Ireki menu nagusia

Tarpana [1] (izen zientifikoa: Equus ferus ferus edo Equus ferus gmelini), Eurasiako basa-zaldia ere deitua, egun desagertutako basazaldi mota bat izan zen. Tarpana (Equus ferus ferus) Equus ferusaren azpiespeziea zen. Harekin batera, etxeko zaldiek (Equus ferus caballus; neurri handi batean, haien arbasoa da tarpana), eta Przewalski zaldiek (Equus ferus przewalskii) osatzen dute espeziea. Esan beharra dago hainbat adituk ezbaian jartzen dutela Przewalski zaldiaren taxonomia, eta aparteko espezietzat hartzen dute.

Tarpan
Kherson tarpan.jpg
Azken tarpan zaldia Moskuko Zoologikoan, 1868. urtean. Zalantzak daude ea arraza garbiko tarpana zen, ala etxeko zaldiekin nahasitako abere bat.
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaPerissodactyla
FamiliaEquidae
GeneroaEquus
EspezieaEquus ferus
Azpiespeziea Equus ferus ferus
Boddaert, 1785
Sinonimoak

Eurasiako basa zaldia, equiferus Pallas, 1811
gmelini Antonius, 1912
sylvestris Brincken, 1826
silvaticus Vetulani, 1928.

tarpan Pidoplichko, 1951

Bere altuera soin gurutzera 130 cm inguruan zegoen. Garai moderno arte iraun zuten tarpanaren bi mota ezagutzen dira: estepetako tarpana eta basoko tarpana. Horrez gain, enzebroaren kasua dago. Abere horiek, hainbat ikerlariren ustez, Iberiar Penintsulako tarpanak ziren, eta azkenek XVI. mende arte iraun zuten Penintsula hego ekialdean. Ondo dokumentatutako azken tarpan abelburua, 1876. urtean Ukrainan harrapatua izan zena, Moskuko Parke Zoologikoan hil zen 1909. urtean, baina zalantzan dago ea aberea arraza garbikoa ote zen ala etxeko zaldiekin nahastutakoa;[2][3] horregatik, beste hainbat iturrik 1887. urtean Municheko Hellabrunn Zooan hildako tarpana aipatzen dute espezieko azken aberetzat[4]. Jakina da arraza garbiko tarpanak desagertu eta gero, XIX. mende osoan eta XX. mendearen hastapenetan, bizirik eta libre Ukrainako estepetan etxeko zaldiekin nahasi ondoren berriro basati bilakatutako hainbat aberek iraun zutela. Hainbat adituren arabera, baliteke arrazak bizirik iraun izana Ukrainan 1918 arte eta Polonian 1919 arte,[5] hori dioten hainbat lekukotasun baitaude. Datutan zehazten zaila da, ordea, eta kontuan hartu behar da lehen esan den bezala, azken ale basati horiek etxeko abereekin nahasitako tarpanak izatearen aukera.

Tarpanak, zuten tamainagatik, ponien sailkapen taldean sar daitezke eta, aditu askoren arabera, egungo poni arraza askoren jatorrian daude. Antzinako poni arrazen hazleek beren abereek tarpanekin duten senidetasuna nabarmendu ohi dute, arraza bakoitzaren antzinatasuna aldarrikatzeko orduan. Esate baterako, Ipar Euskal Herriko zenbait pottoken hazleek "Pirinioetako tarpana" deitzen diote euskal poniari.

Egun, munduan irauten duen jatorrizko basa zaldi bakarra Przewalski zaldia da, eta baditu zenbait antzekotasun antzinako tarpanekin. Tarpana eta Przewalski zaldiak antzinako Equus ferus Europako basa zaldiaren azpiespezietzat hartzen dira, baina dena den oraindik eztabaida handia dago zaldi horien taxonomiaren inguruan. Zenbait adituren ustez, Przewalski zaldia antzinako Equus ferusen ondorengoa da, eta ez espezie bereizia.[6] Beste zenbait ikerlariren arabera, tarpana eta Przewalski zaldia duela 160.000 mila urte bereizi ziren.[7] Joan den mendeko 30.hamarkadan hautespen artifizialaren bidez eta taxonen berreraiketaren bidez, hainbat ikerlari tarpana berreskuratzen saiatu zen. Saiakera horien ondorioz, Heck zaldia arraza zein Hegardt edo Stroebel zaldia sortu zituzten; aurrenekoak, neurri handi batean, Konik zaldien ondorengoak dira.

Tarpan motak eta azpiespezieak. Espeziearen historia eta hedapenaAldatu

 
Tarpaneren marrazki bat espeziea islatzen. Tarpan dans Zootechnie. Races chevalines, 1923. egilea, Paul Diffloth. Nabarmenak dira przewalski zaldiarekiko antzekotasunak antzinako tarpan hauetan.

Egun dauzkagun datuekin ezinezkoa da animalia hauek etxekotzen hasi baino lehen, Eurasian zenbat basazaldi eszpezie, azpiespezie edo mota zeuden jakitea. Dena den tarpanari dagokionez behintzat bi mota nagusi izan omen zirela uste da [8]. Haien artean, fenotipoan, desberdintasun txikiak zeuden. Mota ezberdinak baina azpiespezie berbera ziren biak[9]:

Estepetako tarpanaAldatu

Itsaso Beltzaren gainaldean, iparrean kokatutako estepetan bizi omen zen. Baita bertako baso irekietan ere. Azken aleak Samuel Gottlieb Gmelin izeneko Germaniar esploratzaileak aurkitu zituen bertan 1769. urtean. Dirudienez errusiar kolonoek galdu omen zuten tarpan mota hau, zuzenean ehizatuz zein beraien zaldiekin gurutzatzen zirelako. Antza tarpan mota hau izan zen eszitek aurreneko aldiz etxekotu zuten zaldia.

Dena den zenbait teoria berriek ezbaian jartzen dute eszitak izatea zaldien lehendabiziko hezitzaileak[10]. Hainbat analisi filogenetikoek eta aurkikuntza arkeologikoek zera adierazten dute; egungo przewalskiak basatiak bilakatutako Kazakhstango iparraldeko antzinako Botai herriko etxeko zaldien ondorengoak direla. Beraz Botai herriak przewalski motako zaldiak etxekotu zituzten duela 5.700-5.100 urte, eta ez tarpanak. Kontua, dena den, ezbaian dago.Edozein moduan datu hauek baieztatuko zuten zaldia, eta zaldi mota ezberdinak, hainbat leku ezberdinetan eta era independientean etxekotua izan zela. Ahaztu gabe aztarna paleontologikoetan antzinako przewalski zaldiak eta antzinako tarpanak bereiztea ez dela erreza.

Zaldi hauek hanka meheak zeuzkaten, eta soslai ahurrekoak omen ziren. Hauts kolorekoak ziren, edo gris-arratoi horizkakoak. Zurda tente, eskuila itxuran. Mando-marra handia bizkarrean zehar eta batzuetan zebra-marrak zeharka hanketan.

Altuera soin gurutzera 130 cm. ingurukoa zen.

Estepako tarpanaren ondorengo zuzena tartariar ponia delako antzinako poni arraza da. aurreindoeuropear herrien migrazioekin Europako hainbat herrialdetara heldu zena, eta esate baterako eskandinabiar hainbat zaldi arrrazen arbaso zuzena izan zena. Fjord zaldi arraza norbegiarra, esate baterako. Edo islandiar ponia.

Kolore urdinxka edo hauts kolorekoa zen.

Basoko tarpanaAldatu

Bere izenak adierazten duenez oihanetan bizi zena, bereziki xaretutako edo soilgune handiak zituzten basoetan. Garai historikoetan Europako erdialdeko basoetan bizi omen zen, Herrialde Baltikoetan, Polonian, Alemanian, Ukraniako mendebaldean, Moldavian eta Errumanian[11]. Azken abereak Polonia eta Bielorrusiaren artean bizi omen ziren.

 
Greziar kolonizazio garaiko txanpona, Tyras, (Itsaso Beltzan, txanponduta). Dioniso jainkoa eta antza estepetako tarpan bat agertzen dira bi infrentzutan.

Die Nibelungen olerkian zera kontatzen da; nola Sigfridok "zaldi amorratu" bat akabatu zuen Wasgosko basoan izandako ehizaldi batean. Antza zaldi hura basoko tarpan zaldi bat omen zen.

Espezie hau, gaur egungo etxeko zaldi arraza askoren arbasotzat jotzen da. Esate baterako, Iparraldeko zenbait pottoka zaleek Euskal Herriko poniari "Pirineoko tarpana" izena ematen diote[12], arrazaren "antzinakotasuna" azpimarratzeko. Oro har, desagertutako tarpana Europako zaldi arraza zahar ezberdinen ezaugarriekin konparatzeko joera handia dago. Era horretan, arraza bakoitzaren zaletuek, beraien abereen arkaikotasuna nabarmendu nahi dute[13].

1826. urtean Julius Brincken izeneko gizonak, Errusiako tsararentzat lan egiten zuena, Bialowiezako basoaren landaretza eta faunari buruzko liburua idatzi zuen. BAso hau Prusia zaharraren "Desertu Handia" bezala ezagutzen zen oihan erraldoiaren azkenetariko gunea zen. Bertan basazaldiaren presentzia aipatzen zuen.

1930. urtean hasita, zenbait saiakera egin dira tarpan zaldia birsortzeko, zaldi arraza ezberdinen elkarren arteko gurutzaketen bidez. Haren ondorioz, esate baterako, Heck zaldia arraza sortu dute. Baita Hegart zaldia, Stroebel zaldia izenez ere ezaguna.

Poloniako konik zaldi arraza, tarpana baino apur bat txikiago eta zabalagoa, arraza birsortzeko saiakeretan ere erabili dute. Aditu gehienen arabera, hau da desagertutako tarpanarekin antzik handiena gorde duen etxeko zaldien arraza. Haren zergatia zera da; garai historikoetan, bertako nekazariek beraien zaldiak azken tarpan basatiekin gurutzatu zituztela.

Tarpanaren hedapenaAldatu

Dozena milaka urtetan barrena, Azken Izotz Aroan, Europako azalera gehiena, Iberiar Penintsulatik Errusiaraino, belarrez betetako lautadez estalita egon zen, garai haietako estepa zabalak. Bertan orein erraldoiak, mamutak, errinozero iletsuak, uroak, estepako bisonteak eta beste hainbat belarjale handiek tarpanekin partekatzen zituzten habitat hauek. Duela 12.000 urte inguru hainbat faktore tartean, klima aldaketa eta gizakiaren eragina, azpi-polulazioen isolaketa ekarri zutena, Pleistozenoko megafaunaren iraungitze masiboa eman zen, eta haietako asko desagertu ziren. Guzti honen ondorioz estapak baso erraldoiak bilakatu ziren.

Hasiera batean basazaldiek ingurumen berriei egokitzea lortu bazuten ere, azkenean leku askotan iraungi ziren. Hego Euskal Herrian, esate baterako, Jesus Altuna paleontologoak dioenez, basazaldia , sekula ez da ugari izan historiaurreko garaietann; ezta Kantauri itsasoko ertzaren gainerako eskualdetan ere. Goi Paleolitoan ere, nahiz eta zaldiak Ekaingo leizearen bezalako labar-margoetan ugari eta bikainki marraztuta azaldu, ez dira zaldien hondakin asko agertzen bertako aztarnategietan. Antza, Pirinioez beste aldetik ebrriz, Akitaniako ordokietan, espezierako askoz biotopo aproposagoak zeuden, Pirinioez hegoaldeko Euskal Herriko paisaia menditsu eta oihantsuetan baino.[14].

Altunak ikertutako Hego Euskal Herriko aztarnategietan, betadunen hondakin guztien artean, zaldia %5ra ozta ozta heltzen da. Portzentaje hau gainera, askoz gehiago murrizten da hasierako mesolitikoan (Aziliar). Geroztik aipatuko denez, Mesolitikoaren amaieran eta Neolitikoan, duela gutxi arte, espeziea ez zen azaltzen arkeologia aztarnategietan. Horregatik urtetan Jesus Altuna berak eta Jose Migel Barandiaranek uste izan zuten aldi batean zaldia Euskal Herritik desagertu omen zela.

Nafarroako Zatoiako arkeologia aztarnategian egindako lehendabiziko aurkikuntza funtsezkoa izan zen teoria hau deuseztatzeko eta zera ziurtatzeko; zaldia etengabe bizi izan dela Euskal Herrian Paleolitiko Aurignac aldiaz geroztik, hau da, gaur egunetik duela 42.000 urte arteko denboraldia arte. Eneolitoan aztarnen %0,21ak hartzen du zaldiak. Brontze Aroan ere zaldi aztarnak oso urri izaten dira, (%0,07). Aurkitutako aztarna urri hauekin, gutxi zehaztu daiteke Eneolitoan Euskal Herrian bizi ziren zaldi motei buruz, bai Kantauriko isurialdean, bai Mediterraneoko isurialdean. Ezin zehaztu, orobat, ea zaldi horiek etxekotuak edo basatiak ziren. Hau horrela da zeren etxeko zaldien eta tarpanen hezurrak oso antzekoak dira.

Gizakiak zaldia pleistozenotik ehizatu zuen haragitarako. Zaldi haragia hainbat kulturan garrantzitsua izan da. Kultura zaldi jaleak edo hipofagoaz hitz egiten da. Islandiarren kasua da. Edozein moduan ere, basazaldiaren desagerketaren arrazoirik nagusiak Eurasian barrena gizakiek egindako ehiza zuzena zein habitatetan eragindako aldaketak dira, bereziki neolitotik aurrera.

Espeziearen hedapen gune osoa ez da zehazki ezagutzen. Hainbat adituen arabera Europako azalera gehiena hartu zuten tarpanek. Beste batzuek ordea zera diote; soilik ekialdeko Europako hegoekialdeko estepetan bizi omen zela, eta beste zaldi espezie eta azpiespeziek populatu zutela kontinentearen gainontzeko lurraldeak. Esan beharra dago zailtasun handiak daudela basazaldien espezie eta azpiespezien taxonomia ikertzeko. Oraindik ezin da esan Europan Holozenon garaikoak diren agertutako basazaldien hondakinak tarpanarenak diren ala ez.

