Euskaldunon Egunkariaren itxiera
Euskaldunon Egunkariaren itxiera 2003ko otsailaren 20an izan zen, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria eta haren interneterako bertsioa itxi zituenean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmoren aginduz.
Euskaldunon Egunkaria
aldatuEuskaldunon Egunkaria astean sei egunetan —astearte eta igande bitartean— kaleratzen zen euskara hutsezko hedabide idatzi bakarra zen. 1990eko abenduaren 6an atera zen estreinakoz, Euskal Herri osoko irakurle euskaldunei zuzendua. Hasi zenekoan 32 orrialde biltzen zituen; zarratu zutenean 60 inguru ziren, aparteko eranskinak kontuan hartu barik. Gainontzeko egunkarien moduko egituraketa zuen: Iritzi saila, Euskal Herriko politika eta gizartea, Nazioartekoa, Ekonomia, Kirolak, Kultura...
Itxiera
aldatu2003ko otsailaren 20an, goizean goiz, 300 Guardia Zibilek Euskaldunon Egunkariak Andoainen Martin Ugalde Kultur Parkean zuen egoitza hartu zuten, eta baita Bilboko, Iruñeko eta Gasteizko ordezkaritzak ere. Bulego haietan guztietan, Espainiako erakunde militarrak dokumentazio ugari konfiskatu zuen: idatzizko langaiak, ordenagailuak, softwarea... Horretaz gain, Ikastolen Konfederazioaren, Jakin eta Argia aldizkarien eta Euskalgintza Elkarlanean fundazioaren dokumentazioa ere atxiki zuten.[1]
Lehenago ere, 1998ko uztailaren 14an, argudio berak erabiliz, Egin egunkaria eta irratia itxi zituzten, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzón epaile instruktorearen aginduz.[1]
Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Barne Arazoetako Ministerioak, inongo aurrekaririk gabe, elkarrekin idatzitako prentsa oharra kaleratu zuten, operazioak ETA zuela jomugatzat azalduz.[1]
Hamar atxilotu
aldatuHamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak goiz hartan:
- Martxelo Otamendi (Egunkariaren zuzendaria)
- Iñaki Uria (Egunkariako kontseilari ordezkaria)
- Joan Mari Torrealdai (Egunkariako Administrazio Kontseiluko lehendakaria eta Jakin aldizkariaren zuzendaria)
- Txema Auzmendi (Egunkariako Administrazio Kontseiluko kidea eta Herri Irratiaren zuzendariordea)
- Pello Zubiria (Argia aldizkariaren zuzendariaren albokoa eta Egunkariaren zuzendari ohia)
- Xabier Oleaga (Ikastolen Elkartea-Partaideko langilea eta Egunkariaren zuzendari ohia)
- Fermin Lazkano (Plazaguneko kudeatzailea eta Egunkariako gerente ohia)
- Inma Gomila (Egunkariako gerente ohia)
- Luis Goya (1951-2006) (zinema ekoizlea eta Egunkaria Sortzen-en bultzatzailea)
- Xabier Alegria (Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea)
Bost eguneko inkomunikazioa ezarri zieten, terrorismoaren aurkako legedia aplikatuta. Bost egun horiek pasatuta, hamar lagun horietako bederatzi Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera bertaratu zituzten; Pello Zubiria ospitalean zen. Txema Auzmendik ez zuen onartu abokatua ezin aukeratzea eta uko egin zion deklaratzeari. Atxilotuetako askok salatu zuten inkomunikazio garaian guardia zibilek torturatu zituztela: Iñaki Uriak, Xabier Oleagak, Martxelo Otamendik, Xabier Alegriak eta Txema Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean.[2] Espainiako Barne Arazoetako ministroak kereila jarri zuen tortura salaketak egin zituztenen kontra, horrela jokatzea ETArekin kolaboratzea zela egotzita. Iñaki Uriarena izan ezik, auzipetuen tortura salaketak artxibatu egin zituzten. Martxelo Otamendiren salaketaren helegitea Espainiako Auzitegi Konstituzionalak jasota dauka, baina ez dago inongo berririk horren gainean. Uriaren salaketa Donostiako Auzitegiko epaile batek bere gain hartu bazuen ere, 2008an salaketa Madrilgo epaitegi batera eraman zuten. Martxelo Otamendik, adibidez, ETBko kameren aurrean salatu zituen torturak espetxetik atera eta berehala.[3]
Bost eguneko inkomunikazioa amaituta, epaileak Torrealdai, Uria, Auzmendi, Oleaga, Zubiria eta Alegria espetxeratzeko agindua eman zuen. Otamendi, Lazkano, Gomila eta Goia aske utzi zituen.
Erantzuna
aldatuOtsailaren 21ean, Egunero egunkaria kalean zen, itxieraren gainean informazioa eman zuen 16 orrialdeko monografikoa hain zuzen. Ale guztiak (50.000) saldu ziren. Eusko Legebiltzarrean EAk, EAJk, EB-IUk eta SAk itxiera salatu zuten, Egunero eskuan.
Kontseiluak deituta, otsailaren 22an Donostian inoiz izan den manifestazio jendetsuenak Euskaldunon Egunkariaren itxiera salatu zuen. AB, Aralar, AEK, AuB, Batasuna, Demoak, EA, EAJ, EB-IU, STEE-EILAS, ELA, Elkarri, ESAIT eta LABk bat egin zuten deialdiarekin eta han izan ziren kultura eta euskararen ordezkarien parean.
Egunkariaren auzi ekonomikoaren kronologia
aldatuEgunkaria auziak honelako garapena izan zuen:[4][5]
2003-02-20: Guardia Zibila Martin Ugalde Kultur Parkean sartu, erredakzioa itxi, eta Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Pello Zubiria, Luis Goya, Fermin Lazkano, Inma Gomila, Xabier Alegria, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendi atxilotu zituen.
2003-02-22: Milaka pertsonak manifestazio ikaragarri jendetsua egin zuten Donostian, «Egunkaria aurrera, Euskarari bai!» lelopean.
2003-02-25: Atxiloalditik irten berritan, Otamendik, malko artean, atxilotuek jasandako torturak eta tratu txarrak salatu zituen kameren aurrean.
2003-03-10: Ángel Acebes Barne ministro espainolak Otamendiren kontrako kereila aurkeztuko zuela adierazi zuen, tortura ukatu nahian.
2003-10-16: Auziko bigarren operazioa izan zen. Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkariaren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmo epaileak aginduta. Zortzi pertsona atxilotu zituzten: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxemari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra.
2003-10-20: Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatua atxilotu eta inkomunikatu zuten, Etxeberria epaitegian zegoela.
2003-10-21: Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez bermerik gabe libre geratu ziren. Sorozabal, Sors, Azkune, Larrarte eta Legarra, berriz, hamabina mila euro ordainduta. Denak inkomunikatuta eduki zituzten.
2006-12-14: Fiskaltzak ordura arteko jarrera aldatu, eta auzia artxibatzeko eskatu zuen, froga eza argudiatuz.
2007-03-29: Egunkariako hiru langile ohi inputatu eta deklaratzera deitu zituzten.
2007-05-07: Auzitegi Nazionalak auziarekin jarraitzea erabaki zuen, ordea, AVT eta Dignidad y Justicia taldeak akusazio bakartzat hartuaz.
2007-11-28: Epaiketa egitea erabaki zuen Del Olmok, prozedura laburtuaren bidez.
2009-05-13: Hiru inputaturi lehen aldiz deklarazioa hartu ondoren —Torrealdai, Uria eta Auzmendiri—, auziarekin aurrera egitea erabaki zuen Eloy Velasco epaileak.
2009-12-15: Epaiketaren hasiera. Bost lagun eseri ziren, azkenik, aulkian.
2009-12-19: 25.000 bat pertsonak gelditzen diren bost akusatuen absoluzioa eskatu zuten manifestazio baten bidez.
2010-04-12: Auzitegi Nazionalak Otamendi, Uria, Torrealdai, Auzmendi eta Oleaga errugabe direla onartu zuen, akusazioen argudioak gogor kritikatuz eta ETArekiko lotura ukatuz. Baina auzi ekonomikoak aurrera segitzen du.
2010-05-05: José María Vázquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako epaileak jakinarazi zuen auzitegi horrek ez zuela auzi ekonomikoaren epaiketa egingo, eta Donostiako Zigor Auzitegira igorriko zutela. Auzi nagusiko absoluzio epaiaren ondorioz, Vázquez Honrubiak ebatzi zuen auzian “delitu terroristaren” zantzurik ez dagoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela, “ohiko delitua”.
2011-12-26: Dignidad y Justicia elkartea auzi ekonomikotik kanpo utzi zuen auzitegiak.
2013-02-20: Euskaldunon Egunkariaren itxieraren hamargarren urteurrenaren harira, Berriako atarian ekitaldia egin zuten langile, auzipetu, kazetari eta gonbidatuen presentziarekin.
2014-04-07: Egunkariaren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten Donostian, Zigor Auzitegian. Auzia artxibatzeko eskatu zuten zortzi auzipetuen defentsek, ustezko delituak preskribatuta zeudela argudiatuta. Aldiz, zigor eskaerei eutsi zien Fiskaltzak, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu zuen.
2014-04-08: Aurretiazko saioa ospatu zuten Donostian eta Fiskaltzak ahozko epaiketa hastearen alde egin zuen. Zortzi auzipetuen kontrako zigor eskaerak mantendu zituen, defentsak absoluzioa galdegin zuen bitartean.
2014-06-04: Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten Donostian, Zigor Auzitegian. Auzia artxibatzeko eskatu zuten zortzi auzipetuen defentsek, ustezko delituak preskribatuta zeudela argudiatuta. Aldiz, zigor eskaerei eutsi zien Fiskaltzak, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu zuen.
2014-06-17: Auzi ekonomikoa preskribatuta ez zegoelakoan, Gipuzkoako Fiskaltzak kasua ixtearen aurkako helegitea aurkeztu zuen ekainaren 11n. Auzia Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren esku geratuko zen. Defentsak helegitea inpugnatzeko aukera izango zuen.
2014-10-14: Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak itxi egin zuen Egunkariako auzi ekonomikoa, Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epailearen erabakia berretsita. Bukatu zen, beraz, Egunkaria auzia –aurrez, 2010ean, Espainiako Auzitegi Nazionalak itxiera kasuko epaiketan absoluzioa eman zuen—.[6]
Dokumentalak
aldatuGutxienez dokumental hauek egin dira Euskaldunon Egunkariaren itxieraz: [7]
- 2003: Egunkaria libre! izenburupean, erreportaje labur bat, zazpi minutu eta erdikoa, Itxieraz egin ziren lehen lanetako bat da hori.[8]
- 2013: 'Egunkaria 10 urte geroago' (Maite Ibañez, K2000).[9] 2013an estreinatu zuen ETBk. 2003. eta 2013. urteen artean hartutako irudiak eta hitzak bildu zituzten dokumentalean. 2008an, hainbat elkarrizketa egin zituzten epaiketa egin aurretik: kazetari ugari ageri dira hizketan, tartean Antonio Franco, David Bassa, Luis Maria Anson, Josu Juaristi, Pablo Muñoz, Pedro Ontoso eta Txetxo Yoldi. Ikuspuntu juridikoari ere heltzen dio dokumentalak, eta, horretarako, zuzenbide arloko hainbat lagun elkarrizketatu zituzten. Auzipetuen 2008ko hitzak jasotzen ditu lanak, sufritu zituzten torturak barne.
- 2016: 'Gaur irekiko ditu ateak' (Eriz Zapirainen ) Docs Barcelona jaialdian estreinatu zuten, eta, bertan, Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran parte hartu zuten hainbat langileren ilusioa jasotzen du dokumentalak.[10]
- 2018: 'Egunkaria 15 urte' (Irati Sarasua, ETB). Itxieraren gauean atxilotuen etxeetan gertatu zena jaso zuten batetik, eta euskal hedabideen egoeraz aritu ziren bestetik. Baleuko ekoiztetxearen lan horretan, Joan Mari Torrealdai zenaren seme-alabak ageri dira 2003ko otsailaren 20ko goizaldean Guardia Zibila etxean nola sartu zitzaien kontatzen. Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria ere mintzo dira: inkomunikazio egunak nola pasatu zituzten kontatzen dute. Euskal Herriko komunikabideen egoeraz ari dira, bestalde, Nerea Azurmendi, Iñaki Soto (Gara), eta Argia-ko Xabier Letona, Estitxu Eizagirre eta Bego Zuza.
- 2019: 'Egunkaria-ren itxieraren 15. urteurrena' (Lander Garro, Berria[11]
- 2021: 'Paperezko hegoak'. (Josu Martinez eta Samara Velte, Tentazioa Produkzioak).[12] Tentazioa konpainiak Sisiforen paperak antzezlana egin zuen lehenbizi, eta, horrekin batera, ikus-entzunezko lan bat egin nahi zuen. ETBk dokumental bat egitea onartu zuen. Horiek horrela, Josu Martinez zinemagileari egin zioten enkargua dokumentala egiteko, eta hark Samara Velte BERRIAko kazetari ohi eta EHUko irakaslearekin batera zuzendu zuen Paperezko hegoak. Gertatutakoaren zergatien ikuspegi desberdinak dituzten pertsonen lekukotzak biltzen ditu dokumentalak. Lortu zuten Guardia Zibilaren koronel batekin eta Javier Gomez Bermudez epailearekin hitz egitea (hura izan zen auzipetuak absolbitu zituen epaimahaiko presidentea). Adur Larreak animazio batzuk egin zituen Torrealdairen itzala irudikatzeko.
Bibliografia
aldatu- 2004: Lorea Agirreren Gezurra ari du[13]
- 2010: Pello Urtzelairen Amesgaiztoa. Egunkaria auziko epaiketaren kronika[14]
- 2021: Joan Mari Torrealdairen Egunkaria. Gizarte Zibilaren arrakasta[15]
- 2023: Imanol Murua Uria kazetari eta irakaslearen Egunero behar genuen [16]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c Agirre, Lorea. (2004). Gezurra ari du : Egunkaria-ren itxieraren kronika. Alberdania ISBN 84-95589-94-X. PMC 433574056. (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
- ↑ Tortura jaso zutenen testigantzak www.egunkaria.info atarian
- ↑ Martxelo Otamendiren tortura salaketa
- ↑ Egunkaria auziaren kronologia
- ↑ http://www.berria.info/albisteak/93029/auzi_ekonomikoko_kronologia.htm[Betiko hautsitako esteka] Berria, 2014-06-17
- ↑ «Auzi ekonomikoaren kronologia», Berria, 2014-10-14
- ↑ Urkizu, Urtzi. «Lau dokumental 'Egunkaria'-z» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
- ↑ Berria Egunkaria (2003). (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
- ↑ Ibañez, Maite. (2013). «Egunkaria 10 urte geroago» EITB (K2000) (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
- ↑ «Gaur irekiko ditu ateak» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
- ↑ Berria TB. Egunkaria-ren itxieraren 15. urteurrena. (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
- ↑ «Paperezko hegoak» EITB (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
- ↑ Agirre, Lorea. (2004). Gezurra ari du : Egunkaria-ren itxieraren kronika. Aise Liburuak ISBN 84-95589-94-X. PMC 56831181. (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
- ↑ Pello, Urzelai. (2010). Amesgaiztoa : "Egunkaria auziko" epaiketaren kronika. Berria PMC 863181484. (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
- ↑ 1942-2020), Torrealdai, Joan Mari (. (L.G. 2021). Egunkaria : gizarte zibilaren arrakasta. Berria ISBN 978-84-1360-083-3. PMC 1366296669. (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
- ↑ Murua Uria, Imanol. (2023). Egunero behar genuen. Elkarlanean ISBN 9788413602967..
Kanpo estekak
aldatu- «'Sisiforen paperak': galdekatua hizkuntza denean» Itziar Ugarte Irizar, (Berria 2020-11-14)
- «Paperaren orban beltzak agertokian» Aitor Biain. (Berria 2020-11-20)
- "Zerbait egingo zuten…"[Betiko hautsitako esteka] Anjeles Iztueta (Berria, 2020-11-29)
- Egunkariaren hemeroteka 1990-2003 via Berria.eus
- Egunkariaren aldeko elkartea
- (Ingelesez)(Gaztelaniaz) Egunkaria International
- (Ingelesez) Nazioarteko Kazetarien Elkartea.
- Egunkaria kasuko FAQ edo galdetegia
- 'Egunkaria 10 urte geroago' dokumentala, Maite Ibañez, K2000, EITB, 2013
- «Gaur irekiko ditu ateak» dokumentala. Argia, (2016-12-06)
- Egunkaria 15 urte' dokumentala Irati Sarasua, ETB, 2018
- 'Paperezko hegoak'dokumentala. Josu Martinez eta Samara Velte, Tentazioa Produkzioak, EITB 2021