Mesopotamiako mitologia

Mesopotamiako mitologia, modu orokorrean, akadtarren, sumertar, babiloniar eta asiriar mitologiei emandako izena da, edo beste modu batean esanda, Behe eta Goi Mesopotamia okupatu eta agintepean izan zuten herrien mitologia.

Antzinako Mesopotamiako mapa.

Mesopotamia okupatu zuen eta erregistro idatzia, eta beraz, bere mitologiaren arrastoa utzi zuen herria Sumertarrena izan zen. Sumerren, eta Mesopotamia osoan, hainbat milurtekotan, erlijio politeista praktikatu zuten, giza itxuradun jainkoekin, munduko indar edo presentziak irudikatzen zituztenak, geroago greziarrek egin zuten bezala. Euren sinesmenetan, jainkoek, gizakiak euren zerbitzari izateko sortu zituzten, baina askatu egin zituzten gizakiak gehiegi izan zirenean.

Sumerrekoa izan zen ezagutzen dugun lehen mitologia eta bertako erlijioko istorio asko Ekialde Hurbileko beste erlijio batzuetako istorioen oso antzekoak dira. Adibidez, gizakiaren sorreraren istorio biblikoa, baita Uholde Handia eta Noeren ontziaren istorioak sumertar istorioen oso antzekoak dira. Gainera, sumertar jainko-jainkosek akadtarren eta kanaandarren jainko-jainkosen atzekoak dira, eta urrunago zeuden beste kultura batzuetan ere sumertarren gizaki jainkotiarrek zituzten ezaugarri batzuk aurki daitezke. Istorio eta jainko batzuk, badituzte euren "baliokide" greziarrak; adibidez, Inannaren behe munduranzko jaitsiera Persefoneren istorioaren oso antzekoa da.

Munduaren Sorrera edo Kosmologia

aldatu

Mesopotamiako eskualdeko lurraren sorrerari buruzko kontakizun asko daude. Eufrates eta Tigris arteko lurraldean, kultura anitzi egon ziren eta beraz, narrazio aldaketa ugari, nahiz eta elkarri eragiten zioten. Ezin da ahaztu, istorioen transmisioa ahozkoa zela. Mito horiek elkarrekin gai batzuk partekatzen dituzte, baina gertaeren kronologia aldatu egiten da noiz, non eta nork idatzi zuenaren arabera.

Sumertarren kosmologia

aldatu
 
Sumertar kosmologia

Unibertsoa, lehen aldiz, Nammuk formarik gabeko osin zen, bere burua ireki eta, auto-ernalduz, Anuz (zeruaren jainkoa) eta Kiz (lurraren jainkosa) erditu zen. Kiren izen ezagunena Ninhursag izan zen.

An eta Kiren artean, Enlil sortu zuten, haizearen jainkoa, denbora laburrez jainko nagusia izan zena. Baina beste jainko eta jainkosek Dilmunetik (jainkoen etxea) erbesteratu zuten Enlil Ninlil jainkosa bortxatzeagatik. Bortxaketa horretatik ume bat jaio zen, Nanna (Ilargiaren jainkoa). Akadtarrek Nanna izenaren ordez, Sin izena erabili zuten. Sin eta Ningalek, Inanna (maitasuna eta gerraren jainkosa) sortu zuten mito batzuen arabera, baita Utu edo Xamax ere (Eguzkiaren jainkoa).

Baina Enlilen eta Ninlil beste hiru seme-alaba izan zituzten. Horietatik nabarmenena Nergal izan zen.

Nammuk Enki edo Abzu ere sortu zuen, uretako osinaren jainkoa. Enkik Mea (botere jainkotiar immanentea[1]) ere kontrolatzen zuen, fisika bezalako oinarrizko gauzak eta gizarte orden eta legeak bezalako gauza konplexuak gobernatu zituzten dekretu sakratuak. Horrek munduaren gehiengoaren jatorria kontutan hartzen du.

Sumertar jainko-jainkosak

aldatu
 
Sumertar jainkosa baten erliebea. c. K.a. 2430. Testuan Entemena, Lagash hiriko agintaria irakurtzen da. Jainkosa Nisaba edo Baba, edo Inanna izan daitekeela proposatu dute[2][3].

Mesopotamiar mitologiaren barnean, sumertar jainko eta jainko semiten arteko zatiketa egin daiteke. Lehenik, sumertar jainko eta jainkosen berri dugu, haiei buruz idatzi baitzituzten lehen hiri-estatuetako eskribek. Ondoren, herri semitek utzi zuten beren marka: akadtarrak, babiloniarrak, asiriarrak, aramearrak eta kaldearrek euren jainko-jainkosei eta mitoi buruz idatzi zutenen eta eskulturetan, erliebetan eta zigilutan irudikatu zituzten.

Sumerreko erlijioa politeista zen. Bere, eta bere oinordekoen historia luzean hainbat aldaketa eman ziren haien panteoian eta jainko eta jainkosen funtzioetan eta garrantzian aldaketak eman ziren. Bestalde, mitoen moldaketa eta berridazketa ugari egin ziren, askotan, interes politikoei begira. Horregatik, epopeia baten protagonista bezala, pertsonai edo jainko-jainkosa ezberdinak ager daitezke. Edo adibidez, aita-ama anai-arreba diferente egon daitezke mito batean edo bestean.

Badakigu sumertarrak garai historikoen hasieratik, semitak ziren akadtarrekin nahastuta bizi izan zirela nahiz eta sumertarrek hirien eta kultura idatziaren agintea zuten. Hori Sargon I. errege akadtarra, 2300. urtean bere erreinua zabaldu haurretik gertatu zen, garai protodinastikoetan, alegia. Sargon ondoren, akadiera izan zen Sumerreko hizkuntza ofiziala. Akadieraz idatzi ziren erlijio-liburu, jainko-jainkosen zerrenda edo mito gehienak, nahiz eta sumeriera mantendu egin zen erlijio hizkuntza bezala. Horregatik saila da bereiztea zeintzuk diren sumertarrak eta zeintzuk akadtarrak. Nahasketa honetatik sortutako erlijioa gerora ere mantendu zen. Babiloniarrek (2000. urtea – 539 K.a.), akadtar eta sumertar haien nahasketa politiko-kulturala, Mesopotamiako ( Sumer - Akad - Asiria - Babilonia) erlijioaren azken jarraitzaileak izan ziren. Horien garaietan idatzi ziren epopeia eta poema garrantzitsuenetarikoak nahiz eta aldaketa eta berrikuntza garrantzitsuak ere egin ziren.

Sumertarrak aitzindariak izan ziren erlijio kontuetan. Guk dakigula, haien mitoetan lehen aldiz agertu ziren Itun Zaharrean aipatzen diren hainbat istorio. Hala nola, Uholde Nagusia, lehen gizakia buztinaz egina izanarena, etab.

Jainko eta jainkosa nabarmenak

aldatu

Jainko-jainkosa garrantzitsuei dagokienean, bi hirukote nagusi zeuden:

Munduaren sorreran egon ziren jainko nagusiak:

  • An: Zeru-jauna. Jainko lehenetariko bat. Jainko eta jainkosen erregea. Uruk hirian zuen bere tenplurik nagusiena. Bere emaztea Uras edo Ki (Lurra) edo Antum izan zen. Innana bere alaba zen. Uholde Handia bidali zuen lurrera. Adardun kaskoarekin irudikatzen zen eta bere zenbaki sakratua 60 zen. Triada kosmikoko kidea zen Enlil eta Enikirekin batera. Akadieraz, Anum izena zuen. Gizakiengandik urrun zegoen jainkoa zen eta horregatik, Enlil izan zen, eta ez An, jainkorik gurtuena lehen aro historikotan.
  • Enlil: Aire-jauna. Lur azalaren eta airea edo eguratsaren jainkoa. Bere zenbaki sakratua: 50. Nippur-en zuen bere tenplurik garrantzitsuena. Babiloniako garaietan, Mardukek hartu zuen bere lehen postua. Jainko merkataria ere izan zen. Bere emaztea Ninlil zen, baino batzuetan Inanna ere izan zen.
  • Enki: Lur-Jauna. Akadieraz Ea zen. Bere tenplurik garrantzitsuena Eridun zegoen. Sumertarrentzat lurra uraren gainean eta urez inguratuta zegoen, igerian dagoen uharte baten moduan. Enki ur horien eta lurrazalera ateratzen dien uren (ibaiak eta lakuak) jainkoa zen. Azti handia zen eta. jakinduria praktikoaren eta artisten jainkoa. Apsuan bizi zen. Bere zenbaki sakratua 40 zen.

Izarretako jainko-jainkosak:

  • Nanna-Suen edo Zu-en: Ilargiaren jainkoa. Akadieraz Sin zen. Bidegabekerien aurka zegoen jainkoa zen. Bere zenbaki sakratua 30 zen. Bere hiri sakratua Ur izan zen eta geroago, Harran ere. Oso jainko maitatua zen. Bere emaztea Ningal izan zen.
  • Utu: Akadieraz, Xamax. Eguzkiaren jainkoa, Nannaren semea eta Inannaren anaia. Eguzki-jainko askok bezala, justizia eta legea eta ordenaren jainkoa zen, bekatua zigortzen zuena. Jainko ezkorra zen, idorra ekartzen zuena. Dena zekien dena ikusten zuelako, eta orakuluak ere botatzen zituen. Gauez hildakoen erreinura jaisten zen. Hainbat ezaugarrietan Apolo grekoaren antza dauka. Bere zenbaki sakratua 30 zen.
  • Inanna: Akadieraz, Ixtar. Artizarra. Bere zenbaki sakratua 15a zen[4]. Sexuaren eta gerraren jainkosa. Akadtarren garaian Nannaren alaba zen, baina An jainkoaren alaba eta emazte bezala agertzen da ere batzuetan. Lehoiarekin irudikatzen zaio askotan. Sexualitatearen jainkosa bezala, biluzik irudikatzen zaio eta gerrako jainkosa bezala, jantzita eta lehoiarekin. Testu kuneiformeetan ihi sorta bat da bere ikurra. Jainkosa hau Ekialde Hurbil osoan gurtua izan zen, funtzio eta irudikatzeko modu antzekoekin baina izen ezberdinekin, batzuk Ixtar izenaren bilakaerak izan ziren: Astarte, Astoret, Allat, Anat, Artemis, Afrodita, Atenea, Tanit...
 
Marduk eta, alboan, Mušḫuššu bat.

Bestalde, eta garai ezberdinetan, Marduk eta Ashur jainko nagusiak izatera iritsi ziren Marduk Babiloniako jainko gorena zen eta Mesopotamiako panteoiko jainko nagusiaren kategoriara igo zen, Babiloniako hiriak Mesopotamiako botere hegemonikoa lortu zuenean. Enlil eta Anuren ia botere eta ezaugarri guztiak bereganatu zituen. Hiri horrek eskualdearen historian duen garrantzi izugarria dela eta, antzinako iturri guztietan gehien aipatzen den jainkoetako bat da Marduk. Haren tenplua, Esagila, zigurat bat zen, eta garai neobabilonikoetan (K.a. VII-VI. mendeak) Babelgo dorrearen legenda biblikoaren oinarri izan zela uste da. Bel-Marduken epitetoaren azpian edo, besterik gabe, Bel ("jauna") ere ezaguna zen. Munduaren sorkuntzaren babiloniar epopeian, jainko gorena dirudi. Haren emaztea Sarpanitu jainkosa zen, eta haren semea, Nabu jainkoa. Kasiten garaian (K.a. 1531 eta K.a. 1155 ), aldare batean zegoen aitzur baten bidez irudikatzen zen. Gero, herensuge edo sugeen gaineko irudi maskulino gisa agertzen da. Herensuge horiek (Mušhuššu izenekoak) Babiloniako izaki oso ezagunak ziren eta Ishatarren atean ikus daitezke oraindik. Astronomikoki Jupiter planetarekin lotzen zen, Enlil jainkoaren eskumenak bereganatu zituelako. Jupiter planetaren eta panteoiko jainko nagusiaren arteko harreman hori grekoen kultura mitologikora pasako zen.

