Roald Engebreth Gravning Amundsen (Borge, Østfold, Norvegia, 1872ko uztailaren 16a - Barents itsasoa, Ozeano Artikoa, 1928ko ekainaren 18a)[1] norvegiar esploratzailea izan zen. Artikoa eta Hego Poloa arakatu zituen.

Roald Amundsen

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakRoald Engelbregt Gravning Amundsen
JaiotzaBorge1872ko uztailaren 16a
Herrialdea Norvegia
BizilekuaRoald Amundsen's house in Uranienborg (en) Itzuli
Oslo
Fredrikstad
HeriotzaOzeano Artikoa eta Hartzen uhartea1928ko ekainaren 18a (55 urte)
Hobiratze lekuaBarents
Heriotza moduaistripuzko heriotza: hegazkin-istripua
Familia
AitaJens Amundsen
Ezkontidea(k)ezkongabea
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzaknorvegiera
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea, idazlea, marinela, ikertzailea, polar explorer (en) Itzuli, hegazkinlaria, bidaiaria eta naval aviator (en) Itzuli
Jasotako sariak

IMDB: nm0025468 Find a Grave: 20956 Edit the value on Wikidata

1903 eta 1906 artean Ipar-mendebaldeko Pasabidea zeharkatu zuen aurreneko espedizioaren gidaria izan zen. 1911ko abenduaren 14an bere taldearekin Hego Polora heldu zen, Robert Falcon Scott ingelesa baino 34 egun lehenago[2]. 1926an baloi gidatuan Ipar Polora iritsi zen. 1928an desagertu zen Italia baloi gidatuaren erreskatean parte hartzen ari zela.

Gaztaroa aldatu

Borge herrian jaio zen, Fredrikstad eta Sarpsborg hirien artean, Norvegiako hegoaldean. Aita Jens Amundsen itsasontzien jabea eta itsas armadako kapitaina zuen eta ama Hanna Sahlqvist. Bikotearen laugarren semea zen. Hamalau urte zituela, aita hil zitzaion[1] eta amak itsasgintzatik urrundu nahi izan zuen: medikuntza ikasketak egin zitzan, unibertsitatera bidali zuen[3]. Amaren nahia errespetatu zuen baina 21 urte zituela ama hil zitzaionean, unibertsitatea bertan behera utzi[4] eta armadan sartu zen.

Fridtjof Nansen esploratzaileak 1888an Groenlandia osoa eskiekin zeharkatzea lortu[5] eta Norvegiara itzuli zenean, Roald Amundsenek 16 urte baino ez zituen, baina orduan erabaki zuen poloen esploratzailea izan nahi zuela. Sir John Franklin ingelesak Artikoan egindako espedizioen kontakizunak irakurritakoan, zera idatzi zuen; "lilura izugarriarekin irakurri nituen eta nire bizitzaren ibilbidea moldatu zuten"[6].

Poloetako espedizioak aldatu

Belgikarren Antartikako espedizioa aldatu

Amundsenen aurreneko espedizioa Antartikara izan zen. 1896an marinel eta eskiatzaile gisa hartu zuten[1]. Adrien De Gerlache burua zen eta 1897 eta 1899 artean Antartikako aurreneko neguko espedizioa izan zen[7]. RV Belgica zen itsasontziaren izena eta hala pentsatuta edo akats baten ondorioz izotzetan trabatuta geratu zen. Espedizioa ez zegoen ordea egoera horretarako nahikoa prestatuta eta Frederick Cook mediku estatubatuarrak tripulazioa eskorbuto gaitzetik babesteko animaliak ehizatu eta haien haragia gordinik jateko agindua eman zuen. Zitrikoak falta diren momentuan haragi freskoak ordezka dezake dietan, behar besteko C bitamina kopurua baitu. Amundsenek kontuan hartu zuen hori hurrengo espedizioetarako[8]. Garai hartan oraindik ez zen C bitamina ezagutzen, 1920. hamarkada arte ez baitzen isolatzea lortu[9].

Ipar-mendebaldeko pasabidea aldatu

 
Gjøa itsasontziaren tripulazioa, 1906an, Nomen.

1899 eta 1901 artean Leon anaiarekin bizikletaz joan zen Oslotik Parisera. Bidean Fredrick Jacksonen A Thousand Days in The Arctic liburua aurkitu zuen eta bertatik hartutako oharrekin bi koaderno bete zituen. 1900eko udazkenean Hanburgon Georg von Neumayer geofisikariarekin Lurraren eremu magnetikoa ikertu zuen. Artikora espedizio bat egiteko ari zen prestatzen Roald[1].

1903an aurreneko espedizioa gidatu zuen berak. Ipar-mendebaldeko Pasaia zeharkatzea zuen helburu eta horretarako Gjøa 45 tonako arrantza ontzia erosi eta sei gizonetako tripulazioa hautatu zuen. Ontzi txikia aukeratu zuen kostaldetik ibilbidea egiteko asmoa baitzuen. 13 zaldi-potentziako parafinazko motorra baino ez zuen itsasontziak[10].

Ekainaren 17an atera ziren Norvegiatik eta Groenlandia pasa ondoren Baffin badia, Parry kanala eta Peel, James Ross, Simpson eta Rae itsasarteak zeharkatutakoan, Gilen Erregearen uhartera iristi ziren. Bertako kaian, ordutik Gjøa kaia deitzen dena, bi urte pasa zituzten[10]. Denbora tarte horretan Amundsenek Netsilik inuitengandik Artikoan bizirauteko teknikak ikasi zituen, gerora oso baliagarriak izan zituenak. Pertsonak zein gauzak garraiatzeko, zakur lerak erabiltzen ikasi zuen eta parka astunak jantzi beharrean, animalia larruak egokiagoak zirela ere bai.

Gjøa kaia utzitakoan, mendebalderantz segitu zuten eta Cambridge badia eta Victoria uhartea pasa ondoren, Kanadako Uhartedi Artikoa atzean utzi zuten. Negua iritsi eta itsasontziak bertan gelditu behar izan zuen. Telegrafo estazio gertukoena 800 kilometrora zegoen, Eaglen, Alaskan. Amundsenek lurrez egin behar izan zuen bidaia eta 1906ko abenduaren 5ean eman ahal izan zuen bere espedizioaren arrakastaren berri. Norvegia eta Suedia espedizioaren bitartean banatu ziren eta Amundsenek mezua Haakon VII.a erregeari bidali zion, haren menpeko bezala[11]. Gjøa itsasontzia 1972an ekarri zuten atzera Norvegiara eta gaur egun Fram Museoaren alboan dago, Oslon[12].

Hego Polorako espedizioa aldatu

 
Fram itsasontzia Antartikan. Lehen planoan, haragi freskoa lortzeko ehizaturiko fokak.

Itzuli bezain laister Ipar Poloko arroa esploratzeko espedizio berria antolatu nahi izan zuen eta proposamena Kristianiako Geografia Elkartean aurkeztu zuen[1], baina arazoak izan zituen dirua biltzeko. 1908an Frederick Cook eta 1909an Robert Peary estatubatuarrek espedizio banatan Ipar Polora iristea lortu zutela jakin zuenean Antarktikara begiratu zuen, baina ez zituen bere asmoak publikoki azaldu[13].

Robert Falcon Scott ingelesak Hego Polora iristeko espedizioa antolatu zuela jakin zuen orduan. Fridtjof Nansenek erabilitako Fram itsasontzia hartu eta 1910ko ekainaren 3an Oslotik atera zen Ipar Polora antza[1]. Madeira parean zirela esan zion tripulazioari Antarktikara zihoazela eta bertatik telegrama bat bidali zion Scotti: "Informatu nahi dizut Fram Antarktikara doala - Amundsen"[13].

1911ko urtarrilaren 14an iritsi zen Ross izotz hesiko ekialdeko ertzera. Bertan ezarri zuen kanpamenduari Framheim izena eman zion. Aurrez izandako espedizioetan eramandako artilezko jantzien ordez animalien larruz egindako jantziak hobetsi zituen, inuitengandik ikasi bezala[4]. Eskiak eta zakur-lerak erabiliz janaria garraiatu eta Hego Polorako bidean hornidura puntuak ezarri zituzten 80º, 81º eta 82º-ko latitudetan[4]. Zakur batzuk akatzea ere aurrikusi zuen, okel afreskoaren iturri izan zitezen.

 
Norvegiako bandera Hego Poloko kanpin-dendaren gainean.

Talde txiki batekin egin zuen aurreneko saiakera irailaren 8an. Bertan ziren Hjalmar Johansen, Kristian Prestrud eta Jørgen Stubberud. Saiakerak hust egin zuen, ordea, muturreko tenperaturen erruz. Hutsegite horrek eztabaida ugari sortu zuen espedizioan eta Amundsenek gizon horiek Eduardo VII.a Erregearen Lurraldea esploratzera bidali zituen. Bigarren saiakeran bost gizonek hartu zuten parte: Olav Bjaaland, Helmer Hanssen, Sverre Hassel, Oscar Wisting eta Amundsenek berak. Lau kideak ongi aukeratu zituen. txakurretan aditu bat, mugazain bat, eski txapeldun bat eta balea-arpoilari bat bildu baitzituen[2]. Urriaren 19an abiatu ziren lau lera eta 52 txakur eskimalekin[2]. Aurrez esploratu gabea zen glaziar bat zeharkatzeko erabakia hartzean denbora aurreztu zuten. Poloko lautadara azaroaren 21ean iritsi ziren eta abenduaren 14an bost gizonek eta 16 txakurrek Hego Polora iristea lortu zuten. Amundsenek Polheim izena eman zion Hego poloan eraikitako kanpalekuari eta lautadari Haakon VII.a erregearen lautada izena eman zion. Espediziokideek kanpin-denda bat ezarri eta eskutitz bat ere utzi zuten, Framheim-era onik iristea lortzen ez bazuten beren lorpena idatziz utzi eta familiarentzako mezuekin. Robert Falcon Scott handik 34 egunera iritsi zen eta hori gutxi balitz itzuleran haren espediziokide guztiek bizia galdu zuten[2].

1912ko urtarrilaren 25ean iritsi zen Amundsenen taldea Framheimera, oraindik 11 txakur bizirik zituztela. Antarktika utzi eta Tasmaniako Hobart hiribururantz jo zuten, hiri populatu gertukoaena baitzen. Martxoaren 7an iritsi ziren eta Amundsenek handik eman zien arrakastaren berria Norvegiako babesleei[14].

Ipar Poloko eta Ipar-ekialdeko Pasabideko espedizioak aldatu

Ipar-ekialdeko pasabidea aldatu

 
Amundsenek 1918 eta 1920 artean Maud itsasontziaz egindako ibilbidea. Lehen eta bigarren neguetako aterpelekuak markatuta daude.

1918an Amundsenek beste espedizio bati ekin zion, Ipar-ekialdeko Pasaia zeharkatzeko helburuaz eta, bide batez, Ozeano Artikoko lurralde ezezagunak esploratzeko. Aurrez Fridtjof Nansenek egina zuen ibilbidea eta Amundsenek Siberiako kostaldea jarraitzea erabaki zuen, baina izotzetan Nansenek egindakoa baino gehiago barneratu nahi zuen, Ipar Polotik gertuago, hain zuzen ere. Ikerketa akademikorako material gehiago hartuko zituelakoan, Harald Ulrik Sverdrup ozeanografoa eraman zuen Maud itsasontzian, baita espediziokide Oscar Wisting eta Helmer Hanssen ere, Hego Polora iritsi zen taldetxoko bi lagun.

Maud Ipar Poloko bankisan trabatu zuen, Nansenek Framekin egina zuen bezala[15]. Ipar Poloaren inguruan jitoan joatea zuten asmoa, baina izotz geruza uste baino lodiagoa zen eta itsasontziak izotza hausterik ez zuenez, blokeatuta gelditu zen. 1919ko irailean itsasontzia askatzea lortu zuten baina hamaika egunen ondoren berriz trabatu zen. Bien bitartean, Amundseni besoa hautsi zitzaion eta hartz zuri batek eraso egin zion, ontziratzen saiatzen ari zirela. Horren ondorioz, itsasontziaz kanpoko espedizioetan ezin izan zuen parte handirik hartu[16]. Gauzak horrela, eta trabatuta zeudela ikusita, Wisting, Hanssen, Amundsen eta beste bi gizonek txakur-lera bidez Alaskako Nomeraino joatea erabaki zuten, egoeraren berri emateko. Mila kilometroko distantzia kalkulatu zuten, baina Bering itsasarteko izotz geruza uste baino finagoa zenez, ezin izan zuten zeharkatu. Anadyrrera iritsitakoan, telegrama bat idatzi zuten, non ziren esanez[17].

Bigarren urteko negua igaro ondoren, itsasontzia askatzea lortu zuten, bai eta Nomera iritsi ere, itsasontzia konpondu eta hornidurak erosteko. Handik atera behar zirenean tripulazioko hainbat kide ez ziren itsasontzira garaiz itzuli, tartean Hanssen. Hirugarren urteko negua iritsi zenerako, Maud ontzia Bering itsasartean aurkitzen zen eta berriz askatzea lortu zutenez hegoalderantz jo zuten. 1921ean Estatu Batuetako Seattle hirira iristi ziren[18]. Itsasontzia eta tripulazioa bertan utzita ,Amundsen Norvegiara itzuli zen bidean harturiko bi neskatila indigenarekin, Kakonita eta Camilla. Norvegian, ordea, porrot ekonomikoan zela ikusi zuen[1] eta neskatila biak Sobietar Batasunaren ekialdeko muturrera itzuli zituen, Camillaren aitarengana[19].

1922an Nomera itzuli zen, hara joana baitzen Maud itsasontzia. Han hegazkin bat erosi zuen eta Ipar Polora airez iristeko ideia bururatu zitzaion. Tripulazioa bitan banatu zuen orduan: multzo handienak Wistingen gidaritzapean itsasontziaren espedizioarekin aurrera segitu zuen, Ipar Polora bidean, eta beste multzoak bere gidaritzapean negua Nomen pasa eta 1923an Ipar Polora airez iristen saiatzekoa zen. Maud itsasontziak beste hiru urte pasa zituen Ipar Polora iritsi nahian baina ez zuen lortu eta Cambridge badiaren inguruan urperatu egin zen[15]. Zortzi hamarkada pasa ondoren, talde norvegiar batek Maud itsasontzia berreskuratu zuen[15].

Ipar Polorako aire espedizioak aldatu

 
Roald Amundsen Svalbarden, 1925ean[1].
 
Norge Baloi gidatuaren irteera 1926ko maiatzaren 11n.

1923ko aire espedizioak ez zuen lortu Ipar Poloa airez pasatzea. Hegazkina kaltetuta gelditu zen gainera. 1924 urtean Amundsen Estatu Batuetako hiri askotan izan zen hitzaldiak ematen espedizio berri baterako dirua bildu asmoz, izan ere Ipar Polora iritsi ez arren Sverdrupek egindako aurkikuntza zientifikoak oso aipagarriak izan baitziren. 1925ean Daniar Geografiako Erret Elkarteak Hans Egede domina eman zion Amundseni[20].

1925ean Hjalmar Riiser-Larsen pilotuarekin eta Lincoln Ellsworth lagunarekin Ipar Polora iristeko saiakera berria egin zuen, oraingoan ur-hegazkin batean. 87º44'-ko latitudera iritsi ziren, hegazkin batek lorturiko latitude gorena garai hartan, baina ezin izan zuten helburua lortu. Hegazkina izotzetan pausatu zen, irrati komunikaziorik gabe, eta hiru aste izotza garbitzen ibili ondoren lortu zuten berriz aireratzea[19].

1926an Umberto Nobile injeniari italiarrak diseinaturiko Norge baloi gidatuan Amundsen, Nobile bera eta beste hamalau gizonek Artikoa airetik zeharkatu zuten. Norge baloi gidatuak 9.500 kg pisatzen zituen eta 106 metrotako luzera eta 26 metrotako diametroa zituen. 115 km/h abiadura hartzera iristen zen. Maiatzaren 11n Spitsbergenetik atera eta Ipar Polotik pasa ondoren hurrengo egunean Alaskan lurreratu ziren. Ipar Poloaren gainean zeudela Norvegiako, Italiako eta Estatu Batuetako banderak jaurti zituzten baloitik[21]. Oscar Wisting Amundsenekin zihoan eta beraz biak izan ziren Lurraren bi poloetan izan ziren aurreneko bi pertsonak[1]. Italiako bandera besteak baino nabarmen handiagoa zen eta Amundsen eta Nobileren artean gatazka sortu zen[21].

Ipar Poloaren konkistaren inguruko eztabaida aldatu

1926ko maiatzaren 12an Norge baloi gidatua iritsi aurretik hiru esploratzailek esan zuten Ipar Polora iritsi zirela; Frederick Cookek 1908an, Robert Pearyk 1909an eta Richard E. Byrdek 1926an, Amundsen iritsi baino egun batzuk lehenago. Hainbat ikerlarik diote hiru hauen froga garbirik ez dagoela eta kasuren batean fraudea ere izan dela[22]. Norgeren espedizioa ordea oso ongi dokumentaturik dago. Hori horrela balitz Amundsen eta Wisting bi poloen konkistan aurrenak izango ziren[23].

Heriotza aldatu

 
Latham 47 ur-hegazkina.

Amundsen eta Nobileren arteko eztabaida luzatu egin zen eta 1928an Nobilek bere espedizio antolatu zuen,Italia baloi gidatuarekin. Ipar Polora iritsi zen, baina itzultzerakoan, Italia galdu egin zen. Erreskate lanak abiatu ziren orduan eta Amundsenek Latham 47 ur-hegazkinaz hartu zuen parte[24]. 1928ko ekainaren 18an Amundsen eta bere aire tripulazioa desagertu egin zen, ordea. Handik egun batzuetara, ur-hegazkinaren flotagailu bat aurkitu zen Tromsø hiriko kostaldean. Badirudi hegazkinak istripua izan zuela Bjørnøya uhartearen inguruan eta denak hil zirela. Hiru hilabetetan zehar bila ibili ondoren, Norvegiako gobernuak Amundsen hiltzat eman zuen.

Norvegiak abenduaren 14a Roald Amundsenen eguna izendatu zuen, Hego Polora iritsi zeneko eguna hain zuzen ere. Aurreneko urtean Norvegia guztiko elizetan kanpaiak jo zituzten eguerdian eta Fridtjof Nansen esploratzaileak hitzaldi hunkigarria egin zuen.

2004 eta 2009an Amundsenen hegazkina bilatzeko bi espedizio antolatu zituen Norvegiako itsas armadak. Hugin urpekontziak 100 km2-ko eremua ikuskatu zuen baina ez zuen ezer aurkitu[25].

Idazlea aldatu

Amundsenek bere espedizioetako gertaerak idatzi eta argitaratu zituen. Ondoko zerrendan haren lanik ezagunenak eman dira:

  • The North-West Passage; Being the Record of a Voyage of Exploration of the Ship "Gjöa" (1908). New York: E.P. Dutton and Co. 1908. OCLC 971379351[26]
  • South Pole: An Account of the Norwegian Antarctic Expedition in the "Fram" (1912). OCLC 727260901[27]
  • Nordost Passagen: Maudfaerden Langs Asiens Kyst 1918–1920. Kristiania: Gyldendal. 1921. OCLC 576654047[28]
  • Our Polar Flight: The Amundsen–Ellsworth Polar Flight. New York: Dodd, Mead. 1926. OCLC 918183295[29]
  • The First Flight Across the Polar Sea. London: Hutchinson. 1927. OCLC 1026703671[30]
  • My Life as an Explorer. New York: Doubleday. 1927. OCLC 3657624[31]

Erabilitako itsasontziak aldatu

Honako hauek izan ziren Amundsenek espedizioetan izan zituen itsasontziak:

Itsasontzia Erregistro Kaia Eraikuntza Eslora Espedizioa Irudia
RV Belgica[32]   Svelvik (Patria)
  Anberes (Belgika)
1884 35,97 m Belgikarren Antartikako espedizioa

(1897-1899)

 
Gjøa[33]   Rosendal 1872 21,3 m Ipar-mendebaldeko Pasaia

(1903-1906)

 
Fram[27]   Larvik 1892 38,9 m Hego Polorako espedizioa

(1910-1912)

 
Maud[34]   Asker 1916 36,5 m Ipar-ekialdeko Pasaia

(1918-1923)

 

Haren izena daramaten tokiak aldatu

 
Amundsen-Scott basea, Hego Polo geografikoan.

Zinema aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i (Ingelesez) «Timeline of Amundsen» mia.no (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  2. a b c d «Hego Poloan ez da garailerik» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  3. «Roald Amundsen | viagem.br101.org» web.archive.org 2011-12-03 (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).
  4. a b c (Ingelesez) Thomas, Henry; Thomas, Dana Lee. (1954). Living Adventures in Science. Hanover House ISBN 978-0-8369-2573-9. (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).
  5. Huntford, Roland. (2001). Nansen. London: Abacus ISBN 0-349-11492-7..
  6. Amundsen, Roald. (1927). My Life as an Explorer. Garden City, NY: Doubleday, Page & company..
  7. The Houghton Mifflin Dictionary of Biography. Houghton Mifflin Reference Books, 43 or. ISBN 978-0-618-25210-7..
  8. Kløver, Geir O.. (2010). Antarctic Pioneers. The Voyage of the Belgica 1897–99. Oslo, Norway: The Fram Museum ISBN 9788282350075..
  9. (Ingelesez) Squires, Victor R.. (2011-11-15). The Role of Food, Agriculture, Forestry and Fisheries in Human Nutrition - Volume IV. EOLSS Publications ISBN 978-1-84826-195-2. (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).
  10. a b (Ingelesez) Derry, T. K.. (2000-03). History of Scandinavia: Norway, Sweden, Denmark, Finland, and Iceland. U of Minnesota Press ISBN 978-0-8166-3799-7. (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).
  11. Roald Amundsen and the Exploration of the Northwest Passage. Oslo: Fram Museum, 63-65 or. ISBN 9788282350013..
  12. (Ingelesez) «The Norway Portal - Norwegian Ministry of Foreign Affairs» Norgesportalen (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  13. a b (Ingelesez) Simpson-Housley, Paul. (2002-03-11). Antarctica: Exploration, Perception and Metaphor. Taylor & Francis ISBN 978-0-203-03602-0. (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).
  14. Long, Tony. (2012-03-07). «March 7, 1912: It's Amundsen» Wired ISSN 1059-1028. (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  15. a b c (Gaztelaniaz) «El barco Maud de Amundsen resurge de los hielos» Oxígeno (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  16. «Wayback Machine» web.archive.org 2013-05-20 (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).
  17. (Ingelesez) Bomann-Larsen, Tor. (2011-08-31). Roald Amundsen. History Press ISBN 978-0-7524-6682-8. (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  18. (Ingelesez) jrsherrard. (2014-01-05). «Seattle Now & Then: Amundsen's 'Maud'» DorpatSherrardLomont (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  19. a b Txantiloi:Nb Barr, Susan. (2020-02-25). Roald Amundsen. (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).
  20. «EGEDE MEDAILLEN | | Geografisk Tidsskrift» web.archive.org 2017-02-10 (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  21. a b «Textarchiv : Berliner Zeitung : Tote Helden sind wahre Helden / 1926 flogen Roald Amundsen und Umberto Nobile...» web.archive.org 2007-03-18 (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  22. Henderson, Bruce. (2005). True North: Peary, Cook, and the Race to the Pole. W. W. Norton and Company ISBN 978-0-393-32738-0..
  23. (Ingelesez) «South Pole conqueror won air race to the North» www.dailytelegraph.com.au 2016-05-11 (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  24. «AMUNDSEN - LOST IN THE ARCTIC | Rudolph Herzog» www.rudolph-herzog.de (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  25. «Search for Amundsen» web.archive.org 2010-01-08 (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).
  26. Amundsen, Roald; Hansen, Godfred. (1908). Roald Amundsen's "The North West passage" : being the record of a voyage of exploration of the ship "Gjöa" 1903-1907. New York : E.P. Dutton and Co. (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  27. a b Amundsen, Roald; Chater, Arthur G.. (1913). The South pole; an account of the Norwegian Antarctic expedition in the "Fram," 1910-1912,. J. Murray; (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  28. Txantiloi:Norwegian Amundsen, Roald; Sverdrup, H. U; Hanssen, Helmer Julius; Hansen, Godfred. (1921). Nordost passagen. Maudfaerden langs Asiens kyst 1918-1920. H.U. Sverdrups ophold blandt Tsjuktsjerne. Godfred Hansens depotekspedition 1919-1920.. Gyldendal PMC 4684999. (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  29. (Ingelesez) Amundsen, Roald; Ellsworth, Lincoln. (1925). Our Polar Flight: The Amundsen-Ellsworth Polar Flight. Dodd, Mead (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  30. (Ingelesez) «The First Flight Across the Polar Sea - AbeBooks» www.abebooks.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  31. «My Life as an Explorer» www.goodreads.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  32. «Rundt om Drammen nr. 2, 2007» web.archive.org 2011-07-24 (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  33. Txantiloi:Nb Barr, Susan. (2020-03-09). Gjøa – norsk polarskute. (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  34. (Ingelesez) «Unsinking a ship: Maud returns home» The Norwegian American 2016-07-13 (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  35. «https://www.architectmagazine.com/project-gallery/amundsen-scott-south-pole-station-6218» www.architectmagazine.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  36. «Amundsen Glacier» Antarctica NZ (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  37. Jacobs, Stan; Jenkins, Adrian; Hellmer, Hartmut; Giulivi, Claudia; Nitsche, Frank; Huber, Bruce; Guerrero, Raul. (2012-09-01). «The Amundsen Sea and the Antarctic Ice Sheet» Oceanography 25 (3): 154–163.  doi:10.5670/oceanog.2012.90. ISSN 1042-8275. (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  38. (Ingelesez) «Amundsen Gulf | gulf, Arctic Ocean» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  39. «Planetary Names: Crater, craters: Amundsen on Moon» planetarynames.wr.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  40. «JPL Small-Body Database Browser» ssd.jpl.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  41. (Ingelesez) The Red Tent (1971). (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  42. (Ingelesez) O'Connor, John J.. (1985-10-20). «Tv View; 'the Last Place on Earth' - Not Just About the Antarctic» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  43. (Norvegieraz [bokmål]) Trailer (norsk tekst). (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).

Kanpo estekak aldatu