Zutabe
- Artikulu hau atal arkitektonikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zutabe (argipena)».
Zutabea edo koloma, arkitekturari dagokionez, atal arkitektoniko bertikal bat da, forma luzangakoa, orokorrean, egituraren pisua eusteko balio duena, modu apaingarrian ere erabil daitekeen arren. Bere sekzioa biribila izan ohi da, eta karratua denean, pilare edo pilastra esaten zaio. Normalean, zutabea hiru zatiz osatua dago: harroina, fustea eta kapitela.
Geologian, zutabeak espeleotema mota batzuk dira.
Sailkapena
aldatuEraikinaren beste osagai batzuekiko
aldatuEraikinaren beste osagai batzuekiko duen antolaketa kontutan hartuz, honako zutabe mota hauek bereiz daitezke:
- Zutabe isolatua: Eraikinaren beste edozein gorputzetik aske eta banandua dagoena.
- Zutabe itsatsia: Harresi baten edo eraikinaren beste edozein elementuren ondoan jarria dagoena.
- Zutabe xurgatua: Itxuraz, zati batean, harresi batean edo eraikinaren beste edozein gorputzetan sartuta dagoena.
Arkitektura ordena klasikoen arabera
aldatuArkitektura ordena klasikoen arabera, zutabeak honelakoak izan daitezke:
- Doriar ordenako zutabea
- Joniar ordenako zutabea
- Korintiar ordenako zutabea
- Toskanar ordenako zutabea
- Ordena konposatuko zutabea
Fustearen arabera
aldatuGuztia zati bategatik hartuz, ohikoa da zutabeak, duten fustearen arabera sailkatzea. Honela, zutabe mota hauek egongo lirateke:
- Zutabe ildotua: Bere luzera osoan zehar ildo apaingarriak dituena
- Zutabe faszikulatua: Fuste konposatu bat duena, hau da, batutako beste fuste meharrago batzuekin eratutakoa
- Zutabe salomonikoa: Fustea, espiral forman okertua duena
- Zutabe batua edo faszikulatua: Harroin eta kapitel berbera duten fuste anitzekoa, oso ohikoa arkitektura gotikoan.
Zutabe oroitarria
aldatuKasu aparte bat, zutabe oroitarriarena da. Ez da eraikin baten egitura atala, berez, gertaera edo pertsonaiaren baten monumentu oroitarria baizik. Podio altu batean, neurri handiko fuste bat altxatzen da, bere azalera osoa estaltzen duten baxuerliebeekin apaindua, eta goialdeko muturrean, pinakulu eran, irudi edo estatua bat altxa daiteke.
Erromatarrek, estatu garrantzia zuten gertaerak oroitarazteko erabili zituzten, edo baita euren enperadoreak loriatzeko ere. Ospetsuak dira Trajanoren zutabea, 113. urtean altxatua Trajano enperadoreak Daziako probintzia konkistatu izana oroitarazteko, edo Marko Aurelioren zutabea, Antoninoren foruan 180an altxa zena (gaur egun Colonna de Romako enparantzan), germaniarren aurka lortutako garaipenak oroitarazteko.
Erromatar Inperioaren ondorengo garaietan, garaipen monumentu hau erabiltzen jarraitu da. Horien adibide esanguratsuak Parisko Vendôme zutabea Napoleon Bonaparteri eskainia, edo Nelsonen zutabea, Londresko Trafalgar Enparantzan.
Zutabeak geologian
aldatuZutabeak kaltzitaz osatutako formakuntzak dira, eta espeleotemen barruan kokatzen da. Zutabe bat estalaktita bat eta estalagmita bat elkartzean sortzen da, eta ez dira zertan erabat bertikalak izan, estalgmitak ez daudelako beti estalaktiten azpi-azpian.