Ashur edo Assur Assur hiriko jainko nagusia izan zen, edo hobe esanda, hiriaren irudikapena. Mesopotamiako jainko nagusi izendatu zuten eskualde hori Asirioarren kontrolpean geratu zen garaietan. Marduk bezala, Ashurrek ere bere gain hartu zituen Enlil eta Anen eskumenak eta ezaugarriak. Hala ere, inoiz ez zen izan Marduk edo Enlil bezain ezaguna. Hori dela eta, inoiz ez zen izaera zehatza izan, eta ez dago beretzat zehaztutako ikonografiarik; izan ere, nahiz eta esan ohi den bere ikurra gezi batzuei eutsitako disko hegalduna zela, badirudi hori, berez, Shamashen ikur asiriarra izan zela. Beste batzuetan, bizarra duen gizonezko irudi gisa agertzen da, batzuetan Enlil edo Marduken atributuekin, hala nola dragoi-sugea[4].

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Vázquez Hoys, Ana Maria. (2005). Historia de las Religiones Antiguas I. lib. (Próximo Oriente). Madril: Sanz y Torres, 31 or. ISBN 9788496094598..
  2. Maxwell-Hyslop, K. (1992). The Goddess Nanše an Attempt to Identify Her Representation. Iraq, 54, 79-82. doi:10.2307/4200355
  3. Collins, P. (1994) “The Sumerian Goddess Inanna (3400-2200 BC)”, Papers from the Institute of Archaeology, 5, 103-118. doi: https://doi.org/10.5334/pia.57
  4. a b Marín Arcones, Daniel. (2012-06-20). «Introducción a la Mitología Mesopotámica» web.archive.org (AAGC) (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).

Bibliografia

aldatu
  • Bleker, C. J. eta Widengren G., (arg) (1973) Historia Religionum. Manual de Historia de la religiones, 1. lib. Religiones del pasado, Madril, Cristiandad. ISBN: 9788470571411. Jatorrizkoa: (1969-71) Historia religionum; handbook for the history of religions. Leiden E. J. Brill
  • Frankfort, H. (1988). Reyes y Dioses. Estudio de la religión del Oriente Próximo en la Antigüedad en tanto que integración de la sociedad y la naturaleza. , Alianza. Itzulpena: Belén Garrigues Carnicer. Jatorrizkoa: Kingship and the Gods. A Study of Ancient Near Eastern Religion as the Integration of Society. The University of Chicago, Chicago, Illinois, USA. 1948.
  • Mackenzie, Donald A., (1915) Myths and Legends of Babylonia and Assyria.
  • Peinado, Federico Lara (1990). Himnos babilónicos (Clásicos - Clásicos Del Pensamiento) . Tecnos. ISBN:978-8430918201
  • Vázques Hoys, A. M. (2001) "Relijión babilonica" in: Historia Antigua Universal, Próximo Oriente y Egipto, primer cuatrimestre
    • (2009). Historia de las religiones antiguas. Proximo Oriente. Sanz. Y Torres, S.L. ISBN:978-8496094598
  • Manceñido Sarmiento, Iván; Marco Simón, Francisco (zuz). (2019). Una aproximación a la mitología mesopotámica, con especial atención a las cosmogonías. Zaragozako unibertsitatea.
  • Mark, Joshua J. (2022-12-12) Religión mesopotámica. World history Encilopedia.

Kanpo estekak

aldatu