Mixel Labéguerie

euskal abeslaria

Mixel Labéguerie[1][2] (Uztaritze, Lapurdi, 1921eko martxoaren 4a - Tolosa, Okzitania, 1980ko uztailaren 28a) euskal abeslaria eta politikaria izan zen, Euskal Kantagintza Berriaren aita. Bi disko txiki eta zortzi abesti baino ez zituen grabatu, baina hori aski izan zen euskal kantagintzari bide berria irekitzeko. Konpromisoa eta lirikotasuna uztartu zituen kantuetan, gitarra soilaren laguntzaz. Eusko aberriari eta euskarari zien maitasuna argi erakusten zuten haren abestiek, eta eusko abertzaleen ahotan erruz zabaldu zen haren Gazteri berria kanta. Gaztetik euskal kulturan murgildu zen, baina azken urteak politikagintzan eman zituen. Lanbidez medikua izateaz gain, Kanboko (Lapurdi) alkatea izan zen, eta diputatu eta senatari Parisen.

Mixel Labéguerie


Frantziako Nazio Biltzarreko kidea

1962ko abenduaren 6a - 1967ko apirilaren 2a
Alexandre Camino - Mixel Intxauspe
Barrutia: Pyrénées-Atlantiques's 3rd constituency (en) Itzuli
Hautetsia: 2nd legislature of the Fifth French Republic (en) Itzuli
Kanboko auzapeza



Frantziako senatari

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMichel Jean Joseph Labéguerie
JaiotzaUztaritze1921eko martxoaren 4a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaTolosa Okzitania1980ko uztailaren 28a (59 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Rita Marie Louise Jacqueline Charlotte Fortunata Gräfin von Oberndorff (en) Itzuli  (1975 -
Hezkuntza
HeziketaBordeleko Unibertsitatea
Hizkuntzakfrantsesa
euskara
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, abeslaria eta poeta
Lantokia(k)Paris eta Kanbo
KidetzaEuskaltzaleen Biltzarra
Genero artistikoaEuskal Kantagintza Berria
Musika instrumentuaahotsa
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaEnbata
Group Centrist Union (en) Itzuli

Musicbrainz: 77ac3f53-4eff-4382-932e-4fa2473adb86 Edit the value on Wikidata

Bizitza aldatu

Haurtzaroa eta ikasle denbora aldatu

Mixel Labégueriek amarengandik jaso zuen musikaren zaletasuna; ama musikaria zuen, eta, pianoa jotzeaz gain, ikastaroak ematen zituen. Guraso eta haurrideengandik jaso zuen euskara. Ikasketak fraideekin egin zuen.

Hilario Olazaran kaputxinoa Lekaroztik Uztaritzera eraman zuten, eta harekin ikasi zuten musika jotzen Labéguerie anaiek: Mixelek txistua, Josephek atabala. Gero, Uztaritzen sortuko zen lehen dantza taldean hasi zen. Piarres Lafitte ere ezagutu zuen, eta hark eragin handia izan zuen Labéguerie gaztearengan, arazo sozial eta nazionalaren kontzientzia hartzen hasiko baitzen.

Mediku ikasketak egin zituen, Bordelen. Ordurako bazuen euskal kulturarekiko zaletasuna. Bordelen euskal gramatika landu zuen, eta Irrintzi izeneko kanta-dantza bat sortu zuen. Hego Euskal Herrian gerra piztu zenean, handik alde egindako hainbat iheslari ezagutu zituen, eta parte hartu zuen Franco eta nazien kontrako espioi lanetan.

Kulturagintzan eta politikagintzan abiatzen aldatu

Hogei urte doi zituelarik, Uztaritzen sortutako Aintzina agerkarian dantza, festa eta kantuen gaineko artikuluak idazten hasi zen. Pertsona ezagunak ibili ziren Aintzinaren inguruan: Marc Legasse, Aita Donostia, Piarres Xarriton, Piarres Lafitte, Madeleine Jauregiberri...

1943. urtean, Euskaldun Gazteen Batasuna sortu zen. Euskara sustatzea eta Euskal Herriaren batasuna ziren elkartearen helburu nagusiak, eta Labégueriek hastapenetik hartu zuen parte, Irrintzi taldearen izenean. Musikan, dantza, antzerkian eta euskararen irakaskuntzan egin zuen lan. Urte haietan inguruko herrietako berrogeita hamar kantu inguru bildu zituen, baita haien berri eman ere. Horrez gainera, parte hartu zuen Eusko Ikaskuntzako 1948 eta 1954ko biltzarretan. Bertsozale porrokatua izan zen Labéguerie, eta, besteak beste, epailea izan zen 36ko gerraren ondoren egindako Euskal Herriko Lehen Bertsolari Txapelketan. Euskalzaleen Biltzarreko lehendakaria ere izan zen, eta euskaltzain urgazlea.

« - Zein izan dira zu markatu zaituzten erreferenteak, eta Ipar Euskal Herria markatu dutenak?

- Lehena Piarres Xarriton. Euskal Munduan sartu nintzen berari esker, eta gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriaren zati bat horrelakoa da berari esker. Ekonomia arloan inportantea izan zen Jean Errekart, barnealdeko laborantza munduarentzat. Politikan, Mixel Labegerie, euskal nortasuna pizten lagundu zuelako. Kulturan, Piarres Lartzabal, abertzale ez ziren anitz abertzaletu zirelako haren antzerkiei esker.

Laurek lagundu zuten jendeen mentalitatea aldatzen. Badira ere gehiago: Piarres Lafitte, Marc Legasse, Telesforo Monzon, Mixel Berhokoirigoin...

»

Xipri Arbelbide[3]


Euskal Kantagintza Berriaren sortzaile aldatu

Kantagintzan erabakigarria izan zen Mixel Labéguerieren ekarpena. Georges Brassens, Jacques Brel eta orduko abeslari frantziar berritzaileen eragina jaso eta euskal kantagintzara ekarri zuen. Labéguerie Euskal Kantagintza Berriaren sortzailea izan zen; gitarra batekin kantu alai eta konprometituak egitea posible zela erakutsi zuen. Jose Angel Irigarai Ez Dok Amairu taldeko kide ohi eta idazlearen hitzetan, «berak erakutsi zigun tradizioari begira egotea eta irekia egotea bateragarriak zirela, ez zirela kontrajarriak. Gu hemengoak eta unibertsalak izan gintezkeela. Eta erakutsi zigun posible zela hemendik kantak sortzea».[4]

60ko hamarkadaren hasieran, Labéguerieren lehen kantak hasi ziren ezagutzen. Kantaldirik ez zegoenez, lagun artean zabaldu ziren abesti haiek. Ez dago argi noiz agertu ziren lehen aldiz disko batean: iturri batzuek 1961. urtean izan zela zela diote; beste batzuek, berriz, 1963. urtean izan zela. Baionako Goiztiri diskoetxeak eman zuen argitara, eta lau kantu zituen: Bakearen urtxoa, Gudari euskaldunen kantua, Aurtxo aurtxoa (Piarres Larzabalen hitzekin) eta Primaderako liliak. Azken kanta hori autobiografikoa omen da, eta hainbat urte geroago Benito Lertxundik bertsio ezagun bat egin zuen.

Diskoaren azalean ikurrin bat eta gitarra bat agertzen ziren. Gitarra soil batez kantatutako abestiak ziren. Sortu berriak ziren euskal irratiek ezagutarazi zituzten diskoko kantuak, eta laster kontrabandoaren pieza preziatua bihurtu zen Hego Euskal Herrian. 1963. urtean, beste disko txiki bat grabatu zuen, berriro ere Goiztiriren eskutik. Hartan ere lau abesti zeuden: Astoa balaan, Gatua Pitxitxi, Ezkilaren kantua eta Gazteri berria. Azken abesti horren letra Piarres Larzabalena da, eta askatasun gosez zegoen Euskal Herriko gazteriaren himno bihurtu zen berehala.

Diskoak Ximun Haranen etxean grabatu zituen, Eneko Labéguerie semeak gogoan duen moduan: «Simun Haran pilotari ona izana da, onenetarikoa, eta magnetofono zahar batekin grabatzen ibiltzen huen herrietan. Magnetofono horrekin grabatu zioan aitari ere, garai hortako ez zegok gaizki grabazioa. Ikusten dizkiat oraindik, etxean, Kanboko koruko hamar tipo, Simun Haranen magnetofonoarekin, aitak Gu gira Euskadiko abesten, eta errepikatzerakoan korukoek abesten zuten».[5]

Bi disko txiki, zortzi abesti, hori besterik ez. Nolanahi ere, bi diskook aro berri bat zabaldu zuten euskal kantagintzan, eta handik urte gutxitara Ez Dok Amairu taldeak hurrengo katebegia osatuko zuen. Talde horren sortzaileetakoa izan zen Xabier Lete kantariaren esanetan, «Labéguerieren diskoek, batez ere lehenak, izugarrizko garrantzia izan zuten euskal kanta herrikoiaren estilo aldaketan: gitarra soilez lagunduriko kantak baitziren, ahots partikular bezain apal eta arruntez kantaturikoak, molde komertzialei zegozkien amaneramendu eta sofistikazio guztietatik urruti».[6]

Mixel Labégueriek beste kanta ezagun bat idatzi zuen, Nafarra, oi nafarra, baina ez zuen inoiz grabatu. Eneko Labéguerieren Nafarra diskoan agertu zen lehen aldiz, 1972. urtean, Mixelen beste bi kanturekin batera. «Disko bat egin behar genuela esan zidan. Berak Nafarra, oi nafarra egina zeukan eta esan zidan: "Hire abestiarekin eta nere hiruekin diskoa egingo diagu". Nik abestu nituen kantak. Hirugarren diskoa izan zen eta hor bukatu zen».[4] Eneko Labégueriek aitaren bidetik segitu zuen, hasieran Guk taldean, gero bakarlari gisa. 1999. urtean Nafarra, oi nafarra kanta berreskuratu zuen, Nazio berria izeneko diskoan (Elkar, 1999). Halaber, Aritzak taldeak Mixel Labéguerieren kantuak bildu ditu pare bat diskotan.

Eusko abertzalea aldatu

Baina, kulturan ez ezik, politikan ere izerdi asko botatakoa zen Mixel Labéguerie. 1963ko apirilaren 15ean aurkeztu zen Enbata mugimendu abertzalearen sortzaileetako bat izan zen, Jean Louis Davant, Jakes Abeberri, Ximun Haran eta beste hainbatekin batera. Baina handik gutxira mugimendutik urrundu zen, kristau-demokraziara hurbildu, eta Centre Democrate alderdian sartu zen.

«Enbatatik aldendu banintzen, ez zen helburuekin bat ez netorrelako, metodo kontuagatik baizik» zioen Labégueriek.[7] «Espainiako demokrazia giristinoarekin harreman hertsiak baditut eta PNV/EAJ hortan da. Sabino Arana Goiriren abertzalegoa hetsia eta arrazista zen. Nik etnien Europa nahi dut... denen gainetik izanen den europar nazionean ikusten dut Euskadi».[8]

Euskal Herriko politikari zegokionez, bada, eusko abertzalea zen, EAJren ingurunekoa ideologiaz (1980an, Gernikako Estatututik irtendako Eusko Legebiltzarraren eratze ekitaldian izan zen, bai eta EAJren Aberri Egunean ere); alabaina, frantziar Estatuko politikan parte hartzeagatik hainbat abertzaleren kritikak jaso zituen.[9]

Indarkeriaren aurka agertu zen beti Mixel. Berak moldatu bertso hauetan garbi erran zuen ez zuela nolanahiko Euskal Herria nahi:

« Aberriaren askatasunaz profetak

mintzo denetan,
Zauri guzien erremedioa dadukate
hitz batean.

Nik ere nahi dut Askatasuna,
izaitekotan gizonarena.
Nik ere nahi dut Askatasuna
izaitekotan gizonarena.

Xori txikiak, kaiolan denak,
askatasuna zertako?
Libratu eta erortzen bada arranoaren
meneko!
Euskal Herrian ere badugu
mendietako arrano,
Euskal xoriak daduzkatenak beren
menean esklabo.

»
Mixel Labéguerie[6][9][10]

Kargu politikoak aldatu

1965. urtean Kanboko alkate izendatu zuten lehen aldiz; 1971n berriz hautatu zuten, eta 1977an hirugarrenez. Horrez gainera, Ezpeleta kantonamenduko kontseilari nagusi izan zen Pauen. Kargu hori hil arte atxiki zuen Labégueriek. Parisen ere ibili zen politika lanetan. 1962an diputatu hautatu zuten. 1967an, ordea, De Gaulleren aldekoa zen Michel Intxauspe izan zuen aurkari, eta diputatu kargua galdu zuen. Baina Parisa itzuli zen Labéguerie, 1974an senatari hautatu baitzuten. Kargu hori ere hil arte izan zuen.

Heriotza aldatu

Zazpi urtean bost bihotzeko jasan zituen Mixel Labégueriek. 1980ko uztailaren 28an hil zen, Tolosako ospitalean (Okzitania, Frantzia), bihotz ebakuntza batean. Haren azken agurrean lau mila lagun inguru elkartu ziren Kanbon. Hil zeneko 25. urteurrena bete zenean, omenaldia egin zitzaion Kanbon, Herriko Etxeak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatuta.

Lanak aldatu

Lehenengo diskoa (1961 edo 1963. urtea) aldatu

  • Bakearen urtxoa
  • Gudari euskaldunen kantua
  • Aurtxo aurtxoa (Piarres Larzabalen hitzekin)
  • Primaderako liliak

Bigarren diskoa (1963) aldatu

Bere seme Eneko Labéguerieren Nafarra diskoan (1972) aldatu

  • Nafarra, oi nafarra

Erreferentziak aldatu

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Zenbait tokitan Labegerie idazten diote abizena, baina berak Labéguerie idazten zuen, eta, frantses deitura dela kontuan hartuta, ez du oinarririk euskal grafia ezartzea.
  3. Aizpuru Ostolaza, Jose Luis. (2023-01-01). «Xipri Arbelbideri elkarrizketa - Jakin.eus» www.jakin.eus: 11-66. (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
  4. a b Alberto Barandiaran: «Herriak ez dira erraz desegiten»,[Betiko hautsitako esteka] Berria, 2008-10-30.
  5. Pako Aristi (1985): Euskal Kantagintza Berria, 1961-1985, Erein.
  6. a b Mixel Itzaina: Bidegileak: Mixel Labegerie, Eusko Jaurlaritza.
  7. Deia, 1979-06-10.
  8. Enbata, 1976-03-19.
  9. a b Idoia Estornés Zubizarreta: «Michel Labeguerie», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  10. Laurent Darraidou: «Ezagutzak eta adiskidetasun baten sortzea», Euskonews & Media, 77. zenbakia, 2000-05-05.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu