Anjeles Iztueta Azkue
Anjeles Iztueta Azkue (Tolosa, Gipuzkoa, 1954ko urriaren 16a) euskal matematikaria, irakasle, eta politikaria da. Eusko Alkartasuneko kidea. Emakunden eta Eustat-en egin du lan, betiere ikerketa eta estatistika matematikoaren arloan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua ere izan zen Juan Jose Ibarretxe lehendakaria zela (2001-2005).[1]
Anjeles Iztueta Azkue | |||
---|---|---|---|
(2017) | |||
2001 - 2005 | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Tolosa, 1954ko urriaren 16a (69 urte) | ||
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Valladolideko Unibertsitatea | ||
Hizkuntzak | euskara gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | estatistikaria, politikaria eta unibertsitateko irakaslea | ||
Enplegatzailea(k) | UNED Euskal Herriko Unibertsitatea Deustuko Unibertsitatea EUSTAT (1982 - 2018) Emakunde (1989 - 1993) | ||
Lan nabarmenak | |||
Jasotako sariak | ikusi
| ||
Kidetza | Eusko Ikaskuntza Emakunde Udako Euskal Unibertsitatea Innobasque International Statistical Institute Asmoz Fundazioa | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Alderdi politikoa | Eusko Alkartasuna | ||
Matematika Zientzietan lizentziatura eta gradu-tesina eginak ditu Valladolideko Unibertsitatean. Bertan egin zuen gero doktorego ikastaroen ziklo osoa ere.[2] Estatistikako kontzeptuak eta metodologia ondo menperatzen dituenez hainbat tesitan eta proiektutan aritu izan da alde estatistikoa lantzeko aholkulari estatistiko-matematiko gisa. Egindako ekarpenak batez ere bi alor hauetan izan dira: batetik, estatistika ofizialetako eta ikerketa soziologiko, ekonomiko, osasun eta hizkuntzetarako lagin-diseinu konplexuak, eta bestetik, Benzécri-ren L´Analyse des donnees[3] eskola frantseseko aldagai anitzeko analisi estatistikoak.
Eusko Jaurlaritzan aritu izan zenean Unibertsitate Sistemaren Legea, Euskal curriculuma eta Haur-eskola Partzuergoaren Dekretua onartu ziren, besteak beste.[1]
Matematika euskaraz landu zituzten aitzindarietako bat izan zen Iztueta 1970eko hamarkadan, batez ere estatistika arloan aritu zen bera. EAEko Euskararen Aholku Batzordeko kidea ere izan da hainbat urtetan.[4] Innobasqueko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan da (2014-2023), Eusko Ikaskuntzan Arabako lehendakariordea (2016-2023), eta 2021az geroztikUdako Euskal Unibertsitateko Talde Eragileko kidea da.[5][6]
Innobasqueko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan da (2014/2023), Arabako lehendakariordea Eusko Ikaskuntzan (2016/2023) eta 2021az geroztik Udako Euskal Unibertsitateko Talde Exekutiboko kidea da.
Ikasketak
aldatuTolosako ikastolan ibili zen hasieran 1957-1960 urteetan, ezkutuko eta haserako ikastola haietako batean, gero 6 urterekin moja-eskola batera joan zen eta han libre erara egin zituen urtez urte bai batxilerra elementala baita goi mailako batxilerra. Urtean behin egiten zituzten azterketak Donostiako Peñaflorida Institutoan.[7][8]
Hamasei urterekin beka bat eman zioten Unibertsitate Laboraletarako, eta Zaragozan egin zuen, orduan COU deitzen zen unibertsitate aurreko urtea. Matematika-ikasketak egin zituen gero Valladolideko Unibertsitatean soldata-beka deituriko laguntzarekin.[8]
Garai hartan Tolosa erabat erdalduna zen, baina Iztuetatarrenean euskaraz bizi ziren.[8]
UEUko Matematika saileko kide aitzindaria
aldatu1978an Udako Euskal Unibertsitateak Larraona ikastetxean (Iruñea) antolatu zuen lehen hamabostaldian parte hartu zuen, Matematika Sailean. Garai hartan Valladoliden zen matematika ikasle. Gerora ere urtero parte hartu zuen Larraonan. [9]
Sarrikon dagoen Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasle zela matematika euskaraz emateko lehen saiakera egin zuten 1977an. UEUko Matematika Saila izan zen ekinbide hori bideratzeko lan-taldea eta matematika hiztegia ere elkarrekin landu zuten, UEUren babesean.[9] Matematika euskaraz lantzen aitzindaria izan zen talde horretan ibili ziren hauek, besteak beste: Maria Jesus Alkain, Edurne Biritxinaga Gaztelurrutia, Maria Jesus Esteban Galarza, Karmele Fernandez Agirre, Jesus Mari Goñi Zabala, Jesus Mari Larrazabal, Xabier Mauleon, Karlos Santamaria Ansa, Arantza Urkaregi, Yosu Yurramendi, Mari Jose Zarate Azkuna eta Enrique Zuazua Iriondo.
Matematika orokorrean eta estatistika bereziki euskaraz landu zituzten aitzindarietako bat izan zen Iztueta. Bi liburu hauek argitaratu zituen UEUko lehenengo urteetan:
- Bariantz-analisia (1979)[10]
- Estatistika: errealitatearen ikerketa osagai nagusien analisiaren bidez (1978)[11]
Matematikan eta estatistikan egindako ibilbidearen aitortza moduan 2000ko sarrera-hitzaldia emateko gonbidatu zuen UEUk. Hitzaldiaren izenburua hau izan zen: "Matematikak: zenbaki eta eredu bizidunak".
Irakaslea unibertsitatean (1977-1982)
aldatu1977tik 1982ra Estatistika eta Matematika gaietarako irakaslea izan zen UPV/EHUn Sarrikon, Donostiako Elizaren Magisteritza Eskolan (Matematika lehen promozioan), Deustu-ESTEn (Estatistika bai lizentziaturan eta bai Masterrean), eta UNEDen (Psikologia Matematikoa). Hogeita bi urte besterik ez zuen irakasle hasi zenean; Valladolidetik itzuli berritan buru-belarri murgildu zen horretan, batez ere unibertsitatea euskalduntze-ahalegin hartan.[1]
Ikasle gisa lehenik, eta gero irakasle gisa ere, Euskal Herriko Unibertsitatearen alde lan egiten zuen inguruko lankideekin. Amets egiten zuten artean existitzen ez zen Euskal Herriaren zerbitzura eta euskalduna ere izango zen unibertsitatearekin, eta horren alde ahaleginak egiten zituzten. Garai hartan antolatu ziren lehen matematika klaseak euskaraz Sarrikon, eta Iztueta izan zen lehenengo irkaslea. Taldekoek Karlos Santamaria buru zutela landu zuten lehen matematika hiztegia. Leioako Zientzia Fakultatean hasia zen fisika euskaraz ematen Jose Ramon Etxebarria, kimika ematen Luis Mari Bandres. Horiek ziren imitatzeko eredua.[8] UEUko Larraona ikastetxean landutako UEUkide-sare hura beti izan da erreferente bat Iztuetaren ibilbide profesionalean.[9]
« | Nola sortu ziren zenbaki konplexuak? Zenbaki negatiboaren erroa askatu ezinik egon ziren —erraza ematen du baina zaila zen—, orduan esan zuten: -1 ren erroa, “i” da, eta horri zenbaki imajinarioa deituko diogu. Horrek bi arlotan pentsa arazten dit, zenbaki konplexuak beti dituzte bi zati, zati erreala eta zati imajinarioa. Errealitatean ere aurrera pausuak emateko beti erabili behar dugu errealismoa eta imajinazioa. Errealismotik bakarrik ez dugu ezer ez egiten eta imajinaziotik bakarrik ere ez, baina bien konbinazioa oso indartsua da aurrera egiteko. Formula horrek, errealismoa eta imajinazioa batze horrek, indar asko du | » |
Matematikan profesionala eta ikertzailea (1982-2018)
aldatu1982an unibertsitate-irakaskuntza utzi zuen, sortu berria zen Eusko Jaurlaritzara joateko, ikerketa eta estatistika-matematikoaren arloan. Eusko Jaurlaritzako lehen lau urteetan arlo hura Metodologiaz, Diseinuaz eta Aholkularitza estatistiko-matematikoaz arduratzen zen, eta Eusko Jaurlaritzako beste arloetara ere eskaintzen zuen zerbitzu hori garaiko Estatistika Zuzendaritzak.
Gero 1986an Euskal Estatistika Erakundean (EUSTAT) sortu zen eta hor Iztueta Metodologia eta I+G+b arduraduna izatera pasa zen. Bizitza profesionaleko urte gehienak EUSTATen eman zituen.[14][15]
Emakunde-Emakumearen Euskal Institutuan sortu zenean bertan lehen arduraduna izan zen Ikerketa, Plangintza eta Dokumentazioa atalean (1989-1993).
Ikerketa-eremuak
aldatuMatematikari moduan bere ikerketa-lanak batez ere arlo kuantitatiboan zentratu dira, baita estatistika ofizialetako metodologia eta diseinuetan. Estatistika ofiziala eta I+G proiektuetan Ikerketa-proiektuak zuzendu ditu eta EUROSTATek koordinatutako hainbat proiektuetan parte hartu du Europa mailan. Aholkularitza teknikoa, irakaskuntza eta lan eta ikerketa eremuak hauek izan dira: lagin-diseinu konplexuak, datuen sintesirako teknika kuantitatiboak eta aldagai anitzeko analisiak. ISI eta IASSeko kidea eta hauetako bi urtez behineko bilkuratan partehartzaile.
Hezkuntza-sistemaren analista gisa Eusko Jaurlaritzako Sailburua izan zen legegintzaldi batetan eta hainbat hitzaldi eman zituen bilkura eta kongresuetan. Hitzaldi horiek liburu batean bilduta daude eta horietan garatu zituen gai nagusiak bost izan ziren: kalitatezko eskola-eredu demokratikoa, unibertsitateen garapena eta kudeaketa, lanbide heziketa Europako estrategian, haur-eskolak antolatzeko arauak, ikerkuntza, enpresako estrategia, eta bizialdi osoko formakuntza.[17]
Nazioarteko ISI eta IASSeko kidea
aldatu1980ean oso informazio estatistiko gutxi zegoen Euskal Herriari buruz, baina informazioa beharrezkoa zen edozein planifikaziotan. Gernikako Autonomia Estatutuak 1979an gobernantza-area gisa definitu zuen estatistika, eta gero Eusko Jaurlaritzak hasiera-hasieratik sortu zuen Estatistika Zuzendaritza gerora 1986 EUSTAT erakunde autonomoa izango zena.
Eustat estatistika-erakundean "metodologia" arduraduna
aldatuIztueta Eustat-en Ikerketa eta Metodologia Estatistiko-Matematikoaren arloaren arduraduna izan zen urte askotan. Metodologiak, prestakuntza, bekak, ikerketa-lankidetzak unibertsitateekin sartzen ziren egitekoen artean. EUETATek informazio asko bildu zuen urte guzti haietan eta ospea lortu zuen nazioartean. EUSTATen, NASTATen eta IINSEE Iparraldeko zerbitzuan zeuden datu guztiak batu izan ditu gero GAINDEGIA zerbitzuak, Euskal Herri osoko informazio estatistikoa eskaini ahal izateko, horretan kolaboratzaile eta bultzatzaile sutsua izan zen hasieratik.[8][18][19]
Iztueta nazioarteko ISI institutuko (International Statistical Institute) kide izendatu zuten 1996ean eta IASS elkartekoan (International Association of Survey Statisticians[20]) kide aktiboa izan zen hainbat urtetan. Bi urtez behin eginiko batzarretan parte hartu zuen 1983tik 1999ra aldian.
1983-1999 aldi horretan EUSTATeko Estatistikako Nazioarteko mintegia zuzendu zuen, nazioartean ospe handiko ikerlari eta metodologoen parte-hartzea bideratuz. Punta puntako matematikari eta estatistika ofizialetan adituak ziren metodologoekin harreman zuzena izan zuen (L. Kish, C.R. Cochram, C.R. Rao, F. Azorin…).
2010an Gaindegiak argitaratutako «Euskal Herriak: Erronka sozio-ekonomikoak | Gaindegia» liburuak kapitulu oso batean jaso zituen Iztuetaren ikuspuntu sozio-ekonomikoak.[18] Guztira 14 aditu hauen ikuspuntuak jaso zituen liburuak: Jon Azua, Michel Etchebest, Ainhoa Etxaide, Anjeles Iztueta, Nekane Jurado, Antxon Lafont, Juan Carlos Longas, Adolfo Muñoz, Mixel Berhokoirigoin, Paul Nicholson, Koldo Saratxaga, Pedro Luis Uriarte, eta Eduardo Zubiaurre.
Doktorego tesietan kolaboratzaile
aldatuMatematikatik kanpoko doktore-tesitan parte hartu zuen Iztuetak arlo estatistiko eta matematikoan aholkularitzan. Besteak beste lau tesi hauetan parte hartu zuen:
- 1979n, osasunaren arloan ikertzen zuen Juan José Burgos Bretones-en doktore-tesian Iztuetak bariantza-analisi teknikak erabiltzen lagundu zuen torniketeak eragindako muskulu-iskemiaren azterketan (histopatologikoa, histokimikoa eta morfometrikoa). "Isquemia muscular experimentada por torniquete: estudio histopatologico, histoquimico y morfométrico").
- 1982an, biologiaren arloan ikertzen zuen Xabier Zabala Ibarbia-ren lizentziatura bukaerako tesinan Iztuetak arlo estatistiko eta matematikoetan lagundu zuen. Batez ere aldagai anitzeko analisi diskriminante metodoak erabili zituzten. Tesina Oviedoko Unibertsitatean aurkeztu zen (Leongo Biologia Fakultatean) "Dimorfismo sexual en Talpa europea" izenburuarekin ("Sator arruntaren sexu-dimorfismoa" ).
- 1983an, soziolinguistikaren arloan ikertzen zuen Maria Jose Azurmendi Aierbe-ren doktore-tesian Iztuetak arlo estatistiko eta matematikoetan lagundu zuen. Batez ere laginketa eta aldagai anitzeko faktore-analisi metodoak erabili zituzten. "Elebitasuna soziolinguistikoki deskribatzeko eredu bat sortzea eta bere aplikazio partziala Donostialdean" izenburuko tesi hark 1984an tesietarako ezohiko saria jaso zuen.[21] Tesia erdaraz aurkeztu zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean ("Elaboracion de un modelo para el estudio socio-lingüístico del bilingüismo en la comarca de San Sebastian"), baina gerora euskaraz ere argitaratu zuten Gipuzkoako Aurrezki Kutxarekin.
- 2016an, ekonomia eta administrazio publikoaren arloan ikertzen zuen Manu Urkijo Urrutia-ren doktore-tesian Iztuetak arlo estatistiko eta matematikoetan lagundu zuen. Batez ere aldagai anitzeko faktore-analisi metodoak erabili zituzten. "Gobierno corporativo responsable en el sector público empresarial: un análisis para la Comunicada Autónoma de Euskadi" izenburuko tesi hura UPV/EHUn aurkeztu zen.[22]
Argitalpen zientifikoak
aldatuUrteetan zehar 50etik gora artikulu eta parte hartze izan ditu estatistikako kongresu eta nazioarteko foroetan.[23] Esaterako, artikulu hauek lotura dute Iztuetak estatistikan egin duen ikerketa-lanekin:
- Mixed models for longitudinal data with applications to small area statistics in the Basque Statistical Office. I Montoya, J Aramendi, I Garmendia, A Iztueta - 2014 -
- Principios metodológicos para la realizar el análisis de tipologías de jornadas laborales. Y Pérez, J Iraola, A Iztueta. Bilbao 1998 otsaila 26
- Ajuste de muestras con información auxiliar. E Bueno, A Zarraga, A Iztueta
- Elaboración de un modelo para descripción sociolingüística del bilingüismo y su aplicación parcial en la comarca de San Sebastián MJ Azurmendi Ayerbe - 2015
- Microdata perturbation preserving multivariate relations of target categorical variables in the household environmental survey, M Mas, A Iztueta-Azkue - United Nations Statistical Commission and Economic 2009[24][25]
- Previsión de la utilización de servicios Hospitalarios de corta estancia de Osakidetza. M Ayestarán, S Esnaola, A Iztueta, C Anitua
- Los retos de la evaluación de sistemas educativos. JS Orrantia - Revista de Educación, extraordinario, 2006 -
- Europa en la escuela. M Shennan - 2005
- Storytelling: transformar datos en historias. I Díez Oronoz - 2016 - addi.ehu.es
- Grafiko elkarreragile eta dinamikoak estatistika ofizialetan. E Galbete Ahechu - 2015 - addi.ehu.es
- Gobierno corporativo responsable en el sector público empresarial: un análisis para la Comunicada Autónoma de Euskadi.
- El método del cubo. Un método para seleccionar muestras equilibradas. AA Urtasun, EG Ahechu, JA Rique, A. Iztueta[26]
- Análisis de tipologías de las secciones censales de la CA de Euskadi. EG Ahechu, AA Urtasun, JA Rique
- Análisis de la falta de respuesta en EUSTAT: el Rindicador y la composición de la muestra de respondientes. JA Rique, EG Rementería, A. Iztueta[27]
- EUSTAT. Microdatos y técnicas de confidencialidad estadística. V. Luengo González, A. Iztueta Azkue, C. Prado Valle[28]
- Análisis de segmentación en el análisis de datos simbólicos. MCB Llatas, JMGS Martín-Tesorero
- Labour Force Survey. A. Iztueta, P. Calvo. liburu honetan: Analysis of symbolic data : exploratory methods for extracting statistical information from complex data. Springer 2000 ISBN 3-540-66619-2. [29]
Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak sorturiko 15 lan baino gehiago bildu dira.
Aholkularitza estatistiko-matematikoan
aldatuEstatistikako kontzeptuak eta metodologia ondo menperatzen zuenez hainbat proiektu ofizial eta pribatutan aritu izan da aholkulari estatistiko-matematiko gisa. Egindako ekarpenak batez ere alor hauetan izan dira: lagin-diseinu konplexuak, datuen sintesirako teknika kuantitatiboak eta aldagai anitzeko analisiak. Besteak beste proiektu hauetan aritu da:
- 1985: Tuberkulosia zaintzeko nazioarteko Haya-ko zentroarentzat Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eginiko ikerketan “Tuberkulosi-infekzioa Euskadin” izena zuen laginketa prozesuaren arduraduna izan zen Iztueta, Manu Errezola Saizar-ekin elkarlanean.
- 1985: “E.I.F.E Euskararen irakaskuntzan eragiten duten faktoreen analisia” ikerketan parte hartze zuzena estatistika-matematika gaietan. Josu Sierra Orrantia-rekin elkarlanean.
- 1985: ”Euskal Herriko Administrazio Nagusian eta bere Administrazio Erakunde Autonomoetan, laginketa-tekniken bidezko interbentzioa araupetuz” dekretuan aholkulari izan zen Iztueta, Joseba Alkalde Amutxastegi-rekin elkarlanean.
- 1985-1986: Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek zuzendutako “Euskadiko baso inbentarioa” proiektuan parte hartu zuen. Laginketa espazialak eta bolumen estimazioak erabili ziren. Jose Luis Barrena-rekin elkarlanean espezialista talde zabal batean.
- 1986: Europar Kontseiluko Kirol atalean “EUROFIT Euskadiko Eskola-biztanleriaren gaitasun fisikoaren ebaluazioa” izenburuko azterketan parte hartu zuen, Josu Sierra Orrantia-ekin elkarlanean.
- 1988: Euskararen Aholku batzordeko kide iraunkorra izanda “Euskadi-ko lehen Mapa Soziolinguistikoa” proiektuan laginketa-prozesuaren arduraduna izan zen, Xabier Aizpurua Telleriarekin elkarlanean.
- 1989: Euskaltzaindiak eginiko "XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa" eraikitzeko laginketa-diseinuaren arduraduna izan zen, Andoni Sagarna Izagirre-rekin elkarlanean. Euskarazko idatzi-mota guztien artean egiten zen lehenengo laginketa masiboa izan zen hura, aurrerakoia eta berritzailea izan zen lagina lortzeko egin zuten planteamenduarengatik.
Emandako ikastaro espezializatuak
aldatuEspezialitate-ikastaroak eman ditu, graduondo eta euskal administrazioko prestakuntza-plangintzetan, beti ere estatistika eta matematikaren arloetan, eta batez ere laginketa teknika estatistikoen arloan.
- Laginketa teoriaren sarrera. Osakidetza. 1993.
- Ikerketa-proiektu bat egitea. Osakidetza. 1994-1995.
- Metodo kuantitatiboak eta ebaluazio-metodoak asistentziaren kalitatea neurtzerakoan. Osakidetza. 1995
- Ikerketaren metodologia II. "Osasun publiko eta komunitarioa" graduondoko berezko titulua EHU-UPV. Osakidetza. 1997
- Laginketa-teknikak. "Osasun publiko eta komunitarioa" graduondoko berezko titulua EHU-UPV. Osakidetza. 1997
- Laginketaren aplikazioak. Malagako Unibertsitatean. 1999
Eusko Jaurlaritzako Sailburu-ordea (1999-2001) eta Sailburua (2001-2005)
aldatuJuan Jose Ibarretxe lehendakariak deituta 1999an Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Gizarte Gaietarako Sailburuorde hasi zen.[30][31] Eta hurrengo legealdian, 2001ean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua izan zen.[32][33][34]
Hauek izan ziren sailburuak: Idoia Zenarruzabeitia (Lehendakariordetza eta Ogasuna eta Herri Administrazioa), Anjeles Iztueta (Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa), Javier Balza (Herrizaingoa), Ana Aguirre (Industria, Merkataritza eta Turismoa), Javier Madrazo (Etxebizitza eta Gizarte Gaiak), Joseba Azkarraga (Justizia, Lana eta Gizarte Segurantza) , Gabriel Maria Inclan (Osasuna), Miren Azkarate (Kultura eta bozeramailea), Sabin Intxaurraga (Lurralde Antolamendua eta Ingurumena), Alvaro Amann (Garraioa eta Herri Lanak), eta Gonzalo Saenz de Samaniego (Nekazaritza eta Arrantza).
Jaurlaritzan landutako gai nagusiak (2001-2005)
aldatuUrte horietan Hezkuntza Sailak urratsak egin zituen gai hauetan: Haur Eskolak, Lanbide Heziketaren bikaintasuna, gehiengo sindikalarekin akordio zabalak, Euskal Curriculuma, euskara eta ereduen ebaluazioa...[35][36]
Hauek dira Iztuetaren lan taldeak finkatu zituen sei erronkak:[37][1]
- 0-3 urte bitarteko etaparen erantzukizuna Jaurlaritzaren gain hartzea, familia eta lana bateragarri egiteko asmoz;
- Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntza indartzea, kreditazio-sistema sortuta;
- Unibertsitateen Euskal Lege berria egitea, hiru euskal unibertsitateen behar espezifikoei eta bereziei aurre egiteko, eta Euskal Herriko errealitatea aintzat hartuko zuena;
- gazteei Herrien Europa gerturatzea, etorkizunean Europa horretan lan egiten eta bizitzen jarrai zezaten, lehiakorrak izanik;
- beka-politika berriz aztertzea, erabateko aukera-berdintasuna lortzearren;
- eta eskola-itun berria sinatzea, eragile guztiak ados jarrita, erabateko oreka lortzeko.
« | Oraindik ere legeak alde baditugu ere, ez dira betetzen, eta euskara menpeko hizkuntza dugu. [...] Lortu behar dugu euskarak unibertsitatean balio erantsia izatea. | » |
—Anjeles Iztueta, 2010[18] |
Unibertsitate Sistemaren Legea (2004)
aldatuHezkuntza-sistema propio baten alde urratsa izan zen Unibertsitate Sistemaren Legea onartzea 2004an. Presio handiak izan ziren proiektuaren kontra, baina legearen aldeko kontsentsu zabala lortu zuen Iztuetaren taldeak eta legea lantzeko orduan handia izan zen parte hartzea. Ordura arte, unibertsitate publikoko irakasleek Espainiako funtzionarioa izan behar zuten, derrigor; legearekin, atea ireki egin zitzaion unibertsitateko irakasleria propioari, urteetako eskaera zenari. Unibertsitate-sistema osoarentzat egin zen legea (EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea). Esparru unibertsitarioan euskara berezko hizkuntzatzat hartzen zuen legeak, eta zentralitatea ematen zion. Gainera, euskarazko online unibertsitate bat sortzeko aukera ere zabaldu zuen legeak, nahiz eta gero oraindik horrelakorik ez den gauzatu.[38][39]
2022an «Euskal Unibertsitate Sistema: legea, erronkak eta etorkizuna» izenburuko artikulua idatzi zuen Jakin aldizkarian. Bi hamarkada pasata, honela ikusten zuen legearen garapena: batetik harrituta zegoen, asko eginda zegoelako, Ikerketan eta bikaintasunean pauso handiak emanda baitzeuden; bestetik Euskal Unibertsitate Sistema asko zabaldu zela, eta konplexutasun handiko ekosistema da gaur egun, EAEtik Euskal Herri osora lankidetza zabaltzeko ere ahaleginak egin eta urratsak eman dira.[40]
- bi hamarkada pasata, irakasle-ikertzaile propioaren portzentajea handia zen EHUn (erdiaren inguruan zegoen, Espainiako legeak uzten zuen maximoa). Gainera, bai kontratatuen bai numerarioen lan baldintzan parekatzea lortzen joan zen, eta bikaintasuna nabarmena zen.
- Gizartearen Beharrei Erantzun Zientifikoak urratsak eman arren hobekuntzarako puntu hauek ikusten zituen: diziplina anitzeko proiektuak sustatzea, kalitatea neurtzeko baremoak gurera egokitzea, eta gizarteari ikerketaren berri ematea eta lankidetzan aritzea...
- Unibertsitate-Sistemaren Koordinazio-Organoak Indartzea. Hasieran hiru unbertsitate zeuden: UPV/EHU, Deusto eta Mondragon. Geroago hiru unibertsitate horiez gain, EUS sistemaren barne dira gerora sortzen joan ziren Ikerbasque, BERCak eta mugaz gaindiko Euskampus. partaide horiek koordinatzeko organoak bi ziren: Euskadiko Unibertsitate Kontseilua, eta Kalitatearen eta Akreditazioaren Euskal Agentzia (UNIBASK)
- Unibertsitate-Sistemaren eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarearen arteko Sinergiak
- Euskara eta Euskal Gaiak lantzeko legeak jartzen zituen helburuak lortu gabe zeuden 2022an (“Herri-aginteei dagokie hizkuntza-normalizazioa bermatzea, euskararen aldeko ekintza positiboko hizkuntza-politikaren oinarriak ezarrita. Unibertsitateek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte, araudian eta berariazko planetan bere osotasunean bermatuz euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea"). Legeak zioen euskara berezko hizkuntza zela Sistema osoan. Aurrerapausoak nabarmenak izan ziren, baina EHU, Deusto eta MU unibertsitateen arteko desberdintasunak handiak ziren. Zoritxarrez unibertsitatean euskarak gehienbat itzulpen hizkuntzaren kontsiderazioa jasotzen zuen 2022an.
- Euskal Herriko Unibertsitateen Arteko Aliantzei Bidea Irekitzen. Aurretik baziren lankidetzak beste unibertsitate hauekin: Oxford, Reno, Nevada edo Frankfurteko unibertsitatea. Ondoren, 2007ean, Etxepare Euskal Institutua sortu zen. 2011an Euskampus sortu zen, EHU eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko aliantza estrategikoa izanik. Egiteko nagusia Euroeskualdean goi mailako hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza espazioa eraikitzea da. Hor kokatzen da, besteak beste, ALC (Agirre Lehendakari Center) 2013an sortua.
- Euskarazko On-Line Unibertsitatea egiteke. 2020ko abenduaren 1ean UEUk antolatutako web-mintegi bat koordinatu zuen Iztuetak.[41] Hutsune hori betetzeko beharr estrategikoa azpimarratu zuten partaide guztiek: Jon Barrutia (EHU), Jon Altuna (MU), Juanjo Alvarez (EHU), Xabier Barandiaran (DU), Iñaki Alegria (UEU), Carles Sigales (UOC), Kepa Sarasola (UEU).[39]
Euskal Curriculuma (2004)
aldatuEuskal curriculuma ere onartu zen legealdi hartan, 2004an. Horretan ere kritika asko jaso zituen, baina eskola publikoen, ikastolen, kristau eskolen eta hezkuntza komunitateko eragileen artean adostu eta landutako proiektua zenez aurrera atera ahal izan zuten. Aldiz, Hezkuntza Saila Hezkuntza Sistemarako Lege bat ateratzen saiatu bazen ere, ahalegin haiek gelditu edo izoztu egin behar izan zituzten. Eta bestalde, Bertendonako institutuko irakasleen protesta oso mediatikoa izan zen garai hartan. Hori gertatu zen Hezkuntza sistemako funtzionarioen euskara mailari buruzko eskakizunak bete beharrekoak zirela Eusko Jaurlaritzak berretsi zuenean. Presioak izugarriak izan ziren, alde guztietatik.[38][42][43]
Haur-eskola Partzuergoa
aldatuEmakunden egon zenean hasi zen arlo hau lantzen. Gero Gizarte Gaietako Sailburu-orde izan zenean I Euskal Familien Plana egin zutenean. arreta berezia eman zioten haur-eskolei. Azkenik Hezkuntza Ikerketa eta Unibertsitate Sailburua izanik onartu zuten Haur-eskola Partzuergoaren Dekretua.[44] Eskandinavia izan zen dekretu hura osatzeko erreferentzia nagusia. Garai hartan Iztueta 3 gazteren ama zen.
Dekretuak harrera ona izan zuen. Urrats nabarmena izan zen euskara sustatzeko eta herri txikiak sendotzearen alde.[45] Arrakasta horren froga gisa aipatu daiteke dekretuaren arabera sortutako haur-eskolek 10 urte bete zituztenean, orduko Sailburu Cristina Uriartek ekitaldira gonbidatu zuela Iztueta eta hitza eman ziola Sailak Iztuetari eskerrona adierazteko keinu gisa.[46]
Emandako hitzaldi gonbidatuak
aldatuEusko Jaurlaritzako Kontseilaria izan zen zazpi urteetan hainbat hitzaldi eman zituen bilkura eta kongresuetan. Hitzaldi horietan garatu zituen gai nagusiak bost izan ziren: kalitatezko eskola-eredu demokratikoa, unibertsitateen garapena eta kudeaketa, lanbide heziketa Europako estrategian, haur-eskolak antolatzeko arauak, ikerkuntza, enpresako estrategia, eta bizialdi osoko formakuntza. Iztuetako taldearen helburuak eta printzipioak, lana, eta horren emaitzak liburu batean bildu zituen Leire 2004an. Liburu horretan Anjeles Iztuetak idatzitako artikulu guztiak, argitaratutako elkarrizketa guztiak eta bere hitzaldi eta prentsaurrekoetako testuak bildu zituen. Bigarrenik, kronologikoki ordenatu dira eta iturriak aztertu dira, ondoren gaien arabera multzokatzeko.[35]
Besteak beste, hauek izan ziren 2002 eta 2003 urteetan gai horietako bakoitzean garatu zituen hitzaldiak:
Kalitatezko eskola-eredu demokratikoa
aldatu- “Ikastetxea kalitatearen gune”. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatutako Kalitateari buruzko I. Jardunaldietan emandako hitzaldia. Bilbo, 2002/05/20-21.
- “Euskal hezkuntza-sistema demokratikoa eta eraginkorra”. Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluan emandako hitzaldia. Madril, 2003/11/24.
- “Eskola Hiztun bila” Jardunaldian egindako sarrera. Donostia, 2002/09/19.
- “Aniztasun soziala eta kulturala ikastetxeetan”. Ikastetxeen gizarte eta kultur aniztasunari buruzko I. Jardunaldien inaugurazioan emandako hitzaldia. Miramar Jauregia, Donostia, 2003/02/20.
- Inmigrazioaren Galan emandako hitzaldia. Euskalduna Jauregia, Bilbo, 2003/12/01.
Unibertsitateen garapena eta kudeaketa
aldatu- Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen inaugurazio-saioan emandako hitzaldia, UPV/EHU. Donostia, 2003/07/08.
- Mondragon Unibertsitatearen 2003/2004 ikasturtearen inaugurazio-ekitaldian emandako hitzaldia. Arrasate, 2003/09/18.
- UPV/EHUren 2003/2004 ikasturtearen inaugurazio-ekitaldian emandako hitzaldia. UPV/EHUren Zientzia Fakultatea, Leioa, 2003/09/30.
- Deustuko Unibertsitatearen 2003/2004 ikasturtearen inaugurazio-ekitaldian emandako hitzaldia. Bilbo, 2003/09/30.
Lanbide heziketa Europako estrategian
aldatu- Lanbide Heziketaren, Berrikuntzaren eta Enpresaren III. Nazioarteko Kongresuaren hasiera emateko ekitaldian emandako hitzaldia. Kursaal, Donostia, 2003/06/17.
- “Lanbide Heziketaren funtzio estrategikoa Europan”, lantokiko prestakuntzarako programaren diplomak eta sariak emateko ekitaldian, Confebaskek garatua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailarekin lankidetzan. Euskalduna Jauregia, Bilbo, 2003/12/10.
Haur-eskolak antolatzeko arauak
aldatu- “Haur Hezkuntzaren lehen zikloaren arautzea”. Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzako lehen zikloa antolatzeko eta arautzeko ardura azaltzeko emandako prentsaurrekoa. Gasteiz, 2001/12/21.
Ikerkuntza
aldatu- Physics Center-aren Konputazio Zentroaren inaugurazioan emandako hitzaldia, Ibaetako campusa, Donostia, 2003/06/17.
- “Munduko ahotsak Eusko Legebiltzarrean” izendatutako Osoko Bilkura berezian emandako hitzaldia. Gasteiz, 2003/04/07.
- “III Getxo Linguae jardunaldietan” emandako hitzaldia. Getxo, 2003/05/20.
- Ikerketa Sinposiumaren inaugurazioan emandako hitzaldia. Bilbo, 2003/06/12.
Enpresako estrategia
aldatu- “Giza faktorea enpresan”. Deustuko Unibertsitateko Giza Zientzien Fakultatean emandako hitzaldia, Donostiako campusa. Donostia, 2003/03/04.
- “Pertsonen Zuzendaritza Ezagutzaren Aroan” gaiari buruz emandako hitzaldia Guía de Estrategia Emrpresarial gida aurkezpen-ekitaldian . Itsas Museoa, Bilbo, 2003/12/09.
Bizialdi osoko formakuntza
aldatu- “Eskualdeen zeregina Europako programak baloratzeko prozesuen garapenean”. Ikaskuntza Iraunkorrari buruzko Forumean emandako hitzaldia. Florentzia, 2002ko abendua.
- Etengabeko Ikaskuntzaren Nazioarteko Biltzarraren aurkezpeneko hitzaldia. Euskalduna Jauregia, Bilbo, 2003/03/24.
- “Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan Ikaskuntza Iraunkor birtuala”. Elgoibarko Makina-Erreminta Institutuan emandako hitzaldia. Elgoibar, 2002/11/29.
Hezkuntza sailburu gisa emandako prentsa-aurrekoak
aldatuEusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu izan zen lau urteetan hitzaldiez gain hainbat prentsa-aurreko ere eman zituen. Prentsaurreko horien testuak jasota daude liburu batean.[35] Hauek izan ziren 2001, 2002 eta 2003 urteetan emandakoak:
- Unibertsitate Erreformako Legeari buruz prentsari bidalitako adierazpenak, 2001/09/28.
- Mondragon Unibertsitatearekin hitzarmena sinatzerakoan egindako adierazpenak. Lakua IIko 3. aretoa, Gasteiz, 2001/12/03.
- “Haur Hezkuntzaren lehen zikloaren arautzea”. Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzako lehen zikloa antolatzeko eta arautzeko ardura hartuko duela azaltzeko emandako prentsaurrekoa. Gasteiz, 2001/12/21.
- Hezkuntzako Hirugarren Lan Eskaintza Publikoa aurkezteko prentsaurrekoa. Ercilla Hotela, Bilbo, 2001/12/21.
- “Gipuzkoako hezkuntza berriztatze esperientzien I. Jardunaldiak”. Gipuzkoako Hezkuntza Berriztatze Esperientzien I. Jardunaldiak aurkezteko emandako prentsaurrekoa. Donostia, 2002/05/28.
- “Pilar del Castillo ministroarekin Madrilen izandako bilerari dagokion balorazioa”. Prentsari bidalitako adierazpenak, 2002/05/31.
- Ikerketako Euskadi Sariaren banaketa-ekitaldian emandako hitzaldia. Miramar Jauregia, Donostia, 2002/12/18.
- Euskararen erabilera sustatzeko proiektuaren aurkezpena. Lakua, Gasteiz, 2003/02/20.
- EAEn Lanbide Heziketa Tituludunak Bizitza Aktiboan Sartzeari buruzko inkestaren emaitzak ezagutarazteko Joseba Azkarraga sailburuarekin batera egindako agerpenean emandako hitzaldia. Lakua, Gasteiz, 2003/02/21.
- “Hezkuntzarako eskubidea bermatzeko programa: Bizkaiko Lurraldean eskolaratze eza eta eskola-absentismoa ezabatzea” programaren aurkezpena. Bilbo, 2003/03/06.
- EARLALL (Etengabeko Ikaskuntzarako Toki eta Eskualdeetako Agintaritzaren Europako Elkartea) aurkezteko egindako prentsaurrekoa. Miramar Jauregia, Donostia, 2003/03/21.
- “Eskola eta inmigrazioari buruzko hausnarketa-plana”. Elizabeth Coelho irakaslearen hitzaldiak eta mintegiak aurkezteko prentsaurrekoa. Ercilla Hotela, Bilbo, 2003/03/24.
- Elizabeth Coelho irakasleak emandako hitzaldiari egindako sarrera. Bidebarrietako Liburutegia, Bilbo, 2003/03/24.
- Kalitateari buruzko sinposiuma, Bilbo, 2003/04/03
- “Gipuzkoako hezkuntza berriztatze esperientzien II Jardunaldiak”. Gipuzkoako Hezkuntza Berriztatze Esperientzien II. Jardunaldiak aurkezteko emandako prentsaurrekoa. Donostia, 2003/05/27.
- Lanbide Heziketaren, Berrikuntzaren eta Enpresaren III. Nazioarteko Biltzarrari buruzko prentsaurrekoa. Kursaal, Donostia, 2003/06/17.
- “Eleaniztasunerantz elebitasunaren bidez”. Bigarren Hezkuntzan hezkuntza eleanitza abian jarriko dela iragartzen prentsaurrekoan hedabideei banatutako testua. Eusko Jaurlaritzaren egoitza, Donostia, 2003/07/04.
- Anjeles Iztuetak Sailaren zirkularrari buruz egindako adierazpenak. Bizkaiko Hezkuntzako Lurralde Ordezkariaren Aretoa, Bilbo, 2003/10/30.
- “Bakerako Hezkuntza” programaren aurkezpena. Lakua IIko Prentsarako Aretoa, Gasteiz, 2003/12/01
Eusko Ikaskuntzako lehendakari ordea
aldatu2014tik 2023ra bitarte Eusko Ikaskuntzako Lehendakari ordea izan zen Araban, baita Innobasque-ko Zuzendaritza Batzordekoa 2016tik.[2][47][48][49][50]
Eusko Ikaskuntzan hainbat ekitaldi eta bilkura antolatzen parte hartu du. Esate baterako, 2017an "Gazteak-euskara binomio dinamikoa: erabilera sustatzeko gakoak" jardunaldia antolatu zuen Gasteizen.[51] Jardunaldi horren ondorioetan bi ardatz nagusi proposatu ziren: ikerketa-lerroak eta eragileentzako ekintza-proposamenak. Ildo horretatik tiraka, Eusko Ikaskuntza beka batekin, ikerketa lerro bat sortu zuen Joseba Fernandez de Landa soziologoak Ixa taldearekin batera. Geroago artikulu hauek argitaratu zituzten egindako lana dokumentatzeko:[52]
- Social analysis of young Basque-speaking communities in twitter. Joseba Fernandez de Landa, Rodrigo Agerri (2021) Journal of Multilingual and Multicultural Development, pp 1-15, Routledge, 2021.[53]
- Gazteak eta euskara sare sozialetan. Zer, nori, nork: euskarazko txio formal eta informalak sailkatuz eta konparatuz. Joseba Fernandez de Landa Aguirre. 2019. EUSKO IKASKUNTZEN KONGRESUAK.
- Euskaldun gazte eta helduen harremanak Twitterren. Joseba Fernandez de Landa, Rodrigo Agerri, Iñaki Alegria. 2019. UEU.
- Gazteak eta Euskarari buruzko lantaldea: Eusko Ikaskuntza. Anjeles Iztueta, Libe Alvarez, Joseba Fernandez de Landa"Gazteak eta euskara. Gauzatutako praktiken gaineko gogoeta" jardunaldia. Eusko jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeak antolatua 2018-11-22 [4]
- Sare sozialen erabilera moduak eta maiztasunak Gasteizko nerabeen kolektiboaren baitan. Joseba Fernandez de Landa.2017. UEU.
Gai horretan sakonduta, Fernandez de Landa soziologoak 2021ean Ikergazte saria irabazi zuen.[54][55]
Eusko Ikaskuntzaren barrutik antolatutako ekitaldi horietan Iztuetak ikusi du kontsentsua sortu dela aditu desberdinen artean, nolabait euskararen munduan badirudi paradigma aldaketa bat sortzen ari dela. Orain arte kontua zen euskara ikastea, baina orain gehiago da dakitenek erabiltzea. Zeren ikasi gehienek ikasten dute eskolan, baina kontua da ikasten duten horiek erabiltzera nola bultzatu. Zer nolako indarrak behar diren aztertu behar direla dio, kontrako indarrak ere badirelako, globalizazioaren garai honetan ia mundu guztia sare sozialetan eta aritzen den garai honetan. Iztuetaren ustez euskararentzat momentu oso interesgarria da, asko aurreratu da azken 50 urteetan baina erronka berriak ere badira eta hurrengo gailurretara heltzea ez da erreza izango.[2]
Ama eta langilea
aldatuProfesional langilea eta aldi berean ama izaten hasi ziren aitzindarietako bat izan zen Iztueta 1970eko hamarraldian. Ordura arte ama lehenengo aldiz izatean ohiko zen bizitza profesionaletik erretiratzea eta etxeko bizimoduan bakarrik aritzea. Lanean jarraitzeko erabakia oso argi zuenez, moldatu egin zen ama eta langilea izaten, biak ala biak.[8][1]
Errekonozimenduak
aldatu- 1986z gero ISI International Statistical Institute-ko kide izendatua da.
- 2000: UEUko sarrera-hitzaldia eman zuen izenburu honekin: "Matematikak: zenbaki eta eredu bizidunak"[56]
- 2019: Urrezko Zeledon Elkarteko kidea da. 2019ko apirilaren 4an ekitaldi berezi batean jaso zuen diploma beste zazpi kide berrirekin batera..[57]
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c d e Aranburu Bengoetxea, Antton. (2015-10-03). «Angeles Iztueta, besterik gabe» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-07-27).
- ↑ a b c Solasaldiak - Eusko Ikaskuntzako Solasaldiak: Anjeles Iztueta / Enrique Zuazua, -2017/05/04-Eusko Ikaskuntzako Solasaldiak: Anjeles Iztueta / Enrique Zuazua. (Noiz kontsultatua: 2017-06-23).
- ↑ Benzecri, J.-P.. (1982). Histoire et prehistoire de l'analyse des donnees.. Dunod ISBN 2-04-015467-1. PMC 300569489. (Noiz kontsultatua: 2022-07-20).
- ↑ a b EJko Kultura eta Hizkuntza Politika Saila. (2018-11-22). «Euskararen Aholku Batzordeak 'Gazteak eta euskara. Gauzatutako praktiken gaineko gogoetarako jardunaldiak' antolatu ditu, gaur eta bihar» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-27).
- ↑ UEUko Talde Eragilea: Nor da nor? – UEU365. (Noiz kontsultatua: 2022-07-28).
- ↑ «Euskal curriculuma: egungo esperientziak eta etorkizuneko aukerak. :: ikasi :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-28).
- ↑ «Instituto de Educación Secundaria (IES) USANDIZAGA PEÑAFLORIDA AMARA | FORMACIÓN PROFESIONAL» pruebaslibres.net (Noiz kontsultatua: 2022-07-04).
- ↑ a b c d e f ASURMENDI, Mikel. «Anjeles Iztueta Azkue. Matematikaria: Matematika batez ere lengoaia da, Zientzien lengoaia» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-04).
- ↑ a b c Anjeles Iztueta: “UEUkideen sarea beti izan dut oso presente nire ibilbide profesional edo politikoan” – UEU-ren mintegia. (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
- ↑ Iztueta, Anjeles. (PDF) Bariantz-analisia. (Noiz kontsultatua: 2017-06-23).
- ↑ Iztueta, Anjeles. (PDF) Estatistika: errealitatearen ikerketa osagai nagusien analisiaren bidez. (Noiz kontsultatua: 2017-06-23).
- ↑ «Anjeles Iztueta eta Enrique Zuazua. Matematikariak: Zenbaki konplexuek badituzte bi zati, erreala eta imajinarioa. Errealitatean ere aurrera pausuak emateko beti erabili behar dugu errealismoa eta imajinazioa» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
- ↑ Ikaskuntza, Eusko. (2017). (Bideoa) Eusko Ikaskuntzako Solasaldiak: Anjeles Iztueta - Enrique Zuazua. Eusko Ikaskuntza (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
- ↑ (Gaztelaniaz) ASURMENDI, Mikel. «Anjeles Iztueta Azkue. Matemática: La Matemática es principalmente lenguaje, el lenguaje de las Ciencias» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
- ↑ Amenabar, Anakoz. (2008-05-31). «"Datuak eskuan, arazo bat dugu gazteekin, eta neurriak behar ditugu" - Araba» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
- ↑ «Grafiko interaktiboak: Kanpo merkataritza» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-21).
- ↑ Arrieta Alberdi, Leyre. (2004). Ekinez egina : la política educativa a través de sus textos. Alberdania ISBN 84-96310-27-2. PMC 433834230. (Noiz kontsultatua: 2022-07-22).
- ↑ a b c «Euskal Herriak: Erronka sozio-ekonomikoak | Gaindegia» www.gaindegia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-21).
- ↑ «Gaindegia - YouTube» www.youtube.com (Noiz kontsultatua: 2022-07-21).
- ↑ (Ingelesez) International Association of Survey Statisticians (IASS) | An association of the International Statistical Institute. (Noiz kontsultatua: 2022-08-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) Azurmendi Ayerbe, Maria Jose. «ELABORACION DE UN MODELO PARA DESCRIPCION SOCIOLINGUISTICA DEL BILINGUISMO Y SU APLICACION PARCIAL EN LA COMARCA DE SAN SEBASTIAN» Tesis doctorales: TESEO (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) Urkijo Urrutia, Manu. (2016). «Gobierno corporativo responsable en el sector público empresarial: un análisis para la Comunicada Autónoma de Euskadi”» www.educacion.gob.es (UPV/EHU) (Noiz kontsultatua: 2021-05-03).
- ↑ Iztueta Azkue, Anjeles. «Google Académico» scholar.google.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-04).
- ↑ (Ingelesez) Mas, Marta; Iztueta-Azkue, Anjeles. (2009). Microdata perturbation preserving multivariate relations of target categorical variables in the household environmental survey. (invited paper). United Nations Statistical Commission and Economic.
- ↑ «Joint UNECE/Eurostat Work Session on Statistical Data Confidentiality | UNECE» unece.org (Noiz kontsultatua: 2022-07-21).
- ↑ Urtasun, Aritz Adin; Ahechu, Enara Galbete; Rique, Jorge Aramendi; Azkue, Anjeles Iztueta. (2013). «El método del cubo. Un método para seleccionar muestras equilibradas» Inguruak: Soziologia eta zientzia politikoaren euskal aldizkaria = Revista vasca de sociología y ciencia política (55): 1147–1157. ISSN 0214-7912. (Noiz kontsultatua: 2022-07-21).
- ↑ Rique, Jorge Aramendi; Rementería, Elena Goni; Azkue, Anjeles Iztueta. (2013). «Análisis de la falta de respuesta en EUSTAT: el R-indicador y la composición de la muestra de respondientes» Inguruak: Soziologia eta zientzia politikoaren euskal aldizkaria = Revista vasca de sociología y ciencia política (55): 1171–1178. ISSN 0214-7912. (Noiz kontsultatua: 2022-07-21).
- ↑ González, Virginia Luengo; Azkue, Anjeles Iztueta; Valle, Cristina Prado. (2013). «EUSTAT. Microdatos y técnicas de confidencialidad estadística» Inguruak: Soziologia eta zientzia politikoaren euskal aldizkaria = Revista vasca de sociología y ciencia política (55): 1179–1181. ISSN 0214-7912. (Noiz kontsultatua: 2022-07-21).
- ↑ Analysis of symbolic data : exploratory methods for extracting statistical information from complex data. Springer 2000 ISBN 3-540-66619-2. PMC 42980310. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
- ↑ Berria.eus. (2000-06-09). «Gutxieneko diru sarrera handitzearen alde azaldu da Gizartera Gaietarako Sailburua» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2022-07-19).
- ↑ Uriarte, Iñaki. (2000). «Inmigrazioari eta gizarte zahartzeari lotutako pobretasuna handitzen ari da.» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (Berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2022-07-19).
- ↑ Diaz de Mendibil, Ismael. (2003-05-30). «Elkarrizketa: Anjeles Iztueta» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Anjeles Iztueta» El País 2004-06-26 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
- ↑ Arrieta Alberdi, Leyre. (2004). Ekinez egina : la política educativa a través de sus textos. Alberdania ISBN 84-96310-27-2. PMC 433834230. (Noiz kontsultatua: 2021-05-04).
- ↑ a b c Arrieta Alberdi, Leyre. (2004). Ekinez egina : hezkuntza politika bere idatzien bidez = la política educativa a través de sus textos. Alberdania ISBN 84-96310-27-2. PMC 433834230. (Noiz kontsultatua: 2022-07-04).
- ↑ Hik hasi. (2005). «099: Anjeles Iztueta, lau urtez EAEko Hezkuntza sailburu» www.hikhasi.eus (Hik hasi) ISBN 1135-4690. (Noiz kontsultatua: 2021-06-25).
- ↑ Arrieta Alberdi, Leyre. (2004). Ekinez egina : la política educativa a través de sus textos. Alberdania ISBN 84-96310-27-2. PMC 433834230. (Noiz kontsultatua: 2022-07-19).
- ↑ a b Sagarzazu, Jokin. «"Herri honek behar du EAJren eta EH Bilduren arteko aliantza"» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-04).
- ↑ a b Iztueta, Anjeles. (2022). «Euskal Unibertsitate Sistema: legea, erronkak eta etorkizuna - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-09).
- ↑ Iztueta Azkue, Anjeles. (2022-11-22). «Euskal Unibertsitate Sistema: legea, erronkak eta etorkizuna» www.jakin.eus (Jakin.eus - 252 alea) (Noiz kontsultatua: 2023-02-25).
- ↑ «"Unibertsitateko ikasketak euskaraz eta online?" webmintegia.» tbx.eus (UEU - TBX.eus) (Noiz kontsultatua: 2023-02-25).
- ↑ Berria. «Hizkuntz eskakizunik bako irakasleen auzian dekretua betearaziko duela berretsi du Iztuetak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-04).
- ↑ Berria. «Hizkuntz eskakizuna bete ez duten irakasleen auzian "malgutasuna" eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-04).
- ↑ «Haurreskolak Partzuergoa - YouTube» www.youtube.com (Noiz kontsultatua: 2022-07-21).
- ↑ «Segurako haur eskola eta euskara bultzatzeko ekimenak» Goierriko Hitza 2019-12-02 (Noiz kontsultatua: 2022-07-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) EP. (2014-01-22). «Uriarte destaca el carácter “integrador” de los centros del consorcio ‘Haurreskolak’» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-07-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) Iztueta, Anjeles. (2018-04-27). «Un árbol con raíces alavesas. San Prudencio 2018» suplemento.elcorreo.com (Elcorreo) (Noiz kontsultatua: 2021-05-04).
- ↑ DV. (2020-09-19). «Ana Urkiza da Eusko Ikaskuntzako zuzendari berria» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
- ↑ (Gaztelaniaz) Soria, Txema. (2017-05-16). «Regreso al futuro» El Correo (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
- ↑ (Gaztelaniaz) «FUNDACIÓN ASMOZ DE EUSKO IKASKUNTZA» silo.tips (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
- ↑ “Gazteak-euskara binomio dinamikoa: erabilera sustatzeko gakoak" Jardunaldia. Dinamikaren txostena. Eusko Ikaskuntza.
- ↑ «Joseba Fernandez de Landa Aguirre :: Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-26).
- ↑ Fernandez de Landa, Joseba; Agerri, Rodrigo. (2021-08-30). «Social analysis of young Basque-speaking communities in twitter» Journal of Multilingual and Multicultural Development: 1–15. doi: . ISSN 0143-4632. (Noiz kontsultatua: 2022-07-26).
- ↑ IKERGAZTEko sari berezia Joseba Fernandez de Landa-ri – Hizkuntza-teknologiak, Ixa Taldearen bloga. (Noiz kontsultatua: 2022-07-26).
- ↑ ikergazte. «SARIAK» IkerGazte 2021 (Noiz kontsultatua: 2022-07-26).
- ↑ Iztueta Azkue, Anjeles. (2000). Sarrera hitzaldia: matematikak: zenbaki eta eredu bizidunak. (Noiz kontsultatua: 2022-07-07).
- ↑ «URREZKO ZELEDONAK: BAZKIDE BERRIAK - CELEDONES DE ORO - NUEVOS SOCIOS» CELEDONES DE ORO - URREZKO ZELEDONAK 2019-03-16 (Noiz kontsultatua: 2021-05-04).
Bibliografia
aldatu- Arrieta Alberdi, Leyre. (2004). Ekinez egina : la política educativa a través de sus textos. Alberdania ISBN 84-96310-27-2.
Ikus, gainera
aldatu- Eustat
- International Statistical Institute
- XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa
- II. Ibarretxe gobernua
- Juan Jose Ibarretxe
- Jose Antonio Campos
- Sabin Intxaurraga
- Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Euskaldunon Egunkaria
- Euskaldunon Egunkariaren itxiera
- Usandizaga-Peñaflorida-Amara BHI
Kanpo estekak
aldatu- Anjeles Iztueta Azkue Google Sholar datu base akademikoan (58 aritalpen).
- Eusko Ikaskuntzako Solasaldiak: Anjeles Iztueta - Enrique Zuazua Bideoa (2017-maiatza)
- (Gaztelaniaz) Mikel, ASURMENDI,, Anjeles Iztueta Azkue. Matemática: La Matemática es principalmente lenguaje, el lenguaje de las Ciencias. Noiz kontsultatua: 2017-06-23. http://www.euskonews.com/0518zbk/elkar_es.html
- «Euskal Herriak: Erronka sozio-ekonomikoak | Gaindegia» 2010 www.gaindegia.eus. (Laugarren Anjeles Iztueta Azkue, Matematikaria «2025ean potentzial izugarriko jubilatu belaunaldia egongo da»)
- EKINEZ EGINA: hezkuntza politika bere idatzien bidez = la política educativa a través de sus textos: Leyre Arrieta. Irun, Alberdania, 2004
- Anjeles Iztueta, besterik gabe. Antton Aranburuk eginiko elkarrizketa
- Anjeles Iztuetaren perfila euskadi.eus webgunean.
- Anjeles Iztueta berria egunkarian, 29 albiste.
- Anjeles Iztueta. kaixo.com 20. urteurrenaren dokumentala AitorLopezdeAberasturi (2017-12-24)