Espainiako Gerra Zibila Goierrin (1936)

Espainiako Gerra Zibila Goierrin 1936ko udan hilabete pare batez, uztailaren amaieraldetik irailaren erdialdera, Gipuzkoako kanpainaren barnean jazo zen. Gerra zuzenak Gipuzkoako hego-ekialdeko Goierri eskualdean 65 egun iraun zuen Goierrin, 1936ko uztailaren 18tik irailaren 20ra.

Eusko Gudarostearen Gabiria udalerriko goierritar gudariak, 1937an Bizkaian hartutako argazkian, ordurako jada Goierri nahiz euren jaioterria aurreko urtetik kolpistek okupatuak zeuden.

Aldiz,Goierri eskualdearen inbasio edo okupazioaren kanpainia militarrak Espainiako Gerra Zibilaren hasiera-hasieran kokatzen da eta oso denbora laburrean gauzatu zuten, gainontzeko gerraldiak osotara iraun zituen ia 3 urteekin alderatuz gero okupazioa berehala egin zen.

Izan ere, Goierriko mendebaldea Gipuzkoan frankistek uztaila eta abuztu artean Nafarroako Sakanatik barneratzeko erabili zuten lehenbiziko sarbidea izateaz gain, Oiartzungo Altzibar auzoarekin batera, Gipuzkoan okupatu zuten lehenbiziko lur eremua ere izan zen (Irun ez zen irailaren 5rarte okupatua izan, Hondarribia irailaren 6an eta Donostia irailaren 13an).

Goierriko okupazio kanpainia militarraren mapa

aldatu
  • Jartzeke daukat (orain marrazten eta osatzen ari naiz)

Testuinguru orokorra

aldatu

Goierritarren gehiengoaren joera politikoa, gainontzeko gipuzkoarrena bezala, Errepublikaren aldekoa izan zen, nagusiki abertzaleak (ia denak jeltzaleak, EAJ baitzen Goierriko alderdi abertzale nagusia eta bakarra; beste garaiko alderdi abertzalea zen EAE alderdiak indarra gehienbat Bilbo aldean baitzuen), baina baita sozialista eta komunistak ere, batez ere Zumarraga eta Beasainen lantegi edo industria guneetako espainiar jatorriko etorkinen artean.

1936ko Francoren Estatu kolpearen aldeko goierritarrak ere egon ziren, nagusiki karlista joerakoak, bai eta falangista batzuk batzuk (Juan Telleria goierritarrak Espainiako Falangearen Cara al sol ereserkiaren doinua konposatu zuen), baina hauek gutxiengoa izan ziren, horren froga onena, gerra hasieran Goierri eta Gipuzkoa osoa Errepublikaren aldean mantendu zirela izan zen.

Goierri erasotu zuten frankisten gudarostea nagusiki nafar erreketeez osatua egon zen eta horietan, errepublikar edo abertzale gudarosteetan bezala, euskaldun ugari zeuden, batzuk eskuindar, karlista edo falangista joerakoak zirelako, baina baita Nafarroan estatu kolpeak hasieratik arrakasta izan eta beste irtenbiderik ez zutelako ere, edo frankisten armadan izen ematera derrigortuak izan zirelako.

Irungo frontean gipuzkoar abertzaleek preso hartu eta Donostiara eraman zituzten Baztango nafar errekete euskaldunen kasuak badaude, gainera Gipuzkoaren okupazioan parte hartu zuten Nafarroako eremu euskaldunetako soldadu frankista asko baserri girokoak izanik gaztelaniaz hitzik ere ez zekitenak ziren (Gipuzkoa eta Bizkaiko baserri giroko eremuetan bezala). Abertzaleek euren esku preso gelditutako baztandar horien bizitza errespetatu eta gerra preso gisa mantentzen saiatu ziren, eurak bezala euskaldunak zirelako aitzakian, eta nolabaiteko "aberkideen" erailketa izango zelakoan, baina gipuzkoar sozialisten, komunisten eta anarkisten esku preso erori ziren soldadu frankista euskaldunen zortea bestelakoa izan zen, eurentzat euskaldun izan ala ez, faxistak edota faxismoaren alde eta Espainiar Errepublikaren aurka borrokatu zuten soldaduak baitziren.

Gainera, Nafarroan Erriberan ez beste gainontzeko lurraldean gehiengoa katolikoa eta tradizionalista izanik (nafar abertzaleak barne), askok elizaren eta kristautasunaren aurka zeuden ezkertiar "gorrien" kontra borrokatzeko bakarrik ere izena eman zuten, izan ere, 1936ko udako estatu kolpea jazo zen hasierako egunetan Euskadin abertzaleen gehiengoa Errepublika edo Kolpisten alde jartzeko zalantzatan egon arren, berandu baina azkenean Errepublikarren alde jarri ziren (nagusiki Errepublikak Gipuzkoa eta Bizkaia kontrolpean edukitzearren eta abertzaleek bere alde egiterarren Euskal Estatua eta Eusko Jaurlaritza eratzeko baimena eman baitzien, honela bai abertzaleek nahiz errepublikarrek irabaziz ateraz). Aldiz, Nafarroa eta Araban hasiera-hasieratik estatu kolpeak arrakasta izan eta bi lurralde horietako abertzaleen artean bi joera eman ziren:

  1. Nagusia, frankistek Araba eta Nafarroan abertzaleen gehiengoaren joera izan zen, haiek aurkako jazarpena, fusilamenduak eta zigorrak ez jasateko ahal izanez gero eremu errepublikarrera ihes egitea, Gipuzkoa eta gehienbat Bizkaia aldera.
  2. Frankisten aldean lerrokatzea, gutxiengoaren joera izan zen, baina EAJ eskuineko alderdi tradizionalista eta elizkoia izanik Nafarroan eta Araban errepublikarzale agertu baino frankisten aldera igaro ziren jeltzaleen kasu badaude. Hau bereziki Euskal Herrian kolpisten jatorrizko gotorlekuak eta oso tradizionalistak ziren Iruñea eta Gasteiz hirietan jazo zen. Kasu bakanak izan ziren, abertzaleak berehala ohartuko baitziren frankistak elizkoiak eta eskuindarrak izan arren "separatistekin" Erriberako nafar errepublikar eta sozialista "gorriekin" bezala ez zutela inongo gupidarik izango.

Aurrekariak Goierrin

aldatu
  • 1936ko uztailaren 18a, larunbata: Goierrin ere goierritar karlistak eta erreketeak zain eta prest zeuden. Ordizian, Circulo Tradicionalista elkartearen egoitzaren aurrean errekete talde bat guardia egiten egon zen. Goiko agintari kolpisten aldetik ez zitzaien matxinatzeko agindurik iritsi eta Nafarrora alde egin zute, Aralartik barna Uharte Arakilera, Benedicto Barandalla karlista etxarriarra eta nafarren taldera batzeko[1].
Gipuzkoako erreketeen buru Agustin Telleria antzuolarrak Alvaro Etxezortu ordiziarrari aspaldi Ordizia, Zaldibia, Itsasondo, Arama, Legorreta, Altzaga eta Gaintzako karlistekin errekete talde bat antolatzeko eta trebatzeko agindu zion. Zirkuloan hilabeteetan instrukzio militarra eman die eta egun honetarako jada 115 gizon prest zeuzkan[1].
  • 1936ko uztailaren 19a, igandea: Beasainen, EAJren Batzoki berria inauguratu bazkari batekin inauguratu zuten. Goierriko Alkartasuna elkarteak hiru solairuko egoitza eraiki zuen, pilotaleku eta guzti. Kolpe hotsak baziren, baina festa burutu zuten. Oraindik ez zekiten 9 egun barru kolpistek Batzokia bereganatu eta bertan Falangearen egoitza jarriko zutela, 1976an egoitza elkarteari itzuli arte. 1997an EAJren izenera pasako zen, eta 2006an eraitsiko zuten, orubean etxeak egiteko[1].
Gipuzkoan, Fronte Popularraren defentsa batzordeak sortzen hasi ziren. Arrasaten, gaur. Irunen eta Hondarribian, bihar; Tolosan, Zumarraga-Urretxun... gehienak ezkerrekoak sartu ziren, jeltzaleak oraingoz zer gertatuko zen ikusmiran zeuden[1].
  • 1936ko uztailaren 20a, astelehena: Cayuela teniente koronelaren zutabea, Arapiles Mendiko Batailoiko 2. konpainia, Lizarratik abiatu eta egun honetan bertan Altsasu hartu zuen, handik Idiazabal hartzeko betekizuna zuen. Albizu eta Malcampo komandanteek Segura eta Ataun hartzeko zeregina zuten. Beasain eta Goierri konkistatu, eta Oria ibarrean aurrera Tolosa bereganatu eta azkenik misioaren helburu nagusia Donostia hartzea zuten[1].
Ataunen, anarkista eta komunista talde batek Lizarrustiko bidea eskuindarrei indargabetzeko Kaxetako zubia lehertu zuen. Egunotan, Nafarroan atxilotutakoak Lizarrustira fusilatzera ekarri zituzten: Elkorrin (Quifosa), aldapan behera Iraubeltzeko bihurgune inguruan, Kaxetatik gora eskuineko lehen borda, etab. Kolpistek hainbat pertsona tiroka hil zituzten[1].
  • 1936ko uztailaren 21a, asteartea: Goierrin errepublikarrek lehen atxiloketak egin zituzten. Ormaiztegin eskuindarrak atzeman zituzten: tren geltokiko burua eta bainuetxean zegoen eskuindar diputatu bat atxilotu zituzten. Beste eskuindar askok ihes egitea erabaki zuten[1].

Goierritar eskuindarren ihesaldia

aldatu

1936ko Francoren estatu kolpearekin ados zeuden zenbait goierritarrek Goierri errepublikar zonaldean gelditu zenez haien aurkako jazarpena ekiditeko asmoz mendiz ihes egin zuten. Ormaiztegiko eta Legazpiko eskuindarren ihesbidea Lierni eta Aztiria izan ziren, uztailaren 21etik aurrera, handik Urbia zeharkatu eta kolpisten zonaldean zegoen Arabara ezkutuan iristeko[1].

Patrizio Etxeberria legazpiar industriariak hala ihes egin zuen, baita Ormaiztegiko bainuetxeko jabe Antonio Izuzkizak, Guillermo Lasa lagunak, Jose Mujikak (Serapio Mujika historialariaren semea) edo Guillermo Aldir militarrak ere[1].

Aztiriko Migel Odriozola apaizak, karlista amorratua, ihesbidea jakin, eta Arantzazura salbu iristen baziren, Aztiriara klabean telefonema hau bidaltzeko iradoki zien: "Ardiak ondo, Martin Joshe". Iheslariek hala egin zuten, baina Aztiriko telefonistak tabernan komentatu, han zeuden ezkertiar miliziarrek susmoa hartu, eta alarma piztu zen, lasterrera errekete zutabe bat Goierri aldera bazetorrela ulertuta[1].

Goierriko okupazioa

aldatu

Frankisten barneratzea Nafarroatik

aldatu

Kolpistek Goierri hegoaldetik, Sakanatik, eta hiru sarbide ezberdinetatik erasotu zuten:

  1. Uztailaren 24an Albizu komandantea, Arapiles batailoiaren buruak, Otzaurte mendatetik 400 gizonekin Zegamarantz jo eta okupatu zuten. Aurrez Lizarratik abiatuak ziren. Egun berean militar, errekete eta falangista tropek aurrera jarraitu, eta Segura, Zerain eta Mutiloa hartu zituzten[1].
  2. Uztailaren 25ean Cayuela koronelaren tropek Altsasutik Etzegarate mendatea igaro eta Idiazabal okupatu zuten. Goierri erasotu zuten hiru fronteetan talde handiena berea hauxe zen.
  3. Uztailaren 25ean, Malcampo komandantearen tropak iluntzean Lizarrusti iritsi ziren. Arbitrio etxeko mikeleteak erresistentziarik gabe menperatu zituzten. Kolpistak 350 bat soldadu ziren, Caparrosoko Tertzioko erreketeak tartean, Lizarrusti igaro eta Ataunen sartu ziren. Aurrez, Iruñetik Etxarri-Aranatzera tren militar batek garraiatu zituen. Hurrengo egunean, uztailaren 26an, Malcampok Lazkao hartu zuen. Okupatzaileen artean Lazkaoko markesaren seme gaztea ere badago, aitak bidalia[1].
Errepidez segi beharrean, mendi bidetik jo zuten, Marumendi aldean gaua pasatzeko[1].

Ekialdeko okupazioa

aldatu

Mendebaldeko okupazioa

aldatu

1936ko irailaren 19an Francoren aldeko tropek Legazpi okupatu zuten. Ordurako, 2.400 biztanleko herri txikian 300ndik gora bizilagun falta ziren. [2]

Azkenik, irailaren 20an frankistek Zumarraga eta Urretxu udalerriak bereganatzearekin batera Goierri osoaren erabateko okupazioa behin behinekoz gauzatu zen. honekin Goierrin Espainiako Gerra Zibila zuzeneko guduleku gisa amaitu zela esan liteke.

Okupazioaren kronologia herriz-herri

aldatu

Goierriko udalerrien okupazioa bi fase edo norabidetan burutu zen[3], biak ere Nafarroako Sakana eskualdetik abiapuntua zuten eta Gipuzkoan Otzaurte, Etzegarate eta Lizarrusti mendateetatik barna sartu ziren:

Lehen fasea: Zegamatik Tolosararako barneratzea. Goierriko ekialdearen okupazioa

aldatu

Behin Goierriko mendebaldean okupatuta, gudaroste frankistak Tolosaldeko hegoaldean barneratu eta Tolosa udalerriruntz zuzendu ziren. Tolosa abuztuaren 11ean bereganatu zuten.

Goierriko frontearen mantentze laburra

aldatu

Abuztuaren hasiera eta irailaren erdi artean Beasaindik Brinkolara zihoan Goierriko mendebaldeko frontea aldaketarik gabe hilabete eta erdiz mantendu zen, alegia, Goierriko ekialdea jada frankisten esku zegoen eta mendebaldea aldiz abertzale eta errepublikarren esku mantendu zen. Denboraldi horretan iparraldetik hegoalderako zihoan gerra frontearen muga bi lerroa hauek osatzen zuten:

  1. Fronte frankista: Beasain, Olaberria, Segura, Zerain eta Zegamako lerroa frankisten eskuetan zegoen, alegia, Goierriko mendebaldea.
  2. Fronte errepublikarra: Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi, Gabiria eta Legazpi abertzale eta errepublikarren kontrolpean mantendu ziren.

Bigarren fasea: Goierriko mendebaldearen okupazioa

aldatu

Ondorioak

aldatu

Ondorioak biztanlerian

aldatu

Goierriko okupazioa eta zuzeneko gerra amaitu zen, ez ordea bere eraginaren ondorioak:

  • Ordurarte errepublikaren alde borrokatu zuten goierritar asko frankisten gudarosteetan borrokatzera derrigortuak izan ziren, gainera bertan gelditu ziren goierritarrek frankisten okupazioaren ondorioak zuzen-zuzenean jasan behar izan zituzten: fusilamentuak, espetxealdiak, zigorrak; abertzale, ezkertiak eta errepublikarren aurkako bortizkeria; jazarpen politikoa orokorrean, baita euskal kulturaren eta euskararen aurkako debekuak eta isunak ere.
  • Okupazioaren ondoren espainiar nazionalista edota eskuindar integrista ez zen biztanleriaren aurkako jazarpena hasi zen, alegia, Goierriko biztanleriaren gehiengoaren aurkako jazarpena, garai honetarako jada Goierriko biztanleriaren gehiengoa abertzalea baitzen, Beasain eta Zumarragako industriagunetan abertzaleez gain sozialistak ere bazeuden.
  • Gosea, elikagai eskasia, txirotasuna; bai eta edozein gerretan jaso ohi diren gertakariak ere: erbesteratzeak, espetxea, bortxaketak, etab.

Goierritik frankisten okupazioa gauzatu baina lehen mendebalderuntz ihes egitea lortu zuten goierritar abertzale asko irailean sortu zen Eusko Gudarostean izen eman eta Bizkaia aldean frankisten aurka borrokatu ziren. Bestalde, Goierrin gainontzeko Gipuzkoan bezala kolpisten berehalako hurbiltzeak biztanleria zibilaren errepublikar eremurako migrazioa handia eragin zuen, hasiera batean oraindik kolpistek okupatzeke zuten Gipuzkoako mendebaldera eta ondoren Bizkaiara.

Ondorio estrategikoak

aldatu

Behin Goierriko mendebaldea okupatuta gudaroste frankista Deskarga mendatean eta Oñatin barna Bergara eta Arrasatera zuzendu zen, betiere Gipuzkoako mendebaldea okupatu asmoz, honela Bizkaiarako bidea ahal bezain azkarren garbi utziz. Halere, frankistek nahi ez bezala Bizkaia eta Gipuzkoako frontea udazken eta negu osoan zehar ez atzera ez aurrera gelditu eta 1937ko apirilaren 21ean frankistek Elgeta bereganatu arte Kalamua, Intxorta, Udalaitz eta Besaide mendietan mantendu zen, denboraldi horretan jazo ziren Euskal Herrian gerraren gudu latzenak:

  1. Frankisten eremuaren fronte lerroa: Ondarroa (Bizkaiko udalerri okupatu bakarra), Elgoibar, Soraluze eta Bergara (irailaren 21) eta Arrasate (irailaren 26).
  1. Abertzale eta errepublikarren fronte lerroa: Berriatua, Eibar eta Elgeta (Gipuzkoan okupatu gabeko bi udalerri bakarrak).

Ikus gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu