Igeriketa sinkronizatu

Igerilariak txapelketa batean

Igeriketa sinkronizatua (2017tik igeriketa artistikoa) igeriketa, gimnastika eta dantza bateratzen dituen uretako kirol bat da. Uretan, musikaren erritmoa jarraituz, mugimendu segida batzuk egiten dituzten igerilariak (banaka, binaka edo taldeka) ditu oinarri.

Hasieran neskek bakarrik praktikatzen zuten kirol bat izan arren, pixkanaka eta denborarekin, mutilek zein neskek praktikatzen duten kirol bihurtu da. Kirol honetan, ezinbestekoak dira, uretako gaitasun handiak izateaz gain, erresistentzia fisikoa, malgutasuna, artea, apnearen kontrola ur-azpian eta zehaztasuna denboran. Distirak, sormena eta makillajea, koordinazioa eta teknika bezain faktore garrantzitsuak dira.[1]

2015ean bikote mistoen diziplina gehitu zen, mutilen lehiatzeko eskaera zela eta. Igeriketa sinkronizatuan lehiatzen lehenengo mutila Bill May estatubatuarra izan zen, eta bigarrena Benoit Beaufils frantsesa. Espainiak ere bere bikote mistoa izan zuen, Pau Ribes eta Gemma Mengualek osatuta.

HistoriaAldatu

Igeriketa sinkronizatuak salbamendu eta igeriketa teknika desberdinetan dauka jatorria.

XX. mendearen hasieran, igeriketa sinkronizatua ballet akuatikoa bezala ezagutzen zen. Lehenengo lehiaketa Berlinen (Alemania) izan zen 1981. urtean. Klub asko garai hartan sortu ziren, eta kirola pixkanaka garatzen joan zen, hala nola, Australia, Kanada, Estatu Batuak, Alemania, Frantzia eta Espainian.

Lehen urteetan gizonezkoentzako kirola zen, baina oso denbora gutxian emakumezkoen modalitate bihurtu zen. 1907. urtean, Annette Kellerman australiarrak, New Yorken, kirola ezagutarazi zuen ur azpian dantzari bezala egindako erakustaldi batzuetan.[2]

1924. urtean, lehen lehiaketa iparramerikarra Kanadan ospatu zen, Montrealen, eta Peg Seller izan zen txapelduna. Kirol honetako beste aitzindari batzuk, Beulah Gundling, Käthe Jacobi, Dawn Bean, Billie MacKellar, Teresa Anderson eta Gail Johnson izan ziren.[3] Garai hartako lehiaketa asko ibai eta lakuetan egin ziren.

XX. mendeko 30eko hamarkadan zehar, Alemanian, Kanadan eta Estatu Batuetan lehenengo lehiaketak antolatu ziren.[4]

1933-1934. urteen artean Katherine Curtis-ek, “The Modern Mermaids” (“Sirena modernoak") deituriko ikuskizuna antolatu zuen Chicagoko Mundu Feriarako, eta aurkezleak “igeriketa sinkronizatu” bezala aurkeztu zuen. Hori izan zen terminoak izan zuen lehenengo aipamena. Hala ere, Estatu Batuetan lortu zuen ospe handiena Esther Williams igerilari eta aktore famatuaren filmekin. Berak zabaldu zuen kirol hau bere filmen bitartez XX. mendeko 40 eta 50eko hamarkadetan zehar.

Igeriketa sinkronizatua, 1973. urtean Belgraden ospatu zen lehiaketaz geroztik, FINAren munduko txapelketetan egon da. Emakumezkoen igeriketa sinkronizatua, 1984. urteko Los Angeles-ko Olinpiar Jokoetan bihurtu zen kirol olinpiko.[5]

LehiaketaAldatu

Parte-hartzaile guztientzat eta kategoria guztietan, lehiaketa bi zatitan banatzen da: ariketa teknikoa eta ariketa librea. Epaileek, kalitate teknikoa, grazia, eraketa artistikoa musikarekin, indarra, sentiberatasuna, irudi bakoitzaren altuera eta jarrera baloratzen dute, gehienez 10 puntu emanez. Igerilariek igerilekuko hondoa ukitzen badute edo ertzari heltzen badiote, zigor bat jaso dezakete.[6]

Igerilarien kategoria mailaren eta adinaren arabera, burutu beharreko ariketa desberdina da. Igeriketaren Nazioarteko Federazioa (FINA) da, lehiaketetako arauak arautzeaz arduratzen dena, eta modu erregular batean lehiaketa eta ekitaldiak antolatzen dituena.

Ariketa teknikoaAldatu

Igerilariek, derrigorrezkoa den elementu multzo bat egin behar dute. Horiek ordena jakin bat jarraituz eta aldez aurretik zehaztutako denbora batean burutu behar dira. Banakako lehiaketetan 2 minutu dituzte derrigorrezko 7 elementu desberdin egiteko; bikote modalitatean 2’20” bederatzi elementu egiteko eta “ispilu” erako ariketak ez daude onartuta; taldeko modalitatean 3 minutu 19 elementu eta, gutxienez, formazio biribil bat eta marra zuzeneko formazio bat egiteko.

Lehiaketan, ariketa teknikoak azken puntuazioaren % 50 suposatzen du. Hala ere % 100eko balioa izan dezake, sailkapena ariketa librearen mende ez badago. Horrela egin zen 2007ko munduko txapelketan, zeinetan ariketa teknikoan dominak egon ziren. Espainian, modalitate horri “indibiduala” deitzen zaio.

 
Igerilari bikote bat ariketa teknikoa burutzen

Denbora mugek, marjina bat daukate goitik eta behetik eta horrek nolabaiteko malgutasuna ematen dio ariketari. Igerilarien adinaren eta kategoria-mailaren arabera denborak aldatu egiten dira; zenbat eta gazteagoak izan orduan eta denbora gutxiagoan aritzen dira.

Ariketa libreaAldatu

Igerilariek beren ikuskizunei ukitu pertsonal eta artistiko bat ezartzen diete, inongo derrigorrezko elementurik egiteko beharrik gabe. Normalean, igerilariak igerilekutik kanpo hasten dira eta 10 segundo dituzte uretan sartzeko. Aurreko ariketan bezala, ariketa libreak bukaerako puntuazioaren % 50eko balioa du, beti ere, ariketa librea bereiz hartzen ez bada. Ariketa librearen iraupena 2-4 minutu artekoa izan ohi da.

Posizioak eta oinarrizko trantsizioakAldatu

Posizioak eta oinarrizko trantsizioak konbinatzen dira irudiak eta ariketa tekniko zein libreak egiteko.

  1. Bizkarreko posizio luzatua - back layout position: Gorputza luzatuta ahoz gora, aurpegia, bularra, hankak eta oinak uraren gainazalean izanda. Buruak (belarrien altueran) aldaka eta orkatilen lerro berean egon beharko du.
  2. Aurrez-aurreko posizio luzatua - front layout position: Gorputza luzatuta ahoz behera, burua, gluteoak, orpoak eta bizkarraren goiko aldea uraren gainazalaren gainean izanda. Aurpegia ur barruan edo kanpoan egon daiteke.
  3. Ballet-eko hankaren posizioa - ballet leg position:
    1. Gainazalean: Gorputza bizkarreko posizio luzatuan. Hanka bat luzatuta gainazalarekiko perpendikularki.
    2. Urpekoa: Burua, enborra eta hanka horizontalki, gainazalarekiko paralelo. Hanka bat gainazalarekiko perpendikularki uraren maila belauna eta orkatilaren artean geratzen delarik.
  4. Flamenko posizioa - flamingo position:
    1. Gainazalean: Hanka bat luzaturik gainazalarekiko perpendikularki. Beste hanka tolestua bularralderantz eta oina zein belauna gainazalean eta paralelo. Aurpegia gainazalean.
    2. Urpekoa: Enborra, burua eta berna-bizkarra tolesturik uraren gainazalarekiko paralelo. 90 graduko angelua enborraren eta hanka luzatuaren artean. Hanka luzatuan, uraren maila orkatila eta belaunaren artean.
  5. Ballet-eko hankaren posizio bikoitza - ballet leg double position
    1. Gainazalean: Hankak elkarturik eta luzatuta gainazalarekiko perpendikularki. Burua enborrarekiko lerrokatuta. Aurpegia gainazalean.
    2. Urpekoa: Enborra eta burua gainazalarekiko paralelo. 90 graduko angelua enborra eta hanka luzatuen artean. Uraren maila belaunen eta orkatilen artean.
  6. Posizio bertikala - vertical position: Gorputza buruz behera luzatuta gainazalarekiko perpendikularki, hankak elkarturik, burua urpean eta aldaka zein orkatilekiko lerrokaturik.
  7. Garabiaren posizioa - crane position: Gorputza posizio bertikalean luzatuta, hanka bat aurrerantz luzaturik eta gorputzarekin 90 graduko angelu bat osatuz.
  8. Arrain buztanaren posizioa - fishtail position: Garabiaren posizioan bezala, baina hanka aurreratuaren oinak gainazalean egon behar du.
  9. Uzkurtutako posizioa - tuck position: Gorputza ahalik eta trinkoen, bizkarra borobilduta eta hankak elkarturik. Orpoak ipurmasailetara itsatsita. Burua belaunetara itsatsita.
  10. Aurrez aurreko karparen posizioa - front pike position: Gorputza aldaken altuerara tolestua, 90 graduko angelua eratuz. Hankak luzaturik eta elkarrekin. Enborra luzatuta, bizkarra zuzen eta burua lerrokatuta izanik.
  11. Bizkarreko karparen posizioa - back pike position: Gorputza aldaken altuerara tolestua 45 gradu edo gutxiagoko angelua eratuz. Hankak luzaturik eta elkarrekin. Enborra luzatuta, bizkarra zuzen eta burua lerrokatuta izanik.
  12. Izurdearen arku-posizioa - dolphin arch position: Gorputza makurtuta, buruak, aldakek eta oinek arku baten forma osatuz. Hankak elkarturik.
  13. Gainazaleko arku-posizioa - surface arch position: Bizkarraren beheko aldea makurtua, aldakak, sorbaldak eta burua bertikalean lerrokaturik. Hankak elkarturik eta gainazalean.
  14. Belauna tolestutako posizioa - single bent knee position: Gorputza posizio desberdinetan egon daiteke. Hanka bat tolesturik, oinaren hatz lodiarekin hanka luzatuaren barrualdeko aldea ukituz belaunaren edo izterraren mailan. Posizioaren arabera, tolestutako hankaren izterrak uraren gainazalarekiko perpendikularki egon behar du.
  15. Upel posizioa - tub position: Hankak elkarrekin eta tolestuta. Oinak eta belaunak gainazalarekiko paralelo eta izterrak gainazalarekiko perpendikular. Burua enborrarekin lerrokatuta  eta aurpegia gainazalean.
  16. Espagat posizioa - split position: Hankak uniformeki irekiak, bata frontalki eta bestea dortsalki, oinak eta izterrak gainazalean izanik. Bizkarreko beheko aldea makurturik, aldakak, burua eta sorbaldekin marra bertikalean.
  17. Zaldun posizioa - knight position: Bizkarreko beheko aldea makurtuta, aldakak, sorbaldak eta burua lerro bertikalean dituela. Hanka bat bertikalean eta bestea luzatuta dortsalki, oina gainazalean eta ardatz horizontalarekiko ahalik eta hurbilen.
  18. Zaldun posizioaren aldaera - knight variant position: Bizkarreko beheko aldea makurtuta, aldakak, sorbaldak eta burua lerro bertikalean dituela. Hanka bat bertikalean eta bestea gorputzaren atzean belauna 90 gradu tolestuta izanda. Izterra uraren gainazalarekiko paralelo egon behar da.
  19. Hegaleko arrain buztanaren posizioa - side fishtail position: Gorputza luzatuta posizio bertikalean hanka bat luzatuta hegalerantz izanik eta bere oina gainazalean egonda.
  20. Posizio zuzena burua uretatik kanpo - eigbit: Gorputza uretatik kanpo eta bularraren altuerara gutxi gora behera. Oinekin mugimenduak eginez.

ModalitateakAldatu

Indibiduala edo bakarkakoaAldatu

Igerilariek ariketa edo “errutina” desberdinak prestatzen dituzte, irudi deituriko oinarrizko posizioen konbinaketa desberdinak eta trantsizioak eginez. Ekitaldietan, sormenezko trantsizioak erabiltzen dituzte igerilekuaren alde batetik bestera mugitzeko, ariketak igerileku osoan zehar mugituz burutu behar baitira.

BikoteakAldatu

Bikote modalitatean, igerilarien arteko koordinazio perfektu bat eta kidearen gorputzarekin sinkronizazio ona eskatzen da. Errutina librean ez daude derrigortuak irudiak aldi berean egitera, baina bien mugimenduek koordinatuak egon behar dute. Modalitate honetan bakarkakoan baino puntuazio altuagoa eman daiteke, bien arteko koordinazioa musika hasten den momentutik daukatelako.

TaldeakAldatu

Modalitate honetan taldeak 8 igerilarik osatzen dituzte. Guztiz sinkronizaturik jardun behar dute nahiz eta guztiek figura berdina ez egin. Modalitate honek, entrenamendu ordu asko eskatzen ditu. Kategoria absolutuko lehiaketa ofizialetan, ariketa tekniko bat eta ariketa libre bat eraman behar dute aurrera.

“Konbo” edo konbinatu libreaAldatu

Modalitate hau talde modalitatearen antzekoa da baina bakarkako ariketak barne hartzen ditu, hau da, igerilariek koreografia berean, elkarrekin igeri egiten dute baina gero bakoitzak bakarka igeri egiten du, bukaeran berriz denek elkarrekin igeri egiteko. Modalitate hau ariketa libretzat hartzen da.[7]

Olinpiar JokoakAldatu

1952. urteko Olinpiar Jokoetan izan zen kirol honen lehenengo erakustaldi olinpikoa. Hala ere, igeriketa sinkronizatua ez zen kirol olinpiko ofizial bilakatu 1984. urteko Olinpiar Jokoak arte. 1968. urtean ofizialki, FINA-k uretako laugarren kirol bezala ezagutzera eman zuen, igeriketa, tranpolin jauziak eta waterpoloaren atzetik.

1984. urtetik 1992. urtera, Olinpiar Jokoetan modalitate indibiduala eta bikotekoa zeuden bakarrik, 1996. urtean talde modalitatea ere sartu zen arte. Eta hortik aurrera Olinpiada guztietan modalitate guztiak egon dira.

Ekitaldiak 1984 1988 1992 1996 2000 2004 2008 2012 2016 Urteak
Emakumeen taldea 6
Emakumeak bikoteka 8
Emakumeak banaka 3
Guztira 2 2 2 1 2 2 2 2 2

PrestakuntzaAldatu

Lehiaketetan eta entrenamenduetan, igerilariek pintza moduko bat daramate sudurrean, ur azpian daudenean ura sudurretik ez sartzeko. Horrez gain, igerilari batzuek, tapoi moduko batzuk ere jartzen dituzte belarriak babesteko. Normalean ez dute txanorik erabiltzen eta orrazkera bere lekuan mantentzeko gelatina moduko bat ipintzen dute ilean.

Igerilariek diseinatutako bainujantziak eramaten dituzte distira eta kolore adierazgarriekin apainduta, erabiliko duten musikarekin lotura ahalik eta handiena lortzeko. Bainujantzia eta musika ez dira epaitzen baina eragina dute ikuskizunaren adierazgarritasunean. Erabiltzen duten musika oso garrantzitsua izaten da errutinan egiten dituzten mugimendu eta irudiekin lotura bat izateko.

Igerilariek ere makillajea jartzen dute aurpegian lehiatzerako orduan, baina azken urteetan, FINAk makillaje naturala (edo ahalik eta naturalena) eramatera derrigortzen ditu, ez dago baimenduta gehiegizko makillajea.

LesioakAldatu

2012. urtean Estatu Batuetako bi medikuk ikusi zuten igerilariek ordu asko pasatzen zituztela uretan entrenatzen, eta entrenamendu saio guztietan, nahiz eta uretan egon eta mina jasangarriagoa izan, igerilari askok mugimenduak egitean, askotan, taldekideen kolpe asko jasotzen zituzten buruan nahigabe. Horregatik, buruko kolpe horiek sortutako ondorioak ahalik eta gehien murrizteko kontzientzia eta prebentzioan lan egiten hasi ziren.[8] Kirol honetako igerilariek gehien pairatzen dituzten arazoak burukoak dira, kolpe horien eraginez.[9] Hala ere, tendoietako lesioak ere maiztasun handiz gertatzen dira.

Igeriketa sinkronizatua Euskal HerrianAldatu

Euskadiko Igeriketa federazioaren eta Nafarroako Igeriketa federazioaren barruan aurkitzen diren modalitate guztien artean, igeriketa sinkronizatua dago. Modalitate honetan txapelketak antolatzen dira beheko kategorietatik hasi eta kategoria goreneraino. Modalitate hau Gipuzkoa, Araba zein Bizkaian aurki daiteke, bertan duela urte batzuk sortu ziren talde desberdinetan. Txapelketak eta igerilariak entrenatzeko taldeak egoteaz gain, badaude epaileei formazioa emateko hainbat ikastaro ere.[10]

ErreferentziakAldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Natación sincronizada» Deportes Acuaticos . Noiz kontsultatua: 2020-04-07.
  2. (Ingelesez) Valosik, Vicki. «Synchronized Swimming Has a History That Dates Back to Ancient Rome» Smithsonian Magazine . Noiz kontsultatua: 2020-05-29.
  3. Clark Leach, Father of Synchronised Swimming. *S.S Scrapbooks (1950s), Henning Library, ISHOF, 1941.
  4. «Origen e historia - Web Oficial de los Juegos de la 29ª Olimpiada» web.archive.org 2009-06-07 . Noiz kontsultatua: 2020-05-29.
  5. «History of Synchro» British Swimming . Noiz kontsultatua: 2020-04-07.
  6. «ISHOF - Kay Curtis (USA) - 1979 Honor Synchronized Swimming Coach» web.archive.org 2014-02-01 . Noiz kontsultatua: 2020-04-07.
  7. (Gaztelaniaz) Ejercicio español de combo libre de natación sincronizada - RTVE.es. 2011-07-21 . Noiz kontsultatua: 2020-05-29.
  8. (Ingelesez) Cantu, Robert; Hyman, Mark. (2012-09-18). Concussions and Our Kids: America's Leading Expert on How to Protect Young Athletes and Keep Sports Safe. HMH ISBN 978-0-547-77403-9 . Noiz kontsultatua: 2020-05-29.
  9. (Ingelesez) Belson, Ken. (2016-07-18). «Synchronized Swimmers Find Danger Lurking Below Surface: Concussions» The New York Times ISSN 0362-4331 . Noiz kontsultatua: 2020-05-29.
  10. «Sincronizada | EIF / FVN» eif-fvn.org . Noiz kontsultatua: 2020-04-07.

Kanpo estekakAldatu