Espainiar Inkisizioa
Espainiar Inkisizioa (gaztelaniaz: Inquisición española) edo Inkisizioaren Ofizio Santuaren Auzitegia (Tribunal del Santo Oficio de la Inquisición) errege-erregina katolikoek 1478an sortu zuten instituzio bat zen, haien erresumetan ortodoxia katolikoa mantentzeko. Jatorria Erdi Aroko Inkisizioan zuen, XII. mendean Languedocen sortua heresia ezabatzeko. Espainiar Inkisizioa monarkiaren menpean zegoen. Gainbehera luze baten oztean, 1834an ezeztatu zen guztiz Elisabet II.aren agintaldian.
Inkisizioa, auzitegi eklesiastikoa izanik, kristau bataiatuengan zuen eskumena bakarrik. Espainiako historiaren zati handi batean zehar ordea, gurtza-askatasunik ez zegoenez, jurisdikzioa Espainiako mendeko herritar guztiengan hedatua zegoen.
Historia
aldatuErdi Aroko Inkisizioa, Espainiako Inkisizioaren aitzindaria, eliz-auzitegi bat zen eta Inozentzio III.ak sortu zuen 1215ean, heresia zapaldu eta heretikoak zigortzea helburuarekin. Erakundea, ordea, Gregorio IX.ak sortu zuen 1231an, kataro edo albitarren aurka borrokatzeko. Domingotarrek hartu zuten auzitegiaren ardura. 1252an, Inozentzio IV.ak Inkisizioak prozesu eta tortura erabiltzea onartu zuen. Erruduntzat jotakoak gogor zigortzen zituzten, zigorrik handiena sutan erreta hiltzea zen.
Errege-erregina katolikoek Aragoi-Gaztelako erresuma bikoitz berriaren batasuna garbizaletasun katolikoan oinarritu nahi izan zuten, eta horretarako, alde batetik, juduak eta musulmanak kristautzera behartu zituzten, eta, bestetik, heretikoak zigortzeko auzitegi berezia sortu zuten 1478an. Inkisizio Auzitegi horrek, Sixto IV.ari esker, izaera erlijioso-politikoa hartu zuen.[1] Hasieran, ediktu horren asmoa inkisizioa aita santuaren eskumenpekoa izatea bazen ere, laster Fernando Trastamarakoa erregeak bere alde probestu zuen, erakunde erlijiosoa botere laikoaren mendeko bihurtuz, Gaztela-Aragoiko koroari lotuz, alegia. Era horretan, auzitegi berezi horrek koroa horren mendeko erresuma guztietan zituen eskumenak.[2]
Tomás de Torquemada izan zen lehen inkisidore nagusia, eta Cisneros kardinala buruetako bat. Inkisizioa Aita Santuaren menpe zegoen Europan, baina Fernando II.ak bere esku jartzea lortu zuen, Gaztela eta Aragoiko erregeen menpeko lurretan. Inkisizioa erresumako lurralde guztietara hedatu zen, Sizilia eta Sardinian, eta Ameriketan zituzten lurraldeetan ere. Mexiko, Liman eta Cartagena de Indiasen ere inkisizioaren epaitegiak sortu zituzten.
Hego Euskal Herria lehenengo Calahorrako auzitegiaren menpe zegoen, eta gero, Logroñokoaren pean. Inkisizio modernoa tresna eraginkorra izan zen egoera politikoa kontrolpean edukitzeko, baita ere, sortu nahi zen estatu-motaren berdinkeri ideologikoaren disidentzia zigortzeko. Inkisizioaren helburua heretikoak zigortzea zen, baina "heretiko" hitzaren azpian gauza asko sar zitezkeen eta, Gaztela-Aragoiko eta Frantziako monarkiak muga Pirinioetan jarri nahian ari ziren. Monarkia haren kontra zegoen guztia susmopean jarri zuten: mugak itxi zituzten, odol garbitasuna aldarrikatu zuten, hizkuntza bakarra, eliza bakarra eta jainko bakarra ezarri, eta hortik kanpoko zegoena desagerrarazi. 1808. urtean utzi zuen indarrik gabe Josef Bonapartek Espainiako Inkisizioa eta, gorabehera batzuen ondoren (1814-1820 eta 1823-1833 urteetan indarrean jarraitu zuen Fernando VII.a erregeak hala nahita), indarrik gabe utzi zuten 1834. urtean, Elizak berezko erakunde gisa gorde zuen arren.1965. urtean, Fedearen Dotrinarako Kongregazioak hartu zuen Inkisizioaren lekua eliza katolikoan.[3]
Espainiar inkisizioaren iritzi ezagun bat
aldatuBehean idatzitako iritzia ezaguna da eta aldi berean askok era orokorrean onartzen dute.
« | Espainiako inkisizioa eta aita santuarena desberdinak ziren, jatorri eta antolamendu desberdinak baitzituzten. Espainian ez zen heresiarik egon Erdi Aroan; Inkisizioa sortzeko arrazoia judu-kristauei zien beldurra izan zen. Baina errege-erreginek beste arrazoi batzuk ere bazituzten, erlijioaz gain. Une hartan, finantzak krisian zeuden; hori dela-eta, kristauen ondasunak konfiskatzea aholkatzen zutenei arretaz entzun zieten. Aukera egokia izan zutenean, errege-erreginek aita santuari Inkisizioa ezartzeko eskatu zioten, baina ez aita santuarena, baizik eta errege-erreginen erabateko kontrolpeko auzitegi bat. | » |
—Johon Lynch, "Austriako etxea", 1992. Moldatua |
Inkisizioa Euskal Herrian
aldatu1478. urtean ezarri zuen Sixto IV.a Aita Santuak Inkisizioa Gaztelako erresuman (Inkisizio Berria, Tribunal del Santo Oficio gaztelaniaz), Errege-erregina Katolikoek hala eskatuta, eta inkisidoreak zuzenean hautatzeko ahalmena jaso zuten erregeek. 1481. urtean salatu zuen Aragoiko Inkisizioak Tuteran horrelako instituziorik ez egona eta 1486an gutun bat bidali zieten Errege-erregina Katolikoek hiri hartako agintariei, bertan babesten ziren heretikoak beren esku uzteko aginduz. Ez zuen batere harrera onik izan gutun hark eta beren lurraldean Inkisizioko agintaririk ez zutela onartuko erantzun zuten tuterarrek. Tarazonako apezpikutzaren barrutian zegoen Tuterako hiria, baina bertara jotzen zuten Aragoiko heretikoek, Nafarroako erresuman inkisiorik ez zegoenez. Gaztelako eta Aragoiko erregea Nafarroako erresumaz jabetu ondoren sortu zen bertako lehen Inkisizio auzitegia (1513), baina, Nafarroako erresuma berreskuratzeko gerra zela medio, Calahorrako (1522) eta, ondoren, Logroñoko hirira eraman zuten auzitegia, Iruñean eta Tuteran egon ondoren. Izan ere, Calahorrako hirian izan zuen egoitza Hego Euskal Herriaz, zein Errioxaz eta Burgosko zati batzuetaz, arduratu zen Inkisizioko auzitegiak 1570 arte[4]. Koroaren zerbitzupeko instituzioa izan zen Inkisizioa, izatez erlijio erakundea bazen ere. Erlijio ortodoxia katolikoa erreformaren eta beste erlijioen erasoetatik begiratzea zuen helburu Inkisizioak, baina laster hasi zen errepresio-esparrua zabaltzen berez ez zegozkion beste eremu batzuetara, heterodoxiarako bide guztiak eragotzi nahian (sexu ohiturak, odol garbitasuna, “sorginkeria” eta antzinako sinesteak, jakintza eta ideologia mailako joera libreak,…). [3]
Ipar Euskal Herrian ez zen Inkisizio auzitegi berezirik izan: Lapurdi eta Zuberoa Bordeleko Parlamentuko justizia gortearen manupean egon ziren eta Nafarroa Behereak eutsi zien bere justiziako erakundeei. XVI. mendean zehar erreformazaleen eta katolikoen arteko gerra zabaldu zen Nafarroa Behereko, Zuberoako eta, modu apalagoan, Lapurdiko lurretara eta liskar giro hura baretze bidean jarri zenean baizik ez zen abiarazi Ipar Euskal Herriko heterodoxiaren aurkako borroka, Bordeleko Parlementuko epaile zibilek zuzendua betiere.
Euskal Herrian izandako XVII. mendeko sorginkeriaren aurkako zapalkuntza gogorra ezaguna bada ere, batez ere Zugarramurdikoa, Inkisizioak beste egiteko ugari bete zuen: muga eta portuetako jende- eta liburu-trafikoaren kontrola, Durangoko heretikoen aurkako errepresioa, eta abar. Inkisizioak bere bideari eutsi zion XVII. mendean zehar Espainiako inperioko lurralde guztietan eta muga arazoez arduratu zen nagusiki Hego Euskal Herrian, erbesteko jendearen eta idatzien kontrola ziurtatzearren, eta izaera hori indartu zuen XVIII. mendean. Bertan behar utzi baina Elizako erakunde gisa geratu zen inkisizioak (Ofizio Santuko Kongregazioa, 1908-1965, bere Index librorum prohibitorum debekaturiko liburuen zerrendarekin batera) eragin handia izan zuenVatikano II kontzilio aurrean Euskal Herriko katolikoen artean.[3]
Auzitegiak
aldatuGaztelako Erresuman, auzitegi iraunkor hauek ezarri ziren:
- 1482 Sevilla eta Kordoba.
- 1485 Toledo eta Llerena.
- 1488 Valladolid eta Murtzia.
- 1489 Cuenca.
- 1491 Calahorra.
- 1505 Las Palmas.
- 1512 Calahorra.
- 1526 Granada.
- 1574 Santiago de Compostela.
Aragoiko Erresuman lau auzitegi ezarri ziren:
- 1482 Zaragoza eta Valentzia
- 1484 Bartzelona
- 1488 Palma[5].
Gainera, Fernando erregeak Sizilian ezarri zuen Palermon (1513) eta Sardinian Sassarin[6].
Ameriketan hiru auzitegi ezarri ziren:
- 1569 Mexiko Hiria (egungo Mexiko) eta Lima (egungo Peru)
- 1610 Cartagena de Indias (egungo Kolonbia)
Inkisizioaren epe luzeko eragina
aldatu2021ean argitaratutako ikerketa batek demostratu zuen Espainiar Inkisizioak gogorren jo zuen udalerrietan herritarrak pobreagoak direla, elkarrekiko konfiantza txikiagoa dela eta hezkuntza maila baxuagoa dela[7].
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Sorginkeria - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
- ↑ Zabala, Mikel. (2001). [www.ueu.eus/download/artikulua/uztaro39_4.pdf «Nafarroako sorginkeria berriro eztabaidagai»] Uztaro (Udako Euskal Unibertsitatea) 39: 39-52. (Noiz kontsultatua: 2020-01-06).
- ↑ a b c «Inkisizio» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).
- ↑ Reguera, Iñaki. ([1984?]). La Inquisición española en el País Vasco : (el Tribunal de Calahorra, 1513-1570). Txertoa ISBN 84-7148-164-2. PMC 15196634. (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
- ↑ Kamen, Spanish Inquisition, 141. or.
- ↑ Sizilian, Inkisizioak 1782ko martxoaren 30 arte iraun zuen, Fernando IV.a Napolikoak ezeztatu zuen arte.
- ↑ (Ingelesez) Drelichman, Mauricio; Vidal-Robert, Jordi; Voth, Hans-Joachim. (2021-08-17). «The long-run effects of religious persecution: Evidence from the Spanish Inquisition» Proceedings of the National Academy of Sciences 118 (33): e2022881118. doi: . ISSN 0027-8424. PMID 34389666. PMC PMC8379970. (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).