Liechtenstein
Liechtenstein edo Liechtensteingo Printzerria Europako erdialdean dagoen estatu burujabe txiki bat da, Europako mikroestatuetako bat: 160 kilometro koadro ditu, eta 38.111 biztanle zituen 2017an. Ez da Europar Batasuneko kidea. Hala ere, 2011. urteaz geroztik, Europako Schengen zirkulazio askeko eremuko kide da.
Liechtensteingo Printzerria Fürstentum Liechtenstein
|
||||||
---|---|---|---|---|---|---|
|
||||||
Goiburua: Für Gott, Fürst und Vaterland (Jainkoagatik, Printzeagatik eta Aberriagatik) |
||||||
Ereserkia: Oben am jungen Rhein | ||||||
Hiriburua | Vaduz | |||||
Hiri handiena | Schaan | |||||
Hizkuntza ofiziala(k) | Alemana | |||||
Herritarra | liechtensteindar | |||||
Gobernua | Monarkia konstituzionala | |||||
- | Printzea | Hans-Adam II.a | ||||
- | Erregeordea | Alois Liechtensteingoa | ||||
- | Lehen ministroa | Klaus Tschütscher | ||||
Independentzia | ||||||
Azalera | ||||||
- | Guztira | 160 km2 (191.) |
||||
- | Ura (%) | 0 | ||||
Biztanleria | ||||||
- | Zenbatespena (2017) | 38.111 (190.) | ||||
- | Dentsitatea | 227 bizt./km2 (57.) | ||||
Dirua | Suitzar frankoa (CHF) | |||||
Ordu-eremua | CET (UTC+1) | |||||
- | Udan (DST) | (UTC+2) | ||||
Aurrezenbakia | 423 | |||||
Internet domeinua | li |
Vaduz hiriburuak 5.521 biztanle zituen 2017an.
MugakideakAldatu
HistoriaAldatu
Liechtenstein 1719ko urtarrilaren 23an sortu zen, Karlos VI.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoak Vaduz eta Schellenberg batu eta printzerri titulua (Fürstentum) eman zienenean, Liechtenstein familiaren agintepean. Hala, Liechtenstein leinu ahaltsua Erromatar Germaniar Inperio Santuko estatu bateko subirano bihurtuta Inperioko Dietan eserleku bat eskuratu zuen. Hurrengo 120, urteetan Liechtensteingo printzeak ez ziren bertaratu.
Napoleondar Gerren ondorioz, Erromatar Germaniar Inperio Santua Frantziako Napoleon I.ak desegin zuen. Horrenbestez, estatuburu bakoitzak enperadorearenganako beharrak izateari utzi zion. Egungo argitalpenek gertakizun horiei egozten diete Liechtensteinen burujabetza. Napoleonen babespean Rhingo Konfederazioa sortzean, 1806ko uztailaren 25ean, Liechtenstein kidetu egin zen, harik eta 1813ko urriaren 19an desegin zen arte. Horren ondoren, Austriako Enperadorea buru zuen Germaniar Konfederazioarekin batu zen Liechtenstein.
XIX. mendean, beste aldaketa batzuk gertatu ziren: 1836an lehen zeramika-lantegia zabaldu zen; 1861ean, estreinako aurrezki eta mailegu bankua sortu zen; Rhin ibaiaren gaineko bi zubi 1868an eraiki ziren; eta 1872an herrialdea zeharkatzen zuen burdinbidea egin zuten. Zio ekonomikoak zirela medio, Liechtensteinek armada 1868an desegin zuen.
Lehen Mundu Gerra bukatu arte, Liechtenstein Austriako Inperioari eta gero Austria-Hungariari hertsiki loturik zegoen. Nolanahi ere, horren ostean Liechtensteinek ez zuen bat egin Austriako Errepublika jaio berriarekin. Bigarren Mundu Gerran, Liechtenstein neutral izan zen. Hurrengo hamarkadetan, herrialdea aberastu egin zen, enpresen gaineko zerga baxuak erabili baitzituen konpainiak erakartzeko. Liechtensteingo printzea munduko seigarren agintaririk aberatsena da, ustez bost mila milioi dolar izanik.
GobernuaAldatu
Liechtenstein monarkia konstituzionala da, horren buru Fürst edo printzea dago, gaur egun Liechtensteineko Hans-Adam II.a, honen aita 1989 urtean hil zenetik. Estatuaren subiranotasuna printzeak eta hiritarren elkarbanatzen dute,eta hiritarrek parlamentua hautatzen dute. Landtag edo Liechtensteineko parlamentua hiritarrek hautaturiko 25 ordezkarik osatzen dute. Bost partaide dituen ganbera batek eguneroko gai politikoak lantzen ditu.
1984. urteko uztailaren 1ean egindako erreferendumean gizonezkoek emakumezkoei hauteskunde nagusietan (baina ez lokaletan) partaidetza eskubidea eman zieten, hori Hans-Adam II printzearen garaipena izan zen, aldaketaren partaide sutsua baitzen.
Beste monarkia konstituzional gehienetan ez bezala, Liechtensteineko konstituzioak botere garrantzizkoak ezartzen ditu printzearengan, hori dela eta, azken urteetan botere horietako batzuek asaldura sortu dute hiritarren artean. Botere horien artean printzeak dietak onarturiko legeei betoa jartzeko aukera dago.
Hala ere, 2003. urteko martxoan egindako erreferendum batek Liechtensteineko agintaritzan dagoen dinastiaren posizio konstituzionala indartu zuen. Erreferendum horren aurretik, Hans-Adam printzeak bere sendiaren boterea berretsi ezean, berak eta bere familiak Liechtenstein utzi eta Austriara bizitzera joateko aukeraren berri eman zuen. Horrela, Liechtenstein errepublika bilakatuko zen. Erreferendum horrek Liechtensteineko dinastiak jendartean duen onarpena berretsi zuen, eta herriak Hans-Adam printzearengan duen konfiantza agerian utzi.
Liechtensteineko legediak, Suitzakoak bezala, erreferendumak egiteko aukera handiak ematen ditu, eta nahikoak dira 1.500 sinadura erreferendum bat bideratzeko. Liechtensteineko udalek badute autodeterminazio erreferenduma antolatzeko eskubidea[1].
ArmadaAldatu
Liechtensteinek neutraltasun politikari jarraitzen dio, eta munduan armadarik ez duen herrialde bakarretako bat da, 1868an desegin zuenetik. CIA World Factbook dokumentuaren arabera, herrialdearen defentsa Suitzaren ardurapean dago baina Liechtensteineko webgune ofizialaren arabera, ez dago bi nazioen arteko harremanetarako itunean defentsa hitzarmenik.
Banaketa administratiboaAldatu
Liechtenstein oso herrialde txikia denez, ez du eskualde, ez antzekorik. Gobernu zentralaz aparte, udalerriak ditu. Hauek dira Liechtensteingo udalerriak:
- Schaan: 5.806 biztanle 2005ean.
- Vaduz (hiriburua): 5.143.
- Triesen: 4.509*.
- Balzers: 4.420.
- Eschen: 4.012.
- Mauren: 3.457*.
- Triesenberg: 2.596*.
- Ruggell: 1.870*.
- Gamprin: 1.356*.
- Schellenberg: 952.
- Planken: 366.
(* 2001eko errolda).
FestakAldatu
Data | Euskarazko izena | Jatorrizko izena | Oharrak |
---|---|---|---|
Urtarrilak 1 | Urte berria | Neujahrstag | Urtero |
Urtarrilak 2 | San Berchtold | Berchtolds-Tag | Urtero |
Urtarrilak 6 | Agerkundea edo "Epifania" | Heilige Drei Könige | Urtero |
Otsailak 2 | Kandelariako birjina | Lichtmess, Mariä Reinigung | Katolikoak bakarrik |
Martxoak 19 | San Jose | Feiertag des Heilegen Joseph | Urtero |
Martxoak 25 | Ostiral santua | Karfreitag | Katolikoak eta protestanteak |
Martxoak 28 | Pazkoa astelehena | Ostermontag | Katolikoak eta protestanteak |
Maiatzak 1 | Langileen eguna | Tag der Arbeit | Urtero |
Maiatzak 5 | Igokundean | Christi Himmelfahrt | Katolikoak eta protestanteak |
Maiatzak 16 | Mendekoste astelehena | Pfingstmontag | Katolikoak eta protestanteak |
Maiatzak 26 | Corpus Christi edo Gorpuzki | Fronleichnam | Katolikoak bakarrik |
Abuztuak 15 | Festa nazionala | Nationalfeiertag | Urtero |
Irailak 8 | Ama birjinaren jaiotza | Geburtstag der Heiligen Mutter | Urtero |
Azaroak 1 | Santu Guztien Eguna | Allerheiligen | Katolikoak bakarrik |
Abenduak 8 | Andre Maria birjinaren sortze garbia | Unbefleckte Empfängnis | Urtero |
Abenduak 25 | Gabonak | Weihnachten | Urtero |
Abenduak 26 | San Esteban | Stephans-Tag | Urtero |
Liechtensteindar ospetsuakAldatu
- Hanni Wenzel (1956-), eskiatzailea.
ErreferentziakAldatu
- ↑ VisualPolitik. (2018-05-10). Autodeterminación. ¿Una ALTERNATIVA para CATALUÑA? - VisualPolitik. Noiz kontsultatua: 2019-06-09.
Ikus, gaineraAldatu
Kanpo estekakAldatu
- (Alemanez)(Ingelesez) Liechtensteingo Gobernuaren webgunea