Filipe III.a Espainiakoa
Filipe III.a Espainiakoa Debotoa[1] edo Filipe II.a Portugalgoa (Madril, 1578ko apirilaren 14a — Madril, 1621eko martxoaren 31), ezizenez Elizkoia deitua, 1598-1621 bitartean Espainia eta Portugalgo erregea izan zen.
Bizitza
aldatuAita Filipe II.a eta ama Ana Austriakoa (1549-1580) izan zituen 1598ko irailean, aita hil ondoren, Espainia eta Portugalgo errege bilakatu zen. 1599ko apirilean Karlos II.a Estiriakoaren eta Maria Ana Bavariakoaren alaba eta Fernando I.a enperadorearen iloba Margarita Austria-Estiriakoa artxidukesarekin ezkondu zen[2].
Bere erregealdia trantsizioko aldia izan zen, Karlos I.a eta Filipe II.ak ekarritako une gorenaren eta Filipe IV.a eta Karlos II.ak ekarritako gainbeheraren artean. Ahula zen, eta agintari lanak Lermako dukearen eta beste begikoen eskuetan utzi zituen. Lermako dukeak, berriz, bere ordezkari Rodrigo Calderonen esku utzi zituen. Haren garaian izan ziren Ingalaterrako bakea (1604), Probintzia Batuekin Hamabi Urteko gerra etena (1609-1621) eta Frantziako hitzarmena (Luis XIII.aren eta Ana Austriakoaren arteko ezkontza, 1611). Moriskoak kanporatu zituen Espainiatik, eta horrek egoera ekonomikoa, lehendik ere oso txarra zena, okertu zuen.
Antzerkiaren eta pinturaren zalea zen, baina are gehiago ehizarena. Lermako dukearen eraginez, gortea behin-behinekoz Valladolidera (1601) mugitu zuen, baina laster itzuli zuen Madrilera (1606). Bertan hil zen, 1621eko martxoaren 31n, sukarrak eta erisipelak jota[2].
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/04/20 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 186. arauaː Atzerriko pertsona-izenak. Grafia-irizpideak. Erregeerreginen eta kidekoen kasua. .
- ↑ a b Felipe III Cervantesvirtual.com
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Filipe III.a Espainiakoa |