Internet komunikazio-sare interkonektatuen multzo deszentralizatu bat da. Komunikazio-sareen arteko konexioa TCP/IP protokoloen familiak erabiliz lortzen da, eta horri esker, sare fisiko heterogeneoek mundu mailako sare logiko bakarra osatzen dute. 1969an sortu zen, urruneko konputagailuen artean lehenengo aldiz konexioa egitea lortu zenean. Kaliforniako (Estatu Batuak) hiru unibertsitateko konputagailuen arteko konexio hura ARPANET izenez ezagutzen da.

Internet
Interneten mapa, 2005ean
Zerbitzuak
NabigazioaWorld Wide Web
Bilatzaileak
Wikiak
KomunikazioaPosta elektronikoa
Posta elektronikoko zerrendak Txatak
CMS
Foroak RPV
DatuakZerbitzariak FTP
Web ostalariak
Sareak P2P
Sareak P2M
Multimedia zerbitzuakTelefonia VoIP
Internet bidezko Telebista eta Irratia
Webcam-ak
Online jokoak
Zerbitzu komertzialakSalerosketa elektronikoa
Banku elektronikoa
Interneteko hizkuntzakIngelesa (35,2%), Txinera (13,7%), Gaztelania (9%), Japoniera (8,4%) Alemana (6,9%), Frantsesa (4,2%)
Erabiltzaileak
kontinenteka (2005)
Asia (34%), Europa (29%), Ipar Amerika (23%)

Internet-en erabilera azkar hazi zen mendebaldeko hemisferioan 1990eko hamarkadaren erdian. Berehala, munduko beste lekuetan ere asko zabaldu zen eta 1995. urteaz geroztik Internet-en erabilera 100 aldiz biderkatu zen; 2015erako munduko biztanleriaren herena hartzen zuen[1][2][3]. Konputagailuen komunikaziorako protokolo desberdinak daude: P2P, bezero-zerbitzari.

Internet-en arrakasta handiena izan duen zerbitzuetako bat World Wide Web (WWW edo Web-a) izan da. Urruneko hipertestu-fitxategiak modu errazean kontsultatzeko aukera ematen duen protokolo multzo bat da. 1990. urtean sortu zen Web-a eta Internet erabiltzen du transmisio-bide moduan.

Baina Web-a ez da Internet erabiltzen duen zerbitzu bakarra. Komunikazio-industria gehienak (telefonia, irratia, telebista, posta,egunkari tradizionalak, etab.) eraldatzen ari dira Interneten eraginez. Horrela sortu dira Internet bidezko telefonia (VoIP), Internet bidezko telebista (IPTV), posta elektronikoa (SMTP), etab. Egunkariak, liburuak eta inprimatutako beste bitarteko batzuk argitaratzeko industriak webguneen teknologiara egokitzen ari dira: blogak, web-kateak, online albiste emaileak, albisteak zabaltzea (NNTP), etab.

Pertsonen komunikatzeko modua ere aldatu eta azkartu ditu Internetek, berehalako mezularitzaren, foroen eta sare sozialen bidez. Informazioa trukatzeko protokoloei esker erraza da fitxategiak transmititzea (FTP), urruneko dispositiboetarako atzipena lortzea (SSH, Telnet), on-line elkarrizketak izatea (IRC), on-line jokoetan aritzea[4][5], etab.

Merkataritza elektronikoa ere izugarri hazi da Internet-i esker, bai enpresa handietan, baita enpresa txiki eta ertainetan ere. Ekintzaile berriei ere aukera berriak eskaini dizkie, Internet bidez norbere produktuak eta zerbitzuak mundu osorentzat ikusgarri eta salgai jartzea erraza gertatzen baita[6].

Garrantzitsua da jakitea Interneta bi alde dituela Agerikoa eta Ikusezina. Alde batetik, Agerikoa​, sarea erabiltzen dugunean ikusten duguna da. Beste aldetik Ikusezina, sarean egon arren, ikusgarritasun ezagatik ezkutuan geratzen dena da. Bilaketa-tresnetako emaitzetan (​Google-n​) ez dena azaltzen, alegia. Informazio hau, ​datuz osatutako tauletan egituratzen da,​eta galdera (​query) bidez kaleratzen da, formularioetan bilaketa ​zehatzak eginez, horregatik ez da agertze bilatzaileetan. Beraz, interesgarria suerta daitekeen hainbat informazio, ez dugu zuzenean jasoko.[7]

Historia

aldatu

Internet-en sorrera Ameriketako Estatu Batuetako (AEB)-n kokatzen da, 1960ko hamarkadan, nahiz eta Interneten sorrerari buruz teoria bat baino gehiago dagoen[8]. Haien artean komunikatutako terminal sare baten ideiarekin zebiltzan lanean, konputaziorako baliabideak konpartitzeko aukera izateko. Internet-en sortzailetzat hainbat zientzialari aipatzen dira: Robert Taylor, Vint Cerf[9], Robert Elliot (Bob) Kahn, Lawrence G. Roberts, etab. Modu batera edo bestera ARPANET (Advanced Research Projects Agency Network) lehenengo konputagailu-sarea martxan jartzen egindako lanak eman zion sorrera Internet-i. Vint Cerf eta Bob Kahn izan ziren Internet-erako TCP/IP protokoloaren asmatzaileak[10].

Hasiera batean ARPA (Advanced Research Projects Agency edo Ikerketa Aurreratuen Proiektuen Agentzia) hasi zen proiektuan lanean. Gerora, AEB-ko Defentsa Departamentuaren zati izatera pasa zenean, agentziak DARPA izena hartu zuen. Garai hartako ordenagailuak erabiltzeko modu hobeak bilatzen ari ziren. Izan ere, ikertzaile eta laborategi nagusiek euren ordenagailu propioak izan nahi zituzten, baina oso garestiak ziren. ARPANET izan zen abiadura handiko komunikazioen lehenengo sarea. Gerora, 1970eko hamarkadan bestelako hainbat gobernu erakunde eta sare akademiko batu ziren sarera, eta poliki-poliki hedatuz joan zen. Ez dago argi Internet helburu militarrekin garatutako proiektua izan ote zen edo helburu zibilek eta ikerkuntza-helburuek eraginda.[11][12]

 
ARPANet-en eskema logikoa

Lehenengo sare haren sorrerari esker, ikertzaileak, zientzialariak, irakasleak eta ikasleak beren arloko beste erakunde eta lankideekin komunikatu ahal izan ziren, beste ikastetxeetan eta ikerketa-zentroetan eskuragarri jarritako informazioa kontsultatzeko eta baita beren ikerketa-lanetan lortutako emaitzak argitaratzeko ere.

Leonard Kleinrock-ek MIT-n ilara-teoriari buruz eta paketeen kommutaziorari (Packet switching) buruzko lanak egin zituen 1960ko hamarkadan. Datuak multzokatuz paketeak osatzeko metodo bat da paketeen kommutazioa. Gerora paketeen transmisiorako sareen eredu teoriko bat sortu zuen; hori aurrerapauso handia izan zen ARPANET paketeen kommutaziora lehen sarearen garapenerako.

Garai hartako beste urrats garrantzitsu bat ordenagailuak elkarren artean komunikatu ahal izatea izan zen. Lawrence G. Roberts-ek 1965ean Massachusettseko konputagailu bat eta Kaliforniako beste batekin konektatu zituen abiadura baxuko telefono linea kommutatu baten bidez, ordura arte sekula eraiki ez zen eremu zabaleko lehen konputagailu sarea sortuz.[13]

Interkonektatutako lehen sarea 1969ko azaroaren 21ean sortu zen, UCLA eta Stanfordeko unibertsitateen arteko lehen lotura egin zenean telefono linea kommutatuaren bidez[14].

ARPANET eta TCP/IP

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «ARPANET»

1972an ARPANet-en lehen erakustaldi publikoa egin zen "International Conference on Computer Communications" biltzarrean. DARPAk finantzatutako komunikazio-sare bat zen, telefono-sare kommutatuaren gainean modu banatuan funtzionatzen zuena. Izan zuen arrakasta ikusita, paketeen trafikoa ahalbidetzeko sareen konexio mota desberdinen inguruko ikerketa abiatu zuen 1973an DARPAk. Komunikazio-protokolo berriak garatu ziren, konektatutako ordenagailuen artean informazioa trukatzeko[15]. Lehen aldiz "Internet" terminoa erabili zen TCP (Transmission Control Protocol) eta IP (Internet Protocol) bidez konektatutako sareen sistema izendatzeko. CERN ikerketa-zentroak ere lan handia egin zuen Interneterako protokoloen garapenean[16]. Vint Cerf-ek Yogen Dalal-ekin eta Carl Sunshine-ekin batera lehen TCP protokoloa sortu eta argitaratu zuen 1974an Specification of Internet Transmission Control Program (RFC 675) izenburupean[17][18].

1983an ARPANET sarea TCP/IP protokoloa erabiltzen hasi zen. Urte horretan bertan, ISP (Internet Service Provider) Internet zerbitzu hornitzailea sortu zen, TCP/IP protokoloa estandarizatzeko eta Internet-en ikerketarako baliabideak jartzeko. Bestalde, interneteko identifikatzaileen esleipena hartu zuen IANA (Internet Assigned Numbers Authority) erakundeak, gerora ICANN izango zenak.

Sare nagusia eta WWW

aldatu

1986an AEBtako NSF agentziak NSFNET (National Science Foundation's Network) sarea garatu zuen, zuhaitz egiturako lehen Internet sarea izan zena[19]. Gerora NSINET eta ESNET sareekin osatua izan zen, guztiak Ameriketako Estatu Batuetan. Aldi berean, Europan beste sare batzuk sortu ziren, publikoak zein komertzialak, amerikarrekin batera, eta AEBko sareekin batera Internet-en oinarrizko bizkarrezurra edo sare nagusia osatu zuten[20][21].

Euskal Herritik egindako lehen konexioa izan daitekeena EHUko Informatika Fakultatean egin zen 1988an RedIris sarearen bitartez.[22]

1989an, sare-protokoloen OSI (Open System Interconection) ereduen garapenak egitura desberdineko sareen interkonexioa ahalbidetzeaz gain, komunikazio-protokolo desberdinak erabiltzeko aukera sortu zen. Genevako CERN ikerketa-zentroan Tim Berners-Lee buru zuen fisikari talde batek HTML lengoaia, HTTP protokoloa eta World Wide Web sortu zituen[23][24][25].

 
1990ean CERNek HTML kodea sortu zuen eta berarekin World Wide Web lehen bezeroa. Irudian, sintaxi koloreztatua duen HTML kodea.

1990eko hamarkadan, interkonexiorako erraztasunei esker eta sarearen erabilera errazten zuten tresna grafikoak sortzearekin batera, Internet-ek izugarrizko gorakada izan zuen. Erabilera hainbeste zabaldu izanak erabiltzaile-profil berri bat ekarri zuen: erabiltzaile arruntak[26][27].

Ordura arte AEBetako gobernuak diruz sostengatzen zuen sarea eta ez zen posible hura helburu komertzialetarako erabiltzea, baina Interneten erabilera hainbeste zabaldu zen une hartan, Interneten erabilera komertzialerako debekua bertan behera geratu zen eta gobernuz kanpoko administrazio eredu baterantz igaro zen. 1993an WWW publikoa bihurtu zen, CERNek bere teknologiak doan eskaini zituelako, edonork erabili ahal izan zitzan [28][29].

Sare globala

aldatu

2006rako Internetek 1.100 milioi erabiltzaile zituen eta hamar urtetan 2.000 milioira igoko zela aurreikusten zen. Erabiltzaile kopuruak izan duen gorakada izugarria da[30]. Horren guztiaren emaitza da gaur egun bizi duguna: hasiera batean gobernu batek erabiltzeko moduko komunikazio-sare moduan sortu zena, estatuko funtsekin planifikatu eta eraiki zena, gaur egun elkarren artean konektatutako sareez osatutako sare global erraldoi bat da, eta edonor sar daiteke. Sarera etengabe lotzen zaizkio sare eta erabiltzaile berriak, haren hedadura eta nagusitasuna zabalduz doa, eta harekin batera azpiegitura horri probetxu ateratzen dioten merkatu, teknologia, erakunde eta enpresa berriak sortzen dira[31][32].

Horrela, Internetek sare txikiagoen arteko lotura egiten du, sare globalaren parte eginez. Sareko partaideen arteko komunikazioa protokoloen bidez egiten da. Beraz, TCP/IP erabiltzen duen sareen Sarea da Internet[33][34][35].

Minitel Internet-en aurrekarietako bat

aldatu
 
Minitel terminala.

Minitel eta teletel Interneten Europako aurrekaritzat hartzen dira. 1980an merkaturatu zenean erabiltzaileek lineako erosketak egin zitzaketen, trenen erreserbak, produktuak bilatu, posta elektronikoa jaso, eta txateatu gero Interneti esker posible izan zen modu bertsuan. Ipar Euskal Herrian oso erabilia izan zen.

Internetekin alderatuta, Minitelek bazituen bere abantailak: ez zuen aparteko zerbitzu baten harpidetza eskatzen (telefono linea erabiltzen du), ezta ordenagailu pertsonal bat erosi eta mantentzea ere. Halaber, segurtasun-arazo gutxiago zituen kreditu-txartelarekin, informazio pertsonalarekin edo birus informatikoekin egindako ordainketei dagokienez. Gainera, Minitelek oso arau zurrunak jarraitzen zituenez, bateragarritasun arazo gutxi zituen. Sistemaren aldakortasun txikia eta PTT bezalako monopolio telefoniko baten kontrola dira, ziurrenik, Internetekin alderatuta, sistema gutxiago ezarri izanaren arrazoiak.

Minitelek ekarri zuen posta elektronikoarekin eta horrelakoetan idazteko estiloa ahozkotik hurbilagokoa dela ohiko gutunetatik baino hizkuntzen irakaskuntzan integratzeko aukerak ere zabaldu zituen.[36][37]

Interneteko teknologia

aldatu

Bideratzea (routing) eta zerbitzu-geruzak

aldatu
 
Kapsulatzearen grafikoa datu-paketeetan.

Internet sarean maila desberdineko geruzak daude. Interneteko Zerbitzuen Hornitzaileek (ISP) bezeroak konektatzen dituzte. ISP-en bezeroak bideratze-hierarkian (routing) mailarik baxuenean daude. Mailarik altuenean 1. mailako sareak daude, telekomunikazio-konpainia handiak, interkonexio-akordioen bidez trafikoa beste batzuekin zuzenean trukatzen dutenak. 2. mailako sareek eta maila baxuagoko beste hornitzaile batzuei erosten diete Interneterako trafikoa, Interneteko zati batzuetarako atzipena lortzeko, baina interkonexioan ere parte har dezakete. ISP batek hornitzaile bakarra erabil dezake konektagarritasunerako, edo multihoming bat inplementatu erredundantzia eta karga-kulunka lortzeko. Puntu neutroek zirkulazio-karga garrantzitsuenak dituzte, eta konexio fisikoak dituzte ISP askotara.

 
Hainbat hornitzaileren Interneteko paketeak.

Ordenagailuek eta routerrek bideratze-taulak erabiltzen dituzte modu lokalean konektatutako makinen artean IP paketeak bidaltzeko. Taulak eskuz edo automatikoki eraiki daitezke DHCP routing-erako protokoloen bidez. Azken nodoek normalean lehenetsitako bideratzea izaten dute, eta hierarkian "gora" egiten dute ISP interneteko zerbitzuen hornitzaileruntz, hark eskaintzen dien garraioa erabiltzeko. Hierarkian gorago dauden ISP-ek Border Gateway Protocolo erabiltzen dute, Internet global konplexuan barrena bideratze egokiena aurkitzeko asmoz.

Erakunde akademikoek, enpresa handiek, gobernuek eta bestelako erakundeek ISPek duten rol bera egin dezakete. Horrela, erakundeko ordenagailu indibidualen izenean hartuko dute parte trafikoaren trukean. Ikerketa-sareak haien artean konektatuz azpisare handiagoak sortzeko joera dute: Internet2, GEANT, GLORIAD, Janet, etab. Ordenagailu-sare guztiak ez daude Internetera konektatuta. Gobernuek izan ohi dituzte sailkatutako webgune batzuk, sare seguru independenteetatik baino ezin direnak atzitu.

Internet-erako atzipena

aldatu

Erabiltzaile arruntek Internet atzitzeko modem-a, banda zabal bidezko konexioa (zuntz optikoa), Wi-fi-a, satelite bidezko konexioa edo telefono mugikorretarako teknologia (3G, 4G) erabil ditzakete. Interneterako atzipena eskaintzen duten leku publikoak izaten dira: liburutegiak, adibidez. Bertan, Interneterako atzipena duten konputagailuak izaten dira. Aireportuetan, kafetegietan, hoteletan eta halakoetan ere izaten da Internetera konektatzeko aukera. Campus oso batek ere eskaini dezake atzipena.

Sareko baliabideen helbide elektronikoa identifikatu eta idazteko sistema da. Testu-dokumentuek, argazkiek eta audioek, besteak beste, URL bat dute Interneten argitaratzen direnean. Lokalizatzaile horiei esker, World Wide Web-ean (WWW) hiperestekak sor daitezke, eta horrek nabigazioa errazten du. [7] 

URL batek lau zati izaten ditu:

  • Interneteko protokoloa: http,ftp,telnet…
  • Zerbitzari eta domeinuaren izena.
  • Direktorioa edo artxiboaren izena.
  • Dokumentuaren hedapena (formatua: .doc, .pdf, .jpeg)

Domeinu izenak

aldatu

ICANN (Internet Corporation for Assigned Names and Numbers) edo "Izen eta Zenbakien Esleipenerako Interneteko Korporazioa" izeneko erakundeak kudeatzen du Internet-eko DNS (Domain Name System) identifikatzaile bakarren esleipena: domeinu-izenak, IP-helbideak, protokoloaren portu-zenbakiak eta bestelako parametro batzuk. Domeinuak identifikatzeko bakarrak diren izenak erabiltzea funtsezkoa da Internet-ek funtziona dezan.

ICANN erakundeak Kalifornian du bere egoitza. Haren jarduna nazioarteko zuzendaritza batzorde batek gainbegiratzen du eta komunitate teknikoek, komertzialek, akademikoek eta GKEek osatzen dute. Estatu Batuetako gobernuak oraindik ere parte-hartze pribilegiatua izaten jarraitzen du DNS sisteman onartutako aldaketetan. Internet sare banatu bat izanik eta sarera konektatu nahi izan duten hainbat sarek osatzen dutenez, berez ez du hura gobernatzen duen entitaterik.

Oso ohikoak diren domeinu batzuk honako hauek dira: .tk, .com, .es, .gob, .edu, .net, .org. Euskal-Herriak badu bere domeinu propioa: .eus domeinua[38]. 2012ko maiatzean egin zuen "PuntuEus Fundazioa"-k .eus domeinuaren eskaria ICANN erakundearen aurrean eta 2013ko abenduan sinatu zuten kontratua.

Protokoloak

aldatu

Internet protokoloak osagai garrantzitsua dira. Bi bertsio daude: IPv4 eta IPv6.

IPv4 (Internet Protocol version 4) Internet-aren hasieran IP helbideak finkatzeko erabiltzen zen bertsioa da. 32 biteko zenbakiak ziren eta oraindik erabiltzen da. 4,294,967,296 helbide desberdin sortzeko ahalmenarekin diseinatu zen, baina Internet-en hazkuntza azkarrak IPv4 helbideak agortzea ekarri zuen 2011. urtean[39]. Protokolo hura ez zen nahikoa pertsona konputagailu guztientzako helbideak sortzeko, are gutxiago ibilgailu, telefono, PDA etab. bakoitzerako.

IP helbideak bukatzen ari zirenez, protokolorako bertsio berri bat sortu zuten: IPv6 (Internet Protocol version 6)[40], 1998an estandarizatua izan zena. Helbideak sortzeko askoz gaitasun handiagoa du eta Interneteko garraioa bideratzeko eraginkorragoa da. 128 bit erabiltzen dira IP helbideetarako, guztira 340.282.366.920.938.463.463.374.607.431.768.211.456 helbide desberdin sor daitezke. Haren erabilera gora egiten ari da[41].

Dokumentu digitalak

aldatu
  • Dokumentu digitalak aplikazio informatikoen bidez formatu digitalean sortutakoak dira.
  • Digitalizatutako dokumentuak eskaner antzeko erremintak erabiliz, emaitza irudi edota testu bat izan daiteke (OCR-ak erabiliz).
  • OCRa (Reconocimiento Óptico de Caracteres) eskuz edo makinaz idatzitako testuak digitalizatzeko prozesua da, dokumentu informatiko bihurtzeko, eta, aldi berean, ordenagailu batean alda daiteke

Dokumentu digitalen ezaugarriak :

aldatu
  • Elektronikoak dira
  • Prozesagarriak
  • Grabagarriak
  • Berrerabilgarriak
  • Esportagarriak
  • Eguneragarriak
  • Berreskuragarriak
  • Bikoiztu daitezke

Hala ere dokumentu digitalak…

aldatu
  • Bitartekari teknologikoak eskatzen dituzte
  • Formatu eta euskarri ahulen eta aldakorren menpe daude

Fitxategi formatuak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Fitxategi formatu»
  • Testu dokumentuak: esaterako word dokumentuak (.doc,.txt, .rtf hedapenak dituztenak.)
  • Bistaratze dokumentuak: ikusteko edo inprimatzeko artxiboak, esaterako pdf formatukoak.
  • Inkrustatuak (kapsulatuak): formatu desberdinetako artxiboak gordetzen dituzten fitxategiak (Opendocument, OLE).
  • Egituratuak: programazio hizkuntzetan garatutako dokumentuak (html, xml, xhtml, css). Dokumentuak egituratuta daude eta hipertestua lantzen dutela.
  • Irudi dokumentuak: artxibo grafikoak, esaterako argazkiak. (Gif ,JPEG ,TIFF )
  • Audio dokumentuak: soinuzko artxiboak, esaterako MP3etako artxiboak.
  • Bideo dokumentuak: mugimenduan dagoen irudizko dokumentuak. (WMV, MPEG-4)
  • Multimediak: irudi, soinu eta testu fitxategiak elkartzen dituzten artxiboak. (Adobe_Flash, Java(programazio-lengoaia)
  • Konprimituak: dokumentuak beste formatu batzuetan konprimitzen dituzten artxiboak (ZIP[42]ːInformatikan, ZIP edo zip galerarik gabeko konpresio-formatua da, dokumentuak, irudiak edo programak konprimitzeko oso erabilia”)
  • Tridimentsionalak: hiru dimentsiotan garatutako dokumentuak (QTVR[43]ːApple Inc konpainiak sortutako artxibo-formatua da, irudi panoramikoak ikusteko aukera ematen zuena, egungo errealitate birtualeko formatuak (Oculus edo Samsumg Gear) agertu aurretik. Objektuen esplorazioa simulatzea ere ahalbidetu zuen, angelu ezberdinetatik harrapatutako irudien bidez )
  • Zenbakizkoak: matematika, estatistika edo zenbakietan oinarritutako dokumentuak (Excel, SPSS)
  • Exekutagarriak: aplikazio informatikoak.

Dokumentu Digitalen Biltegiak

aldatu

Dokumentu digitalak bildu ahal izateko, biltegi mota desberdinak eskaintzen ditu internetek. Horien artean, azalduko direnak dira ezagunenak.

Liburutegi digitalak

aldatu

Zerbitzari batean kokatzen dira dokumentu digitalak, kontsulta publikoa ahalbidetzeko asmoz.

Gordailuak

aldatu

Egilek biltegiratzen dituzte euren dokumentu digitalak, hauen kontserbazio eta kontsulta bermatuz. Gordailu mota ezberdin bi daude, bertikalak eta horizontalak. Bertikalak gai baten inguruko informazioa biltegiratzen dute, adibidez  E-LIS  -ek dokumentazioari buruzkoa. Beste alde batetik horizontalak askoren inguruko informazioa biltzen dute, adibidez ADDI EHUkoa.

Datu-baseak

aldatu

Datu-base programa informatikoekin kudeatutako datu-bilduma da Esaterako, Inguma, Badok edo GureGipuzkoa.

Web-guneak

aldatu

Interneten HTTP protokoloaren bitartez eskuragarri dagoen fitxategi eta web orrialde bildumak dira. Tamaina aldetik oso desberdinak dira eta informazioa zein zerbitzuak eskaintzen dituzte. Adib. http://www.ehu.eus

Blogak

aldatu

Egileak (blogaria) mezuak egunkari edo bitakora moduan idatzi eta kronologikoki argitaratzen ditu. [7]

Aplikazioak eta erabilera

aldatu

Asko dira Internet erabiltzen duten aplikazio eta zerbitzuak. Ospetsuena World Wide Web. Hona hemen horietako batzuk:

World Wide Web (edo Web) haien artean loturik dauden hipertestu dokumentuen sistema bat da, Internet bidez atzigarria dena. Web-nabigatzaile bat erabiliz webguneak bistaratzen dira, eta haien web-orrietako esteken bidez nabigatuz bertako testuak, irudiak, bideoak edo bestelako multimedia-edukiak atzitu daitezke.

Web-nabigatzailea web-zerbitzarietan biltegiratutako fitxategiak indexatzen dituen sistema informatikoa da, gairen bati buruzko informazioa eskatzen denean. Hitz gakoen bidez, bilaketa egiten da, eta bilatzaileak helbideen zerrenda bat erakusten du, lotutako gaiekin. Bilatzaileak sailkatzeko modu desberdinak daude, egiten duten zundaketa prozesuaren arabera. Sailkapen ohikoenak honela banatzen ditu: indize edo direktorio tematikoak, bilaketa-motorrak eta meta-bilatzaileak.

Internet mugikorra

aldatu

Internet-ek malgutasun handia eskaintzen du. Ia edozein lekutan egonda, nahikoa da gailu mugikor bat izatea informazioa atzitu edota hainbat aplikazio erabiltzeko. Sakelako telefonoek, datu txartelek, joko eramangarrien kontsolek eta router zelularrek Internet-era haririk gabe konektatzeko aukera ematen diete erabiltzaileei. Internet-eko zerbitzuen artean, posta elektronikoa eta Web-a dira hedatuenak; ia edonork erabil ditzake. Murriztapenak badira, noski: Interneteko hornitzaileek eskaintzen dituzten zerbitzuak murriztu ditzakete, datu mugikorren kargek mugak izan ditzakete, pantailen tamaina txikiak zailtasunak sor ditzake, etab.

Hezkuntza

aldatu

Maila guztietarako material didaktikoa existitzen da Interneten, Web-ean, bai eskola-umeentzat eta baita ikerketa-lanean doktoretza egiten ari direnentzat ere. Urruneko hezkuntzarako edo norberak bere kaxa ikasteko ere ikastaro eta baliabide asko daude. Sekula baino errazagoa da gaur egun hezkuntzarako informazioa lortzea. Internet, oro har, hezkuntza formala zein informala errazteko tresna garrantzitsua da. Hezkuntzarako software librea ere asko ari da hazten.

Urruneko lana eta lan kolaboratiboa

aldatu

Internetek informazioa trukatzeko ematen duen erraztasunak errazagoa egin dute lankidetza-lana. IRC (Internet Relay Chat) protokoloak, txatak, berehalako mezularitzak eta posta elektronikoak lana modu kolaboratiboan egiten laguntzen duten komunikaziorako aukerak dira. Fitxategiak, marrazkiak eta irudiak parteka daitezke eta taldeko kideak ahotsaren eta bideoaren bidez komunika daitezke.

Bestalde, edukia kudeatzeko sistemei esker, lankidetzan ari diren kideek partekatutako dokumentuetan lan egin dezakete. Lankidetza arlo askotan egin daiteke, ikerketa zientifikoa, softwarearen garapena, konferentzia baten plangintza, aktibismo politikoa, idazketa sortzailea, etab. Elkarlan sozial eta politikoa gero eta hedatuagoa dago.

Horrek guztiak lan egiteko modua aldatu ditu, bakoitzak bere etxetik lan egiteko aukera sortzen baita. Internetek malgutasun handiagoa eman die pertsona horiei ordutegiei eta lokalizazioari dagokienez.

Sare sozialetarako zerbitzuak

aldatu

Sare sozialetarako zerbitzua web plataforma baten bidez harremanetan jartzeko aukera ematen duen bitartekoa da. Harremanen bat partekatzen duten pertsonek hartzen dute parte zerbitzuan, adiskidetasuna adibidez, edo interes eta jardun komunak dituztenak.

Sare sozialetarako zerbitzuek ez dituzte posta elektronikoak edo telefono dei eta bideokonferentziek dituzten hainbat muga talde-elkarrizketetarako. Ezagunenetako batzuk hauek dira: Facebook, YouTube, WhasApp, Instagram, Twitter, LinkedIn, etab.[44]

Eragin soziala

aldatu
 
Interneteko guneak herrialdeka.

Internetek eragin sakona du lan munduan, aisialdian eta mundu mailako ezagutzan. Web-ari esker, milioika pertsonek sarbide erraza eta berehalakoa dute lineako informazio ugari eta askotarikoa eskuratzeko. Komunikabide berri horrek urruneko eskualdeen arteko oztopo fisikoak apurtzea lortu zuen. Hasiera batean masetara bideratutako alde bakarreko komunikabide gisa sortu bazen ere, Web 2.0 deiturikoak erabiltzaileen parte-hartzea posiblea egin zuen[45].

Entziklopediekin eta liburutegi tradizionalekin alderatuta, Web-ak informazioaren eta datuen bat-bateko eta muturreko deszentralizazioa ahalbidetu du. Datu-baseen automatizazioak eta edozein konputagailutatik datu-base horiek atzitzeko terminal bihurtzeko aukera sortu denetik, banku-transakzioak digitalizatzea ekarri du, kostu administratiboak eta erabiltzailearen denbora aurreztuz.

Software librearen eta kode irekiaren sorkuntzan mundu mailako lankidetza proiektuak sortu ahal izan dira, adibidez: Free Software Foundation, bere GNU tresnekin eta eduki libreko lizentziarekin, Linux sistema eragileko nukleoa, Mozilla Fundazioa bere Firefox web-nabigatzailearekin eta Thunderbird posta irakurgailuarekin, OpenOffice suite ofimatikoa, eta baita Wikipedia bera ere.

Internet modu desberdinean zabaldu zen munduan zehar. Herrialde aberatsetan sortu eta loratu zen, gerora herrialde eta sektore behartsuetara zabaltzeko, nahiz eta oraindik ere azken herrialde horietan Interneterako atzipena eta Interneteko batez besteko abiadura askoz txikiagoak izan. Teknologia berrietarako sarbidearen ekitate eza arrakala digitala da.

Aisialdia

aldatu

Askok Internet erabiltzen dute musika, filmak eta bestelako lanak deskargatzeko. Iturri batzuek erabileragatik kobratzen dute baina beste batzuek doakoak dira. Albisteak entzuteko eta eguraldiaren iragarpena ezagutzeko ere asko erabiltzen da Internet.

Txata eta sare sozialak aisialdirako ere asko erabiltzen dira (YouTube, Twitter, Facebook, Instagram). Zerbitzu horien hornitzaileek askotan zerbitzu osagarriak eskaintzen dizkiete erabiltzaileei, espazio eta profil publikoak sortzea adibidez, internautek argazkiak eta iruzkin pertsonalak sarean jartzeko aukera izan dezaten. Gaur egun ezbaian dago ea komunikazio-sistema horiek pertsonen arteko harremana sustatzen ala murrizten duten gizakien artean.[46]

Pornografiak Interneteko trafikoaren zati handi bat hartzen du. Sarearen bidez erraz zabaltzen da pornografia, haren publizitatea agertzen da webgune askotan. Kezkagarria da gazteen sexu hezkuntzan eta jardueretan duen eraginagatik [47].

Tendentziak

aldatu

Zazpi tendentzia mota aipatu ditzakegu gai honen inguruan:

  1. Infoxikazioa
  2. Infozaborra
  3. Analfabetismo  teknologikoa
  4. Eten digitala
  5. Pasibotasuna
  6. Itzal digitala
  7. Pazientzia gutxiko nabigazioa

Infoxikazioa

aldatu

Infoxikazioa gehiegizko informazioaren intoxikazioa da, hau da, hartzen dugun informazio kopurua hainbestekoa da, etengabeko datu jarioa itogarria suertatu daitekeela. Informazio larregik intoxikatu egiten gaitu, infoxikazioa sortuz.[7]

Erabaki bat hartu edo gai baten inguruan eguneratua mantentzeko garaian informazio gehiegi edukitzean sortzen den egoera da. Analizatzeko informazio kopuru handiak, informazio gehiegiren gehitzea, iturri ezberdinen kontraesanak edota datu garrantzitsuenak bereiztea zailtzen dituzten informazioak izan daitezke infoxikazioaren kausa.

Infozaborra

aldatu

Sarean metatu diren, inork nahi ez duen publizitatea eta errepikatutako informazioak dira, bilatzaileen lan eraginkorra oztopatzen dutena.

Analfabetismo teknologikoa

aldatu

Teknologien hedapena azkarra izan da, hala ere, pertsona guztiak ez dira teknologia berriak ulertu eta modu eraginkorrean erabiltzeko gai. Gaitasun hori ez izateari analfabetismo teknologikoa esaten zaio.[7]

Eten digitala

aldatu

Internetera sartzeko gaitasun eza da. Geografia, ekonomia, kultura eta egoera sozial ezberdinen ondorioz teknologia sarbide eta erabileran ematen den etena.(Erabiltzaile eta erabiltzaile ez direnen arteko hutsunea).

Pasibotasuna

aldatu

Partaide pasiboak dira teknologia erabiltzen dutenak, informazioa eskuratuz, baina informazio-edukirik sortu barik, lurker-ak esaten zaie pertsona hauei.[7] Azken urteetan sare sozialekin tendentzia hau aldatzen ari da.              

Itzal digitala

aldatu

Pertsona batek interneten sortzen dituen datuak artxiboetan, zerrendetan, buletin ofizialetan, web nabigazio historietan eta posta bidalketetan gordeta daude. Erabiltzaileak berak horietako heren bat sortzen du, beste biak erabiltzailearen kontrolpetik kanpo daude. Hori itzal digital moduan ezagutzen da.[7]

Pazientzia gutxiko nabigazioa

aldatu

Ikerketen arabera, gehien jota 10 segundo ematen ditugu web-orri baten informazioa bilatzen, eta Googleko erabiltzaileen %3a pasatzen da soilik bilaketa emaitzetako bigarren orrialdera.[7] Informazio zuzena eta zehatza aurkitu nahi dugu begirada bakar bat emanez, informazioa bilatzeko pazientzia gutxi daukagulako.

Segurtasuna

aldatu
Internet sakona azaltzen duen bideoa.

Internet-eko baliabideek, hardwareak eta software osagaiek erasoak jasotzen dituzte, baimenik gabe baliabideen kontrola har dezakete, iruzurra edo xantaia egin edo informazio pribatua atzitu.[48][49]

Malware-a

aldatu

Malware-a software gaiztoa da, Internet-etik zabaltzen dena. Malware mota asko daude: birusak, harrak, troiakoak, spyware-ak, etab. Programa horiek konputagailuaren, konputagailu-sarearen edo erabiltzailearen informazioa biltzen dute helburu gaiztoekin[50].

Zentsura

aldatu

Ia ezinezkoa da Interneten kontrol zentralizatua eta globala ezartzea. Zenbait gobernuk (Iran, Saudi Arabia, Ipar Korea, Txinako Herri Errepublika eta Estatu Batuak, besteak beste) haien herritarrei Interneteko eduki politiko eta erlijioso batzuk ikustea mugatu egiten diete, beren pentsamenduaren kontrakotzat jotzen dituztelako[51][52]. Gobernuak kontrolatutako iragazkien bidez egiten da zentsura eta eduki horien hedapena zigortu egiten dute lege edo arrazoi kulturaletan oinarrituz. Hala ere, Interneteko erabiltzaile askok iseka egin diezaiekete iragazki horiei. Izan ere, Interneteko edukiaren gehiengoa mundu osoan dago eskuragarri. Horretarako trebetasuna eta baliabide teknikoak behar izaten dira, hala ere.

Zentsura egiteko beste modu bat, Interneteko zerbitzuak eskaintzen dituen enpresaren autozentsura izatea da, Txinan gertatzen den bezala.[53] Badira zentsura indargabetu nahian gobernuak mehatxatu dituzten bilatzaileak ere, Google kasu. Txinan dituen zerbitzuak bertan behera uzteko mehatxua egin zion.[54]

Interneten erabileran zentsura gainditzeko, teknologia eta tresna ugari garatu izan dira. Darknet, adibidez, komunikatzaileen erabateko anonimotasuna lortzea helburu duten sare eta teknologien bilduma da, era horretan askatasun osoko gunea sortuz. Teknika kriptografikoak ere erabiltzen dira. Gaur egun erabateko anonimotasuna lortzen ez duten arren, erabiltzaileen pribatutasuna nabarmen hobetzea lortzen dute. Horrelako sareak biziki erabili izan dira, adibidez, Arabiar Udaberriko gertaeretan eta WikiLeaks sare osoan, isilpeko informazioa argitaratzeko.[55][52]

Tamaina

aldatu

Web-orri kopurua

aldatu

Interneteko web-orrien kopurua esponentzialki hazi da. 2005. urteko ikerketa baten arabera (Google, msn, Yahoo! Eta Ask Jeeves) 11 500 milioi web orrialde zeuden.[56]. 2019an indexatutako webguneak 6 bilioi orrialde dituela kalkulatzen da.[57] Hala ere, zaila da Interneten tamaina zehaztea; izan ere, Internet etengabe hazten ari da eta ez dago eduki osoa eskuratzeko eta, ondorioz, tamaina zehazteko modu fidagarririk. Kopuru hori kalkulatzeko, bilaketa-motorrek indexatutako webguneak erabiltzen dira, baina metodo horrek ez ditu lineako orrialde guztiak hartzen.

Erabiltzaile kopurua

aldatu
 
Interneteko erabiltzaile kopuruaren bilakaera.

Oro har, Interneten erabilerak izugarrizko hazkundea izan du. 2000tik 2009ra, 394 milioitik 1858 milioira igo zen Interneten erabiltzaileen kopurua munduan. 2010ean, munduko biztanleen %22ak bazuen konputagailu baterako atzipena, eta Google-en egunero mila milioi bilaketa egiten ziren, 300 milioi erabiltzailek blogak irakurtzen zituen eta YouTube-n egunero 2 mila milioi bideo ikusten ziren[58][59]. Ezin aipatu gabe utzi Internet-ek eragiten dituen energia kontsumoa eta CO2 isurketak[3].

Internet-en hizkuntza nagusia ingelesa da. Lehen sistema informatikoak ASCII (American Standard Code for Information Interchange) kodeketa erabiltzen zuten. Ingelesaren ondoren (% 27), World Wide Webean gehien eskatzen diren hizkuntzak honako hauek dira: txinera (% 23), espainiera (% 8), japoniera (% 5), portugesa eta alemana (% 4), arabiera, frantsesa eta errusiera (% 3) eta koreera (% 2). Eskualdeka, munduko Internet erabiltzaileen % 42 Asian daude, % 24 Europan, % 14 Ipar Amerikan, % 10 Iberoamerikan eta Kariben (oro har), % 6 Afrikan, % 3 Ekialde Hurbilean eta % 1 Ozeanian. Interneteko teknologiak behar adina garatu dira azken urteotan, batez ere Unicoderen erabileran, instalazio onekin munduko hizkuntzarik erabilienetan garatzeko eta komunikatzeko moduan baitaude[60][61][62].

Herrialdeei eta generoari dagokionez, aldeak nabarmenak dira[63][64].


Erreferentziak

aldatu
  1. theinclusiveinternet.eiu.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-31).
  2. «World Internet Users Statistics and 2019 World Population Stats» www.internetworldstats.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  3. a b (Ingelesez) «Internet Live Stats - Internet Usage & Social Media Statistics» www.internetlivestats.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  4. (Ingelesez) «Pros and Cons of Digital Distribution for PC Games» Lifewire (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  5. (Ingelesez) «The History of Online Gaming 1969 - 2004» Lifewire (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  6. (Gaztelaniaz) «Cómo vender por internet: La estrategia digital que toda marca debe tener» Blog del Ecommerce (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  7. a b c d e f g h «Interneten baliabideak erabiltzen ikasi: Internet (I) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  8. «Origins of the Internet» www.nethistory.info (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  9. (Ingelesez) High, Peter. «The Father Of The Internet, Vint Cerf, Continues To Influence Its Growth» Forbes (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  10. «Internet History, Who invented the Internet, When was the Internet invented» www.livinginternet.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  11. (Gaztelaniaz) «El verdadero origen de Internet» Microsiervos (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  12. (Ingelesez) «Brief History of the Internet» Internet Society (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  13. «History of the Internet & World Wide Web : 1) Internet Before Web» www.netvalley.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-31).
  14. (Ingelesez) «Brief History of the Internet» Internet Society (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  15. (Ingelesez) Postel, J.. «Internet Protocol» tools.ietf.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  16. «A Short History of Internet Protocols at CERN» ben.web.cern.ch (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  17. (Ingelesez) Dalal, Y.; Sunshine, C.; Cerf, V.. «Specification of Internet Transmission Control Program» tools.ietf.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  18. Singel, Ryan. (2012-04-23). «Vint Cerf: We Knew What We Were Unleashing on the World» Wired ISSN 1059-1028. (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  19. «Wayback Machine» web.archive.org 2015-02-10 (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  20. «NSF and the Birth of the Internet - Special Report | NSF - National Science Foundation» www.nsf.gov (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  21. «Retiring the NSFNET Backbone Service: Chronicling the End of an Era» web.archive.org 2013-08-17 (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  22. (Gaztelaniaz) OCHOA, LARA. (2013-12-11). «25 años conectad@s» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  23. (Ingelesez) «Web History Timeline» Pew Research Center: Internet, Science & Tech 2014-03-11 (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  24. «The HTTP Protocol As Implemented In W3» web.archive.org 1997-06-05 (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  25. The website of the world's first-ever web server, «Welcome to info.cern.ch» web.archive.org 2010-01-05 (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  26. (Ingelesez) How the web went world wide. 2006-08-03 (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  27. «Statistics» www.itu.int (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  28. (Gaztelaniaz) «El primer sitio web cumple 20 años» www.lanacion.com.ar 2013-04-30 (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  29. (Ingelesez) FayerWayer. «Visita la primera página web del mundo, creada hace más de 20 años» FayerWayer (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  30. «World Internet Users Statistics and 2019 World Population Stats» www.internetworldstats.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-31).
  31. «40 maps that explain the internet» vox.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  32. (Ingelesez) Noted. «The father of the Internet reflects of what his creation has become» www.noted.co.nz (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  33. «The Internet» www.livinginternet.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  34. (Ingelesez) «5 Questions for ‘The Father of the Internet’» UVA Today 2019-04-30 (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  35. «Internet Society (ISOC) All About The Internet: History of the Internet» web.archive.org 2011-11-27 (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  36. Melero, Mikel. (1997). «Internet eta hizkuntzen irakaskuntza» Hizpide: helduen euskalduntzearen aldizkaria (Hizpide) 15 (38): 58–73. ISSN 2530-3287. (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  37. Melero, Mikel. (1997). «Internet eta hizkuntzen irakaskuntza» Hizpide: helduen euskalduntzearen aldizkaria 15 (38): 58–73. ISSN 2530-3287. (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  38. «.EUS (EU)» Domeinuak .eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  39. «IPv4 Address Report» www.potaroo.net (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  40. (Ingelesez) Deering, S.; Hinden, R.. (2017-07). Internet Protocol, Version 6 (IPv6) Specification. , RFC8200 or.  doi:10.17487/rfc8200. (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  41. «IPv6 – Google» www.google.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  42. Chard, David J.; Clarke, Ben; Baker, Scott; Otterstedt, Janet; Braun, Drew; Katz, Rachell. (2005). «Tests of Early Numeracy» PsycTESTS Dataset (Noiz kontsultatua: 2020-05-10).
  43. Archive of Clinical Cases 03 (02) 2016-06  doi:10.22551/2016.11.0302. ISSN 2360-6975. (Noiz kontsultatua: 2020-05-10).
  44. (Ingelesez) «Global social media ranking 2019» Statista (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  45. «Measuring digital development: Facts and figures 2019» www.itu.int (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  46. «¿Las redes sociales aislan o comunican? | laGatera | laGatera» web.archive.org 2014-10-06 (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  47. Uranga, Nagore Irazustabarrena. (2014-02-23). «Internet eta pornoa sexu hezitzaile» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  48. (Ingelesez) Cerf, Vint. «“Father of the internet” Vint Cerf says we need to be less naive if we’re going to fix it» Quartz (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  49. «Internet eta teknologiak segurtasunez erabiltzeko agiri interesgarriak» www.avpd.euskadi.eus 2015-02-03 (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  50. «Segurtasuna Interneten» Informatikalari 2012-02-22 (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  51. (Gaztelaniaz) Portillo, Jacinto Lajas. (2011-05-07). «10 formas de censura de Internet en regímenes sin libertades» Periodismo Ciudadano (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  52. a b «Enemies of the Internet | Entities at the heart of censorship and surveillance» web.archive.org 2014-03-12 (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  53. «"Race to the Bottom": Corporate Complicity in Chinese Internet Censorship: II. How Censorship Works in China: A Brief Overview» www.hrw.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  54. (Gaztelaniaz) POZZI, SANDRO. (2010-01-13). «Google amenaza con cerrar su buscador en China» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  55. (Ingelesez) «The Crisis of Social Media | Freedom House» www.freedomonthenet.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  56. «Indexable Web Size» web.archive.org 2009-04-13 (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  57. «WorldWideWebSize.com | The size of the World Wide Web (The Internet)» www.worldwidewebsize.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  58. «Top Ten Internet Languages in The World - Internet Statistics» www.internetworldstats.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  59. antaranews.com. «Google Earth demonstrates how technology benefits RI`s civil society, govt» Antara News (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  60. (Ingelesez) «Internet: most common languages online 2019» Statista (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  61. «Top Ten Internet Languages in The World - Internet Statistics» www.internetworldstats.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  62. «Usage Statistics and Market Share of Content Languages for Websites, January 2020» w3techs.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  63. (Ingelesez) «Global internet usage rate by gender and region 2017» Statista (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  64. «Estatistika taulak: Komunikazio teknologia berrien erabilera» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  • Multimedia-Internet Liburua. Jose Mª Rivadeneyra Sicilia, ISBN: 978-84-9082-985-1, UPV/EHU (2018)
  • Merezi ote digu banda-zabalera handitzea? Jose Mª Rivadeneyra Sicilia, Elhuyar Zientzia eta Teknologia 275 (2011)
  • TCP/IP sareak Liburua (3. argitaraldia). Jose Mª Rivadeneyra Sicilia, ISBN: 978-84-8435-235-5, UEU (2009)
  • Konputagailu-sareak Liburua (itzulpena). Andrew S. Tanenbaum. Itzultzaileak: Lide Azkue Iruretagoiena, Jose Mª Rivadeneyra Sicilia, ISBN 84-8373-412-5, UPV/EHU (2002)
  • Konputagailu-sareak, euskaraz Artikulua. sustatu.eus, JM Rivadeneyra (Informatika Fakultatea) 2002