Entzierro
Entzierroa jai askotan eta bereziki San Fermin jaietan goizero ospatzen den ekitaldia da. Bertan arratsaldean zezenketan parte hartuko duten zezenak euren lo-lekutik zezen plazara eramaten dira. Entzierroen funtsa, orokorrean, zezenen aurrean korrika egitean datza. Jarduera honen arriskua handia da eta soilik Iruñean, 15 pertsona hil dira 1924tik.
Iruñeko entzierroa
aldatuIruñeko entzierroa goizero 8:00etan hasten da zuziri batekin. Santo Domingo aldapa igo ondoren udaletxeko plazatik pasa eta Mercaderes kalea zeharkatzen dute. Honen bukaerara heldu aurretik Estafeta kalea hartzen dute bihurgune bat egiten. Kale hau bukatuta Telefonicako zatia egiten dute ahalik eta zezen plazara sartu arte. Guztira 825 metroko ibilbidea da.
Sanferminetako gertaerarik sonatuena da dudarik gabe. Harexek eman dio fama Iruñeari eta harexegatik urtean aste batez munduko albistegi guztietan azaltzen da. Goizeko zortzietan izaten da, uztailaren 7tik 14era arte (6an ez dago entzierrorik). Uztailaren hamabostean azken gau txoriek entzierroaren parodia txiki bat egiten dute: billabesaren entzierroa (Iruñeko hiribusarekin egiten dena).
Entzierroa lasterraldi bat da: bizpahiru minutuz Iruñeko hainbat gaztek (eta ez hain gaztek) zezenen aurrean laster egiten dute. Batzuetan askoz gehiago iraun dezake ustekaberik izaten bada). Lasterrak 800 bat metroko bidea egiten du eta parte-hartzeko ez da inon izenik eman behar: korrika egiteko gogorik izanez gero, ibilbideko tarteren batean sartu eta ahalik eta hobekien egitea da garrantzitsuena.
Garai batean entzierroaren lasterrak arrazoi bakarra zuen: egunero kanpotik plazaraino zezenak ekarri beharra. Kamioirik ez izan orduan eta bistan dena, kalean barrena ekarri behar. Pixkanaka jendea zezenen aurrean laster egiten zaletu zen, emozioa eta arriskua probatzeagatik. Urteak joan urteak etorri, gero eta lasterkari gehiago biltzen dira eta gaur ikuskizun izugarri jendetsua da.
Orain ez dizugu emanen entzierro bidearen xehetasunik, lasterraren ikuspen orokor bat baizik:
Gauaren bukaera aldean, oholezko hesi doblea jartzen da entzierro bidearen alboetako kaleak ixteko. Kaleak hustu eta garbitu egiten dira, gaueko kondarrez zikinduta egoten baitira, eta polizia jendea kanporatzen hasten da.
Erran bezala bi hesi daude; haien artean debeku da ikuslerik egotea. Mediku jendea baizik ez. Barrenaldeko hesiak, gainera, erabat libre behar du inor behartzen baldin bada hartara salto egin ahal izateko. Azken langa bere tokian delarik, kale osoa pasabide bakarra bihurtu da, batere aterabiderik gabekoa. Parte hartu nahi dutenek bi ate dituzte entzierro bidean sartzeko: bat merkatuan eta bat Udal plazan.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Sanferminetako argazkiak[Betiko hautsitako esteka] www.sanfermin.com gunean