Gipuzkoako foru jauregia

Gipuzkoako foru jauregia Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusia da. Donostiako Gipuzkoa plazan dago. 1885ean zabaldu zenetik, etenik gabe izan da Gipuzkoako Aldundiaren egoitza.

Gipuzkoako foru jauregia
Gipuzkoako foru jauregia, Donostian
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′N 1°59′W / 43.32°N 1.98°W / 43.32; -1.98
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1890
Arkitektura
ArkitektoaJose Goikoa

Eraikuntza aldatu

Jatorria eta proiektua aldatu

Jauregiaren eraikinaren proiektua Jose Goikoa donostiar arkitektoak egin zuen, 1879an hasita, Donostiako udal arkitektoa izateaz gain, garai hartan Gipuzkoako arkitekto ospetsuenetako bat baitzen. Eraikin eta obra publiko askoren proiektua egin zuen Donostian,[1] besteak beste, Polloeko hilerria, San Martin merkatua, Artzain Onaren plazako etxebizitzak eta Kontxako pasealekua.

Jauregiak hiru eraikin ditu, ekialdera begiratzen duen aitzindegi bakar batean ordenatuta, Gipuzkoa plazatik ikusita: erdiguneko gorputza, Jose Eleuterio Eskoriatzak diseinatutako atari neoklasiko batekin, Aldundiaren beraren zerbitzuen egoitza izateko; eskuin hegala (iparraldera, Peñaflorida kaleraino), hasieran Ogasuneko bulegoen egoitza izateko; eta ezker hegala (hegoaldera, Andia kaleraino), hasieran gobernu zibilaren egoitza izateko. Multzo osoaren eraikuntza 1885ean amaitu zen. Donostiako zabalguneko beste eraikin publiko gehienak bezala, Igeldoko harrobietatik gurdi gainean ekarritako kareharriz eraikia izan zen.

Sutea aldatu

Eraikina zabaldu zen urtearen amaieran, 1885eko abenduaren 25etik 26rako gauean, sute handi bat piztu zen bertan. Barruko zurajea, dekorazioa eta altzariak ia osorik galdu ziren. Galera handia izan zen, sutea gertatu zenean jatorrizko eraikuntzaren eta barruan zituen altzarien eta tresnen balioaren erdia baino gehiago suak eraman baitzituen.[2] Luis Aladren eta Adolfo Morales arkitektoei agindu zien Aldundiak suak hondatutako guztia konpontzea. Oro har, Jose Goikoaren jatorrizko proiektua aintzat hartuta amaitu ziren konponketa eta berritze lanak 1890ean. Aldundiak aseguru bat kontratatua zuenez, eraikina eta bere hornikuntza guztia lehengoratzeko kostuaren erdia soilik hartu behar izan zuen bere gain.[2]

 
Gipuzkoako foru jauregiaren aitzindegia.

Erabilera aldatu

Eraikinaren zati edo atalen hasierako erabileren gainean truke prozesu luze baten ostean, Aldundiak eraikin osoaren erabilera hartu zuen 1948an. XXI. mendean, eraikinaren oinplano laukizuzenaren atzealdeko erdian –Garibai kalera ematen duen aitzindegia, gehi Andia kaleko eta Peñaflorida kaleko kantoiak– Kutxabank finantza erakundeak Donostiako egoitza nagusia du. Bi erakundeen artean, ezkutuko barne pasabide bat dago.

Estiloa eta osagaiak aldatu

Second empire aldatu

Jauregiaren arkitektura estiloa Frantzian Napoleon III.aren garaian second empire izenaz garatutakoa da, orobat. Estilo horretako da, hain zuzen ere, Pariseko Garnier Opera, batzuetan Gipuzkoako foru jauregiaren inspirazio iturritzat hartua izan dena.[3]

Neobarrokoa aldatu

Eraikinaren oina laukizuzen bat da. Gipuzkoa plazaren gainerako eraikinekin lotura egiteko, arkupe bat du aitzindegiaren oinaren luzera osoan (Peñaflorida kaletik Andia kaleraino). Erdiguneko gorputza zabalagoa da ezker-eskuineko hegalak baino; zutabe erraldoiak ditu, ezkerreko eta eskuineko muturretan bi zati aurreratuagoak nabarmenduta, zutabe itsatsiekin eta frontoi makotuez azken solairuan. Aitzindegiaren dekorazioa osatzeko, goialdean bost begi biribil ditu, gipuzkoar ospetsuen buruak erakusten dituztenak: Urdaneta, Elkano, Okendo, Lezo eta Legazpi.

Iparraldera eta hegoaldera hedatzen diren hegalak dekorazio soilagokoak dira, simetrikoak, zutarri atxikiz eginak. Multzoa, orobat, eklektizismo neobarrokoaren barnean sailkatu daiteke.

 
Mauméjean anaiek egindako beirateak.

Eraikinak beirate ugari ditu, ia guztiak –eskailera nagusiaren tranpalaren gaineko horman dagoena izan ezik– Mauméjean anaiek egindakoak. Beiragile leinu batekoak ziren, Pauen jatorria zuena; Parisen, Biarritzen eta Hendaian atelier garrantzitsuak izan ondoren, Donostian ezarri zuten lantegi bat, Pedro Egaña kalean.[4]

Solairuak eta barnealdea aldatu

Eraikinaren jatorrizko solairuak garaiera handikoak dira, estilo honetako jauregi bati dagokion neurrikoak, gutxi gorabehera 4,2 m ingurukoak. Garaiera hori baliatuta, denboran zehar izan dituen berrikuntzen ondorioz, gaur egun 9 solairu edo maila hauek bereizten dira, behetik gora: sotoa, lur azpian gelditzen dena; beheko solairua, kalearen oinean dagoena; behe gaina, Gipuzkoa plazarekin lotura egiten duen arkupearen barne dagoen garaieran dagoena; lehen solairua, ohorezko solairua barne duena; lehen solairuartekoa; bigarren solairua; hirugarren solairua; laugarren solairua; eta ganbara.

Sotoa aldatu

Laneko solairua da, lur azalaren oinaren azpitik geratzen dena; ondorioz, leihorik gabeko solairua da. Bertan daude:

Beheko solairua aldatu

 
Sarrera nagusiko eskailera.

Gipuzkoa plazaren mailan gelditzen da. Bertan daude eraikinaren hiru sarrera erabilgarriak, hegoaldetik (Andia kalearen aldetik) hasita:

 
Eskailera nagusiaren gaineko kupula.
  • Laneko sarrera mugatua: prentsa aretora eta Aldundiaren beste zenbait zerbitzutara sartzeko ate bikoitza da.
  • Ohorezko sarrera nagusia: jauregiaren ekitaldi eta harrerak egiteko erabili ohi da. Atari handi baten ondoren, eskailera nagusira doa, zeina, lehenik mailadi bakar batean, baina gero ezker-eskuineko bi mailaditan banatzen baita, lehen solairuraino iristeko.
  • Jendaurreko sarrera: jendearentzako eta Aldundiko langileentzako sarrera orokorra da, solairu eta zerbitzu guztietarako sarbidea ematen duena. Harrera eta informazio bulegoa, segurtasun zerbitzua, laneko osasun eta medikuntza zerbitzua, eta bilera areto handi bat daude bertan.

