Cateau-Cambresisko bakea
Cateau-Cambresisko bakea 1559an Le Cateau-Cambrésisen (gaur egun Frantziako Nord departamenduan) sinatu ziren bi bake itunen izena da. Lehenbizikoa, apirilaren 2an, Henrike II.a Frantziakoa eta Elisabet I.a Ingalaterrakoaren artean sinatu zen, eta bigarrena, apirilaren 3an, Henrike II.a eta Filipe II.a Espainiakoaren artean. Itun hauen bidez Italiako gerrei eta Valois-Habsburgo borrokei amaiera eman zitzaien.
Frantziak Korsika eta Savoia Savoiako etxeari eta Piemonte Genovari itzuli zizkien, baina Turin, Pinerolo, Chieri, Chivasso eta Asti atxiki zituen. Saint-Quentin, Ham, Le Catelet eta Thérouanne berreskuratu zituen. Calais 8 urterako itzuli zitzaion[1]. Espainiak Franche-Comté atxiki zuen eta Milanerria, Napoli, Sizilia eta Sardiniaren gaineko agintea berretsi zuen. Bi ezkontza adostu ziren: Filipe II.a eta Isabel Valoiskoaren artekoa batetik, eta Emanuel Filiberto Savoiakoa eta Margarita Frantziakoaren artekoa bestetik[1].
Hitzarmena ospatzeko Parisen antolatu ziren zaldun guduetan Henrike II.ari ezpaldutako lantza bat begitik sartu zitzaion, garezur-barneko odoljarioa eraginez. Europako zirujau hoberenak erregea sendatzen saiatu ziren arren, 9 egun geroago hil zen[2].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Paix du Cateau-Cambrésis Larousse.fr
- ↑ Henri II (1519-59) Brought to life. Exploring the History of Medicine