Ireki menu nagusia

Kupula

Domo» orritik birbideratua)

Santa Maria del Fiore elizaren kupula, Filippo Brunelleschi arkitektoarena, Florentzian.
Loiolako santutegiko basilikaren kupula, Carlo Fontana arkitektoarena, Azpeitian.

Kupula gehienetan esfera erdiko itxura duen ganga da[1]. Gutxi batzuetan gopoil[2] ere esaten zaio. Itxura eliptikoa edo poligonala ere izan dezake, eta gehienetan lau petxina edo danbor baten gainean eusten da. Goialdean, ohiko itxuraz gain, lanterna bat edo okulu bat ere izan dezake.

Kupulek arkitektura historia handia dute, historiaurretik luzatzen dena, eta lurra, elurra, harria, zura, adreilua, hormigoia, metala, beira eta plastikoa oinarri hartuta eraiki dira mendeetan zehar. Kupulekin lotutako sinbolismoak barnean hartzen ditu tradizio zerutiarrak, hiletakoak eta gobernukoak, denborarekin garatuz joan direnak horiekin batera.

Antzinako Mesopotamian aurkitu dira kupulak, eta horrek azal dezake formaren hedapen zabal eta goiztiarra. Antzinako munduko persiar, helenistiko, erromatar eta txinatar arkitekturan aurkitzen dira Antzinaroan, baita herri indigenen eraikuntza tradizional garaikide batzuetan ere. Kupuladun egiturak ohikoak ziren bizantziar eta islamdar arkitekturan, eta Mendebaldeko Europako adibide ugari daude Erdi Aroan. Pizkundetar arkitekturan ere erruz erabilia, estiloarekin batera hedatu zen Aro Modernoan Europa osora eta gero Mundura. Matematikan, materialetan eta ekoizpen-tekniketan izandako aurrerapenek, kupula mota berriak sortu zituzten. Mundu Modernoko kupulak aurki daitezke eraikin erlijiosoetan, ganbera legegileetan, kirol estadioetan eta hainbat egitura funtzionaletan.

HitzaAldatu

Kupula hitza italierazko cupola hitzetik dator, latinezko cupella eta grezierazko κύπελλον, kupellon hitzetik, "katilu txikia" esan nahi duena (kupa = kopa edo katilua). Hitza, beraz, estalki honen forma bereizgarriarekin lotzen da, azpikoz gora dagoen katilu batena.

Euskaraz, gopoil ere erabiltzen da Iparraldean, baina gutxi[2], jatorri etimologiko bera duena.

HistoriaAldatu

Garrantzi handiko elementua izan da arkitekturaren historian. Historiaurretik, hainbat materialez egindako arkuak eraiki izan dira Ekialde Hurbilean, kupularen aurrekariak direnak. 64ko Erromako Sute Handiaren ostean, etxeko arkitekturan kupulak eraikitzen hasi zen, Neronen Domus Aurea jauregian. Hainbat monumentu eraikitzeko erabili izan da, hala nola Erromako Panteoian (I. mendekoa). Erromaren eraginez, Bizantziar Inperioan (Hagia Sofia eliza, VI. mendekoa) eta Islamdar arkitekturan (Arrokaren Kupula, VII. mendea) ere erruz erabili izan da.

Panteoiko kupula antzeratuz, Brunelleschik Santa Maria del Fiore katedralaren kupula eraiki zuen, Florentzian. Michelangelok ere San Petri Vatikanokoaren kupula eraiki zuen. Erromako eta Florentziako adibide hauek eragin handia izan zuten Europako eta Ipar Amerikako arkitekturan, Pizkundetik, Barroko eta Neoklasizismoa arte.

Islamaren munduan, kupulen garai gorena XVI. eta XVIII. mende artean izan zen, otomandarrek, safavidarrek eta mogolek kupula goratuak erabili zituztenean eraikin erlijiosoei transzendentzia zerutiarra emateko asmoz. Garai honetako maisulanak dira, besteak beste, Sultan Ahmed meskita, Xahren meskita eta Badshahi meskita.

Kupula ugarik, batez ere pizkundetar eta barrokoek, lanterna izeneko egituratxo bat daukate gailurrean, aireztapena ahalbidetu eta argia sartzen uzteko. Egituratxo hau bizantziar arkitekturan sortu zen, eta mendeetan zehar dekorazio elementu garrantzitsu bihurtu dira.

Euskal Herrian ezaguna da Loiolako santutegiko basilikaren kupula, barroko erromatarreko estiloan, Carlo Fontana arkitekto italiarrak diseinatua eta, besteak beste, Inazio Iberok eraikia.

EzaugarriakAldatu

Ganga generikoarekin duen ezberdintasun konstruktiboa da kupulan bulkadak berdinak direla bere abioaren perimetro osoan[3].

OsagaiakAldatu

 
Kupula horma zilindriko gainean
 
Kupula petxina gainean.
 
Kupula danbor eta petxina gainean.

Kupula eusten duen oinarria, horma jarraituz edo arkuz osatua izan daiteke. Oinarria zilindrikoa denean, espazioaren estaldura kupula sinple baten bidez eraiki daiteke. Kupularen oinarriaren eta basamentuaren forma karratu edo poligonalaren arteko trantsizioa ebazteko, sarritan tronpak edo petxinak bezalako trantsizio-elementuak erabili ohi dira. Kupularen eta trantsizio-elementuen artean, danbor zilindriko edo zinborio bat jartzen da, normalean leihoekin zulatua, barruko espazioa argiztatzea ahalbidetzen duelarik. Argiztapena goiko lanterna baten bidez ere osa daiteke; linterna hori kanpotik ikus daiteke, multzoaren gailurreko elementu formal gisa.

EraikuntzaAldatu

Benetako kupulak ziriharri edo dobela izeneko piezez osatuta daude, goiko giltzarri batekin zeinak esfortzuak arku edo ganga batean bezala orekatzen dituena, baina hiru dimentsiotan. Kanpoko argiari bide ematen dion okulu zenitala ahalbidetzeko, edo helburu bera duen lanterna batentzako, giltzarriaren ordez konpresio-indarrak eusten dituen uztai bat jar daiteke. Goiko uztai hau, sarri, dobeladun arku oso bat (boribil osoa) da, baina antzina brontzezkoa zen, egonkortasuna eta iraunkortasuna ziurtatzeko (Agriparen Panteoian esaterako).

MotakAldatu

Hainbat dira kupula motak, itxuraren eta egituraren arabera:

  • Kupula esferiko: esfera itxurako kupula
  • Kupula beheratu edo apaldu: esfera erdia baino beheratuagoa dena
  • Kupula goratu edo zorrotz: esfera erdia baino goratuagoa dena
  • Kupula elipsoidala: oinarria elipse itxura duena.
  • Erraboil-kupula: erraboil edo tipula itxura duen kupula, gehienetan islamdar arkitekturan eta eliza ortodoxoetan erabilia
  • Petxina-kupula: petxinen gainean eraikia
  • sare-kupula: kupularen egitura sare itxura duena
  • kupula geodesiko

Diametro handienakAldatu

Taula honek diametro handienak izan dituzten kupulak sailkatzen ditu, garaika antolatuak:

