Irrati (hedabidea)
- Artikulu hau hedabideari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Irrati (argipena)».
Irratia irrati-uhinen teknologia baliatzen duen haririk gabeko hedabidea da[1], publiko zabal bati zuzendua eta norabide bakarrekoa. Irratia mundu zabaleko hedabide ohikoenetakoa da, telebistarekin batera. Irrati-kate izeneko erakundeen bitartez, denetariko edukiak zabaltzen ditu, hala nola albisteak, musika eta aisialdiko irratsaioak. Irratsaio horiek entzuteko irrati-hargailu bat behar da. XX. mendearen bukaeratik irrati digitala[2] garatu zen, seinale analogikoan oinarritutako teknologia zaharraren aukera moduan. Aldi berean, Internet bidezko online irratiek ere zabalkuntza handia izan zuten. Azken urteotan podcast-ak ere ugaritu egin dira, eta gero eta lausoagoa da irratia eta podcast-en arteko marra.[3]
Irratiaren sorrera
aldatuIrratiaren asmakuntza lan kolektiboa da, uhin elektromagnetikoen aurkikuntzarekin hasi, telegrafoa asmatu eta haririk gabeko komunikaziorako erabil daitezkeen lehen materialetara eramaten duena.
- 1873an James Clerk Maxwell fisikari eskoziarrak irratiaren oinarria diren uhin elektromagnetikoen teoria formulatu zuen.[4]
- 1887an, Heinrich Hertz fisikari alemaniarrak Maxwellen teoriak berretsi zituen, uhin elektromagnetikoak sortzeko eta detektatzeko modua aurkituz. [5]
- 1894an, Nikola Tesla ingeniari serbiarrak irrati uhin bidezko komunikazio inalanbrikoaren demostrazio publikoak eta lehen irrati emanaldia egin zuen.[6]
- 1895an, Aleksandr Stepánovich Popov fisikari errusiarrak San Petersburgon (Errusia) egin zituen lehen erakustaldiak.[7]
- 1895an, Guglielmo Marconi ingeniari italiarrak, lehen irrati-sistema eraiki zuen eta 1901ean Atlantikoaren alde batetik bestera, 3360 km zeharkatuz seinaleak bidaltzea lortuz.[8]
- 1902an, Julio Cerverak, Javea (Alacant) eta Eivissa artean giza ahotsa haririk gabe trasmititu zuen.[9]
1920an hasi ziren Argentinan aisialdi arruntetarako lehen transmisioak. Abuztuaren 27an, Buenos Aireseko Coliseo Antzokiko terrazatik, Radio Argentina Elkarteak Richard Wagnerren Parsifal opera transmititu zuen, munduko lehen irrati-difusio irratiaren programazioarekin hasiz. 1925erako, hamabi irrati zeuden hiri horretan, eta beste hamar herrialdearen barruan.[10]
Irratigintzaren bilakaera
aldatuIrratiak historikoki bilakaera zaila izan du: Frantziako Estatuan monopolio egoeran egon da 1980ko hamarkadara arte eta Espainiako Estatuan hasieratik irrati publiko eta pribatuak egon diren arren, Euskal Herrian bezala errepresio gogorra jasan du. Duela gutxi hasi zen euskal irratigintza, hala ere, erabilera gorantza doa eta etorkizunera begira norabide berdina izango duela dirudi. Transmisio-sistema berriak eta digitalizazioak kalitate-hobetzea ekarri dute azken urteotan. Gero eta baliabide gehiago daude, xede-taldeak zehaztuagoak dira eta uhinak, kablea, satelitea eta internet erabili daitezke irratia entzuteko. Dena den, irratiaren etorkizuna kolokan dago, dema handiei aurre egin beharrean.
Europan lehen irratiak ezarri zirenetik mende erdi pasa den arren, garai hartako bizitasuna mantentzen du medio honek. Bere horretan diraute irratigintzaren jabegoaren eta kudeaketaren inguruan agertu izan diren eztabaidak eta teknologikoki momentuko egoerara egokitzeko erakutsi duen ahalmena. Zerbitzu publiko gisa, estatuaren monopolioaren mende, eta gerra arteko garaian sortu eta garatu izanak asko baldintzatu zuten irrati-telebistagintzaren bilakaera. Izan ere, Media in Basque liburuan aipatzen denez, “testuinguru politiko, ekonomiko, teknologiko eta sozial desberdinean aritu izan arren, antzerako bilakaera izan du Espainiar Estatuan eta Frantziar Estatuan eta, ondorioz, baita Euskal Herrian ere”.[11]
Frantziako Estatuan
aldatu1837an telegrafiaren legea onartu zen Frantziar Estatuan eta horrekin helburu komertziala zuten irrati-etxeak abiatu zuten irratigintza. 1897an Estatu frantziarreko lehenengo frogak burutu zituen Eugène Ducretet ingeniariak eta gutxira lehen irrati pribatua jarri zen martxan.[12] 1922an, Radiola irratia sortu zuten, gero, Radio Paris izango zena[13]. Honen ondoren sortu ziren Radio Toulouse, Radio Lyon edo Radio Luxembourg bezalako beste asko.[14]
Sektorea Estatuaren monopolio gisa definitu zen arren, publizitatearen bidez finantziatu ziren irratientzako emisio-lizentziak banatu ziren. 1933an sortu zen Le Poste national eta urte berean irrati-hargailua izateagatik etxebizitzek ordaindu beharreko zerga ezarri zuten. Irrati-hargailuen kopuruak gora egin zuen denbora gutxian (1933an 1’3 milioi eta 1939an 5 milioi) eta 12 irrati pribatu eta 20 irrati publiko zeuden[11]
Bigarren Mundu Gerra bitartean propaganda zabaltzeko tresna ezin hobea izan zen. Gerra amaitu zenean gobernuak monopolio publiko lez definitu zuen irriatigintza. Orokorrean sistema frantziarraren alde egin zuten irrati publikoek, baina, pribatuek, nazien aldeko jarrera erakutsi zuten. Horren ondorioz, estatuak sektorearen jabetza bereganatu eta irratigintza arautu zuen. Irrati hauetako askoren emisioa debekatzea izan zen erabakietako bat. Geroztik Frantzia osorako irrati-zerbitzu iraunkor eta zabala ezartzeko pausoak emanten hasi ziren eta horrela 1947an, gerora France Inter irratia izango zen Paris Inter irrati publikoa sortu zen.[15]
Irrati-hargailua izateagatik ordaindu beharreko zerga kendu zuten 1978an eta ordutik telebistaren kanonaren bidez finantzatzen dira irratiak. Liberalizazioaren aldeko mugimendua sendotu zenean, hainbat irrati libre sortu ziren eta 1981an Mitterranden lehendakaritzarekin monopolioaren amaiera iritsi zen. Baina bitartean, irratigintza “periferikoa” izenekoa garatu zen. Alemaniatik (Europe No1), Monte-Carlotik (RMC) edota Andorratik (Radio Andorra) emititzen zuten irrati pribatuek pisu handia hartu zuten eta irratigintzak Frantzian zuen indarra agerian utzi zuten.
1981etik, irratigintza libreak giro politiko berrian aurkitu zuen aukera, baina garapen teknologikoari esker garatu zen. FM-ak, hau da, maiztasun modelatuak irrati asko sortzeko bidea ireki zuen eta gainera, publizitatea emititzeko baimena jaso zuten. Maiztasun modelatuari esker ere, programazio formatuak ugaritu egin ziren. Gaur egun Frantziako irrati-sisteman irrati publiko eta pribatuak daude Conseil Supérieur de l’Audiovisuel erakundeak horrela araututa.
- Irrati publikoak, hiru multzo handi ditu Radio France, Radio France Outremer eta Radio France Internationale. Batez ere, telebistaren kanonarekin eta baimentzen zaizkion publizitate bidezko sarrerekin finantzatzen dira.
- Irrati pribatuen artean berriz, bost irrati-eredu definitzen dira: irrati asoziatiboak: (elkarteak, mugimendu sozialak ala kulturalak sortuak), komertzial lokalak, Estatu osorako irrati-kate telematiko batera lotuta dauden irrati komertzialak, irrati telematikoen bideragailu-lana egiten duten irratiak eta orotariko irrati komertzialak. Irrati hauek publizitateaz bizi dira, baina asoziatiboak, diru-laguntza publikoa jasotzen dute eta aurrekontuaren %20 arteko publizitateaz baliatu daitezke. Aipagarriak dira Europe 1, RTL eta NRJ talde multimediak.
Frantzian 2011 urtean zehar egindako telebista analogikotik digitalerako jauzian Lurreko Telebista Digitala (LTD) ezarri zen eta eta 2012an Lurreko Irrati Digitala (LID). Handik aurrera irrati nagusiak bertatik jaso ahal dira. Hala ere sareak Frantziako irrati gehienek on-line zerbitzua esakintzen dute Internet bidez.
Espainiako Estatua
aldatuXX. mendearen hasieran emisio-maiztasun finkorik ez zuten irratsaioak emititzen hasi ziren Estatu espaniarrean, besteak beste, 1924ean Madrilgo Radio Ibérica izenekoak zuzeneko musikaldiak eskaintzen zituen eta emisio-maiztasun finkoa zuten irratiak sortu ziren, Radio Barcelona eta Radio España (Madril). Denbora gutxian irratigintzak izaera komertziala bereganatu zuen eta Espainiako hiriburu handietan enpresa pribatu gisa sortutako irratiak zeuden. 1925ean Unión Radio sortu zuten Madrilen eta emisora horrek kate bihurtzeko bidean zenbait irrati berri sortzeko ekimenak burutu zituen. Irrati honek, SER izena hartu zuen urte batzuen ondoren.[16]
Espainiako Gerra Zibilak agerian utzi zuen irratigintzaren balio militar, politiko eta komunikatiboa eta 1937an sortutako Radio Salamanca -geroko Radio Nacional de España (RNE)- propaganda zabaltzeko tresna gisa erabili zuten. Gerra amaituta, frankismoak sistema publikoa eta pribatua elkar lotuta mantendu zituen, lizentziak emanez eta edukietan zentsura aplikatuz. Aipatutako SER kateaz gain, Compañía Intercontinental eta Rueda de Emisoras Rato sortu zen eta erregimenaren eskutik RNE kateaz gain, Red de Emisoras del Movimiento, Cadena Azul de Radiodifusión eta Cadena de Emisoras Sindicales sortu ziren. 1953an, Vatikanoarekin sinatutako akordio bati esker, parrokietako 200 irrati sortu ziren, beranduago COPE (Cadena de Ondas Populares Españolas) katean bildu zirenak.[16] Orduan RNEk zuen irrati-albistegiak emititzeko monopolioa eta honen ondorioz, irrati guztiek, egunean hirutan konexioak egiten zituzten RNErekin bere albistegia emititzeko. Egoera ez zen aldatu Franco hil zen arte eta informazio-zerbitzuak debekaturik egon ziren 1977 urtera arte.
