Soziolinguistika

hizkuntza bere testuinguru sozialean aztertzen duen zientzia

Soziolinguistikak bi adiera ditu nagusiki, hertsia eta zabala:

  1. Adiera hertsian, soziolinguistika hizkuntzalaritzaren adarra da, hizkuntzak jendartean dituen arazoez arduratzen dena: adibidez, argotak, haur hizkera, soziolektoak, klaseen arteko hizkuntza aldaerak, eta abar. Adar horrek hizkuntza batek gizartean dituen aldaketak aztertzen ditu. Horregatik, zenbait autorek horri soziolinguistika bariazionista deitzen diote.
  2. Adiera zabalean, soziolinguistika termino-anabasa da,hizkuntza eta gizartea harremanetan jartzen duen oro bertan sartzen baita: horren barruan soziologia, gizarte psikologia, antropologia, komunikazioa, politika, zuzenbidea... daude. Adiera horretan nagusitzen den ikuspegia soziologikoa da, ez horrenbeste hizkuntzalaritzakoa. Zenbait autorek, hori dela eta, soziolinguistika ez, hizkuntzaren soziologia deitzen diote, ordea.

Soziolinguistika lan arlotzat duenari soziolinguista deritzo.

Espainian, soziolinguistika unibertsitate giroan hizkuntzalaritzaren adartzat hartzen da, baita Wikipedian eta nazioartean ere, nagusiki. Adiera zabala, berriz, nazioartean gehienbat hizkuntzaren soziologiatzat hartzen da.

Euskal Herrian, berriz, hitza bigarren adieran erabiltzen da nagusiki. Adibidez, Soziolinguistika klusterra, UEUren Soziolinguistika saila, Eusko Jaurlaritza... Katalunia eta Quebecen ere terminoa adiera horrekin erabiltzen da.

Soziolinguistika Euskal Herrian

aldatu

Azken 200 urtetan apenas izan da Euskal Herriko hizkuntzen eta euskal gizartearen arteko harremanak aztertzeko saio sistematikorik, joan den mendeko azken laurdena arte. Baieztapen hori egitean, jakin badakigu harreman horiei buruzko jakintzaren oinarrietako asko ondorengo hauek landu zutela: Louis Lucien Bonapartek, Aingeru Irigarayk edo Irizarrek euren mapekin, Luis C. Nuñezek, Joan Mari Torrealdaik, Maria Jose Azurmendik eta, bereziki, SIADECO taldeak.

Administrazio autonomoa garatzearekin eta Soziolinguistika zientzia gisa haztearekin batera, 1980ko hamarkadan jaio ziren, euskararen gizarte-gertaeraren inguruan, kontzeptuzko funtsaz eta oinarri enpirikoaz hornitutako jakintza-corpus bat eratzeko lehenengo saiakera serioak. Euskararen egoera zehatz deskribatzeko eta haren etorkizuna antolatzeko asmoarekin ez ezik, haren gizarte-funtzioen, esku hartzen duen kultura eta gizarte-prozesuen azterketaren ikuspegitik ere.

Azken urteotan, Euskal Herriko soziolinguistikan mugarri bat egon bada, Txepetxen teoria izan da: horren eraginez, Euskara Elkarteak sortu ziren eta euskal soziolinguistika adin nagusitasunera heldu.

Dena den, euskal soziolinguistikak oraindik hutsune nabarmenak ditu. Alde batetik, unibertsitateko formazioan: egun, ez dago soziolinguistika ganoraz ikasteko modurik gure herrian. Saiakerarik inportanteenak, gainera, herri mugimenduetatik datoz: Eusko Ikaskuntzaren HIZNET graduondokoa eta UEUren Soziolinguistika Saila. Horrez gain, dibulgazioan ere hutsuneak daude. Bat aldizkaria alde batera utzita, soziolinguistika herritarren artean gizarteratzeko saio gutxi egon da.

Azkenik, aipatu Soziolinguistika klusterra behar da. Ezagutza soziolinguistikoaren ikerketan, zabalpenean, eta aplikazioan dauden gabeziei eta beharrei dinamika berri batekin erantzuteko sortu zen. Euskal Herrian hizkuntza normalizazio prozesuan inplikaturik dauden erakunde eta taldeentzat —pribatu, publiko zein gizarte mailako— arlo zientifiko-aplikatutik datuak, metodologiak, eta bestelako materialak eskaintzeko egitasmoak lantzen ditu, jarduteko moduaren gaineko ezagutza eta, horren ondorioz, normalizazio ahaleginen emaitzak hobetzeko.

Euskal soziolinguistak

aldatu

Hauek dira euskararen soziolinguista ezagunenak:

Soziolinguistika munduan

aldatu

Munduan 7.000 bat hizkuntza inguru zenbatu dira[1]: gehienak, egoera diglosikoan[2], eta horietako asko, hurrengo urteotan galtzeko zorian[3]. Esate baterako, Juan Carlos Moreno Cabrera irakasleak hizkuntza aniztasuna zergatik dagoen arriskuan azaldu izan du.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «World - Languages» Ethnologue (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  2. «Hizkuntzen mundua. Munduko hizkuntzei buruzko txostena - Hizkuntza Politika - Euskadi.eus» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  3. (Gaztelaniaz) Abley, Mark.. (2006). Aquí se habla ... : un recorrido por las lenguas amenazadas. (1. ed. argitaraldia) RBA ISBN 84-7871-266-6. PMC 65460267. (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu