Errinozero iletsua (Coelodonta antiquitatis) Eurasian Pleistozenoan bizi eta duela 8.000 urte inguru iraungi zen errinozero-espeziea izan zen[1].

Errinozero iletsu
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaPerissodactyla
FamiliaRhinocerotidae
GeneroaCoelodonta (en) Itzuli
Espeziea Coelodonta antiquitatis
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Luzera3,6 m
Altuera1,6 m
Masa2.000 kg

Bere une gorenean, duela 30.000 urte inguru, Iberiar penintsulako erdialdetik eta Ingalaterrako hegoaldetik Mongolia eta Siberiako ekialderaino hedatuta zeuden. Siberiako permafrostean izozturik egoera bikainean mantendu diren errinozeroak aurkitu dira. Euskal Herriko leizetan ere azaldu dira animalia hauen hezurrak. Egungo bere seniderik gertuena hego-ekialdeko Asian bizi den Sumatrako errinozeroa da.

Aurkikuntzen historia

aldatu

Izaki mitologikoak

aldatu

Errinozero iletsuen aztarnak espeziea deskribatu baino askoz lehenagotik ezagutu izan dira. Siberiako jatorrizko biztanleek errinozeroen adarrak aurkitzen zituztenean antzinako hegazti erraldoien erpeak zirela uste zuten[2]. 1335. urtean errinozero iletsuaren garezurra aurkitu zen Klagenfurten eta dragoi batena zela uste izan zuten[3]. XIX. mendean Gotthilf Heinrich von Schubert-ek jarraitzen zuen pentsatzen hegazti erraldoi baten erpeak zirela eta balizko espezie hari Gryphus antiquitatis izena eman zion, hau da, "antzinako grifoa"[4].

Espeziearen deskribapena

aldatu

Errinozero iletsuek fosil ugari permafrost eremuetan aurkitu izan dira. 1771. urtean Siberia ekialdeko Viliui ibaiaren ertzean burua, bi hanka eta larrua aurkitu ziren eta San Petersburgoko Kunstkamera museora eraman zituzten[5]. 1877. urtean merkatari batek Jana ibaiaren adar batean burua eta hanka bat aurkitu zituela ere jaso da[6].

1907an Staruniako (Ukraina) meatzariek ozokerita meategi batean mamut hezurdura bat aurkitu zuten eta hilabete beranduago bost metro sakonago begiratuta errinozeroiletsu bat aurkitu zuten. Ale biak Dzieduszycki museora eraman zituzten eta haien deskribapen zehatza argitaratu zuen museoak[7]. Argazkiak paleontologiari buruzko hainbat aldizkari eta liburutan argitaratu ziren eta espeziearen aurreneko margolanak egin ziren[8]. Errinozero iletsu hori Lviv hiriko museo nazionalean dago ikusgai, Ukrainan[8]. 1929an Poloniako Arte eta Zientzia akademiak espedizioa egin zuen Staruniako meategira eta momifikaturiko hiru errinozero aurkitu zituzten. Hiruetako bati adarrak eta larrua falta zitzaizkion eta igeltsuzko moldeak egin zitzaizkion. Ale hori Londresko Historia Naturalaren Museoan aurkitzen da gaur egun[9].

1972. urtean Siberia ekialdeko Lena eta Amga ibaien arteko eremuan garezurra eta hainbat sahiets aurkitu zituzten eta handik gutxira hezurdura osoa jaso zen, larru zatiak zituena eta urdaila betea zeukana[10]. 1976. urtean eskola-irteera batean duela 20.000 urteko errinozero iletsuaren hezurdura bat aurkitu zuten Aldan ibaiaren ezkerreko ertzean. Garezurra, adar biak, bizkarrezurra eta sahiets hezurrak zituen hezurdura horrek[11].

Errinozeroen momiak

aldatu
 
Errinozero iletsu baten momia, Ukrainan aurkitu eta Londresen ikusgai dagoena.

XXI. mendean ere aurkikuntza berriak izan dira Siberia aldean, permafrostaren urtzearekin lotuta. 2014ko irailean duela 34.000 urteko errinozero gazte baten momia aurkitu zen eta haragi zati batzuk animaliek janda zeudela ikusi zuten, permafrosta desizoztu ondorengo ekintza izan zen. Hortzak aztertuta jakin zuten 7 hilabeteko kumea zela[12]. Hain ongi kontserbatua izan zenez zientzilariek DNA analisiak egiteko baliatu zuten[13].