Garaia Diametroa Izena Kokapena Egilea Oharra
K.a. 1250–
K.a. I. mendea
14,5 m [4] Atreoren altxorra Mizenas, Grezia Miznasko hiri-estatua Irtenune-kupula
K.a. I. mendea–
K.a. 19
21,5 m [5] Merkurioren tenplua Baiae, Italia Erromatar Inperioa Lehen kupula monumentala[6]
K.a. 19–
II. mende hasiera
25,0 m [7] Agriparen Termak,
'Arco della Ciambella'
Erroma, Italia Erromatar Inperioa Kupuladun lehen termak Erroman [7]
II. mende hasiera–
128
30,0 m [8] Trajanoren Termak Erroma, Italia Erromatar Inperioa Kupula erdia
128–1436 43,4 m [5] Panteoia Erroma, Italia Erromatar Inperioa Orain arte munduko handiena armatu gabeko hormigoiz.[9] Mendebaldeko kupula eraikuntzaren arketipoa[5][10]
1436–1881 45,52 m Santa Maria del Fiore Erroma, Italia Florentziako artxibarruti katolikoa Kupula oktogonala. Orain arte munduko handiena adreiluz eta morteroz eginikoa.
1881–1902 46,9 m [11] Devonshire Royal Hospital Buxton, Erresuma Batua Cotton Famine Relief Fund Arbelez estalitako burdinazkoa (Robert Rippon Duke ark.)
1902–1913 59,45 m [12] West Baden Springs Hotel West Baden, AEB Lee Wiley Sinclair Altzairuzko eta beirazkoa (Harrison Albright ark.)
1913–1930 65,0 m [13] Hala Ludowa Wrocław, Polonia Alemaniar Inperioa Hormigoi armatuzkoa (Max Berg ark.)
1930–1955 65,8 m [14] Leipzig merkatu aretoa Leipzig, Alemania Hormigoi armatuzkoa (Franz Dischinger ark.)
1955–1957 101,5 m [15] Bojangles' Coliseum Charlotte, AEB Thompson and Street Altzairuzkoa (Odell and Associates ark.)
1957–1965 109 m [16] Belgradoko feria (1. aretoa) Belgrado, Serbia Belgradoko feria Munduko handiena aurreatezatutako hormigoiz.
1965–1975 195,5 m
(642 ft) [17][18]
Reliant Astrodome Houston, AEB H.A. Lott, Inc.
1975–1992 207 m [18] Louisiana Superdome New Orleans, AEB Blount International[19] Altzairuzkoa (Nathaniel Curtis ark.)
1992–2001 256.0 m [20] Georgia Dome Atlanta, Estatu Batuak Brasfield & Gorrie Tentsegritate egitura
2001–2009 274 m [21] Ōita estadioa Ōita, Japonia Kisho Kurokawa Sabai tolesgarria
2009–egun 275 m Cowboys Stadium Arlington, AEB HKS, Inc. Sabai tolesgarria

Ikus, gaineraAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. Kupula sarrera Harluxet hiztegi entziklopedikoan
  2. a b Gopoil Zehazki hiztegian
  3. (Gaztelaniaz) Esther Alegre, Genoveva Tusell eta Jesús López (2010) Técnicas y medios artísticos Centro de Estudios Ramón Areces 98 or. ISBN 978-84-9961-002-3.
  4. Atreoren altxorra
  5. a b c Robert Mark, Paul Hutchinson: "On the Structure of the Roman Pantheon", Art Bulletin, Vol. 68, No. 1 (1986), p.24
  6. Rasch, 1985, 118or.
  7. a b Werner Heinz: "Römische Thermen. Badewesen und Badeluxus im römischen Reich", München 1983, ISBN 3-7774-3540-6, p.60-64
  8. Rasch, 1985, 119 or.
  9. Romanconcrete.com
  10. Werner Müller: "dtv - Atlas Baukunst I. Allgemeiner Teil: Baugeschichte von Mesopotamien bis Byzanz", 14. Aufl., 2005, ISBN 3-423-03020-8, p.253
  11. E. P. Copp: "The Devonshire Royal Hospital Buxton", Rheumatology, Vol. 43 (2004), p.385
  12. Wayne Curtis: "Back home in Indiana", Preservation, Vol. 59, No. 3 (2007), pp.40-47
  13. UNESCO World Heritage: Centennial Hall in Breslau
  14. Leipzig Market Hall
  15. Survey and Research Report on the Charlotte Coliseum cmhpf.org.
  16. Belgrade Fair (Beogradski Sajam), Hall 1
  17. Encarta: Kuppel. Archived 2009-10-31.
  18. a b Encyclopædia Britannica: Astrodome
  19. Air University: Eagle Biography: Winton M. "Red" Blount
  20. Building Big Databank: Georgia Dome, PBS Online/WGBH
  21. "Big Bigger Biggest - Series 2: Episode 9 - Dome", Windfall Films Ltd.


Kanpo estekakAldatu