Duela 5.000 urte, paleontologiaren datuen arabera, zaldiak oraindik Europa guztian hedatuta zeuden. Orduan hasi ziren Eurasiako Estepetan etxekotutako zaldiak sartzen hainbat lekuetan, Aurreindoeuropear herrien migrazioen ondorioz. Honek hainbat zaldi espezie eta arrrazen inguruan zalantzak areagotzen ditu.

Edozein moduan ere, tarpanak edo antzeko basazaldi motak oso azkar desagertu ziren Europako hegoaldetik gizakiaren eraginagatik[15]. Kontutan hartu behar da, dena den, lehen aipatutako enzebroaren kasua Iberiar Penintsulan.

Azken mendetan zehar basazaldien populazioen aipuak desagetzen joaten dira Europa guztian barrena gero eta lur basati gehaigo herri eta hirien zein nekazaritza eta abeltzaintzaren menpean geratzen diren neurrian. Basa zaldien azkenetariko gotorlekua Prusiako ekialdeko gune handi bat izan zen. Bertan jende gutxi bizi zen eta oso basotsua zen. Eskualdea "Desertu Handia" deitzen zuten. Tamaina handiko oihan primario bat zen.

Desertu handi horretan Borusio herria bizi omen zen, edo Prusiar baltikoak. Prusiar germaniarrak baino lehen eskualdeko jatorrizko herria. Eslaviarrak ziren eta erlijioz ez ziren kristauak, XIII. mendera arte. Orduan Ordena Teutonikoak lurraldea konkistatu zuen indarrez eta kristautzera behartu zituen. Antza borusio herriaren erlijioa animista zen, eta honek ekarri zuen bertako basoen eta abereen kontserbazioa.

Peter von Dusburgen kroniken arabera:

« "Haiek Jaungoikoa ez zuten ezagutzen, eta okerturik Bere izakiak gurtzen zituzten, eguzkia izan, ilargia izan, izarrak izan, hegaztiak izan, lau hankako abereak eta baita sugeak ere. Haiek bazeukaten ibai, landa eta baso sakratuak, eta bertan ez ziren bertan ausartzen lurra lantzea, arrantza egin edo egurra jaso". »

Prusiar zaharren sinismenek eta kopuru txikiak ahalbidetu zuten beraz eskaulde asko basati mantentzea eta haiekin basa zaldien populazio handiak.

Orden Teutonikoaren konkista eta gero, kolonizazio eta krsitautzearen mehatxua izan arren, Desertu Handia haien artean etsai ziren Ekialdeko Prusiaren, Poloniaren eta Lituaniaren erresumen arteko inoren lurra bilakatu zen. Etsai ziren erresumen arteko koltxoia. Hau dela eta bertako basa-abere handi askoren babeslekua bilakatu zen. Europako bisonte, uro eta tarpanena.

Hala ere Prusiako oihan handiaren kolonizazioa azkartu zen XVI. mendean barrena eta honek ekarri zuen basa zaldien populazioen etengabeko murriztea.MEnde horren bukaerarako uste da tarpanen populazio basatiak jada iraungita zeudela eta soilik zenbait aitonsemeen finketan mantentzen zirela. Esate baterako Jan Zamoyski handiki poloniarrak basa zaldiak mantentzen ditu bere lurretan, bere estatusaren ikur gisa, baina XVIII. menderako zaldi samalda hauek desagertzen dira, behintzat agirien aipuetatik. Hau dela eta, zenbait adituentzat, tarpana orduan iraungi zen eta handik aurrera agertzen diren ustezko tarpanak edo etxekotutako zaldietatik sortutako basazaldiak dira edo askoz jota azken tarpanekin nahastutako abereak.

Espeziearen taxonomia eta sitematikari buruzko eztabaida. Tarpana zaldi modernoen arbasoaAldatu

Komunitate zientifikoa bi eskoletan bereizten da garai historikoak arte iraun duten bi basazaldien inguruan, hau da, przewalski zaldia eta tarpana. Aurreneko eskolarentzat bi espezie nahiko hurbilak dira, Equus ferus (tarpan) eta Equus przewalskii . Bigarren eskolarentzat ordea espezie beraren bi azpiespezie besterik ez dira. Tarpan orduan Equus ferus ferus litzateke eta Przewalski zaldia Equus ferus przewalskii. Teoria honen defendatzaileek zera proposatzen dute; Equus caballus izen zientifikoa erabiltzea basazaldi eta etxeko zaldiak, denak batera izendatzeko, espezie bereberan sailkatutako azpiespezieak izanik. Teoria hoen arabera, tarpana azpiespezie bat da eta bere izen zientifikoa "Equus caballus ferus".

Hala ere, basazaldiarentzat orokorki hartutako izena "Equus ferus" da, 2027. urtean onartua. 2003. urtean Nomenklatura Zoologikoko Nazioarteko Batzordea erabaki zuen etxekotutako animalien izenak ez erabiltzea basa abereak izendatzeko, Equus caballus gure kasuan.

Era berean eztabaida handia dago Europako labar artean agertutako zaldi marrazkien taxonomiaren inguruan.

Hainbat naturalistek, dena den, ezbaian jartzen dute ea tarpana benetan garai aurrehistorikoetatik zetorren basazaldia zen ala ez, bereziki azken tarpanen kasuan. Baztertu gabe naturan askatu eta basati bilakatutako etxekotutako zaldien teoria[16]. Hala ere teoria honek ez dauka afroga konkreturik eta egun gutxik hartzen dute kontutan, nahiz eta ez dago erabat bazterturik ere. Badago beste ikuspegi bat zera diona; nahiz eta jatorrizko tarpana betidanik basatia izan, Europan hainbat mendetan zehar etxeko zaldiekin elkarbiztzen egon zen eta haren ondorioz nahasketak eman ziren bien artean. Bereziko basati bilakatutako etxeko zaldiekin. XVIII. mendeko tarpanak nahasketa hauen ondorio lirateke. Azkenean, aztertzeko kalitatzeko material paleontologiko edo genenikoren faltan, tarpanaren benetako izaera ( jatorrizko basazaldia, etxeko zaldia berriro basatia bilakatuta edota bion arteko nahasketa) ezbaian dago oraindik. Dena den antzinaldetik XIX. mendera arte hainbat deskribapen agertzen dira literaturan tarpanak eta etxekotuz eta gero ihes egin eta basatiak bilakatutako zaldien populazioak ondo bereizten[17].

Gaur egun badakigu przewalski zaldia ez dela zaldi modernoaren, hau da, Equus caballus-en arbasoa[18]. Hau da arraza gehienen kasuan behintzat. Zientifikoek zaldiak Equus ferus caballus deitzen dituzte zera adierazteko; egungo abereak ez direla aparteko espeziea baizik eta tarpanaren etxekotzearen ondorioa. Tarpana da egungo zaldien arbasorik segueruena, baina segurtasuna oraindik ez da erabateko[19]. Beste aldetik, esan beharra dago hainbat arrazetan, mongoliar zaldiaren zein Siberiako hainbat poni arazen kasuan, przewalski aberekin nahasketa nahiko argia dela. Antzeko gertatzen da Tibeteko Riwoche poni antzinako arrazaren kasuan. Abere hauek berriz jatorri mistoa izango lukete. Tarpan eta przewalski zaldien arteko nahasketa.

Kontua oraindik gehiago korapilatzeko, Iberiar Penintsulako eta Pirinioetako inguruen kasuan, eta labar artean oinarriturik, hainbat adituen arabera, labar-margoetan berezitutako zaldi mota bat (tarpanekin batera agertzen dena), egungo przewalskii zaldien ahaidea litzateke , Equus vemagensis izenekoa. Equus ferus przewalskii da espezie honen beste deitura bat.

 
Zaldi mota astuna eta soslai ganbilekoa (przewalski mota), Kantabriako La Pasiega harpeko labar-margo batean. Zaldi hau Equus vemagiensis motakoa litzateke.
 
Lirainago den eta soslai zapalekoa edo ahurra duen zaldi baten grabatua(tarpan edo "zelta poni" mota), Kantabriako La Pasiega harpe berberan.

Przewalski zaldiaren arbaso hau ez da falta Iberiar penintsulan epipaleolitoan, eta Gomez-Tabernaren arabera, baliteke zaldi hauek, beste zaldi mota batzuekin nahasterakoan egun Penintsulako gune kantrabiar-pireniarrean kontserbatzen diren asturkon, Galiziako poni, Lautzako zaldia, zaldi montxino eta pottoka arrazak sortzea.[20]. [21]Jakina, Equus vemagensis hau bereiztuko litzateke ere egungo estepetako przewalski zaldiengatik. Jakina, esan dugu jada, egungo przewalski zaldia ez dela Europako poni arraza zahar gehinen arbaso zuzena, baina ezin daiteke berbera esan bere arbasoa izan zen Equus vemagensis zaldiaren kasuan[22].

Pottokari dagokionez Laugarren aroko zaldi hauen arteko nahasketak argituko luke, esate baterako, zergatik pottokek daukaten zenbait ezaugarri soslai ganbilekoak, (begi orbita irtenak, soin gurutze nabarmena, dortsolunbarra zeladuna, zutasunak ezkerrekoak, eta ile joria) eta soslai artazeko beste hainbat (Musu ertaina eta Lepo piramidala). Lehendabizikoak Equus vemagiensisen ezaugarriak eta besteak, tarpanarenak.

Arrazoi nagusia azken tarpanen benetazko izaeraren inguruko zalantzak argitzeko (basati ala etxekotutakoak, gaur egungo zaldien arbaso ala ez) bere arrrazoai dauka. Equus ferus basazaldien (tarpan eta przewalski) aparteko espezie bat dela frogatzeko material arkeologiko bakarra bi laginen hezurretan oinarritzen da. Gainera ez dira argi eta garbi identifikatu pleistozeno eta Holozenoren populazioak.

Gainera hainbat teoria berriek ezbaian jartzen dute ere egungo przewalski zaldia jatorrizko basazaldia bezala[23]. Hainbat analisi filogenetikoek zera adierazten dute; egungo przewalskiak basatiak bilakatutako Kazakhstango iparraldeko antzinako Botai herriko etxeko zaldien ondorengoak direla.

Izena eta etimologiaAldatu

 
Alemaniako Erlebnisparkeko "tarpan berriak" edo basazaldiak

Tarpan edo tarpani izena turkieraren familiako kirgizera eta kazakhera hizkuntzetik dator, eta zaldi basatia esan nahi du.

Tartar eta kosakoek ondo bereizten zituzten basazaldiak etxeko zaldietatik, azken hauek etxetik ihes egin eta estepetan basati bilakatuta ere. Basa zaldiei Takja edo Muzin izena ematen zizkieten[24]. [25]. Tarpan izena lehendabizko aldiz Peter Simon Pallas zoologo errusiarrak erabili zuen lehendabizko aldiz 1780. urtean turkieratik hartuta.

Zoritxarrez, tarpana bizi izan zen bitartean, zoologoek ez zuten harengan arreta gehiegi jarri, eta, ondorioz, haren deskribapen gutxi dago.

Aro modernoan tarpan izena erabili izan da gaur egungo etxeko zaldien arbasoa izendatzeko, Equus ferus, bai eta garai historikoetan etxekotu aurretiko zaldi azpiespezieak, hau da, Equus ferus ferus. Azkenean oro har izena Europako zaldi arraza "basati" edo antzinakoak izendatzeko erabiltzen da. Baita tarpanak berreskuratzeko asmoz sortutako arrazak ere, esate baterako heck zaldia.[26]

Izen zientifikoari dagokionez, Johann Friedrich Gmelin ek deskribatu zuen lehendabiziko aldiz 1774en urtean, baina ez zion espezieari izen zientifikorik ezarri. Gmelinek zaldi hauek aurrenekoz 1769ean Bobrovsk eskualdean ikusi zituen, Vorónezhtik hurbil. 1784ean Pieter Boddaert Equus ferus deitu zuen espezie, Gmelinek egindako deskribapenean oinarriturik. Peter Simon Pallasek 1811. urtean deskribatu zuen eta "Equus ferus equiferus" izendatu zuen. Boddaerten izena ezagutu gabe, Otto Antoniusek argitaratu zuen Equus gmelini izena 1912an, berriro Gmelinen deskribapenak oinarri hartuta.

Gmelini eta ferus izenak sinonimotzat hartzen dira. Kontutan hartuz nomenklaturaren araua non emandako lehendabiziko izena izaten dela baliagarri bakarra, trapana ferus deitu beharko litzateke. Beraz 2003, Nazioarteko Nomenklatura Zoologikoaren Kodeak, etxeko arrazen arbaso edo garai berekoak ziren 17 arraza basatien adiera espezifikoak mantendu zituen, tarpanarentzat E. ferus izena finkatuz.[27]

Beraz Equus gmeli izena baztertuta geratu da eta Nazioarteko Nomenklatura Zoologikoaren Batzordeak bi izen hipotetikoak dauzka tarpanarentzat; Equus ferus aparteko espeziea balitz eta Equus ferus ferus, Przewalski zaldiarekin batera aparteko espeziea balitz.

Sinonimo historikoakAldatu

Arrazak hainbat izen zientifiko hartu ditu, adituaren eta garaiaren arabera: Equus caballus ferus (Boddaert, 1785), Equus equiferus Pallas (1811), Equus sylvestris (Brincken, 1828), Equus ferus sylvestris (Brincken, 1828), Equus caballus sylvestris (Brincken, 1828), Equus gmelini (Antonius, 1912), Equus ferus gmelini (Antonius, 1912), Equus caballus gmelini (Antonius, 1912), Equus gmelini silvatica (Vetulani, 1927), Equus tarpan (Pidoplichko, 1951).

EzaugarriakAldatu

 
Tarpanaren fenotipo ezberdinak (kolorearen arabera), labar-artearen hainbat marrazkiren arabera. Berriki ADN azterketek berretsi dute kolore aniztasun hori.[28]
  • Adituek uste dutenez, tarpanak ez ziren zaldi handiak; gehiago hurbiltzen ziren egungo ponien tamainara 1,30 eta 1,40 metro altura inguru soin-gurutzera.[29]
  • Antza, tarpanek, edo zenbaitzuek behintzat, "zebra marrak" zeuzkaten hanketan eta soinean. Baita Przewalski zaldien antzeko mando marra zurdatik isatseraino. Kolore argikoak ziren, grisak oro har ("sagu-kolorea" delakoa), eta hankak eta burua ilunagoak. Tarpanen kolore horiek, ordea, egun eztabaidagai daude, azken ikerketen ondorioz eta labar artearen marrazkien azterketaren ondorioz. Baliteke sagu-kolorea ekialdeko tarpanen ezaugarri izatea, baina ez lehen desagertutako beste hainbat tarpanen fenotipoena.
  • Burua. Soslai apur bat ahurra. Soslaian beraz, Przewalski zaldiarekiko ezberdintasun nabarmena zuten.
  • Hortzak Przewalski zaldia baino txikiagoak zituzten.
  • Zurda latza, nahiko tentetua eta motza, aberearen kopetaren gainetik altxatzen zena. Hala ere, Przewalski zaldiarena baino luzeagoa zuten.
  • Oro har, Przewalski zaldiak baino lirainagoak ziren.
  • Iraupen handikoak ziren hotzaren aurrean.

Tarpanaren historiaAldatu

 
Konik zaldia da, aditu gehienen arabera, antzinako tarpanekin antz handiena gorde duen egungo zaldi arraza.

Tarpana, esan bezala, etxekotutako zaldi arraza gehienen arbasotzat jotzen da. Hainbat aditurentzat etxeko zaldia eta tarpana espezie berberaren azpiespezieak baino ez dira. Aldiz zenbaitzuek nahiago dute espezie ezberdintzat hartzea galdutako tarpana eta etxeko zaldia.

Azken tarpanen inguruko bi ikuspegi ezberdin daude. Aurrenak dio tarpanak Pleistozenoko zaldi basatien ondorengo zuzenak zirela, kontutan hartu gabe haietako zenbat etxekotu edo etxeko zaldiekin nahastu ziren. Bigarrenak dio berez zaldi basatiak zirela, besterik gabe, eta haien antzinatasuna kontutan hartu gabe. Arkeologi aztarnek zein labar-arteak adierazten digute zaldiak izan zirela Europan Pleistozenoan zehar. Are gehiago, zaldi basatiak, antza mota eta azpiespezie ezberdinak Asia, Europa eta Ipar Ameriketako ordokietan bizi omen ziren Pleistozeno berantiarrean barrena.[30] Azken Izotz Aroa eta gero basoak etengabe zabaltzerakoan estepa hotzen kaltetan, zaldia Ipar Ameriketatik desagertu zen ( duela 12.500 urte) eta bere kopurua eta banaketa eremuan atzera joan zen Eurasian.

Gaur arte dakigunaren arabera, Eszitak izan omen ziren tarpan basatiak etxekotzen aurrenekoak. Hori duela 5.000 urte inguru gertatu omen zen. Eszitek sortu zituzten zaldi zela, aho-sokak eta zaldi gainean ibiltzeko hainbat apareju.

Historiaurreako garaietan, tarpan basatiak Europa guztian barrena Iberiar Penintsulatik Asiako Turkestaneraino bizi omen ziren.

Tarpan antzeko zaldiak marraztuta erruz azaltzen dira Europako labar-artean. Bereziki Euskal Herria hartzen duen zonalde Franko-kantabriarreko leizeetan.[31]

Tarpanen kopurua murriztuz joan zen arrazoi ezberdinengatik. Aldaketa klimatikoek eragindako habitaten eraldaketak aipatzen dira, baina baita gizakiek burututako ekosistema-aldaketak, eta nola ez, ehiza zuzena, etxeko zaldiekin eragindako nahasketa baztertu gabe ere[32][33].

Borgoinan kokatutako Solutréko leizean delako aztarnategi arkeologikoan, garai paleolitikoan ehizatutako ehunka zaldien hondakinak agertu dira. Antza garai batean gizakiek zaldi samaldak amiltzen zituzten bertako amildegitik behera ehizatzeko. Dirudienez zaldi hauek egungo bertako hainbat poni arrazen ezaugarriak zituzten jada, tarpan eta equus ferus przewalskiren nahasketa.[34].

 
Tarpanaren fosil bat kopenhageko zoologia museoan. Danimarkako Odensen aurkitu zuten eta duela 93.000 urtekoa da.

Ez bakarrik garai paleolitikoetan, baizik eta aro modernoan ere etengabe ehizatu zituzten tarpan basatiak. Ukrainan, esate baterako, ohikoa zen errusiar militarrek entretenimendu gisa tarpanak ehizatzea. Hondar tarpanak, beste aldetik, etxeko zaldiekin nahasiz joan ziren, arraza galdu zen arte. Egoera hori ohikoa izaten da espezie baten kopurua bat-batean murrizten denean.

Esate baterako, artikulu buruan azaltzen den Moskuko zoologikoko argazkiko tarpana 18 urteko zaldia zen argazkia hartzerakoan (21 bat urterekin hil zen). Moxal txikia zenean harrapatu zuten Novovorontsovka hiritik gertu, 1866. urtean. Hiru urtekin igendu zuten oso oldakorra zelako. Bere kolorea gris iluna zen ("gris sagua" detitako zaldi kolorea). Orbain zuriak zeuzkan aurreneko hanketan. Hankak beltzak zeuzkan eta isatsa zaintzaileek moztu zioten. Zurdaren ile txorta bat egungo konik ponien edota zelta ponien antzera, kopeta gainera etortzen zitzaion, ez zeukan tente. Beti pentsatu da tarpanek, przewalski zaldien antzera, zurda tente zeukatela, eskuila moduan. Gainera zurda bera naro samarra zeukan, poni "modernoen" antzera.

Zalantzak daude beraz ea nahastutako tarpana ote zen edo hainbat tarpanek halako itxura zeukaten benetan. Horregatik abere hau "Khersongo tarpana", deitua izan da, eskualde hartan harrapatu baitzuten. Bazeukan ere lerro bat bizkarraldean, przewalski zaldiak bezala.

  LituaniaAldatu

1814. urtean tarpan basati bat ikusi omen zuten Lituaniako Konigsbergeko basoan,[35] eta Latvia basoko populazioa ere 1814an desagertu zen.[36]

  UkrainaAldatu

1851 eta 1866 artean Ukrainako Kherson distrituaren azken 20 tarpanak akabatu zituzten. Ukrainako estepetako azken tarpanak XIX.en mendeko erdialdean akabatu zituzten.

Taurida eskualdeko tarpanek, antza hemen basazaldi hauek oso ugari ziren, bertako nekazariek antolatutako etengabeko ehizaldiak nozitu zituzten erabat iraungi arte. 1876. urtean behor bat baino ez zen geratzen populazio hartatik. Behorra etxeko zaldien talde bati lotu zitzaion eta bertako zaldiarekin bi moxal izan zituen, baina handik hiru urtetara estepara ihes egin zuen. Lekukoen arabera, behor hura oso izua zen, eta harrapatzeko zaila. Sena basatia beti mantendu zuen. 1879. urtea dibertimendu gisa bertako nekazariek behorra jazarri zuten elurtutako estepan barrena. Arrakala batean amildu zen, eta han hanka bat apurtu eta hil zen azken tarpan hura, Ukrainako egungo Askania Novako babesgunetik 35 kilometrora. Inork ez zuen gorde azken tarpan haren hezurdura edo larrua.

Aberea ikusi zuen Paul Sisoyev errusiar zaldi-hazleak honela deskribatu zuen azken tarpan behor hura:

« Txikia zen, poni baten antzera, soslaia "ahari"aren antza zeukan, kolore grisa, zurda laburra, isats motza, hanka ilunak eta bizkarraren erdialdean arraia ilun bat. »

  PoloniaAldatu

 
Tarpanaren marrazki zaharra "Brockhaus eta Efron Hiztegi Entziklopedikoan" delakoan, 1890–1906 urteren artean argitaratua. Goialdeko eskuineko aberea da tarpana.

XVIII. mendearen erdialdean, basoko tarpanen samalda txiki batek irauten zuen Białowieża baso ospetsuan, baina azken hondarrak 1812an harrapatu zituzten. Ondoren, tarpan haiek, hainbat urte mantendu zituzten Bilgoraiko parke pribatu batean, Zamoiski kondearen parkean hain zuzen, eta bertan egon ziren 1810-1815 urteetaraino. Azkenean, inguruko baserritarren artean banatu zituzten; haiek etxeko zaldiekin nahasi zituzten, eta konik arrazaren tarpan ezaugarriak areagotu. Batzuen ustez, ordea, Poloniako azken tarpan basatia 1918 edo 1919 urtean galdu zen.[37] Poloniako Gobernuak abere horien babesgunea sortu zuen Bialowiezako basoan. Urteekin abere horiek antzinako tarpanen gero eta ezaugarri gehiago garatzen joan dira. Egun arraza hori "Poloniako antzinako zaldia" izenez ere ezaguna da.

Azken finean, Europako nekazariek tarpana aro modernoko Ameriketako Estatu Batuetako nekazari eta abeltzainek mustang zaldi basatiak edo bertako basa astotzat ikusten eta tratatzen zituzten, beraien abereen bazkarako konpetentzia gisa; kendu beharreko arazotzat.[38] Bestalde, tarpanaren haragia gutiziatzat hartzen zuten bertakoek.[39]

Aipatutako azken tarpan samalda asko ordea, berriro basatiak bilakatutako etxeko zaldiekin nahastutako tarpanak izango ziren seguraski. Hau dela eta, oso zaila da arrazari iraungitze data jartzea. Dena den esan beharra dago oraindik ezbaian dagoela XVIII. eta XIX: mendean zehar Europako Bazter hauetako basoetan kontserbatutako zaldi txikiak benetan basa zaldiak ziren, inoiz etxekotu gabeak, Przewalski zaldien eta etxeko zaldien arteko hibridoak edo benetako zaldi basatiak. Honen inguruko ikerketa geheinak soilik kontserbatutako bi abereen hondakinetan oinarritu dira eta ezin izan dute tarpana Holozenoko edo Pleistozenoko bertako zaldi populazioekin lotu.[40] Itxura ezberdinetako zaldiak dira. Hainbat przewalski zaldiaren motakoak, besteak tarpanetik hurbilagoak]] Hau da behintzat "Mammal Species of the World", aldizkarian 2005. urtean Grubb-ek mantendutakoa. Ezin da zehaztu edo basoratu zaldiak omen izan ziren edo benetan zaldi basatiak.

Iberiar Penintsula, Euskal Herria barne. Enzebroaren teoria. Sorraia zaldiaAldatu

 
Sorraia arrazako moxala zebra-marra nabarmenekin

Beste zaldi arraza bat, mendebaldeko Europan iraun zuten azken tarpan basatiekin zuzenki lotuta, Sorraia zaldia da [41], Portugaleko hegoaldekoa. Oso esanguratsua da zaldi mota honek tarpan zaharren zebra-marrak edo arraiak, denak antzinako ekido arrazen ezaugarriak mantendu izana hanka zein bizkarrean[42]. Zebradura hauek labar pinturetan marraztutako zaldietan ere ageri dira, esate baterako Ekaingo leizearen zaldietan. Marrazki hauek bat datoz agiri zaharretan agertzen diren enzebra izeneko ekidoaren deskribapenekin.

Hainbat teoriak Iberiar Penintsulan garai historikoak arte mantendu zen enzebroa izeneko ekido bat, toponimian eta erdi aroko agirietan erruz agertzen dena, tarpanarekin lotzen dute, eta bere azken oinordekoak sorraia zaldiak lirateke. Beste hainbatentzat ordea, enzebrak edo enzebroak Equus hydruntinus izeneko Europako basa astoak lirateke, Iberiar Penintsulan XVI. mende arte iraun zutenak nahiz eta Eurasiako gainontzeko lurraldeetan askoz lehenago galdu omen ziren. Toponimiaren arabera, enzebro hauek Euskal Herrian ere zabaldurik egon ziren.

Sakontzeko, irakurri: «Enzebro»

Tarpana labar-arteanAldatu

 
Magdaleniar aldiko zaldien marrazkiak Ekainberrin

Tarpan itxurako zaldia erruz azaltzen da labar-marrazkietan Europan zehar, baita Euskal Herrian ere.[43] Hala ere, lehenago aipatu denez, baliteke tarpan basatiak deitutako askenetariko zaldiak etxeko zaldiekin nahastutako animaliak izatea. Hauxe dela eta, zaila da espezieari iraungitze data zehatza ezartzea, eta aditu ezberdinak ez datoz bat puntu honetan.

Lehen aipatu denez, hori dela eta, ezbaian jartzen dira lehen aipatutako XX.en mendeko Ukraniako estepetako tarpan basatien buruzko lekukotasunak.

Beste aldetik, adostasunik ez dago ere azken tarpan hauei buruzko datu urriak aztertzerakoan. Argazki zein marrazkietako tarpanek itxura ezberdina azaltzen dute, eta hau dela eta, "tarpan mota ezberdinez" hitz egiten da.

Hala ere aipatu behar da eskuila itxurako zurdaren ezaugarria ez dela antzinako labar arteko zaldi marrazki guztietan agertzen. Zenbait marrazkietan zurda albo batera dauden abere batzuk agertzen baitira. Esate baterako Kantabriako Puente Viesgoko Las monedas izeneko harpeko bi zaldien labar-marrazkietan.

Beste aldetik, Siberiako Permafrostean agertutako eta ondo konterbatutako hainbat tarpanek zurda luzeagoak zeuzkaten eta ez hainbeste eskuila itxuran. Honek zalantzak areagotuko lituzke lehen aipatutako Moskuko tarpanaren inguruan.

Dena den, tarpan ezberdinen morfologiari dagokionez, kontutan hartu behar da posiblea liratekela tokiz-tokiko azpi-motak egotea, lehen aipatutako estepetako tarpana eta basoko tarpanez gaina. Ezberdintasun horiek ere zaldien koloreari eragingo liokete.[44]

Tarpana berreskuratzeko saiakerakAldatu

Konik zaldia, Bialowieza.   PoloniaAldatu

 
Konik poniak, babesleku batean.

1936. urtean, eta lehen aipatutako Polobiako zenbait eskualdetako bertako ponien eta tarpanaren arteko hurbiltaunaz baliaturik, hainbat saiakera egiten hasi zen tarpana berreskuratzeko. Tadeusz Vetulani izeneko zientifikoak lehenego basazaldien antzekoa zen zaldi arraza berreskuratu zuen horrela, konik zaldia. Bere lanerako Vetulanik ustez azken tarpanetatik gertuen zeuden poloniar poniak erabili zituen, etxeko zaldien eta tarpanen arteko nahasketatik zetozenak. Antzinako marrazkiekin eta deskribapenekin bat ez zetorren ezaugarri fenotipikoa zaldi hauen zurda da. Konik poniek, Eropako antzinako poni arraza gehienek bezala, zurda ez oso luzea eta albo batera dauka, ez tente eta eskuila itxuran. Beste aldetik konik askok bai dauzkate hanketan zebra narkak eta mando lerroa bizkarrean, denak antzinako ekido arrazen ezaugarriak[45]. Poloniako gobernua, oro har, nahiko arduratu zen XX.en mendean zehar poni poloniar hauek babesten. Zenbait adituek konik zaldiak "Poloniako antzinako ponia" deitzen dituzte.

Antzinako tarpanari hurbiltzeko saiakerarik tajuzkoena, lehen aipatutako Białowieżako konik zaldiak erabiliz burutu zen. Poni poloniar hauek tarpanen kolore urdinzka argia mantentzen dute ("gris sagua" deitzen dute) udan, eta zurizkagoa neguan. Baita tarpanaren zenbait ezaugarri (gogoratu bertako azken tarpanak beraiekin gurutzatu zirela).

1955en urterako, ponien samaldak oso portaera basatia zeukan jada, eta Białowieżako babeslekuaren arduradunek jarraitzen zuten galdutako tarpanaren ezaugarriak berreskuratu nahian. Taldea gainera ez zeukan inolako problemik ugaltzeko, ezta basoaren baldintza gogorretara moldatzeko. Otsoen eta hartzen erasoak barne.

Bialowiezako saiakera hauek tarpana berreskuratzeko beste zenbait saiakera baino arrakastatsuagoak suertatu dira. Saiakera hauen egileak saiatu ziren ere "tarpanak" lortzen arraza ezberdinetako poni irlandarrak przewalski zaldi batekin gurutzatuz, arrakasta handirik gabe ordea.

Konik zaldia dena den "tarpan basatiak berreskuratzeko"Europako beste hainbat saiakeretan erabiltzen ari dira gaur egun[46].

 
Heck zaldia Alemaniako Sababurgeko babesleku batean.

Heck zaldia.   AlemaniaAldatu

Beste saiakera aipagarri bat tarpana berreskuratzeko Europako eta bereziki Alemaniako zenbait zoologikoek egindakoa da. Haren ondorioa Heck zaldia izeneko aberea da.

Heck anaiak hasi ziren tarpana berreskuratzeko saiakera honekin. Uroa bersortzeko saiakeretan ibili ziren albaitero berberak eta antzeko oinarriak erabiliz, hau da, espezie bat ez dela erabat desagertzen bere ondare genetikoa beste arraza edo espezietan gordeta dagoen bitartean. Hautatutako gurutzaketen bidez posiblea dela desagertutako arrazak edo espezieak berreskuratzea. Saiakera haien ondorioa "Uro berriak" edo Heck azienda delakoa izan bazen, kasu honetan Heck zaldia dugu. Uroaren kasuan bezala bereziki abereen itxuran jarri zuten beraien ahaleginak, basa zaldien beste ezaugarriak gutxiago kontutan hartuz.

Zaldi mota hau eskuratzeko Europako hainbat zelta poni arraza elkarrekin gurutzatu zituzten. Dena den Heck zaldi hauek, gehien bat, zoologiko animaliak dira, nahiz eta "tarpan" izena jarri bisitariak erakartzeko. Bereziki alemanian ikusi daitezke abere hauek, baina baita Holandan ere. Konik zaldien antza handia daukate.

Sakontzeko, irakurri: «Heck zaldi»

Pottoka.  Euskal HerriaAldatu

 
Pottoka arraren burua.Zurda motza eta dena albo batera daukana.
 
Pottoka gazteak Pagoetako natura parkean. Esan behar da zelta poni arraza gehienek neguan ile ugari dutela, eta itxura "antzinakoago" eta trinkoagoa. Udan lirainagoak azaltzen dira, hainbeste ilerik gabe. Kolorea ere aldatzen zaie aro batetik bestera. Gutxiago edo gehiago arraza eta abere bakoitzaren arabera

Euskal Herriaren kasuan, gogoratu behar da lehen aipatutako Pirineoetako tarpana adiera pottoka izendatzeko. Bereziki Bidarraiko Pottoka Etxekoek erabiltzen dute. Beraientzat euskal pottoka arraza "antzinakoa" berreskuratu eta gure mendietan ahal den baldintza basatienetan mantentzea, nolabait, Bialowieza basoko konik zaldiekin egiten ari den antzeko lana da[47].

Dena den ez du ematen sekula pottoka erabili denik tarpanak berreskuratzeko lehen aipatutako saiakeretan.

Beste aldetik, pottokak libre bizi baldin badira gure hainbat mendietan, aspalditik ez dira animalia basatiak zentzu zehatz batean.

Behi betizuen kasuan, Nafarroako Zarikieta mendian ia baldintza basatietan bizi diren hamarnaka buru daude, Nafarroako Gobernuaren esku. Pottoken kasuan ez dago halako samalda "basatirik" Euskal Herrian.

Berriki saiakera bat egiten ari da Kataluniako Pirineoetan Euskal Herritik eramandako pottokekin arraza baldintza nahiko basatietan mantenduz "basatze" prozezua aztertzeko. Baita Extremadurako mendimultzo batean, non 1.200 hektarea inguruko gune batean baldintza basatietan dauden pottokak askatu dituzte eta beraien "basatze" prozezua jarraitzen ari dira Lucy Rees etologo galestarraren eskutik [48].[49]

Sakontzeko, irakurri: «Pottoka»

Sorraia zaldia.   PortugalAldatu

Portugaleko Sorraia zaldiek antzineko tarpan zaldien ezaugarri ugari gorde dituzte. Zenbait adituentzat antzineko iberiar hegoaldeko tarpananen ondorengo zuzenak dira. Beste aldetik, Ameriketako Estatu Batuetan tarpana berreskuratzeko egitasmoaren oinarrian, Ameriketako Konkistan espainarrek bertara eramandako sorraia zaldien ondorengoak omen daude.

Stroebel zaldia.   Ameriketako Estatu BatuakAldatu

Amerikako Estatu Batuei dagokienez, 1960.en hamarkadaren erdialdean, Harry Hegard egitasmo bat hasi zen zaldi mustang basatiak bertako errantxoetako zaldiekin nahastuz. Egitasmoaren bultzatzileen arabera, hango mustang zaldiek Portugaleko Sorraia arrazako ezaugarri asko dute, kolonizatzaile espainarrek halako ugari hara eraman zutelako. Haren ondorioz Stroebel zaldia sortu zuen, Hegart zaldia izenez ere ezaguna dena. Egitasmoak jarraipena izan du, eta ondorioz antzinako tarpanekin antza handia duten zaldiak lortu dituzte[50].

North American Tarpan Association delako taldea bere aldetik, Heck zaldiarengan jatorri daukaten zenbait "tarpan berrien" zaintaz arduratzen da[51]

Tarpana literaturanAldatu

Nibelungoen kantan basoko tarpan agertzen da kantaren heroiak, Sigfrido, "zaldi basati eta amorratu batekin" borroka egiten duenean. [52]

ErreferentziakAldatu

  1. http://www.euskara.euskadi.net/r59-738/eu/contenidos/termino/_c05561/eu_t_0314/t0314.html
  2. Bunzel-Drüke, Finck, Kämmer, Luick, Reisinger, Riecken, Riedl, Scharf & Zimball: "Wilde Weiden: Praxisleitfaden für Ganzjahresbeweidung in Naturschutz und Landschaftsentwicklung
  3. http://breedingback.blogspot.com.es/2013/06/the-tarpan-that-wasnt.html
  4. Bernard Belin, Le loup & le chien & l'homme, L'Harmattan, 2003 (ISBN 2-7475-4184-3,
  5. http://www4.uwsp.edu/geo/faculty/heywood/Geog358/endangr/extinctm/EurWHors.htm
  6. http://grazers.wordpress.com/2010/11/12/dont-call-me-tarpan/
  7. O A Ryder, A R Fisher, B Schultz, S Kosakovsky Pond, A Nekrutenko, K D Makova. (2011) "A massively parallel sequencing approach uncovers ancient origins and high genetic variability of endangered Przewalski's horses". Genome Biology and Evolution.
  8. http://www.equilove.ch/le_monde_equus_tarpan.htm
  9. Bunzel-Drüke, Finck, Kämmer, Luick, Reisinger, Riecken, Riedl, Scharf & Zimball: "Wilde Weiden: Praxisleitfaden für Ganzjahresbeweidung in Naturschutz und Landschaftsentwicklung
  10. http://www.sci-news.com/biology/origins-domestic-przewalskis-horses-05759.html
  11. Alesandru Filipaşcu : Bêtes sauvages du temps de nos ancêtres (Sălbăticiuni din vremea strămoşilor noştri), éd. Ştiinţifică, Bucarest 1969, pp. 170-177.
  12. "Pirineoko Tarpana"ri buruzko informazioa. Bidarraiko Pottokaren etxea
  13. http://grazers.wordpress.com/2010/11/12/dont-call-me-tarpan/
  14. munibe ficha.php?id=1357&idioma=01Loturaren izenburua Jesus Altunaren artikulua
  15. Tadeusz Jezierski, Zbigniew Jaworski: Das Polnische Konik. Die Neue Brehm-Bücherei Bd. 658, Westarp Wissenschaften, Hohenwarsleben 2008
  16. Epstein, 1971.
  17. (Ingelesez) https://truenaturefoundation.org/konik-horses-are-not-tarpans/
  18. http://www.sci-news.com/genetics/science-genome-pleistocene-horse-canada-01180.html
  19. Sur cette discussion, voir Kuz'mina (1997)
  20. [La caza en la Prehistoria. Cantabria, Asturias y Euskal Herria. Jose Maria Gomez Taberna, Colegio Universitario-Ediciones Istmo, Madrid 1980]
  21. Forsten, 1988
  22. http://www.noanswersingenesis.org.au/cg_przewalski_horse.htm
  23. http://www.sci-news.com/biology/origins-domestic-przewalskis-horses-05759.html
  24. ^ Boyd, Lee; Houpt, Katherine A. (1994). Przewalski's Horse: The History and Biology of an Endangered Species. SUNY Series in Endangered Species. Albany State University of New York Press. ISBN 0-7914-1890-1.
  25. Smith, Charles Hamilton (1841–1866). The Natural History of Horses, with Memoir of Gesner . https://books.google.es/books?id=xykBAAAAQAAJ&redir_esc=y
  26. http://grazers.wordpress.com/2010/11/12/dont-call-me-tarpan/
  27. Opinion 2027, published in Volume 60, Part 1 of the Bulletin of Zoological Nomenclature, 31 March 2003.
  28. http://www.elmundo.es/elmundo/2011/11/08/ciencia/1320749054.html
  29. http://www.uam.es/otros/cupauam/pdf/Cupauam30/3005.pdf
  30. (Bagtache eta al. 1984; Clutton-Brock 1999; Kavar eta Dovč 2008).
  31. Bourdelle E. 1956. Les parentés morphologiques des Equidés caballins d´aprés les gravures rupestres du sud-oest de la France. Mamalia, 20:22-23.
  32. Bennett & Hoffmann 1999; Groves 1974; Lundholm 1949; Zeuner 1963.
  33. http://www.lukor.com/ciencia/11110283.htm
  34. Jose M. Gomez-Taberna, La caza en la prehistoria. Asturias, Cantabria, Euskal Herria. Colegio universitario de Ediciones Istmo, 1980.
  35. Groves, 1974; Levine 2006
  36. Bennett & Hoffmann 1999
  37. Kavar and Dovč 2008
  38. http://www.ansi.okstate.edu/breeds/horses/tarpan/
  39. http://www.wildgehege-neandertal.de/tarpan_e.htm
  40. http://grazers.wordpress.com/2010/11/12/dont-call-me-tarpan/
  41. http://ravenseyrie.blogspot.com.es/2012_08_01_archive.html
  42. http://www.sorraia.org/
  43. Bourdelle E. 1956. Les parentés morphologiques des Equidés caballins d'aprés les gravures rupestres du sud-oest de la France. Mamalia, 20:22-23.
  44. http://www.elmundo.es/elmundo/2011/11/08/ciencia/1320749054.html
  45. http://arthen-tarpan.fr/wa_files/Echo_20des_20Tarpans_20_20n_C2_B06_20-_20fevrier_202014.pdf
  46. http://www.arthen-tarpan.fr/histoire_naturelle_du_tarpan.html
  47. http://www.maisondupottok.com/origines.htm Bidarraiko Pottoka Etxeko informazioa Europako "tarpanei" eta pottokari buruz
  48. http://www.andn.es/articulos07.htm
  49. https://wildequus.org/2015/08/28/pottoka-piornal-ponies-we/
  50. http://www.ansi.okstate.edu/breeds/horses/tarpan/ American "tarpan"] Amerikako Estatu Batuetako zenbait "tarpan berriei" buruzko artikuloa.
  51. http://www.tarpanassociation.com/
  52. http://www.ecured.cu/Caballo_Tarp%C3%A1n
 
Borisov izeneko margolariak 1841. urtean egindako 5 hilabeteko tarpan moxal baten marrazkia.

BibliografiaAldatu

  • Jose M. Gomez-Taberna, La caza en la prehistoria. Asturias, Cantabria, Euskal Herria. Colegio universitario de Ediciones Istmo, 1980.
  • Bourdelle E. 1956. Les parentés morphologiques des Equidés caballins d´aprés les gravures rupestres du sud-oest de la France. Mamalia, 20:22-23.
  • L. Harrison Matthews, The life of mammals. Bretaña Handia, 1971.

Kanpo estekakAldatu