Kalkolitoa
Kalkolitoa (antzinako grezieratik: khalkos «kobrea», eta lithos «harria»), Kobre Aroa edo Eneolitoa (latineko aeneus «kobrezko, brontzezko» + grezierako lithos «harria») giza kulturaren garapenaren aroetako bat da, non gizakia kobrezko lanabesak erabiltzen hasi zen. Hau da, Kalkolitoan hasi zen gizakia metalezko lanabesak erabiltzen. Kalkolitoa da Neolitoaren hurrengo aroa, eta Brontze Aroaren aurrekoa. Izan ere, Neolitoko azken garaietako harrizko eta hezurrezko tresneriaren eta Brontze Aroan sortzekoa zen metalezko industriaren garapenaren arteko trantsiziozko alditzat jo ohi da Kalkolitoa. Kalkolitoan, urrearen, zilarraren eta kobrearen ustiapena bigarren mailako artisauen esku zegoen, tresneriaren oinarrizko materialak harria eta hezurra baitira.
Historiaurreko aroak |
![]() |
Pleistozenoa |
|
|
|
Holozenoa |
|
Kalkolitoa askoz lehenago izan zen Ekialde Hurbilean Europan baino. Europan kobrearen erabilera ez zen oso zabala izan, eta eztainuarekin galdatzeko ahaleginak oso goiz hasi ziren. Beraz, Kalkolitoko kultura eta aroak bereiztea zaila da.
Oro har, Mendebaldeko Europan, Kalkolitoak K.a. 2500tik K.a. 1800 arte iraun zuen. Hasiera batean, kobrearen eskulangintzaren hedapena Egeo Itsasotik etorri zen, Danubioko salerosketarako bideari esker. Eta prozesu hori ere mugatua izan zen. Atlantikoko kostaldean, esaterako, brontzea etorri baino lehenagoko metalezko ekoizpen zabala urrezkoa izan zen. K.a. 1800 eta K.a. 1600 bitartean, kobrea eta eztainua galdatuz brontzearen metalurgia sortu zuen, metalezko benetako lehendabiziko garaia.
Kalkolitoa, Euskal Herrian Aldatu
Euskal Herrian kobrea lantzen hasi zen gizakiak egungo euskaldunaren antzeko ezaugarri morfologikoak eta antropologikoak zituen, artzaintzan ziharduen oro har, eta aztarna ugari utzi zituen bizi zen leizeetan eta harpeetan, hala nola hileta oroitarrietan (trikuharrietan). Euskal Herrian K.a. 2500. urte aldera hasi bide ziren lantzen metalezko lehen tresnak, kobrezkoak guztiak: eztenak, aizkorak, sastakaiak, gezi puntak. Sail eder bat agertu zen Gobaederrako leizean (Erriberagoitia, Araba). Jaso dira, halaber, garai hartako kobrezko apaingarri batzuk (eskumuturreko batzuen zatiak, eraztunak, lepoko batzuen hondarrak).
Kalkolitoak K.a. 1200. urtearen ingururaino iraun zuen Euskal Herrian; orduan hasi zen brontzearen erabilera nagusitzen. Kalkolitoan funtsezko aldakuntzak izan zituen euskaldunen zibilizazioak: beterrietan lehen laborariak azaldu ziren (Santimamiñe, Jentiletxeta, Sorginaren Txabola, Jaizkibel, Isturitze...), hegoaldeko (Millaresko kultura) eta ipar-mendebaleko (zelta indoeuroparrak) herriekiko harremanak areagotu ziren, eta, oro har, euskal gizartearen kultura ezaugarriak eta bereizgarriak itxuratu ziren. Bestalde, kobrearekin batera, beste metal batzuk ere lantzen hasi ziren, aleazioetan batzuk (eztainua, beruna, zilarra), eta hutsik besteak (urrea, zilarra).
Erreferentziak Aldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.