Garizuma

kristautasunaren aldi liturgikoa

Garizuma kristautasunaren aldi liturgiko bat da. Aste Santuaren aurreko 40 egunetan ospatzen da, Pazkorako prestakizun gisa.

Hausterre-ezarpena, Garizumaren lehen egunean.

Pazko eguna baino 46 egun aurretik hasten da, Hausterre-egunean, inauteriak pasatu ondoren. Egun horretan elizkizun berezia egiten da: eliztarrei, bekokian hauts bedeinkatuaz gurutzearen zeinua egiten zaie, ondoko esaldietako bat esanez: "Hautsa zara eta hauts bihurtuko zara" (Hasiera 3, 19) edo "Bihotz berri zaitez eta sinetsi Berri Ona" (Marko 1, 15).

Etimologia

aldatu
 
Garizumaren izenak euskaraz, euskalkien arabera.

Latinezko quadragesima (berrogeigarren eguna) formatik dator garizuma izena, inguruko erromantzeetan zabaldu den era batzuen bitartekaritzatik iragazita seguruenik (frantsesez carême da, gaztelaniaz cuaresma). Izena, aldaera txikiekin, orokorra da euskalki guztietan, zubereraz izan ezik, han goxüma erabiltzen baita[1].

Adiera liturgikoa

aldatu

Elizak garizuman hau gogoratzen du: Jesusek, Jordan ibaian bataioa hartu ondoren, desertura jo zuela eta han 40 egunez otoitzean eta barau egiten egon zela, deabruaren tentaldiak gaindituz. Horregatik, garai horretan kristauak kristau bizitza zintzoagoa bizi izaten ahalegindu behar dira, otoitza, baraua eta aumoina eginez. Garizumaren helburua Aste Santua heltzen denerako bihotz berrituta egotea da.

Janari tabuak Garizuman

aldatu
 
Bakailaoa bizkaitar erara, piper saltsatan blai (Garizumako jakia.)

Tradizio kristau katolikoan, Garizuman haragia jatea debekatuta zegoen, eta bijilia esaten zitzaion horri. Berez, bijilia egunak Garizumakoak baino gehiago ziren, baina aro luze horretan hartzen zuen indar handiena ohiturak. Berez, Garizuma Aste Santuarekin amaitu arren, Larunbat Santura arte irauten zuen bijiliak. Baraua 21 eta 60 urte bitarteko guztiek bete beharrekoa zen. Salbuespentzat hartzen zen adina, osasuna, haurdun egotea eta bularra ematea. Elizari dirua ordainduta, haragia jateko baimena ere lor zitekeen[2].

Elizak bijilia eta barau-egunen gainean agindutakoak euskal sukaldaritza tradizionalean eragin handia izan du[3]: bijiliak okela eta okelaz egindako salda hartzea galerazten zuen. Garaien eta herrien arabera, esnekirik eta arrautzarik ere ez zen jaten, hau da, abereetatik datozen elikagaiak oro debekatuta egoten ziren. Lapikokoak, koipearekin egin barik (okela, urdaia, txorizoa...), landare-olioaz prestatzen ziren. Era berean, janari batzuk beren-beregi bijilia-egunetarako prestatzen ziren aro horretan: olio-azak, babarrun zuriak eta piper-salda, adibidez. Arrainetan normalena bakailaoa izaten zen, eta bijiliaren ohiturak haren arrantzaren zabalkundean ere eragina izan bide zuen. Sardina zaharrak ere ohikoak ziren. Leku batzuetan esnerik (ez aberekirik) jaten ez zutenez, gosarirako txokolatea urarekin eginda hartzen zen. Goizeko hamaiketakoa eta arratsaldeko berendua kentzea ere normala zen.

Bijiliaren tabu erradikala, ordea, baretu egin zen mendeetan zehar, eta XX. menderako, kristau tradizioko euskal etxe gehienetan bederen, ostiraletara mugatzen zen debekua, eta Ostiral Santu egunez ere aplikatzen zen.

Erreferentziak

aldatu
  1. «Garizuma» Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) (Noiz kontsultatua: 2018-04-24).
  2. «Garizuma, bijilia eta prozesioak - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-04-26).
  3. «Bizkaiera.biz: Garizuma eta bijilia» www.bizkaiera.biz (Noiz kontsultatua: 2018-04-26).

Kanpo estekak

aldatu