Habsburgo
Habsburgo edo Austriako Etxea Europako errege dinastia garrantzitsuenetako bat izan zen[1]. Habsburgotarrek etenik gabeko aldi luzean (1438-1740) izan zuten Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore kargua, 1278tik 1918 arte Austriako erregetza bere gain izan zuten, eta Bohemia, Ingalaterra, Alemania, Hungaria, Kroazia, Irlanda, Portugal zein Espainian erreinatu zuten. Suitzako Argovia kantoian 1020. urte inguruan eraikitako gaztelutik dator izena: Habichtsburg («aztoreen gaztelua»).
Habsburgo | |
---|---|
Jatorrizko izena | (de) Habsburger |
Mota | dinastia |
Honen izena darama | Habsburg Castle (en) eta Habsburg |
Honen parte da | Etichonids (en) |
Indarraldi | XI. mendea - 1780 |
Fundatzailea | Guntram the Rich (en) |
Herrialdea | Austriako artxidukerria, Gaztelako Koroa, Aragoiko koroa, Iberian Union (en) eta Portugalgo Erresuma |
Lanaren edo izenaren hizkuntza | esloveniera |
Historia
aldatuXII. mendetik aurrera, Habsburgotarrak lurralde anitzen jabe egin ziren oinordekotza eta emaitzen bidez: Turgovia, Altsazia Garaia, Zürich. Rodolfo I.a izan zen Habsburgo etxeko lehen enperadorea (1273-1291), eta Austria, Estiria eta Carniola bere mende ezarri zituen. Ehun eta berrogeita hamar urtez, Habsburgo, Luxenburgo eta Wittelsbach etxeetako enperadoreak txandaka izan ziren agintari.
XIV. mendean Karintia, Tirol, Friburgo, Trieste eta Vorarlberg beretu zituzten. Hala eta guztiz ere, XIII. mendetik XV. mendera bitartean, suitzar menditarrekin egindako gerren ondorioz, jatorrizko lurraldea galdu eta Austriara joan ziren bizitzera, eta harrezkero izen horrez ezagutu zituzten. Ondorengo partiketek, bestalde, luza gabe ahuldu zuten familiaren aginpidea, harik eta Frederiko III.a enperadoreak (1440-1493) habsburgotarren lurraldeak bere mendean bildu zituen arte. Hala, 1741-1745 bitarteko salbuespena aparte utzita, alemaniarrek beti haien artetik hautatu izan zuten enperadorea, Inperio Santua 1806an desagertu zen arte.
Ezkontzen bidez, habsburgotarrek gero eta lurralde handiagoak eskuratu zituzten (Bella gerant alii; tu, felix Austria, nube: «Bestek egin beza gerra; zuk, zorioneko Austria horrek, ezkontza egizu»). Hala, 1477an Maximiliano I.a eta Maria Burgundiakoa ezkondu zirenean, Herbehereak eta Frankoen Konderria habsburgotarren esku gelditu ziren. 1496an Filipe Ederra Joana Eroarekin ezkondu zen, hura baitzen Aragoiko eta Gaztelako oinordekoa, eta, hala Espainia eta Napoli ere berengana bildu zituzten habsburgotarrek (1506-1516). Fernando I.ak Ana Jagellonekin ezkondurik Bohemia eta Hungariako zati bat beretu zituzten (1526).
Karlos V.arekin bere goren mailara iritsi zen Habsburgo etxea, baina haren abdikazioaren ondorioz bi adar sortu ziren: Filipe II.a premuak Iberiar penintsulako erregetzarekin batean, Indiak, Herbehereak, Frankoen Konderria, Milanerria, Napoli eta Sizilia bereganatu zituen; bigarren adarra, berriz, Fernando, Karlosen anaia buru zuela, enperadore egin zen, Alsazia, Suabiako eta Austriako dukerriak, Bohemia eta Hungariako zati bat beretu baitzituen.
1700ean, lehen adarra ahitu zenean, Vienako habsburgotarrek Herbehereak, Milanaldea, Napoli eta Sizilia berreskuratu zituzten; bai eta Hungaria osoa ere (1699), turkiarren aurka borrokatu ondoren. 1736an Habsburgo-Lorrena dinastia berria sortu zen, Maria Teresa artxidukesa Lorrenako Frantzisko dukearekin ezkondurik.
1804an, Inperio Santuaren amaierari igarririk, Frantzisko II.ak Austriako enperadore izendatu zuen bere burua. Haren iloba Frantzisko Josefek hungariarren matxinadari buru eman behar izan zion, eta 1867an monarkia austro-hungariarra sortu zen. Alabaina, Italiatik (1859-1866) eta Alemaniatik (1866) alde egin behar izan zuten Habsburgotarrek. Karlos I.ak, azken enperadorea izan zenak, 1918an abdikatu zuen.
Habsburgo etxearen agintea
aldatuAustriako Etxeak, besteak beste, honako agintari hauek izan zituen:
- Alemanian, Germaniako Erromatar Inperio Santuaren enperadoreak.
- Austriako subiranoak (Dukeak 1282-1453, Artxidukeak 1453-1804 eta Enperadoreak 1804-1918).
- Hungariako erregeak (1437-1439, 1445-1457, 1526-1918).
- Kroaziako erregeak (1437-1439, 1445-1457, 1526-1918).
- Espainiako erregeak (1516-1700).
- Portugalgo erregeak (1580-1640).
- Bohemiako erregeak (1306, 1437-1457, 1526-1918).
- Galitzia eta Lodomeriako erregeak (1772-1918).
- Transilvaniako Printzipe Handiak (1690-1867).
- Toskanako Duke Handiak (1737–1801 eta 1814-1860).
- Parmako Dukeak (1814–1847).
- Modenako Dukeak (1814–1859).
- Mexiko Enperadorea (1864–1867).
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ House of Habsburg Global.britannica.com