Mari euskal jainkosa.jpg

Mitologia (grezieraz μυθολογία, hau da, μύθος mito eta λόγος hitzaldia) mitoak, hau da, natura eta gizakien auziak azaltzen dituen fantasiazko istorioen bilduma da. Gaur egun, bi esanahi nagusi ditu hitzok: alde batetik, kultura edo erlijio batek duen mito-multzoa, edo, beste aldetik, mito-multzo hori biltzen, aztertzen eta interpretatzen duen jakintza arloa[1].

Mitoak tradizio eta kondairetan oinarritutako kontakizun sinbolikoak dira, unibertsoa edo munduaren jatorria, fenomeno naturalak eta azalpen ezagunik ez duen edozein gertaera azaltzeko sortuak. Hala ere, mito guztiek ez dute zertan esplikazio-asmo hori izan. Era berean, mito gehienak indar natural edo jainko batekin lotuta daude, baina asko belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititu diren istorio eta kondairak besterik ez dira.[2]

EtimologiaAldatu

Grezierazko mythología bi hitzez osatua dago:

  • mythos (μῦθος), greziera klasikoan "diskurtsoa" edo "hitzaldia" esan nahi duena (Esquilo: «ἔργῳ κοὐκέτι μύθῳ», ‘hitzetik ekintzara’)[3]​. Beraz, "erritualizatutako hitz ekintza", hala nola, nagusiak batzar batean egiten duena, poeta batek bere lanetan, apaizak meza ematean, eta abar.
  • logos (λόγος), greziera klasikoan "adierazpena" esan nahi du, idatzizkoa zein ahozkoa, bai pentsamenduena eta bai pertsona batek bere pentsamenduak adierazteko duen gaitasuna.

Mito tipologiaAldatu

Mitoen gai nagusiak kultura guztietan ematen dira, baina itxura eta esateko modua aldatuz.

  • Jatorri mitoak: munduaren, hiri baten edo arraza/kultura baten jatorria azaltzeko.
  • Erritu mitoak: ohitura batzuen zergatikoa azaltzen dituztenak, jainko bati atsegin emateko edo ezbeharrak saihesteko.
  • Gurpen mitoak: jainko baten bizitza eta lorpenak azaltzeko.
  • Ospe mitoak: agintari edo heroien leinua ezagutarazteko.
  • Amaiera mitoak: munduaren edo zibilizazioaren amaiera aurreikusteko (mito eskatologikoak):
  • Gizarte mitoak: gizartearen ohitura edo jokabide batzuk frogatzeko (gurpen mitoen antzekoak izaten dira eta legea hausteak dakarren arriskuaz dihardute).

Mitologia eta erlijioaAldatu

 
Teide (Tenerife), mitologia guantxeen arabera, Guayotaren (deabrua) mendi morea zen.

Erlijioa eta mitologia ez dira gauza bera, eta erlijioaren barruan, mitologia osagai bat da beste askoren artean, hala nola: gurtza lekuak, arkitektura sakratua, ospakizunak, egutegia, gurtza moduak, objektuak, hil ondorengo bizitzarekin lotutako sinesmenak, tabuak, eta abar.

Mitologia erlijio gehienetan ageri da modu garbian, eta era berean, mitologia gehienak erlijio bati lotuak egon ohi dira, gutxienez.Termino hau maizago erabiltzen da antzinako gizarteek sortutako erlijioak izendatzeko, hala nola greziar mitologia, erromatar mitologia eta eskandinaviar mitologia. Hala ere, garrantzitsua da gogoratzea pertsona batzuek eskandinaviar eta zelta panteoiak fabula huts gisa ikusten dituzten bitartean, beste batzuek erlijiotzat hartzen dituztela (ikus neopaganismoa). Era berean, hori gertatzen da herri indigenen mitologiak aztertzean ere (adibidez, Hego Amerikako Mitologia); bertan, jatorrizko erlijioak oraindik ere agertzen diren kasuak ikus daitezke.

Oro har, pertsona askok ez dituzte kristautasuna, judaismoa eta islama bezalako erlijioen jatorriaren eta garapenaren inguruko kontakizunak gertakarien hitzez hitzeko kronikatzat hartzen, baizik eta haien balio-sistemen irudikapen figuratibo edo sinbolikotzat.

Hala ere, pertsona askok, hala nola ateoek, agnostikoek edo erlijio horietakoren bateko sinestunek, mito eta mitologia hitzak erabiltzen dituzte erlijio batean edo gehiagotan agertzen diren historiak edo fededuna denaz bestelako erlijioak faltsutzat edo, gehienez ere, zalantzazkotzat jotzeko. Horrela, gaur egun dauden erlijio gehienetako jendea iraindu egiten da beren fedea mito-multzotzat hartzen denean; izan ere, haien erlijioa berez gezurra dela esatea bezala da, eta hori beren sinesmenen aurka doa. Horren adibidea da talde kristau askotan Bibliako kontakizunei dagokienez; izan ere, Bibliako fededunek ez dute uste, oro har, beren istorioetako batzuk mitologikoak direnik, eta hitz hori hitz gutxiesgarritzat baino ez da erabiltzen.

Hala ere, jende gehiena ados dago erlijio bakoitzak bere erlijio-eskrituren inguruan garatu den mito-multzo batekin; izan ere, mito hitza bera modu objektiboan egiaztatu ezin diren gertaerei buruzkoa da. Era berean, mitologia juduaz, mitologia kristauaz edo mitologia islamiarraz hitz egin daitekeela uste da, sinesmen horietan dauden elementu mitikoez hitz egiteko, fedearen printzipioen egiazkotasunaz edo bere historiaren bertsioez hitz egin gabe; izan ere, bere erlijioa egiazkotzat hartzea pertsona bakoitzaren fedeari eta sinesmenei dagokie, eta ez mitoen azterketari.

Horren adibide dira gaur egungo apaiz eta errabinoak mugimendu judu eta kristau liberalenen barruan, neopaganoez gain, beren testu erlijiosoek mitoak dituztela onartzeko arazorik ez dutenak. Horrela, bere testu sakratuak egia erlijioso gisa ikusten dituzte, inspirazio jainkotiarrak errebelatuak, baina gizadiaren hizkuntzan erakutsiak. Hala ere, edozein esparrutan gertatzen den bezala, beste batzuk, aitzitik, ez daude horrekin ados.

Mitologia moderno ez-erlijiosoaAldatu

 
Odin, mitologia nordikokoa, eta Väinämöinen, mitologia finlandiarrekoa izan ziren J. R. R. Tolkienentzat inspirazioa Gandalf Magoa sortzeko.

Nahiz eta jende askok mitologia antzinako kulturekin edo erlijioekin erlazionatzen duen, ez da beti horrela izaten.

Alor narratiboanAldatu

Mitoek lotura izan dute beti, forma lterarioekin eta bereziki genero narratiboekin, hala nola fabulak, maitagarrien istorioak, elezahar herrikoiak, sagak, kontakizun epikoak, leiendak edo ipuin etiologikoak (zeintzuek azalpena ematen duten gauzak zergatik diren horrela ulertzeko).[2]

Narrazio mitikoen oinarri horiek ikus daitezke gaur egungo produkzio kultural askotan. Adibidez, telesailak, liburuak eta ipuinak, eta rol-jokoak, besteak beste, fikziozko unibertso propioa osatzea lortzen dutenak; osagai mitologiko oso garrantzitsuak hartzen dituzte, batzuetan sistema filosofiko sakon eta korapilatsuak ere sor ditzaketenak.

Mitologia mota honen adibide bikaina J. R. R. Tolkienek bere Silmarillion eta Eraztunen Jauna liburuetan garatutakoa da[4], besteak beste, berak legendarium deitu zuena, edo Cthulhuren mitoak, H. P. Lovecraften eleberrien eta bere zirkuluaren bateratzetik sortuak. Azken hauek, fisika ezezagun batetik abiatuz azaltzen dute unibertso osoa (suposatzen baitu unibertsoaren eta zientzien gure ezagutzek premisa okerrak dituztela), eta Jainkoaren existentziarik eza, non giza ulermenetik haratagoko kreaturak bizi baitira unibertsoan denboren hasieratik. Horren arabera, gizateria haientzat garrantzirik ez duen hauts-mota soil bat da. Gure ustez, jainkoak dira, primigeniar izenekoak, eta haien artetik boteretsuenak, kanpoko jainkoak eta jainko arketipikoak.

Beste adibide aipagarri batzuk, eleberri eta film desberdinetarako sortutako fikziozko munduak dira; esate baterako, Star Trek, Star Wars, Saint Seiya manga, Drangolace eleberriak, Harry Potter...

Kritikari batzuen iritziz, narrazio modernoetako pertsonaia nagusiak eta istorio-zikloak jabego publikokoak ez direnez, egile-eskubideei buruzko legeek eragotzi egiten diete egile independenteei historia modernoen zikloak jarraitzea, pertsonaien saga horiek mitologien funtsezko ezaugarrietako batzuk partekatzea saihestuz; gutxienez, egile-eskubideen epea bete arte eta jabego publikokoak izatera igaro arte. Hala eta guztiz ere, egile-eskubideen jabeek beste egile batzuekin jarraitzen dute batzuetan, hala nola L. Sprague de Camp-en Tarzan pertsonaiekin eta Conan eleberriekin (originalki Robert E. Howardenak), edo superheroien komikiekin, dozenaka autore izan ohi dituztenak.[5]

Alor ideologikoanAldatu

Mito terminoak mitologiaren eta erlijioaren esparrutik haratagoko esanahia ere badu gizarte modernoetan. Kontestu ideologiko bati ere lotzen ahal zaio, adibidez marxismoaren ikuspegi historizistan, estatuaren desagerpena mitotzat jo daitekeela kontsideratzen dute kritikoek.[2]

Euskal mitologia kontestuanAldatu

Euskal mitologia ere badela kontsideratzen da, batez ere Jose Migel Barandiaranek 20. mendearen hasieran egindako ikerketetatik, batutako materialetatik, substratu mitiko euskaldun bat agerikoa zela azaldu zuelako. Barandiaranen ikuspegian, mitologia horrek, euskarak bezala, aurre-indoeuroparra izatez, kristautasuna iritsi baino lehenagoko paganismo batekin lotzen da.

Era berean Barandiaranek kontsideratu zuen Mariren pertsonaia zentrala zela ikuspegi horietan, "mendietako jeinu" bat batzuetan, naturaz gaindiko izakia gehienetan, eta hipotesi gisa aipatu zuen antzinako euskal erlijio bateko jainkosa izan zitekeela. Hortik abiatuta, Luis Garagalza bezalako ikerlari batek lotzen du Mari "Europako zaharreko mtiologia matrial-femeninoekin", Marija Gimbutasek eta beste batzuek identifikatu duten antzinateko Europako "Jainkosa Handi" batekin.[6]

20. mendean jasotako datuetatik eraikitzen ahal den euskal mitologiaren deskribapena edo osotasuna nahikoa mugatua da, konparatuta europar mitologia klasikoaekin edo mitologia zeltarekin. Era berean, euskal mitoek inguruko mitologiekin dute lotura (Kantabria, Asturias, Galizia, Aragoi), eta kasu horietan bezala naturarekin harreman handia dute. Mito hauetan agertzen diren izakiek fenomeno naturalekin eta naturako elementuekin dute zerikusia gehienbat. Europar mitologia handietan ere badira oinarrian naturarekin harremana duten izaki eta mitoak; baina oro har jainko-jainkosa, errege-erregina, printzesa, borrokalari eta heroiz josiak daude, eta elezaharretan beraien arteko ahaidetza luze eta korapilatsuak kontatzen dira. Azken batean, mitologia pertsonifikatu eta gizarteratu bat islatzen dute. Euskal mitologia, ordea, oinarrizkoagoa eta zuzenagoa da, eta historian zehar gutxiago garatua (eta gutxiago idatzia). Bestalde, mitologia handi horien panteoian, jatorri indoeuroparraren eraginez, jainko nagusiak zerutiarrak dira (Zeus grekoan, Jupiter erromatarrean, Thor iparraldekoan), eta euskal mitologian lurra da guztiaren erdigunea.[7]

Mitologia indigenaAldatu

Mitologia, hizkuntza mota bat izateaz gain, talde sozial batzuek sortu duten bizimodua da. Hori dela eta, uste da soziologia modernoa, ia osorik, ez dela arduratzen komunitate indigenen sinesmen eta bizipenei dagokienez "egiaztaezinak" diren itxurazko gertakariekin zerikusia duten gertaerez. Kontuan izan behar da, gizarte horiek, beren "ez intelektualtasunaren" erdian, mundua ikusteko modu batzuk erabiltzen dituztela, non "zibilizatu edo intelektual" izeneko gizarteek ez duten haiek behatzeko gaitasunik. Esperientzietan antzeman daitezke, zientziaren begien aurrean azaldu ezin diren esperientzietan, baina esperientziaren aurrean azal daitezkeenetan. Esan behar da egiaztagarri guztiak ez direla benetan existitzen.

Mitologiak eta egutegiakAldatu

 
Venusen eskultura bat

Oraingo egutegian, gregorianoa deitzen dena, hilabeteak eta asteko egunek izaki eta jainko mitologikoetatik eratorritako izenak dituzte Europar jatorriko hainbat hizkuntzetan[8]. Frantsesa, Okzitaniera eta Gaztelania bezalako hizkuntzetan, jatorri hau begi bistakoa da, baina horrek ez du esan nahi mitologia propiotik datozela. Adibide bat ematearren, gaztelaniaz ostirala "viernes", frantsesez "vendredi" eta okzitaneraz "divendres", Venus-etik dator, erromatar mitologiako jainkosa zena eta ingelesez, berriz, "friday" Freyja, jainko germaniarragandik dator, alemanez antzekotasuna are estuagoa da:alemanez "freitag". Bi kasuetan antzekotasunak dituzten izakiei lotuta daude, edertasunaren jainkosak baitira biak.

ErreferentziakAldatu

  1. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  2. a b c (Ingelesez) «Myth | Definition, History, Examples, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-29).
  3. «Aeschylus, Prometheus Bound, line 1» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  4. (Gaztelaniaz) Espinosa, Francisco Miguel. (2017-11-07). J.R.R. Tolkien, una mitología viva - Jot Down Cultural Magazine. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  5. Harris, Neil. (1985). «Who Owns Our Myths? Heroism and Copyright in an Age of Mass Culture» Social Research 52 (2): 241–267. ISSN 0037-783X. (Noiz kontsultatua: 2023-05-29).
  6. Garagalza Arrizabalaga, Luis. (2006). «La mitología vasca en la actualidad» Kobie. Antropología cultural (12): 135–148. ISSN 0214-7939. (Noiz kontsultatua: 2023-05-29).
  7. «Euskal Mitologia - Mitologia konparatua» www.amaroa.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-29).
  8. (Gaztelaniaz) Fernando dice. (2018-09-10). «El origen del nombre de los días de la semana» astrométrico | El blog de Antonio Pérez Verde (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).

Ikus, gaineraAldatu

KulturakaAldatu

Kanpo estekakAldatu