Mesopotamia (antzinako grezieraz: Μεσοποταμία, “bi ibaien artean”; arabieraz: الرافدين, bilād al-rāfidayn; persieraz: Miyanrudan, “ibaien arteko lurraldea”; asirieraz: ܒܝܬ ܢܗܪܝܢ, beth nahrin, “bi ibaien artekoa”)[1][2] mendebaldeko Asiako antzinako lurraldea da, Tigris eta Eufrates ibaien artean kokatua, egungo Irak, Kuwait, Saudi Arabiako iparraldea, Siriako ekialdea, Turkiako hego-ekialdea eta Irango hego-mendebaldea hartzen dituena.[3] Mesopotamia Garaiak eta Mesopotamia Behereak osatzen dute.

Mesopotamiako mapa.

K.a. XXIV. mende ingurutik aurrera, sumertar herriek Behe Mesopotamiako padurak drainatu, dikeak, hormak eta ubideak eraiki eta lurra lantzeari ekin zioten. Nekazaritzaren aurrerakada handia izan zen eta, ondorioz, hiri-estatu independienteak sortzen hasi ziren, batzuetan elkarren lehian: Ur, Uruk, Lagash eta Eridu, besteak beste. K.a. XXIII. mendetik aitzina, zibilizazio aberatsak garatu ziren: Sumer, Akad, Babilonia eta Asiria.

Sumertarrak izan ziren lehenengo agintariak, eta zibilizazio bakezale eta langilea eratu zuten. Agintarien artean, Gudea, Lagasheko erregea da nabarmentzekoa. K.a. 2300 aldean, akadtarrek, Sargon buru zutela, sumertarren hiriak indarrez hartu eta Akadtar Inperioa sortu zuten. Ondoren, Babilonia bihurtu zen hiri nagusi, Hammurabiren erregealdian loraldi handia lortu zuena ekonomian eta kulturan. K.a. VII. mende erdialdean, asiriarrek hartu zuten mendean eskualde osoa, Asurbanipal erregearen agindupean. Azkenik, K.a. VI. mendean persiarrek konkistatu zuten Mesopotamia.[4]

Geografia aldatu

 
Tigris eta Eufrates ibaien ibilbideak

Tigris eta Eufrates ibaien arteko arroak ia osorik hartzen dituen lur eremuari esaten zaio Mesopotamia, eta duen tankeragatik Ilgora Emankorra izenaz ere ezaguna den eskualde zabaleko gune nagusia da. Muga natural ongi zehazturik gabeko lurraldea da; berezko muga argi bakarra hegoaldean du, Arabiako basamortua baitago han. Ekialdean eta iparraldean Elam, Zagros mendia eta Armenia ditu; mendebaldeko muga, berriz, benetako basamortuz baino estepaz osaturiko lurralde batek egiten du, baina muga horrek sekula ez du eten Mesopotamiaren eta Siriaren, eta Sirian zehar, Palestina eta Mediterraneo inguruko lurren arteko harremana.

Bi eskualde nagusi bereizten dira:[5]

  • Iparraldean Mesopotamia Garaia dago, Eufrates eta Tigris ibaien iturburuetatik Bagdad hiriraino. Muino eta ordokiz osaturik dago eta, urtaro euriei esker, lurra nahiko emankorra zen Antzinatean. Lehenbiziko biztanleek, lurra lantzeaz gain, hurbileko mendietako zura, harria eta metalak erabili zituzten. Bertan zeuden Assur, Nimrud, Ninive eta Dur Sharrukin, Asiriako hiriburuak.
  • Hegoaldean Mesopotamia Beherea dago, ibaien behealdea hartzen duena, Bagdadetik Persiar golkoraino. Oso lautada alubial handia da, eta bertan zingira zabalak eta ordoki agorrak tartekatzen dira. Hiriak ibaien bazterretan eraiki, eta lurra ureztatzeko sistemak sortu zituzten. Natura baliabide urriak zeudenez, merkataritzak garrantzi handia izan zuen. Ur, Babilonia, Borsippa, Sippar, Kish, Nippur, Uruk, Larsa eta Lagash izan ziren Mesopotamia Behereko hiri nagusiak. Eridu, eskualdeko porturik garrantzitsuena izandakoa, itsasertzetik 210 kilometrora dago gaur egun.

Historia aldatu

Hirien sorrera aldatu

 
Uruk (K.a. 3800-3200) eta Jemdet Nasr (K.a. 3100-2900) aroetako gune nagusiak.

K.a. 6. milurtekoaren eta 3.500. urtearen artean, nekazaritza kultura eratu zen Persiar golkoan eta handik Mesopotamia guztira zabaldu zen gero; kultura haren zabalkundearekin batera biztanleria asko handitu zen. K.a. 4. milurtekoaren erdialdeko aztarnek erakusten dutenez, ordurako bizileku mota berriak eratzen hasiak ziren, eta sortzen hasita zeuden lehenbiziko hiriguneak. Hiriak arrazoi desberdinen ondorioz sortu ziren, ordea, lekuaren arabera.

Bestalde, hiriak sortzearekin batera edo horren ondorioz, garrantzi handiko aurrerapen ekonomiko eta teknikoak gertatu ziren; orduan hasi ziren erabiltzen goldea, lur eremu handien ureztatze sistematikoko teknikak, gurpila, buztingintzako tornua, metalurgia, neurriak eta pisuak, eta lehenbiziko dirua. Era berean, hiriekin batera agertu ziren Mesopotamian izpiritu eta kultura aurrerapen aipagarriak, bereziki idazketa eta adierazpen politikoaren artea. Orduan eraiki ziren, orobat, lehenengo tenpluak. Arkeologia aztarnek erakusten dutenez, K.a. 3. milurtekoaren amaieran, tenplu zentral bat edo tenplu multzo bat zuten zenbait sumeriar hirik, tenplu bakoitzak aginpide ekonomiko jakina zuela.

 
Uruk Aroko zigilu zilindrikoa, Louvre.

Uruk eman du Mesopotamiako hiriei buruzko berri gehien. Bertan agertu ziren, garai hartan, arkitektura monumentala, zigilu zilindrikoa eta kontularitzarako tresnak; ekonomia berriaren eta eskualdean gertatzen ari zen bizi baldintzen aldaketa handiaren irudi dira ezaugarri horiek. Uruk da, esan bezala, aztarnei dagokienez garrantzi gehien izan duen hiria, baina baziren hura bezain hiri aurreratuak, edo hura baino are aurreratuagoak, Kish besteak beste. K.a. 3. milurtekotik aurrerako erlijio gune aipagarriena, esaterako, Nippur izan zen. Hiri bakoitzak jainko zaindari bana zuen, eta tenplua zen zaindariaren egoitza. Ondasun materialei eta gizarte bizitzari dagokionez, tenplua zen hiriko osagai aipagarriena, hura baitzen lur gehienen eta abereen jabea. Tenpluaren eskoletan prestatzen zen idazlarien elitea eta, prestakuntza amaitu ondoren, tenpluaren administrazioaren arduradun jarduten zuten.

Brontze Aroa aldatu

 
Mesopotamiako kronologia Uruk Arotik persiar agintaldira arte.

Lehenbiziko herri nekazariak K.a. 6. milurtekoan kokatu ziren Mesopotamian, baina aurreneko estatu egiturak ez ziren handik bi mila urte arte eratu. K.a. 4. milurtekoaren erdian hasi ziren, beraz, estatu egiturak osatzen, harik eta hurrengo milurtekoaren hasieran aro dinastiko arkaikoa hasi zen arte (K.a. 2900-2334). Sargonek sorturiko Akadtar Inperioaren garaian (K.a. 2334-2193) kultura semita gailendu zitzaion sumeriarrari, eta aginpide politiko bakarraren mende bateratu zen lurraldea lehenengoz. Akadtar Inperioa desegin zenetik K.a. 3. milurtekoaren amaiera arte, Urko hirugarren dinastia nabarmendu zen Mesopotamiako politikaren historian, K.a. 2003 inguruan desagertu zen arte.

K.a. 3. milurtekotik 2. milurtekorako igaroaldian bi gertaera izan ziren aipatzekoak: Urko Hirugarren Inperioa desagertzea, batetik, eta Paleobabiloniar Inperioa sortzea, bestetik. K.a. 2000. urte inguruan, mendebaldeko amorrita herri nomadak zenbait hiri hartu zituen, Mari, Asur eta Babilonia besteak beste, eta hango agintari egon zen K.a. 1900. urteaz gero. Babilonia aski hiri txikia izan zen Hammurabiren garaia arte; hark bere agintepean bildu zituen Mesopotamiako lurralde guztiak, batasunak denbora gutxi iraun zuen arren. Bestalde, Asiria Sumeriaren mende egon zen bere historiako lehenengo milurtekoan, baina Urko hirugarren dinastia desegin zenean burujabetasuna eskuratu zuen.

Shamshi-Adad I.a amorrita egin zuten Asiriako errege K.a. 1814an, eta asiriarren eragina Mesopotamiako iparralde guztira zabaldu zen. Baina, Hammurabik aginpidea eskuratu zuenean, Babiloniak aurrea hartu zion Asiriari. Asiria gainbehera etorri zen ordutik aurrera, eta Mitanniren mende gelditu zen azkenean. K.a. 1595ean, Paleobabiloniar dinastia desegin zelarik, Mesopotamia agintaririk gabe gelditu zela baliatuta, Zagros mendietatik zetorren Kasitar dinastiak hartu zuen Mesopotamiako agintea eta beren nagusitasuna ezarri zuen Bitarteko Inperio Babiloniarraren garaian (K.a. XVI-XII. mendeak).

K.a. XII. mendean nazioarteko egoeran aldaketa handiak gertatu ziren: 2. milurtekoan potentzia inperialista izandakoak indarra galtzen hasi ziren eta haien tokia estatu txiki ugarik bete zuten. Estatu txikiak ziren gehienak, Asiriako Inperio Berria izan ezik; Asiriako inperioa Mesopotamiako potentzia nagusia izan zen, eta Ekialde Hurbil guztira zabaldu zuen bere eragina, harik eta K.a. VII. mendean Babiloniako Inperio Berriak haren tokia hartu zuen arte.

Sumer eta Akad aldatu

 
Akadtar Inperioaren mapa. Gezi horiek kanpaina militarren norabidea adierazten dute.

Aro dinastiko arkaiko edo protodinastikoan (K.a. 2900-2334) asko bizkortu zen Uruken garaian hasitako urbanizazio prozesua; aro horretan sortu ziren sumeriar hiriak, Sargon Akadekoaren agintaldia bitartean. Aro dinastiko arkaikoan hirigune handietara aldatu ziren ordura arte landetan bizi izandako herriak, eta horren ondorioz bizitoki txikiak hustu egin ziren.

Hiria eta hiri ingurua izan ziren sumeriarren egitura politikoaren oinarriak; hiri-estatuak eta beren mendeko lurraldeak batasun politiko elkarretatik bereiziak ziren eta elkarren artean lehia gogorra izan zuten, besteen gaineko nagusitasuna nork eskuratuko. Aro dinastiko arkaikoan Mesopotamia Beherea hogei hiri-estatutan banatuta zegoen, besteak beste Sippar, Kish, Isin, Nippur, Shuruppak, Umma, Lagash, Uruk, Larsa, Ur eta Eridu.

Garai hartako ezaugarri nagusia agintaritza politiko sekularraren sorrera izan zen. Erregeari buruzko hainbat aipamen agertu dira: en, lugal, ensi tituluak ematen zitzaizkien erregei. Tenplu handietako apaizen ordez, aginpide poliiko zibila ezarri zen, eta badirudi aldaketa horrekin batera sumeriar hirietako kultura materialean osagai berriak agertu zirela: jauregiak (“etxe handiak”) eta erregeen hilobiak hain zuzen.

Hirietako agintean zegoen sumeriar monarkiak ez zuen Mesopotamia bateratzeko ahalmenik; Akadeko semitek (K.a. 2334-2193) bakarrik lortu zuten lurralde batasuna. Akadtarrek sumeriar kultura hartu zuten, Tigris eta Eufrates lurraldeek bezala. Beraz, Mesopotamian akadtarrak nabarmendu izanak ez zuen hango zibilizazioaren hondamena ekarri, baina zibilizazioaren politika gune nagusia iparralderantz lekualdatu zen. Horrezaz gainera, estatuaren eta Mesopotamiako erregeen ideologian inperioaren ideia zabaldu zen, aginpide unibertsalaren ideia hain zuzen ere. Aurrerantzean pentsamendu politikoaren oinarria ez zen hiria izan.

Babilonia aldatu

 
Hammurabi errege intsignia jasotzen Xamaxen eskuetatik.

Urko hirugarren dinastia desegin zenean, leinu nomada amorritak sartu ziren Mesopotamia Beherean eta, lurralde hartako barne arazoez baliatuta, Sumerko eta Akadeko hiri suntsituak hartu eta erreinu txikiak eratu zituzten. Ur elamdarren esku gelditu zenetik hititek Babilonia hartu zuten arteko garaian gertatu zen hori, Aro paleobabiloniar edo antzinako aro babiloniar esaten zaion garaian hain zuzen (K.a. 2004-1595).

Zibilizazio sumeriar-akadtarrak 2. milurtekoan izan zuen zabalkunde goreneko aldia Hammurabiren agintaldia (K.a. 1792-1750) izan zen. Errege hark Mesopotamia guztia eskuratu zuen indarra eta diplomazia erabiliz, eta lurralde haren historiako bigarren inperio semita handia eratu zuen. Berriro errejimen bateratzailea ezarri zen, eta antzinako lehiaren ondoren lurraldeen artean eratu ziren desberdintasunak berdintzera bideraturiko politika egin zen. Hammurabiren Kodea da ordena lortzera bideraturiko politika haren erakusgarri nagusia. Haren inperioa hamarkada gutxiren buruan desegin zen, baina bitarte horretan Mesopotamia bateratu zuen eta hiriburu ospetsu bihurtu zuen Babilonia, harresi, tenplu eta kanalizazio bikainez hornituriko hiria.

Mesopotamiako historiaren garai hartarako hiri-estatuak desegin ziren arren, sumeriar hiri eredua ez zen desagertu eta iparraldera hedatu ere egin zen gainera. Asiriarrak iritsi arte ez zen berrikuntza handirik egin hiriei zegokienez. Asiriarrek lekuan lekuko administrazio gune bihurtu zituzten antzinako hiriak, eta errege jauregiaren inguruan eratutako hiriburuak ere sortu zituzten; errege jauregiak asiriar monarkiaren eta monarkia horren ideia inperialaren indarra erakusten du.

