Blas Lezo Olabarrieta (Lezotarren etxea, Pasai San Pedro, Euskal Herria, 1689ko otsailaren 3aCartagena de Indias, Kolonbia, 1741ko irailaren 7a) euskal herritar itsasgizona eta militarra izan zen, Espainiako Itsas Armadak inoiz izan duen estratega eta buruzagi handi eta garrantzitsuenetakoa.

Blas Lezo

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakBlas de Lezo y Olavarrieta
JaiotzaBlas Lezoren jaiotetxea1689ko otsailaren 3a
HerrialdeaPasai San Pedro, Gipuzkoa
Euskal Herria
HeriotzaCartagena de Indias1741eko irailaren 7a (52 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakitsas ofiziala, buruzagi militarra eta soldadua
Izengoitia(k)Mediohombre, Almirante patapalo eta Anka motz
Zerbitzu militarra
Adar militarrabaliorik ez
Graduateniente jeneral
Parte hartutako gatazkakEspainiako Ondorengotza Gerra
Anglo-espainiar Gerra

Bizitza aldatu

Blas Lezo Olabarrieta 1689ko otsailaren 3an Pasai San Pedron jaio zen, gaur egun Blas Lezoren jaiotetxea izenez ezagutzen den eraikinean.

Bere arbasoen artean itsasgizon bikainez osatutako sendi batean jaio zen, garai hartan bere bizimodua oso-osorik itsasori erabat lotuta zuen Pasaia herrian. Frantziako ikastetxe batean heziketa jaso eta 1701ean 12 urte eskas zituelarik, ofizialgai gisa frantziar Itsas Gudarostearekin batera itsasoratu zen. Luis XIV.a Frantziakoak (Filipe V.a Espainiakoaren aitona) ahalik eta frantziar eta espainiar eskuadra eta gudarosteetako ofizialen elkartruke handiena egon zedin agindua baitzuen.

Lezo gaztearen lehendabiziko guda Vélez-Málagan izan zen, bertan Tolousseko almirantearen eskuadraren eta anglo-herbeheretar eskuadraren arteko borrokaldian (1704). Ekintza hartan Lezori kanoi-bala batek bere ezker zangoa moztu zion. Lezo gazteak uneoro erakutsi zuen odol hotzak Tolousseko kondearengan mirespena eragin zuen: Lezoren kemena eta lasaitasuna apartekotzat jo zituen, eta Tolousseko kondeak postu igoera bat proposatu zion.

Itsasontziko alferez gisa borrokaldietan ausardia eta dohain bikainak erakutsi zituen. Toulongo Santa Katalina gazteluaren setioan, jada itsasontziko tenientea zelarik, zauritua izan zen. Bartzelona setiatzen ari zen Espainiako erregeari laguntzeko asmoz Frantziako erregeak bidalitako espedizioen buru bezala Blas Lezo ezarri zuten, setio hau Espainiako erregetzara sartu nahirik zebilen Austriako artxidukearen aldekoak jaso egin baitzuten. Lezok ekintza bikain batez hiri honen inguruan ziren indar boteretsuagoen setioa apurtu eta hainbat itsasontziri su eman zien. Jada 1713ko kataluniar hiriburuaren bigarren setioan borrokatzen ari zen itsasontziko kapitaina zen. Une honetan bere besoa ezgaitua gelditu zitzaion.

Hamar urte pasatxoz, 1730. urte arte Kariben piraten aurka borrokatu zen, eta 1723rako, Hegoaldeko itsasoaren jeneral maila eskuratua zuela. Bere itzulerako eskuadrako buruko kargura igo zuten. Laster, Genovan eginbehar zail bat izendatu zioten: Espainiarenak ziren 2 milioi peso bereganatuak zituen hiri hartako San Jurgiren Banketxea setiatzea. Lezok bere ohiko erara jokatu zuen, bertakoek dirua itzultzeari ukatu ezkero hiria bonbardatzeko mehatxua jaurtikiz, horretaz gain hiritarrek Lezoren itsasontzian zegoen banderari agurtzera behartuz. Lezoren ospea ongi ezagutzen zuenez, agintari genoarrak onartu egin zuen.

1732an Oranen aurkako espedizioan Cornejo jeneralaren bigarren eskuadra burutzat esku hartu zuen, itsas-indar hau 54 gerraontzi, 500 garraio eta Montemar kondearen agintepeko 30.000 gizonez osatua zegoelarik.[1] Hiri honek amore eman ondoren, Santa Cruz markesa gelditu zen bertako agintari beste 8.000 gizonen buru zelarik.[2] 1732ko uztailaren 5a zen. Hassan erregeak ez zuen hiriaren galera onartu eta berehala setioa jarri zion. Hiriari laguntzeko arduraduna Blas Lezo izan zen, 6 itsasontzi eta 5.000 gizonekin. Setioa altxatu eta bertan Santa Cruz agintaria eta bere kapitainetako zenbait hil ziren. Lezo, itsasgizon jaioa, karibetar piraten aurkako borrokaldietan trebatua, 60 kanoiko Aljerko itsasontzi kapitainari atzetik jarraitu zion. Ontzi hau bi gaztelu eta milaka gizonez defendatutako Mostazango senaian babestu zen. Euskal itsasgizonaren ohiko kemena bere harrapakina aurrez-aurre ikusi hala handituz joan zen, gotorlekuetatik jaurtikitzen zizkioten tiroei muzin egiten zielarik. Aljer hiriburuari su eman eta gazteluak bonbardatu zituen, hauei kalte handiak eraginez. Ondoren itsas zainketa estu bat ezarri zuen, aljertarrak turkiarren indarren laguntza lor ez zezaten. Lezok jasandako "sukarrek" Cádiza atzeratzea behartu zuten. 1734an teniente jeneral mailara igotzen dute. Lurrean bi urtez egon ostean galeoietako komandante jenerala izendatuko dute.

Galeoia itsasontzi mota handi eta barru garaikoa zen, belekin besterik maneiatzen zena: batzuk guda galeoiak ziren, besteak aldiz zama galeoiak. Indietako Itsas Armada osatzen zuten itsasontziei ere galeoi izena ematen zitzaien; herrialde haietako altxorrak Espainiara eramaten zituzten eta beren biltegiak xede horretarako zeramatzaten. Cadiztik Portobelora eta Cartagena de Indiasera noizbehinkako bidaiak egiten zituzten. Lezo itsasgizona berriz ere Fuerte eta Conquistador itsasontziekin batera Tierra Firmen dagoen Indietako Cartagenara itzuli zen, 1737ko martxoaren 11ean ailegatuz, han hiri honen eta bere inguruko itsasgunearen defentsaz arduratu zelarik. Hemen zegoela, Espainia eta Ingalaterraren arteko 1739ko Guda Aldarrikapenarekin bat, Jamaikan batzen ari ziren ingeles indarren berri izan zuen. Ingelesek dagoeneko aipatua zuten Cartagena hiria Tierra Firme indarrez hartzeko portu nagusitzat, bai eta helburu hau lortzeko denbora askoz prestatzen jardun. Lezok hau bazekien, bai eta bere hiriko defentsen egoera tamalgarriaz ere.

 
Cartagena de Indiasko San Felipe de Barajasko gotorlekua, Kolonbia.
 
Blas Lezoren fragatak Stanhope britainiarraren itsasontzia atoian eramaten.

1741ean Ingeles Eskuadra Cartagenarantz zihoala, Lezok bere itsasontziak Boca Chican kokatu zituen. Honela ingelesak borrokatzera behartuak zeuden lurra hartu nahi bazuten. Portua ere kateekin itxi zuen. 1740ko Vernon almirante ingelesaren lehen erasoa atzera bota zuten. Ingeles almiranteak ez zituen portuko defentsak gutxietsi. Lezo beraren gaitasuna asko baloratu zuen. Honek azalduko zuen 1741eko martxoaren 13ko Ingeles Ontziteri boteretsuaren buru zeuden Vernon almiranteordearen agintepeko Lestock eta Oglen bertaratzea. Ingeles Ontziteri honen osaketa honako hau zen: hiru zubiko 8 itsasontzi, lerroko 28 itsasontzi, 20 kanoitik 50erako 12 fragata, 2 lonbarda, hainbat brolote eta 10.000 gizon zeramatzaten 130 garraio, Jamaikako 2.100 beltz, iparramerikar errejimendu bat eta itsas armadako 15.000 gizon. Lerroko itsasontziak bi bateriakoak ziren; lonbardak, kalibre handiko kanoiak, eta broloteak suharberak ziren materialekin beteak zeuden ontziak ziren.

Martxoaren 20ean ingeles eskuadrak San Felipe, Santiago, San José eta San Luis gotorlekuen aurka su egiten hasi zen, Lezok bere gizonekin babesten zuen San Luiseko gotorlekua ezik beste guztiak eraitsiak izan ziren. Honekin batera ingelesek beren indar guztiak lurreratu zituzten, artilleria barne.

Hamazazpi egun iraun zituen etengabeko borrokaldiaren ostean, Lezo eta bere gizonak San Luis gotorlekutik atera eta hirira aldendu ziren. Granada Berriko erregeordea eta Cartagenako agintaria zen Sebastián Eslaba, Lezo bera bezala, batzartuak zeuden bitartean zaurituak izan ziren. Cartagenak kanpoaldeko laguntza indar berriak jaso zituen, 6.000 gizon eta 8.000 kanoi bala. Inbasio erraldoi honen aurrean etsituak zeuden unean, Lezok 250 gizon baionetadunen kontraeraso suizida bat agindu eta gidatu zuen. Horrek inbaditzaileak atzerarazi zituen, eta haietatik 800 hil eta 200 gatibu geratu ziren. Ekintza horrek, gehi disenteria eta eskorbutoaren eraginak, egundoko sarraskia eragin zuen erasotzaileen artean, eta garaipena Lezoren alde jarri. Vernon zuhurtziaz aldentzen joan zen.

Amaieran preso eta gatibuen elkartrukea egin zen. Ingelesek harrapakin baliotsua laga zuten, 20 itsasontzi eta 9.000 gizon. Blas Lezo Olabarrieta urte hartako irailaren 7an zendu zen, hiriaren defentsan izandako nekeen ondorioz akituta. Gaur egun Indietako Cartagena hirian borrokaldi hauen ondoren eraiki ziren harresi eta defentsa bikainak ageri dira, eta Lezo pasaitar maingu entzutetsuaren estatua. Lezo-Vernon norgehiagokan zehar izandako pasarte bitxia ingeles almiranteorde harroaren aldetik dator. Borrokaldia gertatu aurretik Lezo belauniko irudikatzen zuten txanpon eta domina batzuk grabarazi zituen. Euskaldun itsasgizona ingelesari bere ezpata emanaz ageri zen, eta ondorengo idatziarekin:

« Espainiar harropuzkeria Vernon almiranteak apaldua »
 
Blas Lezo Olabarrietaren irudia.

Atzeko aldean, berriz, honako hau irakur zitekeen:

« Britainiar heroiek Cartagena 1741ko apirilean bereganatu zuten »

Garaiko kroniken arabera, Vernon almirante mailara goratua izan zen, ezin liteke jakin gertakizun hauek gertatu aurretik edo ondoren izan zen. Halere britainiar almirantegoarekin izandako ika-miken ondorioz maila honetatik at utzi zuten. Lezori berriz Ovieco Markesaren titulua eman zitzaion, baina izendapen hori ez zen bera bizirik zegoelarik iritsi, Indietako Cartagenako bere garaipenaren urte berean hil baitzen. Hiri hark bere heroi gorentzat du.

1955eko azaroaren 12an Lezori omenaldi bikoitz bat egin zitzaion. Pasai San Pedroko Alkatetzan G. Hombrados Oñativiaren margolana aurkeztu zen, honetaz gain Lezotarren oinetxean Emilio Laiz Campos eskulturagilearen hilarri bat ezarri zen. Data berberean Espainiak Kolonbiako herriari oparitu zion Lezoren estatuaren emate sinbolikoa inauguratu zen. Pasai San Pedroko elizan Blas Lezori eskainitako hilarria eta hilobia mantendu izan dira. Mende batzuk atzera begira, gauza berdina gertatu zen Elkanorekin Getariako elizan. Bi hilobiak hutsik daude, Lezo Indietako Cartagenan hil baitzen eta Elkano berriz itsasoan. Lezoren oroimenezko plaka Donostiako San Telmo museoan dago. Pasaiako elizan dagoena, berriz, erreplika da.

Blas Lezo hil eta askoz geroago, guda zauriek eragin zioten itxuraren aipagarri, Patapalo («Zurzango») edo geroago Mediohombre («Gizonerdi») ezizenak jarri zizkioten.

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Mckay, Derek. (1983). The Rise of the Great Powers, 1648-1815. New York: Longman ISBN 0-582-48554-1..
  2. Sánchez Doncel, Gregorio. (1991). Presencia de España en Orán 1509-1792. T. San Ildefonso ISBN 978-84-600-7614-8..

Kanpo loturak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Blas Lezo