Tolosako inauteriak
Tolosako inauteriak Tolosan (Gipuzkoa) ospatzen diren inaute urbanoak dira, Euskal Herriko inauteri ospetsuenetakoak. Euskal Herri osoko jendea erakartzen dute. Inauterietako ohiko mozorroez gainera, euskal jaietako osagai guztiak biltzen dituzte, hala nola lagun taldeak, danborrada, txarangak, txosnak, desfileak, soka-muturra, gastronomia, txupinazoa. Francoren diktaduraren garaian, Hego Euskal Herrian baimendutako hiri inauteri bakarrak izan ziren, Udaberriko festak izenenarekin izan bazen ere.
Tolosako inauteriak, egunez egun
aldatu- Kaldereroak, inauterien aurrekari moduan ospatzen dira. Ostegun Gizenaren aurreko larunbatean eta igandean egiten da.
- Asteazken gaueko txupinazoa, herritarrak Tolosako triangelu plazan asteazkeneko gaueko 12tan biltzen dira. Iñauterien hasiera baino lehenago ere elkartzen dira tolosarrak eta txaranga baten laguntzaz inauteriak bertan direla ospatzen dute[1].
- Ostegun Gizena, egunik adierazgarrienetakoa da. Goizean, hamaiketako txiki bat egin ondoren, herritarrak udaletxera inguratzen dira eguerdiko txupinazoa ikustera, jai giroan. Arratsaldean, ohikoa izaten da zezenak ikustera joatea, zezenen lehen egunari hasiera emateko. Gau partean, tolosar gazte jendeak afariak eduki ohi ditu.
- Ostiral Mehea, inauterietako egunik lasaiena da. Goizean txistulari taldeak ikus daiteke Tolosako kaleetatik igarotzen eta arratsaldean umetxoentzako zezen-txiki eta poniak ateratzen dituzte zezen plazan.
- Larunbat Inautean edo Zaldun Inaute bezperan (tokiko euskaran, Zaldunita bezpera), haur eta helduen danborrada alai eta zaratatsua egiten da. Goizean, buruhandi eta erraldoiak ateratzen dira Tolosako parte zaharretik. Ondoren, arratsaldean, gaztetxoak beren danborra hartu eta Tolosako kaleetara abiatzen dira. Larunbatean ez dira zezenak ateratzen (Inauterietako egun bakarra). Gauean, berriz, inauterietako danborrada nagusia ateratzen da: helduen danborrada. Kosakoek danborrada laguntzen dute.
- Igande Inautea edo Zaldun Inautea (Abaltzisketa, Alegi, Areso, Berrobi, Elduaien, Lizartza eta Tolosako euskaran, Zaldunita)[2] da inauterietako beste egun garrantzitsua. Goizeko zortzietan diana jo eta jendea biltzen hasten da. Goizetik hasita, egun osoan hainbat txaranga ateratzen dira kalez kale Tolosako giroa alaitzera. Arratsaldean,jendea zezen plazara hurbiltzen da zezenen ikuskizunaz gozatzera. Egun osoan, herritarrek egindako karrozak ibiltzen dira Tolosako kale batzuetan zehar, desfilean; beste karroza batzuek, berriz, toki finkoa dute eta hor ematen dute eguna.
- Astelehen Inautea (tokiko euskaran, Astelehenita) bereziki tolosarrak eta inguruko herrietakoak biltzen diren eguna da. Egun osoan tolosako eta inguruko herrietako aisialdi taldeak dantzan ateratzen dira , aietatik Ttenttek, Kirikiño, Atsedena, Txiribitu, Kazkabarra... Sokamuturra eta zezenak ateratzen dira.
- Astearte Inautea (tokiko euskaran, Asteartita) inauterien azken eguna da. Goizeko 6:00etan hasten da, alboradarekin. Bi ordu geroago, goizeko 8:00etan, pattar zezena ospatzen da. Bertara, gau horretan festaz gozaturiko gazteak eta baita edade guztietako jendea ateratzen da. Sokamuturraren ondoren, konpartsa eta karrozak ateratzen hasten dira. Karrozak goiz eta arratsalde osoan ibiltzen dira gora eta behera. Amaitzeko, 24:00etan, Sardinaren Hileta ospatzen da.
Hurrengo iñauterien datak
aldatuUrtea | Ostegun gizena | Ostiral mehea | Zaldunita bezpera | Zaldunita | Astelehenita | Asteartita |
---|---|---|---|---|---|---|
2025 | otsailak 27 | otsailak 28 | martxoak 1 | martxoak 2 | martxoak 3 | martxoak 4 |
Garapen historikoa
aldatuXVIII. mendetik badira Tolosako inauteriei buruzko erreferentziak; hala ere, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran eratu ziren gaur egun ospatzen inauteak.
Geroago, 1937. urtean, Francoren erregimenak debekatu egin zuen inauteriak ospatzea. 1943an, inauteriak xumeki ospatzen hasi ziren berriro. Geroztik, urtez urte, ospe zabala hartu eta hedabideen arreta erakarri dute. Tolosako inauterien estiloa da baliabide gutxirekin eta umore nahiz imajinazio handiarekin mozorroak, karrozak eta antzezpenak prestatzea (estilo horren ordezkari ezagunenetako bat da Juanito Lope zena);[3] hala ere, azkenaldian estilo hori galtzen ari da, baliabideak handituz joan direnez.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Tolosako Iñauteriak» turismoa.tolosa.eus 2017-12-14 (Noiz kontsultatua: 2021-05-14).
- ↑ Euskaltzaindia: «zaldun», Hiztegi Batu Oinarriduna.
- ↑ Saizar, Joxemi. (2017-02-17). «Juan Lope, artista eta inauterizalea» Tolosaldeko Ataria (Noiz kontsultatua: 2017-05-22).