Toki hartatik gertu 2020. urtean 3-4 urteko errinozero iletsua aurkitu zen. Ongien kontserbaturik mantendu den errinozero fosila da, barneko organoak kaltetu gabe baitaude[14]. Sudur gaineko adar txikia ere badu[15].

Deskribapena

aldatu
 
Errinozero iletsuaren ikuspegi artistikoa.
 
Errinozero iletsuaren hezurduran deigarriak dira konkorraren pareko ornoen luzakinak.

Tamaina

aldatu

Errinozero iletsu heldu batek 3-3'8 metroko luzera hartzen zuen burutik isatsera, 1.800-2.700 kg pisatu eta 2 metrotako altuera (sorbaldetan) har zezakeen, gaur egungo errinozero zuri baten antzera[16]. Hilabete bakarra zuen kumeak 1'20 metrotako luzera eta 72 cm-tako altuera hartzen zuen[17].

Gainerako errinozeroekin alderatuta errinozero iletsuaren burua luzeagoa zen. Garezurrak 70-90 cm-tako luzera zuen. Hezur okzipitalaren inguruan gihar indartsuak zituen garezur handiari eusteko. Barailak 60 cm ere har zitzakeen eta 10 cm-tako altuera zuen[6]. Sudurreko septuma osifikatua zuen gainerako errinozeroek ez bezala, batez ere arrek azaltzen zuten osifikazio hori[18]. Dirudienez adar luzeen presioaren ondorioa zen.

Aurpegian keratinazko bi adar zituzten sexu biek. Muturrekoa zen handiena, 1-1'4 metrotako luzera[19] eta 15 kg-ko pisua. Bigarren adar bat zuten begien artea, aurrekoa baino laburragoa[6].

Gorputza

aldatu

Errinozero iletsuen gorputza gainerako errinozeroena baino luzeagoa zen eta hanka laburragoak zituen. Sorbalden parean zuten konkorrak aurpegiko adarrei eusteko gihar indartsuak zituen. Konkor horrek gantz erreserbak ere bazituen estepa izoztuetako neguak jasan ahal izateko[20].

Aurkitu diren fosil izoztuek erakutsi dute errinozeroaren larruazala eta ilea arre-gorrixkak zirela. Bizkarraldean beroki sendoa osatzen zuen, hanketan ordea ilea laburragoa zen, elurrak gehiegi itsatsi ez zedin[20]. Gorputzaren amaieran 45-50 cm luzerako isatsa zuen, muturrewan ile matazu zuena. Emeek bi titiburu zituzten errapeetan[16].

Eboluzioa eta Taxonomia

aldatu

Elasmotherium da errinozeroen ahaide gertukoena. Bien arteko banaketa Miozenoaren hasieran gertatu zen. Errinozero iletsua bera Eurasiako C. tologoijensis edota Tibeteko C. thibetana espezietatik etorriko zela pentsatzen da. Duela 40.000-70.000 urte arteko DNA ikerketak egin ondoren seniderik gertuena hego-ekialdeko Asian bizi den Sumatrako errinozeroa dela ikusi da[21].

2021. urtean horrela kokatu zuten Coelodonta generoa Liu et al. taldeak:[22]

Rhinocerotini 
 Elasmotheriini

 Elasmotherium (†)

 Rhinocerotini
 Dicerotina 

 Ceratotherium (errinozero zuria)

 Diceros (errinozero beltza)

 Rhinocerotina 

 Rhinoceros (Indiarra eta Javakoa)

 Dicerorhinina 

 Dicerorhinus (Sumatrako errinozeroa)

 Stephanorhinus (†)

 Coelodonta (errinozero iletsua) (†)

Paleobiologia

aldatu

Errinozero iletsuen bizimodua ez zen gaur egungo errinozeroekiko oso desberdina. Emeek bi titiburu izateak adierazten du kume bakarra edo gehienez bi izango zituztela aldiro eta 2-3 urtean behin ugalduko zirela[16]. Kumeak era berean amarekin hiru urte inguru biziko ziren eta ondoren haien lurralde propioa ezartzen hasiko ziren. Bost urterekin heldutasun sexuala lortzen zuten[23]. 40 urte inguru bizitzera iristen ziren.

Adarren erabilera

aldatu
 
Errinozero iletsua elur zaparradapean.

Adar handi horiei esker harrapari gutxi zituen errinozero helduak. Lehoi eta hienek tarteka errinozero gazteak erasotuko zituzten. Felido baten markak dituen garezur bat aurkitu da, gaztetan erasoa jasan baina helduaroraino iritsi zena. Errinozeroek elkarren arteko borrokak egiteko erabiltzen zituzten adarrak, hara bakoitzaren lurraldea defendatzeko, nola bikotea bilatzeko[18]. Neguan elur azpian zegoen landaretza ateratzeko ere baliagarria izango zitzaizkien[19].

Elikadura

aldatu

Mamuten estepatan aurkitzen ziren belar eta ziperazeoek osatzen zuten errinozero iletsuen dieta. Buruaren itxurak eta kokapenak eta hortzen egiturak bazkatzeko postura egokia ematen zioten animaliari. Polenaren analisiek azaldu dute zurezko landareak ere jaten zituela (koniferoak, sahatsak eta haltzak)[6], bai eta loreak, forbiak eta goroldioak ere[24].

Zelulosa ugariko eta proteina gutxiko landaretzaz elikatzen zenez kopuru handiak jan behar izaten zituen.

Paleoekologia

aldatu
 
Iberiar penintsularen iparraldeko megafauna Pleistozeno garaian. Mauricio Antón paleoartistaren ilustrazioa. Besteak beste errinozero iletsua ikusten da.

Errinozero iletsuak lautada zabaletan bizi ziren, klima erdi-lehorretan eta ibaien haranetan. Kilma epelagoko garaietan altuera handiagoetara migratzen zuten, baina mendikateak zeharkatzea ekiditen zuten. Toki zabal irekiak atsegin zituzten belarrez estalitako eremu handiak. Haien inguruan mamutak, irlandar oreinak, elur-oreinak, saigak eta bisonteak bizi ziren. Errinozeroen antzeko beste animalia batzuk ere konpartitzen zuten eremua, esate baterako Stephanorhinus eta Elasmotherium espezieak[25].

Dirudienez ez zuen Bering itsasartea gurutzatu Ipar Amerikara sartzeko, garaiko megafaunako espezie ugarik egin zutenaren aurka. Yukon aldean belarjale handiak baziren eta haiekiko lehia ekidin zuen.

Gizakiekin egin zuen topo baina ez dirudi harreman handirik izan zutenik. Leizeetan irudiak aurkitu izan dira eta baita hezurrak ere, baina badirudi hienak izango zirela errinozero gazteak erasotu eta ondoren atalak leizeetara eramango zituztenak[26]. Gizakiek ondoren errinozero hilen hezur eta adarrak tresnak egiteko baliatuko zituzten[27].

Errinozero iletsua Euskal Herrian

aldatu

Errinozero iletsuaren aztarnak aurkitu dira Euskal Herriko hainbat leizetan.

Duela 45.000 urte Kantauri itsasertza gaur egun baino 18 kilometro aurrerago zegoen eta eremu guztia estepa lau zabala zen. Gaur egun eremu horrek itsas plataforma osatzen du ur azpian[28].

Arrasateko Labeko Koban 1983. urtean egindako indusketetan animalia erraldoien hezurrak aurkitu ziren, tartean errinozeroarena ere bai[29]. Handik gertu Arrikrutzeko kobetan (Oñati) ere aurkitu dira hainbat aztarna, leize hiena, orein erraldoia eta leize hartzarekin batera[30]. 2009an Santimamiñeko ermitaren azpian duela 20.000 urteko errinozero baten pelbisa aurkitu zuten[31]. Nafarroa Garaian Larraungo Uitzi kontzejuko Mainea leizean orduko faunaren aztarnak aurkitu ziren 1996. urtean. Adin ezberdinetako bost errinozero iletsuaren 200 hezur aurkitu ziren, bai eta mamutaren eta oreinaren hezur bana ere[32]. Errinozero gazteena fetua edo jaioberria zen eta zaharrenak 25 urte zituen[33]. Dirudienez tranpa natural batean erorita iritsi ziren irteerarik gabeko zulo hartara[34].

Erreferentziak

aldatu
  1. Agirre, P.. (2009-01-29). «Desagertutako animaliak berpizten» Berria.
  2. (Ingelesez) Howorth, Sir Henry Hoyle. (1887). The Mammoth and the Flood: An Attempt to Confront the Theory of Uniformity with the Facts of Recent Geology. S. Low, Marston, Searle, & Rivington (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  3. Price, Samantha. «Aquatic Mammals» www.aquaticmammalsjournal.org (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  4. Schubert, von, G.H.. (1823). Die Urwelt und die Fixsterne: eine Zugabe zu den Ansichten von der Nachtseite der Naturwissenschaft. Arnoldischen Buchhandlung, Dresden.
  5. (Ingelesez) «Three Centuries of Hunting for Ice Age Mummies and the Prospect of De-Extinction» Capeia (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  6. a b c d (Ingelesez) Boeskorov, Gennady G.; Lazarev, Peter A.; Sher, Andrei V.; Davydov, Sergei P.; Bakulina, Nadezhda T.; Shchelchkova, Marina V.; Binladen, Jonas; Willerslev, Eske et al.. (2011-08-01). «Woolly rhino discovery in the lower Kolyma River» Quaternary Science Reviews 30 (17): 2262–2272.  doi:10.1016/j.quascirev.2011.02.010. ISSN 0277-3791. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  7. (Polonieraz) Bayger, J.A., Hoyer, H., Kiernik, E., Kulczyński, W., Łomnicki, M., Łomnicki J., Mierzejewski, W., Niezabitowski, E., Raciborski, W., Szafer, W. & Schille, F.. (1914). Wykopaliska staruńskie. Słoń mamut (Elephas primigenius Blum.) i nosorożec włochaty (Rhinoceros antiquitatis Blum. s. tichorhinus Fisch.) wraz z współczesną florą i fauną. Muzeum im. Dzieduszyckich we Lwowie, 15, 386 pp + atlas (67 tab.). .
  8. a b (Ingelesez) Chornobay, Yuriy M.; Drygant, Daniel M.. (2009). «The Starunia collections in the Natural History Museum of the National Academy of Sciences of Ukraine in Lviv» Geotourism/Geoturystyka (18): 45–45.  doi:10.7494/geotour.2009.18.45. ISSN 2353-3641. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  9. Nowak, J., Panow, E., Tokarski, J., Szafer, W. & Stach, J.. (1930). The second woolly rhinoceros (Coelodonta antiquitatis Blum.) from Starunia, Poland (Geology, Mineralogy, Flora and Fauna). Classe des Sciences Mathématiques et Naturelles, Série B:. Sciences Naturelles, Supplément 1-47.
  10. Lazarev, P.A., Boeskorov, G.G., Tomskaya, A.I., Garutt, N.V., Vasil’ev, E.M., and Kasparov, A.K.. (1998). Mlekopitayushchie antropogena Yakutii (Mammals of the Anthropogene in Yakutia),. Yakutsk: Yakut. Nauch. Tsentr Akad. Nauk SSSR.
  11. (Ingelesez) «Woolly Rhino Fossils Found» The New York Times 1976-10-10 ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  12. «Lifelike again after 34,000 years, the world’s only baby woolly rhino» siberiantimes.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  13. «Sasha, the world's only baby woolly rhino, is 34,000 years old, say scientists» siberiantimes.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  14. Lartzanguren, Edu. «Milaka urtez izoztuta egon den errinozero iletsu bat topatu dute Errusian» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  15. (Ingelesez) «Woolly rhino from Ice Age unearthed in Russian Arctic» BBC News 2020-12-30 (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  16. a b c (Ingelesez) Boeskorov, G. G.. (2012-12-01). «Some specific morphological and ecological features of the fossil woolly rhinoceros (Coelodonta antiquitatis Blumenbach 1799)» Biology Bulletin 39 (8): 692–707.  doi:10.1134/S106235901208002X. ISSN 1608-3059. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  17. (Ingelesez) Shpansky, A. V.. (2014-05-30). «Juvenile remains of the “woolly rhinoceros” Coelodonta antiquitatis (Blumenbach 1799) (Mammalia, Rhinocerotidae) from the Tomsk Priob'e area (southeast Western Siberia)» Quaternary International 333: 86–99.  doi:10.1016/j.quaint.2014.01.047. ISSN 1040-6182. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  18. a b (Ingelesez) Shidlovskiy, Fedor K.; Kirillova, Irina V.; Wood, John. (2012-03-26). «Horns of the woolly rhinoceros Coelodonta antiquitatis (Blumenbach, 1799) in the Ice Age Museum collection (Moscow, Russia)» Quaternary International 255: 125–129.  