Gipuzkoako historia
Gipuzkoako historia Paleolitoan hasten da, garai horretan hainbat aztarna aurkitu baitira.
Paleolitotik Burdin Arora
aldatuPaleolitokoak dira aurkitu diren kultura aztarna zaharrenak eta Madalen garaikoak (K.a. 15000-K.a. 8500) dira orain arte aurkitu diren giza hondakin zaharrenak (Urtiagako leizea, Itziar). Garai bereko aztarna eta monumentu ugari aurkitu da Lezetxikiko (Garagartza, Arrasate), Ermitiako (Deba), Aitzbitarteko (Errenteria), Errailako (Zestoa), Ekaingo (Deba) eta Altxerriko (Aia) leizeetan.
Asko dira Gipuzkoan Neolito eta Eneolitoko monumentuak (trikuharriak…). Euskal Herriko gainerako lurraldeak bezala, bazter samar geratu zen Gipuzkoako eremua Burdin Aroan (K.a. 1000. urtetik aurrera) gertatu ziren migrazioetatik. Garai hartakoak dira harrespilak, ugari Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan, eta Intxurren (Aldaba, Tolosa) eta Axtrokin (Bolibar, Eskoriatza) aurkitu diren gotorleku harresidunak.
Erromatar Inperioaren garaia
aldatuK.a. I. mendetik aurrera eman zituzten Erromatar Inperioko historiagile latinoek eta grekoek (Estrabon, Ponponio Mela, Plinio Zaharra, Ptolomeo) Gipuzkoako lurraldeko biztanleei eta herriei buruzko lehen xehetasunak. Iturri horien arabera, hiru euskal leinu ziren gaur egungo Gipuzkoan: karistiarrak, Deba ibaiaren ezkerraldean; baskoiak, Oiartzun ibaiaren eskuinaldean, eta barduliarrak, bi ibai horien arteko lurretan.
Historiaren argitan, Nafarroarekiko joera berezia izan dute Urumea ibaiaren eskuinaldeko herriek eta, lurraldeko mendebalean, Gipuzkoako lurraldetik kanpoko izaera bereziari eutsi dio luzaroan Oñatiko bailarak, esate baterako. Nolanahi ere, argi dago Erromatar Inperioak ez zuela halako eraginik izan Gipuzkoan.
Lau hiri kokatu zituzten historiagile erromatarrek gaur egungo Gipuzkoako kostaldean: Tritium Tuboricum (Deba ?), Menosca (Getaria ?), Morogi (Urumeako bokalean) eta Oiasson (Oiartzun-Irun?). Aztarna ugari utzi zituzten erromatarrek Irunen (Junkalgo bizigunea, Ama Xantalengo tenplua eta nekropolia…), Oiartzunen (Arditurriko meatzeak) eta Hondarribian (Asturiagako ainguralekua), hau da, Gipuzkoako eskualde baskoian. Herri txikia bazen ere, Irungo hiria eta portua izan zen eremu hartako bizigune garrantzitsuena.
Euskarak berak ematen du uste horren aldeko argibiderik. Irun izena, Nafarroako Iruñea, Irunberri, eta Arabako Iruña erromatarren garaiko hirien izenei lotzen zaie, eta gauza bera adierazten dute: «hiria». Bestalde, oso urriak dira gainerako eskualdeetan aurkitu diren hondakin erromatarrak. Gipuzkoako lurraldea, beraz, erromatartzetik kanpo geratu zen eta V. mendetik aurrera, Erromatar Inperioa desegin ondoren, guztiz ezabatu ziren Gipuzkoako ipar-ekialdeko aztarna erromatarrak.
Horrez gainera, V. mende bukaeratik aurrera, baskoi («vascon») deitura ematen hasi zitzaien mendebaleko leinu euskaldun guztiei eta Gipuzkoako jendeak, gainerako euskaldunekin batera, parte hartu zuen godoen eta frankoen aurkako guduetan. Pasaiko XVI. mendeko harrizko idazki batek jasotakoaren arabera, Orreagako guduan parte hartu zuten gipuzkoarrek Karlomagnoren armadaren aurka, gainerako euskaldunekin batera (778).
Gipuzkoa Iruñeko Erresuman
aldatuZiurtatzerik ez dagoen arren, badirudi lehenengo urteetatik lotu zirela Gipuzkoako lurrak Iruñeko erresumari, eta lotura horiek estuagoak izan zirela normandiarren erasoak bukatu zirenetik (IX. mende bukaera).
Gipuzkoa, Nafarroako eta Gaztelako erreinuetako lurralde. 1025. urteko dokumentu batek aipatzen du lehenengoz Gipuzkoa deitura (Ipuscua, Huescako San Juan de la Peñako monasterioan aurkituriko dokumentu batean). Nafarroako erresumako lurralde zen Gipuzkoa XI. mendean.
Antso IV.a Gartzeitz hil ondoren, Alfontso VI.a Gaztelako erregeak Burebako eta Errioxako lurraldeak bereganatu zituen, Bizkaiko jaunak lagunduta. Arabako eta Gipuzkoako parte handienaz jabetu zen Bizkaiko jauna, Gaztelako erregearen izenean.
Gipuzkoako alde baskoiak, ordea, Iruñeko erresumari loturik jarraitu zuen. Aragoi eta Nafarroako Alfontso I.aren garaian lotu zitzaion berriro Gipuzkoa Iruñeko koroari (1112) eta Gartzia V.a Ramiritzek osatu zuen erresuma (1134-1150).
XII. mendearen hasieran finkatu ziren gaskoiak Gipuzkoako kostaldeko portuetan, Donostian nagusiki; 1150-1164 urteetan eman zion hiri gutuna Antso Jakitunak Donostiari. Garai hartan, Baionako apezpikutegiaren barnean zeuden Gipuzkoako ipar-ekialdeko eliza guztiak (Urumea ibaiaren eskuinaldea) eta Iruñeko apezpikutegian gainerako eskualdeetako guztiak.
Eginahal guztiengatik ere, ezin gorde izan zituen Antso Jakitunak Bizkaiko eta Arabako lurraldeak, eta Alfontso VIII.a Gaztelako erregea hasi zen Gipuzkoaz jabetu nahian. 1194. urtean Antso Azkarrak hartu zuen Antso Jakitunaren lekua, eta Nafarroako eta Gaztelako koroen arteko liskarrak areagotu ziren.
1199. urtean, Alfontso VIII.a Gaztelako erregea indarrez sartu zen Araban eta Gipuzkoan, berak zioenez Akitanian zeuzkan eskubideak zaintzeko aitzakiaz (Eleonor Akitaniako dukesarekin ezkonduta zegoen), Gipuzkoako itsasaldea bere egiteko asmoz, eta Nafarroako erresuma ahuldu nahian. Akitanian huts egin zuen Baionan sartuagatik, baina bere mendeko hartu zituen Gipuzkoako lurrak eta Gasteizko hiria.
Testamentuan berariaz adierazi zuenez, agindua eman zuen Alfontso VIII.ak Nafarroari itzul zekizkion Gipuzkoako ipar-ekialdeko lurrak (Urumea ibaiaren eskuinaldetik Bidasoako ertzetara, lurralde jatorriz baskoiak), baina sekula ez zen horrelakorik bete, Nafarroako koroaren ahalegin guztiengatik ere. Bertako leinu noble batzuek lagunduta, bortxaz hartu zuen Gaztelako koroak Gipuzkoa.
Gipuzkoa XIII-XIV. mendeetan
aldatuXIII. mendetik aurrera hasi ziren Gipuzkoako hiriak antolatzen, eta hogeita sei villa edo hiri berri sortu ziren XIV. mende bukaera bitartean, kostaldean eta barnealdean. Gipuzkoako antzinako haran egitura (Oiartzun, Hernani, Iraurgi, Markina, Itziar, Saiatz, Bozue, Erniobea, Zumabatzarrea…) hautsi zuen hiri berrien sorrerak.
Bestalde, biziki areagotu zen Gaztelako koroaren eta Nafarroako erreinuaren alde zeuden leinuen arteko gatazka giroa (XV. mende bukaera arte iraun zuten ahaide nagusien, oñaztarren eta ganboarren, arteko guduak), liskar eta gudu ugari gertatu ziren nafarren eta gipuzkoarren arteko muga inguruan (Beotibarko gudua, 1321).
1368. urtean saiatu zen Karlos II.a Nafarroako erregea Gipuzkoako lurrak hartzen, bere aldeko gipuzkoarrek lagunduta, baina etsi behar izan zuen Henrike II.a Gaztelakoaren aurrean. Nolanahi ere, nafarren eta gipuzkoarren arteko harremanak ez ziren beti hain zailak izan, eta sarrera berezia egin zitzaion sarritan Nafarroako merkataritzari, Donostia, Pasaia eta Hondarribiako portuetatik. XIII. mendetik aurrera izugarri indartu ziren Gipuzkoako portuak
Gipuzkoako Forua
aldatuXIV. mendean idatzi ziren lehenengoz Gipuzkoako erakunde bati, Hermandadeari, zegozkion artikuluak (Gipuzkoako Hermandadearen sorrera, Tolosako Batzar Nagusiak, 1375; Gipuzkoako Hermandadearen Ordenantzen lehen idazketa, Getariako Batzar Nagusiak, 1397).
Nolanahi ere, askoz ere aurreagokoak ziren Gipuzkoako Forua osatzen zuten Lege Zaharrak. Batzar Nagusiak ziren Gipuzkoako erakunde legegile nagusiak; batzar horietan parte hartzen zuen Gaztelako erregearen ordezkariek edo korrejidoreek, XIII. mendearen hasieratik. Urtean bitan biltzen ziren Batzar Nagusiak ohiko batzarretan, aurrez erabakitako hirian hasieran eta hiri ordena baten arabera 1472tik aurrera. Premiazko erabaki bat hartu behar zenean biltzen ziren Batzar Bereziak, Usarraga eta Basarteko soroetan hasieran eta Bidaniako eta Azpeitiako Olazko elizetan 1461. urtetik aurrera.
Batzar Nagusietako ordezkarien botoa hiri bakoitzeko su edo etxe kopuruen araberakoa zen, eta erregeak zin egin behar izaten zuen forua. Erregeak foruen aurkako neurriren bat hartzen bazuen, “foru pasea” delakoa erabil zezaketen Batzar Nagusiek, hau da, erregearen erabakiari men ez egiteko gaitasuna.
1550. urte aldera antolatu zen Diputazioa, Batzar Nagusietatik sorturiko erakunde eragilea, korrejidoreak, Batzar Nagusiak bilduriko herriko alkateak eta batzarretan aukeraturiko ahaldun batek osatua; 1748an sortu zen Diputatu Nagusi kargua. Arazo larriei premiazko irtenbide bat emateko biltzen zen Diputazio Berezia.
Gipuzkoa XV. eta XVI. mendeetan
aldatuXIV. mendean osatu zen Gipuzkoako hiri ordenamendu berriak aldakuntza handiak ekarri zituen Gipuzkoara. Gaztelako erregeek aginpidea bermatu zuten herrialde osoan, berak zuzenean sortutako (kostaldean) eta bultzatutako (barnealdean) hirien bitartez. Hala, gero eta indar gutxiago zuten antzinako leinuek Gipuzkoan, eta tirabira latzak izan ziren herrialde osoan ahaide nagusien artean (Arrasateko sutea, 1448), eta haien eta Hermandadearen artean (1456-1457).
Garrantzi handia hartu zuen egoera horretan Gipuzkoako Hermandadeak, Domenjon de Andia buru. Ahaide nagusien aurkako armada bat osatu zuen Hermandadeak eta guztiz menderatu zituen, oinaztarrak eta ganboarrak haren kontra batu baziren ere (1457). Hermandadearen garaipenak Gaztelako erregearen erabateko nagusigoa ekarri zuen berarekin; handik aurrera Gaztelako koroaren laguntzaile zintzoak izan ziren gipuzkoarrak Nafarroako erreinuaren aurkako borrokan.
Nafarroako beamontarren eta agramondarren arteko guduak hasi zirenetik, lehenen alde jokatu zuten gipuzkoarrek eta ez zuten egiteko horretan amore eman Nafarroako erresuma Gaztelako koroaren mende geratu zen arte (1512-1521).
Bestalde, guztiz indartu ziren Gipuzkoako portuak eta ontziolak XV. mendean; burgesia molde berri bat sortu zen kostaldean, arrantzari eta merkataritzari esker, eta berebiziko ospea hartu zuten Gipuzkoako marinelek eta itsas teknikariek. 1492. urtean Ameriketara iritsi zen Kolonen bidaldia. Goitik behera aldatu zuen aurkikunde horrek gipuzkoarren bizimodua. XVI. mendearen hasieran Gaztelako koroaren esku geratu zen Nafarroako erresuma eta guztiz nagusitu zen Gipuzkoan haren indarra, gipuzkoarrek bere foru eta eskubideei tinko eutsi zieten arren.
XVI. mendetik aurrera Ameriketara zabaldu zen Gipuzkoako itsas merkatarien jarduera (balearen eta bakailaoaren arrantza Ternuan eta Labradorren) eta, Frantziako estatuarekiko oztopoak handiak izanagatik, bere horretan iraun zuen, oro har, Ipar Atlantikoko merkatariekiko jardunak. Bestalde, gipuzkoar asko jarri zen Espainiako koroaren zerbitzuan, militar, itsasgizon, idazkari edota eskribau gisa.
