Arku (arkitektura)

Arku goratu» orritik birbideratua)

Arkua egitura kurbo bat da, zutabe edo euskarriren arteko hutsunea estaltzeko[1] eta pisu jakin bat eusteko ahalmena duena. Eraikuntza elementu honek hainbat itxura eduki dezake: erdizirkularra, zorrotza, parabolikoa eta abar. Izena, arku deritzon armatik datorkio, horren eite kurboa baitu[1].

Oinarrizko arkua

Arkuak, jasotzen dituen kargak (bai berezko kargak bai gainkargak) alboetara bideratzen ditu, arkua bera eusten duten zutabe edo horma zatietaraino. Konpresioan egiten du lan, eta horregatik ekidinezina da eusten den puntuetan bultzada horizontalak sortzea; beraz, horma edo zutabeen berezko masa ez bada nahikoa bulkada horizontal hauek eusteko, ostiko-arku edo hormabular bidezko arriostramendua behar izango da arkua irauli ez dadin.

Arku jarrai batek ganga eratzen du, azalera bat estaltzen duen sabai biribildua[2]. Arkuen erabilera oso antzinakoa da, K.a. 2. milurtekoan agertu baitziren Mesopotamiako adreilu arkitekturan[3], baina erabilera sistematikoa Antzinako Erroman hedatu zen, askotariko egituretan aplikatuz.

Historia aldatu

Benetako arkuak, arku izunak ez direnak alegia, Antzinako Ekialde Hurbil eta Sortaldeko hainbat zibilizaziok ezagutzen zuten, baina erabilera urrikoa eta batez ere lurpeko egituretan konfinatua, non bultzada horizontalaren arazoa garrantzitsua ez den[4]. Honen adibide da Nippur-eko arkua[5]. Salbuespen dira pezozko etxe-sarrera bat K.a. 2000n Tell Tayan eta Brontze Aroko Axkelon hiri-sarrera arkuduna egungo Israelen, K.a. 1850ekoa[6][7]. Dobela baten lehenego adibideetakoa da Greziako Rodasko oinzubian ageri dena[8]. Arku izunak beste hainbat lekutan ere aurkitu dira: Asian, Afrikan, Europan eta Amerikan. 2010ean, robot batek pasabide arkudun luze bat aurkitu zuen Quetzalcoatlen piramidean, antzinako Teotihuacan hirian, Mexikon, K.o. 200 inguruan eraikia[9]. Antzinako Persian, Akemenestar Inperioak kanoi ganga txiki bat eraiki zuen (berez, bata bestearen ondoan eraikitako arkuak) iwan bat egiteko, gerora egitura erraldoi eta monumentalak bihurtuko zirenak Partiar Inperioaren garaian[10][11][12]. Arkitektura-tradizio honek Sasandar Inperioan jarraitu zuen, non Taq Kasra eraiki zen Ktesifon hirian VI. mendean, garai modernoa arte eraiki den gangarik handiena[13].

Antzinako erromatarrek etruriarrengandik ikasi zuten arkua erabiltzen, berdefinituz eta ahalmen guztiez etekina hartuz lur gaineko eraikuntzetan. Horrela, Europako lehenak izan ziren, agian mundukoak ere bai, arkuen, ganga eta kupulen onura guztiak erabiltzen[14]. Erromatar Inperio osoan zehar, erromatar ingeniariek zubiak, akueduktuak, ateak eta garaipen arkuak eraiki zituzten. Gangak erabiltzen hasi ziren espazio handiak estaltzeko, hala nola, areto eta tenpluak, K.a. I. mendetik aurrera kupulak ere erabiliz horretarako. Arku beheratua lehen aldiz erromatarrek erabili zuten, konturatu baitziren zubi bateko arkuek ez zutela zertan erdizirkularrak izan[15][16]. Etxeen eraikuntzan ere usu erabili ziren, Ostian esaterako.

Nahiz eta Antzinako Txinako eraikuntza asko ez iritsi gaurdaino, egurrezkoa zelako, antzinatik erabiltzen ziren arku eta gangak, baina gehienetan lurpean. Gaur arte zutik dirauen harrizko zubi arkudun zaharrena Zhaozhou zubia da, 595 eta 605 artean eraikia Sui dinastian. Munduko zubi zaharrena da arkuarte irekiko arku beheratua duena harriz egina[17][18].

Europan, arku erdizirkularen ondoren arku zorrotza (gotikoa) erabiltzen hasi zen, zeinaren bultzada lerroak bertikalagoak diren eta, hortaz, hain horma edo hormabular sendoak behar ez baititu. Legenagoko esperientzetatik ikasitako egitura da, denboraren poderioz erromatar egitura batzuk zapalduz eta beheratuz joan baitziren giltzurrunetatik erasanez. Horrela, giltzurrun hain irtenik ez zuen arku bat bilatu zen, eta arku zorrotza edo ojibala aurkitu.

Hormigoi eta altzairuaren orokortzearekin XX. mende hasieran, arkuen eraikuntza pieza txikiekin egin ordez atal jarraiekin egiten hasi zen. Horrela, argi luzeko arkudun zubiak agertu ziren, ehunka metrokoak.

Ezaugarriak aldatu

 
Arku baten eskema:
1. Giltzarria,
2. Ziriharria/dobela
3. Arkugainera/Estradosa,
4. Inposta,
5. Arkubarnera/Intradosa,
6. Gezia,
7. Argia (baoa),
8. Hormabularra

Arku baten osagaiak eta atxikiak[19]:

  • Ziriharri edo dobelak: erpinik gabeko falka formadun piezak, arkua osatzen dutenak. Posizioaren arabera, izen ezberdinak dituzte:
    • Giltzarria: arkuaren erdiko dobelak, arkua goialdean ixten duenak
    • Kontra-giltzarriak: giltzarriaren kontra daudenak
    • Salmerrak : ertzetako dobelak, kargak hartzen dituztenak, inpostaren kontra.
  • Inposta: Arku bat bermatzen den irtengune edo moldura. Arkua abiatzen den lerroa. Ez da arkua bera.
  • Hormabularra: bultzada horizontalak eusteko behar den horma zatia. Arku itxura badu, ostiko-arkua deitzen da. Ez da arkua bera.
  • Arkuartea: arkuaren eta muga laukizuzen baten (alfiza esaterako) arteko gainazala edo horma zatia. Bi arkuren arteko gainazala ere izan daiteke. Ez da arkua bera.
  • Arkibolta: arkuaren kanpoaldean, apaingarri bezala jartzen den moldura-multzoa, arku zentrokidez osatua.

Arku baten ezaugarriak:

  • Zentroa: Inpostaren gainetik edo azpitik egon daiteke. Zentro bat baina gehiago egon daiteke.
  • Inposta-lerroa: arkua hasten den lerroa, inposten eta salmerren arteko lerroa
  • Gezia: Arku baten barneko garaiera da, inposta-lerrotik giltzarriraino neurtua.
  • Argia: Arkuaren argia honen zabalera da, salmerretik salmerrera dagoen distantzia. Argiak baoaren zabalera definitzen du.
  • Lerdentasuna: gezi eta argiaren arteko erlazioa da, normalean zatiki eran ematen delarik (1/2, 1/3 etab.).
  • Arkubarnera edo intradosa: arkuaren barneko azalera
  • Arkugainera edo estradosa: arkuaren gaineko azalera
  • Arku-uztaia da arkubarneraren eta arkugaineraren arteko material zerrenda.

Motak aldatu

Zentro bakarrekoak aldatu

  • Erdi puntuko arkua edo Arku erdizirkularra: Zirkunferentziaren zentroa inposta lerroan dago, beraz, geziaren neurria argiaren erdia da.
  • Arku apaldua edo beheratua: Geziaren altuera argiaren erdia baino txikiagoa bada.
  • Arku goratua: Geziaren altuera argiaren erdia baino handiagoa bada.
  • Ferra arkua: Arkuaren goragunea kurba bat bada, eta orduan arkuaren kurba zirkunferentzia erdia baino gehiago da. Arkuaren erdigunea inposta lerrotik gora dago.

Bi zentrokoak aldatu

  • Arku zorrotza: Arkuaren bi kurbak angelu zorrotza osatzen dute giltzarrian. Zentroaren kokapenaren arabera, izen desberdinak hartzen dituzte:
    • Puntu osokoa kurben bi zentroak arkuaren abiapuntutan daudenean, inposta lerroan.
    • Heren-puntukoa argia 3 zatitan banatuko bagenu, kurben zentroak erdiko herenaren ertz puntuetan daudenean.
    • Laurden-puntukoa argia 4 zatitan banatuko bagenu, kurben zentroak erdiko bi laurdenen ertz puntuetan daudenean.

Hiru zentrokoak aldatu

  • Arku karpanela: Bi zentro inposta lerroan eta beste bat lerro horren azpitik.
  • Trankil arkua: Salmerrak altuera desberdinean daudenean.
  • Arku hanpatua: Ferra-arku zorrotza. Arku arabiar ere esaten zaio.

Bestelakoak aldatu

Beste irizpide batzuen arabera, arkuak beste era batera izenda daitezke:

  • Arku txaranbeldua: Horma baten azal batetik bestera argia handitzen edo txikitzen doan arku-mota. Asko erabili izan da arkitekturan leihoak eta atariak osatzerakoan. Leihoetan txaranbeldu laua da arruntena; atarietan, ordea, ohizkoagoa da apaindutako arkiboltez egindako txaranbeldua.
  • Ostiko-arkua: Ostiko batetik sortzen den arrapala-arkua, beste arku baten edo ganga baten bultzada horizontalak eusten dituena. Arkitektura gotikoan erabili zen, batez ere katedral handietan.
  • Deskarga-arkua: Ateburu, leihoburu edota beste arku baten gainean kokatzen den arku itsua, kargen zati bat eusteko, azpiko elementuak jasan behar dituen kargak gutxituz.

Eraikuntza aldatu

 
Arkua eraikitzeko beharrezkoa den zurezko zintra.

Arkuak eraikitzeko beharrezkoak dira zintrak: zurezko (edo metalezko) egitura osagarri bat, ziriharrien euskarri direnak giltzarria jarri aurretik. Euskarri horrek sareta forma du, eta arkuaren elementuen pisua jasatea du helburu, harik eta giltzarria ezartzen den arte[20]. Arkua ixten duen erdiko dobela hori ezartzean, dobelen ahokatze solidarioa sortzen du.

Behin azken harri hori ahokatuta, zintra desmuntatu eta egituratik askatua, arkua kargan sartzen da. Zurezko zintrak kentzean, arkuaren dobelak elkarren artean konpresioan sartzen hasten dira. Horregatik egiten zen arretarik handienaz eta ordena zehatzean. Horrela, arkuari ez zitzaion tentsio erantsirik edo deszentraturik ezartzen. Historian zehar badira zintragabetze-prozesuko arkuen erorketaren adibideak.

Zintrak zurezkoak izan ohi ziren, eta, oro har, arkuen eraikuntza garestitzen zuten. Horregatik, arkuak egiteko azterlanaren zati handi bat zintra sinple, merke eta arinak bilatzean zetzan.

Arku bat erortzen da eusten duten ziriharriak oreka mekaniko izatetik mekanismo izatera igarotzen direnean. Philippe de la Hire ingeniari frantziarra izan zen arku bat nola pitzatzen den aztertzen lehena. Zintragabetze-prozesuak nahitaez sortzen ditu pitzadurak arku baten egituran, giltzarriaren jaitsieraren eta haren finkapenaren ondorioz. Zintra kendu ondoren, harlanak jaisteko joera du eta, horren eraginez, pitzadurak agertzen dira giltzarriaren barruan eta arkugaineran[21]. Dobeletako egokitze-pitzadura horiek normalak dira, eta hasieran kalkulatutakoaz bestelako oreka egoera bat sortzen dute. Oro har, egitura erori egiten da arkuen euskarri, ostiko edo hormabularrak gaizki kalkulatu direlako, arkua ahuldu eta desorekatzen baita.

Erabilerak aldatu

Arku baten erabilera tradizionalena, antzinatik, eraikin baten paramentuan bao edo irekidura bat gainditzeko modu bat bezala izan da. Eraikinaren pisuaren bultzada bertikalak osagai 'horizontalagoak' bihurtzeko duen gaitasun bereziaren ondorioz, euskarri gisa erabili da, eta, aldi berean, hormak irekitzeko modu gisa erabili da. Kasu askotan, leiho bat, ate bat edo sarbide bat sortzen da. Horixe da arkuek katedralen kontrahormetan euskarri gisa duten funtzioa. Funtsezkoa izan da zubiak eraikitzeko erabiltzea (zubien arkuak izenekoetan). Sekuentzia batean kateatutako arku-multzoak erabiltzea: arkupeak.

Pixkanaka-pixkanaka, eraikuntzako material berrien agerpenarekin, arkua, bere erabilera esklusiboa murriztuz joan zen ingeniaritza zibileko obra batzuetan. Arkuak, gaur egun, oso gutxitan erabiltzen dira, kasu askotan, euren funtzio nagusitik urrun dauden apaingarriak dira. Kasu batzuetan, oroitzapenezko monumentu gisa erabiltzen dira.

Erreferentziak aldatu

  1. a b Arku sarrera Euskaltzaindiaren hiztegian. Kontsulta: 2020-10-19
  2. Ganga sarrera Euskaltzaindiaren hiztegian. Euskaltzaindia.
  3. (Ingelesez) Ancient Mesopotamia: Architecture. .
  4. (Alemanez) Rasch, Jürgen. (1985). «Die Kuppel in der römischen Architektur. Entwicklung, Formgebung, Konstruktion» Architectura 15: 117–139..
  5. (Ingelesez) John P. Peters, University of Pennsylvania Excavations at Nippur. II. The Nippur Arch, The American Journal of Archaeology and of the History of the Fine Arts, vol. 10, no. 3, pp. 352–368, (Jul. – Sep., 1895)
  6. Lefkovits, Etgar. (2008-4-8). «Oldest arched gate in the world restored» The Jerusalem Post.
  7. Reade, J.E.. (1968). Tell Taya (1967): Summary Report. , 234–264 or.  doi:10.2307/4199854..
  8. (Galliazzo 1995, 36 orr. ); (Boyd 1978, 91 orr. )
  9. (Ingelesez) Jorge Barrera. (2010-11-12). Teotihuacan ruins explored by a robot, AP report in the Christian Science Monitor, 12 November 2010. .
  10. (Ingelesez) Brosius, Maria (2006), The Persians: An Introduction, London & New York: Routledge, 128 or., ISBN 0-415-32089-5.
  11. (Ingelesez) Garthwaite, Gene Ralph (2005), The Persians, Oxford & Carlton: Blackwell Publishing, Ltd., 84 or., ISBN 1-55786-860-3.
  12. (Ingelesez) Schlumberger, Daniel (1983), "Parthian Art", in Yarshater, Ehsan, Cambridge History of Iran, 3.2, London & New York: Cambridge University Press, 1049 or., ISBN 0-521-20092-X.
  13. (Ingelesez)Wright, G. R. H., Ancient building technology vol. 3. Leiden, Netherlands. Koninklijke Brill NV. 2009. 237 or. Print.
  14. (Ingelesez) Robertson, D.S.: Greek and Roman Architecture, 2nd edn., Cambridge 1943, 23 or.
  15. (Galliazzo 1995, 429–437 orr. )
  16. (O'Connor 1993, 171 orr. )
  17. (Ingelesez) Knapp, Ronald G. (2008). Chinese Bridges: Living Architecture From China's Past. Singapore: Tuttle Publishing. 122–127 or. ISBN 978-0-8048-3884-9.
  18. (Ingelesez) Needham, Joseph. The Shorter Science and Civilisation in China. Cambridge University Press, 1994. ISBN 0-521-29286-7. 145–147 or.
  19. Arkitektura Hiztegia - gaztelania-euskara, EHUko Arkitektura Saila
  20. Herbert A., Mann. (1964). A History of Civil Engineering: An Outline from Ancient to Modern Times. MIT Press ISBN 0262690055..
  21. Woodward Skinner, Frank. (1904). Types and Details of Bridge Construction: Arch spans. McGraw publishing company, 162 or..

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu