Inguma (datu-basea)

euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-base

Inguma euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea da. Datu-baseak euskara batuaren garaian unibertsitate mailan euskaraz zer egin den eta nork egin duen azaltzen du. Argitalpenak, hitzaldiak, ikastaroak, tesiak eta irakasgaiak biltzen ditu.

Inguma (datu-basea)
Inguma 2018.png
Jatorria
Sorrera-urtea 2000
Ezaugarriak
Hizkuntza euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa
Kokapena
Jabea Udako Euskal Unibertsitatea
Ekoizpena
Garatzailea Udako Euskal Unibertsitatea
Euskaraz
Euskaraz Bai
inguma.eus

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 2000. urtean sortutako web-aplikazio honetan unibertsitate mailako jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da. Euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea da bere helburua. Nahiz eta 40.000 dokumentu baino gehiago dauzkan oraindik ez du helburu hori bete osotasunean.[1]

2014ko otsailean plazaratu zuen bertsio berrian guztira 42.632 erregistro batzen zituen, horien artean 34.387 dokumentu eta 8.245 egile. Dokumentu horiek honela banatzen ziren:

  • 12.333 artikulu
  • 4.442 liburu-aipamen, hitzaurre, liburu-atal edo edizio kritiko
  • 418 doktorego-tesi
  • 93 ikerkuntza-proiektu
  • 1.889 liburu
  • 688 itzulpen
  • 8.307 hitzaldi
  • 1.520 ikastaro
  • 4.697 irakasgai

Etengabeko eguneratzearen ondorioz 2018an guztira 194 erakunderen lana katalogatuta zegoen. 40.680 erreferentziatik gora (2.504 liburu) eta 10.731 egileen lana eskaintzen zituen. Bi urte geroago datu-basearen 20. urteurrenean 203 erakunde, 11.835 egile, 43.541 dokumentu eta 16.609 artikuluren datuak jasotzen zituen.

Euskarazko produkzioaren berri emateaz gain komunikazioa ere ahalbidetzen du datu-baseak, egileekin harremanetan jartzeko aukera baitauka.

Horretaz gain, ziurtagirien zerbitzua eskaintzen du. Inguma datu-baseko egileek ziurtagiria eskatu dezakete CVan jartzeko.

Karmele Artetxek 2010ean bere tesian komunitate zientifikoa euskaldunaren azterketa historikoa eta bibliometrikoa egin zuenean Ingumako datuak erabili zuen azterketarako oinarri gisa.[2]

ErreferentziakAldatu

  1. Artetxe Sánchez, Karmele. (). «Euskaltzaindiaren ekoizpen zientifikoa inguma-n: Euskal komunitate zientifikoaren datu-basearen aurkezpena Euskaktzaindian» Euskera: Euskaltzaindiaren lan eta agiriak = Trabajos y actas de la Real Academia de la Lengua Vasca = Travaux et actes de l'Academie de la Langue basque (1): 189–203 ISSN 0210-1564 . Noiz kontsultatua: 2019-01-09.
  2. Artetxe Sanchez, Karmele. Komunitate zientifiko euskalduna. Azterketa historikoa eta bibliometrikoa. Doktorego-tesia. UPV-EHU 2010.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu