Charles Martial Lavigerie
Charles Martial Allemand Lavigerie, okzitaniera arautuan Lavegueria[1] (Baiona, 1825eko urriaren 31 – Aljer, 1892ko azaroaren 26) Société des missionnaires d'Afrique edo "Aita zuriak" elkarte katolikoaren sortzailea eta denbora batez katolikoen buru nagusia izan zen Afrikan.
1882ko martxoaren 27ko konsistorio katolikoan Leon XIII.a Aita Santuak kardinal izendatu zuen, Santa Agnese fuori le mura delakoaren "kardinal-apaiz" karguarekin hain zuzen. Harrezkero Lavigerie kardinala izango da bera izendatzeko erarik erabiliena.
Hastapenak
aldatuAduana-funtzionario baten seme eta Santizpiritun jaioa, hau garai honetan Baionako auzo barik aparteko udalerria zenez eta gainera Landetako departamenduan zegoenez iturri batzuetan "landestartzat" jotzen dute.[2]
Pariseko Sorbonan (non jansenisten kritikak izan zituen) Historia irakasle (1854-1856), Siriara joateko agindu zioten eta hor Œuvre (des écoles) d'Orient sortu zuen misio kristauak laguntzeko. Bertan Islama eta arabiar kulturarekiko lehen kontaktua izan zuen.
Lehen kargu inportantea Nancyko apezpikutzarena izan zen, 1863an.
Afrikara
aldatuAljerreko artzapezpikua bilakatu zen 1867an. Afrikaren ebanjelizazioari ekin zion, populazioari "laguntza humanitarioa" ematearekin lotuz. Société des missionnaires d'Afrique (edo ezagunagoa den izenez Pères blancs, "Aita zuriak") eratu zuen.
1869an, Sœurs Missionnaires de Notre-Dame d'Afrique moja-kongregazioa ere sortu zuen.
Aita zurien garapena
aldatuBi talde hauen zioa "indigenak" ebanjelizatzea zen. Inkulturazioaren[3] garrantziaz jabetuta, bere agindupeko misiolariei hiru arau segitzeko esan zien:
- – tokiko hizkuntzaz hitz egingo duzu.
- – tokiko janaria jango duzu.
- – tokiko jantziak eramango dituzu. Hori dela eta jantzi arabiarrak eraman zituzten hasieran: gandura, barnusa eta xaxia gehi arrosariobat ikur erlijioso gisa.
"Aita zuriek" Aljerian zituzten egitekoak lan sozialak, sorostegiak, eskolak eta nekazal-eremuaren garapena izan ziren. Baina baionesarentzat Magrebeko herrialdea "kontinenteari zabaltzen zaion ate bat baino ez" zen.
Nobiziatua 1868an zabaldu ostean bokazio katolikoak igo egin ziren eta 1876an hiru misiolarik osatutako lehen karabana Tin-Bukturantz (egungo Malin). Andrazkoen kongregazioaren presentziak posible egin zuen bere lanaren garapena emakume "indigenen" artean.
1878an beste karabana bat Mombasako (egun Kenian) portura heldu zen. Hiru hilabetez ibiliz eman eta gero Ukerewe lakura iritsi eta Ugandan finkatu ziren. Beste karabana batzuk ere antolatuko dira.
Lavigerie kardinala 1892an hil zenean 5 herrialdetako 278 missionnaires d’Afrique zeuden 6 herrialdetan lanean: Aljeria, Tunisia, Uganda, Tanzania, Kongo frantsesa eta Zambian. Gaur egun 1600 "aita zuri" daude 36 herrialdetakoak 42tan lanean, 310 komunitatetan.[4]
Afrikako Primatua
aldatu1881ean Tunisia Frantziako protektoratua bihurtua zenez "Kartagoko artzapezpikutza" sortu zen eta hau ere, Aljerrekoarekin batera Lavigerieren lepora jausi zen. Aulki Santuak gainera Sahara eta Sudanerako delegazio apostoliko bat ere bere eskuetan utzi zuen. Horrekin guztiarekin "Afrikako Primatu" titulua esleitu zion. Hori suertatu zenean aurretik defendatu zuen "inkulturazioan" (lekuko hizkuntza, janaria, jantziak eta etxebizitza-motak erabiltzea) sakontzeko erregutu zien bere agindupeko misiolariei.
Omenaldi ahaztuak Magreben
aldatuFrantziaren menpeko Magrebentzat hain figura inportantea izanda, bere omenezko zenbait ekintza proposatu ziren. Baina kontuan hartu behar da azken finean kolonialismo frantsesaren beste adar bat zelako pertzeptzioa zutela bertako biztanle gehienek eta beraz, independentzia eskuratu eta gero gauzak aldatu zirela.
Aljerren hil eta Tuniseko "Kartagoko San Luis" katedralean ehortzi zuten eta bere omenezko hilobi-monumentu bat egin zen. Geroago bere gorpua Erromara eraman zuten, hala ere.
Tuniseko estatuaren afera
aldatu1925eko azaroaren 23an Frantziak Tunisian zuen résident général edo protektoratuaren garaietako buru kolonial nagusia zen Lucien Saintek kardinalaren mendeurrenaren ospakizunak bultzatu zituen. Élie-Jean Vézien eskultoreak egindako estatua bat (Lavigeriek gurutze bat eskuetan zuela) Tuniseko herriko Etxeari eskaini zitzaion eta honek suk edo azoketatik hurbil dagoen Bab El Bhar plazan ipintzea erabaki zuen, beraz leku oso jendetsuan.
Ebaspen honek berehala tunisiar askoren haserrea piztu zuen eta Ez-Zitouna Unibertsitateko ikasleek manifestazio bat egin zuten: izen bereko meskita historikotik hurbil egonda bere sinesmen eta tradizioekiko mespretxutzat jo zuten. Behin eta berriro bere eskakizunak alkateari eta Lucien Sainti igorri eta gero ez zuten bat ere arrakastarik izan eta errepresioa besterik ez zuten jaso: hainbeste lagun atxilotu zuten.
Eskultura hau independentziarekin erretiratu zuten, Ali Belhouane alkatearen aginduz.
Aljerian herri-izen bihurtua
aldatuAntzeko kasu bat gertatu zen Aljerian; frantsesek kardinalaren deiturarekin izendatu zituzten frantsesez bi herri. Independentziaren ostean normalitatera bueltatu dira, hots hango lekuizenak berreskuratzera.
Antiesklabista eta errepublikarra omen
aldatuLavigerie esklabotzaren kontrako borrokan inplikatu zen[5]. Leon XIII.a Aita Santuaren laguntzaz Europan zehar burutu zuen bira baten ostean gobernu batzuek Bruselan 1890ean esklabotzaren kontrako karta bat sinatu zuten.
Beste aldetik, 1890ean historiara pasatu den toste du cardinal Lavigerie izenez ezagutzen den mintzaldia egin zuen, zeinetan frantses katolikoek Hirugarren Errepublikaren alde[6] jo dezaten eskatzen baitzuen, hala eginez eliza eta estatuaren arteko gatazkari amaiera eman ahal zitzaiolakoan[7]. Publikoan batez ere frantses armadakoak zeuden eta gehienbat legitimismoaren (Borboi etxeko erregea berrezartzearen) aldekoak zirenak.
Mintzaldi horrek bere garaian harri eta zur utzi zituen gehienak eta Marseillesa kantatuz amaitu zen. Azalpen bat aurkitzearren, eremu errepublikarra ezker-muturrekoen mendean uzteko beldurra egon zitekeen kardinalaren ekimenaren atzetik.
Euskal Herrian
aldatuEsana dago jadanik Santizpiritun jaio zela; Baionako auzo honetako Huire etxean pasatu zuen haurtzaroa. Beti ere Lapurdiko hiriburuan, Saint-Léon (beranduago Saint-Louis-de-Gonzague izango zena) eskolan ikasi zuen 1833tik 1840ra eta gero Larresoroko Seminario ospetsuan.
Bere ibilbidean beste euskal herritar batzuekin batera aritu izan da, esaterako Jaulerri doktore biarriztarrak bere Ekialde Hurbilerako misioan lagun izan zuen. Jakina da, bestalde, 1888ko Kanboko Lore Jokoetan egon zela eta seguruenera Antoine d'Abbadieren ezaguna zela[8].
Arestian esan bezala bere gorpua Erroman badago ere, bere gurasoenak Baionan daude, Doneztebe eliza eta hilerri judutik hurbil.
Gaur egungo Baionan Lavigerie kardinalak leku publiko nabaria okupatzen du:
- "Lavigerie kardinalaren etorbidea" Baiona Berria auzoan dago.
- 1909ko uztailaren 28an[9] bere omenezko estatua inauguratu zen Réduit plazan; nekez lortuko du pertsonaia batek toki agerikoagorik Baionan: Aturri eta Errobik bat egiten duten puntua da, hiriko hiru auzo historiko nagusietatik ikusgai.
Euskal Herriko giro katolikoetako erreferente handia izanik, Manex Hiriart Urruti hazpandarrak Lavigerie kardinalearen hiltzea[10] artikulua egin zuen eta hauxe idatzi zuen Gabriel Manterola zeanuriztarrak[11]:
"Lavigerie, mixiñolari
eta kardenal ospetsu,
izan zanak bein esan eban:
«Euskalduna naz, setatsu».
Bere idazki eta lanetan
agertu eban benetan;
Eusko-odola bero ta bizi
eukola bere zanetan."
Ikus, gainera
aldatuBibliografia
aldatu- Urkiza Txakartegi, Julen: Oihenart eta Lavigerie: bi eredu artikulua, Karmel 1992ko 3. alea, 3-5.or.
- (Frantsesez) Laridan, Pierre: Le Cardinal Lavigerie, Tous frères bilduma, Casterman, Paris, 1962; René Folletek ilustratua.
- (Frantsesez) Renault, François: Le Cardinal Lavigerie, 1825-1892, Fayard, Paris, 1992.
- (Frantsesez) Perrier, Joseph: Vent d'Avenir - Le cardinal Lavigerie (1825-1892), Karthala, Paris, 1987.
- (Gaztelaniaz) Artetxe, Jose: Lavigerie (el Cardenal de África), Itxaropena, Zarautz, 1963.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Miquèu Groscaudek Dictionnaire étymologique des noms de famille gascons-en (Radio País, 1992, Paue) veguèr ("bizkonderri bateko funtzionario" esanahia du) hitzaren eratorritakoen artean kokatzen du; vegueria katalanez ere barruti mota bati dagokio.
- ↑ Hori bai, 1871eko hauteskundeetan, Afrikarako dirua atera nahiz, Landetatik diputatugai aurkeztu zen baina porrot handia jaso zuen.
- ↑ Hizkera katolikoan, beren mezua hobeto sartzeko kultura jakin batera egokitzeko ahalmena.
- ↑ Des missionnaires d’Afrique en formation, Abidjan, Boli Kosta.
- ↑ Xipri Arbelbideren "Esklaboak" artikulua Argian.
- ↑ Bidegileak bildumako Manex Hiriart-Urrutiren alean "Lavigerie kardinala errepublikaren alde" aipua: 8.or.
- ↑ Kardinalaren toste honen erreferentzia frantsesezko wikipedian.
- ↑ Davanten Lorejokoen ingurumenaz lanean Lavigerieren aipua: 10.or.
- ↑ Jean Marie eta Raymond Chabaud: Les rues de Bayonne, J&D Editions, 1995, Biarritz
- ↑ Artikulua Klasikoen gordailuan.
- ↑ Deunak (Iñaki Deuna), Olerti, 1967ko III-IV, Geldi ta itsu (1967ko uztaila/abendua, Ibinagabeitia proiektuan bildua)
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Charles Martial Lavigerie |
Kanpo loturak
aldatu- Lavigerie Kardinalea artikulua Eskualduna astekariko 1316. alean.[Betiko hautsitako esteka]
- "Poesia-eta-argazkiak-hiriaren-eta-gizakiaren-erretratuak-lantzeko" artikulua Garan.
- (Gaztelaniaz) Lavigerie euskomedian.
- (Katalanez) Vegueria artikulua katalanezko wikipedian.