Tibet

asian (erdialdean)
Artikulu hau Txinako lurralde historikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Tibeteko eskualde autonomoa».

Tibet


བོད་
( Bod )

Ez da estatua
Hiriburua Lhasa
Hiri nagusiak Shigatse, Qando
Administrazioa Txina
Administrazioa Txina
Dirua Yuana
Herritarra tibetar
Hizkuntza(k) tibetera
Ofiziala(k) txinera

Tibet[1] (tibeteraz: བོད་bod, Lhasako dialektoan ahoskatua) Himalaiako eskualde zabala da, hiru esparru geografiko adierazteko erabiltzen dena:

  • Himalaia iparraldeko goi-ordokia da, erdi-basamortu klimakoa. Itsasmailatik 3.000 metrotik gora dagoenez, "munduko sabaia" deitzen zaio.
  • Tibetarrak bizi diren lurralde osoa da. Tibeteraz mintzatzea, ohitura bereziak eta, batez ere, budismoaren aldaera bat (vajrayâna) tibetar kulturaren ezaugarri nagusiak dira. Amdo, Khan eta Erdialdeko Tibet eskualdeetan banatzen da. Tibeteko 2.840.000 biztanleetatik, 1.700.000 mintzatzen dira tibeteraz.
  • Tibeteko eskualde autonomoa, Txinako eskualde administratiboa (tibeteraz, Bod rang skyong ljong eta txineraz, 西藏自治区, Xizang Zizhiqu). Autonomia berezia du, Xinjiang edo Txinatar Turkestan eta Barne Mongolia bezala.

Hiriburua Lhasa hiria da.

Geografia aldatu

Orografia eta hidrografia aldatu

 
Himalaia mendikatea goi-ordokiaren hegoaldean.

Tibeteko lurraldea goi-ordoki bat da, mendi garaiez inguratua. Tibeteko garaiera 3.000 m-tik gorakoa da lurraldeko leku guztietan, eta askotan 4.000 m-tik gorakoa. Iparraldeko goi-ordokiak (Byang-thang) 1.300 km hartzen ditu mendebaletik ekialdera eta 4.600 m-ko garaiera du. Iparraldean Kuen Lun mendiak ditu (6.000 m inguru); mendebaleko eta hegoaldeko mugan, berriz, Himalaia mendiak; horietako bat da Everest mendia (8.848 m), Tibeten eta Nepalen arteko mugan; ekialdean Trans-Himalaia mendiak ditu, 6.000 m ingurukoak. Bi mendikate horien artean Brahmaputra ibaia igarotzen da, Tibeteko hegoaldea zeharkatu ondoren, mendien artetik igaro eta Indian barrena abiatzen dena. Iparraldean eta erdialdean ez da ibairik, baina badira aintzira handiak. Tibeteko mendietan munduko ibairik handienetako batzuk sortzen dira: Indus, Brahmaputra, Yangtze, Huang Ho, Mekong, Saluen eta Tarim ibaiak. Horietatik Brahmaputra da Tibeteko lurraldeak igarotzen dituen bakarra.

Klima eta landaredia aldatu

Lehorra da oro har, eta hezetasun txikia du, Himalaia mendi garaiek oztopo egiten baitiete hegoaldeko montzoi haizeei eta haiek ekartzen dituzten euriei. Tenperatura hotza izaten da mendialdean (5.500 m ingurutik gora elurra urte osoan) eta epelagoa ibarretan. Hiriburuan adibidez (3.600 m) batez beste 0 °C inguru izaten dira neguan eta 17 °C udan. Tenperatura aldaketa handiak izaten dira egunean zehar, goizak eta gauak oso hotzak baitira. Bestalde haize hotz eta lehorrari esker labore aleak luze irauten dute (50-60 urte) biltegietan eta ez da izaten izurriterik. Eguraldia dela eta mendietan eta iparraldeko eta erdialdeko goi-ordokietan artzain nomadak besterik ez dira bizi. Brahmaputraren arroan klima epelagoa da eta laboreak lantzen dira horri esker.

Historia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Tibeteko historia»
 
Potala jauregia, Lhasa

Tibeteko lurraldea nazio batua zen III. mendean, budismoaren hedapena hasi zenean. Handik aurrera printzerri txikietan banatu zen, eta 1247an mongolen erasoak jasan zituen. Bitarte horretan budismo lamaista nagusitu zen. Lehenengo dalai-lamak (XIV-XV. mendeen bitartean) erlijio aginpidea zuen soilik, baina ondorengoek gero eta aginpide handiagoa bereganatu zuten, eta 1642an Dalai Lama Tibeteko gobernuaren buru izendatua izan zen. 1950. urtea arte Tibetek ez zuen ia harremanik izan kanpoko herrialdeekin. Urte horretan, Txinako Herri Errepublikak hartu zuen lurraldea. Tibetarrak Txinaren mende egon ziren handik aurrera; txinatarrek aitonen semeei eta elizari lurrak kendu zizkieten, nekazaritza kolektiboa antolatu zuten eta budismoa debekatu zuten. Matxinada ugariren ondoren, 1959an Tenzin Gyatso dalai-lamak Indiara ihes egin behar izan zuen, eta txinatarrek antolatu zuten lurraldeko ekonomia eta politika. Gaur egun Txinako lurralde autonomoa da, baina txinatarren aurkako erresistentzia higikundeak badira oraindik ere.

Biztanleak aldatu

Tibeteko biztanle gehienak etnia berekoak dira eta hizkuntza bera erabiltzen dute: tibetera. 4.000.000 inguru dira, Txinako beste lurraldeetan bizi direnak kontuan hartuta, eta beste 2.000.000 inguru gehiago dira Bhutanen, Indian, Nepaleko iparraldean, Jammun eta Kaxmirren bizi direnak. 1959. urtea arte biztanleen % 20 apaizen taldeko kideak ziren (1960an, 2.400 monasterio zeuden eta 100.000 fraide edo moja; 1979an, txinatarren erasoen ondoren, 12 monasterio eta 2.000 fraide edo moja besterik ez). Monasterioak ikasteko leku nagusiak izan ziren.

Ekonomia aldatu

 
Jak parea, landa-ekonomiaren oinarria.

Artzaintza, nekazaritza eta basogintza dira Tibeteko ekonomiaren oinarri nagusiak. Merkataritzak, eskulangintzak, administrazioak eta erlijio egiturak ere garrantzi handia dute. Gizartearen antolamenduaren oinarria kastak dira, baina ez Indian duten egitura itxiarekin; bestetik, goi mailako kastak badiren arren, biztanle gehienak nekazariak dira. Nekazaritza (garagarra, koltza, patata, azenarioa-eta) eta abere hazkuntza (jaka, ahuntzak eta ardiak) ekonomia jarduera nagusiak dira. Mea ugari dagoen arren lurraldearen orografiak ez du erraztasunik ematen gaiak ateratzeko. 1951 arte komunikabideak oso urriak eta desegokiak ziren; tibetar gehienak oinez, zamariz edo ibai-ontziz ibiltzen ziren; urte horretan hasi ziren txinatarrak autoz ibiltzeko lehenengo errepideak egiten.

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-11).

Ikus, gainera aldatu

  • Tibet lurralde autonomoa.

Kanpo estekak aldatu