Asiria aldatu

Inperio paleoasiriarra amorritek sortu zuten, K.a. 1830 inguruan, lurralde haren gaineko kontrola lortu zutelarik. Asiriar Inperioa sortu eta potentzia politiko eta militarra bihurtu izanak ondorio larriak izan zituen gorabehera eta krisi handiko garai hartan. Asiriako lehenengo errege handia Shamshi-Adad I.a izan zen (K.a. 1813-1781). Denbora gutxian Mesopotamia Garaia hartu eta Mari anexionatu zuen.

Babilonia kasiten esku geratu ondoren, eta hititen erasoaren eta Mitanni erresumaren mehatxupean, Asiriak krisi sakona bizi izan zuen harik eta Ashur-uballit I.ak (K.a. 1365-1330) agintea hartu zuen arte, inperioa berriro Eufrates ingururaino zabaldu zuelarik. Mesopotamia iparraldeko merkataritza bideen gailentasuna eta inperioaren sendotzea Adad-nirari I.a erregearen garaian gertatu zen (K.a. 1307-1275); hark bihurtu zuen Asiria garai hartako potentzia militar nagusi.

Hizkuntza eta idazkera aldatu

 
Larsako errege Iddin-Daganen omenezko ereserkia. Sumerieraz idatzirik dago, idazkera kuneiformearen bidez. K.a. XX. mendea.

Sumeriera eta akadiera izan ziren hizkuntza nagusiak. Lehenbizikoa hizkuntza eranskaria da, K.a. IV. milurtekotik aurrera hegoaldeko Mesopotamian mintzatu zena. K.a. 2000tik aurrera akadiera gailendu bazitzaion ere, administrazioan, erlijioan, literaturan eta zientzian sumeriera erabiltzen jarraitu zen.[6]

Sumeriera da lehenbiziko hizkuntza idatzi ezaguna.[6] Idazkera kuneiformea deitutakoa erabiltzen zuten: kanabera batez idazten zuten buztinezko gainalde batean; kanaberaren muturretako bat ziri moduan zegoen zorroztua, eta buztinaren gainean idaztean “iltzearen” marka berezia uzten zuen; beste muturra, berriz, landu gabe zegoen, eta harekin zenbakiak idazten zituzten. Sumertarrek asmatu zuten idazkera kuneiformea sistema huts-hutsik ideografikoa izan zen hasieran. Ikur bakoitzak funtsezko esanahi bat zuen, eta gero beste esanahi eratorri edo kidekoak eransten zitzaizkion. III. milurtekoaren erdialdera, 600 bat ikurrez eratutako sistema bat erabiltzen zuten, gehienak ideografikoak edo logografikoak.

K.a. 2.300. urtean akadiarrek sumeriar idazkera berenganatu zutenean, idazkera hori aldi logosilabiko oso landu batean zegoen. Handik hara oso bilakaera bizkorra izan zuen, akadiera oso bestelako hizkuntza baitzen: silaba anitzekoa zenez, bakanagoa izaten zen homonimiak sorturiko nahastea. Hala ere, logogramek bere horretan iraun zutenez, eta akadiarrek beren hizkuntzan irakurtzen zituztenez logograma horiek, sistema konplexu samar bat sortu zen, non ikur bakoitzak aldi berean hainbat balio logografiko eta hainbat balio silabiko izan baitzitzakeen, baina ezin jakin daiteke akadiarrek zein balioz erabiltzen zituzten.

Ez da harritzekoa, beraz, halako tresna konplexua espezialisten eskuetan baizik ez egotea, idazlarien eskuetan, alegia. Eta arrazoi horregatik beragatik egin dute horren bide luzea idazkera hori deskodetzeko ahaleginek, eta mugatu dira espezialistak, are gaur egun ere, dokumentu kategoria jakin bat, leku jakin bat eta aldi jakin bat baizik ez aztertzera. Mesopotamiako literaturan hiru nai nagusi daude: mitoak, ereserkiak eta eresiak. Aipagarria da Gilgamexen epopeia, dirudienez K.a. XIV. mendean idatzia; ezagutzen den kontakizunik antzinakoena da.[7]

Zientzia eta teknologia aldatu

Matematika aldatu

Babiloniako buztinezko taulatxoetan biderketa eta berreketako taulak aurkitu dira. Zatiki-kalkuluak errazten zituen hamabitar zenbaki-sistema zuten baina, honekin batera, hamar hatzamarretatik sortutako hamartar sistema ere zeukaten; hirurogeiak esangura berezia zuen, esandako bi sistemen uztarketa baitzen. Bi zenbaki-sistema hauen erabilpena izan zen pisu eta neurrien oinarria. Aipatutako taulatxoetan sortu zen gure algebraren eta aritmetikaren parte handi bat; ez da txikiena idazkeran zifren posizioak duen garrantzia, zenbait mende geroago arabiarren eskutik gureganaino heldu zena. Lur-neurtzeak eta etxegintzak azaleraren eta bolumenaren kontzeptuak sortarazi zituzten; era horretan jaio zen geometria. Baina kontzeptu erreal hauek magiarekin nahasturik zeuden; zenbaki batzuk ahalmen bereziak zituztela eta diagrama geometriko batzuen bitartez etorkizuna iragar zitekeela sinesten zuten.[8]

Astronomia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Babiloniar astronomia»
 
Taulatxo biribil batean egindako zeru-planisferioa. K.a. 650eko urtarrilaren 3ko gauean Ninivetik ikusitako konstelazioak ageri dira bertan.

Denboraren neurketa sistematikoa Babilonian hasi zen. Nekazaritzarentzat garrantzi handia zeukan urte-sasoiak era egokian mugatzea, landareen hazkuntzak lan-mota berezia behar baitu urtaroaren arabera; horrela sortu zen egutegiaren beharra. Gizakiak berehala aurkitu zuen naturak eskaintzen zion denbora-unitate: eguna. Unitate hau baino handiago baten beharra izan zuenean, hilabetea hartu zuen; hilabete bakoitza ilberriaren sorrerarekin hasten zen. Geroxeago urtaro bakoitzari zegokion hilabete kopurua aurkitzea saiatu ziren. Guzti hau K.a. 4000. urtean gertatu zen Babilonian.[8]

K.a. 2000. urterako, hamabi hilabetetan banaturiko 360 eguneko urtea ezagutzen zuten babiloniarrek. Noizean behin, eta behar zen doikuntza egiteko, beste hilabete bat sartzen zuten. Eguna orduetan, ordua minututan, eta minutua segundotan banatu zuten. Eguzki-esfera ere asmatu zuten; hau lurrean zutik sartutako kainabera bat baino ez zen, eta orduen iragapena adierazten zuen. Eguzkiaren, Ilargiaren eta artean ezagutzen zituzten bost planeten izenak egokituz, zazpi eguneko beste unitate bat sortu zuten: astea. Hilabeteen arabera, hamabi zatitan banatu zuten Eguzkiaren ibilera espazioan zehar, eta zati bakoitzari izan mitiko eta ikur bana egokitu zioten: Aries, Taurus eta abar.[8]

Ezagutzen ditugun behaketa astronomikoen lehen datu zehatzak K.a. 2000. urtean egindakoak dira, eta Artizar planetaren irteera eta sarrerari zegozkien. Oso antzinetik, Mesopotamiako apaizek behatzen zuten gauez ortzea, eta lortutako datuak buztinezko taulatxoetan jartzen. Pixkanaka, fenomeno astronomikoen erregulartasunez ohartu ziren eta, K.a. VI. mendeko dokumentu baten arabera, Eguzkiaren eta Ilargiaren posizio erlatiboak eta eklipseak aldez aurretik kalkulatzeko gai ziren. Hau izan zen astronomia zientifikoaren sorrera.[8]

Erlijioa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Mesopotamiako mitologia»
 
Gauaren erregina, British Museum, Londres.

Babiloniarren ustetan, Unibertsoa kaxa itxi baten antzerakoa zen, hondoan Lurra zeukana. Erdialdean lurra igotzen zen, elur-aldeak osatuz, eta hauetan zegoen Eufratesen sorburua. Lurraren inguruan urezko sohorna bat izango zen eta honen inguruan, ortzea eusten, zeruko mendiak. Hala ere, dirudienez, Mesopotamiako astronomo batzuk ohartu ziren Lurra biribila zela.[8]

Erlijio politeista zuten; jainko asko gurtzen zituzten eta giza irudiekin irudikatzen zituzten. Jainko bakoitzak bere tenplua zeukan, Lurrean zeukan etxetzat hartzen zena. Erlijiozko erritu korapilatsuen bitartez gurtzen zituzten, animalien sakrifizioak eta jardun magikoak eginez. Nagusiak honako hauek ziren:

Magia, dirudienez, hasieran sinpatikoa zen, hau da, gizakiek Natura menderatzeko lortu nahi zituzten fenomenoak imitatzen zituzen. Hortik, misterio-erritoak sortu ziren. Geroagoko beste garai batean, horiei buruz pentsatzerakoan Naturaren indarrak nolabaiteko izaki biziak zirela imajinatu zuten. Orduan, aspaldi-aspaldiko errito magikoak zeremonia bihurtu ziren, jainkoak sortuz.[8]

