Tiro hitza su-armetako jaurtigaia jaurtitzeko ekintza edota honek sortzen duen hotsa edo arrastoa bezala definitzen da.[1] Hortaz, tiroa (kirola) bakarkako kirol olinpiko misto bat da, zeinetan helburua mugikorra edo finkoa den itu bat su-arma edo gezien bidez jotzea den.[1]

Tiro olinpikoa tiroaren (kirola) modalitateetako bat da eta bi azpimodalitatetan banatzen da: batetik, doitasuna helburu duena, zeinetan geldi dagoen edo mugikorra den objektu bat jo behar den; eta bestetik, plater-tiroketa, zeinetan helburua makina baten bidez jaurtitzen diren platerak apurtzean datzan.

Kirol honen arauak Tiroaren Federazio Internazionalaren (ISSF) arabera ezartzen dira. ISSFren egoitza Alemanian aurkitzen da eta haren lana tiro olinpikoak bere gain hartzen dituen modalitateen txapelketa eta ekitaldiak antolatzea da.[2]

Historia

aldatu

Uste da Tiro Olinpikoaren sorrera ehizaren praktikarekin batera hasi zela. Hasieran ehizaren helburua biziraupena izan arren, apurka-apurka, ehiza kirol modalitate bezala ulertzen hasi zen.[3]

Joko Olinpikoetan izan duen historia

aldatu
 
1900[Betiko hautsitako esteka]. urteko Olinpiar Jokoak, Paris.
 
1908[Betiko hautsitako esteka]. urteko Olinpiar Jokoak, Londres

Aro Modernoko Olinpiar Jokoen lehen edizioa Atenasen, Grezian, jokatu zen 1896. urtean. 1907. urteko uztailaren 7an, zortzi federazio nazionaletako hainbat kidek, Zürich-en (Suitzan), Tiroko Federazio eta Elkarte Nazionalen Nazioarteko Batasuna sortu zuten Tiro Olinpikoaren antolakuntza zuzentzeko. Hau 1915ean desegin zen Lehenengo Mundu Gerraren ondorioz eta 1921. urtean, berriro berpiztuz, Nazioarteko Tiro Batasun (UIT) izena hartu zuen. Azkenik, 1998. urtean, Bartzelonan, gaur egun duen izena hartu zuen, Kirol Tiroaren Nazioarteko Federazioa (ISSF), hain zuzen ere.[4]

1896. urtean jokatutako Greziako Olinpiar Jokoetan, 12 herrialde ezberdinetako 285 pertsonak hartu zuten parte eta haietatik 116k Tiro Olinpikoan. Handik lau urtetara, 1900. urteko Olinpiar Jokoetan, Frantzian, 166 pertsonak. 1904ko Udako Olinpiar Jokoetan, eta 1928ko Udako Olinpiar Jokoetan soilik egin zuen huts.

Hasiera batean, gizonezkoen tiro olinpikoa soilik zegoen. Kirol honetan parte hartu nahi zuten emakumeek ez zuten aukerarik izan 1968. urteko Joko Olinpikoak iritsi arte; nahiz eta hauetan gizonezkoekin batera soilik joka zezaketen.

1992ko Udako Olinpiar Jokoetan, Bartzelonan, Zhang Shan izeneko emakumeak Olympic Skeet Shooting ekitaldian urrezko domina irabazi zuen, ekitaldi misto horretan, emakume batek irabazitako lehenengo domina.[5] Ondoren, Nazioarteko Tiro Elkarteak (International Shooting Union, 1998tik aurrera ISSF) emakumeen parte-hartzea galarazi zuen 1996ko Atlantako jokoetan.[5]

1984. urteko Los Angeleseko Joko Olinpikoetan sortu ziren emakumeentzako hiru modalitate.

Kirol honi dagozkion modalitateak asko aldatu dira urteetan barrena. 1920. urteko Joko Olinpikoetan 21 modalitate ezberdin jokatu ziren, 1932. urtean bi modalitate egon ziren eta 1928. urtean, bat ere ez. 2012. urtean, modalitateei dagozkien azken aldaketak egin zituzten, 17 modalitatetik 15 izatera pasatu zen, zeinetatik 9 modalitate gizonezkoenak diren eta 6 emakumezkoenak. 15 modalitate horiek hiru diziplinatan banatuta daude: bost erriflearekin, bost pistolekin eta beste bost eskopetarekin.

Modalitateak

aldatu

Erriflea

aldatu

Errifle modalitatean, 3 proba ezberdin daude: 50 metroko distantzia hiru posizio ezberdinetan (emakumezko eta gizonezko kategoriak), 50 metroko distantzia ahuspezko etzaneran (gizonezko kategoria) eta 10 metroko distantzia (emakumezko eta gizonezko kategoriak).

50 metroko distantzia, hiru posizio ezberdinetan

aldatu

Hauek dira hiru posizioak: ahuspezko etzaneran, zutik, Belauniko. Proba honetan, emakumezkoek eta gizonezkoek hartzen dute parte.

Erabiltzen den arma 22LR kalibreko erriflea da, gehienezko 8 kg-ko pisua duena. Txapelketan zehar 120 tiro jaurtitzen dira, 50 m-ko distantziara dagoen eta 12,4 mm-ko diametroa duen itu batera. Posizio bakoitzak denbora eta tiro muga bat du, jarraian azaltzen den modura.

  • Ahuspezko etzaneran: emakumezkoek ordu bat dute 20 tiro jaurtitzeko eta gizonezkoek denbora tarte berdina 40 tiro jaurtitzeko.
  • Zutikako posizioan: emakumezkoek ordu eta 45 minutu dute 20 tiro jaurtitzeko eta gizonezkoek denbora berdina 40 tiro jaurtitzeko
  • Belauniko: emakumezkoek ordu eta laurden dute 20 tiro jaurtitzeko eta gizonezkoek denbora berdina 40 tiro jaurtitzeko.
2016. urteko Olinpiar Jokoetako gizonezkoen sailkapena[6]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Niccolo Campriani Italia
2 Sergey Kamenskiy Errusia
3 Alexis Raynaud Frantzia
2016. urteko Olinpiar Jokoetako emakumezkoen sailkapena[7]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Li Du Txina
2 Katerina Emmons Txekiar Errepublika
3 Eglys Yahima De La Cruz Kuba

50 metroko distantzia, ahuspezko etzaneran

aldatu
 
50[Betiko hautsitako esteka] metroko distantzia, ahuspezko etzaneran
 
Erriflerako 50 metrotarako itua

Olinpiadetan, proba honetan gizonezkoek soilik hartzen dute parte, emakumezkoen kasuan, nahiz eta proba olinpikoa ez izan, Munduko Txapelketetan parte har dezakete.

Erabiltzen den arma aurreko modalitatean erabiltzen den berdina da, kanoi luzeko 22LR kalibreko erriflea hain zuzen ere.

60 tiro jaurtitzen dira guztira, 10 tiroko sei serietan. Gehienez, ordu eta 15 minutuko denbora dute, lehenengo 15 puntuak beroketarako izanik. Puntuazio sistema elektronikoa baliagarri ez badago, 15 minutu gehiago izaten dituzte.[8]

2016. urteko Olinpiar Jokoetako gizonezkoen sailkapena[9]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Henri Junghanel Alemania
2 Jonghyun Kim Korea
3 Kirill Grigoryan Errusia

10 metroko distantzia

aldatu
 
Emakumezkoen[Betiko hautsitako esteka] 10 metroko distantzia.

Proba honetan, gizonezko eta emakumezkoek hartzen dute parte. 4,5 mm-ko airezko fusila eta gehienezko 5,5 kg-ko pisua duen errifle bat erabiltzen da armatzat. Jaurtitzaileek ordu eta 45 minutu izaten dituzte 60 tiro jaurtitzeko. Proba hau zutik egiten denez, oreka mantentzeko arropa espezializatua erabiltzea onartuta dago, bizkarrean sortu daitezkeen lesio kronikoak saihesteko.[10]

2016. urteko Olinpiar Jokoetako gizonezkoen sailkapena[11]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Niccolo Campriani Italia
2 Serhiy Kulish Ukrania
3 Vladimir Maslennikov Errusia
2016. urteko Olinpiar Jokoetako emakumezkoen sailkapena[12]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Katerina Emmons Txekiar Errepublika
2 Lioubov Galkina Errusia
3 Snjezana Pejcic Kroazia

Pistola

aldatu

Pistola modalitatean 4 proba ezberdin daude: 50 metroko distantzia (gizonezko kategoria), 25 metroko distantzia, suzko pistola azkarra (gizonezko kategoria), 25 metroko distantzia (emakumezko kategoria) eta 10 metroko distantzia, airezko pistola (emakumezko eta gizonezko kategoriak).

 

50 metroko distantzia

aldatu

Modalitate zaharrenetako bat da. XIX.mendean sortu zen eta ordutik hainbat aldaketa izan ditu: distantzia, armaren kalibrea, arma mota, denbora... hala ere, probaren helburua ez da aldatu.

Zutikako posizioan egiten dira proba honetako jaurtiketak, arma esku bakarrarekin eutsiz. Jaurtitzaileak 2 ordu ditu 60 tiro jaurtitzeko. Arma 22LR-ko kalibrea duen pistola bat da. Horretaz gain, ez dago ia araurik armaren inguruan. Esaterako, kakoak jaurtitzaileak nahi duen presioa eduki dezake eta pistolaren heldulekua, ahalik eta ergonomikoen izateko moduan diseinatua egon daiteke. Pisuan eta tamainan ere ez dago mugarik. Horregatik, proba hau "pistola libre" bezala ere ezagutzen da.[13]

2016. urteko Olinpiar Jokoetako gizonezkoen sailkapena[14]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Jongoh Jin Korea
2 Xuân Vinh Hoàng Vietnam
3 Song Guk Kim Koreako errepublika demokratikoa

25 metroko distantzia, suzko pistola azkarra

aldatu

Proba honetan, jaurtitzaileak zutik egiten du tiro. Arma, pistola erdiautomatiko bat da, 22LR kalibrekoa. Jaurtitzaileak 12 serie egiten ditu, eta serie bakoitzeko 5 tiro jaurtitzen ditu, guztira 60 tiro. Tiroak jaurtitzailetik 25 metroko distantziara dauden bost ituetara jaurti behar dira. Itu horiek aldi berean agertzen dira bata bestearen ondoan eta tiro bakoitza itu batera jaurti behar da. Tiro bat beranduegi jaurtitzen bada, ez du balioko.

 
Bost[Betiko hautsitako esteka] ituak, bata bestearekiko 75 cm-tara kokatua. 10 cm-ko diametroa dute.
 
Tiro azkarreko 25 metrotarako itua

Lehenengo bi serieetan bost tiroak 8 segundotan jaurti behar dira. Hurrengo bi serieetan, 6 segundo ditu jaurtitzaileak 5 tiro horiek jaurtitzeko eta hurrengo 2 serieetan, soilik lau segundo ditu. Bigarren zatian, hau da, hurrengo 6 serieetan, segida berdina errepikatzen da.[15]

2016. urteko Olinpiar Jokoetako gizonezkoen sailkapena[16]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Christian Reitz Alemania
2 Jean Quiquampoix Frantzia
3 Yuehong Li Txina

25 metroko distantzia

aldatu

Proba hau "kirol pistola" bezala ere ezagutzen da. Modalitate hau emakumeentzat sortu zen 1960. urtean eta 25 metroko suzko pistola azkarraren arauetan oinarritu zen.

Proba honetan doitasunerako 30 tiro eta beste 30 tiro azkar jaurtitzen dira.

Doitasuneko fasean, 6 serie daude eta serie bakoitzean 5 tiro jaurtitzen dira. Horretarako, 5 minutuko denbora dute gehienez. Tiroak 50 cm-ko diametroa duen itu batera jaurtitzen dira. Ituek 0-tik 10-erako puntuazioa dute.

 
25[Betiko hautsitako esteka] metroko distantzia proba

Azkartasun fasean ere 6 serie daude eta bakoitzean 5 tiro jaurtitzen dira. Serie bakoitzean 3 segundoko denbora dute. Tiroak 50 cm-ko itu batera jaurtitzen dira. Ituak 5-etik 10-era doazen puntuazioa dauka.

Txapelketa faseko lehenengo 8 onenak Fase Olinpikora igarotzen dira. Bertan, tiro azkarreko 4 serie jaurtitzen dira.[17]

2016. urteko Olimpiar Jokoetako emakumezkoen sailkapena[18]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Anna Korakaki Grezia
2 Monika Karsch Alemania
3 Heidi Diethelm Gerber Suitza

10 metroko distantzia, airezko pistola

aldatu

Proba hau emakumezko zein gizonezkoek praktikatzen dute. Helburua 10 metroko distantziara dagoen itu bat jotzea da, ahalik eta puntuazio altuena lortuz. Erabiltzen den arma 4,5 mm-ko kalibrea duen pistola bat da, zutik eta esku bakarrarekin heldu behar dena, eta guztira 60 tiro jaurtitzen dituzte ordu eta 15 minutuko tartean; normalean, 10 tiroko 6 serietan banatzen dira. Proba hauetan, Puntuazio elektroniko sistema erabiltzen da puntuak kontatzeko; hortaz, baten bat ez badago erabilgarri, jokalari horrek 15 minutu gehiago ditu nahi adina tiro jaurtitzeko.

 
17x17[Betiko hautsitako esteka] cm-ko itu tradizionala

Tiroak 17x17 cm-ko itu batera jaurti behar dira. Tradizionalki, ituak kolore argiko kartoiz eginak daude eta bertan puntuazio lerroak daude, 7tik 10era doazenak. Azken urteetan, itu tradizional horiek puntuazio sistema elektroniko batzuengatik ordezkatu dira, zuzenean puntuazioak erakusten dituztenak. Gaur egun, puntuazio sistema elektronikoak erabiltzen dira goi- mailako txapelketetan, baita nazioarteko txapelketetan ere. Herrialde batzuetan, nazio mailako txapelketa batzuetan ere ohikoak dira.

 
Diabolo[Betiko hautsitako esteka] formako balatxoa

Proba honetan erabiltzen den arma 4,5 mm-ko kalibrea duen airezko pistola bat da eta diabolo formako balatxoak erabiltzen dira. Balatxoen punta ia laua da eta ituan zulo biribilak uzten ditu, puntuazioa erraztuz.

2016. urteko Olinpiar Jokoetako gizonezkoen sailkapena[19]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Xuân Vinh Hoèng Vietnam
2 Felipe Almeida Wu Brasil
3 Wei Pang Txina
2008. urteko Olinpiar Jokoetako emakumezkoen sailkapena[20]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Wenjun Guo Txina
2 Natalia Paderina Errusia
3 Nino Salukvadze Georgia

Plater-tiroketa

aldatu

Plater tiroketan hiru proba daude: trap (emakume eta gizonezko kategoriak), trap bikoitza (gizonezko kategoria) eta skeet (emakume eta gizonezko kategoriak). Probak, nahiko antzekoak dira.

Trap (hobia)

aldatu
 
 
11 cm-ko diametroa duten platerak, betunez eta karez eginak

Klasifikazio fase bat dago, zeinetan betunez eta karez egindako 125 plater (11 cm-ko diametroa dutenak) jaurtitzen diren 5 serie ezberdinetan (25 plater serie bakoitzeko). Normalean hiru serie izaten dira lehenengo egunean eta hurrengo egunean beste biak.

Platera hautsita dagoen ala ez epaileak esaten du. Epaileak plateraren zati bat hausten dela ikusten duenean ematen du platera hautsitzat. Hau ez bada gertatzen, "plater galdua" edo "zero" bezala kontsideratzen da.

Klasifikazio fasea amaitzen denean, lehenengo sei jaurtitzaile onenak, hau da, plater gehien hautsi dituztenak finalera igarotzen dira.

Ez dira mira optikoak erabiltzen.

2016. urteko Olinpiar Jokoetako gizonezkoen sailkapena[21]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Josip Glasnovic Kroazia
2 Giovanni Pellielo Italia
3 Edward Ling Erresuma Batua
2008. urteko Olinpiar Jokoetako emakumezkoen sailkapena[22]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Satu Makela-Nummela Finlandia
2 Zuzana Stefecekova Eslovakia
3 Corey Cogdell Estatu Batuak

Trap bikoitza (hobi bikoitza)

aldatu
 
Hobi bikoitzean tiratzailea tiroka, Rioko Olinpiar Jokuetan

Bi plater aldi berean jaurtitzen dira, jaurtitzailearengandik 15 m-tara dagoen hobi batetik, 60 km/h-ko abiaduran eta 10 º-ko angelu batekin. Guztira 150 plater jaurtitzen dira, 50 platereko 3 serietan banatuta. Jaurtitzaileak plater bakoitzeko tiro bakarra egin dezake.

Ez dira mira optikoak erabiltzen.

2016. urteko Olinpiar Jokoetako gizonezkoen sailkapena[23]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Fehaid Aldeehani IOA
2 Marco Innocenti Italia
3 Steven Scott Britainia Handia

Skeet (plater tiroketa)

aldatu
 

Platerak 60 km/h-ko abiaduran jaurtitzen dira 36,7 m-tara dauden bi txaboletatik. Batak bestearen norabidean jaurtitzen du, modu honetan, erdiko puntu batean gurutzatuz. Bi txabolek 25 objektu jaurtitzen dituzte ordena zehatz batean: batzuk bakarka, beste batzuk binaka... Jokalari bakoitzak tiro bat jaurti dezake plater bakoitzeko eta hori kontrako txabolara iritsi baina lehen.

Ez dira mira optikoak erabiltzen.

Txapelketek 5 serie edukitzen dituzte, bai emakumezko bai gizonezkoentzat.

2016. urteko Olinpiar Jokoetako gizonezkoen sailkapena [24]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Gabriele Rossetti Italia
2 Marcus Svensson Suedia
3 Abdullah Alrashidi IOA
2008. urteko Olinpiar Jokoetako emakumezkoen sailkapena[25]
Postua Partaidea Herrialdea
1 Chiara Cainero Italia
2 Kimberly Rhode Estatu Batuak
3 Christine Wenzel Alemania

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
  2. «ISSF - International Shooting Sport Federation - issf-sports.org» www.issf-sports.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
  3. (Gaztelaniaz) Lopez, Alberto. (2018-09-28). «Tiro Olímpico: origen, reglas y mucho más» Alberto Lopez Viejo (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
  4. (Gaztelaniaz) Federación Internacional de Tiro Deportivo. 2019-08-13 (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
  5. a b (Ingelesez) ZHANG Shan: The only female shooter to win gold in a mixed competition. .
  6. (Ingelesez) «50m rifle 3 positions (3x40 shots) men - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-05-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  7. (Ingelesez) «50m rifle 3 positions (3x20 shots) women - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-12-14 (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  8. (Ingelesez) ISSF 50 meter rifle prone. 2020-04-09 (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).
  9. (Ingelesez) «50m rifle prone (60 shots) men - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-05-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
  10. (Ingelesez) ISSF 10 meter air rifle. 2020-04-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).
  11. (Ingelesez) «10m air rifle (60 shots) men - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-05-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
  12. (Ingelesez) «10m air rifle (40 shots) women - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-12-14 (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
  13. (Ingelesez) ISSF 50 meter pistol. 2020-02-06 (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).
  14. (Ingelesez) «50m pistol (60 shots) men - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-05-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
  15. (Ingelesez) ISSF 25 meter rapid fire pistol. 2020-01-29 (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).
  16. (Ingelesez) «25m rapid fire pistol men - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-05-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
  17. «Modalidades de Precisión» www.tirolimpico.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
  18. (Ingelesez) «25m pistol (30+30 shots) women - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-05-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  19. (Ingelesez) «10m air pistol (60 shots) men - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-05-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  20. (Ingelesez) «10m air pistol (40 shots) women - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-05-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  21. (Ingelesez) «trap (125 targets) men - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-12-14 (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  22. (Ingelesez) «trap (75 targets) women - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-05-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  23. (Ingelesez) «double trap (150 targets) men - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-12-14 (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  24. (Ingelesez) «skeet (125 targets) men - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-05-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  25. (Ingelesez) «skeet (75 targets) women - Olympic Shooting» International Olympic Committee 2018-05-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).

Kanpo estekak

aldatu