FM irratia ezartzean eta Europan irratigintzaren ordenaketa teknikoa egin zenean, irrati-panorama berria gauzatu zen Espainako Estatuan. Besteak beste, RNE, REM, CAR eta CES kateak RTVE ente publikoaren inguruan batu ziren. Garai berean, SER, RATO eta COPE kateei Antena 3 eta Radio 80 gehitu zitzaizkien. Garai hartan irrati pribatuen sistema osoa gutxi batzuen esku geratu zen. Irrati libreak frankismoa bukatuta sortu ziren eta FM lizentziak lortu zituztenak kate priabatuetara batu ziren. Hau da, kontzentrazio-joera eman zen. Orokorrean irratigintza informatiboaren garaia zela esaten da.
Autonomia estatutuen itzalpean, 1983 inguruan EAEk (Euzko Irratia), Kataluniak (Catalunya Ràdio) eta Galiziak (Radio Galega) irrati publiko deszentralizatuak sortu zituzten. Haien ondotik beste asko zortu ziren; besteak beste, Onda Madrid (1986), Canal Sur de Radio (1987) edota Canal 9 Radio (1989). 1990eko hamarkadan irratien kontzentrazio joera areagotu zen eta talde multimedien inguruan batu ziren haietako asko. Oligopolio horren aktore nagusiak, Unión Radio (Prisa eta Godó), Onda Cero (Telefónica Media) eta Unión Ibérica Radio-Radio España (Planeta) ziren.
Espainiako irratigintza pribatua eta publikoa eskutik lotuta sortu eta garatu dira. Lehenengoak, publizitateaz finaziatzen da eta kapitalaren kontzentrazioa eta multimedia garapenaren bidetik garatu da. Estatu osorako emisioak lehenetsi eta formatuaren borrokan egon dira beti. Irratigintza publikoa berriz, diru publikotik bizi da eta Estatu osokoari dagokionez nahiko zentzalista izan da. RNE irratia da publiko nagusiena, hala ere ez da bakarra. Irrati kate hau, publizitaterik emititzen ez duen irrati bakarra da, Espainiako Irrati Telebista Estatutuak horrela aginduta. Autonomia erkidegoetan sortutakoak izan dira, bertako hizkuntza erabilltzen dute eta emisio-propioak dituzte. Irrati hauek garrantzi handia lortu dute zenbait tokitan, besteak beste, Katalunian Catalunya Ràdio-k adibidez. Udal-irratigintza desagertuz joan da apurka-apurka eta egun Katalunian, Andaluzian eta Aragonen du nolabaiteko indarra.
Jabegoaren kontzentrazioak irrati eskaintza formatu gutxi batzuen inguruan artikulatzea eta audientzia gehiena formatu horiei erantzunez bereganatu izana eragin du. FMaren ekarpenari esker iritsi zen Espainiara irratigintzaren espezializazioa, geroztik teknologiaren aurrerapenei esker, digitalizizazioa eta internet bidezko irratia garatu dira. 1995etik aurrera, hainbat irrati internetez zabaltzen dira eta eduki asko interneterako bereziki sortuak izaten dira.
2010 urtean Lurreko Telebista Digitala (LTD) ezarri zenetik, telebista hargailu guztietatik ere jaso daitezke irrati nagusiak. Internetek abaintaila ugari ekarri ditu irratigintzara. Esanguratsuenak elkarreragina eta irratia nahieran zerbitzua dira, azken honi esker entzun nahi diren edukiak aukera daitezke. Bestalde hipertestualitatea (esteken bidez lotutako edukiez osatutako testu ez lineala) eta multimedialtasuna (audio, irudi eta soinua nahasten dituen edukiak) garatzeko aukera ekarri du. Lurreko Irrati Digitala (LID) berriz, 2016 urtean ezarri zen. RNE, SER, COPE, Onda Cero, eta beste hainbat irrati entzun daitezke LID sistemaren bidez.
Euskal Herrian
aldatuEuskal Herriko irrati-hedapenaren hasierapuntua 1920ko hamarkadan kokatu behar da. Estatuko beste hiriburu batzuetan bezala, irrati-entzuleen elkarteak sortu ziren Bilbon eta Donostian. Haien helburu nagusia asmakizun berria ezagutzera eman eta erabilpena bultzatzea zen. Horrez gain, irratien aldeko mugimendua bultzatu zuten egunkariek. Emititzeko baimena jaso zuten lehenengo irratiak Radio San Sebastián (EAJ-8), Radio Club de Vizcaya (EAJ-9) eta Radio Vizcaya (EAJ-11) izan ziren. Euskal irrati hauek laster batu ziren lehenago aipatutako Unión Radio elkartera.[17]
Legedi estatala eta Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz 1930eko hamarkada nahasia izan zen eta irrati asko sortu ziren. Hala ere, frankistek agintea eskuratu ahala irratiak bereganatu eta propaganda egiteko tresna lez erabili zituzten. Errepublikazaleek, gerra bitartean eta amaituta ere, erbestean sortutako irratiak erabili zituzten. Aipatzeakoak dira Radio España Independiente[18] eta Euzkadi Irratia [19]. Azkeneko hau, Mugerretik (Lapurdi) hasi zen emititzen eta geroago Venezuelatik eman zion hitza abertzaletasunari. Euskara erabiltzen zuen irrati hau 1977an desagertu zen.
Bigarren Mundu Gerra eta Espainiako Gerra Zibilaren ostean, informazio tresna zen irratiaren bidez hedabideen eremu publikoaren zaintza eta edukien inguruko kontrola eskuratu zuten Estatu frantziar eta espainiarrak. Lehen aipatu dugun bezala, bi Estatuek jo zuten monopoliorako bidean eta Francoren erregimenak irratigintza pribatua onartu bazuen ere garaileen esku geratu den informazioaren eta entretenimenduaren monopolioa. Euskal Herrian oso nabarmena izan zen irratien kontzentraziorako joera. Bi hamarkadaz Radio Nacional de España katera batu ziren irrati gehienak eta Donostiatik emititzen hasi zen 1963an. Beste testuinguru politiko batean, baina urte berean, Radio France irratiak emisora bat ireki zuen Baionan eta noizbehinkako emisioez Euskal Herri osora iristen zen.[20] Egoera hori izanda Eliza katolikoak parrokien irratiak sortu zituen, bere baloreak irratigintzaren bidez zabaltzeko. Horrela sortu ziren Segura Irratia (1956), Arrate Irratia (1956) eta Donostiako Herri Irratia (1962). Irrati hauetan euskarak oso leku txikia zeukan, hala ere, besteetan baino handiagoa zen.[21]
Berrikuntza teknologiko eta arautegikoak bizi zituen irratigintzak 70eko hamarkadan. FMaren garapenarekin emisora pribatuen kopuruak gora egin zuen. 1982 eta 1983 urtetan, Euskadi Irratia eta Radio Euskadi irrati autonomikoak sortu ziren Eusko Jaurlaritzak bultzatuta. Donostia eta Bilbotik hasi ziren emititzen. Egoera politiko eta soziala kontuan hartuta ulertzekoa da garai hartan gertatutako irrati libreen ugaritzea. Ipar Euskal Herrian, besteak beste, Gure Irratia (Lapurdi, 1981), Irulegiko Irratia (1982) eta Xiberoko Botza (Maule, 1985) irratiak zeuden eta 1985ean Radio France-Pays Basque sortu zen.[22]
Irrati komertzial asko multimedia-taldeetan txertatu ziren eta horren ondorioz, lehen aipatu dugun bezala, programazioak eta edukiak kateatu ziren. Euskal Herrian garrantzi handia dauka irratigintza publikoak, hala ere, bere lekua aurkitu dute emisio-erem txikiko irratiek. Gaur egun, hiru eredu handitan sailka daitezke euskal irratiak: irratigintza komertziala, publikoa eta elkarte edo gizarte mugimenduak sustatutakoa.
- Irrati komertzialen artean entzule gehien dituena Bizkaia Irratia da, baina, Gipuzkoako Loiola-Donostia Herri Irratiak eta Arrate Irratia eta Nafarroako Xorroxin Irratia ere aipa daitezke. Eremu honetan Iruñako Euskalerria Irratia dago baina honek urteak daramatza emititzeko lizentzia lortu nahian.
- Publikoei dagokienez, bi mota ezberdin aurki daitezke: Eusko Jaurlaritzarenak direnak (Euskadi Irratia eta Gaztea adibidez) eta bestetik udaletako emisorak esaterako: Oñati Irratia, Arrasate Irratia, edota Basaburuako Esan Erran irratia.
- Azken ereduari dagokionez, aipatzekoak dira Hegoaldeko Arraio Irratia, Txapa irratia, Ttanttakun, Bilbo Hiria edota Molotoff. Hauek euskera hutsean dabiltza, baina elebitan aritzen direnak ere badaude, besteak beste, Hala Bedi, Eguzki irratia eta Garraxi Irratia. Irrati hauetako batzuk eta Iparraldeko beste batzuk 2001 urtean Arrosa sarea sortu zuten irratien arteko elkarlana areagotu, eta euren baliabideei probetxu hobea ateratzeko. Honen bitartez emisio-orduak osatu ahal izatea ziurtatzen dute.
Teknologia berrien aurrerakuntza irratigintzara ere iritsi da, eta irratia.com izeneko plataforma horren adierazle da. Interneten bidez abiatu zen 2000ko azaroan, musika kanalak eta zuzeneko emankizunak saretik eskaintzen, gerora podcast egiten hasiz eta Bilbo Hiriaren baitako irratsaio bihurtuz. Egun, beste irrati gehienek ere online entzuteko aukera dute sarean eta Hego Euskal Herrian nagusi diren irratiak (euskarazko publikoak barne) LTDren bidez ere jaso daitezke.
Araubidea
aldatuFrantziako Estatua
aldatuEstatu Frantsesean, 1982ra arte irratigintza monopolio publikoa izan zen, eta irrati “periferikoen” eragina jasan zuen. Alde batetik irrati publikoa zegoen (Radio France, RFO, RFI). Bestetik, estatu frantziarrez beste aldekoa (Europe No 1, RMC, RTL…). Geroago, irratiek liberalizazioa lortu zuten FMaren eskutik. Izan ere, komunikazio askatasunaren gaineko legea ezarri zen; 86- 107 legea, hain zuzen ere eta Conseil Supérieur de L’Audiovisuel erakundea sortu zen ikus-entzutezko mundua arautzeko.
Espainiako Estatua
aldatuEstatu Espainiarrean ordea, sistema mistoa egon da irratia sortu zenetik. Alde batetik publikoa edo estatala eta bestetik pribatua . Baina hemen ere FMaren iraultzak eragina izan zuen irrati arauketan. Dena den, ez zen inolako erakunde arauemailerik sortu.
- 1980 urtean, Irrati eta Telebistaren estatu legea ezarri zen
- 1979an, 1983an, 1989an eta 1998an plangintza teknikoak egin ziren.
- 1991ean Udal Irratiei bidea ireki zitzaien.
- 1999an eta 2000n irratigintza digitala sortu zen.
Hauez gain, lizentzia berriak onartu ziren:
- 1981ean Estatuak aurreko taldeak indartu eta berriak sortu zituen (Antena 3 eta Radio 80).
- 1982tik aurrera irrati autonomikoak onartu egin ziren.
- 1983an gatazka bat sortu zen Estatu eta Autonomi Erkidegoen artean. Ondorioz, ez da lizentzien muga betetzen eta irrati asko legez kanpo geratzeaz gain, lizentzia gabe geratu dira. Horren adibide garbia da Euskalerria Irratiari gertatu zaiona. Euskal Herriaren banaketa administratiboa dela eta Frantzia eta Espainiako arauketa jarraitzen dute irratiek.
Garrantzi ekonomikoa eta egituraketa industriala
aldatuFrantziako Estatua
aldatuFrantziako Estatuan, Radio France International da irrati kate publiko nagusia. Hau 18 hizkuntzatan dago entzungai, munduan zehar 40 eta 45 milioi pertsonako audientzia duelarik. Oro har, Afrikarrei zuzenduta dago nazioarteko mailan. Hala ere, Espainia eta Hego Amerikan ere entzuten da orain. RFIk 24 ordutan entzungai dauden 3 seinale propio ditu: RFI Monde, RFI Musique eta RFI Afrique. Arlo pribatuan berriz, lau dira irrati igorle nagusiak. Europe 1 Communication (Europe 1, Europe 2, RFM…), Radio Télévision de Luxemburg (RTL, RTL 2…), Radio Montecarlo (RMC) eta NRJ (NRJ, Nostalgie…).
Espainiako Estatua
aldatuEspainiako Estatuan irrati igorleak kateetan taldekatzen dira; honetariko bakoitzak programazio propio bat duelarik. Normalean, irrati kateak komunikazio talde handien menpe daude. Hauetariko askok, irratiez gain, telebista kate eta egunkariak ere badauzkate. Baina digitalizazioaren sortzearekin batera irrati asko interneten bidez entzun daitezke munduko edozein lekutan segundo batzuen atzerapenarekin bada ere. Hala eta guztiz ere, momentu honetan, estatuan legezko 3000 kate daude eta irrati digitalaren asmakuntzarekin, zenbakia areagotuz doa. Erdiak publikoak dira, eta beste erdiak hainbat kate pribaturen menpe daude.
Irrati publikoak udalekoak, autonomikoak eta estatukoak dira. Estatuak, lizentziak ezarri eta frekuentziak administratzen ditu. Hala ere, lizentzia hauek batzuetan komunikabidea kontrolatzeko arma gisa erabiltzen dira. Bestalde orotariko irratiak eta irrati tematikoak bereiz genitzake. Orotariko irratiek mota guztietako edukiak lantzen dituzte. Albistegia, kirolak, entretenimendua, kultura, etab... Irrati tematikoek ordea, gai baten inguruko programazioa eskeintzen dute. Hauek, audientzia mota jakin bati zuzenduta daude eta normalean musika eta informazioa tartekatzen dituzte.
- Irratigintza pribatua hiru irrati kate nagusiez osatzen da: SER (Union Radio), COPE eta Onda Cero. Hala ere, presentzia txikiagoa duten beste bi kate daude: Radio Voz eta Radio España.
- Hirugarren irrati mota bat ere badugu, irrati mistoa. Hauetan, orotariko irratiko programazioa eta musika tartekatzen dira. Normalean, tokiko irratietako edukietan ematen da irratia egiteko estilo hau.
- Espainiako irrati publikoa, Radio Nacional de Españak eta 7 kate autonomikok ordezkatzen dute.
- RNE kateak, orokorrean gazteleraz eskaintzen ditu eduki guztiak eta orotariko edukiak lantzen ditu. Hala ere, Radio Nacional de Españak zenbait kate ezberdin ditu eta bakoitzak gai bat garatzen du.[23]
- Radio Nacional orotariko gaiak lantzen dituen irrati publikoa da. Estatu osora zabaltzen da.
- Radio Clásica musika klasikoan zentratzen den emisora kulturala da.[24]
- Radio 3 orotariko musika lantzen duen katea da. Popa, Rocka, munduko musikak, musika elektronikoa, Jazza, Bluesa, HipHopa eta Funka lantzen ditu.[25]
- Ràdio 4 katalanez emititzen den irrati publikoa da. Orotariko gaiak lantzen ditu, beti ere, Kataluniakoak badira.[26]
- Radio 5 hamabost minutuero albisteak eskaintzen dituen katea da. Aktualitatea eta berehalakotasuna dira Radio 5en bereizgarri.[27]
- Radio Exterior Nazioartera zabaldutako irratia da. Gazteleraz, arabieraz, ingeleraz, errusieraz, frantsesez portugesez... eskaintzen dituzte edukiak.[28]
- Catalunya Ràdio irratian programazio guztia katalanez eskaintzen da eta orotariko edukiak eskaintzen ditu. (Tot gira, Solidaris, Mans, Converses...)