doi:10.1016/j.quaint.2011.06.051. ISSN 1040-6182. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  19. a b (Ingelesez) Stuart, Anthony J.; Lister, Adrian M.. (2012-09-19). «Extinction chronology of the woolly rhinoceros Coelodonta antiquitatis in the context of late Quaternary megafaunal extinctions in northern Eurasia» Quaternary Science Reviews 51: 1–17.  doi:10.1016/j.quascirev.2012.06.007. ISSN 0277-3791. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  20. a b (Ingelesez) Kahlke, Ralf-Dietrich; Lacombat, Frédéric. (2008-11-01). «The earliest immigration of woolly rhinoceros (Coelodonta tologoijensis, Rhinocerotidae, Mammalia) into Europe and its adaptive evolution in Palaearctic cold stage mammal faunas» Quaternary Science Reviews 27 (21): 1951–1961.  doi:10.1016/j.quascirev.2008.07.013. ISSN 0277-3791. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  21. (Ingelesez) Orlando, Ludovic; Leonard, Jennifer A.; Thenot, Aurélie; Laudet, Vincent; Guerin, Claude; Hänni, Catherine. (2003-09-01). «Ancient DNA analysis reveals woolly rhino evolutionary relationships» Molecular Phylogenetics and Evolution 28 (3): 485–499.  doi:10.1016/S1055-7903(03)00023-X. ISSN 1055-7903. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  22. (Ingelesez) Liu, Shanlin; Westbury, Michael V.; Dussex, Nicolas; Mitchell, Kieren J.; Sinding, Mikkel-Holger S.; Heintzman, Peter D.; Duchêne, David A.; Kapp, Joshua D. et al.. (2021-09-16). «Ancient and modern genomes unravel the evolutionary history of the rhinoceros family» Cell 184 (19): 4874–4885.e16.  doi:10.1016/j.cell.2021.07.032. ISSN 0092-8674. PMID 34433011. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  23. (Ingelesez) Ballenger, Liz; Myers, Phil. «Rhinocerotidae (rhinoceroses)» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  24. (Ingelesez) Guthrie, R. Dale. (1990). Frozen Fauna of the Mammoth Steppe: The Story of Blue Babe. University of Chicago Press ISBN 978-0-226-31123-4. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  25. (Ingelesez) Pushkina, Diana. (2007). «The Pleistocene easternmost distribution in Eurasia of the species associated with the Eemian Palaeoloxodon antiquus assemblage» Mammal Review 37 (3): 224–245.  doi:10.1111/j.1365-2907.2007.00109.x. ISSN 1365-2907. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  26. (Alemanez) Diedrich, Cajus. (2008). Eingeschleppte und benagte Knochenreste von Coelodonta antiquitatis (Blumenbach 1807) aus dem oberpleistozänen Fleckenhyänenhorst Perick-Höhlen im Nordsauerland (NW Deutschland) und Beitrag zur Taphonomie von Wollnashornknochen in Westfalen. Mitteilungen der Höhlen und Karstforscher, 100-117 or..
  27. Gaudzinski, S.. (1999). The faunal record of the Lower and Middle Palaeolithic of Europe: remarks on human interference. In The Middle Palaeolithic Occupation of Europe. (ed. W. Roebroeks and C. Gamble). Leiden: University of Leiden, 215-233 or..
  28. (Gaztelaniaz) Aranzadi | Zientzia Elkartea · Society of Sciences · Sociedad de Ciencias · Societé de Sciences » Azken glaziazioan Kantauri itsasoaren ertza nolakoa zen kontatzen digute Kiputz leizeko animalia hezurdurek. (Noiz kontsultatua: 2021-10-17).
  29. «Macromamíferos del yacimiento de Labeko Koba (Arrasate, País Vasco) - PDF Free Download» docplayer.es (Noiz kontsultatua: 2021-10-17).
  30. Tubia, Iker. «Euskal Herriko barrunbeak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  31. «Duela 20.000 urteko aztarnategia aurkitu dute Santimamiñen — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  32. SLU, Herritar Berri. (2021-02-04). «Duela 45.000 urte Maineara heldu ziren mamut eta errinozero iletsuen istorioa» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2021-10-16).
  33. Zientzia, Elhuyar. (2021-01-20). «Larraungo larreetan errinozero iletsuak eta mamutak bazkatzen ziren duela 46.000 urte» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  34. «Uitziko Mainea leize-zuloa, errinozero iletsuen eta mamuten hilerri» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-01-17 (Noiz kontsultatua: 2021-10-16).

Kanpo estekak

aldatu