Babiloniarren ustez, astroek finkatzen eta gidatzen zuten giza bizia; haien iritziz, taula astrologikoa egitea zen zientziaren helburu nagusia. Hori dela-eta, babiloniar astronomoek izugarrizko eragin handia lortu zuen gizakiengan. Igartzapenak nola egin behar ziren ikasteko, literatura astrologiko eta astronomikozko idazkiak zeuden tenplo bakoitzeko bibliotekan. Astrologiaren gailurra K.a. 540 aldean izan zen, hau da, kaldearrek herrialdea hartu ondoren.[8]

Gizartea aldatu

Mesopotamiako gizarte-egitura hierarkikoa zen:[9][10]

 
Erregea eta haren zerbitzariak. Urko estandartea, K.a. XXVII. mendea.
  • Piramidearen gailurrean zegoen hiri, eskualde edo inperioko erregea. Jainkoekin harreman berezia zuela uste zuten, baina ez zuten inoiz jainkotzat hartu, jainkoen eta menpekoen arteko bitartekotzat baino. Erregeak arrakasta izateak erakusten zuen jainkoak alde zituela. Errate baterako, Sargon Akadekoa agintari gogoangarri bilakatu zen, inperioa handitzea lortu zuelako; haren garaipen militarrek agerian utzi zuten herritarren aurrean jainkoek laguntzen ziotela.
  • Apaiz eta apaizemeak, goi-funtzionarioak (idazlariak, kontu eramaileak), merkatari aberatsenak eta lurjabe handiak zeuden gizartearen goi mailan. Hauen aurkako delituak gogor zigorturik zeuden.
  • Erdiko mailan herritar arruntak zeuden: nekazariak, artistak, musikariak, harginak, okinak, saskigileak, harakinak, arrantzaleak, garagardogileak, tabernariak, prostitutak, zurginak, lurringileak, eltzegileak, bitxigileak, zilarginak, orga gidariak, soldaduak, marinelak eta beste batentzat aritzen ziren merkatariak. Prostitutak, lurringileak, bitxigileak eta zilarginak goi klasekoak ere izan zitezkeen, erregeren edo nagusi aberats baten begikoak izanez gero. Emakumeak izan ziren Mesopotamiako lehenbiziko tabernari, sendagile eta dentistak.
  • Esklaboek osatzen zuten behe maila. Asko gerrako gatibuak ziren, baina herritar askea ere bihur zitekeen esklabo, delitua egiteagatik edo zorrak ez ordaintzeagatik. Hala ere, eskubide batzuk atxikitzen zituen, eta libertatea berreskura zezakeen.

Ekonomia aldatu

 
Aziendak eta laboreak. Warkako Edontzia, K.a. 3300-3100.

Nekazaritza zen Mesopotamiako ekonomiaren oinarria. Garagarra, garia, tipula, arbia, mahatsa, sagarra eta datila ziren uztarik garrantzitsuenak. Behi, ardi eta ahuntzak zeuzkaten, eta garagardoa eta ardoa egiten zuten. Arrantza egiten zuten ibai eta ubideetan. Klima bero eta lehorra baitzen, beharrezkoa zen sailak ureztatzea; beraz, Tigris eta Eufrates ibaietako ura ezinbestekoa izan zen laborantza garatu ahal izateko. Baina uholdeak ere maiz gertatzen ziren.[11]

Ura kontrolatzea funtsezkoa izan zen mesopotamiarrentzat. Horretarako, dike, urtegi, ubide, drainatze-erreten eta akueduktu sistema konplexua eraiki zuten, belaunaldiz belaunaldi zabalduz joan zena. Sistema hori mantentzea, konpontzea eta hedatzea izan zen agintarien eginbeharrik behinena. Idazlariek eta ikuskatzaileek prestatzen zituzten proiektuak, eta biztanle xeheak obra horietan lan egitera behartuak ziren.[11]

Mesopotamia Behereko lautada alubialean harri, mineral eta egur gutxi zegoen. Hori zela-eta, merkataritza oso goiz garatu zen: sobera ziren elikagaiak hurbileko eskualdeetara eramaten ziren, mineralen truke. Geroago, mesopotamiar merkatariak urrunago ere iritsi ziren, mendebalderantz Siria eta Asia Txikiraino, eta ekialderantz Persia eta Induseraino. K.a. 3000tik aurrera, kobrea eskuratzeko beharra sortu zen, metal horrekin egiten baitziren armak eta armadurak; distantzia luzeko merkataritza-bideak garatu ziren orduan. Garraioan astoak eta idiak erabiltzen ziren (gameluak K.a. 1. milurteko arte ez ziren etxekotu). Beste gai batzuk ibaiz garraiatzen ziren, hala nola Libanoko zurak, eta itsasontziak Indiako iparralderaino heltzen ziren.[11]

Artea aldatu

Mesopotamiako arteaz hitz egin ordez sumertar eta akadtar arteaz, asiriarraz eta babiloniarraz hitz egin behar da. Zibilizazio horietako artea, dena den, erlijio sinismen komunen eraginpean zegoen eta, aniztasun politikoa gorabehera, batasun kulturala eta estetikoa ekarri zuen horrek. Artea aginpindearen mende zegoen. Horrek bi ondorio nagusi izan zituen: banakako lanik edo lan pribaturik ez izatea eta egile guztiak anonimoak izatea. Lanak, bestalde, kanon formal eta ideologiko jakin batzuen mende zeuden eta, hori zela eta, uko egiten zitzaion norbanakoaren berezko adierazpenari. Hala ere, Mesopotamiako artistek talentu handia erakutsi zuten inguruneak jartzen zizkien eragozpenak -harri eta zur urritasuna, adibidez- gainditzen.

 
Urko estandartea, gerraren panela, K.a. 2500 inguru

Uruk Aroan lan sofistikatuak egin ziren, hala nola Warkako Edontzia eta zigilu zilindrikoak. Elamgo Guennolgo lehoi emea, kareharrizko eskultura bikaina da, K.a. 30002800 aldean egindakoa. Aipagarriak dira Eshnunnako irudiak (K.a. 29002550), gehienak alabastrozkoak, jainko-jainkosak eta apaizak irudikatzen dituztenak. Estatuaren tamainarekin alderatuz, oso begi handiak dituzte denek, eta jainko-jainkosek besteek baino begi nini handiagoak. Hala gorputzak nola aurpegiak eskematikoak dira, begiek beregana dezaten arreta osoa. Metalak lantzeko antzean brontzea beste material batzuekin konbinatzen zen, zur, urrezko xafla eta lapislazuliarekin.

Lanik aipagarrienetako bat Urko hilobietan aurkitutako Ahuntza kimu jaten da (K.a. 2600 aldean); metro erdiko goratasuna du, eta euskarri gisa erabiliko zen segur aski: ahuntz bat da eta zutik dago, zuhaixka loratu batean bermaturik. Aipagarriak dira, baita ere, titakadura lanak, hau da, zurean txertatutako maskor eta harri puskez egindako mosaiko modukoak, hala nola Urko estandartea (K.a. 2500 aldean, British Museum, Londres), 20 x 48 zentimetroko egurrezko kutxa baten apaingarria, non gerrako eta bakealdiko eszenak eta gai mitologikoak irudikatzen baitira.

Akadtar eskultoreak erregeen zerbitzura zeuden eta lanean sumertar tradizioari jarraitu bazioten ere, haiek baino errealismo handiagoaz irudikatu zituzten erregeen eszenak eta erretratuak. Akadtar lehen errege Sargonen garaitik (K. a 2334-2279) alabastrozko buru txiki bat gorde da. Niniven brontzeko buru bat aurkitu zen, akadtar errege ezezagun batena, Naramsin. Lan horrek argi erakusten du beren maisutasuna zizelatze eta moldatze lanetan. Akadtar erliebeek erregeen gerra egitandi gogoangarriak goresteko helburua zute; ospetsuena Naram-Simen estela da. Bertan, bi metroko harlauza zut batean, erregea ikusten da, bere gudarostearen buru, etsaiak zanpatzen. Aurreko errege batzuen estelak ere daude, baina zatiak baizik ez dira gorde. Akadtarrek trebetasun handia erakutsi zuten buztinazko oholtxotarako zigilu zilindrikoak egiten. Harri mota desberdinak erabili zituzten horretarako: harri kristala, lapislazulia eta jaspea edo harnabarra. Mitologia gaiak irudikatzen zituzten gehienbat, giza itxurako jainkoak, baina baita eguneroko bizitzako eszenak ere.

Lagash hiri estatuko jaun Gudearen (K.a. 2144–2124 bitartean agintean) hogeita hamarretik gora estatua gorde dira, gehienak diorita harrian eginak, lantzeko oso zaila den gaia. Gudea longainez jantzia irudikatua dago eskultura guztietan, besagaina eta ezkerreko besoa agerian dituela. Artile kizkurtuez egindako kapelu zilindriko bat darama buruan. Oinutsik ageri da beti, eskuak bularraldean elkartuak dituela, jainkozale baten gisa. Estatua gehienek idazkunak dituzte jainkoei eskainiak. Estatua horietatik ezagunena Gudea eseria da, osorik gorde den bakarra. Gorde diren buruen artean, berriz, Louvren dagoena da hoberena, Gudearen buru turbanteduna.

Asiriarrek sumertar artea berenganatu zuten, beren idiosinkrasiara egokitua. Haientzat, erregea gorestea zen artearen xede nagusia. “Ni erregea naiz, ni jauna naiz, ni laudatu beharrekoa naiz, ni goraipatua naiz, ni hotsandikoa naiz, ni nagusia naiz, ni gudari handia naiz, ni heroia naiz, ni lehoia naiz, ni gizona naiz, ni Asurnasirpal naiz, Asiriako erregea” dago idatzia inskripzio batean[12] Behe-erliebe narratibo bikainak egin zituzten, xehetasun handiz zizelatuak harri edo alabastroan, esaterako Nimrud eta Niniveko jauregietakoak; gehienetan ehiza edo gerra eszenak ageri dira. Ospe handikoa da Niniveko lehoia hilzorian, Londresko British Museumen dagoena. Eskulturan lammasu erraldoiak nabarmentzen dira, giza burua, lehoi edo zezen gorputza eta arrano hegoak dituztenak.

Asiriarrek ez bezala babiloniarrek ez zuten harrian landutako erliebea erabili dekorazioan. Nabukodonosor II.aren jauregia, Ixtarren Atea eta Prozesioen Etorbidea animalien erliebeez zeuden apaindurik, baina erliebeak forma jakina emandako adreilu beiraztatuez eginak eta puzzle baten gisa jarrita zeuden. Ishtarko ateak zezenak eta dragoiak zituen (zati bat Berlingo Vorderasiatisches Museumen berreraiki da).

Arkitektura aldatu

Hasieran etxeak kainaberazko edo zurezko etxolak baino ez ziren. Baina, hirietan etxeen pilaketak zekarren sutearen ariskua zela eta, erregai onak diren material horien ordez pezoa hasi ziren erabiltzen,[8] eta adreilua geroago.[13] Arkua eta ganga ezagutzen bazituzten ere, etxe arruntak burudunak ziren. Erdian patioa izan ohi zuten, eta gelak haren inguruan. Klima beroa zela eta, ate bakarra eta leiho gutxi izaten zuten.[14] Beti ere, baliabide gutxiko pertsonak kainaberazko etxeetan bizi ziren.

 
Chogha Zanbilgo zigurata

Agintarien jauregiak handi eta luxuzkoak ziren. Patioen inguruan zeuden eskulangile eta zerbitzarien etxeak, janari biltegiak, santutegiak eta errege familiaren gelak. Dekorazio joria izaten zuten: baxuerliebeak, irudi mitologiko erraldoiak, adreilu beiratuekin egindako apainketak... Denen artetik tronu aretoa nabarmentzen zen, bisitariak txunditzeko moduan apaindua. Lorategi eta parke zabalak izaten ziren kanpoaldean, ehizarako erabiltzen zirenak.[11]

Tenpluak ziren hiriko ekonomia eta administrazio jardueren erdigunea. Oinplano laukizuzena zeukaten, eta lurrezko plataforma baten gainean eraikitzen ziren hasieran. Denborarekin, gero eta plataforma handiagoak egin ziren; hori izan zen Mesopotamiako zigurat ezagunaren jatorria. Gizakiak jainkoekin topo egiten zuen mendi sakratuaren irudikapena zen zigurata. Adreiluz eraikiak, pìramide mailadunak ziren, gaina zelaia zutenak. Goiko zelai horretan zegoen tenplua. Sarbidea eskailera edo arrapala baten bidez egiten zen. Tenplu nagusiaren inguruan kokaturik zeuden zeremonia lekuak, santutegiak, ehorzte-ganberak, oturuntz aretoak, lantegiak, aletegiak eta administrazio eraikinak.[11]

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia. .
  2. Euskaltzaindia. (2004/XII/16). 142. araua: Antzinateko eskualdeen euskarazko izenak. Bilbo.
  3. Collon, Dominique. Mesopotamia. bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2018-5-15).
  4. Mesopotamia. hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2018-5-24).
  5. Mesopotamia. mesopotamia.co.uk (Noiz kontsultatua: 2018-5-24).
  6. a b Antzinateko pertsona-izenak eta izen mitologikoak (I) Mesopotamia, Mediako Inperioa, Akemenestar Inperioa eta Lidia. euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-5-28).
  7. Aurkerena, Joseba. «Gilgamesh, gizakion epopeiarik zaharrena» Info7 (Noiz kontsultatua: 2018-06-04).
  8. a b c d e f g h Bandres Unanue, Luis. Mesopotamia eta Egypto. aldizkaria.elhuyar.eus, Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 Unported lizentzia (Noiz kontsultatua: 2018-5-24).
  9. Mark, Joshua J.. Daily Life in Ancient Mesopotamia. Ancient History Encyclopedia, ancient.eu (Noiz kontsultatua: 2018-5-28).
  10. Irizar, José. Antzinako Egipto eta Mesopotamia. euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-5-28).
  11. a b c d e Civilization: Ancient Mesopotamia. timemaps.com (Noiz kontsultatua: 2018-5-29).
  12. Cohen, Ada & Kangas, Steven E.. (2016). Inside an Ancient Assyrian Palace: Looking at Austen Henry Layard's Reconstruction. Hanover, New Hampshire: Hood Museum of Art, Dartmouth College ISBN 9781611689976..
  13. Mark, Joshua J.. Mesopotamia. Ancient History Encyclopedia, ancient.eu (Noiz kontsultatua: 2018-5-31).
  14. Arquitectura Mesopotámica. arteespana.com (Noiz kontsultatua: 2018-5-31).

Kanpo estekak aldatu