Gipuzkoa XVII. eta XVIII. mendeetan
aldatuXVII. mendean behera egin zuen Gipuzkoako merkataritzak, nazioak indartzen hasi baitziren, eta Gipuzkoa baztertua geratu zen. Amerikari begira jarri zen Gipuzkoa, baina gero eta zailtasun handiagoak zituzten bertako arrantza ontziek, eta XVII. mende erdialdean hasi zen arrantza mota haren gainbehera.
1659. urtean izenpetu zen Pirinioetako Hitzarmena, Frantziako eta Espainiako koroen artean, eta 1715. urtean izenpetu zen Utrechteko Ituna: Espainiako koroak uko egin zien Europan zituen lurrei, eta Ingalaterrakoak lortu zuen itsasoaren gaineko nagusigoa.
Arrantza eta merkataritza biderik gabe geratu zen Gipuzkoa, eta horren ondorioz ekonomiak beherakada handia izan zuen. Horrez gainera, eraso bortitzak izan zituen Gipuzkoako foruak XVIII. mendearen hasieran, aduanak Bidasoa ibaira igaro zitezela agindu baitzuen Filipe V.a Espainiako errege borboiak 1717. urtean.
Gipuzkoarren erantzuna ez zen berehalakoa izan, baina 1719an Berwick-eko dukeak gidaturiko armada frantsesa Gipuzkoan sartu zenean, herrialdeko erakundeen onarpena jaso zuen, baldin eta foruak osorik errespetatzen bazituen. Filipe V.ak atzera jo behar izan zuen eta lehengo berean segitu zuten aduanek (1722).
1728. urtean sortu zuten Gipuzkoako handikiek eta Donostiako merkatari aberatsek Caracasko Gipuzkoar Konpainia izeneko erakundea, Gipuzkoako sektore batzuei urte batzuez oparotasun handia eman ziona; baina 1751. urtean Madrilen ezarri zuten konpainiaren egoitza nagusia, eta 1785ean desagertu zen, gorabehera handien ondoren.
Ekonomia egoera hura larritu egin zen, eta herriaren haserrea areagotu. Prezioak neurri gabe igo ziren eta egoera horri aurre egiteko matxinatu ziren oletako langileak (matxinoak), nekazariak eta herri xehea burgesen eta handikien aurka (1766ko matxinada). Gipuzkoa osora zabaldu zen matxinoen eragina eta latza izan zen higikunde haren zapalkuntza.
Zapaltzaileen buru Francisco Javier Munibe Peñafloridako kondea zen, XVIII. mendean Frantzia aldean zabaldu zen ideologia ilustratuaren oihartzunak Euskal Herrian jaso zituzten aitonen seme eta burges lehenetarikoa. 1789. urtean piztu zen Frantziako iraultzak ez zuen hasieran halako gaitzespenik jaso gipuzkoarren aldetik, bai ordea ondoko urteetako gehiegikeriek.
1794. urteko abuztuan sartu ziren Gipuzkoan Frantziako Konbentzioko tropak eta, errenditu ondoren, bake hitzarmen bat izenpetu nahi izan zuen Getarian Gipuzkoako Diputazioak frantsesekin, erlijio katolikoa, foruak eta jabetzak errespetatzekotan. Agintari frantsesek, ordea, preso hartu zituzten Konbentzioko legea onartzen ez zuten diputatuak eta frantsesen aurkako gerrara deitu zuten
Getariako batzar haietan ordezkaturik ez zeuden Gipuzkoako herrietako ordezkariek. Basileako Bakeak (1795eko uztaila) gerra saihestu zuen eta XIX. mendean erabat nagusitu ziren bi politika joera, liberala eta karlista, hasi ziren nabarmentzen Gipuzkoako agintarien artean.
Gipuzkoa XIX. mendetik aurrera
aldatuNapoleondar gerrak
aldatu1808. urtean sartu ziren Napoleonen osteak Gipuzkoan eta, Gaspar Jauregi Artzaia deituriko gerrillariaren erasoez landa, frantsesek ez zuten inolako oztoporik aurkitu herrialdean. 1808. urteko ekainean idatzi zen Baionan Espainiako lehenengo konstituzioa eta bertan Euskal Herriko foruak kontuan har zitezela lortu zuten ordezkari euskaldunek.
1810. urtean osatu zuten Frantziako agintariek Bizkaiko Gobernua izeneko aginte barrutia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herialdeek osatua, eta 1812an liberal espainiarrek Cadizen erabaki zuten Espainiako konstituzio berri batean guztiz deuseztatu zituzten Euskal Herriko foruak.
Bitartean, frantsesek balio gabe utzia zuten forua euskal herrialde guztietan. 1813ko abuztuaren 31n sartu ziren aliatuak Donostian; sekulako triskantzak eragin ondoren, egun horretan bertan zapaldu zituzten oste frantsesak Irungo San Martzialen. 1814. urtetik aurrera, liberalak eta erregezaleak nagusitu ziren Gipuzkoan.
Foruen galera
aldatu1833. urtean hasi zen Lehen Karlistada; hiriak liberalen alde jarri ziren, eta karlisten alde herriak eta jauntxoak. Zumalakarregiren irudi handiak, ordea, karlisten bandora igaroarazi zituen soldado gehienak 1835. urtetik aurrera. 1839. urtean izenpetu zen Bergarako Besarkada eta bi urte geroago foruak erabat murriztu eta Ebrotik Bidasoara eraman zituen Espainiako erreginak aduanak.
Bestalde, 1860ko hamarkadan berriro gorpuztu zen karlismoa Gipuzkoan, Jaungoikoa eta Foruak lemapean, eta 1872. urtean hasi zen Bigarren Karlistada eta 1876. urtean erabat nagusitu ziren liberalak. 1876ko uztailean luzatu zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak deuseztatzen zituen legea.
1891. urtean hasi ziren foruen aldeko ekitaldiak; bi hildako izan ziren Donostian, Gamazadaren garaian, Espainiako gobernuaren aurkako manifestaldi batean, 1893ko abuztua. XIX. mende bukaeran sortu ziren lehen talde nazionalistak Gipuzkoan, higikundea XX. mendearen hasiera arte gorpuztu ez bazen ere (1908an sortu zen Euzko Alderdi Jeltzaleko Gipuzko Buru Batzar buruzagi taldea).
Industrializazioa
aldatuBigarren Karlistaldiaren bukaerarekin bat, fiskalitatea aldatu zen Gipuzkoan. Dirua zutenek egoera probestu zuten sozietate anonimoak eta industrialak sortzeko[1]. 1886 eta 1890 artean 102 sozietate merkantil osatu ziren Gipuzkoan, baina 1914 baino lehen 986 ziren jada.[2] Elkarte horiek guztiak sortuta, XIX. mende bukaeran, Gipuzkoako industria prozesua etengabea izan zen. Gipuzkoako industrializazioak, trinkoa eta sendoa izanik ere, ez zituen enplegatu asko, halere. 1915ean, hiru enpresak bakarrik ("Construcciones Metálicas", "Unión Cerrajera" eta "La Papelera Española" Tolosan) zituzten bostehun langileetatik gora[1]. Gainera, Bizkaian ez bezala, hiriburua ez zen bereziki industrializatu, eta bere ekonomia turismoan oinarritu zuen.
Papergintza
aldatuAurrekari industrial batzuk izan ziren Bigarren Karlistaldia baino lehenago. Papergintzak, askotan, lehenagoko burdinolen azpiegiturak erabiltzen zituen, bereziki hidraulikari dagokionez.[3] Lehenago ere ireki ziren beste paper-enpresa batzuk, baina gehienek eskuz egiten zuten lan. XIX. mendearen hasieran ireki ziren Alegría de Oria eta Nemesio Uranga paper-enpresak Tolosan, edo burdinolaren azpiegitura-hidraulikoa erabiltzen zuena Legazpin[4]. 1841ean aduanak kostaldera eraman ziren, eta horrek merkatu eta inbertsore berriei ateak ireki zizkion. 1842an "La Esperanza" fabrika ireki zen, paper jarraitua egiten zuen lehenengo lantegietako bat, Brunet, Guardamino eta Tantonat enpresarien diruarekin[3]. Hortik aurrera papergintza enpresa berriak ireki ziren, bereziki Oria ibaiaren arroan. Alegia eta Tolosaz gain, Iruran "Echezarreta, Larion y Aristi" (1844) enpresa ireki zen. Donostian Rousson eta Mayorrek paper-margotu enpresa ireki zuten 1846an.
Hala ere, enpresa hauek ez ziren oso eraginkorrak, izan ere burdinolen mailu-sistema erabiltzen zuten, Europan pila holandarra erabiltzen zen bitartean. Azken honek 8-10 ordutan egiten zuen lanak 24-30 ordu artean behar zituen mailu bidezko sisteman[4].
1860ko hamarkadan euskal lurraldeetako papergintza indartsua zen, estatuko hirugarrena[3]. Bigarren Karlistaldiaren ondotik trapuen ordez zura erabiltzen hasi ziren papera egiteko. Egur-orea Europatik inportatzen zen, eta beraz Kantauritik gertu eta trenbidetik gertu zeuden enpresek onura jasan zuten, tartean Tolosakoak[3]. 1909an, Papelera Española sortu zen zenbait fabrika batuz; horien artean Errenteriako Papelera Vasco-Belga, eta La Guipuzcoana eta Laurak-Bat, biak Tolosakoak,[5] baina baita ere Gipuzkoatik kanpoko enpresa asko[6]. 1919an, paper kluster bat osatu zen zenbait enpresa gipuzkoarren artean (bederatzi hamabostetik, Hernanin, Villabonan, Tolosan eta Iruran fabrikak zituztenak), eta pisu nabarmena irabazi zuten merkatuan[5]. 1927tik aurrera papergintza enpresen kontzentrazioa areagotu zen, etekin gutxien ematen zutenak itxi ziren eta berria ireki zen Errenterian, Papelera del Oarso (1931)[3]. Errenteriak Manchester txikia izengoitia zuen, bere industria zela eta[7].
Ehungintza
aldatuEhungintzako fabrikek ere garrantzi berezia izan zuten. 1840tik, Kataluniaren mailara iritsi gabe ere, enpresa garrantzitsuak ezarri ziren bertan, hala nola "La Guipuzcoana" Andoainen eta "San Antonio" Bergaran.
1770 "Fábrica de Lienzos de Manuel Iturralde" sortu zen Donostian, margo-oihalak egiten zituen lehena. 1840tik aurrera katalan enpresarien dirua sartu zen, eta kotoia lantzen hasi zen. 1830ko hamarkadan 1.100 langile zeuden jada sektore honetan Gipuzkoan, gehienak Bergaran[8]. Ondoren sortu ziren enpresarik garrantzitsuenak "Subijana y Compañía" (Villabona, 1866), "La Algodonera Guipuzcoana" (Andoain, 1900), "Brunet" (Lasarte-Oria[9], 1846) eta "Algodonera San Antonio" (Bergara, 1850)[8]. Azken hau oihalgintzako enpresa oso garrantzitsua izan zen. 1860an 500 langile zituen: 109 harigintzan, 189 oihalgintzan, eta 203 zuriketa, tindaketa eta estanpazioan. Txinakoko Nanjing hirian asmatutako prozesu baten bidez gaur egun mahoi izenarekin ezagutzen dugun oihala egiten hasi ziren, kolore urdinean. Hain famatu egin zen, ezen koloreari berari "Bergarako Urdina" (gaztelaniaz: Azul Vergara) deitzen zitzaion. Eskaria hain zen handia Espainiako Gerra Zibila pasa eta gero estatu osoan ekoizten zen lanerako mahoizko arroparen %90 Bergaran egiten zela[10].
-
La Algodonera San Antonio ehungintza enpresa. Bertan sortu zen lanerako arroparen kolore urdinari "Bergarako urdina" esaten zitzaion.
-
La Algodonera San Antonio enpresako emakumezko langileak.
-
La Algodonera San Antonio enpresako gizonezko langileak.
-
Enpresa barruko irudia.
Lihoaren industria ere sortu zen garai berdinean. 1845ean "Sociedad de Tejidos de Lino" sortu zen Errenterian, 45 gizonezko eta 221 emakume zituen enpresa, eta beranduago "La Fabril Lanera" ere ireki zen[8].
Txapelen fabrikazioak ere garrantzi handia izan zuen, artiletik abiatuta, bereziki Azkoitian (Hijos de Hurtado Mendoza) eta Tolosan. Antonio Elosegi Lizargaratek 1859an Boinas Elosegui sortu zuen. Enpresa horretan emakumeek lan egiten zuten, batez ere, hasieran eskuz egunero pare bat txapela egiten, eta 1878tik aurrera makina zirkularrak instalatu ziren, egunero 15 eta 20 txapela egitea baimentzen zuena. 1883an makina-zuzen bat jarri zuten, eta egunero 200 txapela egin zitzaketen[8].
Espartinen industriak ere izan zuen ordezkaritza Gipuzkoan. Jutearekin egiten ziren espartin horiek[11]. Bere zentroa Azkoitian izan zen, lau fabrikekin. 1910ean 600 langile zeuden, baina 1930ean 1.200 ziren esparru horretan lanean herrian. "Esteban Alberdi" (1890), "Epelde, Larrañaga y Compañía" (1894) eta "Sucesores de J. F. Arteche" (1845) ziren garrantzitsuenak[8]. Errenterian "Manufacturas de Yute" enpresa zegoen[11]. Azkoitiako enpresek euren jute propioa iruten zuten, 1.000 langilek egunero 30.000 kilo sortzen zituzten, Euskal Herriko enpresarik garrantzitsuena. Enpresa hauei lotuta berriak ireki ziren Azpeitian 1921ean eta Zumarragan[8].
Metalurgia
aldatuBizkaiko garapena lortu gabe ere, siderurgiako lantegiak ezarri ziren: San Martin burdin fabrika Beasainen, esate baterako. Gipuzkoak ez zuen erraztasunik burdina eta ikatza lortzeko[12], eta horregatik jarduera nagusia sektore horretan Bizkaitik iristen ziren lingoteen eraldaketa zen, fundizioen jabeak ziren beste enpresa batzuen lehengai gisa: "Bergarako Labe Garaiak" Unión Cerrajerarenak ziren, eta Eibarko "Aurrera" sortu zen, Eibarko armagintza hornitzeko[5]. Elgoibarren San Pedro enpresak bi labe garai zituen, eta Beasaingo "Fundición y Hierro Batido" enpresak metodo modernoak ezarri zituen 1861ean.[12] Legazpin Patrizio Etxeberriak "Segura, Echeverría y Cía" enpresa sortu zuen, eskuko erremintak egiteko. Laster hartu zuen fama bere izen komertziala zen Bellotak[13].
Lehen Mundu Gerran metalurgiaren eskaria asko igo zen, eta Gipuzkoan metalaren eraldaketa industria sortu zen: giltzak, motorrak, kontserbak, nekazaritzarako-makinaria...[12]
Armagintza
aldatuDeba ibar osoan zehar armagintzak garapen handia izan zuen[14]. Eibarko armagintzako azpisektoreak 1915ean 69 arma fabrikatzaile zituen; bi eta hogeita hamar langile artean zituen lantegi bakoitzean. Enpresari bakar batzuek lortu zuten, Bilboko kapitalari esker, tamaina handiagoko enpresak sortzea, hala nola "Orbea Hermanos", "Gárate, Anítua y Cía" edo "Víctor Sarasqueta", besteak beste[15]. 1887an 130.000 arma ekoiztu ziren Eibarren, baina 1908an 484.000 ziren[14].
Ontzigintza
aldatuOntzigintza garrantzitsua izan bada ee, ez zen modernizatu ahalik eta Bigarren Karlistaldia pasa arte. Egurrez egindako itsasontzien aurrean, burdinaren garraio azkarrak metalezko ontziak eskatzen zituen. Lasarteko Fossey enpresak bere lehen itsasontzirako motorea 1886an egin zuen. Hala ere, ez zen aposturik egin barku hauen alde XX. mendean sartu arte. Gipuzkoan arrantzaleentzako bapore txikiak egiten zituzten Pasaiako Astilleros Andonaeguik, Zumaiako Astilleros Urolak, Orioko Miguel Antonio Mutiozabalek eta Hondarribiako Senén Aseguinolazak[16]. Lehen Mundu Gerran, konpetentzia eza baliatuz, berrikuntza ugari egon ziren sektorean. "Francisco de Querejeta e Hijos Zumaian (1915)[17] edo "Astilleros de Pasajes de San Juan" Pasaian (1916) izan ziren horren adibide[16].
Beste industria batzuk
aldatuLehen Mundu Gerraren hasierarekin batera Guillermo Niessen enpresari alemanak Frantzia utzi eta Errenterian "Fábrica Electrotécnica Guillermo Niessen" elektronika enpresa sortu zuen. 1920tik aurrera bakelita izeneko plastiko sintetikoaren esklusiba lortu zuen, puntako enpresa batean bilakatuz[18]. Eibarren 1920ko hamarkadatik aurrera bizikletak eta piezak egiten hasi ziren, bertan armagintzako piezekin zegoen eskarmentua baliatuz[19]. Arrasaten Monterrongo kontearen zen Olazarra burdinola erosi zioten Resustak eta Bergarajauregik 1869an, sarraila-lantegi bat jarriz. 1980ean Aretxabaletako Hijos de Echevarría y Cía erosi zuten eta 1901ean lehen aipatutako labe-garaia ireki zuten Bergaran. Urte horretan bertan La Cerrajera Guipuzcoana enpresa sortu zuten eta 1906ean lantegi guztiak Unión Cerrajera enpresan batu zituzten[20]. Errenterian ere gaileta enpresa garrantzitsua zegoen, 1886an ireki zen "La Ibérica de Galletas Olivet"[21] (edo Gran Manufactura Española de Bizcochos de Lujo y Galletas)[22]. Añorgan Rezola zementu lantegia eraiki zen 1901ean[23], aurretik zegoen harria txikitzeko errota baten ordez[24].
XX. mendea
aldatuGarai berekoak dira lehen langile elkarteak (Donostiako elkarte sozialista, 1891) eta grebak (Arrasate, 1893; Eibar, 1897). Nolanahi ere, Primo de Riveraren diktadura bukatu arte (1923-1930) ez ziren Euzko Alderdi Jeltzalea eta Espainiako alderdi sozialista (PSOE) Gipuzkoan nabarmendu.
1931. urteko apirilaren 14an, Eibar izan zen Espainiako errepublika aldarrikatu zuen lehen hiria. 1936. urteko uztailean, Franco jeneralak gidaturiko matxinada militarrak setiaturik hartu zuen lehen egunetik Gipuzkoako herrialdea. Francoren alde jarri ziren Donostiako kuarteleko militarrak, baina errepublikaren aldeko indarrek menderatu zituzten.
Karlistek eta militarrek Irun-Oiartzunen eta Goierri aldean gogortu zuten erasoa, eta iraila arte eutsi zioten errepublikaren aldeko indarrek (1936ko irailaren 5a, Irungo galera). Azaroan geratu zen Gipuzkoa osoa militarren esku.
Francoren garaian (1936-1976), diktaduraren aurkako herrialde kartsuenetakoa izan zen Gipuzkoa, eta mugimendu abertzale guztiz indartsua gorpuztu zen urte haietan. 1979ko erreferendumaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako bat da Gipuzkoa.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/09/06 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Gipuzkoako historiaren sintesia. ISBN 9788479077778. PMC 1100401837. (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ Rodríguez, Carlos Larrínaga. (1999). Actividad económica y cambio estructural en San Sebastián durante la Restauración, 1875-1914. ISBN 9788471733627. (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ a b c d e «Industria del papel - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ a b Zaldua, Iban. «Teknologia berrien harreraz: Papergintzaren hastapenak Hego Euskal Herrian (1755-1842) - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ a b c Castells Arteche, Luis, 1951-. (1987). Modernización y dińamica política en la sociedad guipuzcoana de la Restauración, 1876-1915. (1a ed. argitaraldia) Siglo Veintiuno de España Editores ISBN 843230591X. PMC 18069439. (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ «PAPELERA ESPAÑOLA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ Barcenilla, Miguel Angel. (1999). La pequeña Manchester: origen y consolidación de un núcleo industrial guipuzcoano, Errenteria (1845-1905). ISBN 9788479072704. (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ a b c d e f «TEJIDO - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ «Patrimonio Industrial - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ «Aurkezpena - Aintzinako lanbideak» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) BARCENILLA, Miguel Ángel. (1987). «La industrialización de una localidad guipuzcoana. El ejemplo de Renteria 1845-1905» Tokiko historiaz ikerketak = Estudios de historia local. Bilbo 1987 (Diputación foral de Bizkaia - Eusko Ikaskuntza): 195–204. ISBN 9788486240530. (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b c «Metalurgia - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Patricio Echeverría el empresario que construyó un pueblo. Noticias de Gipuzkoa» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ a b «Armagintza — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ Luengo Teixidor, Félix.. (D.L. 1960). Crecimiento económico y cambio social, Guipuzcoa 1917-1923. Departamento de Historia Contemporánea, Universidad del País Vasco ISBN 8460073742. PMC 434384076. (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ a b «Construcción Naval en el País Vasco - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ Francisco Querejeta e Hijos | ZIIZ. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Historia de ABB» new.abb.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ «Bizikleta biraderen forjariak - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ «Sarraigileak - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
- ↑ «LA IBÉRICA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Errenteria, la villa más galletera» El Diario Vasco 2009-07-11 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ «AÑORGA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Erakusketa Iraunkorra » Museum Cemento Rezola. (Noiz kontsultatua: 2019-05-11).