- Onda Madrid hurbileko entzuleei zuzendutako albiste eta kirolei buruz hitz egiten duen programazioa du. (Hoy en Madrid, En juego, La Batuta Magica...)[29]
- Radio Galega gehienbat galizieraz eskeintzen du programazioa. Hala ere, irrati mistoa dela esan genezake programazio musikal pixka bat tartekatzen duelako.[30]
- Euskadi Irratia: EiTB taldeari dagokio. Honek euskarazko programazio orotarikoa eskaintzen du.[31]
- Canal Sur Andaluziako orotariko irratia da. Ikusleen partehartze zuzena bultzatzeko zuzeneko konexioak egiten dituzte telefonoz. (Andalucia habla con Olga, El Pelotazo...)
- Canal 9 Onda Regional de Murcia: Murtziako orotariko irrati da. Programen artean, magazinak, albistegiak, kirol emanaldiak eta eztabaidak ditu.
- RNE kateak, orokorrean gazteleraz eskaintzen ditu eduki guztiak eta orotariko edukiak lantzen ditu. Hala ere, Radio Nacional de Españak zenbait kate ezberdin ditu eta bakoitzak gai bat garatzen du.[23]
Irrati komertzialak ere aurki daitezke estatu espainiarrean. Hauek, helburu ekonomikoak dituzten irrati enpresak sustatzen dituzte eta finantziazioa publizitatearen bidez lortzen dute.
Euskal Herria
aldatuEuskal Herriko irratiari dagokionez, egoera ezberdina dago Iparraldean eta Hegoaldean.
- Iparraldean, Frantziako estatu mailako pribatuak daude entzungai. Halaber, estatu mailako publikoak ere badaude. Hauez gain, tokiko irratiak ere entzun daitezke, baina, leku jakin batzuetan baino ez. Horien artean daude: Lapurdiko Irratia, Mendililia Irratia, Antxeta Irratia, Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza. AZken lau hauek Euskal Irratiak elkartea sortu zuten 1997 urtean. Elkarte honen bitartez emisio-orduak osatu ahal izatea ziurtatzen dute.
- Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan, beste irrati egituraketa bat dago. Udal irrati ugari daude, hau da, herri askok beren irrati propioa dute. Elorrion, Anboto Irratia; Arrasaten, Arrasate Irratia;; Bermeon, Itsuki Irratia; Idiazabalen, Zirika Irratia…
Bestalde, irrati libreak ere daude. Euskal Herriko irrati libre gehienak Arrosa sarea osatu dute. Sare honen bitartez emisio orduak betetzeko gai dira, edukia amankomunak eskaintzen dituztelako irratiek.[32] Azkenik, bestelako irrati txikiak sailka daitezke. Bi dira igorle nagusiak: NGR (Radio Nervion eta Radio Gorbea) eta Herri Irratia.
Garrantzi soziala
aldatuAdituen iritziz, irratiaren garrantzia medioak berak du, beste hedabide batzuek baino hurbiltasun handiagoa ematen baitu. Telebista edota egunkariekin ez bezala, irratiarekin dugun harremana intimoagoa izaten. Horrek badu bere eragina: entzuleek fidagarritasun handiagoa ematen diote irratiari, edo, behintzat, kasu gehiago egiten dio han esandakoari, beste medio batzuetatik jasotakoari baino. Horrek oso boteretsu bihurtzen du irratia eta badu eragina publizitatean ere. Irratiko publizitate kuñak oso eraginkorrak izan ohi dira. Batetik, entzuleak medioarekin duen harremanagatik eta ematen dion fidagarritasunagatik. Bestetik, irratiak 24 orduz emititzeko aukera ematen duelako, eta, ondorioz, posible da gure publizitate kuña guri gehien komeni zaigun orduan sartzea. Horrela errazagoa izango da iragarki hori zuzenduta dagoen publiko zehatzarengana ailegatzea. Gainera, irrati bidezko publizitatea jasotzeko ez dago arreta berezirik jarri beharrik. Esaterako, telebistako edo egunkariko iragarki bati erreparatu egin behar zaio, mezua jasotzeko; arreta eskatzen du. Aitzitik, irratitik datorkigun mezua aise jaso dezakegu beste zerbait egiten ari garen bitartean. Faktore horiek guztiek oso erakargarri bihurtzen dute irratia publizitatean inbertitu nahi dutenentzat, eta, noski, publizitatetik jasotako dirua oso ondo datorkio irratiari.
Bestalde, irratian parte hartzen duten entzule kopurua oso altua da, telebistan parte hartzera ausartzen direnak baino gehiago dira. Horixe izan daiteke irratiak eskaintzen duen gertutasunaren adierazgarri. Gainera, maila sozial guztiek dute eskuragarri irratia; ez da aberatsen kontua soilik. Hegoameriketako leku askotan, esaterako, irratia da biztanleek komunikatzeko duten bide bakarra. Beste medioekin konparaturik, askoz ere merkeagoa da irratia. Funtsean, nahikoa da gailua erosita. Hortik aurrera, irratia piztea besterik ez da behar kanal guzti guztiak entzun ahal izateko. Bestalde, irratia leku guztietan entzun daiteke: etxean, autoan, lanean, kirola egiten dugun bitartean… anitzak dira irratiaren erabilerak. Izan ere, gero eta txikiagoak, mugitzeko errazagoak eta erabiltzeko sinpleagoak dira irratiak. Hala, astapenetan irratia taldeetan entzuten bazen (normalean familia osoak batera entzuten zuen), orain pertsona bakartien lagungarria bihurtu da, bai fisikoki eta bai moralki. Salto handia eman du, beraz, irratiak.
Lehen esan dugun bezala, fidagarritasun handia du irratiak gehienontzat, beraz, irratiak ematen dituen albisteei ere fidagarritasuna ematen diegu. Horretarako beste arrazoi bat irratiaren berehalakotasuna da. Telebistak eta, batez ere, egunkariek ez bezala, irratiek unean uneko informazioa emateko aukera dute, eta entzuleak asko baloratzen du hori. Gertakari garrantzitsuren bat gertatzen denean argi ikusten da hori, irratiaren audientzia ikaragarri igotzen baita, jendeak azken orduko datuetan oinarritutako informazioa nahi du. Hala, berrien atala izaten da normalean irratietan audientzia maila altuena lortzen duten eguneko ordua.
Ahotsak ere garrantzia handia du irratian. Jendeak segituan identifikatzen du irratiko esataria bere ahotsagatik, eta askotan lotura estua sortzen da. Entzule askok familiakotzat hartzen dute irratiaren beste aldean entzuten duten ahotsarekin, eta horrek leialtasun handia sortzen du. Ahots bati leiala den entzuleak fidagarritasun handiagoa ematen dio hark esandakoari.[33]
Etorkizuneko erronkak
aldatuDigitalizazioa
aldatuFM seinalea aurrerapen handia izan zen bere garaian baina harrez gero kanal ugari sortu dira irratianeta eta FM txiki geratu da hainbeste kanalentzat. Arazo horri aurre egiteko, 1995. urtean DAB sistema estandarra sortu zuten Europa osorako, sistema digitala.[34] Oraingoz, herrialde batzuetan bakarri zabaldu da DAB sistema, eta oraindik analogikoak ere funtzionatzen du. Dena den, posible da etorkizunean irrati digitala gailentzea, eta irrati analogikoa bertan behera gelditzea, orain dela gutxi telebistarekin gertatu den bezala.
Gaur egun, Espainiako irratien %50 inguru da digitala, baina Belgikan, esaterako, %98. Irrati digitala entzun ahal izateko, gailu berezi bat behar da, seinale digitala dekodifikatzen dakiena. Hortaz, gailu tradizionalekin ezingo genuke irrati digitala entzun. Gailu digital horiek, ordea, oso garestiak dira oraingoz. Hori bai, hartzaile digitalekin seinale analogikoa ere entzun daiteke.
Baina zein abantaila ditu irrati digitalak? Bada, irrati digitalaren bidez transmititutako audioak askoz kalitate hobea du analogikoak baino, eta ez da interferentziarik gertatzen. Horrez gain, seinalea ez da aldatzen leku batetik bestera joatean, beraz, beste probintzia batera goazenean, esaterako, ez daukagu irratia frekuentziaz aldatzen ibili beharrik. Gainera, irrati digitalak parte hartzea ere sustatuko luke. Izan ere, audio bidezko mezuak bidaltzeaz gain, posible da, adibidez, entzuten ari garen musika taldearen informazioa irratiaren pantailan bertan ikusi ahal izatea.
Internet
aldatuAudientziak aztertu ditugunean ikusi dugun bezala, interneteko audientzia etengabe gora egiten ari da, bestelako medioek bere horretan mantentzeko ere ikaragarrizko ahaleginak egin behar dituzten garai hauetan. Argi dago, beraz, internet dela etorkizuneko medioa, eta gainontzeko medioek, irratiak barne, bi aukera baino ez dituzte: internetek audientzia kentzen uztea, edo eurak ere internetera egokitzea, eta medio hori baliatzea.
Orain arte interneterako saltoa eman duten irratiek zera egin dute, euren programazioa, betikoa, interneten bidez emititu, aldatu gabe. Hau da, zerbitzu bera ematen zuten, baina beste medio bat erabilita. Baina hori ez da nahikoa.
Interneteko medio digitalek, bai irratiek, baita bestelakoek ere (telebista, egunkari…), sareak ematen dituzten aukera guztiak baliatu behar dituzte erabiltzaileak eurenganatzeko. Ez da nahikoa irratirako pentsatutako edukiak interneten bidez zabaltzea. Interneterako apropos sortutako edukiak behar dira, eta horretarako kontuan izan behar da multimediatasuna, besteak beste.
Gaur egun, zaila da bereiztea sarean dauden medioak irratiak, telebista kateak edota egunkariak diren. Izan ere, egunkari digitalek irudiak, bideoak eta audioak sartzen dituzte edukietan. Era berean, irratiak audioaz gain testua ere sartzen du bere edukietan.
Horixe da multimediatasuna. Interneteko komunikabideek eskura dituzten medio guztiak erabiltzen dituzte hartzaileei ahalik eta zerbitzu osoenak eskaintzeko. Hortaz, hori ere dema handia da irratiarentzat.
Audientziaren zatitzea
aldatuIrrati kateen ugaritzearen ondorioz, audientzia erabat zatitu da. Beraz, audientziaren zein zatiri zuzendu, eta zati horren eskari eta beharrei erantzuten jakitea izango da irratien etorkizuneko beste dema bat. Horren adibide, gero eta kate espezializatu gehiago sortzen ari dira: musikari buruzkoak, kirolaren ingurukoak… eta audientzia maila ere gehiago igo da halako kateetan, gai orokorreko kateetan baino gehiago.
Irrati lokalak eta erkidegoetakoak ere gero eta gehiago dira. Izan ere, lurralde jakin bateko jendearen interesari erantzuten diote halako kateek.
Irrati-kateak
aldatuEuskarazkoak
aldatuEuskarazko kateen artean, "Euskadi Irratia" hedatuena da Hego Euskal Herrian, "Gure Irratia" Ipar Euskal Herrian den heinean.
Kate espezializatu bakarra "Euskadi Gaztea" da, musika arlokoa.
Erdarazkoak
aldatuGaztelaniazkoen artean, "RNE", "SER" eta "COPE" entzunenen eta beteranoenen artean ditugu.
Frantsesezko aipagarriak ditugu, bestela, "Radio France" eta bere taldekoa den "France Bleu" ("France Bleu Pays Basque" Ipar Euskal Herrian), besteak beste.
Azkenik, ingelesezko "BBC"koak nabarmentzekoak dira.
Irrati-esatariak
aldatuEuskal Herriko euskal esatari ospetsuen artean ditugu Joseina Etxeberria, Arantxa Iturbe, Jaime Otamendi, eta Joseba Zubimendi, besteak bete. Erdal esatarien artean, berriz, nabarmenak ditugu Mariano Ferrer eta Iñaki Gabilondo.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Zer da irratia? - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-04).
- ↑ Aitzol, Lasa Oiarbide. (2006-11-01). «Analogikoa eta digitala» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-04).
- ↑ «Zer demontre da podcast bat?» ZUZEU 2019-04-01 (Noiz kontsultatua: 2022-11-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «¿Quién fue James Clerk Maxwell?» Ingenieros im3 2021-06-15 (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Museo. (2020-05-13). «Biografía: Heinrich Hertz, descubridor de la propagación de las ondas electromagnéticas» Museo Postal y Telegráfico (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Museo. (2020-03-23). «Nikola Tesla, el verdadero inventor de la radio» Museo Postal y Telegráfico (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Museo. (2020-04-03). «Aleksandr Povov, pionero de la radio en Rusia» Museo Postal y Telegráfico (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ (Italieraz) «Prima trasmissione telegrafica di Marconi attraverso l'Atlantico» bibliotecasalaborsa.it 2020-11-16 (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Faus Belau, Ángel. (2007). La radio en España (1896-1977): una historia documental. Santillana Eds. ISBN 978-84-306-0650-4. (Noiz kontsultatua: 2024-08-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Zigiotto, Diego M.. (2018-09-18). Mil y una curiosidades de Buenos Aires: Edición corregida y actualizada. EDICIONES B ISBN 978-987-627-969-7. (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ a b «ARANA Edorta AMEZAGA Josu AZPILLAGA Patxi Euskarazko Hedabideak | PDF» Scribd (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Eugène Ducretet, industrial y científico francés» www.casaradiotv.com (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ (Frantsesez) Radio-Paris. 2024-08-09 (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ (Frantsesez) «100 ans de Radio - Les radios d'Etat» 100ansderadio.free.fr (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ (Frantsesez) Lorieux, Sébastien. (2023-12-05). «France Inter, une histoire d'émissions» France Inter (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Belau, Ángel Faus. (2007). La radio en España (1896-1977): una historia documental. Santillana Eds. ISBN 978-84-306-0650-4. (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ Gutierrez Paz, Arantza. (2002). «Euskal irratigintzaren historia» www.ueu.eus (Udako Euskal Unibertsitatea): 15. (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Radio España Independiente» www.archivohistoricopce.org (Archivo Histórico del PCE) (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ «Euzkadi Irratia, euskal emisora klandestinoari buruzko hitzaldia Leyre Arrieta irakaslearen eskutik» gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ Gutierrez Paz, Arantza. (2002). «Euskal irratigintzaren historia» www.ueu.eus (Udako Euskal Unibertsitatea): 52. (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ Gutierrez Paz, Arantza. (2002). «Euskal irratigintzaren historia» www.ueu.eus (Udako Euskal Unibertsitatea): 56. (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ Gutierrez Paz, Arantxa. (2002). «Euskal irratigintzaren historia» www.ueu.eus (Udako Euskal Unibertsitatea): 52. (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).
- ↑ «Radio y programas online» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Radio Clásica - Web oficial» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2024-08-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Radio 3 - Web oficial» RTVE.es 2024-08-12 (Noiz kontsultatua: 2024-08-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Ràdio 4 - Web oficial - RTVE Catalunya» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2024-08-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Radio 5 Todo noticias - En directo y última hora | RTVE Audio» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2024-08-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Radio Exterior - Web oficial» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2024-08-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Onda Madrid. (Noiz kontsultatua: 2024-08-12).
- ↑ (Galizieraz) «Programas Radio Galega» AGalegaAudio (Noiz kontsultatua: 2024-08-12).
- ↑ «Euskadi Irratia - Eitb Irratia» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-04).
- ↑ «Irrati libreak» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-08-12).
- ↑ Arana Arrieta, Edorta. (2004). «Programaziogintza irrati-telebistan» www.ueu.eus (Udako Euskal Unibertsitatea) (Noiz kontsultatua: 2024-08-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ricca, Pepu. (2023-03-14). «Qué es la radio DAB+: así es la tecnología que sustituirá a la radio FM» Xataka Móvil (Noiz kontsultatua: 2024-08-12).