Ohorezko sarrerak daukan eskaileraren lehen mailadi bakarra amaitzen denean, ezker-eskuineko bi mailaditan banatu aurreko tranpalaren gaineko horman, jauregiaren beirate nagusia dago.[5] Alfontso VIII.ak 1200ean Gipuzkoako forua zin egiteko unea irudikatzen du; Jose Etxenagusiak egindako marrazki batean oinarrituta. Irudi nagusiaren gainean, Gipuzkoako armarri zaharra ageri da, eta azpian Gipuzkoako barruti judizial tradizionalen armarriak (ezker-eskuin: Azpeitia, Tolosa, Donostia, Irun eta Bergara). Beherago, idazkun hau ageri da, hizki trabatuz idatzita: «Muy noble y muy leal provincia de Gipuzcoa». Beiratearen inguruki guztian, Gipuzkoako udalerrien armarriak ageri dira. Beiratea Municheko Franz Mayer etxeak egin zuen.[6][oh 1]

Eskailera nagusiaren gainean, kupula bat altxatzen da, Pedro Alejandrino Irureta[7] tolosarraren margo bat duena, «Gipuzkoaren zoria» izenekoa.

Behe gaina aldatu

Aldundiaren zenbait zerbitzuren bulegoak daude bertan.

Lehen solairua aldatu

Solairu nagusia da, Gipuzkoa plaza aldera begira dagoen aitzindegian baitaude foru diputatuen lan bulegoak eta ohorezko aretoa. Alde horri esaten zaio ohorezko solairua; bertan nabarmendu behar dira, ezker edo hegoaldetik (Andia kalearen aldetik) hasita, leku eta areto hauek:

Diputatu nagusiaren langela aldatu

 
Diputatu nagusiaren langela.

Eraikineko langela nagusia da, diputatu nagusiari dagokionez; Gipuzkoa plazaren eta Andia kalearen kantoia hartzen du. Laukizuzen zabal bat da, barne dekorazioan art nouveau estiloaren ukitu argiak dituena, bereziki zur gainean txertatutako metalezko landare irudiak.

Kontseiluaren aretoa aldatu

Diputatuen Kontseiluak astean behin egiten dituen bilkura gela da, laukizuzen eder bat. Erdian bilkura mahai zabal bat izateaz gain, leiho aldeko lerroan euskal eskulturagileen (Oteiza, Mendiburu, Nagel) obrak daude. Aretoa XX. mendearen hasieran guztiz berriztatu zen arren, dekorazio klasikoa gordetzen du, iztukuz egindako gain-erliebe urreztatuz, figura mitologikoak irudikatuta.

Ohorezko patioa aldatu

 
Elbira Zipitriaren omenezko eskultura (2022).
 
Elbira Zipitriaren omenezko eskultura (2022).

Hegoaldeko patioa da, eraikinaren garaiera osoa (lehen solairutik teilaturainokoa) hartzen du. Lau hormak beirate bertikalez daude eraturik eta sabaian beirate horizontal batek egunaren argiari sarbidea ematen dio. Kontseiluaren aretoaren ate ondoan, Jesus Maria Leizaola irudikatzen duen eskultura egon zen,[oh 2] 2007tik 2022ra arte.[oh 3][8] Urte hartan, 2022ko irailaren 29an, Elbira Zipitriaren omenezko eskultura bat ezarri zuen Aldundiak, patio honen erdian. Lourdes Umerez azkoitiar artistak egindako lanak oinarri gisako pieza bat dauka, Zipitriaren ikasleek landutako olerkiak, marrazkiak eta eragiketak erakusten dituena.[9]

Patioaren oinean, haitzurdineko plaka baten gainean, idazkun hau ageri da, metalezko hizkiz osatua, euskarak XX. mendearen lehen hamarraldietan, Euskaltzaindia 1919an sortu aurretik, zeukan idazkeraz: «Gipuzkoa'k bere izena jakitez, ertiz, egintza argiz, eŕikotasunez ta onbidez geien goratu izan duten gipuzkoaŕai opa die omenezko etxarte-baiῙa au» (gaurko idazkeraz: Gipuzkoak bere izena jakitez, egintza argiz, herrikotasunez eta onbidez gehien goratu izan duten gipuzkoarrei opa die omenezko patio hau).[oh 4]

Kontseiluaren areto zaharra aldatu

Diputatuen Kontseiluaren bilkurak egiteko erabili ohi zen aretoak barne dekorazio landua du, art nouveau estiloaren ukitu batzuekin (landare irudien apaingarriak zutabeetan, urre kolorez). Oinplano laukizuzena du, erdian mahai sendo bat duelarik, eta inguruan diputatuentzako haritz zuraz egindako besaulki larruz tapizatutakoekin. Besaulki guztiek landuak dituzte zurezko besoak eta goiburua; mahai luzeraren albo batean, erdian, diputatu nagusiaren besaulkia bereizten da guztien artean, besteak baino landuago dagoelako, eta goiburuan Gipuzkoako armarria duelako. Horman, boliz egindako XVIII. mendeko gurutze bat dago; ez da eraikinak gordetzen duen ikur erlijioso bakarra.

Jargi aretoa aldatu

 
Areto nagusia, ohorezko solairuan.
 
Areto nagusiaren ataria.

Jauregiaren areto handiena da, areto nagusia. Atari zabal bat dauka, beheko solairutik datorren eskailera nagusiaren mailadi biak bertara iristen baitira. Eraikinaren ergiduneko gorputzaren erdian dago, eta balkoi bat du Gipuzkoa plazari begira, bere luzera osoan. Dekorazio landua du, sabaia bereziki, estilo neobarrokotzat jo daitekeen eran, urre kolorea nabarmentzen baita. Hormak zetazko oihalaz daude gainestalita, Gipuzkoako armarri zaharraren irudiaz. Ohorezko ekitaldi eta harrera ofizialak egiteko erabiltzen da maizenik. Ehun bat lagun sar daitezke aretoan, aulkitan eserita.

Julio Urkixo liburutegia aldatu

 
Julio Urkixo liburutegia

Beheko solairutik datorren eskailera nagusiaren ezker mailadiaren alboan dago. Liburutegia jasotzen duen aretoa 1953an eraberritu zen, gaur egun ezagutzen den moldeaz, Julio Urkixo bibliofiloaren liburutegia erosi zuenean Gipuzkoako Aldundiak. Urkixoren liburuzaletasunak eta euskaltzaletasunak eraman zuen bere buruari egiteko nagusi bat jartzera: 1900 bitarte, euskarazko argitaratutako liburu guztien lehen edizioaren ale bat eskuratzea; guztietan lortu zuen, Axularren Gero izan ezik.

Urkixo hil zenean, 1950ean, haren oinordekoekin harreman luze bat izan ondoren, erosi zituen Gipuzkoako Aldundiak Urkixoren liburutegia osatzen zuten 7.000 inguru liburukiak eta beste milaka dokumentu, eskuizkribu eta eskutitz; guztira, 10.000 agiri baino gehiago.[10] Horiek guztiak behar bezala bildu eta jasotzeko prestatu zuen gela hau Aldundiak, liburutegi estereotipo baten osagai guztiak erabilita: kristalezko atedun arasak, goi mailara igotzeko zurubia eta galeria, ate goiburuko erlojua eta abar.

 
Julio Urkixoren potreta

Urkixoren funtseko osagai guztiak Koldo Mitxelena Kulturunera aldatu ziren 1993an, zentroa zabaldu orduko, liburuen eta, batez ere, paperezko agiri soilagoen segurtasuna eta iraunkortasuna bermatzearren. Orduz geroztik, funtsaren agiri asko digitalizaturik eta sarean eskuragarri daude.[11]

Hiru margolan ikusten dira liburutegiaren hormetan: Julio Urkixoren erretratua, Thyra Ekwall[12] margolariak egina; Jose Frantzisko Aizkibelen erretratua, Simon Arrietak egina; eta Karmelo Etxegarairen erretratua, Manuel Losadak margotua.

Erreginaren aretoa aldatu

Beheko solairutik datorren eskailera nagusiaren eskuin mailadiaren alboan dago. Maria Kristina Habsburgo-Lorrenakoaren omenez atondutako gela da. Sarreraren aurrez aurreko horman, Elias Salaberriak 1928an margotutako beraren erretratu bat ageri da, gorputz osokoa. Margo lanaren ezker-eskuin, haitzurdineko bi plaka ageri dira, idazkun hauekin:

  •  
    Eskuinean: «Eŕegiña Maria Kristina'ri Gipuzkoataŕen leialtasun eta maitetasunaren agergaŕitzat | A la reina Maria Cristina, en señal de lealtad y el afecto que los guipuzcoanos le profesan» (Erregina Maria Kristinari, gipuzkoarren leialtasun eta maitasunaren agergarritzat)
  •  
    Ezkerrean: «Gipuzkoa'ko amak, ama guzien erakuspen izan dan eŕegiñari | Las madres guipuzcoanas, a la reina que ha sabido ser ejemplo de madres» (Gipuzkoako amek, ama guztien eredu izan den erreginari)

Nabarmen da euskarazko inskripzio horiek –ohorezko patioan erakusten dena bezala– Euskaltzaindia sortu aurreko grafiaz idatziak direla.[oh 4] Frankismoaren urteetan eta ondorengo urte batzuetan oraindik, bi plaka horien inskripzioa gaztelania hutsez agertzen zen soilik; esan nahi da, goien adierazitako gaztelaniazko esaldiak hartzen zuela, osorik, plakaren azalera.[13] 1995ean, idazkunak jatorrizko egoerara leheneratu zituen Aldundiak.[oh 5]

Aretoaren hormak zetazko oihal gorriz daude tapizatuta. Ezker horma beheko sua egiteko tximinia handi batek hartzen du, zurezkoa, apaingarri landuz hornitua. Aretoaren besaulkiak kolore argiz daude margotuta eta tapizatuta, bizkarrean Espainiako erresumari lotutako irudiak dituztela.

Elkano gela aldatu

 
Juan Sebastian Elkanoren ohorezko gela

Eraikinaren iparraldeko hegal muturrean dago. Juan Sebastian Elkano nabigatzailearen omenezko bilera areto bat da, Aldundiaren zereginetan lan bilerak egiteko erabiltzen dena. Mahai laukizuzen baten inguruan, hamabi besaulki eserleku daude.

Mahai buruaren horman, Ignacio Zuloagak 1922an egindako margolan handi bat dago, Elkano irudikatzen duena, eskuan munduko mapa bat duela, eta atzean Getaria, bere jaioterria, agertzen dela.

 

Aurrez aurreko horman –hau da, mahaiaren beste muturrean–, Elkanoren nabigazioa irudikatzen duen tapiz bat dago,[14] zetaz eta zilar hariz brodatua. Tapizaren erdian, azalera gehiena hartzen duelarik, Elkanoren irudi bat ageri da, itsasontzi baten bizkarrean, soldadu bat ondoan duela, eta itsasoari lotutako irudi mitologikoez inguratuta. Erdiguneko irudi nagusiaren alboetan, Magallaes-Elkano espedizioak erabili zituen ontzien izenak ageri dira: ezkerrean, San Antonio, Trinidad eta Concepción; eskuinean, Santiago, Santa Maria eta Victoria. Goi aldean, tapizak bi begi edo inguruki borobil ditu; ezkerrean, Elkanoren irudia ageri da, zirkuluan zehar «Juan Sebastian del Cano» deitura idatzita duela; eskuinekoan, Magallaesen irudia, zirkuluan zehar «Fernando de Magallanes» deitura idatzita duela. Azkenik, goialdearen erdian, mapamundi esferiko bat irudikatzen da, goitik behera eta zeharka banda batean idazkun hau idatzita duela: «Primus circumdedisti me» (Zuk inguratu ninduzun lehenik). Tapizaren behe aldean, erdian Victoria ontziaren irudi bat agertzen da, ezkerrean zezen baten burua, eta eskuinean zentauro baten irudia.

Kapera aldatu

 
Kapera

Jauregiaren iparraldeko hegal muturreko patioan, Inazio Loiolakoaren adbokazioa duen kapera dago. Jauregia eraiki zenean, Gipuzkoako agintarien pentsamoldean beharrezkoa zen esangura erlijiosoa duen halako osagai nabarmen bat egotea eraikin zibil batean.

 

Kapera txikia da, maila baten gainean aldarea du, eta burdin hesi baten itxitura; hesiaren barnealdetik, gainera, belusezko errezelak ditu alboetan, erdira ixten direnak.

Erretaularik ez du; haren ordez, Elias Salaberriak egindako margolan batek hartzen du leku nagusia. Inazio Loiolakoaren erretratu bat da, gorputz osokoa. Kolore ilunez dago osatua, orobat, ikusmolde ospel eta laiotz bat emateraino. Gipuzkoako Aldundiaren eskariz margotua izan zenez, eztabaida handia sortu zuen Salaberriak agertu zuen irudikapenak.[15]

Kapera ez da erabiltzen elizkizunik egiteko.

Patio honetan, Donostian ezarritako Pablo Beiner[16] suitzar bitxigileak egindako ordulari esferiko bat dago, emakume bat irudikatzen duen estatua batek eskuin eskuan oraturik.

Administrazio bulegoak aldatu

Lehen solairuko gainerako aldean, hau da, Garibai kalera doan hegalean, Aldundiaren administrazio bulegoak daude.

Lehen solairuartekoa aldatu

Lehen solairuan Garibai kalera doan hegalaren gaina hartzen du soilik, gainerakoa azaleran lehen solairuak jatorrizko garaiera osorik gordetzen baitu. Aldundiaren administrazio bulegoak daude.

Bigarren solairua aldatu

 
Mauméjean anaien beirateak.
 
Bigarren solairuko korridorea

Jatorrizko garaiera eta barne dekorazioaren atal asko gordetzen ditu oraindik (margolanak hormetan, haitzurdineko zorua, ateen zurajea, Mauméjeandarrek egindako beirateak, bulego askoren moldaera eta abar). Eraikinaren erdiguneko gorputzaren erdi-erdian, hirugarren beirate horizontal bat dago (beste biak, esan bezala, eraikinaren hegoaldeko eta iparraldeko muturretan diren patioen sabaia osatzen dute), zeruaren argia jasotzen duena. Aldundiaren administrazio bulegoek hartzen dute osorik solairu hau.

Hirugarren solairua aldatu

Jatorrizko dekorazioaren aztarna gutxi gordetzen ditu solairu honek, oro har. Aldundiaren administrazio bulegoek hartzen dutenez osorik, dekorazio funtzional batez moldatuta dago. Soilik gordetzen dira Aldundiaren liburutegi izandakoaren aretoko sabai gangadunak.

Laugarren solairua aldatu

Eraikinaren teilatuak eragindako atzeraemanguneak nabarmentzen dira solairu honetan; ondorioz, azalera laburragoa du. Aldundiaren administrazio bulegoek hartzen dute osorik solairu hau.

Ganbara aldatu

Teilatupeko solairua denez, garaiera laburra du, doi-doi pertsona bat zutik egoteko adinakoa. Aldundiaren artxiboak gordetzen dira, orobat, leihorik gabeko gela itsuetan. Baita ere, solairu honetan karilloi elektro-mekaniko bat dago,[17] orduak adierazten dituena kanpai hotsak emanda, Ikusten duzu goizean aireaz eta beste zenbait melodiaz.

Argazki galeriak aldatu

Bibliografia aldatu

Oharrak aldatu

  1. Beirate nagusiaren neurriak dira 835 cm x 520 cm. Ikus Ana Torrea eta Gabriel Antolin (2007), 3. or.
  2. Jesus Maria Leizaolak 1933ko udan Gipuzkoako Aldundiko idazkaritza hartu zuen funtzionario gisa. 1936an, eskuindar matxinoen indarrek hiria mendean hartu zuten arte, bere lanpostutik biztanleen ebakuazioa bideratzen ahalegindu zen. Ikusi Leizaola Fundazioa.
  3. Jesus Maria Leizaolaren eskultura Donostiako Udalari laga zion Aldundiak. Udalak Euskadi plazan ezarri zuen Xebas Larrañagak egindako eskultura, 2022ko irailaren 12an.
  4. a b Idazkeragatik eta hautatutako hitz goratuengatik, pentsa daiteke idazkuna Nikolas Ormaetxea "Orixek" sortua izan daitekeela. Ikus Gipuzkoakultura, Orixe gaur ere.
  5. 1995ean, Kutxateka argazki bildumak Donostiako argazki zaharren erakusketa bat antolatu zuen; erakutsi zirenen artean, Erreginaren aretoa zabaldu zen eguneko argazkia zegoen, Maria Kristina Habsburgo-Lorrenakoa bertan zelarik. Aldundiko langile bat, Euken Ostolaza kantari tenor igeldoarra, ohartu zen hormetako jatorrizko plaketan esaldiak euskaraz eta gaztelaniaz ageri zirela, eta eskatu zion Aldundiari gauzak jatorrizko egoerara leheneratzea. Plakak hormatik askatu zituztenean, ohartu ziren atzealdean ageri zirela inskripzioak bi hizkuntzetan. Aldaketa nork, zergatik eta noiz egin zuen jakiteko frogarik aurkitu ez den arren, itxura du agintari frankistek, foru jauregiaz jabetu zirenean, erabakiko zutela euskararen arrasto hura ezabatzea.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) D. José Goicoa y Barcáiztegui. Euskal-Erria, Revista Vascongada.
  2. a b (Gaztelaniaz) «Guía del Palacio Provincial» atzoatzokoa.gipuzkoakultura.net (Imprenta de la Provincia) (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
  3. (Gaztelaniaz) «Palacio Diputación» diariovasco.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
  4. David Zapirain, Iago Irixoa. (2011). Pasaia: hiri-garapena. Pasaiako Udala.
  5. «Foru jauregia barrutik» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  6. (Ingelesez) Franz Mayer & Co.. 2020-04-18 (Noiz kontsultatua: 2020-04-28).
  7. «Irureta y Artola, Pedro Alejandrino - Museo Nacional del Prado» www.museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  8. (Gaztelaniaz) «Donostia rinde homenaje a Leizaola» El Diario Vasco 2022-09-12 (Noiz kontsultatua: 2022-10-18).
  9. «Elbira Zipitria artelana» ORAIN Gipuzkoa (Gipuzkoa Multimedia) (Noiz kontsultatua: 2022-10-18).
  10. Arana Martija, Jose Antonio. (1993). Bidegileak, Julio Urkixo. Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.
  11. «Julio Urkixo funtsaren dokumentu digitalizatuak» kmliburutegia.eus (KM Kulturunea) (Noiz kontsultatua: 2020-04-26).
  12. «Pintoras de Guipúzcoa 70 - Museo San Telmo» www.santelmomuseoa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-26).
  13. Rosi Lasarte, Edorta Kortadi. (1983). Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregia: 1883-1983. Arte lanen katalogoa. Gipuzkoako Foru Aldundia.
  14. Aldundia, Gipuzkoako Foru. (2021-07-21). Euskara: Juan Sebastian Elkanoren mundu birari buruzko tapiza. Gipuzkoako foru jauregian dago.. (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  15. Elias Salaberria. Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  16. Novella, Pedro. (2016). Gipuzkoako eguzki-erlojuak. , 77 or..
  17. (Gaztelaniaz) Goikoetxea, Joxan. (2017). Sobre el reloj carillón de Plaza Berri. .

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu