Brontze Aro amaiera eta Burdin Aro hasierako iraultza Euskal Herrian

Brontze eta Burdin Aroak Euskal Herrian» orritik birbideratua)

Brontze Aroa eta Burdin Aroa metal aroen azken bi aroak dira. K. a. I. milurtekoko iraultza Euskal Herrian Brontze Aroaren amaieran eta Burdin aroaren hasieran izan zen.

Milurteko batez edo gehiagoz, aro berria hasi aurretik, iraultzatzat har daitezkeen gertaerak jazo ziren alor askotan. Besteak beste, bizitokiak sendotu ziren, eta hirigintza ongi antolaturiko eta gizarte egitura konplexuko herriak eraiki ziren. Teknikek oso bizkor egin zuten aurrera, zeramikazko gaietatik metalaren langintzara, eta abeltzaintzan, nekazaritzan eta salerosketan oinarrituriko ekonomia indartu zen. Sinesteei dagokienez, formula berriek eragin berezia izan zuten bizitzan eta orobat heriotzan ere bai.

Burdin Aroko mundu konplexu haren zenbait ezaugarri gaur egungo euskal kulturan ere antzeman daitezke. .

Aurretikoak

aldatu

Kristo aurreko mila, urteetan, gutxi gorabehera, igarotzen den aldia, oso garrantzi handiko aroa izan zela esan daiteke zalantzarik gabe. Garrantzi handiko aurreramendu sozioekonomikoak egin baitziren, alde batetik, aro horretan zehar, eta bestetik orduan eratu eta finkatu zirelako bai bizilekuak bai gerora historia idatziaren lehenengo lekukotasunen bidez ezagutzen diren leinu barrutiak ere.

Lehenengo abiagunetzat Behe Brontze Aroko abeldun komunitateak har daitezke.

Halako taldeak ezagunak dira Euskal Herrian, ehorzketarekin zerikusia duen kultura megalitiko oparoa eta nekrolatriazko beste jarduera askoren aztarrenak (ehorzketarako haitzuloak, hobiak eta abar) utzi baitzituzten lurralde honetako leku askotan.

Komunitate horiek aski ongi ezagutzen dira erritu horiei dagozkien gaietan; askoz gutxiago ezagutzen dira, ordea, beren bizilekuei dagokienez, erabili zituzten haitzuloak kenduta, agian. Biztanle multzo horrek lurralde honetan guztian ezagutuko diren kulturazko eragin eta joera berriak hartuko ditu. Ia-ia lehen une horretatik berorretatik hasita, alde batzuetako eta besteetako biztanleen artean desberdintasunak hasi ziren sortzen, bizilekuak antolatzeko moduari dagokionez, adibidez. Ia iparralde osoan haitzuloak eta harpeak erabili ziren batez ere bizilekurako, iparraldean karst lurrak askoz ere gehiago direlako zalantzarik gabe.

Horrexegatik, hain zuzen, gizatalde horiek aski txikiak ziren nahitaez, hegoaldean ez bezala. Izan ere, hegoaldean, klima baldintzak hobeak zirelako, eta leku batzuetan haitzulorik ez zelako, gainera, bizileku gehiago antolatzen zen kanpoan, geratu diren lekukotasunek erakusten dutenagatik bederen. Horrek ez du esan nahi, nahitaez, biztanleria handia zenik, biztanle horiek batetik bestera zebiltzala baizik, bizilekuz sarri aldatzen zirela alegia; eta horrexegatik dira, nonbait, hain ugari biziguneen aztarrenak eremu aski labur horretan. Bizigune horietako batzuek oso egitura ahaltsua zuten -Bardeetan, adibidez-, eta handik hara bizigune egitura modu hori zabaldu zen, eta ongi egituratutako bizigune egonkorra bihurtu.

Milurtekoen arteko giltza

aldatu
 
Iberiar penintsulako kulturen mapa, Brontze Aroaren erdialdean (c. k. a. 1500)

K. a. lehen milurtekoa hasi baino lehentxeago, K. a. XIV.-XIII. mendeetan alegia, Brontze Aroaren erdi-azken aldiari dagokion garaian hain zuzen, megalitoen aldiaz geroztiko gizataldeak sartu ziren Euskal Herrira, abiapuntu desberdinetatik. Hego Euskal Herriko hegoaldean kokatu ziren batez ere; horren eraginez lehenagoko bizimoduarekiko eten bat gertatu zen lurralde horretan.

Gizataldeak iritsi eta bertan kokatze hori mendeetan zehar gertatu zen, etengabe, Mediterraneo alderako lurraldeetan batez ere, Kantauri alderako lurraldeetan eta Pirinioez iparraldekoetan askoz ere eragin txikiagoa izan baitzuen, hasieran behintzat.

Hasierako une horietan bi kultura joera ageri dira batez ere. Horietako batek Iberiar penintsulan du jatorria, Cogotas I-eko kultura munduan-edo, nonbait; besteak, berriz, Europa erdialdean-edo du jatorria, tumuluen kulturaren antza sumatzen baitzaio hasieran, eta Kutxa Zelaikoena geroago.

Etorkin horiek, lehendik bertan ziren gizataldeekin batera, gizatalde multzo aberats eta askotarikoa eratu zuten, geroztiko biztanleriaren oinarri izango zena. Gizatalde multzo horren askotarikotasun horrexegatik, hain zuzen ere, ezin da biztanleria horren egitura zentzu bakarrekoa eta soila balitz bezala aztertu, bestela baizik, elkarren paraleloan, nahastu gabe leudekeen ildoak balira bezala irudikatu behar da, batzuetan batera biltzen eta forma mistoak eratzen dituztela.

Aurrecogotas eta Cogotas I-eko kultura mundu horrek bere ezaugarri berezi diren material asko utzi zituen. Zeramikak batez ere: azala zimurrez eta azkazal arrastoz markaturik, ontzien goreneko herenean horizontalean edota aho ertzean bertan zeharretara tantak edo xapatak dituztela, eta oin planoak, zenbaitetan saskigintzako arrastoak dituztela. Soslaia ganbil samarra izaten dute, eta ahur-ganbila; ahoa berriz, itxi samarra ia beti. Gisa horretako materialak haitzuloetan agertu dira batez ere, bai bizilekutarako erabiltzen ziren haitzuloetan bai bestelakoetan. Gai horietan artean, han eta hemen, Boquiqueko zeramika motak ageri dira, Araba aldean batez ere, baina baita Bizkaiko zenbait lekutan ere. Kultura ingurune horren egintza da haitzuloetako arte abstraktu eskematikoa, Lacozmonteko Solacuevako haitzuloan (Araban) eta Arenazakoan (Bizkaian) azaldu diren aztarnategiek erakusten dutenez. Haitzuloetako artea ez da beti antzinako material hauekin batera agertzen nahitaez; izan ere, beste haitzulo batzuetan, hala nola Lazaldai, Liziti, Pico Corral edo Los Morosen adibidez (Araban daude denak), geroagoko arte motekin batera agertzen baitira material horiek.

Boquiqueko kultura munduaren inguruan azaldu ohi diren apaindura mota horiek bestelako aztarnategi batzuetan ere azaltzen dira, hobi ehorzketetan adibidez. Gertaera horien kronologiari dagokionez, oso aldi zabal baten barruan kokatzen dira, zeren lehen Boquique aldiko zeramika duten aztarnategiak badira Arabako Lautadan (Santa Maria de Estarronako zuloa) K. a. XIX. menderako. Gainerako aztarrenak, Boquiqueko zeramika eta irtenunezko apaindura dutenak, K. a. X-VII. mende bitartekoak dira gehienak, eta beste batzuk, egitura horiekin beroriekin, baina bestelako material batzuez eginik, normala den bezala, Burdin Aroaren azken aldera arte ere azaltzen dira.

Cogotas I-eko munduko biztanleen egoitza hartzeari dagokionez, eredu bat baino gehiago bereiz daiteke. Batzuk haitzuloetan bizi izan ziren, baina beste batzuek, ohitura zahar bati jarraituz, bi eremu desberdinetan antolatu zuten bizitokia, orain behealdeetan (Omecillo eta Ebro ibai arroetan, ia babes naturalik gabe; han azaldu dira Boquique zeramikak, irtenunez apainduak, eta azkazal eta behatz arrastoz markatuak), orain goialdeetan (Omecillo eta Ihuda-Zadorra ibai arroetan, egitura gotor artifizialez babesturiko harkaitzarteetan).

Goialde horietan ez da Boquiqueko zeramikarik agertu, ezta irtenunez apaindutako zeramikarik, baizik eta ontzi ahur-ganbil irekiak, ebakiez ildaskatuak, eta baita aurreko beste tipologia mota guztietakoak ere, zeinak antzekotasun handiak baitituzte Cogotasko munduarekin.

Lautadako mundu horrek, beraz, aztarna ugari utzi du Euskal Herriko hegoaldean.

Kronologiari dagokionez, mundu horrek oso denbora bitarte zabala hartzen du: Erdi/ Azken Brontzetik Antzin Burdinaren hasierara bitartekoa, hain zuzen. Inoiz ere, kultura material horretako ezaugarrietako batzuk, Euskal Herrian askoz gehiago zabaldu eta errotu ziren beste kultura modu batzuetan ere azaldu dira, hondar elementu gisa. Elementu horien dentsitateari eta intentsitateari dagokionez, alde handiak daude, beti bezala, ipar eta hego isurialdeen artean.

Bizitokien garatzea eta sendotzea

aldatu
 
Brontze Amaiera Aroko edo Burdin Aro hasierako Axtrokiko ontzietako bat.

Brontze Aroaren bukaeran eta Burdin Aroaren hasieran iparraldetik barrena heldu ziren beste talde batzuen ekarpenari esker sendotu eta egituratu ziren biziguneak, eta ia aldaketarik gabe iraun zuten hurrengo aroa arte.

Leku askotan aurkitu dira era horretako biziguneen arrastoak. Pixkana-pixkana alde guztietara zabaldu ziren, lehenagotik zeuden eta bestelako kultura ezaugarriak zituzten biziguneen tokia hartuz, ez ordea haiek baztertuz. Alegia, bizigune berriek bat egin zuten zaharrekin, eta gutxitan baztertu edo abandonatu ziren lehendik zeudenak. Hala ere, gehien-gehienak berritik sortu ziren. Bizigunea non finkatu hautatzeko irizpide nagusietako bat -tipologiari dagokionez, hamar formula nagusi bereizi ohi dira-, delako lekuak babes naturala izatea da.

Gero, bizigune horretan beste lan handi batzuk egiten ziren lekua hobeto babesteko (harresiak, lubakiak) eta etxeak ezartzeko (aldapetan zapaldiak prestatzea), etxebizitzak ezartzeko oinarri gisa. Bizigunea ezartzeko leku egokia hautatzeaz gainera, ingurunea (bideak eta ingurumariak) kontrolatzeak ere garrantzi handia zuen. Hori da herrixka batetik bestera tarte bat izatearen eta bakoitzak eremu bat kontrolatzearen arrazoia. Herrixken eremuari dagokionez, bestalde, alde handiak zeuden batetik bestera: txikienek hektarea erdi bat inguru zuten, eta handienek, berriz, 27 hektareatik gora -Carasta (Araba)-, baina gehien gehienek 4,5 hektarea inguru.

Herrixken lurralde banaketan ere gorabehera handiak zeuden alde batetik bestera; oraingoan ere ugariagoak ziren hego isurialdean ipar isurialdean baino. Gehienak Araban eta Nafarroan zeuden, Iruñerria-Lizarrerria-Arabako Errioxa lur zerrendaren inguruan batez ere. Gehienetan, ibai ertzean finkatzen ziren herrixkak, bai alde batekoak bai bestekoak.

Herrixka horietan eta beste zenbait aztarnategitan -nekropoliak, trikuharriak eta tumuluak-, egin diren induskatze arkeologikoei esker, horien bilakaera eta kronologiari eta lurraldeari dagozkion beste ñabardura batzuk ere jakin ahal izan dira.

K. a. bigarren milurtekoaren bukaeraz gero, erdialdeko Europako gizataldeek garapen eta okupazio egitura berriak sortzen hasi ziren, baina izan, izan zirela badakigu ere, ez da haiei buruzko datu askorik, ez baita behar bezain aztarnategi handirik aurkitu. Egituraz, etxebizitza arinak egiten zituzten, egurrezkoak, buztinez-edo estaliak. Etxebizitzen banaketan aldeak zeuden herrixka batetik bestera, baina badirudi bakoitza unitate bakartzat hartzen zela, eta herrixka non zegoen kokatua, edo ordena jakinik gabe edo nolabaiteko hiri egitura osatuz kokatzen ziren, erdigune baten inguruan edo pila batean, eremu libre handiak utziz, betiere.

Izan ere, abeltzainak izanik, eremu libre handiak behar zituzten herrian abereak gordetzeko.

Handik hara, herrixkak finkatu eta sendotu egin ziren, lurralde mugak zehaztu, eta gizartea gero eta egitura konplexuagoetan antolatu. Herrixken bilakaeran, baina, gorabehera handiak izan ziren batetik bestera.

Horretan eragina izan zuten kokalekuak, herrixkak eskualdean zuen garrantziak, eta gizarte eta ekonomia antolamenduak. Hala, leku batzuetan "industria" (metalurgia) bultzatu zen -moldeak, arragoak, brontzea funditzeko elementuak eta abar-, eta nekazaritza ere orduan hasi zen indartzen.

Etxeko tresnengatik bereizten dira Brontze Aroaren bukaerako talde horiek, zeramikagatik gehienbat. Lehengo ontzi eta apaindura motei -behatz eta azkazal markak, lokarri gisan jarriak-, beste batzuk gehitu zitzaizkion orduan, ontzi espatulaz leunduak: ontzi txiki ahur-ganbilak, batetik, eta lepo ahur irekiko ontzi handixeagoak, bestetik. Garai hartako apaindurak ebakiez eginak dira. Gero, ontzietan irtenuneak, grafito itxurako marrazkiak eta lerro ildaxkatuak egiten hasi ziren, gorriz eta zuriz margotzen eta abar. Gauza gehiago ere egiten zuten etxerako, buztinezko ontzi handiak, landare zuntzezko eta zurezko tresnak eta abar. Beste tresna batzuek (brontzezko orratz buru-kiribilduak, orratz erdi-erditik zulatuak, fibula mota desberdinak, botoiak, aizkora burudunak, uztaiak eta abar), Europa erdialdean-edo dute jatorria, Atlantiko aldean, eta Tumulugileen eta Kutxa Zelaien Kultura munduetako ezaugarriak ere badituzte. Urrezko eta zilarrezko ale batzuk ere agertu dira, hiru aztarnategitan: Lacozmonteko Solacuevan, Peñas de Oron eta Axtrokin. Beste zenbait elementutan Frantziako hegoaldekoen ezaugarriak antzematen dira. Haitzuloetan ere azaldu izan dira jatorri hori duten zenbait elementu, zeramikaz gain, hala nola ezpata kirten bat Lacozmonteko Solacuevan.

Brontze Aroaren azken aldiko aztarnak, beraz, Euskal Herriko hegoaldean azaldu dira gehien-gehienak. Etxebizitzei dagokienez, induskatze arkeologikoak egin diren lekuetan bi motakoak bereiz daitezke: batzuek oin biribila edo biribil antzekoa dute, eta besteek, berriz, kantoiduna, lauki zuzen itxurakoa. Bai mota bateko bai besteko etxeetan sutondoa gela erdian jartzen zuten. Etxe barruan hormak eta zorua apaindu egiten zituzten, margo gorrizko irudi geometrikoz (La Hoya) eta figuratiboz (Cabezo de la Cruz).

Mundu horrek oso bilakaera geldoa izan zuen lehen Burdin Aroan zehar. Dena den, herrixkak handitu eta beste leku batzuetara zabaldu ziren, Hego Euskal Herriko iparraldera eta Ipar Euskal Herrira. Babes gisa harresi handiak egiten zituzten harri kozkorrez, barrura iristea eragotziz. Etxeak egiteko ere harria erabiltzen hasi ziren; batzuetan oinarria besterik ez zuten egiten harrizkoa, baina beste batzuetan pareta handiak egin zituzten, egurrezko habeei eta sabaiei eusteko (estalkia landarez egin ohi zen, eta goiak adobez ixten ziren). Beste etxebizitza batzuk harpeetan moldatzen ziren, bertan paretak-eta eraikiz. Euskal Herrian 300 leku baino gehiagotan aurkitu dira era horretako etxebizitzak.

Hileta guneak (hilerriak eta hileta oroigarriak), ez dira hain ongi ezagutzen.

Ehortze erritu zabalduena hilotzak erraustea zen; hobekien aztertu diren hilerriak zista eta atabaka-zelaiak, tumuluak eta harrespilak dira. Haurrak, berriz, Erdi/Azken Brotzetik aurrera etxe barruan hilobiratzen ziren, eta horrela egin izan zen erromatarren garairaino, baita, zenbait lekutan, duela ez asko arte ere.

Euskal Herrian hileta oroigarri zabalduenak harrespilak eta menhirrak izan dira.

Aurrenekoak, Brontze Aroaren erdialde edo bukaeraz gero eta Burdin Aro osoan erabili ziren, eta Erdi Aroan ere bai, nonbait. Hileta oroigarri hori Pirinio aldean zabaldu zen gehienbat (Nafarroa Garaia eta Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi eta Zuberoa), goialdeetan, artzaintza lekuetan alegia. Bizkaian eta Araban ere badira, baina oso gutxi. Menhirrak ere (zer funtzio betetzen zuten ez da garbi zehaztu), ingurune horretan zabaldu ziren, Pirinio aldean. Euskal Herrian berrogeita bederatzi daude guztira, eta haien kronologia zehatza ezagutzen ez bada ere, historiaurrearen azken aldikoak direla uste da.

Aldaketa berriak eta eraginak

aldatu
 
Cogotas IIko ezpatak

Gizatalde hori, ongi finkatua eta sendotua bere ingurunean, iberiar munduaren eragina izaten hasi zen, hegoaldean batez ere, Ebro aldean. Eta hala, K.a. V. mende inguruan, garapen eredu berriak bideratu zituen, ekonomian gehienbat. Horrek egitura aldaketak eragin zituen arlo guztietan.

Hori da Burdin Aroaren erdialde honetan mundu zeltiberiarra-edo deitu dena. Nekazaritza estentsiboa (laborea batez ere) bultzatu zen, eta horrek ere aldaketa handiak eragin zituen. Herrixketan ere, bultzadaren bultzadaz, aldatu egin ziren hiri egiturak, eta gehiago eraiki zen, biltegiak behar baitziren aldi jakinetako produkzio soberakinak gordetzeko. Etxebizitzetan ere biltegiak egin ziren, eta lekuz aldatu zen beheko sua, horman kontra jarri zen. Zeramika da kultura modu berri horren beste erakusgarri bat. Tornu azkarrari esker, beste ontzi mota batzuk egin ahal izan ziren. Apaintzeko oxido pinturak erabiltzen ziren, eta labe oxigenatuetan egosten ziren. Beste forma batzuk, modelatuz eginak, kutxa hankadunak dira, egoste prozesu berberaz eginak, eta irtenunez apainduak. Tornuz egindako zeramika mota berri horretan mahai tresneria eta gauzak gordetzeko elementuak ziren ugarienak. Sukalderako ontziak deskoipetzailerik ez zuten buztinekin egiten ziren, erredukzio egosketa prozesu antzinako baten arabera. Burdingintzaren zabalkundea formula ekonomiko berri horien eragile edo ondorio den, ez da erraz jakitea.

Kontua da burdinazko gauza asko aurkitu dela, bai lanabesak (igitaiak, goldeak, zizelak, ziriak, aitzurrak, zerrak, aizkorak) bai armak. Brontzea apaingarri gauzetarako eta erabili zen: zintzilikarioak, lepokoak, fibulak eta abar.

Aztarnategi handiak direlako ongi aztertu ahal izan diren herrixkek (La Hoya) oso urbanismo aurreratua erakusten dute, eta ongi antolatua, beren etxe sailekin eta kaleekin, espaloiekin -karrerak eta guzti zenbaitetan-, etxebizitza publiko, denda eta bestelako aurrerapenekin.

Mugimendu berri hori Ebro ibarraren inguruan zabaldu zen batez ere. Iparraldeko biztanle gunetara ere iritsi zen haren eragina, baina oso ahuldua. Herri zeltiberiar horiek gehienak lehendik (Brontze Aroaren bukaeraz geroztik, zenbait kasutan) ezarritako beste herri batzuen gainean ezarri ziren. Oso gutxi sortu ziren nonbait berri-berritik.

Baina horrek ez zuen jendea herriak uztera edo lekuz aldatzera behartu.

Ez, kultura eredu berri horren ekarleak lehengo egitura zaharretan txertatu ziren, salerosketan edo beste zenbait lanbidetan espezializatuz. Talde horiek elkarrekin bizi izan zirela, nahiz eta banaturik eta zein bere kultura moldeak gordez, argi eta garbi ikusten da, La Hoyako aztarnategian adibidez, baina gatazkak izan zituztela ere garbi azaltzen da aztarnategi horretan bertan.

Zenbait tokitan zeltiberiar kultura zabaltzen ari zen bitartean, beste lekukotasun batzuk zabaldu ziren eboluzio bilakaera itxuraz erraz horietara, oraindik gehiago zailduz edo aberastuz -nondik begiratzen den- Burdin aroaren erdialdeko herrixken erabidea.

Hortxe dago, adibidez, Cogotas IIko kultura munduaren eragina -eztenez inprimatutako zeramikarekin-, txikia benetan, Lastrako kastroetako aztarnategian. Eta hor da Bureba-Bernorio mendiko kultura mundua ere, eragin handixeagokoa, bere hilobi armez hornituekin La Hoyako nekropolian eta Carastako kastroan. Gerlarien armak dira gehienak, eta tipologiagatik eta apaindura aberatsarengatik (nielak), argi dago haien jatorria.

Bizkaian eta Gipuzkoan aurkitu diren txanpon multzo batzuk, bat Larrabetzun dagoen Lexartza mendian[1][2] eta besteak Ataungo Usategi [3]eta Zestoako Amalda haitzuloetan, Burdin Aro aurreratuaren bukaerakoak dira, Sertorioren gerren garaikoak, gutxi gorabehera. Denarioak dira diruok, hainbat txanpon etxetan eginak: Barskunes, Bengoda, Turiasu, Segobirikes, Arkaos, Bolskan, Aregoradas, Bentian, Kuellokos, Ilduro. Txanpon etxe horietan egin ziren, halaber, Euskal Herriko beste lurralde batzuetan, han-hemenka sakabanaturik aurkitu egin diren beste txanpon batzuk, beti ere Burdin Aro amaierakoak edo erromatartzearen hasierakoak direla.

Inskripzio batzuetan (La Custodiako tesera batzuetan eta Andelosko mosaiko batean azaldutakoak [erreferentzia behar], hala nola hainbat eta hainbat txanponetakoak, guztiak iberiar signarioan idatziak), argi eta garbi ikusten da hizkuntza zeltiberiar bat erabili zela Euskal Herriko lurralderen batean, baina azterketa berriago batzuen arabera euskararen hurbileko ñabardura aurreindoeuroparrak ere ikus daitezke haietan. Beste hainbeste esan daiteke lurraldeetako batzuetan gorde den indoeuropar toponimia ugariaz.

Aro aldaketara bidean

aldatu
 
Iruña-Veleiako harresia

Mundu zeltiberiarra ezartzean gertatu zen bezala, eta antzeko ezaugarriekin, herri eta kultura horiek guztiek erromatar mundua ezagutu zuten. Beste garai batzuetan bezala orduan ere, okupazioa eta eragina handiagoa izan ziren leku jakin batzuetan gainerako lurraldean baino.

Herrixka horietako batzuetan nabarmena izan zen erromatartzea. Material erromatar asko aurkitu da, eta hori salerosketaren fruitu bainoago, kanpoko eredu material bat ezarri izanaren ondorio da. Kanpokoaren ezartze hori ez zen leku eta eskualde guztietan berdin gertatu; soilik leku batzuetan egiazta daiteke erromatarren presentzia.

Herrixka batzuk hustu egin ziren biztanlez aro aldatze inguruan; beste batzuek, berriz, bizirik jarraitu zuten, baina gainbehera eginez pixkana-pixkana. Azken Burdinaren hondarrak dira, nolabait esatearren.

Erromatarrak garraiabide nagusien ondoko lekuetara eta bizigune handi eta sendoetara zabaldu ziren lehenbizi. Erromatarrak, beraz, ez ziren soilik lehendik sendoturiko hiriguneetan ezarri; aitzitik, antolaturiko gizarte egitura batean sartzen saiatu ziren, itunen bidez-eta beharbada, eta besteak beste garraiobideak eta ekoizpen guneak kontrolatu ahal izan zituzten horrela.

Horren paradigma nagusiak bi Iruñak dira. Araban, Veleia hirian, Azken Brontzean bukaeran sorturiko herri zabal batean ezarri ziren erromatarrak, bertako biztanleekin bat eginez. Herri horrek antzeko hedadura izan zuen gutxi gorabehera erromatarrak iritsi aurretik eta ondoren. Nafarroan, berriz, herri zahar batean gainean eraiki zen Pompaelo, Azken Brontzeaz gero, eta handik hara ere bai, leku hura bera okupatu zuen herriak.

Hain zuzen ere garai horretakoak dira inguru honetako leinuez iritsi zaizkigun lehenengo berriak: Hego Euskal Herrian autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak, baskoiak eta beroiak; Ipar Euskal Herrian akitaniarrak; Pirinio ibarren inguruan tarbeliarrak, suburatiarrak, oszidatiarrak eta beste herri batzuk.

Leinu horien banaketa, baina, ez dator bat azkeneko urte hauetako iritzi zabalduenarekin, alegia, ur banalerroaren araberako banaketa (iparraldea eta hegoaldea) tradizionalarekin.

Hala, autrigoiak, karistiarrak eta barduliarrak ez zituzten soilik gaurko Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeak hartu, Arabara ere zabaldu baitziren. Aire zabaleko etxebizitzen dentsitatean leinu batetik bestera alde handiak daudela kontuan harturik, lurralde barruti horiek eragin eremu gisa hartu beharko lirateke lurralde batasun gisa hartu ordez, interes estrategiko baten arabera okupatzen baitziren. Kontuan hartzekoa da halaber beroiek okupatutako aldea, adibidez, -alegia, Arabako Errioxa-, argi eta garbi bereizten zela aurreko beste horietatik Toloñoko mendilerroa aldean, baina aitzitik, mendebalean, haien eta autrigoien arteko bereizketa ez zela hain argia. Horra zergatik azaldu diren Bureba-Bernorio mendiko esparruko elementuak Arabako Errioxa aldeko goialdeetan. Honekin argi utzi nahi da leinuak, hasieran muga zehatzak bazituzten ere, elkarrekin nahasten zirela mugaldean.

Jende horren erritu batzuk ere ezagutzen dira, hala herrien fundazio errituak -adibidez, animalia baten defentsa naturala (oreinaren adarrak) jartzea harresian, magia sinpatikoko ekintza gisa-, nola, besteak beste, giza burezurraren kulturarekin loturiko beste zenbait fenomeno. Beste zenbait lekuk -Gastiburu (Bizkaia), adibidez-, erabat zehaztu gabeak oraindik, santutegi funtzioa izan duela dirudi. Sinesmen horien proiekzio bat bizirik dago gaurko gizartean: eguzkiaren inguruko errituak, solstizioen inguruko ospakizunak, hilen eta asteko egunen izenak, izadiaren gurtza (gogoaren munduaren erdigune gisa hartua izadia), eta abar. Sinbolo horietako batzuk, eguzkia batez ere, zenbait adierazpen plastikotan gauzatu dira (lauburuetan, erradio okerreko gurpiletan), eta hilarrietan eta beste elementu askotan ere azaltzen dira. Halaber, totemismo zoolatriko bat ere islatua geratu da zenbait gauzatan, hala mozorroturiko hainbat eskulturatan, eta, gainera, horrek jarraipena izan du animalien erreferentzia egiten duten pertsona izenetan: Otsoa, Usua, Gartzia (= hartz), Bela (= bele) eta abar.

Brontze Aroko materialak dituzten aztarnategi batzuk

aldatu

Hiru aztarnategi mota aurkitu dira Brontze Aroko materialekin: hilobi kobak, aire zabaleko bizitokiak eta megalitoetako hilobiratzeak)


Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Casanova, Isabel Rodríguez. (2009). «Nuevos datos sobre el tesoro celtibérico de Monte Lejarza-Larrabezúa (Vizcaya)» Zephyrvs 63: 135–154. ISSN 2386-3943. (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
  2. (Gaztelaniaz) francis. (2014-03-22). «Tesorillo de Larrabezúa» Denarios Ibéricos (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
  3. (Gaztelaniaz) francis. (2015-02-02). «Tesorillo de Usategui» Denarios Ibéricos (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
  4. a b c d e f g h i j k l m (Ingelesez) Alday Ruiz, Alfonso. (1992). «Síntesis sobre la cuestión cultural Neolítico - Edad del Bronce en el País vasco» Estudios Vascos (Sancho el Sabio).
  5. (Gaztelaniaz) Fernández Eraso, Javier. (1997). Peña Larga. Memoria de las escavaciones arqueológicas 1985-1989. Memorias de yacimientos alaveses.. Arabako Foru Aldundia ISBN 84-7821-327-9..
  6. (Gaztelaniaz) «Haltzerreka (Gipuzkoa): Un asentamiento del bronce Antiguo al aire libre en un medio de montaña» Kopie (Bízkaiko Foru Aldundía) (28): 89-120. ISSN 0214-7971 ISSN 0214-7971..
  7. a b (Gaztelaniaz) Armendariz, Angel; Etxeberria, Francisco. (1983). «Las cuevas sepulcrales de la Edad del Bronce en Guipúzcoa» Munibe (Aranzadi zientzia elkartea) (35): 247 -354..

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu