Eguzki Irratia
Eguzki Irratia 1982. urtean sortutako irrati librea da eta bere lehenengo emanaldia abenduaren 15ean izan zen arratsaldeko 20:00etan. Irratiaren egoitza Iruñeko (Nafarroa) Nabarreria plazan dago. Irratiaren programak Iruñeko 107FM emisoran, Iruñerriko 91FM emisoran edota beraien webgunean entzun ahal dira, bai euskaraz zein gazteleraz.
Kokalekua | Iruñea, Nafarroa |
---|---|
Frekuentzia | 107FM eta 91FM |
Lehen emisioa | 1982ko abenduaren 15ean |
Hizkuntza(k) | Euskara eta gaztelania |
Webgunea | https://eguzki.eus/ |
Irratia garaiko borroka eta mugimendu sozialetatik jaio zen, ekologismoaren mugimendutik batez ere. Baina bere ibilbidean zehar aldarrikapen sozial desberdinekin bat egin du eta adierazpen askatasuna irratiaren ardatza izan da.
Historia
aldatuIrratiaren lehenengo programa 1982ko abenduaren 15ean eman zen, arratsaldeko 20:00etan eta Gwendal taldearen abesti batekin ireki zuten lehenengo saioa. Geroztik, lau aldiz irratia itxi dute baina gaur egun irratia egunero entzuteko aukera dago.
Lehenengo bi itxialdiak 80ko hamarkadan eman ziren. Hirugarren itxialdia, oihartzun handiena izan zuena, 1988ko otsailaren 8an Juan Carlos I Espainiako erregeak Iruñea bisitatu zuenean izan zen. Aste horretan zehar Eguzki Irratiak, Iruñeko beste irrati libreek bezala, telefonoa ireki zuen entzuleen iritzi desberdinak programazioan entzuteko. Arrazoi horregatik, hurrengo egunean, otsailaren 9an, gaueko 21:30etan Polizia irratiaren egoitzan sartu zen hau ixteko asmoarekin. Horretan, Poliziak estudioaren materiala eraman zuen eta bi pertsona atxilotu zituen. Hurrengo egunean bi atxilotuak askatu zituzten baina irratiko Javier Fabo lokutorea atxilotu eta erregearen kontrako irainak esateagatik inputatu zuten.
Hurrengo egunetan Euskal Herriko irrati libre desberdinek, horien artean, Donostiako Zintzilik eta Txantxangorri Irratia, eta Gasteizko Hala Bedi, Eguzki Irratiaren itxierarekiko elkartasuna plazaratu zuten eta itxieraren kontrako kartelak banatu eta manifestazioak antolatu zituzten. Azkeneko manifestazioa martxoaren 5ean antolatu zen Iruñean eta milaka pertsona bertaratu ziren. 1989ko azaroaren 20an, Fabo lokutorea epaitu zuten eta, azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak aske eta kargurik gabe utzi zuen[1].
Irratiaren bigarren itxiera Poliziaren eskutik eman zen 1992. urtean, Iruñean greba orokorra antolatu zenean[2].
Programazioa
aldatuIrratiak asteko egun guztietan programa desberdinak eskaintzen ditu. Normalean programazioa goizeko 08:00etan hasi eta gaueko 01:00etan amaitzen da asteartetan eta asteburuetan izan ezik. Asteartetan programazioak goizeko 08:00etatik gaueko 00:00ak arte irauten du. Asteburuetan, berriz, programazioa 08:00etatik 21:00ak arte izaten da. Programez aparte musika ere eskaintzen dute.
Programak bi taldeetan banatzen dira. Lehenengoa, Eguzki Irratiaren programa propioak eta, bigarrena, Arrosa Sarearekin batera emititzen dituzten programak[3]. Eguzki Irratiak Arrosa Sarearekin kolaboratzeaz aparte Hala Bedi, Eztanda eta Irati irrati libreekin ere kolaboratzen du[4].
Eguzki Irratiaren programa propioak:
- Pasealeku. Irratiaren magazina. Emisioa: astelehena-ostirala 11:00. Errepikapena: astelehena-ostirala 16:00 eta 23:00.
- Bor-bor. Musika programa. Emisioa: ostirala 20:00-22:00. Errepikapena: astelehena 12:00-14:00.
- Taupadak. Aldarrikapen eta mugimendu sozialeei espazioa emateko programa. Emisioa: astelehena 18:00-19:00. Errepikapena: asteartea 08:00-09:00.
- Herriekide. Euskarazko programa. Emisioa: astelehena 19:00. Errepikapena: asteartea 09:00.
- ¡Como estan ustedes! Metal musika eta eszenaren programa. Emisioa: astelehena 08:00. Errepikapena: asteartea 12:00.
- Grupo salvaje. Zinema programa. Emisioa: asteartea 18:00-19:00. Errepikapena: asteazkena 08:00-09:00.
- El aprendiz de buho. Informazioa, musika eta zinema programa. Emisioa: asteartea 19:00-20:00. Errepikapena: asteazkena 09:00-10:00.
- Kolpez kolpe. Musika anti-komertziala bultzatzeko programa. Emisioa: asteartea 08:00-10:00. Errepikapena: asteazkena 12:00.
- Sustraiak eta kontrakultura. Jamaikako musika. Emisioa: asteazkena 19:00. Errepikapena: osteguna 09:00.
- Voodoo rock. Soul, R&B eta Rock´n Roll musika programa. Emisioa: asteazkena 08:00-10:00. Errepikapena: osteguna 12:00.
- El gallico de San Cernin. Atzerriko berriak ezagutzeko programa. Emisioa: osteguna 18:00. Errepikapena: ostirala 08:00.
- Un ramito de locura. Flamenko programa. Emisioa: osteguna 19:00-20:00. Errepikapena: ostirala 09:00.
- Fiebre. Hip hop eta rap programa. Emisioa: osteguna 08:00. Errepikapena: ostirala 12:00.
- El rincon de la Mata Hari. Gogoetarako eta sentsibilizaziorako programa. Emisioa: asteazkena 18:00-19:00. Errepikapena: osteguna 08:00-09:00.
Arrosa Sarearekin egiten dituzten programak:
- Soinugela
- Bertsoinka
- 11 ispilu
- Kultur kuboa
- Haus of Beats
- Mar de fueguitos
- Adi
- Zaratazarautz
- Shit
- Piperpolis
- Ratzenoff
- Kalez kale soul
Ildo editoriala
aldatuHedabidea batez ere ekologismoa eta mugimendu antinuklearratik sortu zen, hortik dator bere izena. Bere jaiotzatik gaur egun arte borroka eta mugimendu sozialen alde posizionatu den hedabidea izan da eta kolektibo eta talde desberdinei espazioa eskaini die bere programazioan. Irratia osatzen duten pertsonek esaten duten moduan, Eguzki Irratia ahotsik gabekoen ahotsa da.
Bere programetan argi geratzen da kultura, eta batez ere musika sustatzea garrantzitsua dela. Gainera, ikuspuntu kritikoa eta sentsibilazioa garatzeko programak ere emititzen dituzte.
Laburbilduz, hedabidearen ildo editoriala ezkertiarra, euskaltzalea, ekologista, antirrazista, feminista eta kolektibo zapalduen aldekoa da.
Diru iturriak
aldatuEguzki Irratia irrati libre bat da. Horregatik irabazi-asmorik gabeko hedabidea da, autogestioan oinarritzen da, herritarren zerbitzura dago eta horien parte hartzea suspertzen du eta benetazko informazioa eskaintzen du adierazpen askatasunean oinarrituta.
Irabazi-asmorik gabeko irratia izanik, jendearen laguntza ekonomikoari esker ekoizten dituzte hedabidearen programak. Gainera, COVID-19 pandemiak 2020 eta 2021eko Sanferminak bertan behera uztea eragin zuen. Horrek irratiak bizi duen krisi ekonomikoa handitu zuen, Pasealekua magazina aurrera atera ahal izateko Sanferminak hedabidearen iturri ekonomiko nagusietako bat zelako.
Irratiaren webgunean https://eguzki.eus/ nahi duenak 5€, 20€ edo 50€ eman ahal ditu Eguzki Irratia ekonomikoki laguntzeko.
Bestalde, irratia laguntzeko beste modu bat dago ere. Irratiaren webgunean, “Eguzkide izan!” atalean, bazkide izateko aukera dago. Hor azaltzen den bezala, eguzkide izateko hiru hilabetero gutxienez 20€ eman behar dira[5].
Sare sozialak
aldatuIrratiaren webgunea: https://eguzki.eus/
Twitter kontua: https://twitter.com/Eguzki_Irratia?ref_src=twsrc%5Egoogle%7Ctwcamp%5Eserp%7Ctwgr%5Eauthor
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «El cierre de Eguzki Irratia | Movimiento de resistencia II. Radios libres, fanzines y okupaciones» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) 25 aniversario del último cierre de la Eguzki y programa especial con motivo del día de Alde Zaharra – Eguzki Irratia. (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) Egitaraua-Programación – Eguzki Irratia. (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
- ↑ SL, TAI GABE DIGITALA. (2012-12-14). «Eguzki Irrati librea» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) Eguzkide izan! Hazte eguzkide! – Eguzki Irratia. (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).