Udako Olinpiar Jokoak

Udako Olinpiar Joko» orritik birbideratua)

Udako Olinpiar Jokoak lau urterik behin jokatzen den kirol anitzez osatutako nazioarteko txapelketa da. Olinpiar Jokoak Nazioarteko Olinpiar Batzordeak antolatzen ditu. Mila bederatziehun eta hogeita laugarren urtean Neguko Olinpiar Jokoak sortu ziren. Geroztik, Udako Olinpiar Jokoak Neguko Olinpiar Jokoetatik bereizten dira.

Olinpiar Eraztunak.Olinpiar Jokoen ikur nagusia da, koloreek munduko nazio guztiak ordezkatzen dituzte.

Olinpiar Joko modernoen lehen edizioa Atenasen burutu zen 1896. urtean. Edizio hartan, 42 kirol diziplina zeuden eta guztira 250 atleta baino gutxiagok parte hartu zuten. Azken edizioan berriz, 2016an Rio de Janeiron, 206 naziotako 11.402 atletek parte hartu zuten 306 probatan.

Emakumeen parte hartzea ere handituz joan da. Londresko Olinpiar Jokoetan (1908), % 1,8ra ere ez zen iritsi, 1948an % 9,5 izatera iritsi zen. 2008. urtean % 42 emakume izan ziren Pekineko Jokoetan eta 2012an Londresen emakumezkoek kirol guztietan hartu zuten parte.

Ezaugarriak aldatu

Olinpiar Jokoak herrien batasunerako topaketa baketsuak dira eta diskriminaziorik gabe mundu guztiarentzat zabalik daude. Coubertin baroiaren arabera,  ekitaldi honen helburua zera da: txapeldun handiak irudi moduan jartzea, horrela denentzako kirolaren praktika bultzatzeko. Olinpiar Jokoek bultzatzen duten  eredua kirol eroikoa da, praktikaren bitartez aurrerakuntza eta hobekuntza bilatzen dituen kirol eredua, gorputza eta adimenaren artean oreka lortzen saiatzen dena. Kirol eredu honek gizakia eta gizartearen eraldaketa  bultzatzen du, bere indar hezitzaileari esker.[1]

Olinpiar Jokoak lau urtetik behin egiten dira. Hala ere, salbuespenak izan dira Munduko bi Gerren garaian, eta orain 2020. urtean COVID-19 pandemiagatik Tokioko Olinpiar Jokoak ere bertan behera geratu dira. 1906. urtean Panheleniar Jokoak egin ziren, baina hauek ez ziren  olinpiartzat jo. Uda garaian jokatzen dira, uztailean, abuztuan, edo irailean zehar alegia, nahiz eta inoiz salbuespenak izan diren historian zehar.  Txapelketa garaia aldatzen ez den bezala, hamabost eguneko iraupena ere ez da aldatzen urte batetik bestera, nahiz eta beti halan izan ez den. Kontutan izan behar da jokoen irekiera egunaren biharamunean ez dela lehiaketarik egiten. Jokoen egoitza aldatu egiten da, eta antolatzeko ohorea beti hiri bati ematen zaio, ez herrialde bati. Neguko Jokoak  eta Udako Jokoak 1924. urteaz  geroztik bereiztu egiten dira.[2]        

Jacques Rogge Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidente ohiaren arabera[3], jokoen balio garrantzitsuak , besteak beste, hauek dira:

  • Gainditze ahalegina. Hau da, motibazio eta lanaren bitartez,  geure burua hobetzeko dugun ahalmena.
  • Harrotasuna. Norberaren buruarena,  baita herrialde eta talde baten ordezkari moduan ere.
  • Sakrifizioa, lana eta ahalegina beharrezkoak dira helburuak lortzeko
  • Anbizioa. Beti ere errespetua eta kiroltasuna gordez, garrantzitsua da mailarik gorenera heltzeko hobetzen ahalegintzea.  
  • Anaitasuna eta elkartasuna azpimarratzekoak  dira Olinpiar Jokoetan, beste lehiaketetan baino nabarmen areago.

Bertan garaipena lortzea mundu mailan kirol-ohore handiena da eta, hori adierazteko, 1904tik aurrera dominak ematen dizkiete: urrezkoa lehendabizikoari, zilarrezkoa bigarrenari eta brontzezkoa hirugarrenari.

Historia aldatu

 
Pierre de Coubertin baroia

Grezia antzinako Olinpiar Jokoak berriz martxan jartzea Pierre de Coubertin baroi frantsesaren ideia izan zen. Bere helburua, Parisko Nazioarteko Erakusketarekin batera, 1900. urtean martxan jartzea izan zen. Baina Frantziako gobernuak ez zuenez horretarako asmorik erakutsi, Dimitros Bikelas ordezkari greziarrak Atenasen egitea proposatu zion. Baroiak onartu egin zuen, orduan Parisko Erakusketa (1900) baino lehen,  Olinpiar Joko berriak Atenasen 1896an aurrera eramatea erabaki zuten. Coubertinek eskatu  zuenez, jokatu beharreko kirolen artean Europa Erdiko gimnastika, txirrindularitza eta tiroa aurkitzen ziren.

Maratoi lasterketa berria ere egin zen eta gainerako probei gehitu zitzaien  historiagileen irizpideak jarraituz. Lehen Olinpiar Joko hauek Grezia eta Persiaren arteko borroka ustez izan zen toki berean egin ziren, Maratoi izeneko tokia hain zuzen ere. Eta toki horretatik Atenasera egin zen lasterketa, hau da 40 kilometrotara.    

Antolatzaile greziarrek jaialdi honetarako ez zuten espero horrenbesteko finantziaziorik lortzea. Horregatik inaugurazioa, desfilea eta beste hainbat ekitaldi egin ziren.

Lau urte geroago, bigarren Olinpiar Jokoak Parisen egin ziren 1900. urtean. Hirugarrenak 1904an San Luisen (Estatu Batuetan). Ordutik aurrera lau urtetik behin izan dira, hiri ezberdinetan, Munduko Gerren garaien salbuespenak kenduta. Baita ere oraintsuago 2020an Tokioko Olinpiar Jokoak urtebete atzeratzea erabaki zuten COVID-19 pandemiaren erruz.[1][4]

Olinpiar Kirolak aldatu

Udako Olinpiar Jokoetan 42 kirol diziplina daude: arku-tiroa, atletismoa, badmintona ,saskibaloia, hondartzako boleibola, boxeoa, slalom-piraguismoa, BMX, mendiko txirrindularitza, pistako txirrindularitza, errepideko txirrindularitza, tranpolin-jauzia, hezi-ekitazioa, oztopoen jauzi-ekitazioa, ekitazio-konpletoa, eskrima, futbola, golfa, gimnastika artistikoa, gimnastika erritmikoa, eskubaloia, hockeya, judoa, igeriketa, igeriketa sinkronizatua, pentatloi modernoa, arraunketa, errugbia, bela, boleibola, tranpolina, tenisa, kirol-tiroa, mahaiko tenisa, taekwondoa, triatloia, waterpoloa, halterofilia, borroka librea, borroka greko-erromatarra eta maratoia. Tokio 2020ko Jokoetako programan beste beste 8 kirol diziplina aurkitzen dira: 3x3 saskibaloia, beisbola, karate, surfa, uretako murgilaldia, skateboarda eta eskalada.[5]

Kirol-modalitate tradizionalak hurrengo hauek dira[6]:

Atletismoa aldatu

Lasterketak aldatu

Hiru motakoak daude: abiadurazkoak (100 m, 200 m eta 400 m), erdi-iraupenezkoak (800 m  eta 1500 m) eta iraupenezkoak (5000 m eta 10000 m).

Maratoia aldatu

Lehen maratoia 1896an egin zen Atenaseko Olinpiar Jokoetan. Gaur egungo luzera 42,195 km.koa da. Distantzia hori lehen aldiz 1908. urtean Londresko Jokoetan egin zen, Windsor Gaztelutik White City Estadiora. Distantzia hori behin betirako 1924an homologatu zen.

Altuera-jauzia eta pertika-jauzia aldatu

Jauzi hauetan kirolariak hiru saialdi  egin ditzake. Jokalarien artean berdinketa izango balitz, saiakera gutxien egin dituenak irabaziko luke. Naroa Agirre euskal pertika-jauzilaria dugu. Atenasen 2004an eta Pekinen 2008an parte hartu zuen, 6. eta 13. postua lortuz hurrenez hurren.

Luzera-jauzia eta jauzi hirukoitza aldatu

Bi kirol hauek antzerako arauak dituzte. Jauziaren luzera harean utzitako lehen markatik neurtzen da. Sailkapen atalean hiru proba daude. Hamabi kirolari hoberenak sailkatzen dira azken probarako. Bakoitzak 6 jauzi egin behar ditu. Berdinketa egongo balitz, saialdi gutxien egin dituenak irabazten du.

Ur-kirolak aldatu

Igeriketa probak aldatu

Igeriketan lau estilo daude. Crawl estiloa edo librea, 100 metrotik 1500 metrorainoko distantzietarako erabiltzen da. Gainerako estiloak, bizkar-igeriketa, bular-igeriketa eta tximeletan  100  eta 200 metrotan erabiltzen dira. Erreleboko probetan ere erabiltzen da. Kasu honetan igerilari bakoitzak estilo ezberdin bat erabiltzen du.

Jauziak aldatu

Olinpiar Jokoetan bi motatako jauziak daude: tranpolina eta  palanka. Tranpolina uretatik 3 metroko altueran dago eta palanka 10 metrora. Jauzia egiteko sei era ezberdin  daude: geldirik, korrika, bizkarrez, erreserban, barrurantz eta besoak zabalik. Jauziaren ondoren mota guztietako birak eta itzuliak egin daitezke.

Waterpolo aldatu

Kirol hau Erresuma Batuan 1800. urtean sortu zen eta Olinpiar Jokoetan 1900ean agertu zen. Talde bakoitzak 11 jokalari ditu, baina uretan bakoitzean 7 baino ez daude. Atezainek pilota eskuekin soilik harrapatu dezakete.

Itsas-kirolak aldatu

Arraunketa aldatu

Gizonezkoen probak 1900. urtean sartu ziren Olinpiar Jokoetan, emakumezkoak 1976an. Distantzia estandarra 2000 m dira. Arraun bat eta bi arrauneko probak daude. Zortzi, bi eta lau arraunlariz osotutako  taldeak daude. Bakarkakoak ere bai.

Piraguismoa aldatu

 
Maialen Chourraut Londreseko (2012) Olinpiar Jokoetan

Olinpiar Jokoetan bi motatakoak daude: kayak (pala bikoizdun arauna) eta kanadiarra (pala bakarreko arrauna). Maialen Chourraut euskalduna, ur bizietako kayak (K1) modalitatean aritzen dena, urrezko domina olinpiarra lortu duen emakumezko lehen euskalduna da. Maialenek 2008an Pekinen, 2012an Londresen eta 2016an Rio de Janeiron parte hartu zuen, azken honetan urrezko domina lortuz.

Bela aldatu

Beijingo 2008ko Olinpiar Jokoetan, Iker Martinez de Lizarduik eta Xabi Fernándezek zilarrezko domina lortu zuten 49er bela diziplinan.

Borroka kirolak aldatu

Boxeoa aldatu

Boxeo olinpiarrak pisuzko 12 kategoria ditu. Debekatuta daude gerri azpiko kolpeak eta garondoko buruaren atzekaldekoak ere bai.

Judoa aldatu

Zazpi kategoria daude 60tik 95 kiogramora. Borrokaldiek bost minutu irauten dute, finaletan izan ezin. Orduan borrokaldi bakoitzak zazpi minutu irauten ditu. Kirol hau 1964an agertu zen Olinpiar Jokoetan. Kirol estandarizatu olinpiarra 1972an bihurtu zen.

Eskrima aldatu

Borroka bakoitzak sei minutu iraun dezake edo lehiakide batek 5 ikutu lortu arte. Ikutua armaren puntarekin aurkariaren toki batean egin behar da. Borrokalariak eliminatuz  doaz sei geratu arte. Amaieran borroka gehien irabazten duenak, edo berdinketa balego ikutu gehien lortzen dituenak, irabazten du.  

Borroka aldatu

Olinpiar borrokan bi mota daude: librea eta greko-erromatarra. Bien arteko ezberdintasuna zera da, greko-erromatarrean debekatuta dago hankak erabiltzea eta etsaiaren hanketara joatea. Maider Unda borrokalari euskalduna modalitate librean aritzen da, eta 2008ko Pekineko Jokoetan eta 2012ko Londreseko Jokoetan parte hartu zuen. Londresen brontzezko domina lortu zuen.

Kantxako kirolak aldatu

Saskibaloia aldatu

Saskibaloia 1891an sortu zen. Talde bakoitzak bost jokalari ditu. Eta bakoitza alda daiteke. Puntuak baloia saskian sartzen lortzen dira.

Eskubaloia aldatu

Alemanian 1800. urtean sortu zen. Talde bakoitzak zazpi jokalari ditu, eta alda daitezke. Hankarekin izan ezik, gorputzaren beste edoizen aldearekin ikutu daiteke  baloia. Iker Romerok eta Jon Belaustegik Eskubaloiako brontzezko domina lortu zuten Espainiako selekzioarekin.

Boleibola aldatu

1895an sortu zen. Kirol honetan baloia sarearen   beste aldera bota behar da eta berriz itzuli  zelaia ikutu gabe. Sarearen altuera gizonezkoentzako 2,43 metro da, eta emakumezkoentzat 2,21 metro.

Zaldi-kirolak aldatu

Jauzia aldatu

Kirol honetan bi txanda daude. Falta gutxien egiten dituen zaldizkoak  irabazten du.  Faltak oztopoak botata,  erreka ez zeharkatuta edo zalditik erorita egiten dira.

Heziera aldatu

Proba honetan jauziak, urratsak, mogimenduak, irudiak  eta itzuliak egiten dira. Puntuak bost epailek ematen dituzte. Zigor puntuak ere izaten  dira, akatsak eginez gero.  

Txirrindularitza        aldatu

Pistako probek lau lasterketa dituzte: sprint, 1000 m banan banako jazarpen indibiluala edo taldekoa 4000 m. Errepideko lasterketak indibidualak 175 eta 200 km bitartekoak izan daitezke. Taldekoak, berriz, 100 kilometroko distantziakoak eta erlojupekoak izaten dira. Miguel Indurain txirrindularri nafarrak 1996ko Atlantako Joku Olinpikoetan urrezko domina lortu zuen erlojupeko proban. Eta Leire Olaberriak 2008an Beijingo Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen brontzezko domina lortuz puntuazioko proban[7].

Hockeya aldatu

Hockeya 1908an sartu zen lehen aldiz Olinpiar Jokoetan eta iraunkor geratu zen 1918tik aurrera. Emakumezkoa  ez zen sartu 1980. urtera arte. Talde bakoitzak 11 jokalari ditu eta aldaketak egin daitezke.

Futbola aldatu

Olinpiar Jokoetan lehen aldiz 1908an agertu zen. Lau taldetan dago antolatuta. Berdinketa izanez gero 15 minutuko luzapena jokatu behar da.

Gimnastika aldatu

Kirolari bakoitzak aparatu bakoitzean bi txandatan egiten dituzte beren ariketak. Gizonezkoen aparatuak eta emakumezkoenak ezberdinak dira.

Mahaiko tenisa aldatu

Kirol hau berria da, izan ere Nazioarteko Tenis Federazioa 1926an sortu baitzen eta 1988. urtean sartu zen lehen aldiz Seulko Olinpiar Jokoetan. Kirol honetan parte hartzen duten jokalari gehienak txinarrak dira. Batzuetan beren herrialdea ordezkatzen dute eta beste batzuetan, beste herrialde bat. Kirol honetan lau txapelketa izaten dira Olinpiar Jokoetan. Bat gizonezko bakarkako lehiaketa, beste bat emakumezko bakarkoak, gizonezko taldeko lehiaketa eta emakumezko taldekoak.  

Ekitaldiak aldatu

 
Olinpiar Jokoen egoitzak. Berdez, behin anfitroi izan diren herrialdeak: urdinez, bitan edo gehiagotan izan zirenak.
 
1920ko Antwerpeko Olinpikoar Jokoak.

Azkenak 2016an egin zituzten Rio de Janeiron (Brasilen) eta hurrengoak 2021an egingo diraTokion (Japonian). Jokoak ez dira inoiz Afrikan antolatu.

Hona hemen ekitaldi guztiak:

Ekitaldia Hiria Herrialdea
1896 Atenas Grezia
1900 Paris Frantzia
1904 Saint Louis AEB
1906 Atenas Grezia
1908 Londres Erresuma Batua
1912 Stockholm Suedia
1916* Berlin Alemania
1920 Anberes Belgika
1924 Paris Frantzia
1928 Amsterdam Herbehereak
1932 Los Angeles AEB
1936 Berlin Alemania
1940* Tokio Japonia
Helsinki Finlandia
1944* Londres Erresuma Batua
1948 Londres Erresuma Batua
1952 Helsinki Finlandia
1956 Melbourne Australia
1960 Erroma Italia
1964 Tokio Japonia
1968 Mexiko Hiria Mexiko
1972 Munich Alemania
1976 Montreal Kanada
1980 Mosku SESB
1984 Los Angeles AEB
1988 Seul Hego Korea
1992 Bartzelona Espainia
1996 Atlanta AEB
2000 Sydney Australia
2004 Atenas Grezia
2008 Beijing Txina
2012 Londres Erresuma Batua
2016 Rio de Janeiro Brasil
2020** Tokio Japonia
2024 Paris Frantzia
2028 Los Angeles AEB
2032 Brisbane Australia

Erreferentziak aldatu

  1. a b Rodríguez, J. (2008). En Historia del deporte (3ªed.), pp. 203-249. Barcelona: INDE Publicaciones.
  2. Delgado, M. A. (1972). Los juegos olímpicos ayer y hoy. Recuperado de: http://oa.upm.es/39836/1/TESIS_OTRO_MIGUEL_ANGEL_DELGADO_NOGUERA.pdf
  3. Redacción Deportes, (2012). Los Olímpicos, nuestros contemporáneos. El espectador. Recuperado de: http://www.revista-apunts.com/es/hemeroteca?article=881
  4. Salvador, J.L. (2004). El deporte en Occidente. Historia, cultura y política. (579-663). Edición Cátedra: Madrid.
  5. (Ingelesez) «Sports | List of Summer and Winter Olympic Sports» International Olympic Committee 2021-01-06 (Noiz kontsultatua: 2021-04-03).
  6. Barret, N. (s.f.). Juegos Olímpicos. Historia de los Juegos desde Olimpia hasta Moscú ’80. Grisewood & Dempsey. Londres
  7. (Gaztelaniaz) AS, Diario. (2008-08-18). «Leire Olaberria consigue la medalla de bronce en puntuación» AS.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-13).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu