Ireki menu nagusia

Patrizio Etxeberria Elortza (Legazpi, Gipuzkoa, 1882ko uztailaren 9a - ib., 1972ko abenduaren 17a) enpresaburua izan zen, politikaria baino. Artisau papergileen familia apal batean jaioa, Legazpiko konte izendatu zuen 1958ko uztailaren 18an Francisco Francok. Gipuzkoako enpresabururik garrantzitsuenetakoa izan zen eta bere herriko handiena: Legazpiren ekonomia, politika, urbanismoa nahiz hezkuntza goitik behera baldintzatu zituen XX. mendean.

Patrizio Etxeberria
Bizitza
Jaiotza Legazpi1882ko uztailaren  9a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Legazpi1972ko abenduaren  17a (90 urte)
Jarduerak
Jarduerak politikaria eta industrialaria

Eduki-taula

BiografiaAldatu

Azpiko-Etxean jaioa. Etxea paper enpresaren hedapenerako eraitsia izan zen.

12 urte arte Jose Guridi izan zuen irakasle. Egunero oinez Zegamara joanez, errementaritza ikasi zuen, bere enpresari jardunari ekin ziolarik.

Teresa Agirre Aseginolaza (1883an jaioa) izan zuen emazte. 8 seme alaba izan zituzten, 1907an jaiotako Lorenza alaba zaharrena, Jose (1910an jaiotako seme zaharrena) eta 1928an jaiotako Maria Teresa gazteenera arte. 1958eko izendapenetik hil arte Legazpiko Etxeberria Kontea izan zen.

Enpresari sen handia izateaz gain, Patriziok bere herriaren garapen ekonomikoa bultzatu zuen eta Legazpin alor soziala nabarmen jorratu zuen. Besteak beste, zaharrentzako eta gaixoentzako Santa Cruz ospitalea, bere langileentzat Cooperativa Santa Cruz ekonomatoa, nahiz oinarrizko irakaskuntzarako ikastetxe bi ere sortu zituen: Artzain Ona (350 mutil hartzeko eraikia, salestarren eskutik) eta, geroago, Santa Teresa (310 neskentzat, karmeldarren eskutik). Legazpiko San Inazio, San Juan, San Jose, Laubide, Urtatza eta Itxaropen auzoak nagusiki Patrizioren lantegiak eragindako eskulan premiari erantzuteko eraiki ziren, hazkunde demografiko handia eraginez Euskal Herriko eta Espainiako migratzaileekin.

Agirre-Etxeberria etxea, Patrizioren bizitoki nagusi izandakoa, 1924an diseinatu zuen Guillermo Eizagirrek (Aguirre-Echeverría, sarrerako atean dioenez, hitzez hitz) eta 1950ean Luis Astiazaranek berritu. Euskal estilo berriari jarraiki, lantegiaren hegoaldean eraiki zuten, herriko sarreran. 2015ean monumentu gisa sailkatua izan zen eta Legazpiko Musika Eskolaren egoitza bilaka dadin anak burutzeari ekin zion udalak.[1]

Arantzazuko Santutegiaren ongile nabarmena ere izan zen, gizon fededuna izaki. Jorge Oteizaren eskulturak fatxadan kokatzeko lanketan lagundu zuen, baita Lucio Muñozen absidea kokatzen ere. Kanpandorreko gurutze handia eta Eduardo Chillida eskultorearen basilikako ateak egiteko txapak ere Patrizioren opari izan ziren.

Donostian kokatua den Haizearen Orrazia (1968-1976) artelan ezaguna Legazpiko lantegian egin zen.

Patrizio eta haren emazte Teresa Legazpiko hilerrian daude hobiratuak, propio egindako aparteko eraikin batean. Konte gisa Jose semeak 1972an ordezkatu zuen, bigarren konte bilakatuz.[2] Jose Etxeberria Agirre 1993an hil ostean, 1995etik, Joseren seme eta Patrizioren biloba Patrizio Etxeberria Ezkurdiak du titulua; Legazpiko Etxeberria konteetan hirugarrena da.

Enpresari jardunaAldatu

15 urterako mutil azkar eta saiatua zen forja lanetan. 18 urterekin Arrasateko Talleres de Vergara, Jauregui, Resusta y Compañían jardun zuen lanean, altzairuaren fabrikazioan ezagutza sakonduz.

1904an Legazpin bere kabuz lanean hastea erabaki zuen, Taller de Herrería Patricio Echeverría izenpean. 1905.ean Oyarzabal-Enean kokatu zuen errementaritza lantegia. Eraikin hori ez da egun existitzen, gerora Ibai-Ondo zinema egondako tokian baizegoen, Legazpiko kale zaharrean (egungo Nafarroa kalea).

Udaletxerako nahiz bestelako balkoiak eta lan txikiak eginez abiatu zuen bere jarduna.

1906an bere lehen patentea erregistratu zuen Madrilen, altzairu-txapazko eskuare bat eta aitzur bat egiteko. Nekazal-lanabesen fabrikazioan aurrera egiteko inbertsiogileak behar zituenez, Pedro R. Segura enpresariarekin bazkidetu zen, beste bi laguntzailerekin: Romualdo Etxeberria Orueta eta Prudencio Gereta Irazabal.

1908an Patricio Echeverría enpresaren ernamuina sortu zuten 12 langilerekin (Segura, Echeverría y Cía izenez), nagusiki eskuko-erremintak ekoizteko, nahiz inguruko enpresentzat forja eta konponketa lanak egiteko. Hala, 1909an Hernaniko Nekazaritza Erakusketan 45 lanabeseko katalogoa aurkeztu zuen (aitzurrak, eskuareak, sardeak, arraspak, mailuak, mazoak, pikotxak, falkak eta aizkorak) eta 1910ean Buenos Aireseko Nazioarteko Erakusketan hartu zuen parte. Nazioartekotze azkar batean lagundu zion horrek.

Denborarekin lanabesetan "Bellota" izen komertziala nagusitu zen arren (2008an mendeurrena ospatu zuen izen bereko lantegiak), hasiera batean Espainia eta Txilerako marka zuen hori. Idiazabalgo lima lantegirako erregistratua zuen hasiera batean. Aldiz, Uruguay eta Argentinarako "Mendi" erabili zuen, baita "Merke" ere, maila apalagoko erremintentzat. Baina "Bellota"n, kalitatea hobetsi zuen beti Patriziok, prezioaren aurretik.

1918an, Lehen Mundu Gerra amaituta, enpresa desegin egin zuten, bazkideen arteko desadostasunak medio. Patriziok bere bideari ekin zion.

1919an 106 langile zituen, 1922an 166 langile, 1925an 225, 1928an 297 eta 1931rako 453. Ordura arte altzairua erosi egiten zuen, besteak beste Altos Hornos de Vizcayatik. Urte horretan, baina, altzairutegia ireki zuen, urketa eta xafladura trenak. Horrek, altzairua bertan ekoiztea ahalbidetu zion, bai lanabesak egiteko, bai barra, xafla edota landuriko piezatan altzairu bereziak saltzeko. Ordurako 523 langile zituen.

1938an Patricio Echeverría S.A. gisa sortua zen enpresa. Nekazaritzarako, meatzaritzarako eta industriarako lanabesak eta piezak izan ziren bere enpresaren ekairik ezagunenak, baina altzairugintza jorratu zuen orokorrean, burdinxafletatik hasi, pieza estanpatuetara, automobilgintza, untzigintza nahiz makinagintzarako osagaietan ere jardun zuelarik.

1940 hamarkada hasieran Idiazabalen kokatu zuen karraska lantegi berria.

1943an Ikastun Eskola sortu zuen langileak trebatzeko, gerora Zumarragako Lanbide Heziketarekin bat egin zuena.

1952an Mirandaolako burdinola berritu zuen (XIII-XIV mendekoa dena), herriaren historiaren eta olagizonen oroimenerako. Mirandaolako Santikutz baseliza ere eraiki zuen haren ondoan.

1956an Urtatzako urtegia eraiki zuen, bere lantegiaren ur premiak asetzeko. Aurretik ostatu propioa ere eraikia zuen, bisitan zetozkion bezeroak hartzeko.

1976an 3.661 langile izatera iritsi zen Patriziok sortutako enpresa, inoizko gehien. Legazpiko industria lanpostuen %78 zen 1979an, 3.200 langile inguru. Gainbehera ekarri zioten hortik aurrerako krisiek eta enpresak negozioka zatikatuta amaitu zuen, hurrengo hiru hamarkaden buruan. 1990an GSB sortu ostean, 2002tik gaur arte CIE Automotive da forja lantegiaren jabe. Baita, hutsik egon arren, Urtatzako urtegiarena ere.

2013an Bellotaren jabetzaren gehiengoa saldu zuen Corporación Patricio Echeverríak eta ITG talde kanadiarrak erosi zion.

ErreferentziakAldatu

  1. (Gaztelaniaz)  Vasco, Diario «La villa Agirre Etxeberri acogerá la Musika Eskola y una planta multiusos con cafetería» diariovasco.com . Noiz kontsultatua: 2017-08-10 .
  2.   Estatuko Aldizkari Ofiziala, BOE BOE .

BibliografiaAldatu

  • Patricio Echeverría. Cien años que marcan Bellota. Bellotan ehun urteko utzitako aztarna. Departamento de Marketing Corporación Patricio Echeverría S.A. (2008).
  • Legazpi. Gau-Eskola elkartea, Legazpiko Udalak babestua. Lege gordailua S.S. 256/79.