren jaien aldean: XX. mendeko amaierara arte jaietan nagusi izan esanahi erlijiosoa baztertu eta beste dimentsio kolektibo bat hartu dute, Euskal Herriaz gaindi bestalde, turismoaren erakargarri.

Eduki-taula

Euskal Herriko jaietako ibilbide batAldatu

InauteriakAldatu

Euskal Herriko inauteriak mozorroez gainera, antzinako beste tradizio anitz atxiki ditu herri askotan, gizarte-ordenaren iraulketa modu sinbolikoan adieraziz. Garizumaren aurreko astean ospatzen dira herri gehienetan, baina herri txikietako inauteri tradizional askok beste ziklo zabalago batean zehar ospatzen dira, urte hasieratik. Euskal Herrian, bi motako inauteriak bereizten dira argi eta garbi: alde batetik, inauteri hiritarra, hiri eta herri handietan ospatu eta mozorroetara mugatzen dena; bestetik, inauteri tradizionala, Lantzeko inauteria eta Zuberoako maskarada esaterako, tokiko ezaugarri bereziak dituztenak, antzinatik jasota. Bi inauterien artean kokatzen dira Tolosako inauteriak, hiritarra izan arren, mozorro-erakusketaz gainera inauterietako jai-izaera osoa hartzen duena.

Herriko jaiakAldatu

 
Larrabetzuko Andra Mariek: Euskal Herriko jaietan txosnak (irudian, eskuin aldean) herritarren bilgune dira.

Udaberriko jaien zikloari amaiera ematen dion jaia Euskal Herriaz gaindi Europa osoan ere udako solstizioa berrikuntza moduan ospatzen den Donibane jaiaren ondoren, udako jai gehienak herriko jaiak dira, herriz herri eta auzoz auzo ospatzen direnak, herriko zaindariaren omenez jatorri batean baina zentzu sakonean beste esanahi bat hartzen dutenak, erritu iniziatiko, gazteen festak direlako bereziki, identitatezkoa, komunitateko jaia delako, eta performatiboa, gizartearen islada delako[1]. Herriko jai hauek egun batzuetan zehar luzatzen dira, egun bat auzo txikienen kasuan, hiruzpalau egun kasu gehienetan eta astebete hiriburuen kasuan. Egun hauetan zehar ekitaldi ugari ospatzen da, udalek, auzo eta herri elkarteek eta jai batzorde herrikoiek hilabete batzuk lehenago antolaturik. Ekitaldi hauek jaiak baino egun batzuk lehenago banatzen den jai egitarauan biltzen dira. Era guztietako ekitaldiak ospatzen dira: herriko zaindariaren omenezko meza eta bilkurak, haurrentzako jolasak, kirol ekitaldiak, dantza eta musika-ikuskizunak publiko guztietarako, su artifizialetako ikuskizunak, bazkari herrikoiak. Jaiak ospatzen dituzten herritarrak, txosna izeneko taberna mugikorren inguruetan biltzen dira bereziki. Ekitaldiak gau eta egunez ospatzen dira, baina gauez gazteentzako ekitaldiak izaten dira bereziki, hala nola berbenak eta musika-emanaldiak. Gazteen parte hartzea nabarmena da, kuadrilletan bilduz eta haietako askorentzat opor garaia dela aprobetxatuz. Adinak faktore bateratzaile moduan jokatzen du beste adin-taldeetan ere, haurren, heldu nahiz agureen artean[2], eta bakoitzarentzat ekitalde bereiziak izaten dira. Haurrei zuzenduta, jolasak eta ikuskizun bereziak ospatzen dira, horietako asko Haurren Eguna izeneko egun berezi batean bilduta. Horretaz gainera, herri askotan haurrentzako barraka eta atrakzioak izaten dira. Herriko jendea biltzeaz gainera, herriko jaiek inguruko herrietako herritarrak ere erakartzen dituzte, haien parte hartzea ikusle izatera mugatzen bada ere. Herriko jaiak bereziki herritarren arteko harremanak eta loturak sendotzen dituzten jaiak direlako teoria indartzen duten beste elementu batzuk herriko jaietako soka-dantzak dira, Gipuzkoan bereziki, herritarren kohesioa islatzen dutenak dantzarien arteko loturen bitartez[3][4][5].

Zezen festakAldatu

 
Zezena tradiziozko osagaia Euskal Herriko jaietan. Irudian, zezena Tolosako inauterietan.

Ugariak dira Euskal Herrian zezen, zezenko eta beste abelgorriekin egiten diren jaiak. Zezen jaiek aldaera zenbait dituzte: entzierroetan korrikalariek zezenak gidatzen dituzte ibilbide batean zehar; sokamuturretan soka luze batez loturik dagoen bigantxa edo zezenko baten oldarrekin egiten den jolasa da; txarlotada abelgorriekin egiten den umorezko ikuskizuna da; errekortariek zezenen aurreko ikuskizun akrobatiko eta atletikoa da; zezensuzkoa, azkenik, pertsona batek gainean daraman zezen itxurako gailu piroteknikoa da, jolas eta ikuskizun moduan jendearen aurka oldartzen dena. Zalantzarik gabe, Euskal Herriko zezen festa nagusia Iruñeko entzierroa da, urtero mundu osotik milaka lagun erakartzen dituena, baina entzierroak ospatzen dira orobat Tuteran, Lodosan, Lizarran, Tafallan, Faltzesen, Milagron (2008 urtera arte), Arguedasen, Deban eta Pasaian. Zezen festak Erdi Aroan hasi ziren ospatzen Euskal Herrian eta geroztik soka-muturrak, errekortariak eta entzierroak izan ziren ikuskizun nagusiak; XVIII. mendetik Espainia aldetik kapako zezenketak sartzen joan ziren[6] eta XIX. menderako Bilbo, Donostia eta Iruñeko ospakizun nagusietako bat heltzera heldu ziren. Zezenketa eta tauromakiako beste ikuskizunen tradizio handia izan duten herriak Baiona, Azpeitia (Saninaziyuek jaietan) eta Tolosa (inauterietan eta Sanjoanak jaietan) dira.

Iruñeko SanferminakAldatu

 
Iruñeko Sanferminak jatorri erlijiosoko tokiko jaia izatetik mundu mailako jai masibo eta transgresore izatera pasa dira. Irudian, txupinazoko irudia, 2013an, non ikurrina erraldoia jarri zen udaletxe aurrean.

Iruñeko Sanferminak Euskal Herriko mugak gainditu eta mundu osoan ospetsuak diren jaiak dira[7]. Erdi Arotik ospatzen diren jaiak dira, izaera erlijiosoak hasiera batean, zezenketa ikuskizunekin osatuz geroago eta egun izaera orgiastiko eta transgresore nabarmena dutenak. XX. mendera arte bereziki Nafarroan oihartzuna zuten jaiak izan ziren, baina 1920ko hamarkadatik Ernest Hemingwayk Sanferminak zuzenean bizi eta 1926 urteko Fiesta izeneko liburuan jaso zituenetik atzerritar askoren bisitak hartzen ditu, bereziki ingeles hizkuntzako herrialdeetatik. Uztailaren 6tik 14ra bitartean ospatzen dira eta txupinazo izeneko ekitaldi jendetsuarekin abiarazi eta Pobre de mí ekitaldiarekin bukatzen dira. Bitartean, egunero, goizeko 8etan Iruñeko entzierroa ospatzen da, non korrikalariak zezenen atzetik eta aurretik korrikaldi arriskutsua (eta batzuetan tragikoa, heriotzak gertatu izan baitira) egiten duten, Iruñeko zezen-plazara sartu arte. Entzierroen irudiak zuzenean eskaintzen dira mundu osoko telebistetan ikuslego handiarekin. Ekitaldi horietaz gainera, arratsaldeko zezenketak, erraldoi, buruhandi eta kilikien konpartsen ibilerak, txaranga, berbena, dantzak eta giro herrikoi aparta izaten da Iruñeko Alde Zaharreko eta inguruko kaleetan, denbora guztian herritar guztiak zuri-gorriz jantzita eta lepoan jaietako ikurra den zapi gorria dutela.

Hiriburuetako jaiakAldatu

 
Bilboko Aste Nagusian, konpartsek protagonismo berezia dute, jai herrikoiak eta parte hartzaileak eginez. Irudian, Pinpilipauxa izeneko konpartsako kideak, 2011 urteko Aste Nagusian.

Baionan (Baionako bestak izenez), Gasteizen (Andre Maria Zuriaren jaiak izenez), Donostian eta Bilbon (azken bi hauetan, Aste Nagusia izenez), jaialdi bereziak ospatzen dira, astebete inguruko iraupenez eta bertako hiritarrez gainera, Euskal Herri osoko eta atzerriko pertsonak ere erakartzen dituztenak. Jai hauek XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendean zehar sortu ziren, zezenketaren inguruan Donostia eta Bilboren kasuan, eta geroztik ekitaldi gehiago biltzen joan dira, hala nola, musika-jaialdiak, dantzaldiak, su artifizialak eta bestelako ikuskizunak, bereziki kanpotarrei zuzenduta. Bertako hiritarrek parte hartzen zuzena izaten badute ere konpartsa, kuadrilla eta antzeko lagun-taldeen baitan.

Baionako bestak uztailaren amaieran eta abuztuaren hasieran ospatzen dira bost egunetan zehar. 1932 urtean sortu ziren, Iruñeko Sanferminen ereduari jarraiki. Iruñean bezala, Baiona bestak ospatzen dituztenen janzkera zurigorriz koloretzen da egun hauetan, peñas izeneko lagun taldeen protagonismoaz. Urtero, milioka bisitari erakartzen dituzte eta Frantziako jai ospetsuenetakoa da.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak abuztuaren hasieran ospatzen dira 1884 urtetik. 1957tik, bestela, ekitaldi ikusgarriena Zeledon izeneko panpinaren jeitsiera da, jaiei hasiera ematen diena milaka lagunen aurrean. Jaiak blusa eta neska mutil eta nesken kuadrillen giroan ospatzen dira.

Donostiako Aste Nagusia ospatzen dira ondoren, Mariaren Jasokundearen eguna ospatzen den astean. 1876 urtetik ospatzen dira eta bereziki zezenketaren inguruko jaiak izan ziren XX. mendearen bigarren erdira arte. Egun, su artifizialen eguneroko erakustaldi-lehiaketa da jaietako ekitaldi nagusia, azken urtetoan herritarren parte hartzea sustatu duten ekitaldiak sortu badira ere, Abordatzera izenekoa kasu. Hala eta guztiz ere, izaera turistiko nabarmena duten jaiak dira; izan ere, Donostian benetan izaera herrikoia duten jai nagusia, urtarrilaren 20an, Donostia egunean alegia, ospatzen den Donostiako Danborrada da.

Bilboko Aste Nagusia 1978 urtetik ospatzen da. Jaiaren ikurra Marijaia izeneko jaia da. Herritarren parte hartze nabarmena duten jaiak dira, konpartsa izeneko taldeen bitartez, jaien antolaketan nahiz ospakizunetan.

AlardeakAldatu

Sakontzeko, irakurri: «alarde»

Alardea armatuta eta gudariz jantzita Herriko zenbait herritan herritar talde batek egiten duen desfilea da. Ekainean 30ean, San Martzial egunez, Irungo alardea ospatzen da; eta irailaren 8an, Hondarribikoa. Bi herri horietako alardeak XVI eta XVII mendeetan armada frantsesen aurka lorturiko garaipenak ospatzen dituzte. Bi herri hauetan milaka gizon eta emakume segizio militar bat egiten dute herriko kaleetan zehar, herriko identitatea indartzen duten jaietan. Azken urteetan, hikamika sortu da bi herri horietako jaietan emakumeen berdintasunezko partaidetzari buruz. San Joan egunean Tolosan ospatzen den alardean, eskopeteroak deritzon jaian, herritarrek segizioa egiten dute, baina hauetan jai-giroa nabarmenagoa da: herritarrak jantzi koloretsuekin joaten dira eta parte hartzaile batzuk daramaten eskopeta eta alardea dela adierazten duen elementu bakarra. 2011 urtetik beste alarde bat ospatzen da Tolosan ekainean, ikuskizun motakoa, bertan 1813 urtean gerra napoleonikoen baitan izan zen guda bat oroitzen duena. Antzuolan, Mairuaren Alardea ospatzen da uztaileko hirugarren asteburuan, 912 urtean Abderraman III.aren aurka Valdejunquerako guduan lortutako garaipena oroitzeko. Elorrion, Errebonbilloak izeneko alardea egiten da, non hamabost bat gaztek segizio militarra eta dantza egiten dute herrian, eskopetaz armaturik eta kapitain baten aginduetara, kutsu erlijioso nabarmena duen jai baten baitan.

Euskal folkloreko jaiakAldatu

 
Euskal folklorea maiz irudikatzen da Euskal Herriko jaietan. Irudian, haur dantzariak ikurrina osatzen xendazaletasunaren jai batean.

Euskal jaiak XIX. mendearen amaieran Anton Abadiaren eskutik Ipar Euskal Herriko herri zenbaitetan antolatzen hasi ziren jaiak dira, euskal folklorearen giroan. Urte gutxitan, Euskal Herriko beste herri eta hirietara zabaldu ziren. Egun, Donostia, Zarautz eta Ordizian ospatzen dira euskal jaiak entzutetsuenak, irailaren lehenengo hamabostaldian. Santo Tomas feria euskal folklorea irudikatzen duen beste jai bat da, baserritarrak hirira jeitsi egiten zireneko egunak oroituz. Beste kasu batzuetan, euskal jaiak herriko jaien baitan ospatzen dira, Errenterian esaterako, non Madalenak izeneko herriko jaietan Erromeria Eguna ospatzen den. Izan ere, garai bateko erromeria giroa izan da euskal folkloreko jai eredua elikatu duena, non parte hartzaileak baserritarrez jantzita dauden, trikiti musikarekin eta bertsolariekin, maiz euskal abertzaletasunaren ikurrekin. Bestela ere, euskal folklorea maiz agertzen da Euskal Herriko jai eta ospakizunetan, askotan euskal kulturarekin zerikusi zuzena ez duten ekitaldietan ere; esate baterako, aurresku dantza ohikoa da irekiera-ekitaldi ofizial askotan eta ezteietan. Batzuen ustez, euskal folkloreko jaiak antzinako jai erlijiosoen egokitzapena besterik ez da, erlijio tradizionaletik Euskal Herriko abertzaletasunera erritualen transferentzia hutsa, giza taldeek identitate lokal, etniko eta nazionala eratzeko duten beharraz[8].

Kirol jaiakAldatu

Herriko jaietako egitarauetan osagai nagusia izateaz gainera, kirol ekitaldiak beraiek ere jai bilakatzen dira Euskal Herrian, non askotan protagonista handiena publikoa bera den, jai giroa sortuz. Hain zuzen, kirolak, herri edo nazio bati atxikiriko bi talderen arteko lehia izanik, identitate kolektiboa eratzen du, jaiak bezalaxe. Kirola jarduera ludiko moduan ere, berez jaia dela esan daiteke. Beste herrialde batzuetan kirola ikuskizun hutsa bilakatu da, maiz gerra sinboliko moduan eta indarkeria osagai nabarmen batekin; Euskal Herrian, ordea, publikoak jai giroan aktiboki hartzen du parte askotan, kalejiran, poteoan edo besterik gabe, euren taldeko koloreekin jantzita animazioa sortuz eta gehienetan beste taldeko jarraitzaileekin anaitasun giroan, bereziki beste taldeak Euskal Herrikoak badira. Hain zuzen, atzerritar kirolariek ere nabarmendu izan dituzte euskal herritar kirol zaletuen berezitasunak, kirolari guztiei animoak emanez euren jatorria gorabehera[9]. Euskal Herriko kirol ekitaldietan jai osagaia gatazka eta gerra osagaiari gailentzearen arrazoi gisa[10] , euskal herritar publikoaren identitate eta kultura komuna aipa daiteke, non kirolak bereizi ez baizik eta bateratu egiten duen.

Erlijioa Euskal Herriko jaietanAldatu

Bereziki erlijioa XX. mendearen bukaerara arte gizarte erreferentzia nagusi izan delarik, Euskal Herriko sekularizazio-prozesuak jaietako eraldakuntza nabarmena eragin du. XX mendera arte jai gehienek osagai erlijioso nabarmena zutela, kristau liturgiako jai-osagaien gainbeherak jai modu berrien sorrera ekarri behar izan du. Beste batzuetan, antzinako jai erlijiosoak birziklatu eta esanahi berria eman zaie. Izan ere, erlijioaren gainbehera izan arren, gizarteak sentimendu kolektiboak indartzen dituzten erritualen beharra du beti.

Jai erlijiosoak herri txikietan eta adin nagusiko herritarren artean atxiki dira bereziki; hirian osagai erlijiosoa (mezak eta prozesioak bereziki) tradiziozko oinarria atxikitzeko soilik gorde da, instituzioek sustatuta gehienbat, hirietako jaiek gaur duten izaera masibotik urrun. Nafarroa salbuespena da: han Eliza Katolikoak duen presentzia handia dela eta, lurralde horretan badira oraindik ere izaera erlijioso nabarmena duten jai eta ospakizunak, hala nola penitentzia giroan ospatzen diren Irunberri, Orreaga, Uxue eta Muskildako erromeriak eta bereziki Xabierraldia, milaka lagun biltzen dituena Xabierko gaztelurako erromesaldian.

Historian izaera erlijiosoa izan arren, hori galdu eta birziklatu diren jaietan Eguberriak eta Donibane jaia daude, besteak beste. Eguberrietan Jesus Nazaretekoaren jaiotza ospatzen da, baina egun familia giroan ospatzen diren jai horiek ugaritasunaren ospakizunetan murgildu dira; hasiera batean izaera pagano izan zuena eta gero Eliza Katolikoak San Joan Bataiatzailearen omenez bereganatu zuena, erritual paganoak ezabatu gabe; egun izaera erlijiosotik izena bakarrik geratzen da eta elementu naturalak eta paganoak soilik atxiki dira. Garai bateko erromeriek ere, kasu gehienetan, izaera erlijiosoa galdu eta tokiko identitatearen eta naturaren ospakizun moduan hartzen dira, hiritik urrun gizakia jatorriko espazioan integratu nahian.[8] Pazko Igandean, bere aldetik, Aberri Eguna ospatzen da. Izaera erlijioso nabarmena atxiki duten beste kristau jaiak Mendekoste, Corpus Christi eta Santu Guztien Eguna izeneko jaiak dira.

Jai erlijioso kolektiboez gainera, ohikoak dira betiere, bereziki beste erlijioen aldean nagusi den Eliza Katolikoaren jarraitzaileen artean, jai erlijioso familiarrak, hala nola ezteiak, bataioak, lehen jaunartzeak eta antzekoak, horiek ere azken urteetan beherakada handia izan duten arren. Nolanahi ere, liturgia katolikoan jai giroko ekitaldiak dira jarraipen zabalena dutena, meza eta antzeko kultu motek askoz ere beherakada handiagoa izan baitute. Jai familiar horiek oturuntza baten inguruan eta oparien artean ospatu ohi dira.[11] Azkenik, ezin da aipatu gabe utzi kristau tradiziotik datorren asteko jai-eguna, igandea alegia, gehiengo baten atseden-eguna izateaz gainera egun beste jai askotako eguna ere badena.

Politika Euskal Herriko jaietanAldatu

 
Euskal Herriko jaietan erreibindikazio politikoak egiten dira sarri.

Jaien izaera herrikoi, tradizional eta masiboak politika kutsu nabarmena egiten dio. Alde batetik, herri adierazpen moduan, erreibindikazioak eta gatazkak plazaratu eta indartzen diren eremua izaten da, areago jaia ohiko muga sozialak iraultzen dituen denbora izanik. Adibidez, XX. mendearen bukaeran ohikoa izan zen Jaiak bai, borroka ere bai leloa ezker abertzalearen aldetik. Beste alde batetik, botereak bere erreprodukzio-helburuetarako erabiltzen ditu, ekitaldi antolatzaile eta kudeatzaile moduan eta herriaren ordezkari moduan azalduz. Euskal Herriko gatazkak aurkako fenomeno horiek biak indartu egiten ditu, jaiak esparru politiko bizia bilakatuz. Ildo horretatik, XX. mendearen bukaeratik gatazka bat izan da jai herrikoiak, herriak antolaturik eta kudeaturik, aldeztu eta jaien instituzionalizazioa bultzatzen duten erakundeen aldetik. Horren adibidea garbia Bilboko Aste Nagusia da, 1970eko hamarkadan konpartsak izeneko talde herrikoiek sustaturik abiarazi zena, baina urteen poderioz erakunde ofizialen esku sartze nabarmena jasan duena, batzuetan istiluak ere eraginez, euskal preso politikoen argazkiak txosnetan erakusteko debekuagatik, besteak beste. Euskal Herriko herri askotako jaietan nabarmena da, hain zuzen, abertzaletasunaren presentzia sinbolikoa, ikurrinak, presoen argazkiak eta horien aldeko erreibindikazioak (batzuen ustez, antzinako jai erlijiosoetan omentzen ziren herriko hildakoen ereduari jarraiki[12]) erakutsiz, jaiak identitatea indartzen duten denborak direla gogorarazteko. [13] Politikariek ere jaiaren sinbologia euren helburuetarako erabiltzen dituzte, ospakizun ofizialetan eta kirol ekitaldietan besteak beste, herriaren identitate horrekiko atxikimendu neurtua erakusteko.

Landa eta hirietako jaiakAldatu

Landa eta hirietako jaiak ezaugarri desberdin nabarmenak dituzten arren, Euskal Herriko jaiek bi eremuen arteko harremanak erakusten dituzte. Alde batetik, landako jaiak desberdinak dira: erromeriak, herri txikietako mankomunitateko jaiak (Hiru behien zerga, esaterako); mugarrietako zeharkaldiak (Otxandioko Basabisita, esaterako), oro har espazioarekin identitate-harreman estua adierazten dutenak. Beste alde batetik, Euskal Herriko landako jaietako ezaugarri bereziak dituzte: erlijiotasuna modu sakonago batez atxikitzen da (erromerietan ikus daitekeenez) eta euskal folklorea protagonista nagusia izaten da (adibidez, Gipuzkoa eta Bizkaiko herri txikietako jaietan ohikoak dira bertsolariak, herri kirolak, trikiti musika), euskal gizarte tradizionala landa giroan atxiki delako adierazgarri.

Hirietako jaiek landako jaietako ezaugarri tradizional horiek galdu dituzte. Hala ere, hirietako jai batzuetan landa giroa locus amoenus gisa irudikatzen da (euskal jaietan eta Santo Tomas ferian, esaterako); izan ere, euskal folklorea bereziki landa giroko ohiturak eta irudikapenak bilduz osatu da. Idealizazio hau XIX eta XX. mendeetako Euskal Herriko historia politikoan zehar osatu da, non hiria gizarte tradizionalaren hondamenaren eragile nagusitzat hartu den. Irudikapen honek isla nabarmena izan zuen euskal folklorearen eraketan eta hedaduraz Euskal Herriko jaietan, bereziki Joxemiel Barandiaran eta Eusko Folklore aldizkariko beste etnografoen aldetik, hiria baztertu eta baserri eta herri txikietako kultura tradizionala jasoz[14]. Landa munduak jaien irudikapenean duen presentzia nabarmenaHirietako jaiak ospatzen diren gune nagusiak, bestalde, parte zaharra edo gune historikoak dira (modu nabarmenean hiriburuetako jaietan), non historikoki landa eta hiriaren arteko harreman ekonomikoak gauzatzen ziren: egun Euskal Herriko herri eta hiri askotan ospatzen den soka-muturrak garai batean harakinak idi eta txekorrrak lotuta eramaten zituen kaleetan ospatzen dira. Hirietako entzierroak ere antzinean landarekin zeuden harreman ekonomiko estuetatik eratortzen dira[15].

Erraldoiak, buruhandiak eta panpinakAldatu

 
Marijaia eta herriko jaietako beste panpinak totem moduan interpretatu dira.

Euskal Herriko jaien beste berezitasun bat jai askotako erraldoiak, buruhandiak eta zaldikoak,mozorro modukoak, eta herriko jaietako panpinak dira, Marijaia eta Zeledon kasu. Herriko jaiez gainera, panpinen erabilera ohikoa da, baina esanahi desberdin batez, Donibane jaietako pizten diren suetan eta inauterietan (esate baterako, Miel Otxin, Lantzeko inauterian eta inauteri askoren amaiera ospatzeko ospatzen den sardinaren erretzea). Hain zuzen ere, jaietako panpinen erabilera neguko jaietatik eratortzen da eta XX. mendearen bukaeratik zabaldu zen udako herriko jaietara, Gasteiztik hasita, Zeledonekin, 1950eko hamarkadan. Araban zehar, 80 inguru panpina jaso dira herri desberdinetan. Panpina hauek herriko identitatea indartzeko objektu moduan interpretatu dira, totemen antzera. Herri identitatea indartzeko elementu berezi moduan, panpinei ematen zaizkien izenak eta haien inguruan asmatu eta historiako pasadizoetatik abiatuta egokitzen diren istorioak aipatu dira.[16] Batzuetan, panpina hauek animaliak dira (adibidez, Iruran herensugea eta Usurbilen olagarroa baliatu dira jaietako maskota moduan)[17][18].

Erraldoiak eta Buruhandiak ere herriko jai askotako protagonistak dira. Zeledon eta Marijaia bezalako panpinak ez bezala, mugikorrak dira, horien azpian dauden pertsonek mugiarazita. Erraldoiak kalejiran ibiltzen diren bitartean, buruhandiak puztutako maskuriez armaturik ibiltzen dira haurren atzetik.

Sozializazioa jaietan: lagunarteak, familia eta otordu kolektiboakAldatu

Euskal Herrian garrantzi berezia hartzen dute, koadrila, konpartsa, peña eta beste lagunarteek. Jaietan lagunarte horiek protagonismo berezia hartzen dute, jaien izaera bateratzailea agerian utziz horrela. Lagunarte horiek herri txikietan sortu eta jatorriko esanahi eta baliagarritasuna badute ere, elkartasun sare moduan, hirietan ere iraun dute eta jaietan nabarmentzen dira bereziki, hirien berezko joera banakoa nabarmendu eta isolatzekoa bada ere. Horren adibide argia, Andra Mari Zuriaren jaiak dira, non 200.000 biztanletik gora dituen Gasteiz hirian, blusa eta neska koadrilen protagonismoa den nagusi, hain zuzen nekazariz jantzita.

Jaietan Euskal Herriko gizartea egituratzen duen beste talde protagonista familia da. Ohikoa da herriko jaietan familia osoa biltzea, zentzu zabalean nahiz hertsian, bereziki herriko jaietako egun nagusian egiten den bazkariaren inguruan. Hain zuzen, janaria partekatzea familia, lagun eta herritarren taldeen kohesio bidea da. Ohartzekoa da, ildo horretatik, soziedade gastronomikoek, lagunarteko mailan, jaietan duten presentzia (Donostiako Danborradan, esaterako), izenak berak adierazten duenez, gastronomiaren inguruan. Herri mailan ere ohikoak dira jaietan ospatzen diren bazkari herrikoiak. Maila guztietan, ohartzekoa otordu hauek prestatzeko hobesten diren elikagaien jatorria: gehienetan, baserriko eta tokiko produktuak dira, lurrarekiko eta herriarekiko atxikimendua erakutsiz horrela.[1]

Musika eta dantza Euskal Herriko jaietanAldatu

Beste kultura batzuetan musika eta dantza erritual erlijioetako osagai nagusia bada ere, Euskal Herrian bereziki jai herrikoiekin agertzen da loturik. Areago, XVIII. mendetik eta XX. mendearen erdialdera arte Eliza Katolikoak gogor joko du jaietan jotzen den dantza herrikoien aurka, sexuen arteko ukipen fisikoak guztiz gaitzetsiz eta debekatuz[19]. Euskal Herriko jaietan maiz jotzen den trikiti musika alaia ere infernuko hauspoa bataiatu zuten apaizek.

ErreferentziakAldatu

  1. a b (Gaztelaniaz)   Martínez Montoya, Josetxu «La fiesta patronal como ritual performativo, iniciático e identitario» Zainak (26): 347-367 ..
  2. (Gaztelaniaz)   Martínez Montoya, Josetxu (2004) «La fiesta patronal como performativo, iniciático e identitario» Fiestas, rituales e identidades (Zainak, 26) (Eusko Ikaskuntza): 361 ..
  3. Soka-dantzaren loraldiaz, Dantzing, Oier Araolazaren dantza-bloga, 2006-02-20.
  4. (Gaztelaniaz) Soka-dantza: Significado y valor, Enciclopedia Auñamendi, 2012-05-24an kontsultatua.
  5.   Urbeltz, Juan Antonio (2004) Euskal Herria eta festa 145 or. .
  6. (Gaztelaniaz)   Aldabaldetreku, Patxi (1991) «Toros en Euskal Herria» DEBA (20): 28-30 .
  7. Maiz, jai unibertsalak deitu izan zaizkie.
  8. a b (Gaztelaniaz)   Homobono Martínez, José Ignacio (2006) «Las formas festivas de la vida religiosa. Sus vicisitudes en la era de la glocalización» Zainak (28) .
  9. (Gaztelaniaz) Carta de agradecimiento de Jens Voigt para los aficionados del País Vasco, www.biciciclismo.com, 2011-04-13.
  10. (Gaztelaniaz) Gehain, Varun: ¿Por qué son violentos los fanáticos del fútbol?, CASBarcelona, 2007.
  11. (Gaztelaniaz) La Iglesia pierde fuelle, www.tiempodehoy.com, 2006-06-19.
  12. (Gaztelaniaz)   Martínez Montoya, Josetxu (2004) «La fiesta patronal como performativo, iniciático e identitario» Fiestas, rituales e identidades (Zainak, 26) (Eusko Ikaskuntza): 359 ..
  13. (Gaztelaniaz) Argia Landariz: La fiesta como retrato de la izquierda, Reflexiones para la revuelta webgunean, 2012-06-14an kontsultatua.
  14. (Gaztelaniaz)   Homobono, José Ignacio (2000) «Antropología urbana: itinerarios teóricos, tradiciones nacionales y ámbitos temáticos en la exploración de lo urbano» Zainak (19): 32 ..
  15. (Gaztelaniaz)   Homobono, José Ignacio (1982) «Espacio y fiesta en el País Vasco» Lurralde (5) ..
  16. (Gaztelaniaz)   Pérez Sáenz, Joseba (2004) «Identidad y fiesta patronal: los muñecos» Zainak (26) .
  17. Badator herensugea! Ate joka datoz sanmigelak Iruran, www.gara.net, 2008-09-19.
  18. Salbatore konkistatzen!, www.flickr.com, 2012-07-02an kontsultatua.
  19. (Gaztelaniaz) Baile suelto, Auñamnedi Eusko Entziklopedia, 2012-08-04an kontsultatua.

Kanpo loturakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jaiak Euskal Herrian  
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Jaiak Euskal Herrian